Dario Fo Pistolaren Begi Zuri-Beltzak ****************** (Aveva due pistole con gli occhi bianchi e neri Dario Fo, 1960 Itzulpen lana Jon Aurre, 1984) Maskarada Antzerki Taldea Testuak (Hasierako orria) Antzezpena: Maskarada antzerki taldea, 1984 Egilea: Dario Fo Karlos Panera Mendieta "Carletti" Medikua, Brigada, Angelo, Abokatua, Antonio apaiza ZuzendaritzaItzulpena: Jon Aurre Imanol Agirre Etxebarria "Maholo" Furriela, KaxkagorriAtrezzoa Mikel Martinez Etxarri "Super ipotxa" Doktorea, Pinin, susmagarria, Emakume-polizia. Testo moldaketak Peio Gutierrez Salcedo "Bladimiro" Ospitalezaina, Komisarioa, Karburo. Eskenografia Aitor Mazo "Piperrak" Mediku-Buruzagia, Luiggi, Polizia, Ruletti. Argiak: Iñigo Garai Jostuna: Ana Gutierrez Patxo Telleria "Kilito" Giovanni, Amnesikoa. Marta Carlos Garpalsero "Labellaeaso" Angela Aizpea Goenaga Mendiola "Potti" Luisa Gestioa: Marian Arruti «PISTOLAREN BEGI ZURI-BELTZAK» Dario Foren lehen garaiko lanetariko bat da. Lan honen lehen antzezpena 1960an egin zen. Argudioa benetako gertakizun batzuetan oinarritzen da: oroimena galdua daukan Collegnoko pertsona baten joan-etorrietan eta Pollastro izeneko bidelapurraren gorabeheretan, hain zuzen ere. Izan ere, Giovanni Galina ezizena bidelapur baten benetako izenari dagokion aipamen argi bat da. Lan hau Amerikar Komedia Beltzaren ildotik doa; halaber, Bertol Brechten "Mackie Messer" obrako bidelapurraren eragina ere antzeman genezake antzezlan honetan. Jatorrizko bertsioaren lehen eszenetan zoroetxe bateko mediku eta erizainak kantuka ari dira, satira kutsua mantentzen delarik; bertan konstituzioaren lehen atalburuaren aldaketa eskatzen da, Estatuaren oinarritzat «lana eta lapurreta» proposatuz, uste baita Estatuak berak izateko duen arrazoi nagusia horixe dela, hots, lapurreta. Horregatik, garaian garaiko botere politikoak hainbat aldiz zentsuratu izan du antzezlan honen zenbait eszena. Bestalde, istorio honen ardatza pertsonaia bikoitza dugu. Bikoiztasun horrek (bata azkarra, bestea xinplea; bata bidelapurra, bestea ondradua...) gaia garatzeko modu manikeista eta moralista irudi luke. Baina, ez da hau Dario Foren jokabidea. Pirandeliar zalantzaz baliatuz, obra garatuz doan neurrian, gero eta zailagoa da zein den zein, nor den nor argi eta garbi jakitea. Antzezlanaren amaierarako, egileak hala nahita, denak, bai bidelapurrak, bai poliziak, sudur luzez mozorrotuta, ezagutezinak egingo zaizkio ikusleari. Giovanni Galina... ...eta amnesikoa LEHENENGO ESKENA Ospitale psikiatrikoa. BIGARREN ESKENA Luisaren eta auzoko baten etxeak. HIRUGARREN ESKENA Club 69. LAUGARREN ESKENA Ileapaindegia. BOSGARREN ESKENA Komisaldegia. Testuak (Hasierako orria) *************** LEHENENGO ESKENA Ospitale psikiatrikoa Eskenak estilo zaharreko ospitale psikiatriko bateko pabilioi baten barrualdea agertzen du. Bertan hiru pertsonaia daude: mediku bat, pendulu batez gaiso sotanadun bat hipnotizatzen ari dena eta medikuari laguntzen dion erizain bat. (Bat-batean beste mediku bat -Doktorea- sartzen da.) Doktorea.- Egunon, Pitzeti! Medikua.- Egunon, Doktore jauna! Doktorea.- Tira ba, has gaitezen. Hau al da lehenengo kasua? Medikua.- Bai, Doktore jauna. Amnesia kasu oso argi bat. Doktorea.- Ikusteko moduan al dago? Medikua.- Bai, Doktorea, hipnotizaturik dago. (Bien bitartean, beste mediku bat sartzen da, militarra berau.) Doktorea.- Ederto, irakur itzazu datuak. Erizaina.- Hementxe daude: "Logika gabeko erreflexu kondizionatuak. Zero koefizientea elkartutako eskalako erreflexuetan. Ikerketa psikografiko eta psikodinamikoen ondorioak: gutxiegi." Medikua.- (Mediku militarra -Buruzagi Medikua- aurreko aldera pasatzen da.) Berba gutxitan: amnesia orokorra. Buruzagia.- Berba gutxiagotan: desertorea! Medikua, Doktorea, erizaina.- Desertorea? Buruzagia.- Bai, armadatik ihes egitearren amnesia plantak egiten dituen desertorea. Neurekin eramango dut epaitu eta fusilatua izan dadin. (Sasiapaiza fusilamendu hitza entzutean belauniko jausten da eta tiro hotsean hasten da batera eta bestera. Eskubonbak ere botatzen ditu. Harriturik geratzen dira guztiak.) Doktorea.- Kontuz! Esan dugun zerbaitek erreakzio animikoren bat sortarazi dio. Bere gogoeten katea apurtzen ez badugu, gauza asko aurki genezake. Medikua.- (Erizainari.) Apunta ezazu! Biolentzia gustatzen zaio. (Sasiapaiza izutu egiten da.) Doktorea.- Ez, ez hainbeste. (Sasiapaizak zer edo zer hartzen du lurretik, usaindu egiten du eta, sagar bat balitz legez, ahokada bat kentzen dio.) Doktorea.- Fruta jatea gustatzen zaio. (Murtxikatu ondoren bota egiten du nazkaz.) Medikua.- Ez hainbeste. (Beste sagar imajinario bat hartzen du eta, habitoaren mangan igurtziz, garbitu egiten du. Igurzketa honek hazkura ematen dio. Gero eta hazkura handiagoa dauka, zein eta arkakusoz beterik balego bezala.) Doktorea.- Hazkura al dauka? Arkakusoak beharbada! (Lore imajinario bat usaintzen du.) Medikua.- Ez, lore bat da. (Lorea buruzagiari eskaintzen dio eta gero erizainari.) Doktorea.- (Erizainari.) Zu, zu gustatzen zatzaizkio. (Sasiapaiza erizaina besarkatzera doa, baina egin baino lehenago damutu egiten da eta belauniko erortzen da.) Doktorea eta Medikua .- (Erizainari.) Ez hainbeste. (Apaiza jezarri egiten da eta gidariarena egiten hasten da.) Medikua.- Zer egiten du orain? Tranbian ote doa? Doktorea.- Arin! Jarrai diezaiogun martxari. Igo zaitezte guztiok tranbiara. (Irudimenezko tranbia bateko bidaiariak diren planta egiten dute guztiek: berehalako galga emateak, bat-bateko martxan jartzeak, igo eta jaitsi egiten den jendea, etab. Azken galga ematean irudimenezko tranbia horretatik guztiak ateratzen dira burrunban, eta barrez hasten dira. Amnesikoa ere bai, bakarrik gelditu arte. Buruzagia, haserre, aldendu egiten da.) Buruzagia.- Nahikoa da jaunak! Hau onartezina da. Beharbada ahaztu egin duzue hemen dagoen hau Gerra Ministeritzak bidali duela, eta ez pailazoarena egiteko, baizik eta zuen lana gainbegiratzeko. Doktorea.- (Haserre.) Barka iezaguzu, buruzagi jauna, baina pailazoarena egiteak, zuk diozun moduan, askotarako balio izan digu. Argi geratu da zein den gizajo honen lanbidea: tranbia gidaria..., apaiza ez bada; eta kasu bietan, zure desertorea delako tesi horrek ez luke indarrik, ze, denok dakigun legez, bi lanbide horiek soldaduzkatik libre baitaude. Buruzagia.- Tranbia gidaria edo apaiza, ezta? Ja! Benetan barregarria! Berehala izango dugu hau guztiau argitzeko aukera. (Ate aldera doa eta dei egiten du.) Luisa anderea! (Emakume bat agertzen da.) Luisa.- Non demontre dago nire Giovanni? Buruzagia.- (Ironiaz.) Gure apaizaren emaztea. (Luisak Giovanni ikusten du eta berarengana hurbiltzen da.) Luisa.- Giovanni! Azkenean ere aurkitu haut. Giovanni, neu nauk, heure Luisa! Baina zer gertatzen zaik? Lo al hago? (Astindu egiten du.) Medikua.- Anderea, anderea, mesedez, ez iezaiozu oihurik egin, ez ezazu astindu, hipnotizaturik dago eta. Luisa.- Hipnotizaturik? Doktorea.- Bai anderea, geroxeago hitz egingo duzu berarekin; orain zure laguntza behar dugu. (Luisa eserarazi egiten du Doktoreak.) Orduan..., gizon hau... ez da apaiza? Luisa.- Apaiza nire Giovanni?..., eta ni sotana altxatzen diodan monagiloa. Doktorea.- Eta bere lanbidea? Tranbia gidaria al da? Luisa.- Ez horixe! Buruzagia.- Tira anderea, esaiezu niri esan didazuna. Luisa.- (Harro-harro.) Bai. Nire Giovanni soldadua da. Beno, ez!... zera esan nahi dut: kartzelatik ateratzeagatik legionario sartu zela. (Pozik buruzagia eta kezkaturik medikua.) Luisa.- A! Begira, hementxe dut bere argazki bat. Uniformatuta dago, eta koartel aurrean ateratakoa da, hain zuzen ere. Medikua.- (Argazkia hartuz.) Bera da, izan ere! Eta atzeko aldean batailoiaren helbidea dakar. (Atzerantza doa eta gelatik irten egiten da.) Doktorea.- (Luisari.) Orduan..., zure senarra kartzelan egon zen. Zer dela eta izan zituen justiziarekin arazoak? Luisa.- Beno, ba..., egia esan..., beti izan da inoren poltsa eta poltsikozale amorratua. Doktorea.- A!... Ulertzen dut. Orduan, zure Giovannik... txorizoarena egiten zuen, hau da... Luisa.- Bai, kartera bilketa. Doktorea.- Hau da, karteristarena. Buruzagia.- Horrexeri bai deitzen zaiola karrera: karterista, desertorea eta, amaitzeko, komeriantea. Ikertzen jarraitu nahi al duzu Doktore jauna, edota akta luzatzeko garaia heldu dela uste duzu? Doktorea.- Bai, badirudi arrazoia duzula, baina... (Ahopeka.) utz iezadazu azkeneko froga bat egiten. Gera daitezela biak berton. Gu beste gela horretara joango gara eta, horrela, entzun egingo dugu zertan ari diren ezkututik. Buruzagia.- Ondo dago, azkeneko froga. Gero neurekin eramango dut epaitu eta fusila dezaten. Doktorea.- (Luisari.) Anderea..., zeure senarrarekin gera zaitezke. Baina lasai egoteko erregutzen dizut. Ez ezazu jipoitu lehen egin duzun bezala. Apurtxo bat eraginda dago, burua apur bat joanda. Hau da..., hitz egin ezazu berarekin zein eta etxean bazeunde bezala..., emeki-emeki. Ordu erdi batez edo uzten dizut. Pozik al zaude? Luisa.- (Doktorea besarkatuz.) O! Bai! Mila esker! Oso ona zara, sekulan ere ez dut ahaztuko nigatik egin duzuna! Doktorea.- (Enbarazutik anderea baztertzen saiatuz.) Anderea, mesedez, lasai egoteko esan dizut. Prest al zaude? Luisa.- Bai, bai. (Doktoreak apaiza deshipnotizatu egiten du atzamarrekin hots eginez, eta badoa, Giovanni apaiza eta Luisa, biak bakarrik utziz. Hauok jezarrita daude, aurrera begira, publikoari, eta elkarrengandik urruti samar.) Luisa.- Ola! Giovanni.- (Harridura une baten ondoren.) Kaixo! Luisa.- Barregura ematen duk horrela jantzita ikusita. Ezagutuko ez bahindut, benetako apaiza haizela esango nikek. Giovanni.- Ez baninduzu ezagutuko? Zergatik? Ezagutzen nauzu, ala? Luisa.- Baina, baina... zertara dator orain "zuka" zuzentze hori. Lasai! Hemen ez gaitik inortxok ere somatuko eta, ez duk zertan zoroarena egin behar... Ene Jaungiko Jauna! Zein tentela naizen! Oraintxe ulertzen diat zergatik egiten huen ezezagunarena. Postura egingo nikek fronteko roilo hori moztu duala, eta ni hemen dena hondatzen! Neure burua astinduko nikek! O, Neure-neure Giovanni..., hauxe bai ez didakala barkatuko! Giovanni.- Giovanni deitzen al naiz? Luisa.- Zer? Giovanni.- Ea nire izena Giovanni den galdetzen dut... eta deitura, zein da? Luisa.- Baina gizona, alferrik duk azpikeria horiekin jarraitzea. Horiek joan dituk. Giovanni.- Benetan esaten dizut hau ez dela inongo azpikeria. Ez naiz ezertaz ere gogoratzen..., ez eta zutaz ere..., ez baitakit nola ahaztu zaitudan! Luisa.- Baina zein arraro ari haizen Giovanni ! Ez zirudik frontetik hatorrenik. Giovanni.- Frontetik? Jarraitzea erregutzen dizut. Esadazu nor naizen..., nondik natorren. Hemen barruan nagoenetik izugarria da buruan daramadan hutsunea. Zenbat urte ditut? Luisa.- Baina egia al duk ezertaz ere gogoratzen ez haizena? Ez haiz ibiliko gero niri ere adarra jotzen, ezta? Orduan, salba gaituk! Ezin izango ditek esan desertorea haizenik. Baina nola gertatu zaik? Apaiz janzte hori nola hala ulertuko nikek, baina gainerakoa... Giovanni.- Nola uler zenezakeela? Ezer badakizu, esadazu. Luisa.- Bai, baina ez hakit gehiago "zuka" zuzendu; dagoeneko neuk ere ezezagun baten aurrean nagoela uste diat eta. Giovanni.- Saiatuko naun ba! Orduan, zer da, barkatu, "zer dun" jantziarena? Luisa.- Ba, bai; azkenengoz idatzi hidanean, hilabete edo izango duk, kontatzen hidan nola, uniformea hain zikin eta hatsituta izanik, trintxeran ere ez hindutela nahi. Beraz, biltegira jaitsi behar izan huen, sakristi ohira, eta bertan erabiltzeko modukoak sotanak eta meza jantziak baino ez hituen. Ez duk behar irudimen handiegirik maskara hori nondik datorren jakiteko. Giovanni.- Bai, bai..., egia da; ez da behar irudimenik. Luisa.- Badakik zer esaten diadan? Azken batean gustatu egiten zaidala hire oroimen galtze hori. Giovanni- Zergatik? Luisa.- Honela, berriz hastea bezalakoa izango delako, sekula elkar ezagutu ez bagenu bezala. Gehiago oraindik, neu ere zuka zuzenduko natzaik eta honela benetakoagoa irudituko zaidak. (Hunkituta.) Arratsaldeon! 0! Egia esan, oraindik ez didak esan..., barkatu, oraindik ez didazu esan zer iritzi duzun nitaz..., zure gustukoa naizen... Giovanni.- (Lotsati.) Benetan ere oso gustukoa. Eta ni zuretzat? (Soslaiz jarrita.) Luisa.- (Ezin pozago.) Bai horixe! Zu ere benetan gustukoa zaitut. (Besarkatuz.)(Atzealdetik Doktorea eta buruzagia sartzen dira.) Doktorea.- Anderea, konturatu gabe, salbatu egin duzu zeure Giovanni. Zorionak! Luisa.- Eskerrik asko, baina ez dut ezer ulertzen. Doktorea.- Barkatu behar diguzu, baina zuon elkarrizketa hori hitzez hitz jarraitu dugu: benetan egia zein zen jakiteko bide bakarra genuen. Zeure portaera Giovanni jaunarenarekin batera... eta karta haren mamia zein zen agertzean... Buruzagia.- Nik, karta edo ez karta, ez direla bere borondate onaren froga nahikoa diot. Nork esaten dit niri, espiatu egiten genituela konturatzean, batak amnesikoarena eta besteak astaeme maiteminduarena egin ez zutenik?. Medikua.- (Une horretanxe sartuz.) Neuk esaten dizut. Buruzagia.- Zer da esaten didazuna? Medikua.- Oker zabiltzala jaun-andere hauon zintzotasuna duda-mudatan jartzen. Argazkiaren atzeko aldean berari dagokion batailoiaren helbidea dator. Eta benetan ere erraza egin zait egia den ala ez jakitea bertako agintariei telefonoa jota. Hemen duzu (Orrialde bat irakurriaz.) Goizeko hamaikak. Piareko frontea, 1918ko otsailaren 2a. Giovanni Galina sarjentua duela hiru egunetik hona aurkitzen da baimenaz, eta, bertan aditzera ematen denez, beste hamabi egunerako ere badu. Konpainiako ofizialak berak baieztu dit hau guztiau. (Medikua eta buruzagia joan egiten dira.) Doktorea.- (Barrez.) Hau bai hau badela baieztapena! (Luisa eta Giovanniri zuzenduz.) Asko pozten naiz, baina batez ere zeuongatik, begiko zaituztet eta. Baina, agindu egin behar didazu berriz ez duzula txorizoarena egingo! Giovanni.- Barka, zer egin behar dudala? Doktorea.- Bai, benetan ere amnesia orokorra du. (Luisari.) Dena dela, ez dut uste hain grabea denik. Zaude lasai, anderea. Erraz bihurtuko da bere onera, atsedenaldi baten ondoren. (Ohe jantzi bat emanez.) Eraman ezazu etxera, sendatzeko modurik onena zeurekin egotea izango da eta. Egunero pare bat ordurako ekarri behar didazu hona eta, gainerantzean, zeurea da dena. Luisa.- Eraman dezaket ja? Doktorea.- Noski baietz, eta denboraldi luzean izan beharko duzulakoan nago, ze baldintza hauetan ez dut uste heroiarena egiteko moduan aurkituko denik. Luisa.- Benetan ere miresgarria! Mila esker! (Luisak Giovanni hartzen du eta aterantz eramaten du. Giovanni ez dago batere konforme.) Giovanni.- Baina Doktore... Doktorea.- Zoaz, zoaz zure emaztearekin. Giovanni.- Baina... ez baitut ezagutzen. Luisa.- Goazen maitea! (Joan egiten dira.) Iluntasuna BIGARREN ESKENA Luisaren eta auzoko baten etxeak Erdian eskailera batzuk jaitsiaz, erraz heltzeko moduko kalexka bat. Ilun dago. Luisa eta Giovanni eskilarak jaisten ari dira. Giovanni zuriz jantzita doa. Begi-bistan dagoenez, ospitaleko ohe jantzia da aldean daramana. 1. Ekitaldia (Kalean.) Giovanni.- Hemen al da? Luisa.- Bai, beheko etxebizitzan. Ez ezak zaratarik atera. Giovanni.- Lo al dago, ba, norbait? Luisa.- Ez, baina auzoengatik da. Hire etorreraz ohartzen badituk estu eta larri ibiliko haiz inor ere ez ezagutzean... Badakik nolakoa den jendea..., galdera hemendik eta galdera handik, josi egingo haute: "Baina zergatik janzten haiz horrela?"; "A... zoroen jantzia duk"... (Poltsikoan zerbait bilatzen ari da.) Non deabru gorde ote diat giltza?. (Ate aurrean daude.) Eta, gainera, neuretzat baino ez haut nahi. Ez diat nahi bestetan gertatu dena gertatzerik: hire lagun zaharrak etortzen zaizkianean hor hoa gau eta egun berriz ez ikusteko. (Poltsan giltza bilatzeari ekiten dio.) Giovanni.- Beraz, senar bezala ez naizela beste mundukorik ematen dit buruak. Luisa.- Hementxe zagok! (Atea zabaltzera doa.) Giovanni.- Ze, txarto ulertzen ez badut, gu ezkonduta gaude, ezta? Luisa.- Bai horixe! Ezkondu baino ezkonduago, gaur bertan ezkondu gaituk eta. Giovanni.- Ez, ezin liteke izan! Berriz ere ahaztu dut! Luisa.- Hago lasai, zera esan nahi diat, gaur ezkondu bagina bezala dela... eta hauxe gure lehen diadekanpo eguna. (Besarkatzera doaz. Alboko etxebizitzan argia pizten da.) Emakume ahotsa.- Nor da? Luisa.- (Aterik zabaldu ezinik.) Sarraila madarikatua! Agudo, ezkuta hadi! Giovanni.- Non? Luisa.- Ez zekiat, hor nonbait. Ze honek ikusten bahau, bihar auzategi guztiak jakingo dik. Emakume ahotsa.- Ba al da inor hor? Luisa.- Agudo! Ezkuta hadi! (Giovannik bere burua ezkutatzen doa. Alboko etxebizitzatik andere bat irteten da.) Luisa.- Neu naiz, Angela anderea. Ez zaitez ikara. Angela.- A! Luisa anderea, azkenean ere itzuli zara. (Etxe barrurantz hitz eginez.) Luiggi! Galina anderea itzuli da. Zatoz agurtzera! (Berriz ere Luisari.) Eta nola zabiltza? Luisa.- (Giovanniri.) Gizona, ezkuta hadi! Angela.- Nola zabiltzan galdetu, eta "Kuta" zabiltzala? Luisa.- Ez, ez... Burua pixka bat... ukituta daukadala, kolpe gogor bat hartu dut eta.. Angela.- Kolpe bat buruan? Klaro! Horrexegatik ikusi zaitut gaur goizean zoroetxe inguruetan. Gizajoa! Baina atsedenalditxo baten ondoren ikusiko duzu nola... (Barrurantz.) Luiggi, zatoz anderea agurtzen! Luisa.- Ez, mesedez. Ez ezazu molesta. Angela.- (Barrurantz oraindik.) Andere koitadua! Kolpea dela eta, zerbait eraginda dabil. (Luisari.) Badakizu..., Kafetxoren bat edo hartzen sartu nahi baduzu... Luisa.- Ez, ez, eskerrik asko. Oso nekaturik nago. Bihar ikusiko zaitut. Angela.- Har ezazu atseden, orduan. Bihar arte! (Atea itxi egiten du. Giovanni azaltzen da.) Luisa.- Ale! Sar hadi! Memela horrek sarrera izorratu ziguk. Heure eskutan sartu nahi nian benetako emazte bat bezala, baina begira..., ikusten duk? (Etxe barrura sartzen dira. Sarrera gelatxo bat eta egongela ikusten dira. Egongelan mahai bat, aulkiak, pertxeroa, etab. daude. Ormetan liburutegi bat eta pistola batzuk eskegita. Ate bi daude gela honetan; bata, etxeko geletara eramaten duena, sarrera gelatxoan dagoena; eta bestea, komunekoa, eskuinaldean dagoena.) Giovanni.- Badakizu, Luisa? Oso pozik nago zurekin ezkontzeaz. (Gela miatzen du. Eskuinetara, orman, liburutegi bat liburuz beteta. Han-hor-hemen zirtzileria enbarazuan, kaxak, mota ezberdinetako aulkiak...) Luisa.- Ni ere bai, Giovanni. Ez zagok ordena gehiegirik baina, nola egun batzutan kanpotik ibili naizen, barkatuko didak, ezta? Oraintxe atonduko diat, gainetik baino ez bada ere, eta jateko zertxobait prestatuko diat. Giovanni.- Eskerrik asko. Oso atsegina da etxe hau. Gureak al dira liburu hauek guztiak? Luisa.- Ez, etxea alokatu digunarenak dira. Giovanni.- Eta irakur al daitezke? Luisa.- Bai, laztana, baina ezagutzen haudanetik ez haut sekula santan liburu bat eskuartean hartzen ikusi, ezta komunera joateko ere. Giovanni.- (Pistolaren bat edo beste eskegita dagoen orma seinalatuz.) Pistola horiek ere etxearen jabearenak al dira? Luisa.- Ez, horiek geureak. Beti izan haiz pistola zale amorratua, eta, dirudienez, izugarrizko punteria omen duk. Giovanni.- Oso ondo. Ez dut irakurtzen, baina konpentsatzeko tiro egiten dut. Benetan esan behar dizut neure buruari usain txarra hartzen ari natzaiola. Luisa.- Niretzako, aldiz, konpentsatzeko, gero eta gustagarriagoa haiz. Giovanni.- Begira, kontu horrekin hasi garenez gero, esazkidazu akats guztiak... bata bestearen ondotik..., ze, bestela, apurka-apurka noa eta zoroetxeko dutxa eskoziarrak baino txarragoa da. Luisa.- Hago lasai, ez dituk asko gehiago, edatea gustatzen zaiala izan ezik. Giovanni.- Asko? Luisa.- Beno, nahikoa. Giovanni.- Ederto! Eta zer gehiago? Luisa.- Noizbehinka adarrak ere jartzen dizkidak. Giovanni.- Ez; hori ez! Luisa.- Bai, hori bai! Are gehiago oraindik, inoiz etxera bertora ere ekarri didak bestea. Giovanni.- Lotsagabe, sasikume madarikatua! Nazka ematen dit neure buruak ere. Baina hitz ematen dizut aldatuko naizela. POUMMM!!!(Giovannik esku artean darabilen pistolak tiro egiten du.) Luisa.- Baina zer egiten duk? Zoratu egin al haiz? Giovanni.- Nik...eee, barka iezadazu. Ez nekien kargatuta zegoenik. Luisa.- Noski kargatuta zegoena! Horixe duk hire burutazioetako bat: beti dituk pistolak kargatuta eta tiro egiteko prest. Baina horri erraz antzematen zaiok. Ez ezak esan, orain, pistolak nola erabiltzen diren ere ez dakianik. Giovanni.- Ba, egia esateko, ez. Luisa.- Ba, orduan, hobe uzten baduk zegoen tokian eta ez baduk ukitzen zentzua itzuli arte; bestela, heure buruari tiroren bat ematen badiok, orduan bai orduan zuzpertuko haizela. Giovanni.- Bai, arrazoia duzu. Nolako ohitura arriskutsuak ditudan! (Kalean.) Luiggi.- (Alboko etxebizitzatik.) Angela, utziozu bakean, honezkero oheratuta egongo da eta. Angela.- (Bere etxetik irten ondoren, Luisaren ate aurrean aurkitzen delarik.) Ziur nago tiro hotsa entzun dudana. Eta, gainera, begira, argia ere piztuta dago. Luiggi.- Eta zuri zer dizu, ba?, zeuk ordaintzen diezu argia, ala? Angela.- Eta deskuiduan bere burua hil badu? Ez dakizu zertarako den kapaz zoro bat? Anderea! Anderea! (Ate joka.) Neure Jaungoiko Jauna! Ez du erantzuten. Dei itzazu, mesedez, suhiltzaileak; datozela atea botatzera. A! Ez! Nik neure kontzientzia garbi izan nahi dut. (Luisaren etxean.) Luisa.- (Giovanniri gelatik atera dadin keinu eginez, atea zabaltzen du.) Nor da? (Angela Luisaren etxera sartzen da.) Angela.- A! Luisa anderea, eskerrak bizirik zaudena! Oso arduratuta geunden; tiro hotsa entzun dugu, eta zerbait gerta zitekeela pentsatu dugu! Luisa.- (Kanpora bultza eginez.) Ez, ez, ez da ezer gertatu. Oso eltxo zirikatzaileak ditut eta... Angela.- Eta, zuk eltxoak tiroka hartzen al dituzu? Luisa.- Bai, eskuz hiltzeak zirrara handiegia eragiten dit. Angela.- A, bai, ulertzen dut. (Zeharka barrurantz begiratuz.) A! Janaria birentzako prestatu duzula ikusten dut. Luisa.- A, bai! Beti prestatzen dut birentzat, beharbada bera itzuliko balitz edo... Angela.- Ez, begira... laguntasuna behar baduzu, berton geratuko naiz lotan ere, nahi baduzu... inongo konpromezurik gabe, gero! (Kalean.) Luiggi.- (Kanpoko etxetik.) Angela! Zer gertatzen da? Gau guztia eman behar al duzu hor? Zatoz, logura naiz eta! Kanpoko ahotsak.- Geu ere logura gara! Isil zaitezte behingoz! (Luisaren etxeko ataritik.) Angela.- Konturatu al zara? Auzune guztia iratzarri duzu! Ala! Zoaz lotara, ni hemen anderea laguntzen geratuko naiz eta. Koitadua, ez da batere ondo aurkitzen. Luisa.- Ez, Angela anderea, oso ondo nago. Ez zaitez molesta. (Etxe barruan.) Angela.- Ez bada inongo molestiarik anderea! Gainera, zu ez zara ondo aurkitzen. Eltxoak ere tiroka hartzen dituzu, birentzako prestatzen duzu janaria... Zatoz, neuk lagunduko zaitut oheratzen. Kamamilatxo bat prestatuko dizut, eta ikusiko duzu nola... Luisa.- Angela anderea, nola esan behar dizut ez dudala ezer behar! Mila esker berriz ere, eta zoaz zeure senarrarengana, zain daukazu eta. Angela.- Nire senarrak ez nau behar ezertarako. Luisa.- Nik ere ez zu. Joan zaitez behin betiko. Angela.- Ikusten duzu? Banekien nik, krisialdian sartzen ari zara. Berehalaxe prestatuko dizut kamamilatxo bat. Luisa.- (Ormatik pistola bat hartuz.) Abia zaitez, mesedez! Angela.- Ene Jainkoa! Zer egiten duzu? Bai, bai, banoa. (Irten egiten da.) Itxaron, ba, argia itzali arte sikeran. Luisa.- Argia neuk itzaliko dut! (Argiari tiro egiten dio eta lanpara mila zatitan apurtzen da. Ilun barruan eta argi kanpoan.) Angela.- (Kalean aldarrika.) Zoratuta dago! Benetan ere burutik eginda dago! Iluntasuna 2. Ekitaldia Biharamun goiza. Luisarenean. Pakete bat dakarren furriel bat ate joka. Inork ez du erantzuten. Atea erdi irekita dago eta furriela sartu egiten da. (Etxe barruan.) Furriela.- Ez al dago inor? Luisa.- (Luisa agertzen da logura aurpegiaz.) Barkatu baina, nondik sartu zara? Furriela.- Atea zabalik zegoen. Nik jo dut..., baina... Luisa.- A! Bai! Gogoratzen naiz, bart ixtea ahaztu egin zitzaidan eta guztia lapur ziezaguketen. Eskerrak lapurra bera etxean dagoena. Zer gura duzu? Furriela.- Zure senarrerentzako soldadu uniformea ekartzera etorri naiz. Luisa.- Soldadu uniforme bat? Baina niri Doktoreak esan bazidan amnesiak... Furriela.- Badakit, baina notifikazio ofiziala heltzen ez den bitartean derrigortuta dago janztera; a! batez ere ospitalera joateko. Izenpetu gura baduzu... (Luisak sinatzen duen bitartean, furrielak ipurdia ukitzen dio.) Luisa.- (Haserre.) Mila esker, eta agur! (Furriela kanpora doa eta Giovanni agertzen da. Logelatik dator.) Giovanni.- Nor zen? Luisa.- A! Ezer ez! Uniformea ekarri diatela. Ez al dizkidak egunonak ematen? Giovanni.- A, bai, barkatu. Egunon! Luisa.- Egunon! Nola hago? Gose al haiz? Giovanni.- Ondo, eskerrik asko. Gose handia daukat. Luisa.- Berehala prestatuko diat zerbait. Zein pozik nagoen berriz ere hi etxean izateaz! Hainbeste egun begirik itxi gabe egonda, gaur "hatxa lez" egin diat lo. Giovanni.- Kontatu zenidan horri guztiorri bueltak eman eta bueltak eman ibili naiz..., burua apurtzeraino, berriz ere gogora ekarri nahirik. Ez zait gustatzen oroimenik ez izatea, batez ere gauza ederren oroimenik. Luisa.- Hator, esnea berotzen den bitartean janzten lagunduko diat. Gero ospitalera joango gaituk, Doktorea ere zain izango diagu eta. Giovanni.- Bainualdi bat hartu gura nuke. Ahal dut? Luisa.- Bai, ba! Nahi al duk ura berotzerik? Giovanni.- Ez, eskerrik asko. Ez dago hotzik eta, gainera, ohituta nago dutxa eskoziarrak hartzen. Hura bai zela ur izoztua! (Bainu gelan sartzen da.) Burutik zaudela eta, dutxak bata bestearen ostean... Zer ardura zaie haiei, ba, gero hotzak alborengoa eragiten badizu ere. Berrogei graduko sukarra, eta dena omen da liluramenduaren errua. Luisa.- Hemen dituk alkandora eta gainontzekoak. Dei nazak baineran hagoenean xaboia ematera joango natzaik eta. (Bere gelara doa.) Giovanni.- Xaboia ematera? Luisa.- Bai... eta, bide batez, bizkarraldean igurtzitxo gozoak egingo dizkiat. Ez al duk gogoratzen... (Angela anderea ateratzen da lixiba kakoan jartzera; zerbait kanturreatzen ari da. Eskaileretan legionarioz jantzitako gizon bat agertzen da. Giovanni izenaz ezagutzen dugunaren antz handia dauka. Berdin-berdina da. Angela ikustean agurtu egiten du.) Giovanni.- Ederra bera, gero! Neure Angela! Bere heroiari ongietorria egiteko leihoan banderak jartzen ari da. Angela.- O! Giovanni jauna! Azkenean ere! Itxaron, itxaron, gauza oso delikatu bat esan behar dizut eta. Giovanni.- Hire senarra gurearen jakitun al zagon, ba? Angela.- Ez, hor sukaldean dago. Baina ez da bera arduratzen nuena, zeure emaztea baizik. Giovanni.- Beno! Hori, diren orduetarako, oraindik ere "hatxa lez" egongo dun lo. Gainera, ni heugatik itzuli nauk eta ez memela horrengatik. Angela.- O! Giovanni! Ez ezazu horrelakorik esan. Hori ez da dotorea. Giovanni.- Baina zenbat aldiz oheratu beharko dinagu elkarrekin hika egiteko? (Besarkatzen saiatzen da.) Angela.- (Ez dio uzten besarkatzen.) O! Giovanni jauna! Hau ez da une egokia. Entzudazu: ezbehar bat gertatu zaio. Giovanni.- Nori? Angela.- Zeure Luisari. Giovanni.- (Barrez.) Ja, ja, ja..., hil egin al da? Angela.- Ez, kolpe ikaragarri bat hartu zuen buruan. Zoroetxetik irten berri da. Giovanni.- Horrek jadanik sendatuta dagoela esan nahi du... Angela.- Nik ez nuke horrenbeste esango. Bart ikusi nuen eta tentelkeria piloa zioen. Nik gabon esaten nion eta berak zera erantzuten zidan..., nik dakit, ba, zer? "Kuta". Gero eltxoak tiro hotsean hartzen zituen eta etxera sartu nintzenean mahaia birentzako prestatuta zegoela aurkitu nuen. Eta ez zuen nahi izan laguntzen gelditzerik ere. Giovanni.- Guztia jan al zuen berak bakarrik? Arranpalo saskel tripaundia! Angela.- Guztia; baina ez hadi txantxetan hasi, mesedez! Giovanni.- Azkenean ere hika zuzentzea erabaki dun. Ederto, beno, joan hadi, esaion hire senarrari azkar lanera abiatzeko eta biluztu hadi, hitz egin behar dinat eta. Angela.- Ez Giovanni, ezin dugu. Errukia ematen dit, andere koitadua. Ez dut sekula ere ahaztuko nola begiratzen ninduen krisialdian zegoenean. Gurea baleki bezala, Giovanni. Beldur naiz patuaren zeinuren bat izango ez ote den, eskarmenta gaitezen. Giovanni.- Ba, patu atsegina den hori. Gu eskarmenta gaitezen berari ematen badizkio mailukadak buruan, nik oraintxe izenpetuko nikek. Angela.- Gaiztoori! Ez duk bihotzik ere! Erregu egiten diat, beragatik ez baduk ere, egin ezak neugatik. Ez ezak jipoitu, arren! Beste krisialdiren bat jasan behar badik, zoroetxean giltzaperatuko ditek, eta sekula kendu ezingo duan kontzientzia txarra izango duk. Esadak ondo tratuko duala. Giovanni .- Bai, beltzaran eder galantori! Heure maitasunagatik egingo dinat. "Milord" bat bezain gizabidetsua izango naun. Angela.- Orduan, sar hadi. Gero ikusiko diagu elkar. (Giovanni sartu baino ez etxera, Angelaren senarra irteten da kalera. Giovanni eskailerak igo eta ezkutatu egiten da.) Luiggi.- Angela! Zer egiten duzu hor kanpoan? Angela.- O! Ezer ez! Kanpoaldea... eskobatzera irten naiz. Luiggi.- Eta horrekin ari zinen hizketan, eskobatxoarekin? Angela.- Bai, zer ba? Badago ezer txarrik horretan, ala? Gero sozialista zarela esango duzu. Ni, ostera, benetako demokrata naiz, guztiekin egiten dut berba. (Etxera sartzen da.) Luiggi.- O! (Etxera sartzen da.) (Giovanni agertzen da berriz. Eskailerak jaisten ditu eta Angelaren aterantz abiatzen da. Angelak eskegitako arropei -kuleroak, kantzontziloak etab.- begira geratzen da irribarrez. Une horretan Doktorea agertzen da. Giovanni ikusten du eta berarengana doa.) Doktorea.- Hemen dago gure morroskoa, dagoeneko jaikita, lerden eta itzarrik... Zer moduz? Giovanni.- (Harrituta begiratzen dio.) Barka, baina zu... Doktorea.- Lasai gizona. Bat-bateko ikustaldi bat egin nahi izan dizut. Esan nizun, ba, begiko zintudala.(Esku-zarta bat lepoan emanez.) Giovanni.- (Zurtz eginda.) Esan zenidala? Doktorea.- Ez nizula esan? Ongi, ba; orduan, oraintxe esango dizut. Benetan ere begiko zaitut! Eta badakizu beste gauza bat? Ezin hobeto doakizula uniformea. Benetan, apaiz jantzi hura baino askoz egokiago... ja, ja, ja! Giovanni.- (Ez du ezer ulertzen, baina barre egiten saiatzen da.) Ja, ja, ja! Doktorea.- Ikusten duzu? Etxera etorri baino ez beste bat ematen duzu. Beste begitarte bat duzu. Aizu, eta nola dabil zure emaztea? Giovanni.- Ez dirudi hain ondo dabilenik. Doktorea.- Bai, zoroetxeko haizeak inorentzat ere ez dira mesedegarri, ezta neuretzako ere, duela hogei urtetik hona zuzentzen dudan arren. Giovanni.- A! Horixe! Orduan, zu zoroetxeko zuzendaria zara. Doktorea.- Ez didazu esango ez nauzula ezagutu. Giovanni.- Ez..., ez..., zera... O! Eta nork ez du ezagutzen Doktorea? Doktorea.- Eskerrak! Arduratzen hasita nengoen. Giovanni.- Eta nik, lerdoonek, hemen ate aurrean zaitut. Sartu! Sar zaitez mesedez. Doktorea.- Mila esker. Giovanni.- Oraintxe berton deituko diot Luisari. Doktorea.- Itxaron! Berton nagoenez, eutsi! (Argazkia luzatzen dio.) Berak eman zidan. Giovanni.- A! Neure argazkia bada! (Bere buruari.) Orain badakit ikusi bezain laster zergatik ezagutu nauen. (Ozenki.) Luisa! (Etxera sartzen da.) (Etxean Luisaren ahotsa.) Luisa.- Bai? Giovanni.- Luisa, neu naiz, Giovanni. Luisa.- (Barrutik.) Bai, banoak. Berehala biluztuko nauk; banoak. Giovanni.- Biluztu egingo zarela? Luisa.- (Barrutik.) Neuk ere bainualdi bat hartzea erabaki diat. Giovanni.- Ez, faborearren! Hobe zerbait janztea; ez dakit, edozer gauza. Luisa.- Nabarmenori! Sotanak efektua egin dik, ala? Beno, ongi zagok, itxaron apurtxo bat. Doktorea.- (Urduri samar.) Beharbada ez da izan etortzeko unerik egokiena. Giovanni.- Baina gizona! Zer esaten duzu? Ospitaletik beren-beregi zatoz eta, gainera, barkamena eskatzen diguzu? Besterik ez genuen behar! Zer gura duzu hartu? Salto batean ekarriko dut txanpain frantses horietako botila bat. Bene-benetakoa, gerra aurrekoa! Gustatzen al zaizu txanpaina, ala beste zerbait hartu gurako zenuke? Doktorea.- Ez, ez, ongi dago! Ekarri txanpaina. Giovanni.- Oso ongi, Doktore jauna! (Lepo bueltan ematen dion esku-zartaz zutik egon ezinik uzten du Doktorea, eta ozenki kantatuz ateratzen da logeletako atetik.) "Heriotzaren senargaia naiz, beldur gabeko gizona..." (Atea ireki eta Luisa agertzen da.) Luisa.- Beno, Giovanni! Nahikoa txukun nagoela uste diat, ezta? Doktorea.- Egunon anderea. Luisa.- (Ustekabe handia hartzen du. Ezkutatu eta jantzi egiten da.) Doktore jauna! Barka, arren! Luzaro al zaude zain? Zergatik ez didazu deitu? Doktorea.- Faborearren, anderea! Honantza nentorren eta bide batez ikustalditxo bat egin behar dizuedala gogoratu zait. Luisa.- Oso atsegina zara. Baina eser zaitez. Doktorea.- Gainera, gure morroskoari begiraldi bat egin diezaiokedala pentsatu dut eta, gaurkoz behintzat, ospitalerako joan etorria aurreratu. Luisa.- Zein ona zaren, Doktore jauna. Ez dirudi medikua zarenik. Baina..., nahi al duzu ezer? Ez dakit ba, kafea edo, bermuta edo... Doktorea.- Ez, mila esker, nahiago dut txanpaina. Luisa.- (Barre larria.) Txanpaina? Ez dakit upategian izango dugun. Doktorea.- Ongi, kasu horretan edozer hartuko dut. Ez dio axola. Baina, esadazu, nola zabiltza?, ondo?, zoriontsu? Luisa.- Zoriontsu baino zoriontsuago! Badakizu zer esaten dizudan?, bedeinkatu egiten ditudala Giovannik han barruan hartutako dutxa eskoziarrak. Sekula ere ez dut ikusi hain sentikor, hain maitekor. Beste pertsona bat dela ematen du. Doktorea.- Bai, sarritan gertatzen da aldaketa hori kasu hauetan. Giovanni.- (Bainu gelako atetik burua agertuz, uniformatuta.) Hemen nago, Luisa. Zer dirudit heroi bat bezala jantzita? Luisa.- Giovanni, begira nor dagoen hemen. Doktorea.- Guk lehen ere ikusi dugu elkar. Luisa.- Ospitaleraino joan ez hadin etorri zaik. Giovanni.- (Doktoreari eskua luzatuz.) Ikustaldi atsegingarria benetan, baina ez zenuen zertan molestatu. Doktorea.- (Arduratuta.) Ea, Giovanni, esadazu, gogoratzen al duzu elkar ikusi dugula?, edo eta ahaztu egin ote zaizu? Giovanni.- Zaude lasai, Doktore jauna. Gogoratu ere oso ondo gogoratzen baitut. Gainera, aurrerakuntzak egin ditudala uste dudala esan behar dizut. Bainu gelan nengoela, latinezko kanta bat tarareatzen nenbilela konturatu naiz. Doktorea.- Halakorik! Giovanni.- Bai, eta ziur egunotan ikasitakoa ez dena. Entzun ezazu: (Sudur faltsetean ematen du.) "O esca Viatorum, o panis angelorum..." Luisa.- Gero kantatuko diok. Txanpaina hartu nahi dik orain Doktore jaunak. Doktorea.- Ez dio axola... Txanpainik ez badago..., lehen ere esan dizut... bermuta..., berdin dit. Luisa.- Ederto! Orduan, Giovanni, egidak mesede bat. (Logeletako atea seinalatuz.) Han sakonean, eskuinetara, txoko bat zagok. Armairu barruan... Baina hobe izango duk neu joatea. Giovanni.- Ez, ez, ez zaitez mugi. Neure burua ere zerbaitetarako badela jakiteak poztu egiten nau. Neu joango naiz. (Kantu hotsean ateratzen da.) "O esca Viatorum, o panis angelorum...." Luisa.- Eskerrik asko. Ikusten duzu zein maitekor dabilen? Ohituta ez nagoelako edo izango da, baina honela portatzen denean, halako korapiloa egiten zait sama bueltan. Doktorea.- Ulertzen dizut, bai. Dena dela, ez ezazu itxaropen handiegirik izan. Ez da beti horrelakoa izango. Hau ardura ez zaitezen esaten dizut. Gorabehera handiak izango ditu bere benetako nortasuna agertu arte; egunetik egunera handiagoak. Zeu izango zara, eta zeu bakarrik, goxotasun eta eroapen handiz bere izaeraren punta zorrotz horiek leunduko dizkiozuna. Giovanni.- (Botila eskuan duela, himnoa kantatuz sartzen da logeletara ematen duen atetik.) "Heriotzaren senargaia naiz..." (Luisari.) Hauxe da nire tenteltxoa. Ederra bera! Burua izarretan duela... (Besarkatu egiten du.) Hemen duzu Doktore jauna. (Botila erakusten dio.) Zer deritzozu? Orain izotzetan jarriko dut freska dadin, eta gero dzup!, barrura! Luisa.- Ea, utzidak ikusten. Baina txanpaina baduk. Nondik atera duk? Giovanni.- Etxeko erreserba! Ez didan ezer esaten? Ez al dion txerarik egiten ustekabean hartu hauen gizonari? (Zirriak eginez.) Luisa.- Bai, bai. Oso ondo egon duk... Giovanni.- Eta zuk, Doktore jauna, zer esaten didazu? Nola aurkitu duzu hemen dagoen nire oilaloka buztan arin hau? Doktorea.- (Txundituta.) Ondo, ondo, moduz. Giovanni.- (Luisari.) Ba, moduz bahabil, joan hadi pare bat baso ekartzera, ni hau freskatzeko izotzetan noan eta. Luisa.- Itxaron Giovanni, beharbada hobe izango duk neu joatea. Nahiago nikek bazterretan hainbeste buru agertuko ez bahu. Giovanni.- Zer zeukan nire buruak, ba, ez erakusteko? Ala aberriaren soldadu izateaz lotsatu egin behar ote dinagu, ba,? Inor ezer esaten ausartzen bazaidan, tripa barrenean ematen diodan ostikadaz hamabost eguneko goseak eta bestelakoak kenduko zizkionat. Jaungoikoa zeruetan dagoen moduan! (Kanta hotsean ateratzen da.) "Heriotzaren senargaia naiz..." Luisa.- (Etsita eskuak aurpegira eramanez.) Doktore jauna! Ene Jaungoikoa! Nolako buelta! Doktorea.- Esan dizut, ba, gorabeherak izango zituela. Ez ezazu etsi; alderantziz, poztu zaitez. Honekin bide onetik doala esan gura dut, sendatzen ari dela, alegia. Luisa.- Bai, bai, ulertzen dut. Baina oso gaizki sentitzen naiz horrela hitz egiten duenean. Trapu zahar bat bezala erabiltzen nau. Eta bart, ostera, ... Doktorea.- Berriz diotsut, ez ezazu etsi. Ikusiko duzu nola berriz ere maitekor bihurtzen den, aldizka beharbada, baina bihurtuko da. Giovanni.- (Barrurantz datorrela, astiro hitz egiten du, lasai.) Sentitzen dut, Luisa, baina basoak baino ez ditut aurkitu. Arrazoia zenuen. Hobe izango zen zeu joatea. Asko sentitzen dut. Doktorea.- Ikusten duzu? Zer esaten nizun? Luisa.- Ja! Aldartera heldu gara. Giovanni.- Nitaz ari zarete, ezta? Luisa.- Bai. Doktorea lehenera bihurtuko haizela esaten ari zuan, lehen hintzen bezalakoa izango haizela, alegia. Giovanni.- Hau da, astazakila eta zentzugabea? Luisa.- Ez, lehen, antzina hintzen bezalakoa ez, lehen, ez hain lehen bezalakoa; hau da, orain haizen bezalakoa. Giovanni.- Ez dut piperrik ere ulertzen. Luisa.- Bazekiat ezin duala ulertu. Baina esadak dezakean guztia egingo duala, ahalegindu egingo haizela. Zer egin dezaket, Doktore jauna? Doktorea.- (Ahapeka.) Txistu egin, adibidez. Luisa.- Txistu egin? Halakorik! Doktorea.- Bai, txistu egiteak Giovannirengan izugarrizko eragina daukala frogatu dugu ospitalean. Baliteke kanpo-motibazio horren bidez bere portaera aldatu ahal izatea. Zaldiekin erabiltzen diren agindu seinaleen kasu berbera da. Luisa.- Ba, konturatu gabe nengoen. Ongi, ongi, gaurtik aurrera txistu egiten saiatuko naiz. Ongi al dago honela? (Txistu egiten dio Giovanniri eta liluratu samartuta geratzen da berau.) Zer sentitzen da? A! Berba eta berba nabil eta, izotzaz ahaztu naiz. Banoa bila. Giovanni.- Ez, ez, faborearren; neu joango naiz. Esadazu non aurki dezakedan. Luisa.- Beno, arreta jarri; hemendik irten, eskuinetara egin eta aurrez aurre taberna bat aurkituko duk. Giovanni.- Argi daukat. Luisa.- Txanpaina hartzeko ontziren bat ere eska ezak, guk ez diagu eta. Giovanni.- Beno. (Irten egiten da; Luisak txistu egiten du.) Luisa.- "Zuen baimenaz" esaten da. Giovanni.- A, bai, zuen baimenaz. (Musu bat ematen dio Luisari.) Luisa.- Honela hobeto dago. (Giovanni irten egiten da.) (Doktoreari.) Ea, ba, txistu jotze honek zer edo zertarako balio digun. (Ordu kanpaiak entzuten dira.) Doktorea.- Zer ordu da? Luisa.- Hamaikak direla uste dut. Doktorea.- Ene! Berandu egin zait. Honezkero ospitalean izan behar nuen. Asko sentitzen dut baina, joan egin behar dut. Luisa.- Baina, zaude momentu batean, Doktore jauna, Giovanni izotzaz etorri bezain laster hartuko dugu txanpaina eta. Doktorea.- Ezinezkoa zait, anderea. (Eskua luzatzen dio.) Luisa.- Orduan, egin ezazu gauza bat Doktore jauna. Eraman ezazu botila eta edan ezazu zeure lankideekin batera geure izenean. Doktorea.- Ez, ez, mesedez! Besterik ez genuen behar! Luisa.- (Botila biltzen dio.) Faborearren, Doktore jauna. Gugatik egin duzun guztia egin ondoren, ez da gutxiagorako. (Eman egiten dio.) Doktorea.- Tira ba! Eskerrak bihotz bihotzez; itzelak zarete! Mila esker. Zeuen izenean eta geure gizenean edango dugu. Luisa.- (Ateraino lagunduz.) Bihar arte! Bihar ikusiko dugu elkar ospitalean. (Kalean) Doktorea.- (Badoa.) Bai, goraintziak Giovanniri! Luisa.- Ikusi arte, eta mila esker berriro ere. Giovanni.- (Kalean agertzen da izotzetarako ontzia dakarrela.) E! Non da Doktore jauna? Luisa.- Hik bai bizkor egin duala! Hator, Doktorea bazoak eta. Giovanni.- (Eskaileretara doa eta ozenki esaten dio.) E! Doktore jauna! Eskumuinak hango zoroei nire partez, eta bide batez emaiozu igurtzialdi bat erizainik gazteenari; ederrena aukeratu, gero! (Barre egiten du.) Luisa.- Giovanni, baina zergatik hitz egiten diok horrela? Giovanni.- Zer, ba? Nazka emango diola uste dun, ala? (Doktoreari oihuka.) Guztiak daude desinfektatuta e! Doktore jauna! Luisa.- Heldu gara berriz ere aldartera. Giovanni.- Baina... lerdoorrek botila darama! Luisa.- Lasai gizona! Ez zaramak berak hartuta. Neuk eskaini zioat. (Etxean) Giovanni.- (Luisa etxe barrura bultzatuz.) Ederto! Eta zer edango dinagu guk orain? Izotza? (Luisak txistu egiten du.) Probatzen, gutxienez, utzi behar hidan, ezta? Ba, ez, gure anderea inorenarekin guztiz borondatetsua dun. (Luisak txistu egiten du berriz ere.) Baina zergatik egiten dun txistu? San Dios! Orain txistuaren krisialdia zatorkiok! Luisa.- Mesedez, kontzetra hadi! Bestela, txistuak ez dik inongo eraginik. Giovanni.- Zer eragin eta zer eragin ondoko! Baina zertan ari haiz? Beno, pepelerdoarena egingo dinat, ea pasatzen zainan. Barka nazan, ahotsa altxatu dinat, baina txanpaina neure itzulera ospatzeko gordeta nuelako izan dun; baina ez zion axola, eskura datorkidanean beste botila bat ostuko dinat; (Luisaren txistua.) beno, beste botila bat lapurtuko dinat (Txistua.)..., beste botila batekin... egingo naun (Txistua.) mmmm..., (Hitza bilatzen du.)..., beste botila bat... ekarriko dinat. Luisa.- Ongi, ikusten duk? Bazebilek! Ai! nire zalditxo urduria, txistu egiten diotenean mantso-mantso bilakatzen dena. Giovanni.- Lasai, lasai Luisa, baina zein tentela haizen! Aizan! Bihar Doktorea ikustera joango gaitun. Luisa.- Horixe Doktorea ikustera joango garena; bihar, etzi, etzidamu eta heuk gura duan guztietan. Giovanni.- Hori dun eta! Eta orain burua bere onean dunan bitartean, presta iezadan ura, bainualdi bat hartu nahi dinat eta. Luisa.- Berehala! (Baina gero ohartu egiten da.) Berriz ere? Giovanni.- Baina hik trintxeretan ertz bakoitzean bainu gela bat dagoela uste al dun? Etxean nagoenean ez banaun garbitzen, ... Luisa.- Ongi zagok. Atera iezaiok probetxua! Baina ez zekiat, ba, hainbeste bainualdik mesederik egingo dian. Giovanni.- Benga, benga, noizbehinkako ur parrasta batek ez zidan kalterik egingo, duela aste bete izorratzen nauten hiruzpalau zorriok itotzeko ere. (Luisak txistu egiten du.) Aizan! Borlak ukitzen hasita habil, e! (Luisak berriz ere txistua egiten du.) Bidaiariak trenera! Mugi hadi ur bero horrekin! Bestela trenak benetan ere badoala emango din, baina heure buru gainetik. (Bainu gelan sartzen da.) Luisa.- (Txistu eta txistu egiten du, gero negarrari emateko.) Kaka zaharra! Oraingoan ez dabil. Baina behar den bezala txistu egiten ez dakidalako izango da. Entrenatu egin beharko dut. Auzokoak egiten duen bezala, atzamarrak ahoan sartuta txistu egiten ikasiko banu! Hori bai, hori bai dela txistu egitea. (Aproba egiten du.) Kaka!, teknika kontuak izan behar du, antza.(Etxe aurrera ematen duen atetik ateratzen da.) Luiggi jauna!, Luiggi jauna! (Kalean.) Angela.- (Burua agertuz.) Egunon, anderea! Luisa.- Egunon, Angela! Angela.- Nola doakizu? Itzuli zaizu Giovanni, ezta? Pozik al zabiltza? Luisa.- Bai..., bai. Mesede bat eskatu gura nion zure senarrari. Etxean al da? Angela.- Ez, baina neuk egin ahal badizut, ... Luisa.- Ez, berak izan behar du. Angela.- Sentitzen dut, baina orain ez dago etxean. Baina, konpromezurik gabe, ezertan laguntzerik banu, ... Luisa.- Ez, ez dut uste. Artzainen moduan atzamarrekin txistu egiten jakinez gero, ... Angela.- Artzainen moduan? Zergatik? Luisa.- Oso delikatua da; gure Giovannigatik da; erreflexu baldintzatua itzularaztearren da. Giovanni.- (Eskaileraren goiko partetik. Ez da oraindik ikusten.) Luisa! Luisa.- Ez da erraza azaltzen... Zaude isilik, berton da eta. (Ozenki.) Giovanni, hemen nago! Biluz hadi, oraintxe eramango diat ur beroa eta. Giovanni.- (Eskailerak jaitsi eta ate ondora heltzen da. Izotz ontzia dakar.) Nola? Luisa.- Biluzteko esan diat. Giovanni.- Baina zertarako nahi duzu biluz nadin? Luisa.- Ez duk gurako jantzi eta guzti garbitzea, ezta? Giovanni.- Garbitu gura dudala esan al dizut, ba? Angela.- Baina Giovanni, mesedez, ez iezaiozu kontra egin zeure Luisari. Giovanni.- Ez da kontra egitearren, garbitu naizelako baino. Luisa.- Hori lehen neuk esan diadana duk. Baina nola behin eta berriz ekiten huen... Giovanni.- (Haserre.) Baina nork ekin du? (Luisak txistu egiten du.) Ongi dago. Barka nazazu. Berriz ere garbituko naiz. Mesede egingo didala uste baduzu, ... Angela.- Horrelaxe hitz egiten da, Giovanni jauna. Horrela gustatzen zait niri. Egidazu kasu, eta ez zaitez jantzi eta guzti garbitu. Apaiza izango bazina ere! (Giovanni etxera sartzen da, harriturik geratzen da beste ontzi bat ikustean eta biluztu egiten da. Luisa eta Angela kalean daude oraindik.) Luisa.- Ohartu al zara txistu egin dudanean eman duen aldakuntzaz? Esaten nizun bezala, erreflexu kontua da. Batzuetan eragina dauka. Txisturik txistura dagoen diferentzia da. Ongi ateratzen ez bada, ez dago zereginik, lauhankan doan zaldiari itzultzeko seinalea korneta desafinatu batez ematea bezalakoa da. Horrexegatik gura dut, ba, atzamarrez egiten ikasi. Luiggi jaunak txakurrei deitzen dien bezalaxe gura nuke egin neuk ere. Angela.- Esadazu, anderea! Bart hartu al zenuen kamamilarik? Ezetz? Zergatik ez zenidan jaramonik egin? (Etxean) (Artean, Giovanni bainu gelan sartzeko asmotan dabil.) Giovanni.- (Barrutik.) Azkenerako! Bazen ordua uraz etortzeko. (Giovanni -guk ikusten duguna- harrituta geratzen da. Burua sartu baino ez bainu gelara, atzera egiten du. Barrutik Giovanniren ahotsa entzuten da oraindik ere.) Benga, mugi hadi, sar hadi! Tentelduta al hago? Zer gertatzen dun orain? Giovanni.- (Txundituta, sarrerako ateari helduz.) Izugarria da..., izugarria!, beldurgarria! (Kalean.) Luisa.- Zer duk beldurgarria? Erantzun ezak, Giovanni! Giovanni.- Nik... nik... biluzik ikusi dut neure burua bainu gelan. Luisa.- Eta halako zirrara egin dik biluzik ikusteak? Angela.- Arrazoi du andereak. Ez da horrenbesterako; niretzat, adibidez, hobeto zaude biluzik. Luisa.- Eta zuk zer dakizu? Angela.- Beno, nik ezer ere ez. Buruak ematen didana, ez besterik. Giovanni.- Izugarria da! Berehala joan behar dut ospitalera. Beharbada aluzinazio bat baino ez da, konforme, baina... Luisa.- Lasai hadi, gizona! Ez duk ezer. Giovanni.- Ez, ez, beldurgarria da. Zein eta neure burua ispiluan ikusi banu bezala izan da; diferentzi bakarra ni aurrez nengoela eta nire imajina atzez, ni kapela gabe eta bera kapelaz. Luisa.- Ez ezak kasurik egin! Ispilu hori oso zaharra duk eta arraiaz beterik zagok. Giovanni.- Egia izango da, baina nik Doktorea ikusi behar dut. Injekzioren bat edo elektroshocken bat edo behar dut. Honela ezin dut, derrigor behar dut zerbait. Luisa.- Ongi, ongi zagok; baina itxaron ezak momentu bat, neu ere banoak eta. Giovanni.- (Eskaileretan gora doa.) Ez, ezin dut itxaron. Nahi baduzu ospitalean ikusiko dugu elkar, baina nik hemen ezin dut. Luisa.- Giovanni! Giovanni! Ez hadi bakarrik joan, amnesia duk eta. Giovanni! Giovanni! (Txistu egiten du.) Madarikatua! Artzainek bezala txistu egiten ez jakitearren. (Berriz ere etxera sartzen da eta oinetakoak aldatzen hasten da.) Angela.- Giovanni gizagaixoak zoro honekin hainbeste aritzearren nondik dabilen ere ez daki, bera ere..., ez dakit ba. Eta nik gure Luiggi lanera bidali dudala, hain zuzen ere gaur, bere opor eguna izanda! (Etxean.) Giovanni.- (Bainu gelatik burua aterata, tapaki batez estalita.) Badator ala ez dator ur bero hori? Luisa.- (Harrituta.) Ene Jaungoikoa! Ispiluko Giovanni! (Zerraldo erortzen da.) Giovanni.- Besterik ez geninan behar! Ur beroa eskatu eta zerraldo erortzen haiz. Ba, gau honetan bertan noan berriz ere frontera. Jaungoikoa zeruetan dagon moduan! (Argiak itzali egiten dira.) Iluntasuna 3. Ekitaldia Luisaren etxean. Giovanni tapaki batez azaltzen da. Luisa eserita dago bekokian zapi busti bat duela. Giovanni pistolaz punteria zorrozten ari da. Horretarako sei besodun argimutil bat jarri du beste hainbeste kandelaz. Giovanni.- Ez, nire sorgin petrala! Azalpen hori erosoegia dun. Nire antza duenaren aitzakiaz, lehenengo, heurekin pasatzen din gaua eta gero, berbetan ari den hau etxera datorrenean, konorte gabearena egiten dun. Eta nik, pepelerdoonek, ... (Tiro egiten du eta kandela itzali egiten da.) Luisa.- Bikiak izanda ere antz handiagorik! Ez zitzaidaan besterik bururatu heu hintzela baino. Angela ere heu haizela eta zagok. Giovanni.- Bai, baina Angela ez dun oheratu hi bezala. Hori ziurtatzeko modua! Luisa.- Ba, ziurtatzea bakarrik falta zaiok, ze beste guztiak egin ditik. Giovanni.- Entzudan, ez nazan atera neure onetik, hemen juzkatzen ari garena heure kasua dun eta. Eta osti hotsean hasterik nahi ez badun, hobe dun gaiari behar bezala heltzea. Lehen puntua jokoaren erregelak errespetatzea, ezta? (Inora apuntatu gabe egiten du tiro eta beste kandela bat itzaltzen du.) Luisa.- Ongi zagok. Helduko zioat gaiari, baina faborearren... Giovanni.- Jo dezagun apaiz jantzitako lerdo horrek eta biok belarri batak besteaz duen besteko antza dugula. (Beste tiro bat egiten du, lehen bezala.) Ongi, baina ohean diferentziaren bat nabarmenduko huen berbetan ari den honekin, ezta? Luisa.- Bai horixe, baina ez hire alde. Hago ziur! Giovanni.- Oso ondo! Engainatu eta burla egin ondoren, adar jotzea. Bahe bat bezala jarriko haunat. Luisa.- Deskuiduan eskurik jartzen badidak jarri, ... argazkietan ere ez nauk ikusiko; heuk jakingo duk zer egin!. Giovanni.- Lasai, oraindik ez haunat ukitu eta. Lehenengo, inoren plateretik jatearren lerdoarena egiten duen pailazo horri itxarongo zionagu. Luisa.- Ba, badituk zain egoteko gogoak! Ospitalera joan duk gertatu den guztia kontatzera, eta nola kili-kolo dabilen, aldi batez bertan egon beharko duen susmoak dizkiat. Giovanni.- Madarikatua! Bera ostatuan, ni frontean zorriek eta arkakusoek jaten nauten bitartean. A, baina hau neuk konponduko dinat.(Tiro egiten du eta beste kandela bat itzaltzen da.) Argi zagon destakamentukoek gu biok, amnesiaduna eta biok, bat bera garena uste dutena. Begira zer nolako ideia zoragarria bururatu zaidan! (Tiro egiten du eta bala batez falta diren beste kandela guztiak itzaltzen ditu. Tartean bost bat metro daude. Bera ere harritu egiten da.) Hi, orain, hoa ospitalera, hartu eta ekarri etxera. Berton dagoenean, esaion hauxe: aizak, amnesiko maitea, zer huke nahiago?: zoroetxean egon eta benetan zoratu, Napoleon haizela sinesteraino, ala neurekin eta egiazko Giovannirekin etxera etorri eta Aita Santua legez bizi? Berak, normala den bezala, Napoleonen kontu hori alde batera utziko din eta Aita Santuaren alde aterako dun. Orduan, honako baldintza hauek jarriko dizkion: 1.a - Ez din bururik etxetik atera behar, neu banintz bezala Doktorearengana joateko ez badun. 2.a - Lo eta jan terrazan egingo din; handia dun eta dantzan egiteko ere lekua sobra zeukan. 3.a - Maitasun kontuekin hurbiltzen bazain, jakin dezala bitan zatituko dudala. Eta honek heuretzat ere balio din. Argi zagon?. 4.a - Eta azken puntua. Gerra elbarrituen bizitza guztiko erretiroa Giovanni Galinarentzat izango dun terrazako alokairu eta tripa beroaren truk. Argi zagon? Bai ala ez? Luisa.- Argi zagok, bai, txorizo makarra alu higuingarria haizena. (Noraezean eta urduri Kaxkagorri sartzen da.) Kaxkagorri.- Giovanni, hirekin berba egin behar diat. Giovanni.- Keai, Kaxkagorri! Eser hadi, berehala natorrek. Kaxkagorri.- Ola, Luisa. Luisa.- Ola...(Giovanniri.) Ez ote duk modurik jende hau etxe ingurutik ager ez dadin? Giovanni.- Nora hoa orain? Luisa.- Amnesikoaren bila. Giovanni.- Ongi; orduan, neurekin bat hator. Luisa.- Ba, bai, zer erremedio; bestela, ... (Kaxkagorri seinalatuz.) Joan dadila hori ni etorri baino lehen, e! Giovanni .- Lasai! Honek ez din berbarik egiten, anaia bezala dun. (Luisa atera egiten da.) Zerk hakar, Kaxkagorri? Kaxkagorri.- Giovanni, ni ere saltsan sartu naitek. Giovanni.- Zer? Kaxkagorri.- (Oso arin hitz eginez.) Veronakoak jausi egin dituk eta salatu egin gaitiztek. Gainera, hemengo komisariak ere badik hangoaren berri. Nire etxera etorri dituk, ohetik atera naitek, eta gau guztian izan naitek bertan. Baina nik ez diat fitsik ere esan eta goizalderako libre utzi naitek. Giovanni.- Lerdotzarrori! Eta besterik pentsatu gabe bertora hator. Horixe! Ez al haiz konturatzen kordela biltzeko libratu hautela, hau da, neu lotzeko? Kaxkagorri.- Hago lasai! Atzetik izan baditiat ere muturretan eman zieat eta. (Kalean.) (Atean, bi polizia dira, paisanoz jantzirik, ate joka eta oihuka.) Poliziek.- Polizia! Ireki atea! Giovanni.- Muturretan aman diek, e?; ba, hartu diate usaina. (Kaxkagorrik hanka egin nahi du, baina Giovannik heldu egiten dio.) Giovanni.- Nora hoa orain? Ez hautela sartzen ikusi uste al duk? Itxaron momentu bat, eta gero joan hadi zabaltzera. Joan hadi, baina kontuz mingaina dantzatzearekin, e! Utzidak neuri, lehen ere hik nahikoa pepelokeria egin duk eta. (Zoroetxeko bata jazten du.) Kaxkagorri.- (Atea poliziek bultzatzen duten une berean zabaltzen du. Poliziak sartu egiten dira.) Ola, berriz ere elkarren aurrez aurre! Zer dela eta zu hemendik? Inspektorea.- Nola zer dela eta? Benga! Zabaldu! Giovanni jakinaren gainean jartzera etorri haiz, ezta?, oso ondo! Honi bai deitzen diodala nik laguntasuna! Giovanni.- (Tontoarena eginez.) Egunon, barka, baina... nortzuk zarete zuek? Kaxkagorri.-(Giovanniren portaera ulertu ezinik.) Baina nola Giovanni? ... Inspektorea duk. Ez al duk ezagutzen? Giovanni.- Eta zu nor zara? Kaxkagorri.- (Zurtz eginda.) Nola nor naizen? Ni Kaxkagorri nauk, heure laguna. Baina zer gertatzen zaik Giovanni? Inspektorea.- Beno, nora heldu nahi duk kontu honekin? Giovanni.- Barkatu behar didazu, Komisario jauna, baina... Inspektorea.- Inspektorea, mesedez; igoera gabe; ez dut gradu handiagorik behar! Giovanni.- Neure ustez apalegia zara... Barka, komisario jauna, baina gaur goizean herenegun eta heregun-aitzetik baino askoz ere motelago ikusten dut neure burua. Ez dut ezertxo ere gogoratzen. Inspektorea.- A, bai, e? Oraintxe emango zioat hire memoriari freskaldia. (Keinu egiten du laguntzailea hurbil dakion.) Laguntzailea.- (Orrialde bat irakurriaz.) Osteguna, hilak 27... Inspektorea.- Parentesia ireki... Laguntzailea.- Hau da, duela hiru egun, hain zuzen ere, ... Inspektorea.- Itxi parentesia, koma.... Laguntzailea.- Veronako lantegi militarrera agertu ziren... Inspektorea.- Koma... Laguntzailea.- Ateak itxi behar zituzten momentu berean... Inspektorea.- Koma... Laguntzailea.- Legionarioen sarjento goren bat eta identifikatu gabeko beste soldadu bat... Laguntzailea.- Koma... Laguntzailea.- Baina azken hau ilehoria... Inspektorea.- Puntu eta segi. Laguntzailea.- Ohiko armen laguntzaz, bulegoko entxufatuek itxaron zezaketela aditzera eman zuten... Inspektorea.- Koma... Laguntzailea.- Baina fronteko soldaduek ezetz. Inspektorea.- Koma... Laguntzailea.- Eta biltegiko arduraduna eta beste bi furriel behartu egin zituzten jeneroa lehenago sistema beraz lortutako kamioi batean jartzera. Inspektorea.- Puntu eta segi. Laguntzailea.- Bi militarrok bost mila lirako esku biak bete bonoz agertu ziren... Inspektorea.- Koma... parentesia ireki... Laguntzailea.- Barka, 50.000 lirakoak... Inspektorea.- Parentesia itxi; puntu eta segi... Laguntzailea.- Lantegiko arduradunak... Inspektorea.- Koma.... Laguntzailea.- Biharamunean itzultzera gonbidatu zituen... Inspektorea.- Koma. Ez, puntu... (Pentsatuz.) eta koma. Puntu! Laguntzailea.- Ondorengo ikerketei jarraituz... Inspektorea.- Koma... Laguntzailea.- Argi eta garbi jakin da aipatutako bonook gezurrezkoak zirela; eta, beraz, ohiko bideak erabiliz, bi gaizkileok eta berauon laguntzaileak salatzea erabaki da. Inspektorea.- Puntu eta kito. Giovanni.- Benetan ere izugarria da, gero! Inspektorea.- (Gura ez duela .) Koma... (Hanka sartzeaz ohartuz.) Zer dela izugarria? Giovanni.- Ba..., aberriko semerik prestuenak, aberriagatik beragatik odolusten ari diren bitartean, penagarria dela beste seme batzuk, lotsagabeenak, alegia, on itxurak eginez, ogia lapurtzen aritzea, nahiz eta ogirik onena ez izan; gerran gaudenez... Inspektorea.- (Burua galduta.) Isil hadi! Isilduko haiz? Ez iezadak giza eskubideen deklaraziorik egin. Hemen ez dik inork ere besteren itxurarik hartu. Nire sarjentu goren kuttuna, hemengo jantziak bene-benetakoak dituk. Giovanni.- Ez, sarjentu gorena ez, sarjentu soila baino, Inspektore jauna! Igoerarik gabe, ez dut gradu handiagorik behar. Hemen duzu nire uniformea. Zeuk ikusi zer nolako graduari dagokion. (Orman zintzilik dagoen jaka seinalatuz.) Inspektorea.- Beno, baina ekintzarako galoiren bat edo beste gehituko hioan, ezta? Giovanni.- Barka, baina, zein ekintzatarako? Inspektorea.- Hori duk eta! Hik egik tontoarena, primeran doakik eta. Benga, benga, erantzi ezak ohe jantzi hori eta mugi hadi, komisarioa zain diagu eta. Giovanni.- Hau ez da ohe jantzia, Inspektore jauna. Hau zoroetxean eman zidaten trajea da. Inspektorea.- Zoroetxean? Zein zoroetxetan? Giovanni.- A!, baina ez al zenekien? Begira, Inspektore jauna, egun izugarriak igaro ditut han barruan. Komisario jauna... Inspektorea.- Zer komisario eta komisario ondoko! Inspektorea! Giovanni.- Jakingo bazenu, Inspektore jauna, ikustaldiak, errebisioak, dutxa hotzak, elektroshockak... Eta dena apaiz jantzita aurkitu nindutelako. Inspektorea.- Apaiz jantzita? Giovanni.- (Armairutik ateratzen duela.) Bai, eta hemen dago sotana Oroigarri legez utzi didate. Inspektorea.- Aizak, gogoratu egin nahi diat, adarra jotzen ari bahaiz nonbait, zalaparta bedeinkatua izango diagula, e! Giovanni.- Barka Inspektore jauna, baina benetan uste al duzu nagoen moduan, amnesiko egonik, adarra jotzeko umorea dudala? Bost egun daramatzat ezer gogoratzen ez dudala. Beharbada, zeuk izango duzu arrazoia. Munduko gauzarik izugarrienak egin nitzakeen. Baina ikaragarriena da bat bera ere ezin dudala gogoratu, Inspektore jauna.(Bitartean beste polizia bat sartzen da etxera.) Inspektorea.- (Nahastuta.) Komisarioa!, eta ez inspektorea! Polizia.- O!, azkenerako! Zorionak! Inspektorea.- Zer dela eta zorionak? Polizia.- Graduz igo zarelako. Inspektorea.- Graduz igo? (Pozik.) Nork esan dizu? Polizia.- Zuk zeuk oraintxe bertan. Hitza zuzendu diozu "komisarioa" esanez. Inspektorea.- (Sutan.) Inspektorea! Giovanni.- Hara hor ba! Berriz ere lehengora, orduan. Usteak ustel eta ametsak amets. Polizia.- Inspektore jauna, komisarioak... joateko dio. Inspektorea.- Bai, berehala joango gara. Aizak, istorio hau bikarbonatoz ere ezin litekek irentsi. Nor engainatu gura duk? Ez al haiz konturatzen telefonoa hartzea nahikoa dela misterio hauek guztiak hankaz gora jartzeko? Giovanni.- O!, ja ez nau ezerk ere harritzen, Polizia Jauna... laguntzaile jauna... Inspektore jauna... gaur da eguna neska naizela esango balidate, sinestu egingo nukeena; gehiago oraindik, kortejatzeko ere hartuko zintuzket; baina, ez zara nire gustukoa. Inspektorea.- Benga, benga... kopla gutxiago eta manea hadi azkar, mugi hadi! (Sorbaldetatik heltzen dio.) Giovanni.- Alper alperrik zabiltza... nik zurekin ezin dut. Bikote txarra egingo genuke; buka dezagun lagun bezala. Polizia.- Laguntzaile jauna... (Zuzenduz.) Inspektore jauna, ez dut uste zertan manea behar duenik. Inspektorea.- Nola ez duela manea behar? Ez duzu nahi izango jefaturara itxura horrekin etor dadin, ezta? Polizia.- Ez, ez duela zertan manea diot, ze komisarioak dena geldiarazteko esan du. Inspektorea.- Dena geldiarazteko? Zer dela eta? Polizia.- Telefonoz deitu dugu legionarioen kuartelera... Galina sarjentua amnesiak jota grabe dagoela jakinarazi digute eta hiriko ospitale psikiatrikoan aurkitzen dela. Inspektorea.- Neu ere zorotzat jo nahi al nauzue? Nola esango dute, ba, ospitalean dagoela, berton badago? "Berton dago" esan dut. Begira biok ondo. Kaxkagorri.- Nik ere begira dezaket? Inspektorea.- Noski baietz, begira hik ere. Ikusten duzue? Kaxkagorri.- Mesedetxo bat egingo bazenit, apurtxo bat apartatuko bazina... Hori duk eta, holaxe. Eskerrik asko, orain ikusten dut. Giovanni.- Bai berton nago..., baina hona bart heldu nintzen. Neure emazteak eskatu die, eta berari esker etorri naiz. Inspektorea.- Kaka zaharra! Eta zer egin behar dugu orain? Duela hiru egun zoroetxean bazen, argi dago Veronan ezin zitekeela izan. Polizia.- Eta Kaxkagorri? Atrakatzaileetariko bat ile gorria zen. Inspektorea.- Kaxkagorri? (Farre eginez.) Ezta pentsatu ere! Kaxkagorri ez da ezer egiteko gauza. Kaxkagorri delako hau... zulotapatzaile bat besterik ez da. Kaxkagorri.- (Minduta.) A! Ez!, horrenbesterako ere ez da izango, ez dut uste zulotapatzaile soila naizenik. Inspektorea.- Isil hadi! Gainera mundu guztiak zakik, Giovannik izan ezik, inork ere ez duela hirekin lan egin nahi. Beraz, Giovanni ez bazuan Veronan, hi ere ez hintzen. Kaxkagorri.- Ez, Inspektore jauna, ez nintzen, ez. Inspektorea.- Beste talderen bat izango zen. Beno,... ez dakit zer pentsatu ere... antza gaurkoan erratu egin dugula eta joan egin behar dugula. Ala, goazen! (Badoaz.) Giovanni.- Agur, Inspektore jauna, asko sentitzen dut zure denbora galtze hau. (Poliziak irten egiten dira, baina ate ondoan geratzen dira entzuten. Giovanni konturatu egin da hortaz.) Kaxkagorri.- Baina Giovanni, nola egin duzu? Geu izan gi-... Giovanni.- Zuk zer nahi duzu? Uste dut argi utzi dizudala ez dudala nolanahiko laguntasunik gura. Zoaz hemendik! Kaxkagorri.- Baina, Giovanni, ni... zure laguna naiz, ez noa inora! (Poliziak sartu egiten dira bat-batean.) Inspektorea.- Giovanni, molestatzen ari bazaik neurekin eramango diat. Giovanni.- Ez, ez, utziozu. Azkenean pena hartu diot... Dagoela berton. Mila esker eta ikusi arte. Inspektorea.- Ikusi arte, Giovanni. Eta ahalegin hadi ez sendatzen, hobe izango duk eta. (Irten egiten da.) Kaxkagorri.- Baina, Giovanni, geu izan ginen Veronako atrakadoreak. Nola irentsarazi diok zoroetxean, eta ez Veronan, hengoen istorio hori? Giovanni.- A, ez. Ez zioat irentsarazi. Egia berdaderoa duk. Kaxkagorri.- Egia? Giovanni.- Hiretzat istorio hau ulertezina duk, toki aldaketa eta imajinak proiektatuz lortzen duk. Kaxkagorri.- Zer, zer? Zeren bidez? Giovanni.- Nork bere subkonszientearen borondatearen indarrez beste barruko horrek bere doblea lortzean zagok gakoa. Prestidigitadore nintzeneko trukoa duk. Medium legez egiten diat lan. Kaxkagorri.- (Liluratuta.) Medium legez? Giovanni.- Bai, mundu guztian zehar hiru edo lau baino ez gaituk izango hori egiten dakigunak. Bramaputra deitzen den indiar bat, Ingalaterrako erregea eta hirurok. Kaxkagorri.- Aizak Giovanni, entzudak! Delako doble hori nola sortarazten duan ikustea gustatuko litzaidakek. Giovanni.- Ez, orain ez diat gogorik, jantzi egin behar diat; kamioia jeneroaz batera erosi behar duen lukurreroarekin hitz egin behar diagu eta. Kaxkagorri.- Beno, baina baten baino ez baduk ere, zergatik ez didak uzten delako doble hori nola sortarazten duan ikusten? Hainbeste kostatzen al zaik? Giovanni.- (Atea zabaltzen du eta kanpora begiratzen du.) Utziok behingoz kontu horri! Gainera, goizean egin diat. Ospitalera bidali diat medikuarenera neure ordez joan dadin. Kaxkagorri.- Hori bai, hori! Eta bakarrik bidali al duk? Eta ez al duk desegiten? Giovanni.- (Logeletara doa, eskenatokitik desagertuz. Barrutik hitz egiten du.) Ez, gizona! Neure buru indarren kontrolpean zagok. Ni orain hirekin ari nauk hitz egiten, baina bien bitartean pentsamenduaz neuk gura dudan guztia agintzen zioat. Kaxkagorri.- 0, Giovanni, zelako burua duan! Deabrua bera baino ere maltzurragoa haiz! Eta orain, adibidez, zer agintzen diok? Giovanni.- Etxera sartu eta eser dadin agintzen zioat. Kaxkagorri.- Nora sartu? Giovanni.- Etxera, ezta? Kaxkagorri.- Zein etxetara? Giovanni.- Honexetara; begira atetik, nahi baduk. (Kaxkagorrik atea zabaltzen du eta ez du ezer ikusten. Adarra jo diolakoan barrura egiten du barrez. Bitartean Giovanni anmesikoa eta Luisa dira eskaileretan behera, eta etxera sartzen dira. Kaxkagorrik, doblea ikustean, lerdotuta, harrituta begiratzen dio.) Kaxkagorri.- Giovanni, deabrua berbera haiz! Halako ostirik! Nolako doblea, Giovanni! (Logeletara sartzen da, Luisa eta Giovanni amnesikoa egongelan utziz, zer gertatzen den ez dakitela.)(Argiak itzali egiten dira.) Iluntasuna HIRUGARREN ESKENA Club 69 izeneko taberna baten barruko aldea Kale zatitxo bat ere ikusten da eskenatokiaren eskuinaldean. Eskenatokian zerbitzari bat gauzak atontzen eta emakume bat kantuan ari den bitartean, lehengo inspektorea sartzen da Clubera. Emakumea.- (Tango doinuan kantatzen.) Gauero argi gorritan zure muxu bustiak bihotzean biltzen ditut sekula ez ahazteko; baina zu urruti zaitut, ez nauzu eskutan hartzen, desioak narama beste bat bilatzera. Guztia eskaini nizun begi beltz horien truke ez zenidan ezer buelta adio bat besterik; bakarrik nabil geroztik, ez daukat esparantzarik, joan zinen betiko, sekula ez itzultzeko. Giovanni maite zintudan inor ez bezalaxe, zeru bete izar zuri bildu nuen zuretzat; zertako hainbeste bihotz, laztan bat ez hartzekotan; agur gau beltz iluna, adio sekulako. Kamareroa.- (Konplizitate zeinuak.) Ongi, etorri gure Clubera, Komisario jauna! Komisarioa.- Ez, ez nazazu dei Komisario. Ni hemen Pietro naiz. Argi dago? Kamareroa.- Bai. Komisarioa.- Beno, armaturik al zaude? Kamareroa.- Bai, hemen daukat pistola. Komisarioa.- Ederto. "Bene", zu zeurera. (Brigada agertzen da.) Brigada.- Zorionak!, nire zorionik beroenak Inspektore..., barka, esan nahi dut, Komisario jauna! Oraintxe bertan jabetu naiz zure gradu igotzeaz. Utzidazu, behintzat, zorionak ematen lehenengoa izaten. Komisarioa.- Eskerrik asko, mila esker brigada. Bai, azkenean ere lortu dut. Asko kostatu zait, baina dagoeneko neurea da plaka. Brigada.- Ondo merezia duzu! Zure espedientea benetan ere distiratsua da. Komisarioa.- Bai, distiratsua, baina... akats batekin. Brigada.- Akats bat? Zein? Komisarioa.- Giovanni Galina. Duela sei urte nabil bere atzetik, eta ezin dut harrapatu, baina segur nago argitu gabe utzi ditudan hainbeste eta hainbeste kasuren egilea bera dena. Brigada.- Eta hain seguru egonda, zergatik ez duzu atxilotzen? Komisarioa.- Ezin dut. Veronako lapurreta izan zenetik, beti aurkitzen ditu koartadak, zein baino zein hobeak. Badira sei urte. Gogoratzen duzu? Erdi amnesiko ibili zen bolada horretatik beti froga dezake gertatutako ekintzetatik urruti ibili dela. Joan den hilabetean, adibidez, Palermoko Banku Nazionalean armen laguntzaz egindako lapurreta. Argazkiak erakutsiz, bost enplegatu eta hiru bezerok Giovanni Galina jotzen dute talde erasotzailearen burutzat. Ba, begira, egun eta ordu berean Milanoko zubi nagusitik uretara saltatzen du Cascanteko kondesaren txakurtxoa salbatzera; 500 pertsona baino gehiago ditu lekukotzat. Egunkarietan ere agertu zen! Baina, lasai..., atxilotzeko frogak lortu ditut azkenean. Eta oraingo honetan ez dit alde egingo. Beno, baina... non dago Termutxi? Dei iezaiozu! (Brigada deitzera doa eta berehala sartzen da berriz.) Brigada.- Ez duela sartu nahi dio, komisario jauna. Komisarioa.- Nola ba? Esaiozu berehala nire aurrean agertzeko. (Termutxi polizia, emakumez jantzita eta haserre aurpegiarekin sartzen da.) Brigada.- Termutxi! Komisarioak dei egiten dizu. Komisarioa.- Zer? Problemaren bat al dago? Termutxi.- Bai, komisario jauna. Ez nago batere ados jantziok erabili behar izatearekin. Dagoeneko gona hau modaz kanpo dago. Ja inork ere ez darama honelakorik, eta, gainera, zapatak eta brusa ez datoz ondo. A zer nolako piura daukadan! Komisarioa.- Ba, nire ustez, guztiz elegante zaude. Eta isilik eta kallando! Benga, egin dezagun azkenengo entsaioa. Egin itzazu "ibiltze" plantak.(Termutxi oinez hasten da, Brigada joan egiten da.) Komisarioa.- Ez, ez eta ez. Ea, zuk baduzu andregairik? Termutxi.- Bai, jauna! Komisarioa.- Eta, horrela al dabil? Termutxi.- Ez dakit. Beti daukat etxean zain. Komisarioa.- Bai, baina etxean ere ibili egingo da, ezta? Termutxi.- Bai, badaiteke, baina sekula ere ez dut ikusi. Komisarioa.- Nola ez duzula ikusi? Elbarria al da? Termutxi.- Ez, baina ohean daukat zain, heltzen naizenerako. Orain dela gutxi hasi gara eta, ... Komisarioa.- Hau duk hau, miseria! Nola halako aurpegia duen bakarra berau, eta ez du sekula emakume bat zutik ikusi. Gero, lekuz ez aldatzeko eskatuko didazue! Tira, jezar zaitez hemen!..., eta errepika ezazu nirekin batera. (Jezarri egiten dira. Komisarioak ahots finez egiten du berba.) Zerbitzari, dei ezazu zerbitzaria, arren! A! nolako egarria dudan. (Ahots normalez.) Gurutza itzazu hankak behar bezala. Termutxi.- (Emakume ahotsaz.) Gurutza itzazu hankak behar bezala. Komisarioa.- Ez ezazu papaoarena egin! Gurutza itzazu hankak behar bezala eta erantzudazu dagokidan tonuan! (Brigada sartzen da.) Brigada.- Komisario jauna, kanpoko poliziek zurekin hitz egin nahi dute. Komisarioa.- (Emakume ahotsaz.) Esaiezu dauden lekutik ez mugitzeko. (Brigada, harriturik, joan egiten da.) Komisarioa.- (Emakumezko poliziari zuzenduz.) Ikusi duzu nola pertsonaiarik ez dudan aldatu? Gertatzen dena gertatzen dela, beti eutsi behar diozu emakume izateari... (Berriz ere emakume ahotsaz.) O!, neure maitea!, zer egiten duzu hemen? (Ohiko ahotsaz.) Benga, erantzun dagokion tonuan. (Komisarioaren plantak egin nahirik.) O!, lagun batzuekin nago hemen. Komisarioa.- Ongi, orain badabilela dirudi; ederto. Termutxi.- (Faltsetean eta poxpolinarena eginez.) Eskerrik asko, komisario jauna! Komisarioa.- Aizu, ez nazazu dei komisario, Pietro baizik. Termutxi.- (Faltsetean.) Ez, ezin dut. Komisarioa.- Bai, ahal duzu, tentelori! Hemen komisario deitzen banauzu, gureak egin du; berehala antzemango digute. Ulertzen duzu? Termutxi.- (Pertsonaia alde batera utzi gabe.) O!, bai horixe!, ulertzen dut, Pietro! Kamarero Polizia.- Komisario jauna, ikuskizuna hastera doa. (Brigada ere sartzen da eta Pietro eta emakumezko poliziaren ondoan jezartzen da.) Anderea.- (Clubeko eskenatokian agertzen da) Eskerrik asko etortzeagatik. Zer?, gau ona pasatzeko prest? Leku aproposera etorri zarete. Musika, umorea, dantza... ikusi eta... dastatzeko aukera ere izango duzue. Umm!! piloa bildu gara gaurkoan hemen. Betikoak ikusten ditut: "Aupa, Tarino! Keai, Frantzio eta lagunak!; baina aurpegi berriak ere bai." (Komisarioari eta gainontzekoei.) Jaun andereak..., guk ere nobedadeak dauzkagu: zerbitzaria estrenatzen dugu. Hortxe duzue! Zerbitzari gisa desastre hutsa, baina osterantzean... primerakoa. Nik neuk egin dizkiot sarrera frogak. Tira, ba! Has gaitezen! Musika! (Txaloak. Anderea eskenatokira igotzen da. Komisarioa ere bai.) Komisarioa.- Eskerrik asko!, mila esker! Eta orain, jaun-andereok, sorpresatxo bat. Kafetegi honen zuzendaritzaren eskariz, gizarte-joko atsegin bat antolatuko dugu. Luisa.- (Andereari.) Zeu izan al zara ideia zoragarri honen sortzailea? Anderea.- (Komisarioari.) Nik ez dakit ezer. Benga, benga, jaitsi hortik pailazokeriak alde batera utzita, ez dut poliziarekin istilurik nahi eta. Komisarioa.- (Plaka erakutsiaz.) Zaude lasai, ez duzu istilurik izango. Polizia berton duzu. Anderea.- Komisarioa! Komisarioa.- Ongi, jaun-andereok, gustu handiz azalduko dizuet nor naizen... Ni Pietro komisarioa naiz; baina nire izena gutxienekoa da, joko hau zertara datorren jakitea da garrantzitsuena. Hala ere, ustekabekorik gerta ez dadin, esan behar dizuet nire gizonetariko batzuk daudela zuen artean eta beste batzuk etxe bueltan. (Emakumezko poliziari oihu bat ateratzen zaio.) Lasai, anderea, ez zaizu ezer gertatuko eta. Termutxi.- (Brigada seinalatuz.) Ez da beldurragatik, Pietro jauna, beste honek imurtzi egin didalako baino. Komisarioa.- Ez, jauna! Jokoaren helburua ez da andereak imurtzika hartzea, gure lagun Giovanni Galinari harrera atsegin bat eskaintzea baizik, ze badakigu honako joera duen bezero zintzo horietakoa dena. Nagusia.- Komisario jauna, lehenengo eta behin esan behar dizut nik ez dudala inolako zerikusirik kontu honekin. Komisarioa.- Begira nola zuritzen duen andereak ere bere burua. Bere lagun Galina gutxienez ere astean pare bat aldiz azaltzen zaio..., eta ez duela inongo zerikusirik! (Luisa sartzen da, alde guztietara begira, norbaiten bila bailebilen.) Komisarioa.- Zer, zu ere Giovanniren zain, Luisa? Ederto! Bi gara dagoeneko. Jezar zaitez hemen. (Clubeko jabearen ondoan jezartzen da.) Komisarioa.- (Clubeko jabeari.) Ongi, eta orain hasi egingo gara. Zu!, zoaz zeure lekura eta jarrai kantatzen; bestela, agur gure giroa. E.nagusia.- Eta zer kantatu behar dut, ba? Komisarioa.- Kanta zeuk nahi duzuna, baina mikrofono gabe, hau neuk behar dut eta. (Mikrofonoa hartu eta haria mahaipeetatik pasarazten du, emakumezko poliziaren ondoan jarriz.) Bat, bi! Bat, bi! Hau badabil! Jokoaren azken erregela. Giovanni agertzean, gizonezko bezeroek altxa bezate karta begiak estaltzeraino; honela! (Termutxiri.) Hik ez, lerdoorrek! (Denei berriro ere.) Horrela ezin izango dute jakin ahotsa nondik ateratzen den. Truko galanta, ezta? Tira ba, segi ikuskizunaz. Hemen ez da ezer gertatu; aurrera mutilak! (Argiak zertxobait itzaltzen dira. Luisak kantatzen uzteko eskatzen dio jabeari. "Arrain usaina" kantatzen dihardu. Azken bertsoa amaitzerakoan, Giovanni eta Kaxkagorri agertzen dira ezker aldetik. Kalean daude, Clubeko ate baten aurrean, eta kanta entzun egiten dute.) Luisa.- (Kanta: Arrain usaina) Arrain usainaz abijatuta katu baltzak heldu dozak buztana luze, uleak tente a zelako pizti motzak. Juerga gogoa ekarri jabek sagu artera arrotzak; gehienak berton egonagatik kanpoan be bajagozak. Gozotasunik etxuek bape hemengo zeron musturrak meriendatzeko nahi jeuriezak sagu koittauen hazurrak. Itxuraz onak agertu arren ekintzarako maltzurrak; batek etxakik zer klase diran katuak ala txakurrak. (Kalean) Kaxkagorri.- Hi, Giovanni, entzun! Luisa ari duk... Giovanni.- Isilik! Ezta hitzik ere! Kaxkagorri.- Zer pasatzen duk, ba? Giovanni.- Hago isilik, koño! Eta utzidak entzuten. Ulertu al duk esan duena? Kaxkagorri.- Bai horixe! Eta oso ondo, gainera. Giovanni.- Zer esan du, ba? Kaxkagorri.- Zer ba, hik ez duk ulertu, ala? Giovanni.- Esadak berriz ere kantaren letra. Kaxkagorri.- Bai, bai..., ba, kantak zera dio: "Ba, delako toki horretan dauden piztiok ez direla guztiz atseginak eta meriendatzeko sagu hezurrak nahi omen dituztela. Hala ere, ez omen dago argi katuak ala txakurrak diren". Barka, baina nire ustez nahikoa argi dago. Sagu hezurrak nahi badituzte, seguru katuak direna. (Giovannik ostidada bat ematen dio.) Giovanni.- Hi bai, hi, bahaizela nahikoa katu. Eta non uzten dituk "txakurrak"? Zer esan nahi dik hiretzat "txakur" hitzak? Kaxkagorri.- A, bai, polizia ere esan nahi dik. Baina ez dik zerikusirik. Giovanni.- Ez duela zer ikusirik? Kaxkagorri.- (Orduantxe kontuan jausiz.) Zein pepelerdoa naizen! Horixe duela zerikusia! Zuloan sartu garela esan nahi digu. Giovanni.- Hori duk eta! Bai, jauna! Kaxkagorri.- Kaka zaharra! Baina nik ulertu badiat, poliziek ere ulertuko ziaten hik eta nik ulertu duguna! Giovanni.- Ez, hago lasai!, horiek ez dituk enteratu ere egiten eta. (Jaka eta eskularruak erantziz.) Trankil, hemen inoiz hutsik egiten ez duen zerebroa zaukaagu eta. Benga!, bila ezak belar edo galtzu apur bat. Kaxkagorri.- Zertarako? Giovanni.- Egik esandakoa! Titiriteroekin hortik zehar ikasitako truko polit bat erakutsiko diat. (Ozenki.) A!, traidorea! Heuk salatu nauk! Kaxkagorri.- (Beti bezala, bere lagunaren asmoak ulertzeko berandu.) Hi,Giovanni, adarra jotzen ari haiz, ezta? Giovanni.- Ez, ez nauk inongo adarrik jotzen ari.(Ahopeka.) Emadak alanbrea... (Berriz ere ozenki.) Ezagutu dudan piztiarik higuingarriena haiz... (Ahopeka.) Lortu iezadak hogei bat zentimetroko ohol zati bat... (Ozenki.) Halako laguna haiz hi! Benga, atera ezak pistola! Kaxkagorri.- Baina, Giovanni!, zoratuta al hago? Giovanni.- Benga, mugi hadi, ez diagu denborarik galtzeko eta. Kaxkagorri.- A!, bai, bai, ulertzen diat. (ozenki) Zein, zein duk higuingarria? Giovanni.- Heu, heu haiz higuingarria. Kaxkagorri.- Ni? Ni higuingarria? Giovanni.- Bai, heu, heu. Kaxkagorri.- A, bai, e? (Ahopeka.) Giovanni.- Eta orain zer esango duk?, Giovanni lerdoori?(Eskuinetara bidaltzen du ostikada bat emanez.) Kaxkagorri.- A!... Nor, nor dela lerdoa? Kontuz edozer esatearekin, e? Badakik? (Kanpoan, kalean, hau gertatzen den bitartean, barruan, Clubean, beste joko bati ekiten diote. Hasieran, Luisak kanta amaitzean, ligatzen hasten dira guztiak, emakumezko polizia bakarrik eta haserretuta utziz. Gero, oihuak hasten direnean, karpetaz estaltzen dituzte aurpegiak eta belarria eta gorputz osoa aterantz bueltatzen dute, batez ere kanpoan ahopeka hitz egiten dutenean.) (Clubean.) (Zerbitzaria atera doa eta kanpora begiratzen du.) Komisarioa.- Giovanni al da? Kamareroa.- Bai, bera eta Kaxkagorri. Komisarioa.- Eta norekin ari dira borrokan? Kamareroa.- Euren artean. Komisarioa.- Elkar hilko balute, sikeran! Horrela lana aurreratuko ligukete Kamareroa.- Badatoz! (Kamareroa bere lekura doa. Luisak abisua eman nahi dio Giovanniri, baina poliziek galarazi egin diote eta neska biak Clubetik ateratzera behartzen dituzte. Eskenatoki atzeko atetik ateratzen dituzte. Berriz jezartzen dira, eta aurpegiak estaltzen dituzte. Kanpoko oihuak entzuten dira oraindik.) Kaxkagorri.- Tira aurrera! Mugimendurik txikienean zerraldo utziko haut! Giovanni.- Lasai, oraindik ez nauk mugituko eta. Baina jakin ezak nire prozesurik ez duala ikusiko, hantxe egongo haiz harrekin zuloan usteltzen! Kaxkagorri.- (Ostikada batez atea zabalduz.) Barrura!(Kaxkagorrik Giovanniri zuzendutako pistola bat eskuartean duela sartzen dira, eta Giovanni eskuak atzean lotuta.) Giovanni.- Begira nolako dardara duan! Oraintxe ulertzen diat zergatik ibili haizen arratsaldean hona etorri behar dugula esan eta esan, txibato higuingarriori! Kaxkagorri.- Ez mugitu eskuak, edo, bestela, zerraldo utziko haut berton. Hemen duzu, Komisario jauna, dena da zeurea! Baina meritua neurea, ezta? Animo, Komisario jauna! Zatoz laguntzera. Komisarioa.- (Bere ahotsa mikrofonoz bakarrik ateratzen delarik.) Oso ondo, Kaxkagorri! Joko polita! Komisarioa, besterik gabe, jaiki egiten duk, heugana zoak, hik tiro bat ematen diok, eta kitto, ezta? Kaxkagorri.- Zergatik hori? Nik tiro egiten badizut, neu ere zulatu egingo naute. Zer uste duzu zuk, ba, ez dakidala mahai batean bai eta bestean ez... sei tiroko pistolaz hornitutako lagunak dituzuna, ala? Komisarioa.- Hori duk eta! Eta kanpoan daudenak kontatu gabe. Badakik: ezer egiten baduk, zozoa nabo artean bezala hartuko haute. Kaxkagorri.- Kaka zaharra! Horrekin ez nuen kontatzen. Komisarioa.- Eta orain laga ezak pistola hori kontuz-kontuz, amaitu duk ikuskizuna eta. Kaxkagorri.- Giovanni, hau gu baino zuhurrago zabilek. Zer egin behar diat orain? Giovanni.- Eta zer nahi duk egitea? Bota ezak pipatzar hori; inoiz harrapatzekotan, oraingoan bai harrapatu gaituztela. Komisarioa.- Eskerrak arrazoitzen hasi zaretena. Bota ezak pistola hori behera! (Kaxkagorrik bota egiten du.) Emaiok ostikada bat!(0stikada ematen dio eta pistola emakumezko poliziaren hankartera doa. Honek ohiko zaratatxoa egiten du.) Ederto! Ez dadila mugi inor! Mahai horretan daude eskuburdinak! Kaxkagorri.- A, bai, berton daude. Zer egin behar dut hauekin? Komisarioa.- Badakik nola erabiltzen diren, ezta? Jar iezaizkiok hire lagunorri atzetik eskurik kendu gabe. Baina kontuz, e!, lehen tontakerian lau kargadore edo izango dituzue gainean eta. Kaxkagorri.- (Egin egiten du.) Listo, Komisario jauna. Besterik? Komisarioa.- Bai! Jar itzak eskuak buru gainean. Orain itzul hadi aterantz. Oso ondo. Eta orain, azkenean, nor nor den argituko diagu: Carleti brigada; (Brigada eskuan pistola duelarik altxatuko da.) Stefanio polizia.-"zuen zerbitzurako..."-. (Hirurak guztiz altxatu baino lehen, Giovannik jakapetik izugarrizko tiro hotsa ateratzen du. Bi poliziak eta komisarioa zerraldo erortzen dira. Zerbitzari-polizia momentu horretan atzez dagoen Giovanni tirokatzera doa, baina Kaxkagorrik, kapela kenduz, buruan daraman pistola eskuratzen du eta tiro egiten dio. Orain konturatzen gara nola Giovannik atzean lotuta daramatzan eskuak ez diren bereak, jaka mangez, belarrez betetako eskularruez, ohol zatiz eta alanbrez sostengatutako ordezkoak baizik. Bitartean, bere benetako eskuak ateratzen ditu gerribueltatik, pistola banaz hornituta.) Giovanni.- Eta hiru. Dena dela, komisarioak lau kargadore zirela esan du, eta, oker ez banago, hemen bat falta zaigu. Ea, morrosko!, nahikoa joko erabili diagu eta ager ezak burua, ez zaik ezer gertatuko eta. Termutxi.- Uzten badidazue...(Altxatu egiten da.) Giovanni.- Esadazu, ederrori; ba al dakizu ezer laugarrenaz? Termutxi.- Bai, Giovanni jauna, neuk dudala laugarren kargadorea. (Aldean daraman poltsatik egiten du tiro, baina balak airean gelditzen dira. Giovannik mugimenduei antzeman die, eta Kaxkagorriren oinetara botatzen du bere burua, hau ere, tiro egiten duen bitartean, lurrera botaz. Emakumez mozorrotutako poliziari benetako emakume oihua ateratzen zaio, eta zerraldo erortzen da. Hiltzerakoan halako kexu guztiz maitakor bat kanporatzen zaio.) O!, Pietro! Kaxkagorri.- Izorrai! Hau duk hau egin duguna! Ederra egin diagu, Giovanni! Hemendik aurrera polizia guztia heure atzetik ibiliko duk. Giovanni.- Lasai, gizona; oraindik aurkituko diat koartadaren bat. Kaxkagorri.- Baina nola? Hau ez zegoan prestatuta eta amnesikoa ez diagu bidali koartada egitera! Giovanni.- Ez, oraingoan ezberdina izango duk. Oraingoan argi eta garbi zagok Giovannirena izan dela ekintza eta polizia guztiak bilatuko duela, baina ez denbora luzez. Kaxkagorri.- Zergatik? Nekatu egingo dituk ala? Giovanni.- Ez, lerdoori! Aurkitu egingo naitek. Luisa.- (Eskenatokian agertzen da.) Zertan ari zarete? Ez ezak amnesikoa kontu honetan nahastu. Giovanni.- Haor, berriz ere heure amnesiko maite hori dela eta ez dela negarrez. Benga, utz nazan bakean, eta begira txakurradarik datorren. Giovanni.- (Kaxkagorriri ahopetik.) Laster aurkituko naitek, eta ondo hilda, gainera. Hiletak egiten dizkidaten bitartean, Frantziara joango gaituk oporralditxo bat pasatzera. Kaxkagorri.- Hil egingo haiz, ala? Eta nola joango haiz, ba, Frantziara, zerraldo bahago? Giovanni.- Hago isilik, lerdoori!, hilko dena bestea duk, amnesikoa. Luisa.- Giovanni! Polizia dator! Giovanni.- Agudo! Hemendik beste irteera bat zagok! Goazen! Iluntasuna LAUGARREN ESKENA Ileapaindegi edo bizartegi baten barruko aldea Ileapaintzailea, ohiko bataz jantzirik, hara hona, gauzak antolatuz. Kaxkagorri eta amnesikoa sartzen dira. Kaxkagorri.- Tira! sar hadi, ez zaik ezer gertatuko eta, beldurtiori! Amnesikoa.- Baina... nora naramazu? Kaxkagorri.- (Ileapaintzaileari.) Kaixo, Angelo! Hemen zakarreat gure lagun amnesikoa. Angelo.- (Labana bat erakutsiz.) O!, Ederto! Bizarra kenduko diogu ezta? Kaxkagorri.- Lasai, Angelo; ez duk horretarako. Giovannik berarekin hitz egin nahi dik. Amnesikoa.- Zer ari zarete prestatzen? Zer nahi duzue estali oraingoan nire kontura? Kaxkagorri.- Giovannik azalduko dik. Benga!, sartu gela honetara! Amnesikoa.- Baina... Kaxkagorri.- Sartzeko!, eta lasai egon Giovanni etorri arte. (Ate batetik sartzen du.) Kaxkagorri.- (Angelori.) Itxi ezak atea. Angelo.- Zer, beste koartadaren bat prestatzen? Kaxkagorri.- Bai, baina hau betiko, ikusiko duk! Angelo.- Zer, komisarioarena dela eta? Ederra eman diozue, ezta? Bai potroak, Giovannirenak! Kaxkagorri.- Giovannirenak eta neureak, ez ahaztu! Beno, egidak bizarra Giovanni datorren bitartean. Angelo.- (Tresneria guztia erakutsiz.) Nola ez! Nola nahi duk? Kaxkagorri.- (Izututa.) Ei!, ei!, lasai! (Beltzez jantziriko hiru gizon eta Giovanni sartzen dira.) Pinin.- Egunon, Angelo..., Kaxkagorri. Karburo.- Egunon! Ruletti.- (Eskutan egunkari bat duela.) Joder, Giovanni, hirea bai ospea! Egunkari guztietan agertzen haiz. Entzun: "Pietro komisarioa eta bi polizia larriki zaurituak Giovanni Galinak egindako enboskada batean". Giovanni.- Bai, ospetsuegia nire gusturako. Baina laster ahaztuko dira nitaz. Bihar nire hiletaren berri emango dute egunkariek. Kaxkagorri..., ekarri al duk amnesikoa? Kaxkagorri.- Bai, hortxe zagok. Giovanni.- Ondo. Berehalaxe nauk zuekin. Azkenengo kolpea prestatu behar diagu, eta gero... oporretara! (Gelara sartzen da. Amnesikoa eta Giovanniren ahotsak ateratzen dira, besteak, atearen alboan jarrita, entzuten ari diren bitartean.) Giovanni.- Egunon, amnesiko! Amnesikoa.- Zertarako ekarri nauzue hona? Giovanni.- Zer ba, ez hago pozik gurekin, ala? Ondo zaindu haugu sei urte hauetan, ezta? Amnesikoa.- Utz nazazue bakean! Giovanni.- Bai, Jaungoikoaren bakean! Amnesikoa.- Giovanni, zer egin nahi duzu pistola horrekin?... Giovanni, ez!! Giovanni.- Geldi hadi! Amnesikoa.- Eeez! POUMMM! (Tiro hotsa entzuten da. Ate alboan, hunkituarena eginez, kapelak eranzten dituzte.) Angelo.- Goian bego. Karburo.- Amen. (Barre egiten dute. Giovanni ez da oraindik irten.) Kaxkagorri.- Giovanni, amaitu al duk? Giovanni.- (Kanporantz datorrela.) Bai, bai, eginda dago. Pinin.- Beno, Giovanni, esan, non izango da opor aurreko kolpea? Giovanni.- (Duda-mudatan apur baten egon ondoren.) Ez, ez dugu lapurretarik egingo. Guztiok.- Nola? Giovanni.- Entzun, eser zaitezte, eta entzun! Orain arte bakoitzak bere aldetik egin dik lan, eta inoiz konpetentzia ere egin zioagu elkarri. Hik Karburo, esate baterako, joan den hilabetean hiru kotxe lapurtu dituk, eta denbora berean Pinin eta bere taldekoek hamahiru lortu dizkitek. Bat-batean hamasei kotxe gutxiago merkatuan. Eta zein duk ondorioa? Ba, askoz ere merkeago saldu behar izan dituzuela, eta azkenean, Karburok berak ezagutzen duen esparrutik kanpo saldu behar izan dituela eta, eskua ezarri diotela. Karburo.- Horixe duk! Baina nork agindu ziek pepelerdo hauei konpetentzia egitea, kotxe kontua betidanik neurea izan baduk? Berauok dituk merkatua izorratu dutenak. Pinin.- Eta zer gura duk egitea ba, Ruletti eta bereak kartera bilketan, zera..., nire negozioan saiatzen badituk? Ruletti.- Egik gura duana! Pinin.- Kabroiok!, ogia kentzen didazuela! Giovanni.- Utziozue horri eta entzudazue! Ez zaituztet hona deitu boxeoan aritzeko..., burua erabiltzen ikasteko baino. Eta orain zaudete adi, bestela Kaxkagorri xaxatuko dizuet! Kaxkagorri.- (Harro-harro.) Eta orain isilik; bestela, xaxatu egingo nau eta. Giovanni.- Orduan, goazen harira! Bakoitza bere aldetik arituz orain arte tontakeriak baino ez ditugula egin ohartuta, une honetatik aurrera kooperatiba bat egingo diagu. Guztiok.- Kooperatiba? Ruletti.- (Denek egiten dute barre.) Gaizki ulertu ez badiat, hik halako lapurren sindikatu bat edo antolatu nahi duk. Giovanni.- Ez zioat graziarik topatzen txisteari; hala ere, nahi gabe, nahikoa hurbil jo duk. Benga!, erantzun azkar: zein duk hire etxe inguruan lanik gehien egiten duen garajea? Karburo.- Beno, Scalari kalean eta bere inguruetan dagoena. Zergatik galdetzen didak? Giovanni.- Zergatik galdetzen diadan? Kaxkagorri.- Horixe, zergatik galdetzen diok? Giovanni.- (Kaxkagorriri berriz ere hanka zapalduz.) (Karburori.) Ez al haiz konturatzen garaje hori beti toperaino dagoela hain zuzen ere, heure lan zoragarria dela medio, inor ez delako ausartzen kotxea kalean uzten? Kaxkagorri.-(Giovanniren kolpea datorrela ikusita, berak jotzen du bere burua.) Eta papao hanek kotxeak lapurtzen ziharduk... Giovanni.- Hago geldi pare bat hilabetean. Zer gertatuko lukek? Kaxkagorri.- Zer gertatuko lukek? Giovanni.- Gertatuko litzatekeena zera duk: ostera ere kotxedunak fidatu egingo lituzkek eta garajeko dirua aurreratzearren kotxea kalean utziko liketek. Kaxkagorri.- Eta garajeko nagusiak gerrikoa estutu behar. Giovanni.- (Kaxkagorri harropuztu egiten da.) Oso ondo Kaxkagorri! Behingoz iltzean eman duk! Karburo.- Konforme, baina nahiz eta garajeko nagusi horrek gerrikoa estutu edo zabaldu, guri zer? Zer axola ziguk guri? Zer duk guk irabazten diaguna? Guztiok batera.- Horixe! Guri zer? Giovanni.- Ezer ere ez, baina heldu zaiguk geuri ere probetxuren bat ateratzeko ordua. Lapurretan jarrai dezagun nahi baditek, lapurreta bakoitzagatik honenbesteko bat ordaindu beharko zigutek. Eta ez jabegoa dutenek bakarrik, baizik eta guk egindako lanaren poderioz poltsikoak ongi betetzen dituzten beste horiek ere bai, ze gu ez bagina gosez hilko lituzkek. Adibidez, lapurreten kontrako sarraila egileek, ate blindatuak egiten dituztenek, alarma saltzaileek... guztiok ordaindu beharko zigutek. Guztiok.- Bai, arrazoia duk! Giovanni.- Ongi, orduan nor dator honetan bat. Guztiok.- (Guztiak eskuak jasota.) Neu, eta neu, neu ere bai! Giovanni.- Oso ondo, deabrukumeok. Eta orain lanera, geure Konstituzioa egin behar diagu. Angelo.- Halakorik!, geuk ere Konstituzioa diagula! Pinin.- Baina gobernuak berak ere ez badik praktikan jartzen Konstituzioa. Nola deabru egin genezakek guk, eskuluzeok? Barrez lehertzekoa lukek!(Guztiok egiten dute barre.) Kaxkagorri.- Zaudete isilik presidentea ari denean! Giovanni.- Bai, sindikatuaren konstituzioa egingo diagu. Eta maskarak erabili ere bai. Guztiok.- Maskarak! Giovanni.- Horixe, maskarak! Bere burua erakunde sekretu batetako bazkidetzat jotzen duen edozeinek eraman behar dik maskara. Eta jefeak jantzi beltza. Kaxkagorri, bila itzak! (Kaxkagorri joan egiten da.) Hi, Angelo, egin ezak pankarta bat! Pinin, grebaren berria zabaltzeaz arduratuko haiz! Hi, Karburo, antola itzak piketeak. Inork ez dezala ezer lapurtu! Inor lapurretan harrapatzen baduk, emaiok gogor! (Kaxkagorri kutxa eta sotana batekin sartzen da.) Kaxkagorri.- Sotana ederra. Oraintxe lapurtu diat! (Karburo, hau entzutean, Kaxkagorri jotzera doa.) Giovanni.- Ez, ez, utzi! Azkenengo lapurreta izan dadila! Kaxkagorri.- (Kutxa zabaltzen saiatuz.) Kaka zaharra! Itxi egin zaidak... eta ez zaukaat giltzarik! Karburo.- Ekar ezak hona eta berehala izango dizkigu maskarak kanpoan. Angelo.- Ken itzak eskutzarrok hortik. Bakoitzak berean zakik, ezta? Sarrailak Angeloren kontua dituk; zerbaitengatik deitzen naitek "eskufin". Begira!, alejop!..., eta zabalik. (Kaxkagorrik banatu egiten ditu sudur maskarak.) Giovanni.- Ederto! Jar itzazue eta bota itzazue pistolak, gaurtik aurrera ez dizkiagu erabiliko eta. Aurrerantzean ez duk izango hilketarik, bakea eta osasuna bakarrik. Jarri gaitezen zutik eta gogora dezagun egun fatidiko hau: 1925eko maiatzaren 23a, gure fundazio eguna! (Zutik jartzen dira eta pankarta ateratzen dute: Lapurrak greban! Gora lapurreta!) Guztiok.- Gora lapurren sindikatua! Gora gu eta gutarrak!, emeak eta arrak! Gora hanpako langileria! Gora lapurren mugimendua! (Kantatu ere egiten dute.) Iluntasuna BOSGARREN ESKENA (hasiera) Komisaldegia Komisarioa susmagarri bat galdekatzen ari da. Komisarioa.- (Ostikada bat emanda lurrera botatzen du.) Astazakilori! Ez iezadak istoriorik kontatu. (Beste kolpe bat.) Hori barregura ematen duen koartada duk. Susmagarria.- Baina benetan ere egia dela jauna, ez dizut gezurrik esaten. Atzo arratsaldez bitxitegi hartan ari nintzen lapurretan, hain zuzen ere. (Kolpeak eta ostikadak.) Komisarioa.- Gezurretan ari haiz! Pare bat hilabete baino gehiago duk inolako lapurretarik ere egiten saiatzen ez haizena.(Masaia antzeko kolpe arinak.) Eta zer dituk lan kontratu hauek? (Mahai gainera orri piloa aterata.) Non jarriko dizkiagu? Susmagarria.- Gezurrezkoak dira, atzea gordetzeko dira. Komisarioa.- (Kolpeak eta ostikadak bata bestea baino handiagoak. Susmagarria airean darabilte, baina badirudi ez diola axola.) Hemen gezurrezko bakarra heu haiz. Gezurrak esateari uzten ez badiok, neuk emango diat atzean! (Ostikada bat.) Kontratu hauek egiazkoak dituk. Beno, esadak egia; bestela, berton akabatuko haut eta. Esango al didak zertara datorren kontu hau? Nola daitekek duela zazpi hilabetetik hona guztiok bat-batean lanari uztea? Susmagarria.- Baina... azkenengoz atxilotu ninduzunean, zuk zeuk esan bazenidan noizbait burua bere tokian jartzeko sasoia banuela! Nik zeure esanari egin diot jaramon. Komisarioa.- (Ostikada bat ematen dio, baina berak hartzen du min hankan.)Nahikoa duk! Ai! Ai! Ai! Neure onetik atera behar nauk.(Makinaz idatzitako orri batzuk agertzen ditu.) Kotxe lapur ezagun bat kalegarbitzaile sartzen duk..., beste eskuluze hau postari, Ruletti esnezale eta beste honek txakurzain izateko eskabidea egiten dik. Berrehun lapur baino gehiago behar bezala lanean. Esango didak nora gura duzuen heldu? (Huts egiten duen beste ostikada bat. Aulkiari ematen dio.) Ai! Ai! Ai! Susmagarria.- Zer esan gura duzu? Komisarioa.- Lasai hadi, Pietro, lasai hadi! Nik bazekiat nora heldu gura duzuen. Eta onena zera duk, ministeritza bera ere konturatu dela... Matxinada ondorengo ohiko lasaialdia dela ziotek. (Beste ostikada bat.) Jende berria atzera botatzen zigutek eta behar baino lehen erretiratzen gaitiztek. Susmagarria.- Pena handia hartzen dut, jauna, zuk gure erruagatik lana galtzeaz. Komisarioa.- Ez ezak plantarik egin! Gainera, uste diat hortxe dagoela gakoa, geure lana eragoztean. (Beste kolpe bat.) Eta gu hemen lau katu baino ez garenean... (Beste kolpe bat, baina berak hartzen du min.) Ai! Ai! Ai!... Zuok guztiok berriz ere negozioetara. Eta berriz polizia antolatu orduko, telefonoetako fitxak ere lapurtuko dituzue. Susmagarria.- A, hori al da? Ez da batere tontoa apaiz hori, e? Komisarioa.- Zein apaiz? Susmagarria.- Atzo arratsaldez bitxitegian lapurtzea galarazi zidana. Komisarioa.- Adarra jotzen, ezta? Susmagarria.- Baina zergatik ez didazu sinesten? Duela bost hilabetetik hona lapurreta bat egitera noan bakoitzean, delako apaiz hori agertzen da eta, kitto!, dena bidaltzen dit pikutara. "Hi eskirol bat haiz" esaten dit, "hire anaia guztiak greban eta hi lapurretan". Komisarioa.- Eta zer apaiz mota duk, ba? Susmagarria.- Ez dakit, baina apaiz langile horitako batek izan behar du, aurki. Ez du klase kontzientziaz eta sindikatuez baino hitz egiten. Bera da lan kontratua eskuratu didana. Komisarioa.- Halakorik! Sinestekoa denik ere beste hainbeste! Baina ba al dakik nola deitzen den, edo eta zein parrokiatan dabilen? Susmagarria.- Ez, sudurtzar itzela duena besterik ez dakit... Izugarrizko sudur zatia..., kartoizkoa ematen duena. Komisarioa.- Kartoizko sudurra? (Polizia bat sartzen da.) Polizia.- Komisario jauna, apaiz bat dago hor zurekin hitz egin nahi duela eta... Arraro samarra da... Nolako sudurtzarra duen! Komisarioa.- Kartoizkoa? Polizia.- Ez dakit, ez baitiot ukitu. Komisarioa.- Sar dadila, benga, bizkor! Polizia.- Aurrera, apaiz jauna! Giovanni.- (Apaiz jantzita eta inauterietako sudur handi horietako bat aurpegian duela.) Egunon, komisario jauna! Susmagarria.- Baina bera bada! Zer moduz, Bipergorri jauna? Komisarioa.- Astakirtenori! Baina ausartu ere egitea... (Beste kolpe bat ematen dio, baina honetan ere berak hartzen du min.) Giovanni.- Zaude trankil, utzi bakean... Ohituta nago sudurra dela eta ez dela eztenkadak hartzen; dagoeneko ez nau batere sumintzen. Guztiek deitzen naute Bipergorri. Komisarioa.- Eser zaitez, lasai! Zeuri buruz ari ginen, hain zuzen ere... Egia al da pepelerdo hau bitxitegi horretan eskua luzatzen harrapatu zenuela? Giovanni.- Ez! Susmagarria.- Bai! Giovanni.- Ez, ez, artean ez zion eskurik ezarri ezeri. Beharbada, garaiz geratu ez banu, egin zezakeen. Dena dela, ezer egin ez duelako testigantza garbia eman dezaket. Horrexetarako etorri naiz, hain zuzen ere. Komisarioa.- Beraz, egia da zeu zarela hor zehar lapurretaren kontra propaganda egiten ari den hori! Susmagarria.- Bai, bera da! Giovanni.- Bai, zer? Oker ote nabil? Komisarioa.- Ez, guztiz kontrakoa..., baina..., beno, zera esan gura dut..., ulertu behar didazu jauna..., greba madarikatu hau hasi denetik, lapurrak sindikatu direnetik... Giovanni.- Ba al dago legeren bat lapurrak lapurretara behartzen dituenik? Komisarioa.- Ez, ez, baina jar zaitez neure lekuan, zoratzeko modukoa da. Greba madarikatu hori hasi denetik, ez dago egunik norbait zerbait erreklamatzera ez datorrenik. Giovanni.- Lapurretarik ez dagoelako? Polizia.- (Barrura sartuz.) Komisario jauna! Komisarioa.- Zer gertatzen da? Polizia.- Aseguratzaileen Elkarteko abokatu jauna. Komisarioa.- Txori mokoa duen hori? Polizia.- Bai, baina oraingoan ukitu egin diot..., ez da kartoizkoa. Komisarioa.- Sar dadila! Zertaz ari nintzen? Susmagarria.- Joan naiteke, Komisario jauna? Komisarioa.- Bai, joan hadi. Giovanni.- Ni ere joan naiteke? Komisarioa.- Apaiz jauna, zu ez, zu gelditzea gura nuke. (Abokatua sartzen da.) Abokatua.- Barka, traba egiten dut? Komisarioa.- Aurrera, aurrera, abokatu jauna. Belaunika zaitez. (Abokatua harrituta, baina egin egiten du agindutakoa.) Beno, abokatu jauna, baina zertan ari zara? Har ezazu aulki bat eta eser zaitez, egin dezagun berba lasaitasun guztiaz... (Aurkezterakoan.) Bipergorri apaiz jauna!... O!, barka... Giovanni.- Ez, ez, ez da ezer. Abokatua.- Agur t'erdi! Ni Maurino abokatua. Komisarioa.- Beno, abokatu jauna, zer berri dago? Abokatua.- Ongi, ba, begira, egoera berezi honen ondorioak dira... bankuek esan dute lapurreten kontrako urteko diru kopururik ez doazela ordaintzera. Gauzak dauden moduan ikusita, dirua alperrik galtzea dela diote. Komisarioa.- Eta parte batera arrazoia dute. Duela bost hilabetetik hona ez da inolako mugimendurik somatu. Atzo, Bergamon, bizikleta baten lapurreta salatu dute. Beno, zoratuta legez zebiltzan guztiak... Justizi ministrariak ere telegrama bat bidali zidan zorionak emanez. (Barre egiten du.) Egunkari guztietan azaldu zen, serioenetan ere bai; gainera, lehen orrialdean eta letra larriz. Eta azkenerako, zer da kontua eta, Lejarreti deitu burutik egindako zoro baten kontua izan omen zen... Eta, gainera, bere bizitza guztian ere ez omen da bizikleta baten jabe izan. Abokatua.- Honela ezin dugu, Komisario jauna. Zerbait egin beharra dauka berorrek. Komisarioa.- A!, bai? Ja, ja, barregarria benetan! Prentsa Elkarteko presidentea etorri zait. Zerbait egin behar nuela erregutzen zidan behin eta berriz, ze ez omen dute inolako gertakaririk eta egunkari guztiak omen doaz hankaz gora... Beraz, gertatu behar zena gertatzen ari omen da; lanik ez eta, jendea kaleratzen hasi omen dira. (Barre egiten du.) Gero, Lapurreten Kontrako Aparailuen Industri Elkarteko ordezkaria etorri zait; ondoren, detektibe pribatuen sindikatuko idazkaria; jarraian, txakur zaintzaileak hazten dituzten sindikatukoak; gauzainak; garajeetakoak... Enkubridoreen sindikatukoak baino ez dira falta hemendik agertzeko, eta, horrela, guztiok geundeke batera! Baina zer da lortu nahi duzuena? Neu lapurretan hastea? Giovanni.- A, ez jauna! Zuk ezin duzu; horixe bai litzatekeela eskirola izatea. Abokatua.- Barka, apaiz jauna, baina zuk zer egiten duzu kontu honetan? Giovanni.- Jakingo bazenu! ... Atxilotu Ohiaren Etxeko zuzendaria naiz. Komisarioa.- Zein etxetako zuzendari esan duzu? Giovanni.- (Jarraitzen du abokatuari zuzenduaz.) Atxilotu Ohiaren Etxeko zuzendaria; eta, jakin dezazun, nire eginkizun sakratua segidan azalduko dizuedan honetantxe datza, hain zuzen ere: lapurrak gizarte honek eskaintzen dituen ondasunetan partaide izatean. Argi dago? Komisarioa.- Lasai zaitez, apaiz jauna! Horrela haserretzeak zure sudurrari kalte egin liezaioke. Giovanni.- (Hunkituta.) Lapurretan oinarritu eta horri esker aurrera egiten duen gizartea eraikitzen dugu, eta gero ezin ditugu bere ondorioak jasan. (Abokatuari eskuak gainean ezarriz.) Kanpora! Kanpora! Espekulatzaile madarikatuok! Abokatua.- (Irten egiten da.) Baina, baina... Hau erotu egin zaigu! Komisarioa.- Nahikoa da, jauna! Zuena gehiegikeria da. Giovanni.- A!, gehiegikeria, e? Eta deskuiduan esango banizue, urrutirago joan gabe, geure hirian bertan milioien eta milioien irabaziak egiten direla eskerrik ere eskaintzen ez zaien lau lapur gizagaixoren izerdi bedeinkatuari esker? Zein da erantzuna? Komisarioa.- Konforme, baina egoera hau ez da gaurkoa bakarrik, mundua mundu denetik... Giovanni.- Mundua mundu denetik injustizia dago, baina berau galaraztea da benetako gizonen eginkizuna. Komisarioa.- Eta zer lortu gura duzu greba honen bidez? Giovanni.- Estatuak konstituzioan onartzea. Komisarioa.- Zein zentzutan? Giovanni.- Bere lehen artikuluan, hau da: (Lapidarioa.) "GUREA LANEAN ETA LAPURRETAN OINARRITZEN DEN ESTATUA DA..." Komisarioa.- Adarra jotzen ari zara, ala? Giovanni.- Ezta inondik ere, utzidazu bukatzen: "Eta, beraz, lapurretan ari direnak lanean ari direnen eskubide berberak dituzte, bai soldata jasotzerakoan, edo eta subsidio eta erretiroak eskuratzerakoan". Kokoteraino gaude beti dohainik aritzeaz lapurretan. (Polizia bi sartzen dira barrura.) Polizia.- Komisario Jauna, begira, begira zer-nolako erregalutxoa dakarkizudan. Benga, mugi zaitezte! (Polizia batek Luisa eta Kaxkagorri sartzen ditu, biak kartoizko sudurrez maskaraturik.) Komisarioa.- Joño! Beste sudur haundi bi. Zer, zuek ere greba Batzordekoak, ala? Ederto. Beno, (Poliziari.) nortzuk dira? Polizia.- (Sudurrak kentzen dizkien bitartean.) Giovanni zenaren zulotapatzailea eta bere emaztea, komisario jauna. Komisarioa.- Oso interesgarria! Maskara polita, e?, Kaxkagorri? Tira, esadak! Zer dela eta gezurrezko sudurren kontu hori guztia? Kaxkagorri.- Bipergorri apaiz jaunak azalduko dizu nik baino hobeto. Berea da aurkikuntza. Giovanni.- Bai, neu izan naiz sudurren kontu hau aurrera eraman dudana. Azkenean, anaiak garela jakinarazteko balio digu. Saia zaitezte zuek ere bat jartzen... Aurrera! Benga! Bakoitzari bana, ez dio inori ere kalterik egiten (Sudurrak banatzen ditu eta poliziek jarri egiten dituzte.) Eta orain begira diezaiogun elkarri. Ez al duzue uste ezagunak garena? Ez al duzue uste irudi honen bidez antzekoagoak garena, elkartuago gaudena, anaiak garena? Eta gutariko norbaitek joan beharko balu, neuk esate baterako, gelditzen zaretenok bere hutsuneaz hunkitzeraino iritsiko zinatekete eta, era berean, doana ere joateaz hunkitu egingo litzateke. Ongi, ba, proba dezagun joatea, bidaia... Goazen! Kaxkagorri.- Bai, bai, proba dezagun kanpora joate hori. Guztiok.- Bai, bai, proba dezagun joate hori. Giovanni.- Hori da. Nik, esate baterako, geltokian nagoelakoa egingo dut. Zuek andenean zaudete, aterpean, eta agurtu agiten nauzue... Nik leihatilatik agertuko dut burua. Begira, begira nola agertzen dudan. Trena martxan jartzen da. Agur nazazue. Guztiz hunkituta zaudete... tututtu tutut jinjin (Gelan zehar dabil trena eta aterantz doa.) Guztiok.- (Besoak altxatuaz.) Agur!; ikusi arte, apaiz jauna! Giovanni.- Tututtt!!! (Ikaraldia.) Joño!, errail aldaketa bat. (Atera egiten da.) Komisarioa.- (Ahots hunkituaz.) Agur!; ikusi arte, apaiz jauna! Kaxkagorri.- Joan egin da... Komisarioa.- (Adar jotzeaz konturaturik.) Joan egin da... Hel iezaiozu, harrapa ezazu. (Polizia Giovanniren atzean irteten da eta berarekin itzultzen da.) Komisarioa.- Oso ondo, Bipergorri jauna. Benetan ere truko polita! Barka, baina zu gabe joan beharko du trenak. Hunkigarriegiak dira niretzat agurtze hauek. A!, eta gurekin geratzen zarenez gero, aprobetxa dezagun zure sudur polit hori ikusteko.(Sudurra kentzen dio eta Giovanni dela ikustean poliziak izutu egiten dira eta pistolak ateratzen dituzte.) Poliziak.- Giovanni! Luisa.- Ez, ez egin tiro... Bai, Giovanni bera da, baina ez iezaidazue hil, ez iezaidazue ken. Bera da, baina zeharo aldatua, komisario jauna; orain ez dio inori kalterik egiten. Komisarioa.- Aldatua? Luisa.- Bai. Den-dena argituko dizut, komisario jauna; hobe da horrela. Giovanni.- Luisa! Kaxkagorri.- Luisa, isil hadi, ez izan ahozabala! Komisarioa.- (Poliziari.) Isil hadi heu!, "Zeu!". Eraman pepelerdo zulotapatzaile hau hemendik, eta zuk, Luisa, jarraitu! (Poliziak Kaxkagorriri heldu eta biak irteten dira.) Luisa.- Bai, Komisario jauna! Giovanni ez zen hil, hil zena bestea izan zen, amnesikoa. Komisarioa.- Amnesikoa?... Bai, badakit denboraldi batez Giovannik amnesia izan zuena, baina... Luisa.- Ez, amnesikoa ez zen Giovanni. Beraren antza zeukan beste bat zen. Komisarioa.- Nola..., bi Giovanni ziren? Luisa.- Bai. Benetakoak koartada egiteko erabiltzen zuen bestea. Komisarioa.- Aja!, horrexegatik ezin nuen harrapatu. Luisa.- Eta azkenean hil egin zuen. Nik asko maite nuen amnesiko hura, komisario jauna...; baina gero, Giovanni, guztiz aldatu zen. Orain oso ondo portatzen da nirekin, benetan maite nau, eta nik bera..., eta berriz hiltzen badidazue... Giovanni.- Bizirik gura nauen bakarra izan behar duzu nonbait... Giovanniren, hau da, amnesikoaren hiletetan begiratu zenidan gorrotoaz begiratu ondoren, gauzak nola gertatu ziren jakin ondoren, ezinezkoa iruditzen zait barkatu egin didazula sinestea. Luisa.- Bai, barkatu egin diat, baina heuk irabazi duk, ordutik hona egin duan aldaketari esker. Biotarik bat bakarra atera dela iruditzen zaidak..., eta orain betiko giltzaperatzen bahaute.... Giovanni.- Ez, ez naute betiko giltzaperatuko... Luisa.- Agian arrazoia izango duk, ze hire krimenak amnistiatuta egongo dituk, ezta? Giovanni.- Ez. Luisa.- Orduan? Giovanni.- Luisa, ni ez naiz benetako Giovanni! Luisa.- Zer? Amnesikoa.- Entzuidazu! Angelaren bizartegira eraman nindutenean, garbitu egin nahi izango nindutela pentsatu nuen eta, eskura nezakeen arma bakarra neurekin eraman nuen. Luisa.- Ormako pistola hura? Amnesikoa.- Bai, huraxe bera... Giovanni eta biok buruz buru gelditu ginenean eta bere pistolaz aurrez aurre hartu ninduenean, ez dakit oraindik nondik atera nuen adorea neureaz tiro egiteko. Baina arraroa zera da: gero besteekin bildu nintzenean ez zitzaidan batere kostatu benetako Giovanniren plantak egitea. Barre eta madarikazio antzekoak nerabiltzan. Ahotsa ere aldatu egin nuela zirudien. Beharbada arrazoia duzu, ginen biotarik elkarren zati banaz osatutako bat bakarra atera da. Luisa.- Hau zoratzekoa da. Baina ba al dakik komisarioak eta juezek istorio honen guztionen nondik norakoa sinetsiko diaten? (Komisarioa, bitartean, telefonoz hitz egiten egon da.) Komisarioa.- Eta zergatik ez dugu sinetsiko, ba? Gainera, atzamarren aztarnen bidez, ziurtasun osoz genekien hildako hura benetako Giovanni Galina zena. Dena dela, aholku bat eman behar dizut: ahaztu ezazu delako grebaren kontu hori. Amnesikoa.- Ezta inondik ere! Arazoaren muineraino joko dut, eta ez naiz geratuko Estatuak lapurreta bakoitzeko honenbesteko bat ematea lortu arte, Ministeritza inguruetan egiten direnak bakarrik salbuetsiko dira. Ulertzen da? Komisarioa.- Eta nik atxilotu egin zaitut. Amnesikoa.- Zer dela eta? Komisarioa.- 151. artikuluak dioenagatik: apaiz jantziak gehiegi erabiltzeagatik. Zuk behin eta berriz baieztu diguzu Atxilotu Ohiaren Etxeko zuzendariordea zarela, eta, dakigunetik, honantz agertzeko eskatu diogun D. Antonio jauna da bertako zuzendari. Berehalaxe egiaztatuko dugu. Ikusiko duzue zein polita izango den. Amnesikoa.- Ez ezazu horretan jardun; damutu egin zintezke gero. Komisarioa.- Mesedez, D. Antonio jauna, aurrera, aurrera: hementxe dugu zure ikaskide maite-maiteetariko bat. (Eskuineko atetik apaiz zahar bat azaltzen da.) Zeu ere oso ondo ezagutzen zaituela esan digu. Zer diozu zuk? D. Antonio.- (Unetxo batez begiratu ondoren, besarkatu egiten du.) Ez, ez, ezin da izan... Filipo... Baina nondik ibili zara denboraldi honetan guztian? Amnesikoa.- Ezagutzen nauzu, ala? (Ikaratuta.) Komisarioa.- Ezagutzen al duzu? Luisa.- Benetan ezagutzen duzula? D.Antonio.- Eta nola ez dut, ba, ezagutuko! Teologiako lehen urtean neure ikaslea izan zen, eta gero, 1918ko apirilean, desagertu egin zela gogoratzen naiz. Bokazioa galdu zuela uste genuen, ... Baina orain poz haundiz ikusten dut aurrera jarraitu duzula. Oso ondo! Amnesikoa.- (Eskumuturrak eskaintzen dizkio komisarioari, eskuburdinak ezar diezazkion.) Komisario jauna, atxilotu ni berehala! Komisarioa.- (Mespretxuz.) Filipo! Luisa.- Giovanni... Filipo... D.Antonio.- Filipo, zatoz neurekin (Eraman egiten du.) Amnesikoa.- Ez! D.Antonio.- Filipo... (Txistu egiten du.) (Txistu eta kanta egiten du.) "O esca viatorum, o panis angelorum..." Amnesikoa.- (Kantari jarraitzen dio liluraturik.) "O esca viatorum, o panis angelorum..." D. Antonio eta Amnesikoa (Filipo) elkarrekin doaz, batera, kantu kantari. Komisarioak eta Luisak ere jarraitu egiten diete. Iluntasuna Amaiera Aktore guztiak agertzen dira, sudurrak jarrita, eta kantatzen hasten dira Filiporen zuzendaritzapean. Gau eta egunez aingeru guztiak dabiltza zurekin, gau eta egunez nigan zaude zu beti. Ou yeaaaa! Zeruko erreinuetan aingeru guztiak dabiltza zurekin, munduko bideetan zehar nigan zaude zu beti. Gau eta egunez aingeru guztiak dabiltza zurekin, gau eta egunez nigan zaude zu beti.