Ernesto Caballero BEGIRATZEAZ ASKI BADUTE... ******************** Egilea: Ernesto Caballero Zuzendaria: Elena Pimenta Aktoreak: Joseba Apaolaza (Errepresentatzailea) Asier Hormaza (Atezaina) Euskarazko testua: Patxo Telleria ("Mundopolis" muntaiaren barruan eskeinia, 1996.ean) Pertsonaiak: R. Diskotekaren gerentea edo errepresentatzailea. P. Atezaina. (Diskoteka baten atarian) R. Hor dago oraindik? P. Bai. R. Zoratuta dago. P. Ez du kalterik egiten. R. Oso itsusia da. Horrelako morroi bat espaloian eserita, itxura horrekin... P. Nahi duzu botatzea? R. Utzi. Ahal baduzu, kalean ez sortu iskanbilarik. Kalean, zenbat eta istilu gutxiago hobe, argi dago? P. Oso argi: kalea denona da inorena ez delako. R. Zer diozu? Kalea geurea da, ez eurena. Musulmandar ipurdi hori jasaten duen espaloi harria zeuk eta neuk ordaindu dugu, geure zergekin. P. Pobreak dira, geure errua al da ba, pobreak izatea? Horixe da arazoa, horixe da azaldu nahi niona: "hara, paisa, etzazula pentsa arrazista zantarra naizela, kontua da hona ezin daitekeela edozein sartu, hemen no money, no passing". R. Kontuz ibili beharra dago jende horrekin. Gutxien uste dugunean kolera ekarriko digute. R. Azkenean jendez gainezka zegoela esan behar izan diot, pakea emateko behingoz; baina berak ez zuen ulertu nahi, eta nik, jakina, gizalegez, jakinarazi nahi nion ezin niola azalpenik eman. Zer esango zenidakeen morroia sartzen uztera? R. Berehala kanporatzeko aginduko nizukeen, ugazabak nirekin haserretu edo bezeroren bat kexatu baino lehen. P. Argi dago. R. Etzazu begi bistatik galdu. P. Aizu... R. Bai? P. Nahiko ondo moldatzen ari naiz, ezta? R. Ez larritu, lankide ona naiz; ezagutuko nauzu lanean irauten baduzu... P. Zer esan nahi duzu? R. Berria zara honetan, nabari zaizu; oraindik ez dakizu zeregin honetan dudan ospea, mundu guztiak maite nau, badakizu zergatik? Lankide ona naizelako, ahal dudan guztietan behar duenari esku ematen diodalako; zuri, adibidez, ederra egingo zenuen moro horri sartzen utzi bazenio. P. Pikutara bidali dut, ordea... R. Une hartantxe atetik burua agertu eta keinu egin dizudalako; tira, onarzazu ez zenekiela zer egin... Pentsazazu, ni naizen modukoa ez banintz, tartean sartu ez banintz, morroia sartzen utzita sekulako saltsan sartuko zinen; pentsa zazu bazitekeela nik ez laguntzea; ez zitzaidan ezer gertatuko, atezaina hasiberria da, esango nien, ez da ezertaz enteratzen. P. Eskerrik asko. R. Begira, beste batzu heldu dira; haren herkideak. P. Zer nahi ote dute? R. Barrura sartu. P. Saiatu daitezela. R. Lasai, oraingoz begiratu besterik ez dute egiten. P. Zirikatu nahi gaiuzte. R. Zure lana istilurik ez egotea da. P. Zer esan nahi didazu horrekin? R. Zeuk jakin beharko duzu zer egin... P. Jakina, baina... R. Zer duzu? P. Ez dakidala oso ondo zer egin purtzil horiekin. Aldegiteko esango diet? Poliziari deitu? R. Ez dakizu? P. Beno, nik... R. Jakin beharko zenuke. P. Bakarrik dakit ondo egin nahi dudala, nire lana bete nahi dudala. Esan egin nien esperientziarik ez nuela; nahiago dut gauzak garbi utzi, txostenean ez gezurrik idatzi, oso langilea naizela, besterik ez; gustokoa dut lana, eta behar dut. Ondo istimatu nautela uste dut... Zuk zer uste duzu? R. Gehiago batu dira. P. Nik hala uste dut, bestela ez zidaten esmokina berehala jazten aginduko; ez, ez dute dudarik egin, eta gero, jantzita ikusi nautenean, gustora zeudela somatu dut, eta hori seinale ona da... Izan ere, onartu beharko didazu oso ondo egiten didala, ezta? R. Zer? P. Bai. Fisiko honekin! Dena den, badakit, behin eta berriro esan didate, inportanteena izakera dela, nortasuna, horixe dela frogaldi honetan erakutsi behar dudana... Beno bai, moro horrekin koloka ibili naizela onartzen dut, lehen aldia zen... bai, badakit ez dudala erantzun behar nuen kemenarekin, eta zu agertu ez bazina... Hitz ematen dizut ez dela berriro gertatuko. Benetan ez duzu ikusi nahi nola uxatzen dudan jendaila hori? R. Hobe duzu atea zaindu gabe ez utzi, hori bai hutsegite barkaezina. P. Bai, bai. R. Gainera, berriz ere badiotsut, kaleko istiluak, purtzil horiekin badira ere, ez direla inoiz komeni. Nola edo hala, azkenean euren kakarekin zikintzen zara beti. P. Ondo da, ondo da, baina izorratzen nau nola begiratzen diguten. R. Barrura noa. Koparik nahi? P. Ez dakit ahal dudan... R. Zuk zer uste duzu? P. Ezetz. R. Ondo. P. Horrela da, ezta? R. Zer? P. Atean dagoenak ez duela koparik hartzen. R. Hala izango da... Ni ez naiz atezaina. P. Badakit, badakit... R. Zer duzu? P. Lanpostua behar dut. R. Jakina. P. Eta zuk? R. Nik? P. Zer moduz ari naiz? R. Berriro? P. Sudur fina daukat. Atezainak sudur fina behar du. Berehala konturatu naiz ni aztertzera etorri zarela; ajolarik ez, ulertzen dut egin behar duzula, zure betebehara ni kontrolatzea da eta nirea, horietako inor sar ez dadin kontrolatu. Horixe da ordenan bizitzea. Gustatzen zait. R. Hala da, langile hautaketa nire lanetako bat da. P. Eta nola ikusten nauzu? R. Ondo, baina ia sartu zaizu hori. P. Bai, hutsegite bat. Ez da berriro gertatuko. R. Zigarrilo bat? P. Ez. R. Eta kopa bat? P. Ez. R. Tira, hartu dezakezu... Gauza bat esango dizut, gorputzean zeozer sartu ezean ez dago hau jasango duenik, lur jota geratu eta errendimendua jeisten da. Orain lasai dago baina batzutan hau infernu hutsa da, eta erne egon beharra dago, bost zentzumenak prest, eta erreflejuak, lagun, erreflejuak, hori da inportanteena, erreflejuek huts eginez gero, lehengoa gertatu eta edozein sar daiteke barrura; niri ordea, ez didate hutsegin, ate ondotik pasa eta nire erreflejuek, zas, berehala erreakzionatu dute eta moro hori ez da sartu... Erreflejuak, horixe baietz, sudurrerako hautsak beharko zenituzke zuk... P. Aldean daramazu? R. Gogorik duzu? P. Ez dut beharrik. R. Beno beno, harrokeria gutxiago. Beti gertatzen zaizue gauza bera, esmokina jantzi eta norbait zaretela uste duzue. P. Horretarako dago esmokina. R. Ziztrin horiek errespeta zaitzaten. Eurentzat bakarrik. Ate honetatik sartuta ez zara inor, frogan dagoen kakakume bat, ia hemengo hauek bezalako bat: ezer ez. Hemen errespetatu beharreko ierarkia dago. Argi dago? P. Ez banaiz pertsona egokia, hobe lehenbaitlehen jakitea. R. Inork ez du oraindik ezer esan, eta inseguru jarraitzen duzu. Hori ez da ona. P. Begira, gehiago datoz. R. Baina ze ostia gertatzen da gaur hemen? Hemen no passing, ulertzen? Ospa! Eta zu zer? Zeuk ere ipini behar didazu babalore aurpegi hori? Ez niri horrela begiratu, begiraiezu horiei. Begiraiezu ondo, azpikeriaren bat egin ez dezaten! Azpisugeak dira horiek, azpisugeak... Badakizu? Badakizu zergatik ezin duen barrura sartu jendilaje horrek? Eh? Ba al dakizu, babalore horrek? Tira, erantzun, galdera bat egin dizut eta! P. Galdera bat? R. Bai, tira, tira, zergatik ez zaio sartzen uzten jendaki horri? P. Problemak dakartzatelako. Horregatik, ezta? R. Horregatik, ezta? Horregatik, ezta? Neu naiz galdetzen duena! P. Baieztatu egiten dut: jede horri ez zaio sartzen uzten problemak dakartzatelako. R. Ze problema? P. Ze problema? R. Bai, ze problema. P. Drogak. R. Drogak? P. Bai, horretan dabiltza. Horregatik, ezta? Ea, esaidazu horregatik dela; esaidazu zuzen erantzun dudala. R. (...) Ez da horregatik. P. Ez? R. Ez. P. Orduan? R. Orduan? P. Zergatik debekatu behar diet sartzea? R. Estetikagatik, horregatik besterik gabe, baina ez galdu denborarik azalpenak ematen, ez lukete sekula ulertuko. Gainera, ez dago azalpenik eman beharrik; eta zeuk ere ez baduzu ulertzen, bost ajola. (Etenaldia) P. Gehiago direla dirudi. Adur txarreko piztiak dirudite. R. Beldur diezu? P. Nik? P. Onarzazu, konfidantza falta zaizu; hurbilduko balira ez zenuke jakingo nola aurre egin egoerari. P. Ez da egia, baina gero eta gehiago dagoz... Beltzak ere bai. R. Beltzak? P. Bat... hor... R. Non? P. Hala iruditu zait... Baina ez dut jada ikusten. R. Ziur ikusi duzula? P. Ziur. R. Nolakoa zen? P. Beltza. Beltz arrunt bat, alkondara laranja batekin. Lasai, ni hemen naizelarik, hori ere ez da pasako. R. Ezta pentsatu ere. P. Zer? R. Etzazula izutu, berarekin hitzegin behar dut. P. Norekin? Beltz horrekin? R. Bai. P. Pasatzen utziko diot? R. Ez; ni barruan nagoela baldin badator, esaiozu itxaroteko nire bila zatozen bitartean. P. Ez dizut ulertzen. R. Ez da beharrezkoa. P. Orain atea uzteko diostazu. Oso arraroa da guzti hau! Eta alkondara laranjadun beltz hori... Ah, amua ipini didazu berriz ere; jakina, nik ateondoan uzten dut beltz hori zure bila noan bitartean, orduan beltza, zas!, sartu eta nik larrutik ordainduko nuke... Ez, oraingoan ereflejuak prest eduki ditut. P. Ez izan ergela. Ez nabil txantxetan. Agindu bat da, nahiko denbora galdu dut hemen jada. Berriro badator, badakizu zer egin. P. Beltzaranik ez barruan. Neuk ere badakit estetikaz. Eta gainera, alkondara laranja hortero horrekin! R. Ate madarikatu honen ondoan geratu beharko dut, ba? P. Zoaz, zoaz lasai; badakit zein den nire zeregina. Beltzari kaņa. R. Ez egin graziosoarena. P. Begira horra... ez, ez da bera, baina beltzak dira; hor aurrean. Arabeekin batu dira batzu... R. Hau ez da Afrika! P. Zer egingo dugu? R. Zure zeregina jende hori gehiegi ez hurbiltzea da. P. Bat izan ezik. Zergatik? R. Nire kontua da hori. P. Negozioak? R. Zer esan nahi duzu? P. Berarekin tratutan ari zarela suposatzen dut. R. Etzazu sudurra besteen arazotan sartu. P. Niri ere badagokit. R. Badagokit!Badagokit! Hori da hitzegiteko modua! Aholku bat emango dizut, babalore horri: ez zaitez nirekin pasa, ez zaitez pasa. Zu zeurera. P. Bai, nor bere lanera; zurea estetikarena da eta nirea seguritatearena. Ez naiz uste duzun bezain ergela. Badakit zertan diharduen alkondara laranjadun morroi horrek, mundu guztiak daki. Inguruotako kamellorik fitxatuena da... Ulertzen? Ez da batere komenigarria horrelako batekin tratutan ibiltzea. R. Aizu, zertan zabiltza? Zer dakizu zuk hemen gertatzen denaz? P. Gauza asko. Esatebaterako, orain badakit ziztrin horrekin nahastuta zaudela. Horrela enpresaren izen ona arriskuan ipintzen duzu. Eta hori ez zaie gustatzen. R. Baina zu... P. Gainera, ugazabek ez dute nahi hautsa beste bidetik sartzea. Morroi horrek saltzen dizuna zabor hutsa da. Negozioa izorratzen ari zara. R. Bai ergela izan naizela! P. Erreflejuak. R. Orduan espia lana egiteko esan dizute? P. Beno, zerbait susmatzen zuten. R. Txibato putasemea. Etzazula... P. Denoi gustatzen zaigu lana ondo betetzea... Zelata ondo prestatzeko jakin egin behar duzu noiz ari diren zure zelatan. R. Horko horiek, horiek... laster saldoka sartuko dira. Enpresa horretaz arduratu beharko zen. Hori bai dela arazoa. Zer ardura zaio enpresari nik egiten dudana? Ni... ni ez naiz ezer... nik... ahal dudana egiten dut... Lankide ona naiz, esaiezu hori... Euren negozioa garbi dago, tira sinestu egidazu, esan ahal diezu hain zuzen sapazikin hori ikusi nahi nuela esateko ez nuela nahi bere mustur beltz hori hemendik berriro agertzerik... Bukatu da business-a, brother... out, out of here... no more business whith you... P. Esan egingo diet zure asmoa zein zen. R. Zeure begiekin ikusi duzula sinestarazi behar diezu. Nik ez nekien nire zelatan ari zinenik, beltz hura popatik hartzera nola bidali dudan ikusi duzu, besterik ez. Asko kostatu zait hemen norbait izatea.... Ulertzen duzu esan nahi dudana? P. Horixe baietz. R. Esku emango didazu? Eh? Esaidazu egingo duzula. P. Nola ez, lankideak gara. R. Batzutan mingaina arinegia daukat. Horrelakoa da nire lana... Horrelakoa da... P. Sar zaitez barrura. R. Honantz dator, bere alkondara higuingarri horrekin. P. Ea, sartu! R. Zer egin behar duzu? P. Zoaz. R. Ulertu dut... Emaiozu orraztu eder bat, beltzari kaņa. Baina... eta guzti horiek? P. Begira dezatela. Begiratzeaz aski badute...