Oscar Wilde Ernesto izatearen garrantzia. Oscar Wilde - Alfonso Sastre - Maskarada. ************** Ernesto izatearen garrantzia Testuak (Hasierako orria) Oscar Wilde 1854an jaio zen Dublinen, familia burges baten baitan. Adimen eta sentsibilitate handiko gizakia izan zen, "Dandy"aren prototipoa. 1900. urtean hil zen; bizitza laburra izan zuela esan daiteke, baina trinkoa, geldigabea, arrakasta eta eskandaloez betea. Kartzela ezagutu eta gero txiro eta gaixotasun mingarri batek jota hil zen Parisen. Hil aurretik zera idatzi zuen morfina eta alkoholaz gainezka: "bizi bezala hil egingo naiz, beti nire benetako ahalmenen gainetik". Literatur genero asko landu zituen Wildek: poesia, ipuina, gutun eta entsaioa, nobela eta antzerki lana. Garrantzitsuenak aipatzekotan: "Dorian Gray-ren erretratua" (nobela); "De Profundis" (gutun-entsaioa); "Canterville-ko mamua" (ipuina); "Salome" (antzerkia-drama); "Windermer-en abanikoa" (antzerkia); "Garrantzi gabeko emakumea" (antzerkia-komedia), "Senar ezinhobea" (Antzerkia-komedia). Maskarada Antzerki Taldeak taularatutako obra hau OSCAR WILDEren komediarik arrakastatsuena da. "Ernesto izatearen garrantzia" Londonen estrenatu zen 1895. urtean, eta mendeurrena ospatzeko ezin aproposagoa zen antzezlana berriro ere taula gainean jartzea. Horrelaxe egin zuen Maskaradak, 94eko Azpeitiko Topaketetan euskaraz, eta 95eko Otsailean Barakaldo Antzokian gaztelaniaz, estreinatuz. Ordutik aurrera Euskal Herrian zehar ibili zen "enredo eta gizarte kritika"ko komedia zoragarri hau eta sari batzu jaso ere bai. Kritika eta Publikoaren saria Azpeitiko Antzerki Topaketak (1994). ROSA AGIRRE Saria. Denboraldiaren ikuskizunik onena. Getxo (1995). Irakurleen ikuskizunik gustokoena. Diario Egunkaria (1995). ERCILLA Saria. Euskadiko Teatro konpaniarik onena (1995). Fitxa artistiko-teknikoa Aktore-sak: Jorge Worthing ............................... Asier Hormaza Alfredo Moncrieff .................................. Jokin Oregi Cecilia .............................................. Maite Arrese Gwendolina .......................................... Esther Uria Lady Bracknell .............................. Ane Aseginolaza Reverendo Chasuble.... Xegundo Altolagirre "Txetxu" Prisma ........................................... Eneritz Artetxe Lane - Merriman .................................. Aitor Argote Moldaketak eta zuzedaritza: Karlos Panera Inglesetik erderara: Alfonso Sastre y Jose Sastre Erderatik euskarara: Patxo Telleria Eskenografiaren disenua: Karlos Panera Laguntzailea: Estibalitz Saez De Lafuente Burutapena: Tira ta Floja Jantzien disenua: Aitor Mazo Burutapena: Teresa Anton Atrezzoa: Arantza Fernández Ileapainketa eta Makilaia: Aitor Marcos Argazkiak: Ernesto Valverde eta Mikel Martinez Publizitatea: Paradox Argien diseinua: Jon Mesperuza Arlo teknikoaren arduraduna: Jon Mesperuza Teknikariak: Justo Ozaeta, Jose Luis Carreira, Aitor Argote eta Jokin Oregi Gestioa: Maite Arrese Eskerronak: Alfonso Sastre, Mikel Martinez, Fernando Otxoa, Sol Panera "COLONIAL". Reproducción del Mueble Antiguo, "COVENTRY" Mueble Tradicional Ingles. Ekoizpena: MASKARADA S.L. ERNESTO IZATEAREN GARRANTZIA Sinopsia: Tituluak ondo aditzera ematen duenez ERNESTO izen eta izanaren (ernest: zintzoa, ingleseraz) inguruan korapilatzen diren ekintzak ikusi ahal izango ditugu. Jorge Worthing eta Alfredo Moncrieff dira obra honetako protagonista nagusiak. Batak zein besteak "Ernesto" izena hartuko dute Gwendolina eta Cecilia neskatila gazteak maitemintzeko. Gauzak korapilatzen hasiko dira bi neskatila gazteak elkar ezagutzen dutenean eta nola ez, Lady Bracknell atso maitagarriak (Gwendolinaren ama eta Alfredoren izebak) guztiaren berri daukanean. Lehenengo agerraldia Alfredo-ren etxea, Londonen. Gela bat ikusten da, oso dotorea. Lane serbitzaria tea serbitzatzen ari da. Ondoko gelatik piano musika entzuten da. Alfredo da pianojolea. Bukatu eta agertu da. Alfredo.- Entzun duzu jo dudana, Lane? Lane.- Ez dut uste zilegi zaidanik entzutea, jauna. Alfredo.- Zuretzat okerrago; ez ondo interpretatu dudalako, hori edozeinek egin dezake... Piano jole bezala, sentimendua da nire dohairik nagusiena. Teknika zehatzaren kontua bizitza arrunterako uzten dut. Lane.- Bai, jauna. Alfredo.- Eta bizitza arruntaz ari garenez, Lady Bracknellentzako pepinozko bokadiloak prestatu dituzu? Lane.- Bai, jauna. (Bandeja batean daudela erakutsi dio) Alfredo.- (Aztertu, bi hartu eta besaulkian eseri da) Ah, Lane, ahaztu aurretik, zure liburuxkan ikusi dudanez, osteguneko afarian 8 txanpan botila edan ziren. Lane.- Hala da, jauna. Zortzi botila, eta pinta bat zerbeza. Alfredo.- Eta ez deritzozu arraro samarra gau bakar batean hainbeste botila edateari? Lane.- Neronek kontatu nituen, jauna. Alfredo.- Sinesten dizut, Lane. Hala ere, harrigarria iruditzen zait. (Lane badoa) Egia esan, langile klaseak ez badu exenplu onik ematen, orduan zertarako balio ote du? Langile jendeak ez dauka erantzukizun moralaren aztarnarik ere. (Lane sartu da) Lane.- Ernesto Worthing jauna. (Jorge sartu eta Lane atera da) Alfredo.- Zer moduz, Ernesto maitea? Zer dela eta zu hemendik? Jorge.- Oh, plazerra, plazerra! Ba al dago besterik? Ah, ikusten dudanez, zu jaten ari zara, betiko moduan, Alfredo. Alfredo.- (Serio) Bostetako mokautxoa, Inglaterrak munduari egin dion aportaziorik laudagarriena dela uste dut. Nondik ibili zara joan den ostegunetik? Jorge.- (Besaulkian eserita) Landetxean Alfredo.- Eta zer arraio egiten duzu hor? Jorge.- Gustora egoten naiz han, ez pentsa. Alfredo.- (Altzatu eta bokadilo bat hartu du) Zera... zu Marlowen bizi zara, ezta? Jorge.- Marlowen? Jakina. Hara, zergatik hainbeste kikara? Zergatik pepinozko bokadiloak? Zer dela eta hainbeste tramankulu zu bezalako jaun gazte batentzat? Nor etorriko da tea hartzera? Alfredo.- Oh, Nire izeba Augusta eta Gwendolina, beste inor ez. Jorge.- Zoragarria! Alfredo.- Bai, dena ondo dago, baina ez dut uste Izeba Augustak zu hemen egotea ontzat emango duenik. Jorge.- Galdetu al dezaket zergatik? Alfredo.- Nire lagun maitea, Gwendolinarekin daramazun flirteoa lotsagarria da. Ia Gwendolinak zurekin daramana bezain lotsagarria. Jorge.- Gwendolina maite dut. Hain zuzen ere, nire maitasuna aitortzera etorri naiz hona. Alfredo.- Plazerraren bila etorri zarela ez al duzu esan? Nik horri negozioa esaten diot. Jorge.- Ez daukazu erromantizismoaren ideiarik ere ez! Alfredo.- Egia esan, ez dut ezer erromantikorik aurkitzen maitasun aitorpen batean. Eta erantzuna baiezkoa bada, are gutxiago orduan. Gehienetan hori gertatzen omen da, gainera. Erromantizismoaren benetako muina zalantza da. Inoiz ezkontzen banaiz, gertatutakoa burutik ezabatzen saiatuko naiz. (Jorgek bokadilo bat hartu nahi du, eta Alfredok galerazten dio) Mesedez, ez ikutu pepinozko bokadiloak. Nire izeba Augustarentzat bereziki prestatuta daude. (Bat hartu eta jan egin du) Jorge.- Zu jan eta jan ari zara, ordea. Alfredo.- Oso desberdina da. Nire izeba da. (Beheko platera hartuta) Jan ezazu ogia gurinarekin. Ogia eta gurina Gwendolinarentzat dira. Gwendolinari izugarri gustatzen zaio ogia gurinarekin. Jorge.- (Bokadiloa prestatzen) Gainera, ogi eta gurin hauek zoragarriak dira. Alfredo.- Baina, lagun maitea, ez duzu dena bukatu arte jan behar. Dagoeneko Gwendolinerekin ezkonduta bazeunde bezala ari zara. Eta oraindik ez zaude, eta ez dut uste inoiz egongo zarenik. Jorge.- Zergatik diozu hori? Alfredo.- Problema bat dagoelako: gauzak dauden bezala, nik ez dut nire onespena emango. Jorge.- Zure onespena! Alfredo.- Lagun maitea, Gwendolina nire lehengusina da. Eta berarekin ezkondu baino lehen, Ceciliaren kontua argitu beharko didazu. (Tinbrea jo du) Jorge.- Cecilia? Zer esan nahi duzu? Ez dut Cecilia bat ere ezagutzen. (Lane sartu da) Alfredo.- Ekar iezadazu Worthing jaunak azkeneko afarian ahaztu zuen zigarrontzia. Lane.- Bai jauna. (Badoa) Jorge.- Beraz, nire zigarrontzia gorde duzu ordutik hona? Niri ezer esateko nekea zergatik ez duzun hartu jakin nahi nuke. Alfredo.- Ba gustora jasoko nuke. Inoiz baino makalago nago diruz. (Lane sartu da zigarrontziarekin. Alfredok hartu du, zabaldu eta aztertu du). Dena den ez du ajolik, izan ere barruko idazkiak adierazten duenez, hau ez da zurea. Jorge.- Horixe nirea dena! Nire eskuetan ikusi duzu hamaika aldiz. Eta ez duzu barruan idatzita dagoena irakurtzeko eskubiderik. Alfredo.- Irakurri behar denaz eta ez denaz eritzi zehatz bat izatea zentzugabea da. Gaur egungo kulturaren erdia baino gehiago, irakurri behar ez denaren gainean eraikita dago. Jorge.- Guztiz ados nago. Baina ez daukat kulturari buruz iharduteko asmorik. Nire zigarrontzia nahi dut, besterik ez. Alfredo.- Bai, baina zigarrontzi hau ez da zurea. Zigarrontzi hau Cecilia izeneko baten erregalia da, eta zuk ez omen duzu Ceciliarik ezagutzen. Jorge.- Ondo da, jakin nahi baduzu, Cecilia nire izekoa da. Alfredo.- Zure izekoa! Jorge.- Bai, atso maitagarri bat. Tunbridge Wellsen bizi da. Emaidazu, Alfredo. Alfredo.- (Besaulkiaren atzean izkutatuz) Baina zer dela eta izenpetzen du "Cecilia txikia", Tunbridge Wellsen bizi den zure izeba bada? (Irakurtzen) "Cecilia txikiak, bere maitasunik samurrenaz". Jorge.- (Besaulkira joan eta belaunikatuz) Nire laguna, arraroa iruditzen zaizu? Badira izeba handiak eta izeba txikiak ere. Izeba batek ezin du hori bere kontura erabaki. Zer uste duzu, izeba guztiek zurea bezalakoa izan behar dutela? Ez dauka zentzurik! Emaidazu nire zigarrontzia berehala! (Alfredoren atzetik doa gela osoan zehar) Alfredo.- Bai, baina badago beste gauza bat ulertzen ez dudana. Zure izeba bada, zergaitik deitzen dizu osaba? "Cecilia txikiak, bere maitasunik samurrenaz, bere osaba Jorgeri." Ulertzen dut izeba bat txikia izan daitekeela, horretan ez dago ezer arrarorik, baina izeba batek bere ilobari osaba deitzea, onartuko duzunez, nahiko bitxia iruditzen zait. Gainera zure izena ez da Jorge, Ernesto baizik. Jorge.- Ez da Ernesto. Ni Jorge naiz. Alfredo.- Betidanik Ernesto bezala ezagutu zaitut, eta gainera ondo dagokizu izena. Zu Ernesto bat zara, goitik behera. Mundu guztiaren aurrean Ernesto bezala aurkeztu zaitut. Ernesto deitzen badizute zuk erantzun egiten duzu. Sekula ikusi dudan pertsonarik erne, zintzo ta prestoena ematen duzu. Ernesto ez zarela esatea zentzugabekeria izugarria da. Zeure bisita txartelak berak ere hala dio. Hona hemen bat. (Zigarrontzitik bat atera du) "Ernesto Worthing jauna". Honek zure izena Ernesto dela frogatzen du. Gorde egingo dut, inoiz niri, Gwendolineri edo beste edozeini ziria sartu nahi badiozu, gezurretan ari zarela erakusteko.(Txartela poltsikoan gorde du) Jorge.- Hirian Ernesto naiz, egia da. Baina hiritik kanpo Jorge dut izena. Eta zigarrontzia hiritik kanpo erregalatu zidaten. Alfredo.- Azalpen bitxi honek, ordea, ez du argitzen zergatik esaten dizun "osaba", Tunbridge Wellsen bizi den zure izeba txiki horrek. Tira mutila, hobe duzu egia osoa lehenbaitlehen esatea. Jorge.- Alfredo maitea, dentista batek bezala hitzegiten duzu. Oso zatarra iruditzen zait, batez ere zu dentista ez zarela kontutan hartzen bada. Okerreko irudia ematen du. Alfredo.- Horixe da, hain zuzen ere, dentistek egiten dutena. Eta orain kontaidazu den dena. Gauza bat esango dizut: aspalditik daukat bunburitar porrokatua zinen susmoa. Orain erabat ziur nago. Jorge.- Bunburitarra? Zer arraio esan nahi du horrek? Alfredo.- Esan egingo dizut, lehenago zeuk azaltzen baldin badidazu zergatik zaren hirian Ernesto eta kanpoan Jorge. Jorge.- Ados, baina aurrena emaidazu zigarrontzia. Alfredo.- Hona. (Eman dio) Orain hasi zaitez, baina gogoratu, istoria sinestezina entzun nahi dut. Kontutan hartu nik edozer sinesten dudala, baldin eta itxura gabea eta sineskaitza bada. (Besaulkian eseri da). Jorge.- Lagun maitea, nire azalpena, tamalez, erabat sinesgarria da. Izan ere, guztiz arrunta da. Tomas Cardew zaharrak, ume nintzela semetzat hartu ninduen gizonak, bere iloba Ceciliaren tutore izendatu ninduen. Ceciliak osaba deitzen dit errespetuagatik, baina zuk, jakina, ez duzu errrespatuaz askorik ulertzen. Nire landetxean bizi da instititriz bikain baten begiradapean: Prisma andereñoa. Alfredo.-Ah, bide batez, non dago zure etxaldea? Jorge.- Ez zaizu batere ajola. Ez daukat zu konbidatzeko asmorik. Baina gauza bat esan dezaket: ez dago Marlowen. Alfredo.- Horren susmoa banuen nik. Birritan bunburizatu dut Marlow goitik behera. Orain, jarraitu: zergatik Ernesto hirian eta Jorge kanpoan? Jorge.- Alfredo maitea, ez dakit nere benetako arrazoiak ulertzeko gauza izango zaren. Tutorearen zeregina duzunean, erabateko jarrera zintzoa erakutsi behar duzu edonon. Baina erabateko jarrera zintzoak nekez ematen dizu poztasun eta osasuna. Beraz, hirira etorri ahal izateko aitzaki bat topatu beharra nuen: Ernesto izeneko anaia txikia asmatu nuen, Albanyn, oso anaia txoriburu eta parrandazalea. Hori da, ene laguna, egia osoa eta borobila. Alfredo.- Egia gutxitan izaten da osoa, eta gutxiagotan borobila. Erabateko bunburitarra zara. Izan ere, bunburitar gutxi ezagutzen dut zu bezain benetakoa. Jorge.- Zer esan nahi duzu? Alfredo.- Zuk anaia gaztea asmatu duzu, Ernesto, oso aitzaki ona hirira etorri ahal izateko. Nik Bunbury izeneko elbarri bat sortu dut hutsetik, kanpora irten nahi dudanerako. Bunbury gizajoaren osasun tamalgarria aitzakia ezin hobea da. Bestela, ezingo nuke, urrutira joan gabe, gaur gauean zurekin afaltzera irten, Izeba Augustarekin egotekoa bainintzen. Jorge.- Nik ez zaitut gaur gauean afaltzera konbidatu, ordea. Alfredo.- Badakit. Konbidapen kontuetan erabat ganorabakoa zara. Jorge.- Hobe duzu zure Izeba Augustarekin afaltzea. Alfredo.- Ez dut horrelakorik egiteko batere asmorik. Astelenean afaldu nuen berarekin, eta senideekin astean behin afaltzea nahikoa da. Gainera, benetako buburitarra zarela dakidanez gero, zurekin bunburitartasunaz mintzatzea iruditzen zait bidezkoena. Jorge.- Ez naiz inondik inora bunburitarra. Gwendolinak baietz esaten badit, anaia hilko dut. Egia esan, hil egingo dut edozein kasutan ere. Ceciliak Ernestori buruzko galdera gehiegi egiten dit. Gogaikarria da. Beraz, Ernesto desagertarazi egingo dut. Eta zuk beste hainbeste egin beharko zenuke zerarekin... izen xelebrea duen zure lagun elbarriarekin. Alfredo.- Ez dut ezergatik ere Bunbury bazterrera bidaliko. Eta inoiz ezkontzen baldin bazara, nahiko gauza sinisgaitza, egia esan, Bunbury ezagutzeaz poztuko zara. (Timbre hotsa entzuten da) Ah! Izeba Augusta da, antza. Bakarrik senideek eta kobradoreek deitzen dute horrela. Tratu bat egingo dugu: ni hamar minutuz luzatuko naiz berarekin, Gwendolinari zeure maitasuna aitortzeko beta izateko, eta trukean afaltzera konbidatuko nauzu, Ados? Jorge.- Ados. Alfredo.- Eta ez dut amarrurik nahi. Janari kontuetan txantxetan ibiltzen direnak gorroto ditut. (Lane sartzen da) Lane.- Lady Bracknell eta Fairfax andereñoa. (Alfredo bila doa. Biak sartzen dira) L. Bracknell.- Arratsaldeon, Alfredo maitea. Zer moduz zaude? (Jorge ikusi eta agur hotza zuzentzen dio, makurtuaz) Alfredo.- (Gwendolineri) Maitea, zoragarria zaude. Gwendolina.- Ni zoragarria naiz. Ez da hala, Worthing jauna? Jorge.- Perfektua zara. Gwendolina.- Ai! Ez dut halakorik nahi. Perfekzioa hain aspergarria da...! (Gwendolina eta Jorge batera esertzen dira) L. Bracknell.- Barkatu berandu etortzea, Alfredo, baina Lady Harburyrekin egon beharra nuen. Senar gaixoa hil zitzaionetik ikusi gabe geunden. Sekula ez dut emakume zoriontsuagorik ikusi: hogei urte gazteagoa ematen du orain. Ez duzu hemen eseri nahi, Gwendolina? Gwendolina.- Milesker, ama, oso gustora nago, nagoen tokian. Alfredo.- (Plater huts bat izuikaraz harturik) Jainko maitea, Lane! Zergatik ez dago pepinozko bokadilorik? Bereziki eskatu ditut! Lane.- (Serio)Ez da egon pepinorik merkatuan gaur goizean, jauna. Birritan joan naiz. Alfredo.- Ez da pepinorik egon? Lane.- Ez, jauna. Dirua eskutan pagatuta ere ez. Alfredo.- Ederto, Lane. Eskerrik asko. Bihotzez sentitzen dut, Izeba Augusta, pepinorik ez egotea, ez eta pagatuta ere. L. Bracknell.- Ez dio ajola, Alfredo. Pastelak jan ditut Lady Harburyenean. Emakume horrek gauza bakarra dauka buruan aspaldi honetan: plazerra. Alfredo.- Minaren minez, ilea gorritu omen zaio. L. Bracknell.- Egia da ilearen kolorea aldatu zaiola, baina ez dut zergatia ezagutzen. (Alfredo-ek tea sebitzatzen du) Eskerrik asko. Festa bikaina prestatu dizut gaur gauerako, Alfredo.- Mary Farquharen ondoan kokatuko zaitut. Emakume ederra da, eta oso atsegina senarrarekin. Zoragarria da biei begira egotea. Alfredo.- Izeba Augusta, zoritxarrez gaur gauean zurekin afaltzea ezinezkoa zaidala uste dut. L. Bracknell.- (Kopetilun) Benetako nahigabea litzateke hori. Mahaikideen ordenaketa goitik behera ondatuko zenuke. Alfredo.- Esan beharrik ez dago guzti honek izugarri tristatzen nauela, baina kontua da telegrama bat jaso berri dudala, Bunbury nire lagun zorigabea berriro larriki gaixorik dagoela esanez. (Berak eta Jorgek elkarri begiratzen diote) Beregana joateko eskatu dit. L. Bracknell.- Bunbury jaun horren osasun txarra oso bitxia da. Alfredo.- Bai; Bunbury ikaragarri elbarrituta dago. L. Bracknell.- Tira Alfredo, nire ustez, Bunbury jaunak hiltzeko ala bizitzeko asmoa duen erabaki behar du, behingoz. Zalantza honek ez du zentzurik. Gainera, ez dut ulertzen jendeak gaur egun elbarriekin duen begirunea. Morbosoa iruditzen zait. Beraz, eskertuko nizuke Bunbury jauna larunbaterako sendatzea, kontzertuaren antolakuntza zeure ardurapean utzi nahi dudalako. Urtearen azkeneko bilera da, eta giroa zuzpertzeko norbait beharko dut. Urtearen bukaera honetan ia denek esan beharreko guztia esana dute, tontakeria galantak, kasurik gehienetan. Alfredo.- Esan egingo diot, izeba Augusta, zerbait entzuteko moduan baldin badago behinik behin, eta larunbaterako sendatuko da, egon ziur. Izan ere, kontzertuaren antolakuntzak zailtasun handiak ditu. Baina prestatu dudan egitaraua erakutsiko dizut, une batez ondoko gelara nirekin etorri nahi baduzu. L. Bracknell.- Milesker, Alfredo. Oso atsegina zara. (Altzatu eta Alfredoren atzetik doa) Ziur naiz egitarau zoragarria izango dela, aldaketa batzu egin ostean. Gwendolina, bazatoz? Gwendolina.- Nola ez, ama. (Lady Bracknell eta Alfredo musika aretora doaz. Gwendolina atzerago). Jorge.- Eguraldi bikaina, ez duzu uste, Faifax andereñoa? Gwendolina.- Eguraldiaz ez mintzatzea erregutzen dizut, Worthing jauna. Eguraldiari buruz hitz egiten didatenean, beste zerbait esan nahi didatela iruditzen zait. Jorge.- Hain zuzen ere nik beste zerbait esan nahi dizut. Lady Bracknell orain kanpoan dagoela aprobetxatuz... Gwendolina.- Nire amak ustekabean sartzeko ohitura duela jakinarazten dizut. Behin baino gehiagotan kritikatu diot jarrera hori. Jorge.- (Urduri) Fairfax andereñoa, ezagutu zintudan egun beretik, beste edozein neskatilak baino gehiago unkitu ninduzun... Ezagutu zintudanetik... Zintudan ezagutu... ehhh... Gwendolina.- Zure maitasuna froga dezazun nahiko nuke, batez ere jendartean. Betidanik sortu duzu halako lilurapen bat niregan. Zu ezagutu baino lehenagotik ere. (Jorgek harriturik begiratzen du) Ondo dakizunez, Worthing jauna, idealismoaren garaian bizi gara. Hala diote aldizkaririk garestienek, eta entzun dudanez, probintzietan ere horren berri dute. Ba hara, nire ideala Ernesto izeneko batekin maitemintzea zen. Alfredok Ernesto bat ezagutzen zuela esan zidan unean, gizon hura maitatzeko jaioa nintzela jakin nuen. Jorge.- Zin zinez maiteko nauzu, Gwendolina? Gwendolina.- Grinaz eta pasioz. Jorge.- Maitea! Munduko gizonik zoriontsuena naiz. Gwendolina.- Ernesto nirea! Jorge.- Baina... nire izena Ernesto ez balitz ez nindukezu maitatuko? Gwendolina.- Zure izena Ernesto da, gero. Jorge.- Bai, badakit. Baina beste edozein izatekotan, eta teorian ari naiz, jakina... ez nindukezu maitatuko? Gwendolina.- Ah! Hori espekulazio metafisikoa da, eta espekulazio metafisiko gehienak bezala, benetako bizitzaren funtsarekin zerikusi gutxi dauka. Jorge.- Dena den, ene laztana, Ernesto deitzeaz ez naizela inoiz gehiegi harrotu jakin behar duzu. Egia esan, ez dut uste niretzako oso izen egokia denik. Gwendolina.- Izugarri ondo dagokizu. Izen xarmangarria da. Berezko musika dauka. Bibrazioak sortarazten ditu. Jorge.- Zera, Gwendolina, izen polit asko daude, ez duzu uste? Jorge, esaterako, izen ederra da. Gwendolina.- Jorge?... Ez. Musikalidade gutxi dauka, batere izatekotan. Ez du batere bibraziorik ematen... Jorge batzu ezagutu ditut eta den denak ziren ikaragarri itsusiak. Serbitzari askoren izena da. Erruki diot Jorge izeneko batekin ezkontzen den emakumeari. Ez du sekula bakardadearen plazerraz une batez ere gozatuko. Egitan, segurtasun minimo bat eskeintzen duen izen bakarra, Ernesto da. Jorge.- Gwendolina, berehala bataiatu behar dut... Zera esan nahi dut, berehala ezkondu behar dugu. Ez dago denbora galtzerik. Gwendolina.- Ezkondu, Worthing jauna? Jorge.- (Harriturik) Beno... Hala uste dut, zuregan nolabaiteko interesa piztu dudanez gero... Gwendolina.- Bai, arrainak ura baino maiteago zaitut eta guzti hori, baina oraindik ez didazu zeure maitasuna aitortu. Jorge.- Oraintxe bertan aitortu dezaket? Gwendolina.- Aukera paregabea dela iruditzen zait. Jorge.- Gwendolina! Gwendolina.- Bai, Worthing jauna, zer esan behar didazu? Jorge.- Ondotxo dakizu zer esan behar dizudan. Gwendolina.- Bai, baina oraindik ez duzu piperrik ere esan. Jorge.- Gwendolina, nirekin ezkondu nahi al duzu? (Belauniko) Gwendolina.- Horixe nahi dudala, maitea! Kostatu zaizu esatea! Kontu hauetan esperientzia laburra duzula uste dut. Jorge.- Ene maitea, sekula ez dut zu beste emakumerik maitatu. Gwendolina.- Dena den, gizonak askotan deklaratzen dira, praktikatzearren. Zuk dituzu begi urdin ederrak, Ernesto! Urdin urdinak dira. Beti honela begiratzeko erregutzen dizut, batez ere jendea guri begira baldin badago. (Lady Bracknell sartzen da) L. Bracknell.- Worthing jauna! Altzatu zaitez, arren. Erdipurdiko postuera hori izugarri baldarra da. Gwendolina.- Ama! (Jorgek altzatu nahi du, Gwendolinak galerazi egiten dio) Mesedez, irten zaitez . Hau ez da zuretzako toki egokia. Gainera, Worthing jaunak ez du oraindik amaitu. L. Bracknell.- Ez du amaitu? Zer da amaitu ez duena, jakiterik badago? Gwendolina.- Worthing jaunarekin ezkontzeko hitz emanda nago, ama. (Biak altzatzen dira) L. Bracknell.- Barkatu, baina zuk ez diozu inori hitzik eman. Inoiz inorekin ezkondu behar baldin baduzu, nik edo zure aitak, osasuna lagun, jakinaraziko dizugu. Neskatila batzentzat ezkontzak sorpresa izan behar du, atsegina ala higuingarria, baina sorpresa beti ere. Ez da neska gazte baten ardurapean uzteko kontua... Eta orain galdera batzu egin behar dizkizut, Worthing jauna. Mintzatzen garen bitartean, zu, Gwendolina, itxaron nazazu kotxean. Gwendolina.- (Nahigabeturik) Ama! L. Bracknell.- Kotxean, Gwendolina! (Gwendolina aterantz doa. Lady Bracknelli bizkar emanda musuak jaurtikitzen dizkiote elkarri. Lady Bracknellek axolagabe begiratzen du, soinua nondik datorren jakin guran. Azkenean buelta ematen du) Gwendolina, kotxera! Gwendolina.- Bai, ama. (Badoa, Jorgeri begira) L. Bracknell.- (Eseriz) Eseri zaitezke, Worthing jauna. (Poltsatik koadernoa eta lapitza atera du) Jorge.- Milesker, Lady Bracknell; nahiago dut zutik egon. L. Bracknell.- (Koaderno eta lapitz eskutan) Gauza bat esan behar dizut, lehenik eta behin: ez zaude nire alabarentzako aukerako senargaien zerrendan. Ideia bat egin dezazun, Bolton dukesaren zerrenda berbera daukat. Elkarrekin egiten dugu lan honelakoetan. Dena den, zure izena onartzeko prest nago, baldin eta zure erantzunak, bere alabatxo kutuna benetan maite duen ama honi egokiak iruditzen bazaizkio. Erretzen al duzu? Jorge.- Beno... bai. Erretzen dudala aitoru baharra daukat. L. Bracknell.- Pozten naiz. Gizon batek zereginen bat eduki behar du, berdin dio zein. gabeko gizon gehiegi dago Londresen. Zenbat urte duzu? Jorge.- Hogetabederatzi. L. Bracknell.- Ezkontzeko adin egokia. Jarrai dezagun... Nire ustez, ezkondu nahi duen gizon batek dena jakin behar du, edo bestela ezer ere ez. Zer dakizu zuk? Jorge.- (Zalantza une baten ostean) Ez dakit ezer ere ez, Lady Bracknell. L. Bracknell.- Pozten nau hori entzuteak. Jaiotzezko ezjakintasuna ez da inola ere zikindu behar. Ezjakintasuna fruitu exotiko bat bezalakoa da: ikutu ezkero ostoak erortzen zaizkio. Heziketa modernoaren teoriak, faltsuak dira denak. Zorionez heziketak ez du batere eraginik izaten, Inglaterran behintzat. Bestela aristokrazia bertan behera amilduko litzateke, biolentzia zantarrari bide emanez. Zein da zure errenta? Jorge.- Urtean zazpi edo zortzi mila libra inguru. L. Bracknell.- Lur ala inbertsioetan? Jorge.- Inbertsioetan batez ere. L. Bracknell.- Berri pozgarria da hori. Zenbait betebehar dagozkigu bizitza honetan, eta beste zenbait emango zaizkigu heriotzaren ostean ere. Bitartean lurrak ez du jada ez errentarik, ez plazerrik eskeintzen. Posizio onean kokatzen gaitu, baina ez digu posizio horri eustera laguntzen. Hauxe da garai hauetan lurrari buruz esan daitekeen guztia. Jorge.- Landetxe bat daukat, lur puska batekin, hori bai; mila ta bostehun akre, oker ez banago. Baina ez diot batere etekinik ateratzen. Egia esan, nik dakidanez behintzat, basa ehiztariak dira handik zer edo zer ateratzen duten bakarrak. L. Bracknell.- Landetxe bat! Zenbat logela ditu? Beno, gai hori beranduxeago argitu dezakegu. Hirian etxe bat daukazula suposatzen dut. Gwendolina bezalako neskatila apal eta zintzoak ezingo luke basoko bizitzara etsi. Jorge.- Etxe bat daukat Belgrave plazan, baina Lady Bloxhami urte guztirako alokatzen diot. Jakina, handik irtenarazi dezaket, sei hilabete lehenago abisatu ezkero. L. Bracknell.- Lady Bkloxham? Ez dut ezagutzen. Jorge.- Oh! Gutxitan ateratzen da. Adineko anderea da. L. Bracknell.- Ah! Gaurko egun aldrebes hauetan adina eta errespetagarritasuna ez doaz beti batera. Belgrave plazako zein numerotan? Jorge.- Ehun eta berrogeitabederatzian. L. Bracknell.- (Burua astinduz) Modan ez dagoen aldea. Banekien zerbait ustel irtengo zela. Dena den, hori errez aldatu daiteke. Jorge.- Aldatu zer, aldea ala moda? L. Bracknell.- (Zorrozki) Biak, hala behar izan ezkero. Nola definitzen zara politika kontuetan? Jorge.- Zera... barkatu baina inola ere ez, uste dut... Izatekotan, liberala naiz. L. Bracknell.- Ah, kontserbadorea, orduan. Goazen orain ardura gutxiko gauzetara. Zure gurasoak bizi al dira? Jorge.- Biak galdu ditut. L. Bracknell.- Bat galtzea ere, baina biak!! Nahiko hutsegite larria iruditzen zait. Zure aita gizon aberatsa zela pentsatu nahi dut. Zein jatorria zuen, komertzioaren garraztasuna ala aristokraziaren malgutasuna, egunkarietan esaten den bezala? Jorge.- Egia esan ez dakit. Nire gurasoak galdu nituela esan dizut. Hobe nuke esatea gurasoek ni galdu nindutela. Izan ere ez dakit nor naizen... Zera... aurkitu egin ninduten. L. Bracknell.- Aurkitu? Jorge.- Thomas Cardew zenak, gizon bihozpera eta atseginak aurkitu ninduen. Worthing izena eman zidan, poltsikoan Worthingerako lehen mailako tren txartel bat zeukalako. Worthing, Sussexeko herri bat da. Oso hondartza ezaguna dauka. L. Bracknell.- Eta non aurkitu zintuen poltsikoan hondartza ezagun baterako lehen mailako txartela zeukan jaun agurgarri horrek? Jorge.- (Serio) Esku zakuto batean. L. Bracknell.- Esku zakuto batean? Jorge.- (Oso serio) Bai, Lady Bracknell. Esku zakuto batean izan zen; esku zakuto handi L. Bracknell.- Eta non aurkitu zuen James edo Thomas Cardew jaun horrek esku zakuto sinple eta arrunt hura? Jorge.- Victoria geltokiaren kontsignan. Okertuta eman zioten. L. Bracknell.- Victoria geltokiaren kontsignan? Jorge.- Hala da. Brightoneko andenean. L. Bracknell.- Andenak ez du garrantzirik. Worthing jauna, esan duzunak biziki harritu nauela aitortu behar dizut. Esku zakuto batean jaio edo gutxienez hazita izatea, euskarriekin ala gabe, familiaren dezentziari zaplastada bat ematea da. Frantziar iraultzaren gehiegikeria horietako bat gogorarazten dit. Suposatzen dut honezkero baduzula zorigaitzeko matxinada horren ondorioen berri. Zakutoa aurkitu tokiari dagokionez, tren geltoki baten kontsigna, alegia, gauza bat esango dizut: ez da oso hasiera ona, gizartean goi mailara iritsi nahi ba duzu, behintzat. Jorge.- Eta zer egin beharko dut, galdetzerik badaukat? Gwendolinaren zoriona erdiesteko edozer egiteko prest nago, egon ziur. L. Bracknell.- Senide bat edo beste eskuratu beharko zenuke lehenbaitlehen, Worthing jauna, eta zure gurasoetako bat bederen, berdin arra ala emea, aurkezten ahalegindu beharko zinateke uda erabat bukatu baino lehen. Jorge.- Nahiko zaila ikusten dut hori. Zakutoa aurkeztea daukat, hori bai. Etxean daukat. Nire ustez, horrekin aski izan beharko zenuke, Lady Bracknell. L. Bracknell.- Ai, ene jainkoa! Zertarako nahi dut zakutoa? Nik eta Lord Bracknellek ez dugu sekula ere onartuko gure alaba bakar eta kuttunak, ardura handienarekin hazitakoak, tren geltokiko kontsigna batean eskontzea, norekin eta esku zakuto batekin. Egun on, Worthing jauna! (Lady Bracknell aterartzen da haserre baina elegantziaz) Jorge.- Egunon! (Alfredok beste gelatik ezkont-musika jotzen du. Jorge, haserre, aterantz abiatzen da) Jainkoarren, etzazu herio-kanta hori jo, Alfredo! Ergel halakoa! (Musika isildu eta Alfredo sartzen da, alai) Alfredo.- Dena ondo, motel? Ez didazu esango Gwendolinak ezetz esan dizunik. Badakit mania hori duela. Gizon guztiak bidaltzen ditu pikutara. Hori da bere akatsik handiena, nire ustez. Jorge.- Ez, Gwendolinarekin dena primeran joan da. Hitz emanda gaude. Baina bere ama erabat jasanezina da. Sekula ez dut bera bezalako Gorgonarik ikusi... Egia esan ez dakit Gorgona zer den, baina zerbait izatekotan, Lady Bracknell bezalakoa da. Hitz gutxitan, munstro bat da, eta hori ez dago batere ondo, ez horixe... Barkatu, Alfredo; ez nuke zure izebaz honela mintzatu behar... zeure aurrean, behinik behin. Alfredo.- Ene lagun maitea, nire senideei buruz gaizki esaka aritzea gustokoa dut. Horixe da eskeintzen didaten plazer ia bakarra. Jorge.- Horrela pentsatuko banu, neure buruaz beste egingo nuke, egon ziur. (Geldiune bat) Zure ustez, Alfredo, 150 urtekin Gwendolinak bere amaren antzik izango du? Alfredo.- Emakume guztiak izaten dira amaren modukoak, urteak joan ahala. Hori da zorigaitza. Gizonoi ez zaigu gauza bera gertatzen, eta hori da geure zorigaitza. Jorge.- Horrela da kontua? Alfredo.- Ezin garbiago adierazi dizut. Bizitza zibilizatuari buruz egin daitekeen beste edozein baieztapen bezain egiazkoa da. Jorge.- Nekatu naiz hainbeste hitz inteligenteekin. Mundu guztia da inteligentea garai hauetan. Edonora joan eta jende inteligentea topatuko duzu derrigor. Egoera gero eta larriagoa da. Inozoren batzu gorde beharko genituzke espezia konserbatzeko. Alfredo.- Egon ba dira. Jorge.- Topatu nahiko nuke baten bat. Zertaz hitzegiten dute? Alfredo.- Inozoek? Zertaz hitz egin behar dute, ba? Jende inteligenteari buruz, jakina. Jorge.- Bai inozoak! Alfredo.- Bide batez, eman al diozu Gwendolinari, hirian Jorge eta kanpoan Ernesto zaren kontu horren berririk? Jorge.- (Superioridade doinuaz) Ene laguna! Neskatila gozo, polit eta fin bati ezin zaio egia esan. Alfredo.- Eta zer kontatu diozu anaiari buruz? Ernesto txorigalduari buruz? Jorge.- Asteburua baino lehen garbitu egingo dut. Apoplejia batek jota Parisen hil esango dut. Jende asko hiltzen da Parisen apoplejiaz, egun batetik bestera, ezta? Alfredo.- Bai, baina hori gaitz hereditarioa da, laguna. Familiatik datorren zer bat. Egokiagoa iruditzen zait katarro latz bategatik izan zela esatea. Jorge.- Ziur al zaude katarroa ez dela hereditarioa? Alfredo.- Ez nago ezertaz ere ziur, ez eta horretaz ere. Jorge.- Berdin dio. Ernesto nire anaia gaixoa oraintxe bertan hil da, supituan, Parisen, katarro latz batek jota. Anaiaz libratu naiz. Alfredo.- Baina ez al duzu lehen esan... Cecilia Cardew biziki arduratuta zegoela Ernestorekin? Ez da kolpe latzegia izango? Jorge.- Ez, dena ondo joango da. Cecilia ez da neskatila erromantiko tentel horietakoa, zorionez. Apetitu bikaina du, paseo luzeak egiten ditu eta ez die ikasketei batere arretarik egiten. Neska bikaina da. Alfredo.- Cecilia ezagutzeko irrikitan nago. Jorge.- Nire esku badago, hori ez da inoiz gertatuko. Politegia da, eta hamazortzi urte besterik ez ditu. Alfredo.- Eta esan al diozu Gwendolinari, hamazortzi urteko neska politegi baten ardura duzula? Jorge.- Oh! Ezin daiteke gauza horietaz jendearekin mintzatu. Cecilia eta Gwendolina lagun minak izango dira, ziur nago. Burua egingo nuke ezagutu eta ordu erdira ahizpa deituko diotela elkarri. Alfredo.- Emakume batek beste bati ahizpa deitu baino lehen beste gauza asko deitu dio. Orain, ene laguna, afaltzeko mahai on bat aurkitu nahi badugu, jantzera joan beharko genuke. Minutu gutxi falta dira zazpiretarako, badakizu? Jorge.- (Haserre) Oh! Beti falta dira minutu gutxi zazpiretarako. Alfredo.- Beno, ni goseak nago. Jorge.- Ez zaitut inoiz ikusi goserik gabe. Alfredo.- Zer egingo dugu afalostean? Jorge.- Ezer ere ez. Alfredo.- Ezer ez egitea lan nekosoa da. Eta ez nago lan egiteko prest, helburu argi bategatik ez bada. (Gwendolina sartzen da.) Alfredo.- Hara, Gwendolina! Gwendolina.- Alfredo, mesedez, eman buelta. Kontu pribatu bat esan behar diot Worthing jaunari. Alfredo.- Zinez, Gwendolina, ez dut uste hau onartu beharko nukeenik. Gwendolina.- Alfredo, zure bizitza santu osoan ez zara serio jardun. Gazteegia zara oraindik moralkerietan aritzeko. (Alfredo tximinia aldera baztertzen da) Jorge.- Ene maitea! Gwendolina.- Ernesto, ez dut uste ezkonduko garenik. Amak erakutsi didan aurpegikeragatik hala iruditzen zait. Gurasoek ez diote semealaben erabakiari kasurik egiten gaur egun. Aspaldian zegoen gazteekiko errespetua maldan behera doa, agudo. Nire amarengan eraginik baldin banuen, hiru urte nituela galdu nuen, nonbait. Baina berak gure ezkontza galerazten badu ere, beste batekin eskontzen banaiz edo eta beste askorekin ezkontzen banaiz ere, inork eta ezerk ez du zuregatik sentzitzen dudana ezabatuko. Jorge.- Gwendolina nerea! Gwendolina.- Zure jatorri erromantikoaren istorioak, amak komentario latzez orniturik kontatu didanak, nire barrenak irauli ditu. Zure izena liluragarria da. Zure izakeraren sinpletasuna erabat ulergaitza suertatzen zait. Hiriko zure helbidea daukat. Zein da zure etxalde horrena? Jorge.- Wooltoneko Manor House. (Alfredok, adi egon denak, helbidea idazten du atorraren eskuturrean. Gero trenbideen gida hartzen du) Gwendolina.- Posta serbitzu ona egotea espero dut. Batek daki, behar bada txorakeria bat egin beharko dugu. Horretaz sakon pentsatu beharko dugu. Egunero idatziko dizut. Jorge.- Ene kutuna! Gwendolina.- Zenbat luzatuko zara hirian? Jorge.- Astelehenerarte. Gwendolina.- Ederto. Alfredo, buelta eman dezakezu. Alfredo.- Milesker. Honezkero buelta emanda nengoen. Gwendolina.- Tinbrea jo dezakezu ere. Jorge.- Kotxeraino lagundu zaitzaket, ene bihotza? Gwendolina.- Bai horixe. Jorge.- (Sartu berri den Laneri) Neuk lagunduko dut Fairfax andereñoa. Lane.- Bai, jauna. (Jorge eta Gwendolina doaz. Lanek gutun batzu ematen dizkio Alfredori bandeja batean. Fakturak direla antzematen da, ikusi eta berehala apurtzen baititu) Alfredo.- Jerez kopa bat, Lane? Lane.- Bai, jauna. Alfredo.- Bihar eguraldi ona egingo al du! Lane.- Hori ez da inoiz gertatzen, jauna. Alfredo.- Lane, pesimista porrokatua zara. Lane.- Atsegina izaten saiatzen naiz, jauna. Alfredo.- Baliteke astelenerarte ez bueltatzea. Nire jantziak presta ditzakezu, esmokina eta Bunburyren arropa guztiak... Lane.- Bai, jauna. (Jereza serbitzatzen dio) Alfredo.- Bihar, Lane, bunburizatuko naiz. Lane.- Bai, jauna. Bigarren agerraldia Eskenatokia: Manor House-ko lorategia, Wooltonen. Harri griseko eskailera bat etxeraino. Lorategia, aintzinako moduan landua, larrosaz beterik dago. Urtaroa: ekaina. Prisma andereñoa mahai inguruan eserita dago. Cecilia fondoan dago, loreak ureztatzen. Prisma.- (Ohiuka) Cecilia! Cecilia! Loreak ureztatzea lana da, eta beraz ez da zuk egitekoa, Moultonek baizik. Batez ere une honetan, plazer intelektualak zure zain daudenean. Alemanerazko gramatika mahai gainean dago. Hamabostgarren orrialdean irekitzea erregutzen dizut. Atzoko ikasgaia errepikatuko dugu. Cecilia.- (Poliki hurbilduz) Ez zait alemanera gustatzen, ordea! Hizkuntza horrek ez dit batere onik egiten. Alemanerazko klasearen ostean izugarri itsusi geratzen naiz. Prisma.- Ene txikia, ondotxo dakizu tutorea zure heziketaz nola arduratzen den. Atzo hirira joan zenean, bereziki alemanera landu behar genuela gogorarazi zidan. Cecilia.- Osaba Jorge gaixoa, beti hain ilun! Hain, hain serio ikusten dudanean, ondoezik egon behar duela pentsatzen dut. Prisma.- (Seriotasunez) Zure tutoreak osasun ezin hobea dauka, eta bera bezalako gizon gazte batek halako izakera zentzuduna erakustea laudagarria da. Ez dut ezagutzen bera baino gizon arduratu eta prestuagorik. Cecilia.- Hirurok elkarrekin gaudenean aspertuta bezala ikusten dut; horregatik izango da. Prisma.- Cecilia! Harritu egiten nauzu! Worthing jaunak ardura asko dauka bere bizitzan. Tribialtasuna eta alferriko dibertimenduak ez dute tokirik bere jardunean. Gogoan eduki bere anaiaz nola arduratzen den, zorigaitzeko gazte horretaz. Cecilia.- Osaba Jorgek inoiz bere anaia dohakabe hura hona ekartzea gustatuko litzaidake. Ernestori on egingo lioke beharbada, gurekiko harremanak, Prisma andereñoa. Ziur naiz zurekin ondo moldatuko zela. Alemanera, geologia eta abar dakizu... Gauza horiek izugarri gustatzen omen zaizkie gizonei. (Cecilia bere egutegian idazten hasten da) Prisma.- (Burua astinduz) Nekez lagunguko nioke nik ezertan. Bere anaiaren esanetan, oso izakera bigun eta aldakorra dauka. Gainera, ez dut uste lagundu nahi diodanik. Txoriburuak gauetik egunera zintzo bihurtzeko mania hori, nahiko ezegokia iruditzen zait. Bakoitza bere zamaz arduratu dadila. Egutegia utzi beharko zenuke, Cecilia. Ez dakit zertarako behar duzun egutegi bat. Cecilia.- Nire bizitzaren sekretu miragarriak idazteko. Bestela azkar ahaztuko nituzke. Prisma.- Memoria, Cecilia maitea, denok barruan daramagun egutegia da. Cecilia.- Bai, baina inoiz gertatu ez diren pasadizoak gogoratzen dira, beharbada inoiz gertatuko ez direnak... Nire ustez memoriaren erruz argitaratzen dira hiru tomotako nobela horiek. Prisma.- Ez egin barrerik hiru tomotako nobelen kontura, Cecilia. Nik neuk idatzi nuen bat gaztaroan. Cecilia.- Egia da hori, Prisma andereñoa? Zein inteligentea zaren! Bukaera tristea izango al du! Ondo bukatzen diren nobelak ez zaizkit gustatzen. Deprimitu egiten naute. Prisma.- Zintzoek azken ona eta gaiztoek azken gaiztoa egiten dute. Fikziozko nobela da. Cecilia.- Eta inoiz argitaratu al zen? Prisma.- Ez, ez... Eskuizkribua modu parkaezin batean utzi nuen... zera, galdu egin zela esan nahi dut. Baina utz dezagun hori... Burutapen hauek ez dira zure heziketarako beharrezkoak, neskatoa. Cecilia.- (Irri eginez) Chasuble erretorea ikus dezaket lorategian. Prisma.- (Altzatu ete bere bila joan da) Chasuble erretorea! Ongi etorria. (Chasuble kanonigoa sartzen da). Chasuble.- Zer moduz zaudete goiz eder honetan? Prisma andereñoa, ondo zaude? Cecilia.- Hain zuzen ere, Prisma andereñoa buruko mina duela esaten ari zitzaidan. Nire ustez, parkean zehar zurekin osteratxo bat egitea komeniko litzaioke, Chasuble erretorea. Prisma.- Cecilia, nik ez dut buruko minik aipatu. Cecilia.- Ez, Prisma andereño maitea, baina igerri egin dut. Egia esan horretaz ari nintzen pentsatzen, eta ez alemanerazko klaseaz, erretorea sartu denean. Chasuble.- Ez al zara axolagabe samarra ikasketetan? Cecilia.- Zoritxarrez, hala uste dut. Chasuble.- Ez da batere normala. Nik, Prisma andereñoaren ikaslea izateko zoria banu, ez nuke bere ezpainetako mogimendurik galduko. (Prisma andereñoak harriduraz begiratzen dio) Zentzu metaforikoan ari naiz, jakina.(...) Ejem! Worthing jauna ez da oraindik Londondik etorri, ez da hala? Prisma.- Ez omen da bueltatuko astelehen arratsalderarte. Chasuble.- Ah, bai! Igandea Londonen ematea gustatzen zaio. Ez da dibertitzeaz bakarrik arduratzen diren tutun horietakoa. Bere anaia zorigaitzeko hura bai, ordea. Baina ez ditut Egeria ninfa eta bere ikaslea gehiago nekarazi nahi. Prisma.- Egeria? Nire izena Letizia da, erretore jauna. Chasuble.- (Burua makurtuz) Autore paganoen aipamen klasiko bat izan da, besterik ez. Prisma.- Zurekin paseatzera joango naiz, erretore maitea. Ondo pentsatuta, buruko minez nago, eta ibilalditxo bat ondo etorriko zait. Chasuble.- Ederto, Prisma andereñoa, ederto. Eskoletaraino joan etorria egin dezakegu. Prisma.- Liluragarria. Cecilia, mesedez, bueltatu bitartean ikas ezazu politika ekonomikoa. Rupiaren beherakadari buruzko atala bazter dezakezu. Lar unkigarria da. Diru arazoek ere badute bere alde melodramatikoa. (Lorategitik doa, Chasuble doktorearekin batera). Cecilia.- (Liburuak hartu eta mahaira botatzen ditu) Pikutara politika ekonomiko nazkagarria, geografia nazkagarria eta alemanera nazkagarria. (Merriman sartzen da, gutun bat erratiluan) Merriman.- Ernesto Worhing jauna geltokitik etorri berria da. Ekipaia ekarri du. Cecilia.- (Gutuna hartu eta irakurtzen du) "Ernesto Worthing". Osaba Jorgeren anaia! Worthing jauna hirian dagoela esan al diozu? Merriman.- Bai, andereñoa. Eta nahigabetu dela iruditu zait. Zu eta Prisma andereñoa lorategian zeundetela ohartu diot. Zurekin elkarrizketa pribatu bat egiteko irrikitan zegoela esan dit. Cecilia.- Esaiozu Worthing jaunari hona etortzeko. Ah, Merriman! Gela bat prestatu beharko zaio. Merriman.- Bai, andereñoa. (Badoa) Cecilia.- Ez dut inoiz pertsona gaiztorik ezagutu. Izututa nago. Beste edonor bezalakoa izango den beldur naiz. (Alfredo sartzen da, humore onez) Alfredo.- Cecilia nire lehengusina gaztea zara, ez da? Cecilia.- Oker zaude. Ez naiz hain gaztea. Izan ere, nire adinerako ohi den baino zaharragoa naiz. (Alfredok harriturik begiratzen dio) Baina Cecilia lehengusina naiz, hori bai. Zu, txartelak adierazten duenez, osaba Jorgeren anaia zara, Ernesto lehengusua, Ernesto lehengusu gaiztoa. Alfredo.- Ez naiz hain gaiztoa benetan. Ez duzu gaiztoa naizela pentsatu behar. Cecilia.- Gaiztoa ez baldin bazara denok engainatu gaituzu oso modu itxusian. Bizitza bikoitza daramazu, agian: gaiztoa agerian baina funtsean usoak baino apalagoa? Itxurakeria nazkagarria litzateke hori. Alfredo.- (Harriturik) Alproja xamarra izan naiz, jakina. Cecilia.- Eskerrak. Alfredo.- Egia esan, gai honetaz hasi garenez gero, nahiko pertsona zitala izan naizela aitortu behar dizut. Cecilia.- Ez dut uste harro egoteko kontua denik. Bestalde, oso eszitantea izan delakoan nago. Alfredo.- Eszitanteagoa da orain zurekin egotea. Cecilia.- Ez dut ulertzen zergatik zauden hemen. Osaba Jorge ez da astelehenerarte bueltatuko. Alfredo.- Ezbehar handia da hori. Astelehen goizean lehenengo trena hartu beharra daukat. Londonen negozio bilera bat daukat eta derrigorrezkoa dut... huts egin. Cecilia.- Eta ezin duzu beste inon huts egin? Alfredo.- Ez. Bilera Londonen egitekoa da. Cecilia.- Beno, ondo ulertzen dizu. Negozio bilera batera joatea, bizitzaren edertasunaren kontrako ekintza bat da. Baina hobe duzu Jorge osaba etorri arte geratzea. Zure emigrazioaz hitzegin nahi du zurekin. Alfredo.- Nire zer? Cecilia.- Zure emigrazioaz. Behar den guztia erostera joan da. Alfredo.- Ezin dut onartu Jorgek niri ezer erostea. Korbatetarako oso gusto txarra du. Cecilia.- Ez dut uste korbatarik behar duzunik. Azkeneko berrien arabera, osaba Jorge-k Australiara bidali nahi zaitu. Alfredo.- Australiara! Australiara! Lehenago hil. Cecilia.- Horiexek dira asteazkeneko afarian aipatu ziren aukera biak: Australia ala beste mundua. Alfredo.- Ah, ez, ez! Beste munduaz eta Australiaz ditudan berriak ez dira oso zuzpergarriak. Mundu hau nahiko ona da niretzat, Cecilia lehengusina. Cecilia.- Bai, baina ona al zara zu munduarentzat? Alfredo.- Tamalez, ezetz uste dut. Horregatik, zuzendu nazazun nahi dut. Hori izan daiteke zure betebeharra, axola ez bazaizu. Cecilia.- Arratsalde honetan ez dut astirik izango. Alfredo.- Beno, eta zer moduz arratsaldean nik neure burua onbideratzen badut? Cecilia.- Kijotesko xamarra iruditzen zait, baina saiatu zaitezke. Alfredo.- Saiatu egingo naiz. (Arnasa hartuz) Hobe sentitzen naiz dagoeneko. Cecilia.- Ba itxuraz txartoago zaude. Alfredo.- Goseak nagoelako da hori. Cecilia.- Zein tuntuna naizen! Bizimodu berriari ekiten zaionean otordu oparo eta ordenatuak behar direla ahaztu zait. Sartu nahi duzu? Alfredo.- Milesker. Baina hartu al dezaket lehenago botoizulorako lore bat? Gosea galtzen dut botoi zuloan lore bat eduki ezean. Cecilia.- Gardenia bat? (Artaziak hartuz) Alfredo.- Ez, larrosa nahiago dut. Cecilia.- Zergatik? (Lorea ebakiz) Alfredo.- Zu larrosa bezalakoa zarelako, Cecilia. Ah, badakit arruntekeria bat esan dudala. Cecilia.- Ez dut uste zilegi duzunik horrela mintzatzea. Prisma andereñoak ez dit sekula horrelakorik esaten. Alfredo.- Prisma andereñoa andra zahar itsua da, orduan. (Ceciliak larrosa ipintzen dio botoi zuloan) Sekula ikusi dudan neskatxarik politena zara. Cecilia.- Prisma andereñoaren esanetan, edertasun fisikoa tranpa bat besterik ez da. Alfredo.- Edozein gizon zentzudun eroriko litzateke gustora tranpa horretan. Cecilia.- Ah, bai? Ba nik ez nuke gizon zentzudun bat harrapatu nahi. Ez nuke asmatuko zertaz hitzegin. (Etxera sartzen dira. Prisma andereñoa eta Chasuble erretorea agertzen dira) Prisma.- Bakarrik bizi zara, Chasuble erretorea, eta hori ez zaizu komeni. Ezkondu beharko zenuke. Chasuble.- (Eskolakide baten zirraraz) Araua, hala nola aintzinako eleizamaren ohitura, erabat ezkontzaren kontra azaltzen ziren. Prisma.- Horrexegatik ez du aintzinako eleizamak gaur egunerarte iraun. Baina non dago Cecilia? Chasuble.- Beharbada, gure atzetik joan da eskoletaraino. (Jorge sartzen da, lorategiaren fondotik, poliki. Lutoz jantzirik dago, kapelan zinta beltza eta eskunarru beltzekin). Prisma.- Worthing jauna! Chasuble.- Worthing jauna! Prisma.- Hau ustekabea! Astelehen arratsaldean etortzekoa zinen eta! Jorge.- (Keinu trajikoaz Prismaren eskua estutzen du) Uste baino lehenago etorri naiz. Zer moduz zaude, Chasuble erretorea? Chasuble.- Worthing jaun maitea, soinean daramazun jantziaren kolore ilun horrek zorigaitzen bat gertatu dela esan nahi al du? Jorge.- Nire anaia. Prisma.- Apustu eta erokeria gehiago? Chasuble.- Bizimodu lizun hori eramaten al du oraindik? Jorge.- (Burua astinduaz) Hilda! Chasuble.- Zure anaia Ernesto hil da? Jorge.- Goitik behera. Prisma.- Eskarmentu ederra berarentzat. Horrela ikasiko al du! Chasuble.- Worthing jauna, nire doluminik handiena. Dena den, zu anaia eskuzabal eta maitekorrena izan zara, eta horrek kontsolatu behar zaitu. Jorge.- Ernesto gaixoa! Akats asko zituen, baina tristea, benetan tristea izan da. Chasuble.- Bere ondoan egon zara hilorduan? Jorge.- Ez. Atzerrian hil da. Parisen. Grand Hoteleko gerenteak bidalitako telegrama iritsi zitzaidan bart. Chasuble.- Zer dela eta hil zen? Jorge.- Katarro latz bat, nonbait. Chasuble.- (Eskua altzatuz) Hemen lurperatua izango da? Jorge.- Ez, Parisen lurperatzeko eskatu omen zuen berak. Chasuble.- Parisen! (Burua astinduz) Azkenordurarte kaxkarin hutsa izan zen, beraz. Datorren igandean gertaera trajiko honen aipamen bat egingo dut, zuk hala nahi baduzu. (Jorgek eskua estutzen dio bortizki) Manari buruzko sermoia erabiliko dut. Ia gertaera guztietara egokitu daiteke, hala zoriontsuak nola, oraingo hau bezala, zorigaitzekoak. (Denek hartzen dute haizea) Bataioetan, konfirmazioetan, dolu nahiz poz egunetan erabili dut. Azkena katedralean egin nuen, aristokraziaren nahigabeari aurre egiteko elkartearen aldeko sermoian. Jorge.- Ah! Bataioa aipatu duzunez, gauza bat eskatu behar dizut. Bataiatzen ondo dakizu? (Chasuble doktorea harriturik geratzen da) Zera esan nahi dut, bataio asko egiten duzula, ez da hala? Prisma.- Horixe da erretorearen betebeharrik funtsezkoenetakoa bat. Askotan mintzatu naiz horretaz langile klasearekin, baina ez dakite aurreztea zer den ere, antza. Chasuble.- Eta ume jakin batetaz ari zara, Worthing jauna? Nik dakidanez, zure anaia ezkongabea zen, ala ez? Jorge.- Ah, bai! Prisma.- (Garrazki) Plazerraren menpe bizi direnak nekez ezkontzen dira. Jorge.- Ez naiz ume batetaz ari, erretore maitea. Gaur bertan bataiatu nazazun nahiko nuke, beste eginkizunik ez baldin baduzu. Chasuble.- Seguraski aspalditik bataiatuta zaude, ordea. Jorge.- Horretaz ez dut ezer ere gogoratzen. Chasuble.- Baina zalantzarik ba al duzu? Jorge.- Baietz uste dut. Beharbada kontu hauetarako zaharregia naizela irudituko zaizu. Chasuble.- Ez horixe. Helduak urperatzea oso ekintza kanonikoa da. Jorge.- (Izuturik) Urperatzea! Chasuble.- Ez larritu. Ur pitin batez zipriztintzea nahikoa da. Are gehiago, komenigarriagoa. Eguraldia hain aldakorra da azken honetan! Zer ordutan egingo dugu elizkizuna? Jorge.- Bostak inguruan, ondo baderitzozu. Chasuble.- Bikaina, bikaina! Antzeko beste bi elizkizun daukat ordu berean. Mendi aldeko etxe batean jaiotako anaia bizkiak. Jenskin gaixoarenak dira, gurdizaina bera, oso gizon langilea. Jorge.- Ez dut ondo ikusten beste umeekin batera bataiatua izatea, baina... Zer moduz bost t´erdietan? Chasuble.- Nola ez, bost t´erdietan. (Erlojua ateratzen du) Eta orain, Worthing jauna, ez zaituztet gehiago nekarazi nahi une latz honetan. Eta mesedez, egiozu aurre minari. Zorigaitza, askotan, gertaera pozgarrien ataria izan ohi da. Prisma.- Gertaera pozgarria iruditzen hau niri, ba. (Cecilia etxetik sartzen da) Cecilia.- Osaba Jorge! Eskerrak etorri zaren! Baina, bai traje itsusia daramazuna! Joan zaitez aldatzera behingoan. Prisma.- Cecilia! Chasuble.- Ene alabatxoa! Ene alabatxoa! (Cecilia Jorgerengana doa; berak bekokian mun egiten dio melankoniatsu) Cecilia.- Zer duzu, osaba Jorge? Alaitu zaitez! Agineko mina duzula ematen du. Zuretzako sorpresa bat daukat. Ezetz asmatu nor dagoen jangelan... Zure anaia! Jorge.- Nor? Cecilia.- Zure anaia Ernesto. Duela ordu erdia ailegatu da. Jorge.- Ezinezkoa. Ez daukat anaiarik honezkero. Cecilia.- Etzazu horrelakorik esan. Gaizki portatu bada ere, zure anaia da. Ezin duzu hain bihotz gogorra izan. Heldu zarela esango diot. Eskua emango diozue elkarri, ez da? Chasuble.- Hau bai gertaera pozgarria. Prisma.- Haren heriotzera eginda geunden; berehalako berpizte hau erabat lamentagarria iruditzen zait. Jorge.- Nire anaia jangelan dago? Ez dut ezer ere ulertzen. Ez dauka zentzurik, inondik inora. (Alfredo eta Cecilia sartzen dira, eskutik helduta. Jorgerengana hurbiltzen dira poliki) Jorge.- Jainkoa! (Alfredori joateko keinua egiten dio) Alfredo.- Anaia maitea, ekarri dizkizudan nahigabe guztiengatik barkamena eskatzera eta bizimodu berri bati ekiteko prest nagoela esatera etorri naiz. (Jorgek haserre begiratzen dio) Cecilia.- Osaba Jorge, izan zaitez bihotz zabala. Denok daukagu zerbait ona geure barrenean. Ernesto bere lagun elbarrituaz mintzatu zait. Eta elbarritu batekin maitekor portatzen den gizon bat, lagun gaixo baten ohearen ondoan egoteagatik Londreseko plazerrei uko egiten dien gizaseme bat, ona eta bihotz zabala da, dudarik gabe. Jorge.- Ah, Bunbury lagunari buruz mintzatu zaizu, ez da? Cecilia.- Bunbury gaxoa eta bere osasun egoera penagarriari buruz den dena kontatu dit. Jorge.- Bunbury! Ez dut Bunbury horretaz, ezta beste edozertaz hitz egin dezazun nahi! Alfredo.- Erru guztia nerea dela onartzen dut, jakina. Baina anaiak nirekiko erakusten duen hoztasuna mingarria zaidala aitortu behar dut. Harrera beroagoa espero nuen, batez ere kontutan hartzen badugu hona natorren lehen aldia dela. Cecilia.- Osaba Jorge, ez baduzu Ernestoren eskua onartzen, ez dizut sekula barkatuko. Jorge.- (Zalantzaren ondoren) Tira, baina azkenaldia da hau. (Alfredoren eskua hartzen du haserre begiratuaz) Chasuble.- Pozten naiz adiskidetze honen lekuko izateaz. Hobe dugu joatea, anaia biek zer kontatu asko izango dute eta. Prisma.- Zatoz gurekin, Cecilia. Cecilia.- Nola ez, Prisma andereñoa. Nire eginkizuna bukatu da. Chasuble.- Ekintza ederra burutu duzu gaur, ene alabatxoa. Prisma.- Hori ikusteko dago oraindik. Cecilia.- Erderto sentitzen naiz. (Denak irteten dira, Alfredo eta Jorge ezik) Jorge.- Alfredo, purtzil alena. Hemendik alde egin behar duzu lehenbaitlehen. Ez dizut toki honetan bunburizatzen onartuko. Nola bururatu zaizu honelakorik? (Merriman sartzen da) Merriman.- Ernesto jaunaren ekipaia zure gelaren ondokoan ipini dut, jauna. Ondo al dago horrela? Jorge.- Zer? Merriman.- Ernesto jaunaren ekipaia. Pardelak askatu eta zurearen ondoko gela batean sartu ditut. Jorge.- Bere ekipaia? Merriman.- Bai jauna. Hiru maleta, maletatxo bat, bi kapelaontzi eta saski handi bat. Alfredo.- Zoritxarrez, egun gutxitarako etorri naiz. Astebete gehien jota. Jorge.- Merriman, kotxea berehala presta dezatela. Ernesto jaunari, hirira premiaz bueltatu behar duela jakin arazi diote. Merriman.- Bai jauna. (Etxera sartzen da) Alfredo.- Gezurtero halakoa! Ez dut hirira zertan bueltatu beharrik. Jorge.- Bai, bueltatu egin behar duzu. Alfredo.- Ez dit inork halakorik jakinarazi, nik dakidanez. Jorge.- Ongi hazitako pertsona bazara, itzuli behar duzu. Alfredo.- Nire heziketa ona ez da inoiz nire plazerretarako oztoporik izan. Eta... beno, Cecilia xarmangarria da. Jorge.- Etzazu Worthing andereñoaz hala hitz egin. Ez da bidezkoa. Alfredo.- Ondo. Zeure jazkera ere ez da bidezkoa. Erabat barregarri zaude. Zergatik ez zoaz aldatzera? Zure etxean astebete konbidaturik egon behar duen gizon bategatik lutoa gordetzea nahiko bitxia da. Jorge.- Ez zara nire etxean astebete geratuko, inolaz ere. Alde egingo duzu... laurak eta bosteko trenean. Alfredo.- Ez naiz joango zu lutoz zauden bitartean. Adiskide batek ez du holakorik egiten. Lutoz banengo, zu nirekin geratuko zinateke, ziur naiz. Eta geratuko ez bazina, bihotz gogorra duzun seinale litzateke. Jorge.- Tira, trajea aldatzen badut ospa egingo al duzu? Alfredo.- Bai, ez bazara gehiegi luzatzen. Oso poliki jazten zara, eta oso txarto, gainera. Jorge.- Zure harrokeria barregarria da, zure portaera mingarria, eta lorategi honetan egote hutsa erabat zentzugabea. Baina laurak eta bosteko trena hartuko duzu. Hirirako bidai atsegina opa dizut. Bunburiketa hau, zuk esaten duzun moduan, ez zaizu zuzen atera. (Etxera sartzen da) Alfredo.- Nire ustez arrakastatsua izan da. Ceciliarekin maiteminduta nago, eta hori ulertu beharko zenuke. (Cecilia lorategitik sartu eta loreak ureztatzen hasten da) Baina joan baino lehen ikusi egin behar dut, eta beste bunburikizun baterako dena prestatu. Ah, hantxe dago. Cecilia.- Oh, loreak ureztatzera etorri naiz, bestrik gabe. Osaba Jorgerekin zinela uste nuen. Alfredo.- Bai, niretzako kotxea presta dezaten agintzera joan da. Cecilia.- Ah, basoan zehar paseiatzera eramango al zaitu? Alfredo.- Etxetik bota nau. Cecilia.- Orduan, banandu egingo gara? Alfredo.- Hala uste dut. Oso agur samina da. Cecilia.- Gutxi ezagutzen den norbaiti agur esatea beti izaten da samina. Aspaldiko lagunen urruntzea errez jasaten da. Baina ezagutu berri dugun norbaitengandik aldentzea, denbora laburrerako bada ere, ia jasan ezina da. Alfredo.- Milesker. (Merriman sartzen da) Merriman.- Kotxea atarian dago, jauna. (Alfredok erregu-begirada bat botatzen dio Ceciliari) Cecilia.- Bost minutu besterik ez naiz luzatuko, Merriman. Merriman.- Bai, andereñoa. (Merriman badoa) Alfredo.- Ez al zara haserretuko, Cecilia, zentzu guztietan perfekzio absolutoaren personifikazioa zarela argi eta garbi esaten badizut? Cecilia.- Egiazalea zara, Ernesto, eta hori atsegin dut. Axola ez bazaizu, egutegian idatziko ditut zure hitzak. (Mahairantz doa eta idazten hasten da) Alfredo.- Egutegi bat idazten al duzu benetan? Ikusteko irrikitan nago. Ba al dezaket? Cecilia.- Oh, ez! (Estali egiten du) Kontutan hartu neskatila gazte baten burutapen eta sentimenduen zerrenda bat besterik ez dela. Baina, mesedez Ernesto, jarraitu. Zuk esan eta neuk idatziko dut. Alfredo.- (Beldurrez) Ejem, ejem. Cecilia.- Oh, etzazu estulik egin. Diktado bat egiten denean argi mintzatu behar da, eta estulik egin gabe. Gainera ez dakit estula nola idazten den. (Alfredok hitz egin ahala idazten du) Alfredo.- (Azkar hitzeginez) Cecilia, zure edertasun kiskalgarri eta konparaezina ikusi nuen une beretik, irrikaz, grinaz, ausardiaz, etsi etsian maite zaitut. Cecilia.- Ez dut uste irrikaz, grinaz, ausardiaz eta etsi etsian maite nauzula esatea egokia denik. "Etsi etsian" horrek ez dauka zentzurik, ez duzu uste? Alfredo.- Cecilia! (Merriman sartzen da) Merriman.- Kotxea zure zain dago, jauna. Alfredo.- Esaiozu datorren astean eta ordu berean etortzeko. Merriman.- (Ceciliari begiratzen dio, honek ez du zirkinik egiten) Bai, jauna. (Badoa) Cecilia.- Osaba Jorgek datorren asteko laurak arte geratu behar duzula jakingo balu, sutan jarriko litzateke. Alfredo.- Bost axola niri Jorge. Bost axola mundu osoa, zu izan ezik. Maite zaitut, Cecilia. Nirekin ezkondu nahi al duzu? Cecilia.- Ze tuntuna. Bai horixe! Hiru hilabete dira hitz emanda gaudela. Alfredo.- Hiru hilabete? Cecilia.- Bai, ostegunean hiru hile beteko dira. Alfredo.- Baina, nola gertatu zen? Ez dut ezer gogoratzen. Cecilia.- Osaba Jorgek oso anaia gaiztoa zuela aitortu zuenetik, hau da, zu zeu, Prisma andereñoa eta bion arteko solasbide nagusi bilakatu zinen. Eta jakina, askotan aipatzen den gizona erakargarri bihurtzen da. Zerbait berezi eduki behar duela pentsatzen duzu. Erokeria bat izan zen, baina zutaz maitemindu nintzen, Ernesto. Alfredo.- Ene maitea! Eta noiz egin genuen ezkontzeko promesa? Cecilia.- Joan den otsailaren hamalauean. Nola edo hala konpndu beharra zegoen egoera zatar hura: ni zurekin maitemindurik, eta zuk existitzen nintzenik ere jakin ez. Beraz, buelta asko eman eta gero, zuhaitz zahar maite horren azpian baietz esan nizun. Biharamunean eraztun hau erosi nuen zure partez; eta eskuturreko txiki hau, maitasunaren lokarria duena, hil arteraino eramango nuela hitz eman nizun. Alfredo.- Neuk oparitu nizun? Polita, ezta? Cecilia.- Bai, gustu aparta duzu, Ernesto. Horregartik eraman duzu, nire ustez, hain bizimodu okerra... Eta kutxatila honetan, zure gutun guztiak gorde ditut. (Mahai aurrean belaunikatu, kaxa zabaldu eta zinta urdin batez loturiko gutun sorta bat atera du) Alfredo.- Nire gutunak! Baina, Cecilia nirea, ez dizut sekula gutunik idatzi. Cecilia.- Hori esan beharrik ez duzu, Ernesto. Ondo gogoratzen dut zure ordez neuk idatzi behar izan nituela. Astean hiru aldiz idazten nuen, batzutan maizago. Alfredo.- Oh! Irakurri al ditzaket, Cecilia? Cecilia.- Ezinezkoa da! Harropuztuko zinen eta. (Kaxa gorde du) Gure harremana hautsi ondoren idatzi zenituen hiru gutunak hain ederrak dira, hainbeste ortografia falta dituzte... gaur da eguna, irakurri eta negar pixkat egiten dudala. Alfredo.- Baina... haserretu al ginen? Cecilia.- Jakina. Joan den Maiatzaren hogetabian. Hemen egiaztatu dezakezu. (Egutegia erakutsiz) "Gaur Ernestorekiko harremana apurtu dut. Hobe da horrela. Eguraldi bikaina dugu gaur ere." Alfredo.- Baina zergatik apurtu genuen? Zer egin nuen? Ezer ere ez, nik dakidalarik. Cecilia, apurtu genuela entzuteak min eman dit. Batez ere hain eguraldi bikaina zegoela jakinik... Cecilia.- Benetako hareman batean gutxienez behin haserretzea beharrezkoa da. Baina aste baten buruan barkatuta zeunden. Alfredo.- Aingeru bat zara, Cecilia. Cecilia.- Eta zu oso mutil erromantikoa. (Alfredok mun egiten dio, neskak ilea ferekatzen dio) Kizkur hauek naturalak dira? Alfredo.- Bai, ene bihotza, pelukeroari esker. Cecilia.- Pozten naiz. Alfredo.- Ez duzu gure harremana berriro hautsiko, ezta, Cecilia? Cecilia.- Ezinezkoa da, orain ezagutzen zaitudalako. Gainera, zure izenaren kontua dago. Alfredo.- (Urduri) Nire izena, nola ez. Cecilia.- Beharbada huskeria bat irudituko zaizu, baina txiki txikitatik desiatu dut Ernesto izeneko batekin maitemintzea. (Alfredo altzatu da, Cecilia ere bai) Izen horrek ba du zerbait erabateko konfidantza ematen duena. Erenestoekin ezkonduta ez dauden emakume guztiei erruki diet. Alfredo.- (Kikildurik) Beraz, beste izen bat banu, ez nindukezu maitatuko? Cecilia.- Baina zein izen? Alfredo.- Ah, beste edozein... Alfredo, esate baterako. Cecilia.- Niri, behintzat, ez zait Alfredo batere gustatzen. Alfredo.- Baina laztana, maitea, bihotza, ez dut ulertzen zer duzun Alfredo izenaren kontra Ez da izen makala. Kutsu aristokratikoa dauka, gainera. Baina zin zinez, Cecilia: nire izena Alfredo balitz, ez nindukezu maitatuko? Cecilia.- Beharbada errespetatu, bai; zure nortasuna miretsi ere bai; baina ez nizuke nire bihotza eskeiniko. Alfredo.- Ejem! Cecilia! (Kapela harturik) Hemengo apaiza eleizkizun guztietan trebea dela suposatzen dut. Cecilia.- Horixe baietz. Chasuble erretorea oso gizon ikasia da. Ez du sekula libururik idatzi, beraz kontuak atera. Alfredo.- Berehala ikusi beharra daukat, premiazko bataio baterako... zera esan nahi dut, premiazko kontu baterako. Ordu erdi barru hemen nauzu berriro. Cecilia.- Otsailaren hamalauetik hitz emanda gauden arren, gaur da ikusten zaitudan lehen eguna. Gauzak horrela, oso itxusia iruditzen zait ordu erdiko epe luzeaz banaturik egotea. Ezin duzu hogei minututan bukatu? Alfredo.- Ziztu bizian bueltatuko naiz. (Mun egin eta lorategitik korrika joaten da) Cecilia.- Hori da odol beroa! Eta ilea oso polita dauka. Egutegian idatzi behar dut bere aitorpena. (Merriman sartzen da) Merriman.- Fairfax delako andereño bat Worthing jaunaren bila etorri da. Arazo larri bategatik omen da. Cecilia.- Worthing jauna ez al dago liburutegian? Merriman.- Irten egin da, parrokiarantz uste dut. Cecilia.- Eskatu egiozu emakume horri hona sartu dadila. Eta tea serbitzatu, mesedez. Merriman.- Bai, andereñoa. (Badoa) Cecilia.- Fairfax andereñoa! Jorge osabaren ezagun bat bada, Londreseko kontu filantropiko horietan dabilen atso zahar horietako bat da, zihur. Karitateaz hainbeste arduratzen diren emakumeak ez ditut atsegin. (Merriman sartzen da) Merriman.- Fairfax andereñoa. (Gwendolina sartzen da. Merriman badoa) Cecilia.- (Gwendolinaren bila) Arratsaldeon. Cecilia Cardew nauzu, Gwendolina.- Cecilia Cardew? (Eskua luzatuz) Izen polita! Lagun minak izango gara, nire ustez. Lehenengo inpresioa nahikoa izaten dut jendea ezagutzeko. Cecilia.- Duela hain denbora gutxi ezagutzen nauzularik, oso atsegina zara hori esateagatik. Gwendolina.- (Zutik oraindik) Cecilia deitzerik bai? Cecilia.- Jakina. Gwendolina.- Eta zuk niri Gwendolina deituko didazu, ondo baderitzozu. Cecilia.- Ondo deritzot. (Ixilune bat. Biak esertzen dira) Gwendolina.- Eta orain nor naizen esango dizut. Nire aita Lord Bracknell da. Ez duzu aitatxo entzunez ere ezagutzen, ez da? Cecilia.- Ez dut uste. Gwendolina.- Familiatik kanpo, zorionez, aitatxo erabat ezezaguna da. Hala behar du izan. (Betaurrekoen bidez Cecilia aztertu ondoren) Bisita bat egitera etorri zara ona, ez da? Cecilia.- Ez, hemen bizi naiz. Gwendolina.- (Serio) Eh? Orduan zure ama, izeba edo adineko beste emakumeren bat ere, hemen bizi da. Cecilia.- Ez, ba! Ez daukat amarik, ez eta beste seniderik ere. Gwendolina.- Nola? Cecilia.- Nire tutore maiteak ni zaintzeko ardura latza dauka, Prisma andereñoaren laguntzarekin. Gwendolina.- Zure tutorea? Cecilia.- Bai, Worthing jauna. Gwendolina.- Ez dit sekula esan inoren tutorea zenik. Ondo gorde du sekretua! Orain, are interesgarriagoa iruditzen zait. Dena den, ez dakit gehiegi poztu behar naizenik. (Altzatu eta Ceciliarengana doa) Egia esan, Cecilia, nahiago nuke zuk berrogetabi urte edukitzea, eta atso zahar bat baino itsusiagoa izatea. Ernesto erabat zintzo eta zuzena da; baina tentazio larriaren aurrean, santuena ere galdu daiteke. Cecilia.- Barkatu, Gwendolina, Ernesto esan duzu? Gwendolina.- Bai. Cecilia.- Oh, Ernesto Worthing jauna ez da nire tutorea. Nire tutorea bere anaia da, anaia nagusia. Gwendolina.- Ernestok ez dit inoiz anaiarena aipatu. Cecilia.- Zoritxarrez hainbat urtetan ez dute harreman ona eduki. Gwendolina.- Ah! Horrek dena argitzen du. Pentsatzen jarrita, gizonek ez dute anaiari buruz mintzatzeko ohitura. Itxuraz, gai hori ez dute atsegin. Cecilia.- (Ixilka) Gwendolina maitea: ez dut zurekin sekretua gorde beharrik. Ernesto Worthing jaunarekin ezkonduko naiz. Gwendolina.- (Kortesiaz, altzaturik) Cecilia maitea: hemen gaizki ulertze bat dago, antza. Ernesto Worthing jauna nire senargaia da. Morning Post-ean argitaratuko dute berria larunbatean, beranduena. Cecilia.- (Bera ere kortesia handiarekin, altzatuz) Oker zaudela uste dut. Ernestok duela hamar minutu hitz eman dit. (Egutegia erakusten dio) Gwendolina.- (Egutegia aztertzen du beteurrekoen bidez) Bitxia benetan, berak bere emaztetzat hartu ninduelako atzo arratsaldeko bosterdietan. Eta gertarea hori egiaztatu nahi baldin baduzu, hemen irakurtzea erregutzen dizut. (Bere egutegia ateratzen du) Ez naiz inora joaten nire egutegia gabe. Cecilia.- Gwendolina maitea, zuri min fisiko edo sikikoa egitea damu dut, baina nire uste apalean, Ernestoren eritzia nabariro aldatu da atzoko bosterdietatik hona. Gwendolina.- Mutil gizarajoa tranpa dorpe batean erori bada, nire eginbeharra, esku tinkoaz berehala askatzea dela uste dut. Cecilia.- (Doinu tristez) Ez dakit zein amarrutan harrapatu duten nire senargai gaxoa, baina dena den, ez diot ezer ere leporatuko ezkondu ondoren. Gwendolina.- Amarrua esaten duzunean, niri buruz ari al zara, menturaz? Harroputz halakoa! Cecilia.- Ernesto nire tranpan erori zela esan nahi duzu zuk? Nola ausartzen zara? Gauzei bere izenaz deitu behar zaie: behi bat behi bat da, ene maitea, esate baterako. Gwendolina.- (Isekaz) Zorionez sekula ez dut aitzur bat ikusi. Gure gizarte maila erabat desberdina dela iruditzen zait. (Merriman sartzen da eta serbitzari bat atzetik. Bandeja, amantala eta te ontziak daramatza. Cecilia erantzutera doa, baina serbitzarien presentziagatik neska biak isiltzen dira) Merriman.- Tea hemen serbitzatuko dut, betiko legez? Cecilia.- (Serio eta lasai) Bai, betiko legez. (Merriman mahaitik gauzak kentzen hasten da, mahai zapia ipintzeko. Isilaldi luzea. Cecilia eta Gwendolina elkarri begira daude) Gwendolina.- Ibilaldi interesgarririk al dago inguruotan? Cecilia.- Asko! Mendiska baten gainaldetik bost probintzia ikustea dago, gutxi gora behera. Gwendolina.- Bost probintzia! Ez dut uste gustatuko zaidanik. Jendetza ez dut atsegin. Cecilia.- (Gozo) Horregatik bizi zara hiriburuan, ez da? (Gwendolinak ezpainari horzka egiten dio eta euritakoaz oina astintzen du, urduri) Gwendolina.- (Ingurura begiratuz) Ondo zaindutako lorategia da hau, dudarik gabe. Cecilia.- Gustatzen zaizu? Pozten naiz. Gwendolina.- Ez nekien mendian loreak zirenik. Cecilia.- Loreak hemen mordoka daude, Londres-en jendea bezala. Gwendolina.- Zinez, ez dut ulertzen jendea nola moldatzen den mendian bizitzeko, norbait moldatzen baldin bada. Mendiak izugarri aspertzen nau. Cecilia.- Hori da egunkarietan nekazal depresioa deitzen dutena, ez da horrela? Gaur egun aristokrazian askotan gertatzen den gaitza dela entzun dut. Ia izurritea omen da. Te bat onartuko al didazu? Gwendolina.- (Gizabidez) Milesker. Cecilia.- (Goxo) Azukrea? Gwendolina.- (Harro) Ez, milesker. Azukrea modaz kanpo dago aspalditik. (Ceciliak haserre begiratzen dio, azukreontzia hartu eta lau koskor sartzen ditu tazan) Cecilia.- (Siku) Pastela ala ogia gurinarekin? Gwendolina.- (Aspertu antzean) Ogia gurinarekin, mesedez. Londresen, ongi hazitakoen etxeetan, pastela nekez ikusten da gaur egun. Cecilia.- (Pastel zati handi bat ebaki eta bandejan uzten du) Emaiozu hau Fairfax andereñoari. (Merrimanek hala egiten du eta badoa beste serbitzariarekin batera. Gwendolinak tea edan eta nazka keinu bat egiten du. Taza azkar uzten du. Ogia hartzera doa baina pastela dela ikusten du. Haserre altzatzen da) Gwendolina.- Tea azukre koskorrez bete didazu, eta ogia gurinarekin eskatu dizudan arren, zuk pastela eman didazu. Nire izakera apala eta nire aldarte goxoa ezagun dira, baina oraingo honetan urrutiegi joan zara. Cecilia.- (Altzatuz) Nire Ernesto gaxoa beste edozein neskaren trikimailuetatik askatzearren, are urrutiago joango nintzateke. Gwendolina.- Ikusi zintudan une beretik susmo txarra hartu nizun. Lehenengo inpresioa nahikoa izaten dut jendea ezagutzeko. Cecilia.- Nire erruz denbora alferrikaltzen ari zarela iruditzen zait, Fairfax andereñoa. Ziur naiz antzeko bisitaldi asko egin behar duzula inguruko etxeetan. Arratsaldeon. Gwendolina.- Arratsaldeon. (Jorge sartzen da) Ernesto! Nire Ernesto maitea! Jorge.- Gwendolina! Nire bihotza! (Mun egitera doa) Gwendolina.- (Atzera eginez) Egon apur batean! Eman al diozu neska honi zure hitza? (Cecilia seinalatuz) Jorge.- (Barre eginez) Ceciliari? Pentsatzea ere! Zer dela eta sortu da ideia zoro hori zure burutxo ederrean? Gwendolina.- Milesker! Orain eman ahal didazu musu hori. (Masaila eskeiniz) Cecilia.- (Gozo) Ziur nintzen gaizki ulertze bat zela, Fairfax andereñoa. Zure gerria inguratzen duen besoaren jabea nire tutorea da. Gwendolina.- Nola? Cecilia.- Osaba Jorge da. Gwendolina.- Jorge? Oh! (Alfredo sartzen da) Cecilia.- Hona hemen Ernesto. Alfredo.- (Ceciliarengana zuzen doa beste biekin erreparatu gabe) Nire maitea! (Mun egitera doa) Cecilia.- Egon piska batean, Ernesto. Eman al diozu neska honi zure hitza? Alfredo.- (Ingurura begiratuaz) Zein neskari? Ai ene, Gwendolina! Cecilia.- Bai, ai ene, Gwendolina! Gwendolinari buruz ari naiz. Alfredo.- (Barre eginez) Pentsatzea ere! Nork sartu dizu ideia zoro hori zeure burutxo ederrean? Cecilia.- Milesker. (Masaila eskeiniz) Orain bai, Ernesto. (Alfredok mun egiten dio) Gwendolina.- Oker zaude, Cardew andereñoa. Besartean duzun jauna nire lehengusu Alfredo da. Cecilia.- (Alfredorengandik aldenduz) Alfredo! Oh! (Neska biak batzen dira eta elkarri gerritik heltzen diote babestu guran) Cecilia.- Alfredo da zure izena? Alfredo.- Ezin dut ukatu. Cecilia.- Oh! Gwendolina.- Zure benetako izena Jorge da? Jorge.- (Harro xamar) Uka nezake, hala nahi ezkero. Dena uka nezake nahi izan ezkero. Baina Jorge da nire benetako izena. Aspaldi aspalditik gainera. Cecilia.- (Gwendolinari) Biok jasan dugu dezepzio latza. Gwendolina.- Nire Cecilia maitea, kalte itxusia egin dizute! Cecilia.- Nire Gwendolina bihotzekoa, min handia eman dizute! Gwendolina.- (Poliki eta serio hitzeginez) Ahizpa deituko al didazu aurrerantzean? Cecilia.- Horixe baietz, aizpatxo! (Besarkatzen dira) Gwendolina.- Worthing jauna: gauza bat galdetu nahi dizut. Non dago zure anaia Ernesto? Biak gaude Ernestorekin hitz emanda; beraz premiazkoa zaigu non dagoen jakitea. Jorge.- (Poliki eta ezbaikor) Gwendolina... Cecilia... Gogor egiten zait egia aitortzea. Nire bizitzan lehenengo aldiz aurkitzen naiz honelako estualdi batean, eta ez dakit nola jokatu. Dena den, argi eta garbi esango dizuet ez dudala Ernesto izeneko anaiarik. Gehiago oraindik, ez daukat batere anaiarik. Ez dut sekula eduki, eta ez dut gerokoan edukitzeko inolako asmorik. Cecilia.- (Harriturik) Batere anaiarik ez? Jorge.- (Pozik) Batere ez. Gwendolina.- (Serio) Ez duzu inoiz anaiarik eduki? Jorge.- Inoiz ez. Batere ez. Gwendolina.- Nahiko garbi dago, Cecilia. Ez diogu inori ere hitzik eman. Cecilia.- Neskatila gazte batentzat hau ez da oso egoera atsegina, ez duzu uste? Gwendolina.- Goazen etxera. Ez dut uste segitzera ausartuko direnik. Cecilia.- Ez! Gizonak beldurtiak eta koldarrak dira. Gwendolina.- Beldurtiak eta koldarrak! (Badoaz) Jorge.- Beraz, egoera lastimagarri honi deitzen diozu zuk bunburitasuna? Alfredo.- Bai, eta bunburiketa hau izugarri ona izan da. Nire bizitza osoan ezagutu dudan onena, dudarik gabe. Jorge.- Ez duzu etxe honetan bunburikeriatan aritzeko eskubiderik. Alfredo.- Ez esan tontakeriarik. Edonon aritzeko eskubidea daukat. Edozein bunburitar seriok daki hori. Jorge.- Bunburitar serio! Ene jainkoa! Alfredo.- Beno, zerbaitetan serio aritu beharra dago, benetan dibertitu nahi izan ezkero. Bunburitasuna da seriotasunaz hartzen dudan eginkizun bakarra. Eta zu, noiz aritzen zara seriotasunez? Agian beti, ganorabako hutsa zarelako. Jorge.- Gauza bakarraz pozten naiz istilu honetan: zure lagun Bunbury hori betirako desagertzeaz. Aurrerantzean ez duzu hiritik irtetzeko hainbeste aukerarik izango, Alfredo maitea. Hori oso ondo dago. Alfredo.- Zeure anaia ere nahiko akabatuta dago, ez da hala, Jorge maitea? Ez duzu Londresera horren maiz joaterik izango. Hori ere ez dago batere txarto. Jorge.- Ceciliari dagokionez zera esango dizut: horrelako neskatxa goxo,zintzo eta errugabearekin horrela ihardutea barkatzerik ez duela. Eta are barkaezinagoa, nire alabaordea dela jakinik. Alfredo.- Gwendolina bezalako neskatxa aditu eta ikasiarekin zuk egin duzuna egiteko aitzakirik ez dago, batez ere nire lehengusina dela jakinik. Jorge.- Gwendolinarekin eskontzeko asmoa daukat, hori da dena. Maite dut, esaten den bezela. Alfredo.- Ondo, nik Ceciliarekin eskondu nahi dut, besterik ez. Bere maitasunagatik hil ninteke, modu enfatiko batez azaltzearren. Jorge.- Ez dut uste Ceciliarekin ezkontzeko aukera handirik duzunik. Alfredo.- Neuk ere ez dut batere garbi ikusten zure ezkontza Gwendolinarekin. Jorge.- Beno, hori ez da zure kontua. Alfredo.- Nire kontua balitz ez nuke sudurrik sartuko. (Pastelak jaten hasten da) Oso aspergarria da dagokigunari buruz aritzea. Jorge.- Arazo larri batean gaude. Nola egon zaitezke pastelak jaten patxada osoan? Bihotzik ez duzula ematen du. Alfredo.- Ezin dut pastelik jan urduri nagoenean. Alkondara gurinaz zikinduko nuke, ziur. Pastelak lasai zaudenean jan behar dira. Moduz jateko era bakarra da. Jorge.- Ez! Esan nahi dut egoera larri honetan pastelak jaten egoteak bihotzik ez duzula erakusten duela. Alfredo.- Kezkatuta nagoenean, jatea da kontsolatzen nauen gauza bakarra. Estualdi batean nagoenean, eta ondo ezagutzen nauten guztiek baieztatuko dizute hau, ez dut ezer ere egiten, ezpada jan eta edan. Une honetan pastelak jateari ekin diot, oso nahigabeturik sentitzen naizelako. Bestalde pastelak asko gustatzen zaizkidala onartu behar dut. (Altzatzen da) Jorge.- (Altzatzen da) Beno, dena den hori ez da pastel guztiak jateko arrazoia. (Kendu egiten dizkio) Alfredo.- (Tearen pastela eskeiniz) Beste hau probatu beharko zenuke. Pastelak baino nahiago dut. Jorge.- Jainkoarren! Utziko al didazu neure pastelak neure lorategian lasai jaten? Alfredo.- Ez al duzu, ba, lehen esan, pastelak jatea bihotz gogorkeria dela? Jorge.- Zuregatik esan dut, kasu honetan. Diferentzia handia dago. Alfredo.- Baliteke. Pastelak, ordea, berberak dira. (Jorgeri pastelak kentzen dizkio) Jorge.- Alfredo maitea, oso atsegina izango zinateke nire etxetik joango bazina. Alfredo.- Ezin nauzu bidali tripa hutsik. Ez du zentzurik. Ez naiz inondik joaten ezer jan barik. Inork ez du horrelakorik egiten, begetarianoak salbu. Gainera, seirak laurden gutxiagotan, Chasuble erretorearekin egotekoa naiz. Ernesto izenaz bataiatu behar nau. Jorge.- Nire laguna, astakeria hori burutik zenbat eta lehenago uxatu, hobe. Bosterdietan Chasuble erretorearekin egotekoa naiz. Bataiatu behar nau, Ernesto izenaz, jakina. Gwendolinak hala nahi du. Ezin dugu biok izen berbera erabili. Erokeria itzela da. Gainera, bataiatua izateko eskubide osoa dut, hala nahi badut. Ez daukat jaiotze agiririk, beraz inork ezin du frogatu inoiz bataiatu nindutenik. Nire ustez, ez nago oraindik bataiaturik, eta Chasuble erretoreak ere gauza bera uste du. Zure kasua bestelakoa da. Zu bataiatuta zaude dagoeneko. Alfredo.- Bai, baina hori aspaldian gertatu zen. Jorge.- Bai, baina bataiatuta zaude. Hor dago koxka. Alfredo.- Egia. Horrexegatik dakit nire gorputzak jasango duela. Ez baldin badakizu bataiaturik zauden ala ez, gauza bat esan behar dizut: arriskutsua da orain egitera ausartzea. Gogoratu zurekin zerikusi handia duen bat, Parisen katarro latz batek jota hilzeko zorian egon dela. Jorge.- Baina zuk zeuk esan zenidan katarroa ez dela hereditarioa. Alfredo.- Gehienetan ez, badakit...; baina gaur egun baietz esatera ausartuko nintzateke. Zientziak izugarri aurreratzen dira. Jorge.- Alfredo! Alde egiteko esan dizut! Ez zaitut hemen ikusi nahi. Zergatik ez zara abiatzen? Alfredo.- Oraindik ez dut tea bukatu! Eta pastel bat geratzen da. (Jorge, etsiturik aulki batera erortzen uzten da, Alfredok jaten jarraitzen du). *************** Hirugarren agerraldia (Eskenatokia: Manor Hause-ko egongela. Gwendolina eta Cecilia lehioaren parean daude, lorategiari begira) Gwendolina.- Ez digute etxe barruraino jarraitu, beste edozeinek egingo lukeen moduan. Lotsa apur bat geratzen zaiela esan nahi du. Cecilia.- Pastelak jaten aritu dira. Damuturik daude beraz. Gwendolina.- Guri begira daude. Cecilia.- Badatoz. Gwendolina.- Ixildu gaitezen, mindurik gaudela erakusteko. Cecilia.- Bai. Ezin dugu besterik egin une honetan. (Jorge eta Alfredo txistuka sartzen dira) Gwendolina.- Ixiltasun lazgarri hau ez da batere erososa. Baina guk ez dugu izotza apurtuko. Cecilia.- Horixe eztez. Edo beharbada bai. (Alfredori) Moncrieff jauna, erantzun ondoko galdera honi: zergatik esan zenidan nire tutorearen anaia zinela? Alfredo.- Zu ezagutzeko aukera izatearren. Cecilia.- (Gwendolinari) Erantzun ulergarria da, ez duzu uste? Gwendolina Bai, laztana, sinisten baldin badiozu, behinik behin. Cecilia.- Ez diot inolaz ere sinisten. Baina erantzun liluragarria da, dena den. Gwendolina.- Bai. Arazo garrantzitsuetan, estiloa da funtsezkoa. Worthing jauna, nola azalduko didazu zure anaia faltsuaren istorio hori? Ni ikusteko aukera gehiago izateagatik asmatu zenuen, agian? Jorge.- Duda izpirik ba ote duzu? Gwendolina.- Zalantza handiak ditut horretaz. Baina baztertu nahi ditut. Hau ez da alemaniar eszeptizismorako une egokia. (Ceciliari) Azalpen ulergarriak dirudite, batez ere Worthing jaunarena. Egiaren antza dute. Cecilia.- Ni Moncrieff jaunaren azalpenarekin oso pozik nago. Bere abotsaren doinua egiaz blai dago. Gwendolina.- Beraz, zure ustez, barkatu beharko genieke? Cecilia.- Baietz uste dut. Gwendolina.- Bai. Nik barkatu diet dagoeneko. Nork esango die? Ez da lan atsegina. Cecilia.- Zuk zeuk. Gwendolina.- Zuen izenen kontua oztopo gaindiezina da oraindik. Hori da guztia. Jorge.- Gure izenak! Hori da guztia? Arratsaldean bataiatuko gaituzte, ordea. Gwendolina.- (Jorgeri) Horrelako gauza izugarria egiteko prest zaude nigatik? Cecilia.- (Alfredori) Nigatik estualdi horri aurre egiteko ausardia duzu? Alfredo.- Bai, dudarik gabe! Gwendolina.- (Jorgeri) Nire bihotza! Alfredo.- (Ceciliari) Nire laztana! (Merriman sartzen da. Egoera ikusirik, eztula egiten du, nabarmen) Merriman.- Ejem, ejem! Lady Bracknell! Jorge.- Jainko maitea! (Lady Bracknell sartzen da. Bikoteak banandu egiten dira. Merriman badoa) Lady Bracknell.- Gwendolina! Zer gertatzen da hemen? Gwendolina.- Worthing jaunaren emaztegaia naizela, ama, besterik ez. Lady Bracknell.- Zatoz. Eseri. Eseri zaitez berehala. (Jorgerengana zuzenduz) Jauna, neskame batek nire alaba alde egina zuela kontatu zidanean, bere bila abiatu nintzen berehala. Gwendolinaren aita inozoa kanpoan dago une honetan. Ez diot guzti honen berri eman nahi gixajoari. Egia esan, sekula ez diot ezerren berri eman. Baina ulertuko didazunez, zu eta nire alabaren arteko harreman honek oraintxe bartan bukatu behar du. Gai honetan, eta, orohar, gai guztietan, tinko nago. Jorge.- Gwendolinari nire hitza eman diot, Lady Bracnell. Lady Bracknell.- Zuk ez diozu inoir hitzik eman, jauna. Baina hemen dugu Alfredo ere... Alfredo! Alfredo.- Bai, izeba Augusta. Lady Bracknell.- Etxe honetan bizi al da zure lagun elbarritu Bunbury hori? Alfredo.- (Hitz totelka) Oh! Ez! Bunbury ez da hemen bizi. Ez dakit non dabilen aspaldi honetan. Hitz gutxitan: Bunbury hil da. Lady Bracknell.- Hil? Noiz? Oso bapatekoa izan da bere heriotza. Alfredo.- (Doinu alaiaz) Oh! Bunbury gaur arratsaldean hil dut. Gizajoa gaur arratsaldean hil dela esan nahi dut. Lady Bracknell.- Zer dela eta hil da? Alfredo.- Bunbury? oh! Lehertu egin da, erabat. Lady Bracknell.- Lehertu? Ekintza iraultzaile baten biktima? Ez nekien Bunbury jaun horrek iraultzarekin zerikusia zuenik. Hala bazen, ondo merezia dauka, morbosoagatik. Alfredo.- Izeba Augusta maitea. Aspertu zela, esan nahi dut. Medikuek aztertu ondoren, bizitzaz aspertuta zegoela konturatu ziren, hori da esan nahi nuena...; beraz, Bunbury hil da. Lady Bracknell.- Eta berak medikuen esana hitzez hitz jarraitu zuen, beraz. Eskerrak behingoz medizinaren aholkuei kasu egitea erabaki zuela. Eta Bunbury jaun horretaz libratu garenez, jakin al daiteke norena den, iloba maitea, nire ustez batere premiarik gabe helduta duzun eskua? Jorge.- Hori Cecilia andereñoa da, nire alabaordea. (Lady Bracknell modu hotzean makurtzen da) Alfredo.- Ceciliarekin ezkonduko naiz, izeba Augusta. Lady Bracknell.- Zer esan duzu? Cecilia.- Moncrieff jauna nire senargaia dela, Lady Bracknell. Lady Bracknell.- (Ikara batez, besaulkira hurbildu eta esertzen da) Ez dakit irlaren alde honetako haizeak zer eragina duen, baina ezkongaien kopuruak estadistika guztiak apurtzen ditu. Nire eritsiz, komenigarria da aldez aurretik zenbait galdera egitea. Worthing, Cardew andereñoak zerikusiren bat ba al du Londreseko tren geltokiren batekin? Jakiteagik bakarrik. Orain arte ez nuen imajinatu ere egiten familia edo pertsona batzuen jatorria tren geltokietan aurkitu zitekeenik. (Jorge sutan dago baina gelditzen da) Jorge.- (Abots garbi eta hotzez) Cardew andereñoa Sir Thomas Cardew zenaren biloba da, Belgrave Square-koa, ehundaberrogeitabederatzi, "S" "W"; Gervase Park Dorking, Surrey; eta Sporran, Fifeshire, "N" "B". Lady Bracknell.- Nahikoa da. Hiru helbide edukitzeak konfidantza ematen dio edozeini, baita komertzianteei ere. Baina, nola egiaztatu dezakezu? Jorge.- Orduko helbide zerrendak kontu handiz gorde ditut. Nahi duzunean ikus ditzakezu, Lady Bracknell. Lady Bracknell.- (Mikatz) Gauza jakina da argitalpen horietan erru asko izaten dela. Jorge.- Cardew andereñoaren familiako abokatuak Markby, Markby eta Markby jaunak dira. Lady Bracknell.- Markby, Markby eta Markby? Garantia osoko bufetea. Markbietako bat bi aldiz konbidatu omen dute kortearen bazkarietara. Nahikoa da. Jorge.- (Haserre) Oso atsegina zara, Lady Bracknell. Gordeta daukat ere, jakin nahi baduzu, andereñoaren jaiotze agiria, bataioarena, tosferinaren txertoarena, konfirmazioarena eta elgorriarena: den dena alemaneraz eta inglesez. Lady Bracknell.- Gertaera larriez jositako bizitza, ageri denez; nire ustez, gehiegi andre gazte batentzat. Esperientzia bakoitzak bere garaia behar du. (Altzatu eta erlujuari bagiratzen dio) Gwendolina! Alde egiteko ordua da. Ah, formulismo hutsagatik, Worthing jauna: ba al du Cecilia adereñoak ondasunik? Jorge.- Oh, ehun eta hogeitamar mila libra inguru, fondo publikoetan. Besterik ez. Agur, Lady Bracknell. Pozten nau ikusiak. Lady Bracknell.- (Berriro eseriz) Egon une batez, Worthing jauna. Ehun eta berrogeitamar mila libra! Ondo begiratuta, Cecilia andereñoa emakume erakargarria iruditzen zait. Neskatila gutxiengan aurkitzen dira gaur egun benetako kualitate sendoak, luzaro iraun eta denborarekin interesak ematen dituzten kualitate horiek. Tamalez, itxurakeriaren garaian bizi gara gaur egun. (Ceciliari) Zatoz hona, laztana. (Cecilia hurbiltzen da) Neskatila ederra! Buelta emango zenuke, bihotza? (Ceciliak buelta osoa ematen du) Ez, albotik ikusi nahi zaitut. (Ceciliak perfila erakusten du) Bai, imajinatzen nuen bezalaxe. Zure perfilak gizartean moldatzeko aukera asko ematen dizu. Bi dira garai hauetako hutsunerik larrienak: idealismorik eza eta perfilik eza. Altzatu kokotza apur batean, maitea. Estiloa kokotza eramateko moduan datza. Gaur egun altzaturik eramaten da. Alfredo! Alfredo.- Bai, izeba Augusta! Lady Bracknell.- Ceciliaren perfilak ahalmen aristokratikoa dauka. Alfredo.- Cecilia mundu osoko neskatxarik goxo, eder eta xarmangarriena da. Eta bost axola zait perfilaren ahalmen aristokratikoa. Lady Bracknell.- Ez muzinik egin goi mailako gizarteari, Alfredo. Goi mailako gizartean tokirik ez dutenak bakarrik mintzatzen dira horrela. (Ceciliari) Tira, nire oneritzia eman behar dudala uste dut. Alfredo.- Milesker, izeba Augusta. Lady Bracknell.- Cecilia, emaidazu musu handi bat. Cecilia.- (Mun egiten dio) Milesker, Lady Bracknell. Lady Bracknell.- Aurrerantzean deituidazu izeba Augusta. Cecilia.- Milesker, izeba Augusta. Lady Bracknell.- Nire aburuz, ezteiak ahalik lasterren ospatu behar ditugu. Alfredo.- Milesker, izeba Augusta. Cecilia.- Milesker, izeba Augusta. Lady Bracknell.- Ezkongaiak zenbat eta azkarrago ezkontzea hobe izaten da beti. Bestela elkar ondo ezagutzera iritsi daitezke, eta hori ez da batere komenigarria. Jorge.- Barkatu tartean sartzea, Lady Bracnell, baina azkarregi ibili zara. Ni Ceciliaren tutorea naiz, eta heldua ez den bitartean ezin du nire baimenik gabe ezkondu. Eta ez nago baimenik emateko batere prest. Lady Bracknell.- Jakin dezaket zergatik? Alfredok senargai bezala kualitate izugarri txalogarriak ditu. Gehiago esango dizut, kualitate izugarri itxurosoak ditu. Ez dauka ezer ere ez, baina asko daukan itxura egiten du. Zer gehiago eskatu daiteke? Jorge.- Zinez tristatzen nau zure ilobari buruzko egia esan beharrak, Lady Bracknell; baina kontua da, nik ez dudala inondik ere onartzen bere portaera morala. Gezurti alena da. (Alfredok eta Ceciliak harriturik begiratzen dute) Lady Bracknell.- Gezurtia! Nire iloba Alfredo? Ezinezkoa! Oxfordeko ikaslea da. Jorge.- Zoritxarrez, ez dago duda izpirik honetaz. Gaur arratsaldean, ni Londresen garrantzizko arazo pertsonal bategatik nengoela, etxe honetara sartu da, Ernesto nire anaiaren plantak eginez. Izen faltsu horren babesean, etxezainak aditzera eman didanez, Pierres-Jonet Brut larogeitabederatziko botila osoa edan du, neretzako bereziki gordeta nuen ardoa. Azpikeria lotsagarri horrekin aski ez eta, arratsaldean zehar nire alabaorde bakarraren maitasuna erdietsi du. Eta, lotsagarriena dena, berak bazekien nik anaiarik ez daukadala, ez dudala inoiz eduki, eta ez dudala edukitzeko asmorik. Nik neuk hala adierazi nion atzo bertan. Lady Bracknell.- Ejem! Worthing jauna, buruan buelta asko eman ondoren, nire ilobaren portaera kontutan ez hartzea erabaki dut. Jorge Oso atsegina zara, Lady Bracknell. Nire erabakiak, ordea, ez du bueltarik. Ez dut nire baimenik emango. Lady Bracknell.- (Ceciliari) Zatoz hona, maitea. (Cecilia hurbiltzen da) Zenbat urte duzu? Cecilia.- Beno, berez hamazortzi, baina jaietara joaten naizenean hogei dudala esaten dut. Lady Bracknell.- Eskubide osoa daukazu aldaketa txikiren bat egiteko. Emakume batek ez du sekula bere benetako adina esan behar. (Pentsakor) Hamazortzi, baina jaietan hogei... Ondo, ez da asko falta zure tutorearen zaintzatik libratzeko. Beraz, zure tutorearen baimenarena garrantzi gutxiko kontua da. Jorge.- Barkatu berriro ere, Lady Bracknell, mozteagatik, baina bere aitonarentestamentuaren arabera, Cecilia ez da heldutasun legalera iritsiko hogeitamabost urte bete arte. Lady Bracknell.- Ez zait funtsezko arazo bat iruditzen. Hogeitamabost urte oso adin erakargarria da. Jatorri oneko emakume mordoa dago Londres-en, adin hori aspalditik dutena, eta heuren borondatez gainera. Lady Dunbelton, urrutira joan gabe. Oker ez banago, hogeitamabost urte ditu, berrogei bete zituenetik, eta hori aspaldian gertatu zen. Ez dut uste Ceciliak adin horrekin gaur duen lilura galduko duenik. Gainera, bere ondasunak gora egingo du. Cecilia.- Alfredo, hogeitamabost urte bete arte itxoingo nauzu? Alfredo.- Egon zihur horretaz, Cecilia nirea! Cecilia.- Ah, baina nik ezin dut hainbeste denbora itxaroten egon. Lady Bracknell.- Worthing jaun maitea, entzun duzu; Ceciliak ezin du hogeitamabost urterarte itxaroten egon. Pazientzia laburra erakusten du, nire ustez. Dena den, ezin duzu zure erabakia zuzendu? Jorge.- Baina nire Lady Bracknell maitea, arazoa zure eskuetan dago. Gwendolina eta nire arteko eskontza onartzen duzun une berean, atsegin handiz utziko dizut sakristiara eramaten zure iloba eta nire alabaordea edo apopiloa... deitu ezazu nahi duzun moduan. Lady Bracknell.- (Oso tente altzatuz) Ulertuko duzunez, zure proposamena lekuz kanpo dago. Jorge.- Beraz lauron etorkizuna argi dago: ezkongabe amorratuak izango gara. Lady Bracknell.- Hori ez da Gwendolinarentzat erabaki dudan etorkizuna. Alfredok bere kabuz aukeratzea dauka, jakina. (Erlojua etera du) Goazen, laztana. (Gwendolina altzatzen da) Bospasei tren galdu ditugu dagoeneko. Beste bat galtzen badugu gutaz gaizki esaka hasiko dira geltokian. (Chasuble erretorea sartzen da) Chasuble Bataioetarako dena prest dago. Lady Bracknell.- Bataioak? Ez al da hori azkarregi ibiltzea? Chasuble.- (Harriturik eta Jorge eta Alfredori seinalatuz) Jaun bi hauek ahalik lasterren bataiatuak izateko nahia azaldu didate. Lady Bracknell.- Daukaten adinarekin? Ideia barregarri eta antierlijiosoa da. Alfredo, debekatu egiten dizut bataiatzea. Ez dut gehiegikeria horretaz entzun nahi ere. Zure osaba Lord Bracknell biziki haserretuko zen, zure dirua eta denbora zertan gastatzen duzun jakitera. Chasuble.- Beraz, arratsalde honetan ez da bataiorik izango? Jorge.- Gauzak horrela, ez dut uste ezertarako balioko zaigunik erretore. Chasuble.- Tristatzen nau zure benetako sentimenduak entzuteak. Anabaptisten ideia heretikoak ekartzen dizkidazu gogora, oraindik argitaratu gabeko lau sermoietan gaitzetsi ditudanak. Dena den, zure oraingo jarrera arras profanoa iruditzen zaidanez, berehala itzuliko naiz eleizara. Prisma andereñoa sakristian omen dago, nire zain, ordu erditik. Lady Bracknell.- (Zirrara batez) Prisma andereñoa? Prisma andereñoa aipatu duzu? Chasuble.- Bai, Lady Bracknell. Berarekin oraintxe bertan batuko naiz. Lady Bracknell.- Geratu zaitez piska batean, mesedez. Kontu hau biziro garrantzizkoa da Lord Bracknell eta niretzat. Prisma andereño hori itxura nazkagarria duen emakume bat al da, irakaskuntzara, batere talentorik gabe, dedikatzen dena? Chasuble.- (Irainduta) Emakumerik jakintsuena da, eta prestutasunaren ispilua. Lady Bracknell.- Antza denez, pertsona berberaz ari gara. Jakin daiteke zer zerikusi duzun zuk berarekin? Chasuble.- (Serio) Ezkongabea naiz, anderea. Jorge.- (Tartean sartuz) Lady Bracknell, Prisma andereñoa Ceciliaren irakasle eta laguna izan da azken hiru urteotan. Lady Bracknell.- Berehala ikusi beharra daukat. Ekar dezatela. Chasuble.- (Kanpora begira) Hona dator. Oh, teatroa ematen du honek; pertsonaiak beti iristen dira behar den unean. (Prisma andereñoa sartzen da ziztu bizian) Prisma Nirekin sakristian bilduko zinela esan zidaten, erretore maitea. Ordubete eta hiru laurden egon naiz zain. (Lady Bracknell ikusten du, begirada zorrotza zuzendu diona. Prisma andereñoa zurbil geratzen da. Inguruetara begiratzen du ihes egin nahian) Lady Bracknell.- (Epaile baten abotsarekin) Prisma! (Prisma andereñoak burua makurtzen du, izuturik. Alfredok eta Jorgek Gwendolina eta Cecilia eskandalu publiko honen zehetasunak entzun ez ditzaten, itxurazko imentzioak egiten dituzte) Duela hogeitazortzi urte, Prisma, Lord Bracknellen etxetik atera zinen, gurditxo batean mutiko jaioberri bat zure zaintzapean eramanez. Ez zinen sekula itzuli. Aste batzu beranduago, udaltzainek gurditxoa aurkitu zuten bazter izkutu batean. Hiru tomotako nobela baten eskuizkribua zeukan barruan. Bide batez esango dizuet inoiz ez dudala irakurri hori baino nobela sentimental, melanga eta gogaikarriagorik. (Prisma andereñoa ikaratu egiten da, kontrolaezinezko haserrearen eraginez) Baina haurra ez zegoen han. (Denak Prismari begira) Prisma! Non dago haurra? (Isilune bat) Prisma.- Lady Bracknell, barkatu baina ez dakit. Nahiko nuke nik jakin! Hauxe da gertatu zena: aipatu duzun egun horretako goizean, egunero bezela, haurra prestatu nuen gurditxoan kalera eramateko. Nirekin eraman nuen zakuto zahar handi bat ere. Zakutoan, ordu libreetan idatzitako nobelaren eskuizkribua sartzea zen nire asmoa, baina nire buruari sekula barkatuko ez diodan buru nahaste bategatik, nobela gurditxoan eta haurra zakutoan sartu nuen. Jorge.- (Hadi entzuten egon dena) Baina, non utzi zenuen esku zakuto hura? Prisma.- Ez ezaidazu hori galdetu. Jorge.- Prisma andereñoa, hau garrantzi handiko kontua da niretzat. Haurra zeukan zakuto hori non gorde zenuen esatea erregutzen dizut. Prisma.- Londreseko geltoki handienetako baten kontsignan utzi nuen. Jorge.- Zein geltoki? Prisma.- (Desolaturik) Victoria. Brightonerako andenean. (Aulki gainera erortzen da) Jorge.- Gelara joan behar dut une batez, Gwendolina, itxaron hemen. Gwendolina.- Bizitza guztian egongo naiz zure zain, gehiegi luzatzen ez bazara. (Jorge badoa, asaldaturik) Chasuble.- Zure ustez, Lady Bracknell, zer gertatzen ari da hemen? Lady Bracknell.- Ez dut imajinatu ere egin nahi, Chasuble erretorea. Ondo jakin behar duzunez, jatorri oneko familietan oso txarto ikusiak daude kointzidentzia xelebreak. (Goian zaratak entzuten dira, traste mordoak zoruaren kontra jotzean egiten dituztenak. Denak daude zapaiari begira) Cecilia.- Osaba Jorge bere senetik aterata dago. Chasuble.- Oso izakera bizia du zure tutoreak. Lady Bracknell.- Zarata zantarra egiten du. Argudio bat aurkitu izan balu bezela dihardu. Ez ditut argudioak gustoko. Arruntak izaten dira, eta gehienetan sinesgarriak, hori da izugarriena. Chasuble.- (Gora begira) Gelditu egin da. (Zarata bukatu da) Lady Bracknell.- Ondorio batera iritsi al da! Gwendolina.- Ikaragarria da koloka honetan egotea. Azkar bukatuko al du! (Jorge sartzen da, eskuan larru beltzezko zakuto bat daramala) Jorge.- (Prisma andereñoarenganantz oldartuz) Hau al da zakutoa, Prisma andereñoa? Kontuz aztertu hitz egin baino lehen. Pertsona askoren zoriona zure lepoan dago. Prisma.- (Lasai) Nirea dela dirudi. Bai, urradura hau autobus batek Gower Street-en buelta ematean gertatu zen, aspaldiko garai gazte eta zoriontsuago batean. Hemengo mantxa hau termo baten eztandagatik izan zen, Leamington-en, oker ez banago. Eta hemen, nire izenaren inizialak. Zakuto hau nirea da, dudarik gabe. Pozten naiz ustekabean berreskuratzeagatik. Bere galerak nahigabe handiak ekarri dizkit azken urteotan. Jorge.- (Abots patetikoaz) Prisma andereñoak bere zakutoa baino zerbait gehiago berreskuratu du. Neu naiz bertan sartu zenuen haurra. Prisma.- (Harriturik) Zu? Jorge.- Bai, ama! (Besarkatzen du) Prisma.- (Atzera eginez, harriturik eta haserre) Whorthing jauna, ni ezkongabea naiz! Jorge.- Ezkongabea! Tira, txundituta nago, ezin dut ukatu. Baina, dena den, nor da sufritu duenaren kontra harria jaurtitzeko gauza? Behin oker egin zuenak, ez al du damutzeko eskubiderik? Zergatik egon behar du lege bat gizonentzat eta beste bat emakumeentzat? Ama, barkatu egiten zaitut. (Berriro besarkatzen saiatzen da) Prisma.- (Are haserreago) Worthing jauna, oker zaude. (Lady Bracknell seinalatuz) Horra hor benetan nor zaren esan diezazukeen emakumea. Jorge.- (Isilaldi baten ostean) Lady Bracknell, badakit itsusia dela kuxkusean ibiltzea, baina, esango zenidake, arren, nor naizen? Lady Bracknell.- Zoritxarrez, emango dizudan berria ez dut uste gustatuko zaizunik. Nire ahizpa gaxoaren semea zara, eta beraz Alfredoren anaia nagusia. Jorge.- Alfredoren anaia nagusia! Orduan, azken finean, anaia daukat. Banekien anaia neukala! Beti esan izan dut anaia neukala! (Alfredoren eskua hartzen du) Alfredo, alproja alena, errespetuz hitz egin beharko didazu aurrerantzean. Sekula ez nauzu hartu anaia bezala. Alfredo.- Tira, motel, orainarte ez, egia da. Zurekin behar bezala portatzen saiatu naiz, baina praktika falta zitzaidan. (Eskua elkarri ematen diote) Jorge.- Orduan berehala argitu behar da kontua. Izeba Augusta, Prisma andereñoak zakutoan utzi ninduenerako bataiatuta nengoen? Lady Bracknell.- Diruarekin erosi daitezkeen lujo guztiak eskeini zizkizuten zure guraso eskuzabalek, bataioa ere bai. Jorge.- Beraz, bataiatuta nengoen. Orain ez dago dudarik. Baina, ze izen eman zidaten? Esaidazu, gogorra bada ere. Lady Bracknell.- Seme nagusia zinenez gero, zure aitaren izen berbera eman zizuten, ohizkoa denez. Jorge.- (Erreta) Bai, baina zein zen nire aitaren izena? Lady Bracknell.- (Pentsatuz) Orain ez dut gogoratzen generalaren izena. Baina bazeukan, dudarik gabe. Tipo bitxia zen, hori bai. Baina bakarrik azkeneko urteetan. Hori Indiako eguraldiagatik, emazteagatik, tripakada bategatik eta antzeko arrazoiengatik izan zen. Jorge.- Alfredo, ez duzu gogoratzen gure aitaren izena? Alfredo.- Motel, ez genuen inoiz hitzegin. Urtebete nuela hil zen. Jorge.- Bere izena, ejerzitoaren zerrendetan, behintzat, azalduko da, ezta, izeba Augusta? Lady Bracknell.- Generala gizon bakezalea zen, etxetik kanpo. Baina urtekari horietan azalduko da, zergatik ez. Jorge.- Hemen daude azken berrogei urteetakoak. Gehiagotan aztertu behar nituen liburu xarmangarri hauek. (Apalategitik liburuak ateratzen ditu) "M". Generalak... Mallan, Maxbohm, Magley... Izen itsusiak, alajaina!... Markby, Migsby, Mobbs, Moncrieff!! Teniente mila zortzirehun eta berrogeian, kapitain, teniente koronela, koronela, generala mila zortzirehun eta hirurogeita bederatzian; bataio izena, Ernesto Juan. (liburua apalategian kokatu eta lasai hitzegiten du) Beti esan dizut, Gwendolina: nire izena Ernesto da. Beno, Ernesto da, dena den. Esan nahi dut, Ernesto dela, jakina. Lady Bracknell.- Bai, orain gogoratzen naiz Generalak Ernesto izena zuela. Izen izugarri itsusia, ez naiz harritzen ez gogoratzea. Gwendolina.- Ernesto! Ernesto nirea! Lehenengo unetik jakin nuen ezin zenuela beste izenik eduki! Jorge.- Gwendolina, bapatean konturatu naiz nire bizitza osoan egia baino ez dudala esan, eta hori ikaragarria da gizon batentzat. Barkatuko didazu? Gwendolina.- Barkatzen dizut, aldatuko zarela dakidalako. Jorge.- Bihotza! Chasuble.- (Prisma andereñoari) Leticia! (Besarkatzen du) Prisma.- (Onetik aterata) Frederik! Azkenean ere! Alfredo.- Cecilia, azkenean ere! Jorge.- Gwendolina! (Basarkatzen du) Azkenean ere! Lady Bracknell.- Iloba, izakera arrunta erakusten ari zarela iruditzen zait. Jorge.- Guztiz kontrara, izeba Augusta; bizitzan lehenengo aldiz konturatu naiz zein garratzitsua den zintzoa izatea, edo behin norbaitek esan zuen bezala: "Izanez bazara erne, zintzo eta presto, behar duzu izan izenez Ernesto". Amaiera