EGUNKARIETAKOAK X. GALARRETA (c) Marjinalia Bilduma (c) Xabier Galarreta 1995. urtea (abuztua) Zuzenketak: X.G. eta MªJ.Y. Legezko Gordailua: SS-258/99 Galtzaur kalea, 19-4.D 20115 - Astigarraga XABIER GALARRETA EGUNKARIETAKOAK MARJINALIA BILDUMA KUBAKO HERIOTZA ZIGORRAK DIRELA ETA Hil-deia iragarri zenetik, mundua badirudi goimailako sentimenduek kordokatua izan dela. Batek bere buruari zera galdetzen dio: Kubako gizarajo hori izan ote da estatu batek heriotzara galdu duen bakarra? Erantzuna, denon zoritxarrerako, ezetz batez erabakiko litzateke. Har dezagun, kasu, altuen protestaka ari den estatua, Estatu Batuak alegia. Eta garai onez gabiltzanez gero, egin diezaiegun geure buruei beste galderatxo bat: urtean zenbat pertsona galtzen dituzte heriotzara Estatu Batuetan? zenbat gaizkile exekutatzen dituzte aulki elektrikoan? zenbat izan dira urkatuak? Berrehun, ala hirurehun izan ziren iaz sakrifikatuak? Dirudienez, Europak ez du hil-ezkilarik entzuten komeni zaionean izan ezik. Pare bat hilabete ez dira oraindik iragan adin txikiko baten exekuzioaren berri izan nuenetik, berriro ere Estatu Batuetan. Europak, berriz, harrizko estatua bailitzan iraun zuen, oraingo hitz jarioan ezertarako nahastu gabe. Guzti hau ikusita, batek lasai-lasai aipa dezake "kanpoan uso, etxean otso" euskal esaera zaharra. Estatu Batuak ezezik, badira beste zenbait estatu heriotza zigorra ezartzen dutenak... legez nahiz ezkutuka. Brasilgo gaminak nork hiltzen ditu bada? Hegoamerikan nork hiltzen du kolera eta goseak erakutsitako sumindura berberaz? Iparramerika eta Europako diruzalekeriak badu zer erantzunik. Aspaldiko partez hainbat triskantza ikusita dauzkagunez (Irak, Kroazia, Nikaragua, etb...), hitz egin behar zutenek hitzik gabe zirautela ikusi eta gero: zer dela eta horrelako zirimola sortu heriotza bakar baten aurrean? Heriozko ukaldi ugari dauzkate emanda gaurregungo zuzentzaile eta bakekarle askok. Orain arte esandakoa ez da Kubako afusilamenduaren aldeko pregoirik izan. Zentzu honetan, heriotza zigorra erabiltzen duten estatuen aurkaritzat jotzen baitut neure burua. Tripa ustelak, ordea, erruz atzeman daitezke politikarien artean. Eta horrelakoak salatzea dute nire hitzok helburu. Dena den, Kubak egun bizi duen gerra egoera pixkat aztertu beharra dago, heriotza zigor horien zergatia ulertuko badugu behintzat. Eta arerioz inguraturik aurkitzen den herri bat topatuko dugu, boikot eta blokeoa direla eta, ekonomikoki jota dagoen herri bat. Sobiet Batasuna deseginda, amerikarrek martxan jarritako isolamendu oldarkorra sufritu behar izan dute kubatarrek. Europa (Ingalaterra, Frantzia eta Alemania alegia) bat eginda dabil Iparramerikarrekin, beti bezala. Amerikar soldaduak zain daude Panaman edo Granadan egindakoa noiz berregingo. Ni ez naiz legegizona, baina oker ez banago, Munduko estatu guztiek onartzen dute beren legeetan heriotza zigorra, gerratean esan nahi dut. Beraz, afusilamenduaren erantzunkizuna leporatuko nieke nik gerra egoera hori eragin duten estatuei, bere burua ahal bezala defendatzen duen herri txiki eta ausartari ezarri baino lehenago. Kubatarrek beren herria pultsuka jaso zuten Hegoamerikako mixeria gorriaren erdian. Eta zeinen gogorra izan zen ederki dakite, jakin ere. Beraz, ez diote Diruaren erlijioari hain erraz men egingo. Bestetik, Diruaren apaizek ere ez diete utziko hain beharrezko zaizkien aldaketa politikoak burutzen Kubako buruzagiei. Ikusiko dugu, denbora pasata, Amerikak eta Europak aho biko ezpata bat sortzen ez ote duten guzti honetatik, Sobiet Batasunean sortu duten bezala. ADIERAZPEN ASKATASUNA KINKA LARRIAN Politikari batzuk nonbait, Iparrorratza galduta dabiltza. Horrela bakarrik adieraz daiteke Egin Irratiko emisio baimena debekatzeko hartu duten erabakia. Noski, erabaki horrek iturbururik behar du izan. Eta iturburu hori politika mailako arrazoietan oinarritzen dela ez dago dudarik. Bestelako hitzez esanda: estrategia politikoak tarteko, adierazpen askatasuna bahitzeko prest daude gobernua eta boterea. Eta demokraziari buruz hitzegiteko gauza dira oraindik? Ez ote dakite, bada, demokraziak oinarririk sendoena adierazpen askatasunean hartzen duela hain zuzen? Badirudi batzuek Hegoamerika aukeratu dutela "demokraziaren eredu"tzat (eta eskerrak Pretoria aukeratu ez duten!) Horrelako erabakien zale direnak benetan beldurgarriak dira. Irrati garrantzitsu bat "txapatzera" ausartzen badira gaur, egunkari bati jarriko diote mordaza bihar; eta etzi aldizkari bati tokatuko zaio txanda; eta liburu baten zabaltzea debekatuko dute hurrengo egunean, "subertsio"aren alde egiten zutela argudiatuz. Gure pentsamenduan ere sartuko lirateke, ahal balute, viru des-informatikoez beteta uzteko. Nik ez dut uste, ordea, debeku hau ezartzearekin inork ezer irabaziko duenik. Alderantziz baizik: denok aterako gara galtzaile, ideia faxista eta totalitaristak izan ezik. Zeren horrela askatasuna bere ohizko bidetik ateratzen baita. Eta hori da, azken finean, demokraziari heriotza ukaldia ematea bezala. Hala ere, erabat harrigarria egiten zait. Hain urte luzez espresio askatasuna aldarrikatzen egon zirenak, orain askatasun horretxen borrero bilakatu direnak! Batzuek badirudi tximinorantz eboluzionatu dutela. Gure arbaso txit ohoragarri eta iletsuen arora itzuli nahi horretan, ordea, mugak jarri behar. Eta barkatu txantxagatik, baina ezin dezaket garbiago azal halako erabakiekiko dudan iritzi txarra. Esan eta esan aritu dira neurri polizialek soil-soilik konpon ditzaketela herri honetako arazoak, eta azkenean garun polizial batez erditu zaie burua. Hobe arduratuko balira gure ekonomia makal hau aurrera ateratzeaz. Diruz soberan bizi direnei, aldiz, ez zaie axola handiegirik honelako huskeriengatik: herriari komeni zaion "higiene psikiko"rik egokiena aukeratzen oso arduratuta baitabiltza. Aizue: zer moduz alderdi politiko guztiak debekatzea? Hauek dira moduak, hauek! adostasun biribil eta ederrak ezartzekoak. Gauzak nola jartzen ari diren ikusita, batek ez daki "gose naiz" esateko eskubidea duen ala ez. Auskalo. Ekintza terroristatzat ere joko lukete. Baina jarrai dezagun adierazpen askatasunari buruz mintzatzen, oraindik garaiz gabiltza-eta. Euskaldunok oso irakurzaleak izan ez (?) eta enteratu ere ez gara enteratuko baina, egunen batean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean zera azalduko da: "Urtarrilaren 28ko 17/1998 Militar Dekretua, Lege Martzial eta Ardi Galduen Zaindaritza Departamenduko egitura organiko eta funtzional berria ezartzen duena, eta maiatzaren 30eko 3/1997 Militar Araudiak, Pakeari eta Subertsioari buruzkoak, 5.20 a) eta 27.3 artikuluetan xedatzen duenaren arabera, Lege Martzial eta Ardi Galduen Zaindaritza Departamenduko gobernu diputatuen proposamenez eta aldez aurrretik 1998ko otsailaren 11ko Bilkura Militarrean deliberatu ondoren, ondoko hau onartua izan dela jakinarazten da: Komunikabide nahiz Kultur Zabaltzaile orok beren funtzioak uztea xedatzen dut, Bilkura Militarrak eta Gobernuak horrela erabaki dutelako eta eskainitako zerbitzuak subertsibotzat joak izan direlako. Lurreko Teniente Koronelak, (Sinadura irakurtezina)" Ez. Halako planteamenduak egiten dituena zera besterik ez digu frogatzen: ez dela moldatzen demokraziarekin. Oso garbi baitago zein den kasu honetan jarraitu beharreko jokabidea: ez duzula gustuko Egin Irratia? Bada ez sintonizatu eta kitto. Bakoitzak nahi duena egin ahal du bere etxean. Baina kalea, arren, ez ahaztu guztiona denik! EZ DIGUTE BEGIRUNERIK BATERE Ez digute begirunerik batere. Bestela, nekez ulertuko dugu Bosniako sarraskia zergatik ez duten geldiarazten. Nire iritzirako, gizatasunik eza dago tartean. Ez ordea gugan, Europako buruzagiengan baizik. Atxakia artean dabiltza, elikadura bidaliz armak bidali beharrean. 1936.eko gudan antzeko frustrazioa sentitu bide zuten gure gudariek. Beraiek ere doluzko hitz ugari eta egite gutxi jaso baitzituzten orduko Europatik. Neguan gaude ia. Serbiarren lana hotzak beteko du. Europari dagokionez, badirudi ez zerurako eta ez lurrerako geratzen dela, erabaki bat hartzen azkenak beti (Amerika lehen, please.) Baina jakingo dute, unea iritsitakoan, beren soinekoak urratzen... denen begien bistan. Hitz eta pitz, horixe da Europako jarrera. Eta ez omen dira ohartzen jarrera horrek zerri bilakatzen gaituenik. Makinatxo bat hilabete hango basakeriak entzuten: jadanik ez dakit zirku baten ikuslea ote naizen. Hala balitz, ordea, nire buruari galdetzen diot zera "Zenbatean dago ikuskizun horren sarrera txartela?" Ondra galanta europar guztiontzat, ez badakigu duin jokatzen, ez eta geure artean ere. Baina horrek gauza bat frogatzen du: denen ahotan dabilen Europako batasun delakoa ipuina baino ez dela. Egia esateko, Europako batasun ekonomikoa da benetan gauzatzen ari dena; beste batasuna, ordea, herrien arteko anaitasuna helburu duena, herri txikiak errespetatzeko lehiatzen dena, beste batasun hori, diot, txakurrametsa dute gure mandatariek, eta ondorioz, Europako batasunak aberatsen arteko batasuna dirudi. Ugaldu egin dira, franko ugaldu ere, talde arrazistak Europan. Dudarik ez, europar batasunaren porrotari lotuta dagoela ugaltze hau. Eta ikasia dugu lehendik irakaspen hau. Azken batean, berrogeita hamar urte ez dira Mundu-Gerra batez ahazteko adina urte. Eta duda-mudatan ibili bitartean, kalean talde ultraeskuindarrak bereak eta bi egiten... Europa militarki batzeko gogoz. Irakeko enbargoa kolpetik burutu zen, zalantzan ibili gabe. Serbiarrei egindako blokeoa, ordea, barrez lehertzeko modukoa da. Gatazka tokietatik urrun, Serbiarren supermerkatuek ez dute inongo gabeziarik ezagutzen. Bestelako hitzez esanda: Serbiak berak piztutako gerra burutzen ari da Serbiako lurraldetik kanpo. Beraz, kanpokoak dira gerra dela eta gorriak ikusi behar dituztenak; eta bitartean, serbiarrek obus hots urruna besterik ez dute entzuten gerra horretatik. Gauza goxua, oso, baldintza horietan gerratan ibiltzea! Azken iruzkin bat blokeoari buruz: nahi dutenean, badakite blokeo ederrak egiten. Bestela, kubatarrei galdetu. Berri latzagoak izango ditugu seguru, kontzentrazio zelaietan gertatutakoari buruzko albiste bakanak besterik ez baitzaizkigu oraindaino iritsi. Baina tantaka izan arren, gauza guztiak aterako dira argitara. Eta egunen batean serbiar gazteek izerdia botako dute, nork saldu ote zituen ulertu-nahian. Eta ondo gogoz kontra onartu beharko dute euren gurasoak hiltzaile batzuk izan zirela. Antzeko zerbait gertatu zitzaion 2. Mundu-Gerraren ondoko Alemaniari. Hotsetan ibiltzeak, berriz, ez du asko laguntzen, benetako borondatea falta denean. Sobiet Batasunaren zatiketa gertatu eta gero, hasierako poza kezka bilakatu zen Europako gobernuen artean: nazio berriak eredu bihurtzen ari ziren naziogabeko herri europarrentzat: Korsika, Irlanda, Katalunia, Euskadi... Gainera, ordurarte "lotan" egondako zenbait herri ere asaldatzerik bazegoen (Eskozia, kasu). Bestalde, ez zen komenigarri Sobiet Batasuneko erorketa azkarregi gertatzea. Izan ere, indar kontserbadoreak oraindik baziren "susto"ren bat emateko gauza -gogoratu besterik ez dago Gorbatxov bera nahastu zuen estatu kolpearen ahalegina-. Gatozen harira ordea. Europako gobernuek eskarmentu ederra eman nahi izan diete nazionalismoei. Eta horrela, Yugoslavia ohia osatzen zuten herriei suertatu zaie larrutik ordaintzea (bai eta garesti ordaindu ere!). Hortaz, beren lurraldeetan azpinazionalismoak dauzkaten nazionalismo handiek (Frantzia, Espaina, Ingalaterra,...) esaten digute orain inuxentearen aurpegia jarrita "Ikusten, zelako bide galgarria kroaziar eta bosniar gizarajo horiena? Bada zoritxar guzti horien errua nazionalismoetan datza. Ikas ezazue irakaspena gero!" Joku zikina du honek izena. Eta bizi asko lapurtu eta sufrimendu handiak eragiten ari da. Batzurentzat, ordea, hutsaren hurrengoa da hori. Baina ibil gaitezen zazpi begiekin Kroazia eta Bosniaz hitz egiteko orduan. Kroazia kroaziarrek gehienbat osatua dagoen bitartean, Bosniako giza osagaia, ordea, bestelakoa da: musulmanak ugari-ugari dira azken lurralde honetan. Eta erro kristauak dituen Europaren eta mundu musulmanaren arteko harremanak, betidanik izan dira mesfidantzaz beteak. Beraz, nabarmen eta agerian dagoela iruditzen zait: musulmanak, europarren begitan, bigarren mailako biztanleak dira soil-soilik. Are gehiago, batzuek ozta-ozta ezkuta dezakete musulmanik gabeko Europa garbi bat ikusteak eragiten dien poza. Eta horren arabera, guztiz bidezkoa izango zen Bosniako musulmanen garbiketa etnikoa. Atzo juduak, gaur musulmanak, bihar... Eta gerrarekin batera, debaldeko ankerkeriak. Entzun dudanez, motozerra eta guzti erabili izan dute noizbait jendea hiltzeko. Eta kontzentrazio zelaietan denetatik egin omen dute honez gero (bortxaketa masiboak, torturak, presoak hezur hutsetan eta gosez hiltzen...) Nire buruan ez dago horrelakoak sartzerik. Ekintza baten atzean dagoen lojika, onartezina izanik ere, uler dezaket nik. Jostatzeko asmo hutsez burututako hainbat krudelkeria, ordea, ulergaitza egiten zait. Horrela jarraituz gero, zirku erromatarrek berriro zabalduko dituzte beren ateak. Eta ikuskizuna bideoz grabatuko dugu lagunei erakusteko. Zibilizazioaren aurrerapenak! TORTURAREN AURKA, LAGUNAREN ALDE Arras herraturik dabil bere arazoak torturaz edota oinazez konpondu nahi dituena. Errakuntzari are larriagoa deritzot ordea, tortura estatu baten ohizko prozedura bihurtu da-eta. Bestalde, torturaren iharduerak ez badu salaketarik jasotzen -botere-organo ofizialetatik, esan nahi da-, bada iharduera horrek fosilizatzeko bidea hartuko du, gure gizartearen egunoroko bizitzan sustraituz -sustraitu den bezala. Zentzu horretan, tratu txarrek isiltasunean euskarri dutela salatu beharra dago, atxilotuek parra-parra hartutako kolpeak Euskalerri osoak hartu balitu bezala baita. Buruzagi gehienek isilik irauteak orokortzeko bidea besterik ez dio eman torturagintzari. Norbaitek esango du hori ez dela egia, hau da, Gurutze Iantzi eta Koldo Kalparsororen hilketen kasuan, politikari ia guztiek erreakzionatu dutela gertatutakoaren aurka -salbuespenak salbuespen-, itxuraz nahiko eskandalizaturik denak. Nire uste apalean, berriz, aurpegi garbitzea baino ez da izan: Gurutze eta Koldo erahil ez balituzte, gobernuak ez zukeen piperrik esango, nahiz eta biak torturatuak izan. Ustez ETA-koak zirelakoan koarteliloetatik pasatako ia guztiek ez al dituzte torturak jaso, ala? Eta gobernukoek noiz entzunarazi zituzten euren ahotsak protesta egiteko? Inoiz ez. Horra hor, beraz, isilik egoteak ekarri duen ondorioa: egun berean binaka hiltzen dituzte orain. Normala! Zer gertatuko zaie bada? Zein espetxetan daude Joseba Arregi hil zuten poliziak? Zenbat urteko zigorra jaso dute, oinaze emateaz akusatu eta gero, errudun deklaratuak izan diren poliziek? Denak kalean libre egoteaz gain, denak zerbitzuan jarraitzeaz gain, karguz igoak eta kondekoratuak ere izan dira! Zergatik? Orain soinekoak urratu itxura egiten dutenek lehen isilik iraun zutelako. Edo txarragoa, horrelako ihardunbideak eta egoerak mesedetu eta estali egiten zituztelako. Iantzi eta Kalparsoro aipatu ditudanez, galdera bat luzatuko dizuet hemendik: kasualitatea izan al da biak egun berean, edo ordu gutxiren tartean, hilak izatea? Nik, egia esan, polizi aferak tartekaturik egoten direnean, zail sinesten dut kasualitatean. Izurra izurtzen ari naizela? Baliteke eta ez liteke. Alderdi ia guztiak adostu egiten dira zenbait gauza arbuiatzeko orduan, baina torturak salatu behar direnean, denak mutu -torturatzailearen errealitate aurrean adoregabetu balira bezala-. Atentatu bat gertatzen den bakoitzean, hortxe ditugu telebistako kamarak zauri milimetro bakoitza zehatz erakusteko prest. Ordea irudi horiek bezain gogorrak dira tortura saio batenak. Horrelako gauzak filmatzerik ez daukate nonbait, eta horregatik aipatu ere apenas aipatzen dituzten, torturatuen kolpe aztarnak hala nola beraien lekukotasunak filmatzea batere zaila ez izan arren. Informazio ofizialaz esan daiteke gobernuaz gorago aipatu duguna: entzun eta ez entzuna baizik ez dutela egiten. Gure gizarteak, beraz, aurrean duen erronka hauxe beharko luke izan: legetzat hartu behar al ditu minezko orgia horiek ala ez? Batzuek, oso garbi dago zeren alde egin duten apostu. Baina har bezate zera gogoan: tortura legeztatzen duten gizarteak ez direla batere fidagarriak... inorentzat ere ez; eta borreroari, isiltasuna dela medio, txalo egiten dion gizartea -edo gizarte sektorea- biharko egunean borrero horretxen eskuetan egon daitekeela. Torturatzaileak, borreroak bezala, ez du aberririk. Ordaintzen dionaren aginduak betetzen ditu soil-soilik. Eta inkisidore horiek lege aurrera ezin eraman! Oztopoak besterik ez aurkitzea ere! Legea bera torturaren uztarpean dagoela dirudi. Ubeldurek soberan hitz egin dute. Lekukoen berri izan dugu. Torturatuek lau haizetara zabaldutako oihuak iritsi dira honaino. Ezin daiteke entzungorrarena egin. Dinba-danba erabilitako atxilotuak begira-tzen digu erantzun baten eske. Euskal gizateria osoari egindako irain hori ez dago legez baizik garbitzerik. Ikusi eta itsu egin, eta biharamonean zuzenzale agertu denen aurrean... Hi, Torquemada, ondo pasatzen ari haiz. Ezta? DISPARO BATEK ZULATUTAKO HAURTZAROA Merkatarien agindupean soldaduek tiro egin dute. Disparoak axolagabe abiatu dira, haur "brasileiro"en existentzia mixerablea helburu dutela. Brasil, bertoko oihanarekin batera, presarik gabe hilez doa, gure gizartearen emaitza den mediokritatea lagun (The American Way of Life, motel). Haur baten heriotzan, berriz, bestelakoa den zerbait aurkitzen dugu. Oroitzen al zarete? Panpako Desagertuen seme-alabek behintzat -euren bahitzaileen kontzientiza antzuetarako bahitutakoek- urrikia erdiesten zuten (eta ez beti). Baina honako hauek soberan daude. Esklabu gisa ere ez litzateke posible haien laneko indarraz baliatzea. Kaleetan traba egiten dute, hondartza afrodisiakoen irudi turistikoa zikindu egiten dute, negozio-gizon/emakumeen dirua -ernaldu eta ernaldu, hainbat izerdiz irabazia!- lapurtzen saiatzen dira. Eta materialen erreziklaia asmatu zutenetik, zabortegietan sartzeko debekua laster ezarriko diete. Hiriko muinotik, harriz egina den Kristok begia zeharkatzen du hainbat ez ikustearren. Eskerrak Eliza bihotz-zabalekoa den. Horregatik jarraitzen omen du "pildora" zigortzen zorroztasun osoz. Bien bitartean, ehundaka haur herri batera iritsiko dira, baina inork ez die maitasunik erakutsiko; maitasunaren ordez ingeles ahoskera garbiko balahotsa baizik ez dute kausituko, c.i.a.-tiko goibel baten opari. Iluntasun tropikalaren beroa senti dezakezu, uhinen zarata etengabea gauaren aurka jotzen... eta denetaz gabetuak izan diren zazpi-zortzi txikitxoen gorputzak, lurretik pilatuak. Motor batzuen orroa, argiak, arma automatikoak eta "gamin"en iragatea bezain gogorra den agindua. Gero inork ez daki ezer. Heriok ametsetan harrapatu ditu denak. Ebasio erraz bat, munduratzea bezain erraza. Beti ez da hain sinple ordea. Batzuetan oinaze ematen diete. Torturatu egiten dituzte, euren konpaiak ezkutatzen diren zabortegiaren izena eman dezaten. Oihu horiek isil-isilik uzten dute behinolako oihan zabal ikaragarria. Gaitzesteetan ezer ez da egiazkorik: Informatiboetako berriak, keinu faltsuak, hiztegiak bezain praktikoak diren hitzak, aho-korapilo trebeak. Ezer ez. Hitzontzikeria, Brasilgo gau minean prest daude- eta hiltzeko eta hiltzen jarraitzeko. Izaki zibilizatuaren hitzontzikeria, etekin ederrak ekarriko dituen erreportaia on baten atxakia baizik ez da-eta. Salaketa instituzionalaren itxura hartzen duen urrezko simaurra. Musu nuklear bat ezpainetan, Justizian sinesteko gogorik ez daukan gizateria honentzat, ez litzateke patu txarra izango. Alajaina! Eta oker banengo, sar nadila kalabazan. Besterik esan al daiteke? Gurpil honetan jira-biraka goaz nahitaez. Paramilitarra balitekeena da kaosa sortu zuten gizon-hazi edo obulua baino basatiagoa ez izatea. Eta existentzia zakar batek azkenez nola ez du ba lortuko haur-izatearekin akabatzea... Gaizkileak? Noski bada! Urriki gabeko hiltzaileak hamar urterekin? Nor ez gero! Edozertarako prest kruzeiro barregarri baten truk? Jakina! Baina mixeria honek atea besterik ez dio zabaltzen "duintasunik gabeko heriotza"ri, "heriotza duina"ren eskubidea "bizitze duina"rena bezain legezkoa baita, nahiz eta azken finean bata bestearen ondorioa izan. Labur: denok dugun heriotza duin batekiko eskubidea, funtsezko erreibindikazioa gizakiarentzat -naturaz edo borondatez (auskalo) txerri hutsa den gizakia. "Heriotza Duina"... Elaberriko titulu-traza du. Eskuzabaltasun fantasioso, kimerikoak. Estolderia gehiago. Heriotza gaiztoen artetik, balaz iristen dena balitekeena da gaiztoena ez izatea. Egitez, bala bat gerratean garaipen-agerpena bezalakoa izan daiteke. Teoria hauek guztiak, ordea, gizaki helduaren munduan soilik aplika daitezke; inolaz ere ez haurraren munduan. Haur bat balaz hiltzea ez dago heriotza duintzat jotzerik. Are gutxiago balak horien bila abiatu direnean, ez fatalismoaren kausalitateaz, baizik eta matematikaren segurtasunaz. Izakiaren osteosklerosiak genesian omen ditu erroak. Eta nik ez dakit zer pentsatu. Nire hezurrei begiratu eta leuzemia-letxe bat ere ez dut aurkitzen sikiera. Konponbide bat mundua desaktibatzea edota hilkutxa kosmiko baten barruan lurperatzea izango litzateke. Bien bitartean gaminen gorpuek nonbait flotatzen egon behar dute, galderez eta destainaz josita, hatzaz erakutsiz dena prestatu, jarraian disparatu eta azkenez isilik iraun zuenarenganantz. Brasilgo kaleetan zerbaitek estutzen ditu brasildarren bihotzak: haserrea, elkartasuna, amorrua, justiziarekiko desioa, ezintasuna, itxaropena... Gauza askozaz gehiago dira, dozenaka arrazoi, gurdikada arrazoi. Tokia hain da zabala ze indiferentzia bera ere aise dabilen. Hala ere, eta besterik aurrenean, segurtasunez nahiz egiazkotasunez, zera: haurtzaro baten jabe izan ginen. Eta kontzientzia heldu honetatik jadanik ulertzerik ez badaukagu ere, oraindik sentitu, maita dezakegu hura (haurtzaro bat GEUREA!), grinaz eta maitez somatzen duguna, hortxe, pilaturiko urteen joan-etorrian, iragate horretan, denborazko zurrunbiloarekin batera aldendutako bide sekretuetan... Oroitzen? Urtebetetzeak, adiskideak, jolasak, hondartzako egunak... "Arranopola! hori bai zoriona, hori; baina suertatu zaionarentzat!" oihukatzen dute. Aditzen al dituzu? Eh? Aditzen al dituzu? Hala balitz, aditzea ere izango zenuke uhinen zarata etengabea gauaren aurka jotzen..., [...] motor batzuen orroa, [...] arma automatikoak, "gamin"en iragatea bezain gogorra den agindua...[...] eta balek pozik txistuka-tzen duten izena: haurtzaro batena, zurea, haiena, guztiona. TXORIEK ETA LAPURREK MIGRA DEZATELA. Baina guk ez. Euskaldunok ez alegia. Hauxe baita gure herria. Hemen bertan baitugu geure kosmorama berezia: oroimena, erreferentziak, hizkuntza, harremanak, kultur ikuspegiak... Ez dago beste irtenbiderik, geure bizimodua bertan aurkitzea baino. Batzuek diotena, beraz, ez da egia: "Euskal Herritik lan bila ateratzea ez da gauza larria. Inportanteena lana izatea da-eta". Erdizkako egia. Bada jakina inportantea dela lan egitea, bestela ez bailegoke duintasunez bizi izaterik, baina... trukean euskal izana inori oparitu gabe, gero! Izan ere, horixe nahi lukete zenbaitek. Lanik ezaz baliatu Euskal Herria euskaldunik gabe uzteko. Euskal Herrian bizi den espainar batentzat gauza erraza izan behar bertotik aldegitea. Areago, erraza ezezik, "onuragarri" ere gertatuko litzaioke: hemendik behin aterata, zinez maite dituen kultura eta herria besarkatuko lituzke eta. Kontzientziadun euskal herritarrontzat, euskaldun gisa bizi izateko tema dugunontzat, ordea, migratzeak gure nortasunaren ezabapena besterik ez liguke ekarriko. Demagun lan bat aurkitu duzula Madril aldean: zer-nolako posibilitateak izango dituzu han, Madrilen, giro euskaldun batean bizi izateko? Nongo ikastolara bidaliko dituzu seme-alabak? Akabo Egin edo Euskadi Irratiak entzutea; akabo pelikula bat euskaraz ETB1ean ikustea. Kotxea bera ere izorratuko zizuten bertoko matrikula izateagatik... Pentsa, ba. Noski, hori guztia bost axola bazaizu, bada orduan presta ezazu fardela eta igo zaitez Madril-Chamartin espresora. Neronek ordainduko dizut biletea. Eta bejondeizula. Gainera, Espaina aldean bizi den euskaldunak espainar itxurak egiten bizi beharra dauka. Zoaz lanpostu bila esanez euskalduna zarela eta ingelesez nahiz euskaraz primeran egiten duzula. Euskaraz dakizula jakinaraztea nahikoa arrazoi izango litzateke ateak ixteko: "Lan bat emango dizugu, bai. Baina ahaztu egin beharko duzu nor zaren". Horra hor Espaina aldean zer duen zain euskaldun batek. Herri honetan badakigu, bai eta soberan jakin ere, atzerrian bizi izatea zer den. Espaina eta Frantzia aldetik, Hegoamerika nahiz Iparramerikatik ez al da hamaikatxo euskaldun ibili? Eta halere, ez al dira beti "etxera" itzultzeko irrikan egon? Migrazio kontuetan, behintzat, gauza berririk ez digute horiek irakatsiko. Ez horixe. Batzuek ez dute zera ulertu nahi: euskal jendearentzat Madrila nahiz Sevillara joatea ez da inmigrazioa, migrazioa baizik. Eta nork nahi du atzerrian nahitaez bizi izan? Pentsa dezagun espainar bat lan bila Alemaniara joaten dela. Ikusiko duzue aurpegia nola zurbiltzen zaion, atzerriko mugak tartekaturik daudela ohartu bezain laster. Bada efektu bera euskaldun batentzat. Abertzaletasunaren ikuspegitik, abiapuntuak bestelakotu egiten dira guztiz. Kanpora joatea suertatu bazaizu... Tira! Zer egingo diogu, ba. Batzuetan beste erremediorik ez dago-eta. Baina ez ezazu pozik aldegin, ez pentsa berdin biziko zarenik hemen ala hiru mila kilometro harantzago, eta batez ere, egin burruka hemen geldi- tzeko, lan bat hemen edukitzeko. Gure etxea da hau, eta berezko eskubidea dugu hemen lan egin eta bizitzeko. Gogora ezazu Iparragirreren kanta famatua: Gazte-gaztetandikan herritik kanpora, estranjeri aldean pasa det denbora. Herrialde guztietan toki onak badira baina bihotzak dio: "Zoaz Euskal-Herrira!" Beraz, ateraiozu probetxurik gure aurrekoen eskarmentuari eta bizi zaitez zintzo eta zoriontsu gure Euskal Herri maite honetan: txoriek eta lapurrek migra dezatela! "EUROPA, APARTA EZAZU KALIZA HAU NIGANDIK" Etorkizuna itxaropen arina bezalakoa da... eta nik ez dut hura inorekin erdibanatuko. Garai beltzak direla diote, ez arrazoirik gabe. Halere, ekaitza iragartzen duten hodeitxo aurrelariak baino ez dira horiek. Jakin nahi al duzue zein den etorkizuna, gure etorkizuna? Altxa ezazue begia Ekialdeko herrialdeetarantz, antigualeko Sobiet Batasuneko herrialdeetarantz: horra hor erantzuna. Eta bitartean, Iparramerika galdu egiten da Grezia galdu zen bezala, munduko mitologiari dagokion izen eskukada ederra utzita: Arkansas, Mississipi, Virginia, Dakota, New Orleans... Europa hilotz baten ametsa da. Eta bere erretorika kulunkarazten du ametsetan bezala. Eta egunik egun Célineren burmuin sukartian barrena sartuz doa -Célinek Europa zeharkatzen baitu berriro bere wagoi horretan, SSen kartajokoei so. "Ez naiz ezer. Inoiz ez naiz ezer izango. Ezina zait ezer izatea desiratzerik. Horretaz gain, munduko amets guztiak dauzkat nire baitan". Holaxe hitz egin zuen Pessoak "Tabakeria" poema zoragarrian. Eta alegoria batez baliatuz, Europa irudikatzen dut neurtitz horiek errezitatzen "Ez naiz ezer. Inoiz ez naiz ezer izango. Ezina zait ezer izatea desiratzerik. Horretaz gain, munduko amets guztiak dauzkat nire baitan" errezitatzen du Europa zaharkitu, momifikatu eta ametsezko honek. Errugabea, Viscontirena, zorion handikoa izan zen -pelikula baino, obsesioa; obsesiorik onena agian-. Artean Il Casanovak, Fellinirenak, kalkulu-hutsegite hori konponduta utzi. Izan ere, Europak Italiatik hartua du mafiosoa den izaera artistiko garbia. Hortik bere lilura, eta bere deslilura. Ordea non hasi eta non bukatzen da Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko muga? Zirtolari batek erantzun: irudimena hasi eta arrazoimena bukatzen den tokian. Europak, sabel-zorroari hatz egiten diola, egun berriari so egiten dio destainaz. Langileek eta industrialek harri eta zur begiratzen diote elkarri. Inork miraritan sinetsi nahi ez duenez, begia jasotzen dugu Zientziarantz. "Asmakizun berri bat! Horixe behar dugu-ta!" oihukatzen du Popeie Mariñelak. Orson Wellesen ezkortasuna eta Walt Whitmanen baikortasuna. Sarrazenoak eta kristauak. Erraldoiak eta Buruhandiak. Mugarik ez duen gau horretan galdu zuen Historiak bere tokia. Argirik gabeko Ilargian "Petrolioa!" oihukatzen du eskribau burubero batek luma tintontzian hondoraino sartuz. Holakoxea da Europa, pixkat eldarniogile, pixkat izkribatzaile. Edota Velazquezen Las Meninas koadroan erretrataturiko txakurra. Hezur bat ala inmortalitatea aukeran edukita, denok badakigu zein hautatuko zukeen. Europa txakur horixe da. Europa hezur horixe da. Europa inmortalitate horixe da. Parisen hil zen Cesar Vallejo. Mesede txiki hau eskatuko niokeen: "Europa, aparta ezazu kaliza hau nigandik". Eta amore emango zukeen seguru -peruarrak bihotz zabalekoak dira-eta! Gainera, nori axola dio ditxosozko Europa honek? Bosnian eta Sarajevon ez al du Europa elur gorriaz arturratu? Ez al da Europa nahigabeko nahaste-pilatan bizi? Europa, betidanik itxita egondako leiho eta ateak ixten dituena! Europa, arimarik ez pentsamendurik duena, gero eta urrunago eta hurbilago, Kunderaren ipuina bezain arin eta poxpolina! Europa, poltsikoko denbora pilatzen duena, martiria eta borreroa aldi berean izanik! Antzin-antzinako eta urruna, ezerk ez dio beldur handiagorik ematen denboran desagertzeak baino. Ordea, nola desager daiteke lur ikertezin eta sakonean atxiloturiko erroa? Nola eror daitezke urak goirantz, ez badago hustasunean ur-jauzitxo bat bera ere ematerik? Ordea Europak jauzi egiten du. Eta Rulforen lautadan sartzen da, non sugarrik gabe izeki eta izan gabe izango baita. Unamunoren sentimendu tragikoak iraungo al du bertan, existentzia berriro besarkatu ahal izateko! Edonola izanik ere, beti egongo da beste toki bat, beste Historia bat, beste une bat. Beti birjaioko da ordezkoren bat, denboran ezagutezina, hasiera bezain irreala, eboluziorantz proiektaturiko amets. Eta gauza guztiak birsortuko dira ostera ere hiltzeko. Horixe baita Europa: zibilizazioaren harropuzkeriara jauzitako kamaleoia -Joseph Conraden zibilizazioaz ari naiz, jakina-; mozorroa egunoro aldatzen duen Heriotza -mozorro guztiak Maskara Gorriarena bezain izugarriak-. Azkenez, espaziora jaurkitako Europarekin, Mirmiton Konstelazioari lotuarekin, egingo dugu topo, Kalidoskopio liluragarri batek bertan isladatzen baitu Europako errealitatea dena baino, gehiago. HELBURU ZIBILAK: GERNIKATIK MUSKIZERAINO Ez nuen inoiz pentsatu Mafiaren "filosofia" hain errotuta zegoenik Euskal Herrian. Hau bai inozokeria, hau! Muskiz eta Artxandako atentatuak ezker abertzaleari leporatzea ere... Zentzugabekeriak esaten hasita, zergatik ez diegu GALekoei leporatzen Madrileko azken atentatuaren erantzunkizuna? Astronauta samarra izan behar, honelako "bertsioak" irensteko. Siziliar mafioso baten bihotzaz prestatutako ekintzak dira, dudarik ez. Izan ere, ematen duena baino askotzaz larriagoa da. Badirudi gizartea "prestatu" nahi dutela geroko errepresio basatiren bat justifikatzeko. Ganster paranoiko batek soi-soilik parte har dezake joku honetan. "Gansterren alderdiak zure botua eskatzen dizu. Ez badiguzu botua ematen, bonba tranpak erabiliz lehertaraziko zaitugu, eta gero eskuak garbituko ditugu abertzale buruberoei errua leporatuz". Barne zimikorik gabeko gezurtero fin-finak, giza kalitaterik ez dutenak (oilasko bati eskatzen zaion label sonatua ere falta zaie eta): horra hor boterearen estolderia, Inkisizioa bera barregarri utzita. Hemen ez du balio ezikusiarena egiteak. Gernika bonbardatu eta gero, komunikabideek zera aldarrikatu zuten: "Gorriek eta separatistek bonbardatu dute Gernika". Muskizen eta Artxandan atentatuak egin eta gero, betikoek ere zera: "Gorriek eta separatistek egin dituzte atentatu hauek". Ordea komunikabideen eraginak -egia mozorratzeari dagokionez- piperrik ez du balio. Egia gezur bihurtzeko gai direla? Bai eta zera ere! Eragiten duten beldurra, ordea, egiazkoa da; botere aurrean sortarazten duten menekotasuna, ordea, hori ere egia biribila da. Mass-media delakoek ez dute egia mozorratzen, haien zeregina populazioa ohartaraztea baizik ez baita: "Nire aurka altxatzen bazara, begira zer gerta dakizukeen". Estatuko informazioa horixe da eta: ideia "arriskutsuak" burutik kentzeko arma, edo bestelako hitzez esanda, Damokles-en ezpata antzekoa da, gure buruen gainetik zintzilik beti. "Ez dakigu morala zer den. Boterea gara. Jendea hil eta gero, geure buruak kondekoratzen ditugu. Den-denak balio du guretzat". Ez gaitezen engaina: egia ezagutzen ez duen gizartea ez da oraindik jaio. "Barka. Guk ez genekien hori. Gure agintariek ziri ederra sartu ziguten eta". Atso-ipuinak! Gizabanakoaren aukeramena (aukeratzeko askatasuna, alegia) edozeren gainetik dago; bai eta edozein informazioren gainetik ere. Gizabanakoen askatasuna hau edo bestea egiteko = Gizabanakoen askatasuna informazio hau edo bestea sinesteko. "Nik egunkari batean irakurri nuenez, bada egia zela uste izan nuen..." = "Estatuaren moraltasunik ezak ikara sartzen zidanez, bada gezurra irenstea erabaki nuen" edota = "Banekien gezurra zela, baina ongi iruditzen zitzaidan". Hainbat bertsio izan ditugu ziurtasun bati buruz; ziurtasuna, ordea, zatikatzerik onartzen ez duen osotasuna da. Honek esan nahi du adierazpen ugari izan daitezkeela Muskiz eta Artxandako atentatuei buruz. Normala da horrela izatea. Eta normala da, ere bai, alderdi politiko bakoitzak adierazpen desberdinak egitea (egite bat adieraztea eta egite bat leporatzea bi gauza desberdin dira: lehendabizikoak aniztasuna onartzen du; bigarrenak, ordea, ez), norberaren ideologia eta ibilbide politiko-sozialaren arabera. Atentatuak, ordea, bakar batek egin ditu. Eta oso garbi dago horietan partehartzerik izan ez dutenak apropos nahasi dituztela. Horrela jokatzen duenak edozer egiteko prest dagoela erakusten digu. Mafia da, besterik gabe. Boterearen itzalpean hazitako goi mailako Mafia. Gernika suntsitu zuen Mafia berberaren kimua. DEPRESIOAREN KULTURATIK BITALISMOAREN KULTURARA Zer den Depresioaren Kultura? Eztarri inguruan boa hertsatzaile gisa biribilkatzen dena, burmuineko ileak harrotzen dituena garunekoa irinduta uzteraino, goizeko hamaiketan langabetu baten hortzore-tutuan azaltzen dena, bada horri berari deitu nahi izan diot "Depresioaren Kultura". Komeriazko alderdi honetan, non ilunabar batek ez duen 5 hogerleko baino gehiago balio, denbora alferrikal dezakezu labezomorroak hiltzen edo telebistako agintearekin (utz ditzagun "mandoak" bakean) ping-pong jokoan aritzen. Berdin dio. Estatuak nola ordaintzen duen... Nik aski dut-eta arrazonatzearekin. Gainera, lapikora kultura t'erdi bat botata daukat eta uste dut oraintxe hasia dela irakitearen legeei men egiten. Bitartean, urdaila estu eta larri. Depresioaren Kulturak badu hamaika bat bide ezberdin. Zentzu honetan, berriz, aholkatuko nizuke kea bezalakoa izatea: garden, sarkor, pisugabe eta desagerterraza. Tira, ez dakit nori eskaini urrezko opuskulu hau: haurtxo errugabeei agian? ala egunen batean errugabeak izateari utziko dioten haurrei? Hondaturik nauka duda honek. Oinaze batean jartzen nau. Eta sudurretan hatz eta hatz ari naiz, erantzun baten bila. Ezer ez. Mekatxis... Proposatzen dut zera, gorpu hau lurpetik ateratzea eta errepaso ederra ematea. Bakoitzak lagun beza ahal duenarekin: hatzazal-sorta bat, begi-globo bat, larruazal cm. batzuk (metroak badira, hainbat hobe), hankatxo bat hemendik, giltzurrintto bat hortik... Eder-ederra utziko dugu -zibilizazio akultural bati buruz ari naiz, jakina-. Berarekin bukatutakoan, goizeko seietan parrandatik datorren trabestia emango du. Txorizo freskuari darion transubstantzia, goi mailako hitzekin esanda -zer jakingo duzun zuk materialtasunari buruz-. Den-dena Karpantarentzat! Ai ene, gibelak min egiten dit. Uste dut gaur gehiegi irakurri dudala. Hala eta guztiz ere, desehorzketa behin bukaturik eta Depresioaren Kultura behin birkonpondurik, mundua bezain ikarragarria den duda pizten zait aurrean: zer egingo dugu orain? Ez dakit... Errusiar erruletan joka dezakegu bizarra kentzeko labaina batekin; besapeko ileak ere ken diezazkiokegu elkarri; edo iguana-lasterketak antolatu. Ideiez gabe ez gara, behintzat. Parlamentuak gastuak bere gain hartuko balitu, Bahamak irletarako bidea hartuko nuke txosten sakon bat prestatzeko. Urrun bedeinkatu haietan, badiotenez, aholkulari apartak daude-eta. Zibilizazioaz gabeturiko Inperio Kontsumozale honek arimaraino jotzen nau. Entzun dudanez, Entziklopedia Frantsesa bretoierara itzuli nahian dabiltza. Le Penek berak ordainduko du bere poltsikotik. "Horren premia gorrian daude. Izan ere, "r"a ez dute behar bezala ahoskatzen, jan egiten dute-eta" baieztatzen du Pompidour Zentruaren etsairik nagusienak. Kontzentrazio kontua izango da. Ez bedi gogorik eza gure artean heda. Alderantziz baizik, poz gaitezen iragandako denboraz. Zenbat gauza ikaskizun eta gurekizun! Zenbat irakaspen sekula ahaztu behar ez ditugunak! Dudazko iceberg bat urtarazi eta gero, zenbat duda ez ote diren sortu besteak baino txundigarriagoak, denak noiz urtaraziko zain! Pekaturik ez duenak egin beza bere lehenbiziko pekatua. Ea ikasten duen gizakia izaten. Kontxo. Artikulu honetan "mezu"rik dagoen ala ez, horrek ez dit barrua batere asaldatzen. Baina aukeran, "anti-mezua" bezalako zerbait egotea nahi nuke, hau da, arropa zikintzeko propio asmaturiko garbikailua bezalako zerbait. Taxurik ez du honek, ezta? Bada ederki, horixe nahi dut nik eta. Kultura "sator", asaldagarri eta difuminatzaile bat. Kulturaren ADNa bakar-bakarrik kausitzen ahal baita espazio zabaletan. Eta ez zait axola non izan daitezkeen espazio tetralogiko horiek. Zoritxarreko esploratzaile baten buru txikiagotuan ere sar daitezke ondo baino hobeto. Depresioaren Kulturatik Bitalismoaren Kulturara. Kultura errotsu eta maltzur bat; firmamentuan zehar, norabidea sekula aurkitu gabe -ezta beharrik ere-, nabigatzeko gauza izango dena. Kultura bat Feriako Dukea baino biziotsuagoa, hortara jarriz gero. Kultura bat Peter Pan-en mundua baino garbiagoa, hortara jarriz gero. Edozer, jakituria Viktoriar batean izoztuta geratu baino lehen; edozer, "arteagatiko arte" ikurritza narkizistan behera irristatu baino lehen. Bestela, gure mezuen edukia hondatu eta putzu huts batean amaitzeko arriskua daukagu, hitzek oihartzun hilaz durunditzen duten putzuan hain zuzen. Zelaiez haratago jo beharra dago. Oihanean barrena galdu. Krokodiloaren eztarrian desagertu. Eta bat-batean agertu tona bat hitz konfetti eta guzti jaurtikitzeko prest, despistaturiko lehen turista amazonikoaren belarriak lehertaraziz, ekologista izan ala ez. Herri bat, hau da, itzal bat, hau da, gizabanako bat honelaxe lantzen da: burua lohituz. DROGAK LEGEZKOTU ALA EZ...? Drogak legezkotu ala ez? Horra hor sarri-askotan entzun izandako galdera. Eta egun arte itaun honi eman zaizkion erantzunak, bestalde, ilegaltasunaren eskutik ailegatu zaizkigu gehienbat. Honek, ordea, bi ahoko ezpata bilakatu du berez zorrotza den arazo hau. Izan ere, bi alderdi ditugu drogaren inguruan: norberaren suntsipena batetik, eta delitua bestetik. Drogak legezkotzearen aldekoek, besteak beste, hauxe argudiatzen dute: "Zilegi da nork bere burua nahi bezala suntzitzea. Eta hitzokin ez da esan nahi lagunen suntsipena "bultzatu" edo egin behar denik; ez, kontua ez datza horretan, beste honetan baizik: ez daukagu ebitatzerik lagun batzuek drogak kontsumi ditzaten, baina ekiditea daukagu drogak kontsumitzen dituztenak lege-hausle bihur daitezen". Bestelako hitzez esanik: suizida izatea eta delitugilea izatea bi egoera guztiz desberdin dira. Lehena, borondatezkoa da; bigarrena, gizarteak baldintzatua. Drogazaletasunak, beraz, bi dimentsio agertzen ditu: dimentsio kolektiboa eta dimentsio indibiduala. Dimentsio kolektiboaren ikuskeratik ondorioztatzen den ezezkotasuna garbi dago. Gizabanakoa gogoan, ordea, dimentsio etiko batera jauzten dugu, gizartezko arau moralak hautsirik gerta baitaitezke gizakiaren konplexutasuna dela medio. Hala ere, hirugarren dimentsiorik ere atera dezakegu: gizakiaren osotasun-dimentsioa hain zuzen. Eta dimentsio honek badirudi kolektibitatea zein gizabanakoa hartzen dituela bere baitan, gizakia dualtasun haustezina bilakarazten duelarik. Legeztatzearen alde daudenek argumendu hau ere erabiltzen dute: "Nola edo hala, beti ez dira garbi-garbi ikusten legezkontrakotasun horren arrazoiak. Zeren, ez ote dituzte drogak debekatuko beharbada garestiago saltzeko...? Baliteke hauxe izatea benetako arrazoia, zenbait drogaren kontsumoa ez legeztatzeko: dirua. Horrela, gaur egun urrea baino garestiago dena, zaborra bezain merke (bere benetako prezioan, alegia) salduko litzateke". Dena den, nik zalantzak ditut horretaz. Izan ere, badira "produktu" ugari, legalak bezain garestiak (esaterako, cognac on bat). Abortatzeko eskubidea, eutanasiaz hiltzeko eskubidea, homosexuala edo lesbiana izateko eskubidea, dibortziatzeko eskubidea, nork bere buruaz beste egiteko eskubidea, armak edukitzeko eskubidea, hondartzan bilutsik egoteko eskubidea,... eta zergatik ez drogatzeko eskubidea?, argudiatzen dute batzuek ez lojikarik gabe. Izan ere, gizabanakoaren nahiarekin topo eginda, multzotik hartutako erabakiak erraz eror daiztezke debekukeriatan. Behin, gogoeta txiki hau entzun nion drogazale bati: "Drogazaleok ez dugu bonba nuklearra asmatu; asmatu zutenak, berriz, libre egon ezezik, goraipatuak eta txalotuak ere badira. Guk geure buruak baino ez digutu suntsitzen; beraiek, ordea, gizateria osoa suntsitzea dute helburu". Hau entzunda, batek zera galdetzen dio bere buruari: zer dago "ongi" eta zer "gaizki"? Ustez zena ez zen...? Hala ere, gizakia dualtasun haustezina izango balitz -goian aipatu bezala-, gogoeta hau okerra izango litzateke, gizabanakoaren suntsiketak gizateriarena ere ekarriko bailuke. Drogak, ordea, legezko al daitezke besterik gabe, hola, hutsaren hurrengo balira bezala? Ez luke inork afera horretan arinkeriaz esku hartu beharko. Dena dela, era anitzetan uler daiteke drogen legeztapena. Esate baterako: zenbait droga -menpetasun nabarmena eragiten dutenak barne- "eskuragai" jarriz drogazaleari. Zenbaitzuk ustea harturik daude honako hauxe dela drogen "legalizazioa" ulertzeko beste bide bat (jadanik martxan jarria). Eta heroina dute bereziki gogoan; heroina baita drogazalea gaizkile bihurtzen eta gehien sufriarazten duen droga nagusia (zeri erreparatzen zaio begi zorrotzagoz, drogazaleak pairatzen duenari ala ekar dezakeen kalteari, delituari alegia?). Metadona (heroinaren antzeko) banatzen hasiak dira dagoeneko ospitaletan. Lehenago zergatik ez zuten egin ulertu ezinik daude batzuk. Beste arrazoi bat -droga legezkotzearen aldekoek sarritan aipatua- honako hau da: "Gartzeletako populazioaren erdia (edo gehiago) drogen kariaz omen dago preso. Eta honek ere ematen du zer pentsatu ugari. Drogak lortzeko oztoporik izan ez balute, ez bailirateke preso egongo; ez zioketen inori kalterik egingo eta". Gizartea gizabanakoaren gainetik ala gizabanakoa gizartearen gainetik? Planteia al daiteke arazoa horrela? Halere, bada gutxik ukitu ohi duten puntu bat: herri batek zerbaitetan huts egiten duelako gertatzen da drogazaletasuna; beraz, zergatik ez ekin herri horretan huts egiten duena konpontzeari, partxeak ipintzen ibili beharrean? Beharbada horrek "iraultza" (zentzu guztietan) ekarriko lukeelako. Eta ideia berri honi jarraikitzera, beste honekin egingo genuke topo: "drogak legezkotzea ala ez" planteamendua okerra litzateke hasieratik bertatik, benetan balioko lukeen planteamendua hauxe bailitzateke: "gizartea aldatzea ala ez". Hortaz, arazoa erreprimitzetik arazoari errotiko irtenbidea eskaintzera pasa gara, plano erabat desberdin batera jauziz. Azter dezagun hau gonbaraketa baten bidez: Zergatik dira lapurketak hain ugari, Brasilen esate baterako? Pobrezia herri hartan handia delako, dudarik ez. Mintza gaitezen orain irtenbideari buruz: lapurrak gartzelan sartu ala pobrezia desagertaraztea?... Planteamendu bera ezar daiteke drogen kontu honen gainean. Ikuspegi ezezkor batetik ez legoke, ordea, irtenbiderik: "gizakia gaizki egina dago hasieratik bertatik; gizakia berez koldar, krudel, eta bortxakorra delako. Zergatik? Auskalo, beharbada eboluzioaren une jakin batean zerbait gertatu zelako, funtsezko aldaketaren bat eraginez (dinosaurioak akabatzeaz gain, txantxa zilegi bazait). Gizakiaren suntsipena luke orduan gizakiak helburu (era inkontziente batez), eboluzioari aukera berria emateko; eta den-dena berriro hasi, katemailaz katemaila, "oroimen natural"ari utziz hutsa konpontzearen zeregina. Zeren, mende honetako gizakiak jakin ere badaki jainkorik ez dagoela; eta, beraz, uholderik ezin espero dezakeela "askazi gaiztoa" itotzeko; eta horregatik asmatu ditugu ("ditugu", izaki kolektiboa mintzo!) lehergailu nuklearrak (suntsipen kolektiborako) nahiz drogak (suntsipen indibidualerako) nahiz bestelako bideak (kontsumo sukartia, izadiaren suntsipena, geure denbora hipotekatzea, arrazakeriak, pornografia, alkohola, etb.), geure buruak suntsitu ahal izateko, suntsipena gizakiarentzat haragizko sentimendua delako." Azken parrafoari helduta, badirudi honek guztiak zerikusirik ez duela hasierako gaiarekin, eta ondorioz, digresio taxugabe batean galdu naizela. Ez da hori, ordea: gauzak berdin ikusten al dira hegazkin ala aulkitxo batera igota? Erantzunak, irtenbideak, erabaki zuzenak... Izango ahal zara zu, irakurle hori, ni baino trebeagoa horrelakoak bilatzen! Egia esku artetik eskapatzen baitzait beti, urari heldu nahi zaionean bezala. ZARATA ERE KUTSADURA DA Pepelerdoren bat oraindik ez omen da ohartu zarata ere kutsadura denik. Eta hor dabil ekologistaren itxura egiten, aldi berean auzokoaren etxea lotsagabe inbadituz, telebistako bolumena "atope" jarrita, berea ez den etxean jaun eta jabe. Eta horretarako eskubiderik ez dagoela diot nik. Legeak berak bermatu beharko luke edozein hiritarrak bere etxean bakean bizi izateko duen eskubidea. Zaratarik gabe bizitzea eskubide bat gehiago delako; edo beharko luke izan, behintzat. Duela gutxi, B. Atxagaren artikulu bat irakurri nuen. Bertan, Parisko kafetegietan telebistarik somatu ez, eta horretaz harrituta, galde egin omen zion kafetegi bateko jabeari "zergatik ez duzue telebistarik?", eta besteak zera erantzun "Etxeetan badugu nahiko telebista eta hemen behintzat, bakean egon nahi dugulako". Tira ba, zibilizazio aurreratuenetan ere zarata dute etsai. Bestalde, nik gauza bat esango dizuet: Parisen bolada batzuk igaro nituen, eta chambre-tik kalera baino lehen, telefonoa deskonektatu beharra genuen (ugazabak jarritako araua zen eta), hots eginez gero auzokoa es eragozteko!! Eta primerakoa deritzot. Hemen, ordea, telebistaren bolumena ezin altuago jartzeaz pozik egon ez, eta ditxosozko telebista disko-jogailuaren bozgorailuekin ere lotzen dute zenbaitek!! Arraioa: noiz ikasiko dute batzuek euren askatasuna hasi eta bukatzen dela auzokoarena hasi eta bukatzen den tokian bertantxe!! Noiz ikasiko dugu nork bere etxean nahi duena egin dezakeela, bai, baina telebistaren bolumenak auzokoaren etxea inbaditzen duenean, telebista horren jabeak berean ezezik auzokoarenean ere nahi duena egiten ari dela!! Zortzi mila pezeta ordainduta, kasko on batzuk erosi eta nahi duzun moduan daukazu telebista entzutea. Ez al zenekien, inbasore horrek, telebista aurikularrez ere entzun daitekeenik? Okey. Auzokoarekin hitz egin duzu. Hamaika bat aldiz esan diozu telebistaren bolumena hain altu, arren, ez jartzeko. Kasurik ez, ordea. "No te rías que es peor" ikusten duenean, zeuk ere "entzun" egin behar. Zezenketa tokatzen denean, animaliaren marrumak ere ailegatuko zaizkizu. Eta futbol partidua bada, futbolariek baloiari emandako ostikada hotsa ere belarriratuko zaizu garbi-garbi. Eguerdiko ordubiak direla, arratsaldeko seiak direla, gaueko hamarrak direla... Edozein ordu da on, zure eskubidea zanpatzeko bada. Eta noiz arte agoantatu behar da hau? Eta legez ez al dago zerbait egiterik ala? Planetako kutsadurarekin bukatu behar dugu eta etxean bertan daukaguna garbitzeko gauza izan ez? Orain dela hilabete batzuk, Espainako ez dakit nongo herritan, ogibidez brigadierra zen batek bere auzokoa tiroz hil zuen... telebistako bolumen arazoak zirela eta!! Egia esan, batzuk zeinen zorionekoak diren, armak edukitzeko baimena izan eta bestelako argudioak erabiltzeko aukera edukitzen dute, hitzak eta arrazoiak ulertzen ez dituzten haiekin. IDAZTEAREN PLAZERRA ETA ATSEGINA Dirudienez, zenbait idazleri posible zaie -beste batzuentzat aurkigaitz diren bideak erabiliz- idazlan biribiletara iristea. Eta irakurlearekin halako atxekimendu berezia lortzen dute, non, besteok geure buruaz eta gaitasunaz duda-mudatan geratzen baikara. Edozein modutan ere, halako irakurleek jasotzen duten atxekimendu horretaz mintzatzea burutik pasa ez zaidala adierazi behar dizuet, esku artean gaurkoan dakarkizuedan kontua arras bestelakoa izanik: idaztearen plazerra eta atsegina. Ez al dugu irakurle guztiok zirrara txundigarririk somatu, idazlan on baten pasartea suertatu zaigunean, eta ez al ditugu, beraz, amets goxoetan bezala geure buruak sentitu horrelakoetan? Ez duzu, noski, pentsatzen idazki horretxen plazerra eta atsegina irakurlearenak soil-soilik direnik; pentsatzekoa da-eta egileari beste hainbeste, behintzat, gertatu zaiola. Pentsamendu oparoan eta idazkera ederrean, ordea, ez du idazleak besteen idazkietan adina ordu sartu behar; aurrekoek egindako bidean eraikitzen baitu bere jauregia zinezko idazleak, eta hortik aurrera dira bilakatzen eraginak, estiloak eta norberaren estetika. Ni, edertasun bide hori eskaintzen didan edozein libururen orrialdean geratzen naiz, eta egunen batean erabakiko banu lokarriak bertan behera uztea -harritzekoa ere izango ez zena-, horrelaxe egingo nuke besterik gabe, luzamendutan egin-ez-egin ibiltzeke alegia. Baina badira bestelako iritziak; adibidez, maisuekiko fideltasunaz hitz egiten digutenak. Nik, ordea, horrelakoak ozta-ozta jasaten ditut, nahiz eta ospe handiko izenek askotan kontrako iritzia agertu gai honetaz. Dena den, eta idazlea naizen aldetik -sinaduran azaldurikoa nire herriari diodan maitasuna bezain sakratua baita niretzat-, zilegi bekit dagokidan bidea nola edo hala aukeratzea. Ez dut uste -idazleak ugari eta zein baino zein ezberdinagoak izan arren- "sufrimenduz" idaz daitekeenik; gehienez jota, "ahaleginak"-edo eskatuko dizkio idaztearen ekintza horrek egileari. "Sufritzen duten idazleak" eta gisa honetakoak, beraien sufrimenduaren esklabu izan ohi dira, eta gainera, neure buruari galde egiten diot irakurleek ez ote duten idazle horiengandik "sufrimendu" bera jasango, arte osoaren ezaugarria baita artistak sentitzen duena publikoari ere helaraztea. Pasadizu bat etorri zait gogora, harira datorkigun kontua argitzeko agian balioko diguna. Orain dela aste bakanak gertatu zen perla xelebre hau, bai eta gertatu ere jarraian adieraziko dizuedan moduan. Nire lagun idazle baten etxetik pasatzerakoan mahai gaineko idazki zimurtuari ohartu nintzaion. Gehiago hurbiltzean konturatu nintzen idazki ondoan E.T.A. Hoffmann-en liburu bat zegoela zabalik, eta ohe estu baten gainean, berriz, Marguerite Yourcenar-ren Hadrianoren Oroitzapenak, liburuaren azal erdi-erdian eguzki izpi batek -sabaiko leiho txiki batetik sartuak- jotzen zuelarik. Harritu egin ninduen idazkiaren esaldi ia guztiak amorruz bezala ezabatuta egoteak. Eta zehazkizun hau aipatzerakoan nire lagunaren ahots biziki haserratua iritsi zitzaidan, kasik hiratik hurbil zegoenaren garrasi batean, burutik jauzia bezala. Mugimendu azkar batez idazkia hartu eta, erdi-erditik kosk eginez, orri gehienak braust erauzi zituen; gero, hortz artetik geratu zitzaizkion puskak botatzen hasi zen txistuka, amorruz eta maldizioka. Zur eta lur geratu nintzen. Berehala, ordea, sentimendu maitagarri, etsipenezko batek hartu zidan barren osoa. Eta ohartu nintzenerako, begiak malkoz beterik neuzkan. Azkenez isilean aldendu nintzen handik, laguna ahoa bete paper puska utzita. Sufrimenduz idazteak -guztien iritzian ez bada bai behintzat neurean berean- kateamendu bat ezarri zion nire lagun gizajoaren izpirituari, aldez aurretiko idazketa ezberdinei -alegia goi mailako idazleek ezarritako ereduei- kontra egiten utzi ez ziona; halako liburuak hain ederrak baitira non gutxik daukaten horrek, idazle ahulari dakarkion heriotze artistikoari aurre egiterik. Horrek guztiak bere ondorioa obratu zuen; zeren biharamonean Donostiatik irten zen nire lagun honek Europako hainbat norabidetara barreiatu baitzuen bere porrotaren pisu astuna, harik eta bidaia horietan adimena ezezik gogoa eta oroimena ere engainatzea lortu zuen arte, urtebete pasata adore handiz jarraitu baitzuen bere aberrian ezinezkotzat iritzitakoarekin... baina oraingoan beste kultura eta hizkuntza batean! Izan ere, Ingalaterra urrun eta zaharrean bota omen zituen erroak nire lagunak, eta dirudienez, gau eta egun ari izaten da ingelesez idazten, hizkuntza eta kultura horretan kausitu omen baititu idaztearen plazerra eta atsegina. Duela gutxi gutun bat iritsi zitzaidan, eta, oso ongi asmatu duzuenez, nire lagunaren izen-abizenak hain zuzen ere zekartzan eskutitz harek igorle. Eskutitzaren edukia harrigarria bezain laburra zen, eta hitzez hitz honela zioen "Nahiago diat atzerriko zoro izan, neure aberriko ezereza dastatu baino." Nork bere kontuak atera bitza. INTSUMISO PRESO BATI GUTUNA Hi bai lagun aparta: "Ez" esan duk! Eta leiho burdin-hesidun atzetik, behin eta berriro oihukatzen duk: "Ezetz esan diat!" Hitz hauek arrastraka zihoazek hire zeldaraino, soil-soilik jakin dezaan zerua, gurekin ez hagoenetik hari begiratzeko, ez dela lehen bezain urdin. Hi, besteak eta gainontzekoak... Olatuaren gainetik, itsaso ilusionatuari so. Botila bat ardo gorde diagu, ateratzen haizenerako. Eta nahikoa jenderik ere baduk, kortxoa noiz jauzaraziko zain. Ez zekiat zerbait ahaztu ote zaidan... A, bai! Goraintziak, beheko auzokoaren partez. Eta artilezko bufanda bat, Eli izebaren opari. Hitz geometrikoak, hire ohetokian sakabanatzeko. Bat, bi, hiru... Ametsak zaintzen dituzten oin-hots amaigabeak. Bat, bi, hiru... Hire ametsetako ibilaldia, ordea, ez al da zaindarien imajinaria baino amaigabeagoa? Gau-gauero dozenaka sute pizten dituk inguruko mendietan, eta beraietara jaurtikitzen dizkiagu hiretzako diren gure mezuak. Eta keari, mezulari fidelari, zera manatzen zioagu: "Mezuok eramaizkiok goizalderako". Horrela errazagoa duk, eta ez zaiok Monsieur Le Directeur-i baimena eskatu behar. Une batez urrun ezak kezkarik oro higandik, eta, bidaliguk hire erantzun arina deiadar baten gainean: "Lautada txurietako boltxebike horrek, esan guztiei ikaragaitza naizela!!" Eta Ama Lurraren erraietan barrena denbora -goxo eta arin- aurrera doalarik, guk, ezerezatik bezala sortua dirudien euri honen erdian, hire ihesarekin amestu diagu. Adiskideen erregalua: pasaporte bat, egunsentiko atea zeharkatzeko balio duena. Dirdiratuko ahal dik hire begietan egun hobeago baten esperantzak! Jaun Epaile hori: ba ote haiz hire primuaren begiei begiratzeko gauza? Sorgin hitz bat eriden diat liburu arrotz batean: "admoesnielaob". Hiru aldiz ahoskatuko bahu, hiru askatasun ezberdin lortuko hituzke. Ez dik huts egiten, zinez. Egizak froga. Gauerdiko txalaparta entzun orduko, dantzaldi zoroak kausituko dituk han, ilunean. Etorkizuna hirea bakarrik delako eta hire proiekzioa hartu dugulako geure kanoiaren balatzat. Izan ere, bost puntako unibertsoa eraiki diagu estaltzen hauen hormigoiaz baliatuz: 1) trenak zeharkatzen duen paisaia, 2) harkaitzetako inskripzio ulergaitza, 3) gizaki beltz askatu berria, 4) hartzaren orroa basoan eta 5) egunoroko itzal maitagarria. Presondegitik hurbil, ezkilatxo bat dandaka ari duk hiri deika; eta pentsamendu batez lainoak urratuz, erantzun egin diok: "Nire bihotz gaztea taupaka ari duk gauez, Unibertso patxadatsu hau mugiarazteko". Hire eta une honen arteko zubi bat, nondik pasa izan dezaan. Funtsik gabeko karrika bat, bertotik ibil hadin. Errealitate piska bat, berarekin nahi duana egin dezaan... Aska itzak hitz hauek, hi bezain atxilotuak daudenak! Erantzunak bilatu eta galderak bakarrik jasotzea ere! Hiri Handietako kaleetan, jendez beterikoetan, inortxo ere ez topatzea! Tontorrera iritsi eta ahaztu paisaiari begiratzea! Bukatu genian, bai, liburuaren azkeneko orrialdea irakurtzen; zoritxarrez, gainontzeko hirurehun eta berrogeita hamaseiak jadanik ez geneuzkaan gogoratzerik... Egun batean, ordea, burdin artetik begiratu eta intsumiso gaztea topatu genian. Zelda batean zegoan, zapataren lokarriak lotuz. Bakarrik. Eta hatz artetik irristatu ez zaizkigun errealitate bakanetariko bat izan zuan hura. Hasieran, biktimaren aurrean ez ote ginen egongo galdegin geniean geure buruei; segituan, ordea, hainbat garaipenen oihartzunak ez zitzaizkiguan, ba, burura etorri! Garaipen apalak, potxingoetan galduak bezala, aurpegirik nahiz ahotsik gabekoek erdietsiak. Udazkenean orritik eroriko den kaligrafia hau, edota eskutizketa urrun hau... Zer besterik eskaintzen ahal diagun guk! Geure sinpatia, debekuei uko egiteagatik. Eta geure mirespena, esplikazioak eskatzeko ausardia izateagatik. Eta preszientzia hau, batzuetan kafe hondarretan sumatu ohi duguna. MINTZATU ALA EZ MINTZATU Ez zaigu beti ere erraz izaten erabaki bat edo beste hartzea. Gehiengoak dituen iritziekin bat egiten, ordea, ez da zaila; izan ere, gune gatazkatsuei buruz -eta uste baino gehiago dira- benetan pentsatzen duguna, batzuetan ez ote dugun geure golkorako gordetzen da burutik pasa berria zaidan susmoa, eskandalu handia litzatekeena, batez ere kontuan harturik egiari jator heltzea eta gure gizarteak hartzen dituen gezurrak nola edo hala salatzea, idaztea gogoko duenaren zeregin funtsezkoa dela. Zori gaiztoz, kazetaritzaren lege zorrotza izan beharko lukeena, sarritan kazetari zintzo eta jatorrak auziperatzeko baizik ez du balio izaten. Eta ez dut uste kasuak aipatzen hastea merezi duenik, Euskal Herriko gizartea ohituta baitago bidegabekeria jasotzen. Aski dugu oroimen on izatearekin, kontuak nondik nora doazen igartzeko. Jakina denez, gauza askotxo aldatu dira Diktadorea hil zenetik. Nahikorik izan ez ordea, eta horregatik jarraitzen dugu betiko arazoari aurre egiten. Ildo horretatik datorkigu, etorri ere, Pepe Rei kazetariaren kasua. Kazetari bati bere lana egiteagatik kartzela zigorra ezartzea, gertaera penagarria izateaz gain, sustrai sendorik gabeko demokrazia baten adierazgarri ere bada. Azken buruan, zer da kazetariaren lana egiaren muinoraino iristea baizik? Eta egia bakarra dela banio, badakit gezurra besterik ez niokeela. Baina hortxe dugu, izan ere, demokraziaren iritzi aniztasuna, "egia mota guztiei atea beti zabaltzeko prest dagoena". Pepe Reiren kasua, ordea, terrorezko edo barrezko ipuin gisa agertzen zaigu, daukan izaera prepotentea erabat begien bistakoa delako. "Agintarien pentsakera aginduzkoa, goibela, ederki ezagutzera iristen ari gara" iruzkintzen zidan lehengo egunean nire lagun batek. Gure gizartea, itxura modernokoa, askatasun haize batek eraikia omen, berna bat aurrerapenean eta bestea Altamirako haitzuloan, zingira antzu eta sakon batean errotua da, antza denez. Harri eta zur gaude, egia esan; hitzik esan ezinik. Badirudi gauzak isilpean gordetzea biderik ziurrena dela. Badirudi barruko artegatasuna nork bere golkorako ezkutatzea dela onena. Badirudi itsuaren begiaz begiratzea eta mutuaren ahotsaz hitz egitea dela jarrerarik zuhurrena. Oso ondo, jarrai dezagun lo betean. Segi dezagun zaborra estolderietan ezkutatzen. Izan bedi egia laino artean ezkutatzen den ilargia bezalakoa. Mintzatzea zailago ari da bihurtzen, egunotan. Eta idaztea gustuko duenari aurpegia zurbiltzen ari zaio, beldurrak eraginda. Gezurren baratzea zabal eta emankorra da. Zoritxarrez, munduko borondate on guztiak gorabehera, zentsura eta pertsekuzioa ez dira sekula desagertzera iritsiko. Zigorrik gogorrenak, debekurik zentzugabeenak ezartzen zaizkio gehiegi ausartzen denari... Nolanahi ere, ez ote zen izango horrelako egoerekin bukatzeko bideren bat? Agintarien, eta aldi berean, gizartearen gogortze eta goibeltze hori, ezin ote zitekeen zentzatu eta gozatu, eta bide berriak zabaltzeko gogoa erakutsi? Eta batez ere, gure artean, euskaldunon artean alegia, lerrook irakurtzeko gauza diren -eta ez diren- guzti haien artean, lo zorro handian egonda ere, ezin ote zitekeen bat batean esnatu eta, elkarren artetik aldentzen gaituzten oztopoak gaindituz, denok batera gure herri zoragarri eta txiki hau aurrera atera, zatituta, etsaituta eta gorrotoak janda segitu beharrean, eta Euskal Herriaz geratzen zaigun puska hau halabeharrari oparitzetik gelditu? Ez ordea. Etsaitasuneko izpirituaren hatsaldia erabat nagusitu da gutaz, izpiritu horren indarrak gero eta hobeto neurtzen baititu gure ahuleziak eta gure indarrik eza, eta jakinduria horren uztarripean, euskalduna ito eta hilez doa. Koldo Mitxelenaren hitz batzuk ekarri nahi nituzke gogora, hitz oso politak eta iradokorrak baitira: "Elkarrekin jasoko dugu burua, elkarrekin lehiatzeko bihotza badugu; eta elkarrekin lur joko dugu, elkarrekin amildu ondoan, geure irudia besterengan ezagutzeko gauza ez bagara". Bertsotan jarrita, -eta Xenpelarrek barka biezat atrebentzia!-, honela ere adieraziko nuke honaino erabili dudan kontua: Kazetariak ez du errurik izandu, bihotzak dioena idatziz jarri du; bati amorru eman bestea hunkitu, jokatu ez badu hala ez da ba ondradu. MILA ESKER, *** Norbaitek eraso egiten dizunean, jakina da gauza mingarria dela. Baina zure lanbide bereko norbaitek lanbideari berari eraso egiten dionean, gutxieneko begirunea galduz eta hitz iraingarriak erabiliz, bada orduan gutxi litzateke mingarria dela esatea, amorra-tzekoa eta arrabiatzekoa ere bada eta. Eta hori bera gertatu zen 1993ko ***an, *** Aldizkariko *** orrialdean, bertan argitara emandako *** izeneko artikuluaren eskutik. *** egile duen idazki honen lehenengo zutabean jasotzen dira aipatu irainak eta mesprezuzko hitzak, idazleen aurka bidegabekeriaz jaurtikiak. "Idazlea gizarteari koipekeriak egiteko dagoen gizajoa baino ez da [...]". Aizu, ***, balitekeena da zu "koipezale" horietakoa izatea, edota gizarajo bat bezala sentitzea; baina zeu zarena, edota zuk zeure buruaz sentitzen duzuna, besteei leporatzeak eta besteengana proiektatzeak, ordea, koldarkeria, ahulezia eta lotsagabekeria baizik ez ditu zure aldetik erakusten. Mundu osoan lagun asko eta asko ahalegintzen ari gara, zinez eta bihotzez, sinesten dugun lanbidean duintasun bat lortzeko. Eta batzuetan, porrotak eta momentu mingotsak ere ezagutu beharrean gaude. Eta gauzak ongi irteten ez direnean, horra eskubete porrota hil arterainokoa ere iraun dezakeena! Baina zuri bost axola dizu horrek guztiak. Zu ez bazara gauza zinezko idazle gisa jokatzeko, arren: ez idatzi! isil zaitez! ihes egizu eta zoaz ohe azpian ezkutatzera! Baina aldizkari batean zutabe bat betetzeko aukera ematen badizute, erantzun iezaiozu duintasunez zeure eskuetan jarritako aukerari, eta ez egin iruzurrik irakurle, idazle eta zeure Herriari berari horrelako lerdokeriak, hitz gorriak eta pozoinak isurtzen! Nik ez dakit zure maisuak nortzuk diren. Baliteke zuk maisurik ez izatea. Baina nik maite ditut, besteak beste, Conrad, Hoffmann, Céline, Kafka, Nietzsche, Pavese, Bataille, Sabato, Cortazar, Kundera, Thomas Mann, Oscar Wilde, James Joyce, Bradbury, Bukowski, Camus, Pessoa, Faulkner, Nabokov, Lertxundi, Juaristi, Sarrionandia, Saizarbitoria, Edorta Jiménez, Patziku Perurena, Joxe Austin Arrieta, Mikel Lasa, Luis Berrizibeitia, Bernardo Atxaga, Irigoien, Pako Aristi, Gabriel Aresti, Jon Mirande, Koldo Mitxelena, Orixe, Lizardi, Kirikiño, Orixe, Aguirre, Auspoa Bildumako herriko idazle bipilak, Euskal Klasikoak ETA ABAR, ETA ABAR, ETA ABAR!!! Eta zuk ez daukazu eskubiderik nik maite ditudanak iraintzeko! Eta ez daukazu eskubiderik nik urtetan eta urtetan egindako ahalegina kakatuta, pitxaz beterik eta oka eginda uzteko!! Idazleak zibilizazio baten EZINBESTEKO OINARRI direlako. Zuk ezagutzen al duzu, akaso, literaturarik gabeko zibilizaziorik? Ba al dakizu zer gertatzen zaien literaturarik ez duten herriei? Popatik hartzera joaten direla!! Horixe bera, bai! Idazlerik ez duen herriak Historiatik kanporako bidea hartuta izaten du beti. "Kaixo. Egun on". Akojonantea!! Orrialde bat ematen dizute idaz dezazun, jende mordoak jartzen du bere konfidantza zugan, eta zuk nola erantzuten diezu? Eh? "Kaixo. Egun on" batez artikuluari ekinez! Eta begira nola jarraitzen duzun: "Kaixo. Egun on. Badirudi euria egingo duela. Egia esan, gaur ez zait ezer berezirik bururatzen, idazleoi ez baitzaigu normalean ezer berezirik bururatzen". Ja, ja, ja. Zure kasuan oso garbi dago, bai. Ez duzu bi aldiz esan beharrik. Ja, ja, ja. Dena den, aizu: ez baduzu "zer esanik", bada orduan... zer ari zara? zertarako idazten duzu? langabezian gelditu zara edo...? Baina hori ez da dena, ez horixe: "[...], ez baitzaigu ezer berezirik bururatzen. Horrelaxe da, bai. Orain badakizue. Idazteko ez baita beharrezkoa sentikortasun artistikorik." Ez, noski. Eta Brusselako azak dira zure burmuin ustelean dituzun musarik handienak. Notejode! Baina zein idazle mota arraioari buruz ari zara zu? Nik goian jarritakoei buruz ez zara mintzatzen arituko, ezta? Ez didazu esango Oscar Wildek, Hoffmannek, Kafkak ETA ABARREK ETA ABARREK ETA ABARREK sentikortasun artistikorik ez zutenik??!! Ala bai...? "Izan ere, idazleak guri koipea ematea baino ez dauka buruan, hau da, gu lausengatzera dator". Harri eta zur nago. Gu lausengatzera datorrela? Aizu, baina zu zertaz ari zara? Egunkari-idazleei buruz akaso? Eta "hori" zer da? Nik zer ostia dakit, ba, Nabokovek eutanasiari buruz zuen iritzia, adibidez? Eta zer ostia inporta zait niri, "Lolita" edota "Eva o el ardor" irakurtzen ari naizenean, Nabokovek Euskal Herriko independentziari buruz zuen iritzia? Eta berari zer ostia inporta zion Euskal Herriko independentziak edota niri bakarrik dagozkidan kontuek? Nik, liburu baten aurrean nagoenean, liburu horretan gauza asko eta asko bilatzen ditut. Esate baterako, existentziaren zentzua (neurearena behintzat) bilatu eta AURKITU egiten dut liburu batean, hala nola beste "gauzatxo" batzuk ere: besteak mundura nola agertzen diren, zein jarrera, gogoeta etb. dituzten, idazkeraren aldetik zer dakarkidaten, espresio bide berririk aurkitu duten, etb. etb. etb. Gizarajo batengan bilatzen ez ditudan gauzak hain zuzen. Liburu bati gauza asko eta asko eskatzen diot nik, espazioko zulo beltz bat betetzeko adina gauza. Zuk, ordea, badirudi ez duzula ezertxo ere bilatzen, zeure "denborapasa" merke eta probintziano horretan denbora alferrikatzeaz gainera. Idazteagatik hildako idazle guztien izenean, idazteagatik mixerian bizi izandako idazle guztien izenean, euren buruak hildako eta hondatutako idazle guztien izenan, libururik batere argitaratzea lortu ez zuten idazle guztien izenean, jo eta fuego lanean ari diren idazle gazte guztien izenean: mila esker, ***, lokatzaren maila berean gu jartzeagatik. 191: TXORAMENDUARI BURUZ (Axularren mintzoaz) Nola irlako naufragoak, asmakizun eta erremedio ugari bilatu baitu eta aurkitu, egoerako bereiztasunak konpontzeko: hala bakardadeko gizonak ere, zer den zoramendua, eta zoramenduaren ondorea dakienak -zein baita gizarte honetako gaitzik zabalena- bilatu du, eta eman nahiko aholku, eta erremedio, gure gizarteko gaitz hau konpontzeko, zoramenduak eragiten duen etsipena hiltzeko, eta bai sortzetik eta bai zabaltzetik ere begiratzeko. Lehenbiziko bereiztasuna da, nork bere buruaren eta ahaltasunen jabe izatea, hau da, bere gizarteari buruz gogoeta egitea: ea bazter zale den, lagun kontrako den, etsaikor den. Eta baldin hala bada, zaputz bada, lizun bada, adiskide gutxitako bada, alde egin, eta gorde hura topa dezakeen parada guztietatik: aurkeztuko zaizkion azalutsetatik, jende sanoarekin sobera nahastetik, eta bai putetxeetan eta ohoretan ere parte hartzetik. Batzuei, den paradarik txikiena dela eta, gogoa hondatzen zaie: zeren ezkor baitira, makal baitira. Eta are hau da aipatzekoa: gizonaren erroa eta oinarria ametsa da. Eta ametsak behin desiratu dituena, berriro ere sor ditzake. Puntu honen gainean ederki dio Fernando Pessoak "Sí, soñar que soy por ejemplo, simultáneamente, separadamente, inconfusamente, el hombre y la mujer de un paseo que un hombre y una mujer se dan a la orilla de un río". Gizaki flakoari, eta etsita dagoenari, ametsak nekez eragiten dio, baina baikorrari eta indartsuari, amets txiki batek ere bultzatzen du. Zeren hartako prestatua eta moldatua aurkitzen baitu. Hala da bada zoramenduan, eta bakartasunean ere. Ikusiko dugu askotan gauza txarrengatik, arrazoi txikiengatik, lagunak erotzen direla, eta bai suizidioak ere egiten eta gertatzen. Zeren zoramendua ez baitago ez hanbat gizonaren apetan, nola pertsonaren izaeran. Scardanelli deitzen zen hark, bere eromena ezaguturik, ez zuen behin ere, inorekin hitz aspertu bat izan nahi, eta ez -hartako gai izan arren- olerkarien elkarteetan ere sartu nahi (Cuando se nutre el hombre de sí mismo y el porvenir contempla). Txori herabe bat bezala, ikaraz bizi zen; basati eta barnetik jausia zebilen. Eta galde egiten ziotenean ea zeren bizi zen ikaraz edo zergatik barnetik jausten zen: "Barnetik jausten dut zeren ezagutzen baitut neure eromena, ez naizela jendarteko gauza, ez dudala nigan konfidantzarik, eta ez errespeturik, jauskor naizela, zoro naizela, den paradarik tuntunena desirarik itsusiena asmatzeko gai naizela". Horrela, Konstantino Kavafis poeten errege hark ere, egiaztaturik, gorputzeko kontuetan flako zela, lehenbiziko paradan zakila burura igotzen eta nagusitzen zitzaiola "...Deben amarse sobre todo los mórbidos placeres de la corrupción", borondaterik batere ez zuela, flakoegi zela, animalia politikoegia zela: eta bere baitan, boluptuositatea izatera, berehalakoan, lehen okasinoa izanda, errebelatzen zela, eta pizten "encontrar el cuerpo que siente como desea, el que en su morbosidad y desenfreno ofrezca un verdadero goce erótico, desconocido para la normalidad...". Eta gauza bera ere kontatzen du Plutarkok -emagaldutan asko ikasia zenak; Errepublikako Presidente zenak- "si acaso fuesen mias las faltas", eta jende prestuen eta deboten artean, hola, ongi aipatua eta ohoretua izan baitzen. Eta sutsualdi horretatik jalkitzen da Bataille olerkaria, erotiko bat, zeinek berak dioen bezala: "El fundamento social de la baja prostitución es el mismo que el de la moral y del cristianismo. [...] La clase degradada que aspiraba a la elevación de los humildes, a la derrota de los poderosos." Bada gorputza irakitan hasten denean, grina sobera eta gainez darionean, hiru eratara ematen zaio erremedio. Lehenbizikoa, burutik jausiaz; bigarrena, burutik joanez; eta hirugarrena, txoro-txoro eginez. Xhéçrèrvïcêk ere hala dio, behintzat: "La locura carnal es singularmente hermana de la lujuria espiritual: se desarrolla al margen de ella y rebasa su potencialidad. Es a la manera de los locos, una sensual violencia que se reproduce en lo insano y enfermo de la angustia sexual, que trastoca el orden del ser y de las cosas ajenas a él [...]". Frogatu dudanez, sexua da erremediorik onena, burutik jota dagoenak burutik jota jarrai dezan. Zeren lagun txoratiak ez baitira tratatzeko on; sumendiaren pare dira, barruan dute sua, eta nahikoa da ukitzea su ta fuego hasteko. Halatan zioen Berolegiko Josepina Zuloagak ere: "Ene, mutil! Meza entzun, Jauna hartu eta bukatutakoan, Txorategira. Etxando txispas, gainera! Ala, meriendatu ondo ta 'ostatura'. Beroak hartuta hago hi, txoro hori. Ta buruan ez dek gauza bat besterik, buztana non sartuko habil beti eta". Ez dut hitzik gehiago esango, desintoxikazio ordua iritsia baita. EUSKAL LITERATURAZ Azken urteotako ekoizpen literarioa ikaragarria izan da. Hamabost urtetan lau mendetan baino askozaz gehiago idatzi da euskaraz (eta euskara batuaz, gehienbat!). Idatzitako ia dena eman dute argitara. "Kezka literarioak", ordea, euskara standarraren finkapena eta zabalpena zituen helburu. Eta ondorioz edo, liburu ekoizpen izugarri horretatik zerbait azpimarratzekotan, zera nabarmenduko nuke nik: kalitate literario eskasa, edota, behintzat, munduko literaturatik bereiz (baztertze-egoeran, beraz) jarraitzea. Eta kalitate hitzaren haritik, horra hurrengo literatur iraultzari agertzen hasia zaion tankera: kalitatearena. Zein kalitate mota, ordea? "Edukia"ri dagokiona hain zuzen ere. Hobeto adieraziko dut. Orain arte nahikoa zen liburu bat euskaraz idaztea argitara eman zezaten. Eta irakurlearentzat hain zen "miresgarria" gertakari hori, non horrek ase egiten zuen. Suposatutzat, eta baita onartutzat ere, ematen zen euskaraz "guztiz ezinezkoa" zela "Kafka" edo "Cortazar" bat agertzea. "Gerrako irakurketak". Horrela deitzen diot garai honetako irakurketari. "Militantzia" intelektual antzeko zerbait da, non liburuak euskarari eusten laguntzen dutelako irakurtzen diren, baina ez plazer literario betea ematen dutelako. Eta egoera hau hainbat urtez luza badaiteke ere, ez dakarkio, ordea, euskal literaturari benetako konponbiderik, irakurleak beti jakingo baitu "beste hizkuntzetan" badirela plazer literario handiagoa ematen duten liburuak. Horren ondorioz gure hizkuntza, eta honekin batera gure kultura osoa -gaur egun zibilizaziorik ezin baita existitu literatura gabe- deuseztatu egingo litzateke. Esan ote daiteke, beraz, maitasunez, borondate on hutsez edota "helburu praktiko"engatik (hizkuntza/ari ikasi/eustea) irakurtzen dugula euskaraz? Ez dakit... Baina jakin badakit zera: a) kultura bakoitzak bere estetika propioa duela; b) estetikaren muga zeharkatzen duen sentimendu batek bulkaturik ere irakurtzen dugula euskaraz; c) irakurketa bakoitzean identifikazio eta, batez ere, baieztapen kultural bat jasotzen dugula; d) baieztapen horrek dioenez "euskarazko gauza bat" garela, zertxobait zirriborrotsua den denbora jakin bateko irakurleak alegia. Orain arte, euskaraz irakurtze hutsak eman dio plazerra euskaldunari. Eta horrek adieraziko zuen -aurreko parrafoan esandakoarekin batera- zergatik konbinatzen dugun, adibidez, Faulkner-ren liburu baten irakurketa (erdaraz), euskal idazle batenarekin, bien artean dauden distantziak astronomikoak izan arren. Kontu zaharra da, ordea: alderdi formalak batetik, eta eduki-alderdiak bestetik. Liburu batzuetan lehenak dira garaile; eta beste batzuetan, berriz, bigarrenak nagusitzen dira. Hizkuntza normalizatuetako literaturan, aldiz, bien arteko oreka trinkoagoa da. Eta euskal ekoizpenari dagokionez, liburu guzti-guztiek kasik esan daiteke edertasun formalaren ildotik jo dutela. Euskal Literatura Zaharra, adibidez, horregatik existitzen da: aspektu formalek (euskara oparo eta aberatsak) plazerra ematen digutelako. Hala ere, gure literaturaren geroa bermatu nahiko bagenu, gauza bat lortu beharko genuke: alderdi formalen eta eduki-alderdien arteko luze-laburrak gutxitzea, oreka nabarmenago baten alde eginez. Bestela esanda: ongi da gauzak era ederrean esatea, baina "mezuak", edukiak alegia, ere ederrak behar dute izan! Gainera, literatura zaharraren "idazkera ederra" baliteke gaur egungo idazleek nahikoa ongi bereganatuta izatea. "Gizona bere bakardadean", Atxagaren liburua alegia, aipatuko nuke nik aro berri horren aitzindari gisa, liburu horretan azaltzen hasiak baitira euskal literaturak geroan eman ditzakeen fruituak, hots, ageriko koalitate literarioak: primeran harilkaturiko gidoia, pertsonaiak ederki asmatuta, hizkera erabat literarioa, atezua oso-oso ongi eramana lehenengo orritik azkeneraino,... Ohartxo bat: "Gizona bere bakardadean" liburuko euskara badirudi ez dela "Obabakoak"ekoa bezain "ederra". Ez dakit. Beharbada, oraindik ere beldurra ematen digu euskara, txapelaren ordez, gorbata jantzita ikusteak. "Otto Pette" liburuak bere kasa jaso du, ordea, B. Atxagaren ustezko "ahulezia" konpontzearen zeregina, zeren liburu honen euskara baita orain arte nik aurkitu dudan euskararik ederrena gaurko idazleen artean (honelako liburu batekin ia-ia ez dago burua nekatu beharrik literatura zaharrera joaz, A. Lertxundik gugatik, eta gure ordez, egina baitu lan hori). Bi liburu hauen uztartzetik sortuko dira geroko euskal liburuak, munduko literatura liburuekin lehia egiteko gauza izango direnak (idazle jator batek horixe izan behar du-eta helburu: onenen artean egotea -konplexuak kanpora!!-). Gainontzekoa, itzulpengintzak egingo du (euskal literaturaren geroa itzulpenek bermatuko dutela esango banu, ez dut uste oker ibiliko nintzatekeenik). Gauza bat garbi dago: liburu bat "euskaraz idatzita" egotea ez da arrazoi liburu hori argitaratzeko. Liburu bat plazaratzeko, edozein hizkuntzatako edozein idazleri eskatzen zaizkion tasunak eskatu behar zaizkio egileari: irudimena, idazkera literarioa, literatura-bilbe on bat, mezu eta iruzkin bizi eta adimentsuak, egilearen kultura zabal-zabala, sentikortasun artistiko/literarioa; esaldi zorrotz, orijinal eta erakargarriak, eta abar. Gaur egun badago gauza bat benetan barkaezina: euskal liburu bat ezin erdaraz argitaratu... beste hizkuntza batean "horterada" hutsa izango litzatekeelako. Gauza baten jabe izan behar dugu: erdaraz "horteroa" dena, euskaraz ere horrelaxekoa da. Eta kito. Zer gertatzen da, orduan, idazkera dela-eta plazerra sortzen diguten liburuekin? Bada oraingoz, behintzat, ezer txarrik ez. Liburu "oso onak" izan daitezke (atsegin handia ematen digutenez), baina baita beste hizkuntza batzuetara itzuliezinak ere (noiz arte, hala ere, iraun dezake egoera honek?). Hau da, liburu baten indarra idazkeraren edertasun formalean badatza, oso zaila izango da liburu hori beste hizkuntza batera itzultzea. Poesiarekin bezalaxe, alegia. Edota "itzuliezinak" diren hitz-jokoekin bezala (liburu oso bat hitz-jokoa bezalakoa izan daitekeelako, behintzat itzulpenari dagokionez -geroari begira, seinale txarra izan arren-). Dena den, har dezagun gogoan goian esandakoa: alderdi formalen eta eduki-alderdien arteko luze-laburrak gutxitu egin behar dira, biak orekatuagoak izan daitezen. SU-ARMAK IZATEKO ESKUBIDEA Su-armak izateari funtsezko eskubidea deritzot. Azken finean, batzuek zergatik izan ditzakete armak eta beste batzuek ez? Norbaitek esango dit: "Inork ez luke armarik izan behar". Konforme. Armarik ez balu inork izango, nik orduan ere ez. Eta mundu honetan askozaz hobeto biziko ginateke. Baina kontua da batzuek badituztela su-armak. Beraz, zergatik ezin dezaket nik legez, adibidez, pistola bat eduki neure etxean, edota edozein momentutan arma bat denda batean erosi? Ez naiz kalibre handiko armei buruz ari, kalibre txikikoei buruz baizik. Ez al dut eskubiderik neronen bizitza eta nitarrena defendatzeko, une hori iritsiko balitz? Zer gertatuko litzateke, esaterako, gizaki armadun batek bere burua galduko balu eta bere armaz ni hiltzen saiatuko balitz? Bada hil egingo nindukeela. Eta ez nuke inongo posibilitaterik izango neure burua defendatzeko, legeak su-armak eramateko eskubidea ukatzen didalako. Horrela bermatzen al dute berdintasun eskubidea, hau da, batzuk armatuz eta beste batzuk desarmatuz (hiritar gisa esan nahi dut, inongo konnotazio politikorik gabe, noski)? Eta zergatik ez borrokatu inor armaturik joan ez dadin? Horrek zentzuzkoa dirudi, bai. Baina ni ez naiz inozoa. Eta badakit ezinezkoa dela. Beraz, bederatzigarrenekoak pistola bat baldin badu bere etxean, zergatik ezingo dut nik beste bat eduki neurean? Demagun egun batean nire auzokoak ere burutik jauzten duela eta ni hiltzen saiatzen dela nire aurpegia gustatzen ez zaiolako edota goizean "egun-on" esan ez diodalako. Demagun bera, esaterako, lanbidez militar, polizia, zaindari juratu, ehiztari edo gaizkilea dela. Arma atera, ni enkainonatu eta hil egiten nau. Eta ez nuke inongo posibilitaterik izango neure burua defendatzeko, legeak su-armak eramateko eskubidea besteari ematen diolako, niri ukatzen didan bitartean. Erabat harrigarria da zuzenbidezko estatu batean horrelakorik gertatzea. Legeak zera esango balit bezala da: "Hi bigarren mailako hiritarra haiz. Beraz, tu egiten diat aurpegira, mesprezatu egiten haut. Eta nahi dudan bezala jokatuko diat hirekin, zeren ez hagoen armaturik, eta beraz ez nauk hire beldur". Eta ez zait zuzen iruditzen, bat ere ez. Baina adibide gehiago ere jar daitezke. Pentsa auzi bat izan dudala eta Justiziak nire aurkako epaia eman duela. Pentsa arrazoia nirea dela, hots, Justizia tronpatu dela (zeren Justizia ere tronpatzen baita batzuetan). Zer egin behar dut? Nire etsaia labanaz edota eskuez ito? Ze zikinkeria! Askozaz garbiago eta azkarrago eta gizatiarrago irudituko litzaidake su-armaren batez baliatzea nire ekintza hori ahalik eta modurik txukunenean burutzeko. Justiziak gainera ezin ditu gizakiaren zoko-moko guztiak ezagutu. Beraz, zenbait kasutan batek bakar-bakarrik egin diezaioke justizia bere buruari. Beste adibide bat jartzeko. Emazteak etxerik gabe, soldatarik gabe eta seme-alabarik gabe utzi zaitu, Justizia lagun. Baina zuri egindako lapurreta bere amorantearekin champagnez ospatzen ari denean, zu etxean sartu (atea tiro batez lurrera botaz, noski) eta biak tiro banaz hil egiten dituzu. Ongi da, ezta? Edo pentsa une batez zure senarra etxean sartu dela, beti bezala mozkor-mozkor eginda. Eta hortxe hasi da zure seme-alabak jotzen eta bortxatzen eta zuri ere jipoi izugarria ematen, beti bezala. Orduan zuk aurreko egunean beheko dendan erositako pistola atera eta kargadorea hutsi diozu barrabiletan. Ongi da, ezta? Beste adibide bat. Norbaitek iraindu zaitu eta barrutik izugarri minduta zaude. Irainaren arrazoia baliteke Justiziarentzat funtsik gabea izatea, eta horren ondorioz, ez daukazu legez ordaina bihurtzerik. Bestalde, zure etsaiaren indarra zurea baino handiagoa bada, bera eskuez hiltzerik ere ez duzu izango. Beraz, iraina garbitzeko biderik onena su-armaren batez baliatzea izango litzateke. Horrela, ordaina behar bezala bihurtzeko aukera izango zenuke-eta. Norbaitek beharbada galdegingo dit ea ez dudan Justizian sinesten. Nik, noski, baietz erantzungo diot (ez dut arazorik nahi eta). Hala ere... Ez dakit baina... Baliteke ni soberan mesfidati izatea... Agian nire sudurrak oso finak direlako eta kaka usaina berehala sumatzen dudalako... Ez dakit... Baina horrek ez du garrantzi handiegirik, erantzun batek beste galdera bati bide ematen baitio. Eta horrela, arrautzara iritsi arte. Nik pistola bat izateko eskubidea aldarrikatu nahi nuke soil-soilik. Eskubidea izanda, baliteke armarik ez erostea. Baina edozein momentutan dendan bat eskura dezakedala jakingo banu, benetan lasaigarria gertatuko litzaidake. Zeren hemen ba baitirudi burutik oinetara armaturik dagoen tipo batek zera esaten didala: "Hi eta biok berdinak gaituk", "Benetan diok?" erantzuten diot nik, eta berak "Hitz egidak zukan". Nire ustez, gauzak munduan hain gaizki badoaz, hori da arma gutxi daudelako. Edo hobeto esan, batzuek arma asko dituztelako eta beste batzuek, berriz, bat ere ez. Zeren kontua ez baitatza diru asko ala diru gutxi izatean, baizik eta arma asko ala armarik bat ere ez izatean. Hortxe hasten da Zuzenbide Penala eta hortxe bukatzen Zuzenbide Naturala. AURKIBIDEA: Kubako heriotza-zigorrak direla eta 5 Adierazpen askatasuna kinka larrian 7 Ez digute begirunerik batere 11 Torturaren aurka, lagunaren alde 15 Disparo batek zulatutako haurtzaroa 19 Txoriek eta lapurrek migra dezatela 23 "Europa, aparta ezazu kaliza hau nigandik" 27 Helburu zibilak: Gernikatik Muskizeraino 31 Depresioaren kulturatik bitalismoaren kulturara 33 Drogak legezkotu ala ez? 39 Zarata ere kutsadura da 43 Idaztearen plazerra eta atsegina 45 Intsumiso preso bati gutuna 49 Mintzatu ala ez mintzatu 53 Mila esker, *** 57 191: txoramenduari buruz 60 Euskal literaturaz 65 Su-armak izateko eskubidea 69 "Egunkarietakoak" izenpean hainbat iritzi-artikulu agertzen dira, gehien-gehienak Euskaldunon Egunkarian eta Eginen argitaratuak, banaka batzuk argitaragabeak diren arren. Dena den, ni beti saiatzen naiz literatura egiten, baita egunkarirako idazten dudanean ere. Bestela, ez nuke-eta idazteko arrazoirik izango. Xabier Galarreta ?? Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta Egunkarietakoak X. Galarreta