Federico Garcia Lorca Makilandiako txotxongiloak Jaun Kristobal eta Andere Rositaren TRAGIKOMEDIA TXOTXONGILO FARTSA, SEI KOADRO ETA OHAR BATEAN EMANA Egilea: Federico García Lorca Itzultzailea: Jokin de Pedro Zenbait datu Federico García Lorca-ren obra baten itzulpena da berau, 1994.ean Getxoko Aixerrotako institutuan antzezteko egina. Beren-beregi egindako txotxongilo batzuk erabiliz antzeztu zieten institutuko ikasle batzuek inguruko eskoletako umeei. Jatorrizko obraren izena, berriz, hauxe da: Los Títeres de Cachiporra: Tragicomedia de Don Cristóbal y la Seña Rosita (Farsa guiñolesca en seis cuadros y una advertencia). Jatorrizko testuan agertzen diren zenbait kanta ‹gehienak‹ edo itzuli edo Euskal Herriko herri kanta batzuekin ordezkatu ditut (hala nola "Ni naiz kapitan pilotu"); inoiz erdarazko orijinala utzi izan dut (Con el vito, vito...), Andaluziako kutsuari zelanbait eustearren. Hemen dagoena bertsio laburtua da, antzezteko eta ulertzeko samurragoa dena. Beste honetan: bertsio osoa aurkituko duzue. Laburpena Txotxongiloen munduan gaude, Andaluziako herri batean. Jaun Kristobal, edo KRISTOBITA, askok deitzen dioten bezala, gizon tripaundia eta beldurgarria da. Nahi duena egin behar du beti, eta jende guztia bere inguruan eduki behar du berari obeditzen, bera zerbitzatzen... Oraingoan Rositarekin ezkondu behar duela sartu zaio buruan, eta horixe lortu behar du nola edo hala. Baina Rosita txoriburuak beste norbait maite omen du... ala ez du maite? PERTSONAIAK (Eskenan agertu ahala) ELTXOA ROSITA AITA KOKOLITXE KOTXEZAINA JAUN KRISTOBITA MORROIA ORDUA MUTIL GAZTEAK KONTRABANDISTAK ESPANTANUBLOS tabernaria CURRITO Puertokoa KANTSAGARRI zapataria FIGARO bizargina ZITAL BAT HORIZ JANTZITAKO NESKATXA ESKALE ITSUA NESKATILAK AKOLITOA GONBIDATU ZUZINAK EHORZKETAKO ABADEAK SEGIZIOA LEHEN KOADROA Andre Rositaren etxeko sala. Atze-atzean, burdin-hesia eta atea. ROSITA arrosaz jantzita dago. Teloia igotean, bastidore handi baten aurrean jezarrita dago, bordatzen. ROSITA (Puntadak kontatuz.) Bat, bi, hiru, lau... (Ziztadaz min hartuta.) Ai! (Atzamarra ahora daroala.) Lau bider ziztatu naiz jadanik «Neure aita maiteari» honen azken i-an. Kainamazoa lanbide zaila da, benetan. Bat, bi... (Jostorratza soltatzen du.) Ai, hau ezkontzeko gogoa! (Jaikitzen da.) Eta bizarginaren alaba bere leihotik azaltzen denean, esango diot: «Ezkondu behar dut, baina zuk baino lehenago, askoz ere lehenago». (Kanpoan txistu-hotsa.) Ai, ai, ai, neure mutila! (Korrika, burdin-hesira abiatzen da.) AITA (Kanpoan.) ROSITAaaaaa! ROSITA (Ikaraturik.) Zeeeeeer!(Txistu-hots are ozenagoa. Arineketari eman, bastidorearen aurrean jezarri eta burdin-hesira musuak jaurtitzen ditu.) AITA (Sartzen delarik.) Bordatzen ote zenbiltzan jakin gura nuen... Bordatu, ene alabatxoa, bordatu, horretatik jaten dugu eta! Ai, dirua dela eta ez dela zelako estutasunak gureak! Zure osaba Artzipresteak herentzian utzi zizkigun ondasunetatik ez zaigu apurrik ere gelditzen. ROSITA Ai, hura bizarra osaba Artziprestearena! Ederra zen, gero! (Txistu-hotsa kanpotik.) Eta ederto egiten zuen txistu! Hain ederto! AITA Baina, alaba, zer diozu? Zoratu al zara? ROSITA (Urduri.) Ez, ez... Zera... erratu egin naiz. AITA Ai, Rosita, hauek estutasunak! Lur jota gaude! Gureak egingo du! (Zapia atera eta negarrari ematen dio.) ROSITA (Negarrez.) Ba..., bai..., zuk..., nik... AITA Ezkondu nahi bazenu, behintzat, beste kuku batek joko liguke soinua; baina irudipena daukat oraindik... ROSITA Ni desiratzen nago, baina. AITA Bai? ROSITA Baina, ez al zara konturatu? Gizonok ez zarete batere zorrotzak! AITA Ba, ezin hobeto datorkit, ezin hobeto! ROSITA Ni... ilea handikiro orraztu eta aurpegian kolorea ematearren... AITA Beraz, ados zaude? ROSITA (Moja baten planta irrigarria eginez.)Bai, aita. AITA Ez zaizu damutuko, gero! ROSITA Ez, aita. AITA Eta nire esanak beteko dituzu beti? ROSITA Bai, aita. AITA Ba, horixe jakin nahi nuen. (Mutisa eginez.) Salbatu naiz kiebratik. Salbatu naiz! (Badoa.) ROSITA Zer esan nahi ote du «Salbatu naiz kiebratik. Salbatu naiz» horrek? Ze, KOKOLITXE nire mutilagunak guk baino diru gutxiago dauka. Askoz ere gutxiago! Amagandik hiru hogerleko eta irasagar kaxa bat heredatu zituen eta... besterik ezer ere ez! Ai! Baina maite dut, maite dut, ezer baino gehiago maite dut! (Hau guzti hau azkar-azkar esanaz. Arineketan doa eta burdin-hesian zehar zapi arrosa luze bat astintzen du.) KOKOLITXEREN AHOTSA (Abestuz, gitarraz lagunduta.) Airez aire dabiltzan orbel iheskorrak dira zure hasperen gazi ta gozoak. ROSITA (Abestuz.) Airez aire dabiltzan orbel iheskorrak dira zure hasperen gazi ta gozoak. («Triste bizi naiz eta...») KOKOLITXE (Burdin-hesira azalduz.) Nor da? ROSITA (Abaniko batez aurpegia estalita eta ahotsa eraldatuz.) Jende ona, bakez datorrena. KOKOLITXE Menturaz, Rosita deritzona bizi da etxe honetan? ROSITA Bainuak hartzen dihardu. KOKOLITXE (Aldegiteko keinua eginez.) On egin diezaiotela. ROSITA (Aurpegia agertuz.) Aldegin behar ote zenuen? KOKOLITXE Ezin izango nuen. (Lausengari.) Zure ondoan nagoela, hankek berunezkoak dirudite. ROSITA Ba al dakizu gauza bat? KOKOLITXE Zein? ROSITA Ai, ezin, ez naiz ausartzen! KOKOLITXE Ausar zaitez! ROSITA (Serio-serio.) Hara, ez dut emakume lotsagaldua izan nahi. KOKOLITXE Baita nik ondo iritzi ere. ROSITA Hara, kontua zera da... KOKOLITXE Amaitu behingoz! ROSITA Abanikoan ostenduko naiz. KOKOLITXE (Berantetsirik.) Baina, emakumea...! ROSITA (Aurpegia estalirik.) Zurekin ezkondu behar dudala. KOKOLITXE Zer diozu, baina? ROSITA Entzuten duzuna! KOKOLITXE Ai, Rosita! ROSITA Lehenbailehen... KOKOLITXE Lehenbailehen eskutitz bat idatziko dut Parisera haur bat eskatuz... ROSITA Aizu, Parisera ezelan ere ez, nik ez dut nahi frantsesen modukoa izatea, beti txau, txau eta txau. KOKOLITXE Orduan... ROSITA Madrilera eskatuko dugu. KOKOLITXE Zure aitak badaki, apika? ROSITA Baimena ere eman dit! (Abanikoa kendu egiten du.) KOKOLITXE Ai ene Rosita! Zatoz! Zatoz! Erdu hona! ROSITA Ez zaitez aztoratu, arren. KOKOLITXE Oinazpietan kilikiliak ditudala iruditzen zait. Hurbil zaitez. ROSITA Ez, ez; urrunetik emango dizkizut patxoak. (Urrunetik musuka dihardute. Txilin-hotsa.) Beti berdin! Orain jendea dator. Gauera arte! KRISTOBITA Izan ere, herriko neskatorik politena da. ROSITA (Gonarekin gurkera bat eginez.) Mila esker. KRISTOBITA Erabaki dut: neurea izango da. A, horiek gerriak, hori jasa! Txolindu nau, ia-ia! (Badoa.) ROSITA (Burla eginez.) «Erabaki dut: neurea izango da». Hori gizon itsusia eta gizalege gabea! Atzerritik datozen txolin horietakoren bat izango da, noski. (Burdin-hesitik perlazko lepoko bat jausten da.) Ene! Zer da hau? Jaungoikoa, hori perlazko lepoko zoragarria! (Lepokoa jantzi eta esku-ispilutxo batean begiratzen du.) Eta agindu eta egina bezalaxe daukat. Baina, norena ote da? AITA (Sartuz.) Alabatxo, zorion bete-betekoa! Zure ezkontza berbapetu berri dut! ROSITA Zelan eskertzen dizudan, aita. Eta Kokolitxek ere ez dizu, ba, gutxi eskertuko! Oraintxe bertan... AITA Zer Kokolitxe eta zer Kokolitxe-ondo? Zer esaten ari zara? Nik Kristobitari eman diot zure eskua, oraintxe hortik pasatu denari, hain zuzen. ROSITA Ba, ez dut gura, ez dut gura, hara! Eta nire eskuari dagokionez, ezelan ere ez didazu kenduko. Nik banuen senargaia... Utikan lepokoa! (Lepokoa jaurtiz.) AITA Ba, ez dago atzera bueltarik. Gizon horrek urretan dauka eta niri komeni zait; osterantzean, bihar-etzi limosna eske ibili beharko genuke. ROSITA Ba, ibiliko gara. AITA Ni nauzu aita eta neuk agintzen dut hemen... eta kito!Ez dago honetaz gehiago hitz eginik. ROSITA Baina nik... AITA Isilik! ROSITA Ba, niri... AITA Ixo! (Badoa.) ROSITA Ai, ai! Egundo holakorik! Nire eskuaren jabe egiten da, eta nik agoantatu beste irtenbiderik ez daukat, legeak horrela esaten duela eta. (Negar egiten du.) Arima deabruari saldu ahal banio, behintzat...! (Oihuz.) Deabrua, deabrua, irten! Nik ez dut Kristobalekin ezkondu nahi eta. AITA (Sartuz.) Ze deiadar dira horiek? Isilik eta ekin bordatzeari! Hauek garaiak, hauek! Seme-alabek gurasoei agindu behar? Zuk denari baietz esango diozu, nik aitari esan nion bezalaxe zure amarekin ezkondu ninduenean, bai, zure ama... ilargiaren pareko aurpegia zuena, portzierto... ROSITA Ondo da. Isilduko naiz! AITA (Mutisa eginez.) Egundo holakorik! ROSITA Ondo da. Batetik abadea, bestetik aita; ondo izorratuta gaude neskatilak. (Jezarri eta bordatzeari ekiten dio.) Arratsaldero -hiru, lau- parrokuak esaten digu «Infernura joan behar duzue, gero! Jo eta kiskalita hilgo zarete! Txakurrak baino txarrago...! » Nik, berriz, pentsatzen dut txakurrak nahi dutenarekin ezkontzen direla eta ederto pasatzen dute, gainera! Biziki gustatuko litzaidake txakurra izatea! (Malkoak xukatzen ditu.) KRISTOBITA (Bere MORROIArekin, leihoan.) Gauza fina da. Atsegin duzu? MORROIA (Dardaraz.) Bai, jauna. KRISTOBITA Ahoa pitin bat handiegia, baina gorputza.... gain-gainekoa. Tratua oraindik itxi gabe daukat... Atsegin izango litzaidake berarekin mintzatzea, baina ez nuke nahi konfiantza gehiegi har dezan... Konfiantza larregiak galbidea ekar dezake. Ez ukatu! MORROIA (Dardaraz.) Baina, jauna! KRISTOBITA Gizonekin jokabide biri baino ezin jarraitu: edo ez ezagutu edo garbitu! MORROIA Ene Jaungoikoa! KRISTOBITA Gustatzen zaizu, ezta? MORROIA Berorri are gehiago, jauna. KRISTOBITA Aaa, pottoka gustagarria da. Eta neuretzat bakarrik! Neuretzat bakar-bakarrik! (Badoa.) ROSITA Hauxe besterik ez genuen behar. Hau etsipena! Ni oraintxe bertan pozoinduko naiz, poxpoluekin edo barruak erreko dizkidan edabe bat hartuta.(Kanpai-hotsa.) ROSITA Ordu batak... Gose apurrik ere ez daukat, ordea! AHOTSA (Kanpoan.) Airez aire dabiltzan orbel iheskorrak... ROSITA Somatzen ditut sartzen... zure hasperen gazi eta gozoak.(Erloju-hotsa.) ROSITA (Negarrez.) ...zure hasperen gazi eta gozoak...Oihala. BIGARREN KOADROA Antzezlekuan banku bat eta zuhaitz handi bat ager bitez. Ezkerraldetik KOKOLITXE azaltzen da, errondan, zinta beltzdun kapa berde ilunean bilduta, gitarra eskuetan. KOKOLITXE ROSITA ez da irteten. Ilargiaren beldur da. Ilargia ikaragarria da isilpeko maitalearentzat. (Txistu egiten du.) ROSITA (Barruan.) Con el vito, vito, vito, con el vito que me muero. KOKOLITXE (Hurbilduz.) Zergatik ez zinen irteten? ROSITA (Leihoan, modu oso kursi eta oso poetikoan arituz.) Ai, ene haurtxoa! (Geldialdia; ROSITAk negarrari ematen dio era barregarriz, ito beharrean.) Ez daukat zurekin ezkontzerik! KOKOLITXE ROSITA!!! ROSITA Zu zara nire begietako izarra! Baina ezin naiz zurekin ezkondu! (Negarrari ematen dio.) KOKOLITXE Mojatarako asmorik edo? Ezer txarrik egin ote dizut nik? Ai, ai, ai! (Negar egiten du era barregarriz, ume baten moduan.) ROSITA Jakingo duzu. Orain, agur. KOKOLITXE (Oihu eginez eta beheari ostikoka.) Ez, ez, ez, ez! ROSITA Agur, aita deika dut. KOLITXE (Bakarka.) Mendigoienean banengo bezalako durundia somatzen dut belarrietan. (Beheari ostikoka.) Ez duela nirekin ezkondu nahi? Tximistak erdi bi egin banindu, hobe. Ai, ai, ai! (Negar egiten du konpasari egoki-egoki jarraituz.) MUTILA KOKOLITXE da. Zer dela eta negarrez? Jaiki zaitez eta ez ardura izan basoan txoria arbolarik arbola ibiliagatik. KOKOLITXE Utz nazazu! MUTILA Ezinezkoa da. Zatoz nirekin, kanpoko haizeak ematen dizunean ahaztuko zaizu pena eta. Goazen, goazen. (Badarama. Ahotsak eta musika.)(Antzezlekua hutsik gelditzen da. Ilargiak plaza zabalari argi egiten dio. ROSITAren etxeko atea zabaltzen da eta AITA ageri da, grisez jantzita, arrosa koloreko ileordeaz eta aurpegia ere kolore horrekin margotua. JAUN KRISTOBITA berdez jantzita dator, sabel ikaragarri handiaz eta lepoa zerbait konkortua. Aldean, berriz, lepoko bat, txintxilin-eskumuturrekoa eta makila sendo bat, makulu gisa darabilena.) KRISTOBITA Beraz, tratua itxi egingo dugu, ezta? AITA Bai, jauna..., baina... KRISTOBITA Zer baina eta zer polaina? Tratua itxita dago. Nik zuri zorpetik irteteko behar dituzun ehun hogerlekoak emango dizkizut eta zuk niri, berriz, zeure alaba Rosita eskuratuko didazu..., eta pozik egon zintezke, bera... heldutxoa da eta. AITA Hamasei urte ditu. KRISTOBITA Heldutxoa esan dut, eta hala dago. AITA Bai..., jauna, hala dago. KRISTOBITA Halere, neskatila polita da. Zer arraio! «Un bocatto di cardinali!» AITA (Serio-serio.) Berorrek badaki italieraz hitz egiten? KRISTOBITA Ez; umetan Italian eta Frantzian izan nintzen, Don Pantalon zeritzon batentzat zerbitzen, baina... hara, zuri ez dizu honek guztiak batere ardura! AITA Ez..., ez, jauna... Ez dit batere ardura. KRISTOBITA Gauzak horrela, bihar arratsalderako bedeinkapen guztiak emanak nahi ditut. AITA (Ikaraturik.) Hori ezin liteke, Jaun Kristobita. KRISTOBITA Nork esan dit ezetz? Hona nire makila: gizon asko hil ditu: frantsesak, italiarrak, hungariarrak... etxean badut zerrenda. Obeditu niri! Osterantzean, haiekin guztiekin dantza egitera abia zintezke. Nire makilak aspaldi ez du dantzatu eta eskuetatik ihes egiten dit. Argi ibili! AITA Bai... , jauna. KRISTOBITA Orain, eutsi dirua. Garesti ere garesti ordaintzen nabil neskatxagatik, alajaina! Baina, tira, eginak egin. Ni ez naiz, emandako hitza janez, atzera egiten duten horietakoa. AITA (Jaungoikoa, nori eman diot neure alaba?) KRISTOBITA Zer diozu...? Goazen abadeari abisu ematera. AITA (Dardaraz.) Goazen. ROSITA (Barruan.) Con el vito, vito, vito, con el vito que me muero; cada hora, niño mío, estoy más metida en fuego. KRISTOBITA Zer da hori? AITA Nire alabatxoa, kantari... Abesti zoragarria da! KRISTOBITA Bo! Neuk irakatsiko diot ahotsa grabeago jartzen, naturalago! Harako kanta hura abesteko: Ni naiz kapitan pilotu ni naiz kapitan pilotu niri behar zait obeditu, obeditu... Oihala HIRUGARREN KOADROA Herri bateko taberna bat. Atzean, horma zurietan, upelak eta pitxer urdinak. Zezenketa-kartel zahar bat eta hiru kriseilu. Gaua da. Tabernaria salmahaiaren ostean dago. Gizon iletente sudurmotza da; mangutsik dago. ESPANTANUBLOS du izena. (Erdiko atetik kapa urdin zabalean bildutako GAZTE bat (CURRO) ageri da. Sonbreiru zapala du jantzirik. Jakinmina sortu da. Aurrera jarraitzen du eta ezkerraldeko mahai batean jezartzen da kapa-sonbreiruak erantzi gabe.) ESPANTANUBLOS Berorrek nahi al du zerbait hartu? GAZTEA (CURRO): Ai! Ez. ESPANTANUBLOS Aspaldi heldu da? GAZTEA Ai! Ez! ESPANTANUBLOS Hasperenka dabil, antza. GAZTEA Ai! Ai! (GAZTEA bakarrik gelditzen da. Burua doi-doi ageri du.) GAZTEA Herria zuriago somatu dut oraingoan, askoz ere zuriago. ESPANTANUBLOS Don Tancredo bezalaxe dago, egon ere, baina ni... (Kalean gitarrak eta berbots alaia entzuten dira. Irtenaz.) Zer gertatzen da?(Gaztea eta KOKOLITXE sartzen dira.) KOKOLITXE (Mozkorturik.) Espantanublos, emaguzu ardoa jo eta begietatik irten arte. Ederrak izango dira gure negar-malkoak: topaziozko, errubizko malkoak... Ai, ene lagunok! MUTILA Hain gaztetxoa! Nik ezin zuri triste egoten utzi! KOKOLITXE Hark esaten zizkidanak hain ziren gauza samurrak, eztiak... Hara, esaten zidan: «Heldu gabeko marrubi bi bezala dituzu ezpainak, eta...» MUTILA (Aurrekoaren iharduna etenez.) Hori emakume hori sano erromantikoa da. Hortaz, ni ez nintzateke penatuko. Jaun Kristobita agure lodi mozkorti lozorroa da, luzaro gabe... ez kezkatu! Eta orain, edan dezagun. Hara: zure osasunean eta nire gizenean. (Basoarekin topa eginez.) Kokolitxe: gaueko hamabietan zabalik edukiko duzu atea eta beste guztia... Nik Andre Rositaren osasunean edango dut. GAZTEA (Jaikiz.) Andre Rositaren osasunean! MUTILA Eta bere senargaiak zanpantzar batek bezala eztanda egin dezan. GAZTEA (Hurbilduz, baina aurpegia estalirik.) Itxaron, jaunak! Kanpotarra nauzue eta jakin gura nuke nor ote den hain alai eta hain sutsu goresten duzuen Rosita hori. KOKOLITXEKanpotarra izanik, horrenbeste ardura dizu, ba? GAZTEA Baliteke. KOKOLITXE Espantanublos, itxi ezazu atea; maiatzaren atarian bagara ere, jaun honek hotz handia dauka, antza. MUTILA Aurpegian batez ere. GAZTEA Ni zuei zerbait galdetzera etorri eta, hara, nire galderei entzungor egiten diezue. Broma asko delakoan nago. KOKOLITXEEta zuri asko ardura dizu, ba, nor den emakume hori? GAZTEA Zuk uste baino gehiago. KOKOLITXE Ba, hara: hori emakume hori Andre Rosita da, plazakoa, Andaluziako cantaora-rik handiena, nire... bai! Nire emaztegaia! MUTILA (Aurrera eginez.) Orain Jaun Kristobitarekin ezkonduko dena, eta hau, ba, atera kontuak! GAZTEA (Triste-triste.) Barka ezazue. Solasaldian arreta jarri dut, behin neuk ere Rosita zeritzon neskalaguna izan nuelako... MUTILA Jadanik ez da zure neska? GAZTEA Ez. Orain emakumeek txepelak dituzte gogoko. Gabon. (Mutisa egiten hasi.) MUTILA Jauna, joan baino lehen gurekin baso bat ardo har dezazun nahi nuke. (Eskuratzen dio.) GAZTEA (Atean, urduri.) Mila esker, baina ez dut edaten. Gabon, jaunak. (Bere artean eta irtetera doala.) Ez dakit zelan kontrolatu naizen, ez dakit... ESPANTANUBLOS Baina nor arraio da gizon hori eta zertan etorri ote da hona? KOKOLITXE Arduratuta nago, arduratuta... Gizon hori! (Artega daude denak; ahots apalez mintzo dira.) MUTILA (Atetik.) Erne! Jaun Kristobita dator tabernarantz. KOKOLITXE Hari musturrak hausteko abagadune ona. ESPANTANUBLOS Nire etxean ez dut istilurik nahi. Beraz, ospa hemendik lehenbailehen. MUTILA Tira, tira, Kokolitxe; ez zaitez liskarretan sartu. (Mutilak badarama KOKOLITXE eta upelen ostean ezkutatzen dira. Eskena isilik geratzen da.) KRISTOBITA (Atean.) Brrrrrrruuuuuum! ESPANTANUBLOS (Ikaraturik.) Gabon. KRISTOBITA Ardo ugari edukiko duzu, ezta? ESPANTANUBLOS Berorrek nahi adinakoa. KRISTOBITA Ba, guztiak nahi ditut, guztiak! MUTILA (Bazter batetik.) KRISTOBITA! (Ahots txirulariz.) KRISTOBITA E? Nork hitzegin du? ESPANTANUBLOS Horko txakurtxoren bat izango da. KRISTOBITA (Makilari heldu eta abestuz.) Azeria: buztana ostendu! Baietz makilaz errotik kendu! ESPANTANUBLOS (Aztoraturik.) Badaukat ardo gozoa, ardo zuria..., ardo... mikatza, ardo-ardoa... KRISTOBITA Eta prezio onean, gero! Lapur hutsak zarete denok! Esazu zeuk: lapur hutsak. ESPANTANUBLOS (Dardaraz.) Lapur hutsak. KRISTOBITA Bihar Rositarekin ezkondu behar dut eta ardo asko egotea gura dut... neuk edateko. MUTILA (Bere upeletik.) KRISTOBITA, edandakoan jausita! KRISTOBITA Brrrrrrr, brr, brr, brr! Zure upelek hitzegiten al dute ala adarra jotzen zabiltza? ESPANTANUBLOS Ni? Ni...? KRISTOBITA Usain egiozu makilari! Zeren usaina dauka? ESPANTANUBLOS Ba... ze-zera... KRISTOBITA Esan ezazu! ESPANTANUBLOS Garunak! KRISTOBITA Zer uste zenuen ba? Eta «edandakoan jausita» kontu hori dela eta, ikusi egin beharko zein den edandakoan jausiko dena, zu ala ni. (Haserre bizian.) ESPANTANUBLOS Baina Jaun Kristobal, Jaun Kristobal... MUTILA (Upel batetik.) Jaun Kristobal tripa zabal! KRISTOBITA (Makilarekin.) Heldu zaizu ordua, zital hori! Barrabana halakoa! ESPANTANUBLOS Ai, Jaun Kristobita, erruki bedi! MUTILA Tripa zabal! KRISTOBITA Egundo holakorik! Horrelako koplak niri! Eutsi tripa zabal, eutsi, eutsi!(Biak irteten dira. KRISTOBITAK makilaz jotzen du ESPANTANUBLOS, eta honek arratoi baten moduan garrasi egiten du. MUTILAK barre zantzoka dihardu upeletik. Musika.) Oihala LAUGARREN KOADROA Ager bedi lehengo plaza, baina ilargiak motelago argi egiten diola. Ezkerraldetik, MUTILA sartzen da, sano edanda, KOKOLITXE guztiz mozkorturik dakarrela. MUTILA Ipurterrea da gero, zorioneko Kristobita hori. Eta makilazotan eman dio tabernari gizajoari, makilazotan... Eta honekin zer egingo? Berton utziko dut; itzartuko da, bai, gaueko ihintza somatzen duenean. (Badoa.) (GAZTEA, kapan gordeta, eta herriko MUTIL bat sartzen dira.) GAZTEA Orain pozten nau etorri izanak, baina halako amorrua daukat... hitzak ere ez zaizkit ateratzen! Ezkontzera doala diozu? MUTILA Bihar bertan, Kristobita deritzon aberats lozorro, astakirten, bere itzala ere txirtxilatzen duen horrekin... Baina Rositak ahaztu zaituelakoan nago. GAZTEA Ezin liteke; hain maite ninduen orain dela... MUTILA Bost urte. GAZTEA Zuzen zaude. MUTILA Zergatik utzi zenuen? GAZTEA Ez dakit. Hemen gehiegi nekatzen nintzen. MUTILA Zer egiteko asmoa duzu? GAZTEA Bera ikusi nahi dut. MUTILA Hori ezinezkoa da. Ez duzu Jaun Kristobita ezagutzen. GAZTEA Ba, ikusi nahi dut, kosta ahala kosta. (Eskuinaldetik KANTSAGARRI sartzen da.) MUTILA A! Honek balioko digu; Kantsagarri da, zapataria. (Ahots ozenez.) Kantsagarri! KANTSAGARRI Zer..., zer..., zer... MUTILA Begira: gizon honek behar-behar zaitu. KANTSAGARRI Nork? Nork? GAZTEA (Aurpegia erakutsiz.)Begiraidazu. KANTSAGARRI Currito! GAZTEA Bai, Currito Puertokoa. KANTSAGARRI (Esku-zartadatxo bat sabelaldean ematen diola.)Txo! Loditu egin zara! MUTILA Egia al da bihar Andre Rositari ezkontzarako zapatak janztera zoazela? KANTSAGARRI Bai..., bai..., bai... MUTILA Ba, honek joan behar du zure ordez. KANTSAGARRI Ez, ez; ez dut nahaspilarik nahi. CURRITO Ez dakizu ondo zelan ordainduko nizukeen! Tira, zeure seme-alabengatik, joaten utz diezadazun erregutzen dizut. MUTILA Polito ordainduko dizu, gainera. Badauka dirua. CURRITO Gogora ezazu, Kantsagarri... (Negar-plantak eginez.) gure aitak zenbat maite zintuen. KANTSAGARRI Zaude isilik! Zer egingo diogu, ba. Utziko dizut joaten! Ni etxean geratuko naiz... Egia da, bai horixe... (Moko-zapi haundi saskel bat ateraz.) Izan ere, zure aitak ikaragarri maite ninduen, itzel. CURRITO (Hura besarkatuz.) Eskerrik asko, mila esker! KANTSAGARRI Berriz ere laranjak saltzen ibiliko zara? A, zelako aldarri polita egiten zenuen! «Naranjitas, naranjaaaaas...» (Badoaz.) (Ilargia eskenaz jabetuz doa eta gitarra-soinua airez aire dabil. Rositaren ahotsa entzuten da.) ROSITA Con el vito, vito, vito, con el vito, que me muero... Cada hora, niño mío, estoy más metida en fuego. KOKOLITXE Hau da barrutik negar egiten dudan lehen aldia! Zinez diot. Lehen aldia! Oihala BOSGARREN KOADROA Goiza da. Zapatariarenean, KANTSAGARRI dago, bere aulkian jezarrita, zaldun bota bat josten; saloitxoaren ondoan, zain, FIGARO dago, berdez jantzita; buruan saretxo beltza du eta belarrondoetan ile-gingil bana; labana zorrozten dihardu leungailu luze-luze baten bitartez. FIGARO Gaur bisita handia espero dut. KANTSAGARRI Zein bi-? Zein bi-? (Barrutik, xirula batek amaitzen du esaldia.) FIGARO Jaun Kristobita etorriko da; Jaun Kristobita, makiladuna. KANTSAGARRI Ondo irudi-? Ondo irudi-? (Xirulak amaitzen du esaldia.) FIGARO Bai, bai! Jakina! (Barre egiten du.) (Bestaldetik CURRITO Puertokoa sartu da. Aurpegia estalita dator, ohi bezala; eskenaren erdira iristean, kontrako aldetik tarrapataka datorren FIGAROrekin topo egiten du.) CURRITO Labana sartzen badidazu, nik begiak aterako dizkizut! FIGARO Barkatu, "mesie"! Bizarra kendu behar duzu? Nire bizartegia... (FIGAROk bere talentua goresteko imintzioak egiten ditu.) CURRITO Zoaz pikutara! FIGARO (CURROren aldarria imitatuz.) Naranjitas, naranjaaaaaas! (Txistu egiten du.) CURRITO (Zapatariarenera heltzen da.) KANTSAGARRI, emazkidazu botatxoak eta kajoitxoa. KANTSAGARRI Baina..., baina..., baina... (Dardaraz.) CURRITO (Haserre bizian.) Emateko esan dizut! KANTSAGARRI Eutsi..., eutsi... FIGARO (Saltoka.) Tira eta bira ditarea galdu tira eta bira azkenean azaldu KANTSAGARRI Utzi ni bakean! Utzi bakean! (Eztena sartzeari ekiten dio.) CURRITO (Bere botekin pozak zoratzen.) Ardo baso biren parekoak dira, hasperen bi bezalakoak... FIGARO Zerbait gertatzen da. Zalantzarik gabe, zerbait gertatzen da! Berritasunak aidean dabiltza herrian. Ai, berria, berria! Iritsiko da nire bizartegira, bai horixe. Jakingo dut, ba, zer gertatzen den. Berriak, mundura heldu eta zabaldu orduko, bizartegitik pasatzen dira. Bizartegiak berrien geltoki dira. Labana honek sekretuen oskola hausten du. Bizarginok txakur usnariak lakoxeak gaituzu; berba ilun eta zeinu misteriotsuen sunda soma dezakegu. Jakina! Buruetako alkate gara, ba, eta ile-basoen artean bidezidorrak zabalduz, zabalduz... buru horien barruan zer pentsatzen den jakiten dugu. A, zelako istorioak konta nitzakeen, bizartegiko loti itsusienak! KRISTOBITA (Sartuz.) Bizarra kentzea nahi dut oraintxe berton, bai jauna, oraintxe berton, ezkontzera noa eta. Brrrr! Inortxo ere ez dut gonbidatuko, gainera, denok lapur hutsak zarete eta. (KANTSAGARRIk bere atea itxi eta leihatilatik burua atzeratzen du.) FIGARO Dira. KRISTOBITA (Makila luzatuz.) Zarete. FIGARO Dira... hamarrak dira. (Erlojua gordetzen du.) KRISTOBITA Hamarrak izan nahiz hamaikak izan, oraintxe berton kendu gura dut bizarra. KANTSAGARRI Zitala da gero! KRISTOBITA (Bere makilaz KANTSAGARRI buruan joz.) Tori eta tori! (KANTSAGARRIk burua babesten du, arratoiak bezala garrasika.) KRISTOBITA Ekin! (Jezartzen da.) FIGARO Hori buru ederra daukazuna! Bikaina da, gero! Ereduzkoa. KRISTOBITA Hasi! FIGARO (Lanean diharduela.) La, lara, la. lara...! KRISTOBITA Ebakirik egiten badidazu, egin, kanalean irekiko zaitut, goitik behera! Goitik behera esan dut, eta goitik behera izango da! FIGARO Zoragarria, Jaun Txit Goren hori! Pozak zoratzen nago. La, lara, la, lara! FIGARO (Neskatoari begira.) KANTSAGARRI, irten zaitez laster! (Neskatoa, zurturik, lo seko datzan KRISTOBITAri begira gelditzen da.) KRISTOBITA (Zurrungaz.) Brrrrrr, brrrrr... KANTSAGARRI (Beldurrez.) Ez, ez dut irten nahi. (Burua leihotik ateratzen du.) FIGARO Hau mirestekoa da! Banekien, ba, nik. Baina, bai ona kontua! Jaun Kristobitak burua egurrezkoa du. Makal-zurez egina! Ha, ha, ha! (Neskatoa gehiago hurbiltzen da.) Begira ezazue, begira zenbat pintura...! Zenbat pinturaaa! Ha, ha, ha! KANTSAGARRI (Irtenaz.) Esnatuko da. FIGARO Bekokian lakatz bi ditu. Bertatik erretxina isuriko du, izerdi gisa. Hori zen berria! Berri ikaragarria! KRISTOBITA (Mugituz.) Azkar..., brrrrr..., azkar... FIGARO Jauna! Bai, bai... Oihala SEIGARREN KOADROA Andre Rositaren etxea. Armairu handi bi daude. ANDRE ROSITA arrosaz jantzirik dago. Paparraren gainean lepoko bat dauka. ROSITA Dena galdu da! Den-dena! Tormentura noa. (Negarrez hasten da.) (Ahots bat entzuten da kanpoan.) AHOTSA ROSITA, nik ikustearren zure oinaren punta edozer egingo nuke, ez baita gauza arrunta. ROSITA Ai, ene ama Santa Rosa! Zein ahots ote da hori? CURRITO (Aurpegia estalirik, atean bat-batean agertzen da.)Sar daiteke? ROSITA (Izuturik.) Nor zaitut? CURRITO Gizonezko bat. ROSITA Baina, baduzu aurpegia? CURRITO Begitxo horiek ondo ezagutuko luketena. ROSITA Ahots hori... CURRITO (Bere kapa irekiz.) Begira iezadazu! ROSITA (Ikaraturik.) CURRITO! CURRITO Bai. Currito. Mundurik mundu joana, zurekin ezkontzeko itzuli dena. ROSITA Ez, ez! Zoaz hemendik, Jaungoikoarren! Neure hitza emanda nago. Gainera, ez zaitut maite; lehenago utzi egin ninduzun. Orain Kristobita maite dut. Zoaz, zoaz hemendik! CURRITO Ez naiz joango! Zertarako etorri naiz, ba? ROSITA A, zorigaiztokoa naiz! CURRITO Zatoz nirekin. Zu ikusi eta zeloek jan egiten naute. ROSITA Ni galtzea nahi duzu, zital horrek? CURRITO (Besarkatzeko asmoz hurbiltzen zaiola.) ROSITA nirea! ROSITA Jendea dator! Alde hemendik, lapurra! AITA (Sartuz.) Zer gertatzen da? CURRITO Andre Rositari bere ezkontzarako zapatak probatzera etorri naiz, Kantsagarrik ez dauka etortzerik eta. Zoragarriak dira. AITA Proba iezazkiozu! (ANDRE ROSITA aulki batean eseri da. CURRITO haren oinen aurrean beluniko jartzen da, eta AITAk egunkari bat irakurtzen du.) CURRITO Oi, hankatxoaren ederra! ROSITA (Ahots apalean.) A, zitala! CURRITO (Ozenki.) Igon ezazu apurtxo bat gona. ROSITA Badago. (CURRITOk bota bat janzten dio.) CURRITO Ea, beste apurtxo bat...? ROSITA Asko da, zapataritxoa. CURRITO Beste apurtxo bat! AITA (Bere aulkitik.) Izan zaitez esan onekoa, haurra; beste apurtxo bat. ROSITA Ai! CURRITO Beste apurtxo bat! (ANDRE ROSITAren hanka begiesten gelditzen da.) Pixka bat gehiago! AITA Banoa. Botak poxpolin-poxpolinak dira. Bide batez ate hori itxiko dut. Hozkirri dago hemen. (Handik irtenda, erdiko atera iristen da.) ROSITA (Jaikiz.) Gizatxar hori...! CURRITO Arrosa. Maiatzeko arrosatxo hori! ROSITA (Txilio mehe-meheak eginez.) Ai, ai, ai! (Korrikari ekiten dio eskenatokian zehar.) Badator Jaun KRISTOBITA! Irten zaitez bizkor hemendik! (Atea itxirik topatzen dute.) Baina, zelan itxi du aitak ate hau? CURRITO (Dardaraz.) Egia esan... ROSITA Somatzen ditut haren urratsak eskilaratxotik datorrela. Argi egin iezadazu, Santa Rosa! (Bitartean, CURRITO atea zabaltzen saiatzen da.) A! Zatoz hona! (Eskuin bazterreko armairuaren atzean ezkutatzen da.) KRISTOBITA (Kanpoan.) Brrrrr! ROSITA (Erdi negarrez.) Ai, ai, noiz ikusiko ote dut ene maitea! (Eztarria korapilatu egiten zaio.) KRISTOBITA (Atean.) Gizon usaina somatzen dut Non den esan, bestela jango zaitut! ROSITA Baina, baina, Kristobita, esatea ere! KRISTOBITA Ez duzu inorekin hitz egin behar! Inorekin ere ez! Esan dizut! (Mmmm, zein gustagarria den! Horiek perniltxoak, horiek!) ROSITA Nik, Kristobita... KRISTOBITA Berehala ezkonduko gara... Aizu! Inoiz ikusi al nauzu baten bat makilaz hiltzen? Ez? Ba, ikusi behar nauzu. Honela egiten dut: dinbi-danba, dinbi-danba... eta gero trokartera. ROSITA Bai; polita da. KRISTOBITA Abadea zain dugu. Goazen! (Botila bat hartuta dantza egiten du, edaten duen bitartean.) ROSITA Beraz... errezela jantziko dut. KRISTOBITA Neu ere banoa... kapela handi-handia janztera eta makilari xingola batzuk ipintzera... Oraintxe nator. (Badoa, dantzatuz.) CURRITO (Armairuko saretatik azalduz.) Irekidazu. (ROSITA armairurantz abiatzen da; orduan KOKOLITXE, salto handi bat eginez, leihotik sartzen da.) ROSITA Ai, ene! (Berarengana doa eta haren besoetan jausten da.) Zu bai! Zeu maite zaitut eta ez beste inor munduan! (KOKOLITXEk besartean hartzen du.) KOKOLITXE Bihotza! CURRITO (Armairutik.) Banekien, ba! Emakume gaiztoa zara. KOLITXE Zer da hau? ROSITA Ai ene! Erotu egingo naiz! KOKOLITXE Zer egiten duzu satorzulo horretan? Jalgi kanpora, gizonak dauden lekura! (Jotzen du armairua.) ROSITA Erruki zakizkidate! KOKOLITXE Errukitu zutaz, emagaldu zirtzil hori? CURRITO Biok ito behar zaituztetet, biok ala biok! KOKOLITXE Irten zaitez berehala! Hauts itzazu ateak! Koldarra! ROSITA Badator Kristobita! Erruki, badatorrela Kristobita! CURRITO Irekiiiiii! KOKOLITXE Datorrela! Horrela ikusiko du bere andregaia beste batekin nahasita dabilela. ROSITA Nik azalduko dizut, maitea. Ihes egizu! KRISTOBITA (Kanpoan.) ROSITA... polita! ROSITA Ez dago denborarik. Hemen! (Beste armairua ireki eta bertan KOKOLITXE ezkutatzen du; ondoren, errezel arrosa bat jartzen du buruaren gainean.) Hilgo naiz! (Kantatzeko plantak egiten ditu.) KRISTOBITA (Sartuz.) Zer astrapala izan da hori? ROSITA Zera... gonbidatuak dira, atean zain daudenak. KRISTOBITA Ez dut gonbidaturik nahi! ROSITA Baina... hor daude eta! KRISTOBITA Ba, hor badaude, joan daitezela. Joan daitezela! (Bere kautan.) Jakingo dut nik astrapalarena zer izan den. (Ozenki:) Rosita, zatoz hona! (Armairuen atzetik CURRITO eta KOKOLITXEren burutxoak azaltzen dira.) CURRITO Lehertzera noa! KOKOLITXE Beraz, zu zara emakume horren maitalea? Egongo gara buruz buru! Bai horixe! CURRITO Zeuk nahi duzunean, kontakatilua! KOKOLITXE Armairu hau burdinazkoa ez balitz...! CURRITO Ha! KOKOLITXE Sudurra koskada batez kenduko nizuke, bai gustura kendu ere! (Kanpoan «gora ezkongaiak!, gora!» entzuten da.) Ezkontzera doaz... betiko ahaztuko nau! (Negarrari emanez.) CURRITO (Deklamatuz bezala.) Ahazten ikastera etorri naiz herrira. KOKOLITXE Hark ez dit berriz esango «ene maite polita»; nik ez diot berriz esango «maite zaitut, Rosita». CURRITO Betiko aldegingo dut, betiko! KOKOLITXE Ai, ai, ai! CURRITO A, eskertxarrekoa halakoa! Eskertxarrekoa, eskertxarrekoa!(Kanpoan elizako kanpai-hotsa da, suziriak eta musika.) KOKOLITXE Ezingo naiz gehiago bizi! CURRITO Ez diot egundo beste emakumeri begiratuko! (Txotxongilo biek negar egiten dute.) KRISTOBITA Ai, Rosita nire bihotzekoa! Ai, Rosita! ROSITA Orain hil egingo nau makilazoka. KRISTOBITA Makalik zaude? Zizpuruka zaudela iruditzen zait. A, baina nirekin gustatzen zarelako da, noski... Begira nolako jantzia daukadan! Eta zelako botak! Lara, lara! A! Ekar ditzatela gozokiak eta ardoa! Ardo ugari! (MORROIA sartzen da, botila bat dakarrela. KRISTOBITA botila bat hartu eta edaten hasten da.) Oi, ROSITA polita! Txikita, polita! Ez al naiz ezin ederragoa? Musu emango dizut! Eutsi, eutsi. (Musu ematen dio. Une horretan KOKOLITXE eta CURRITO euren armairuetatik asomatzen dira eta amorruzko garrasia egiten dute.) Zer da hori? Etxe honek ez ote dauka lotsarik? (Makila hartzen du.) ROSITA Ez, ez, Kristobal. Zedenak dira, zerak... haurrak kalean... KRISTOBITA (Makila jareginez.) Ba, hori astrapala ateratzen dutena! Hori astrapala! ROSITA (Ikaraz eta plantak eginez.) Noiz kontatuko dizkidazu agindutako istorioak? KRISTOBITA Ha, ha, ha! Istorio politak dira, bai, zure aurpegi poxpolin hori bezain politak. (Edaten du.) Jaun Tankredoren istorioa da, bere azpi-harriaren gainean zutik zegoen Jaun Tankredoren istorioa. Badakizu? Ñooo! Eta Juan Tenorio jaunaren istorioa, Jaun Tankredoren eta bion lehengusua zena. Bai, jauna. Nire lehengusua. Esan zeuk "nire lehengusua!" ROSITA Zure lehengusua! KRISTOBITA Rosa! Rosa! Esadazu zeozer! ROSITA Maite zaitut, Kristobita. KRISTOBITA Ole, ole! (Musu ematen dio. Armairuetatik beste garrasi bat entzuten da.) Hau akabua da! Akabuko akabuaren akabua! Brrrrr! ROSITA Ai, ene! Ez zaitez, ba, horrela jarri! KRISTOBITA (Makilarekin.) Dena delakoa, irten dadila! ROSITA Aizu, ez zaitez horrela jarri. Oraintxe puntuan txori handi bat pasatu da leiho ondotik... honenbesteko hegoekin... honenbestekoak! KRISTOBITA (Hura imitatuz.) Honenbestekoak! Honenbestekoak! Baina itsua ote naiz, ba, ni? ROSITA Ez nauzu maite...! (Negarrari emanez.) KRISTOBITA (Hunkiturik.) Sinistuko dizut... ala ez dizut sinistuko? (Makila jaregiten du.)(KRISTOBITA jezartzen da, oinak mahai gainean jarri eta edaten hasten da.) KRISTOBITA(Txotxongiloak armairuetan azaltzen dira eta zizpuruka dihardute.) Nor dabil zizpuruka? ROSITA Neu naiz, neu, txikitako denborak gogoratzen... (KRISTOBITA lo gelditzen da, botila eskuan) CURRITO (Ahopean.) Ireki! KOKOLITXE Ez iezadazu ireki! Berton hil nahi dut. ROSITA Isil zaitezte, isildu Jaungoikoarren! CURRITO Sekula ikusiko ez nauzun lekura aldegingo dut. ROSITA Nik ez zaitut egundo maite izan. Gizon alderraia zara, joan-etorrikoa. KOKOLITXE Zer entzuten dut? ROSITA Zeu bakarrik, maitea! KOKOLITXE Ai! KRISTOBITA Brrrrr! Eltxo zitalak! Eltxo petralak! ROSITA Santa Rosa: ez dadila esnatu! (Armairu batera jo eta, kontu handiz, ireki egiten du.) (Eskena hau guztia azkar-azkar eta ahots apalez gertatuko da.) CURRITO (Armairutik irteten dela.) Agur betiko, eskertxarreko hori! Hauxe da nire pena: ez zaitudala sekula ahaztuko. KRISTOBITA A! Zer? Zer? Brrr! CURRITO (Puñala ateraz.) Lasai, jauna, lasai! KRISTOBITA A, hil egingo zaitut, hil eta txitxiki egin, hezurrak txikitu! Hau ordainduko didazu, Andre Rosita, andregaiztoa! Zugatik ehun hogerleko pagatu eta gero hau! Brrr...! Arrrrr! Amorruaren amorruaz ito egiten naiz ! Arrrr! Zer egiten zenuen hemen? CURRITO (Dardaraz.) Zera... gogoak ematen didana. KRISTOBITA Arrrrr! Hortaz, gogoak ematen dizuna? Arrr! Tori! Tori! Tori gogoa! (CURRITOk ihesari ematen dio. KRISTOBITA haren jarraian dabil, esaten diola:) Tori gogoa! Tori gogoa! (ROSITAk txilio garratz-garratzak egiten ditu, barre-algara histerikoekin batera.) KOKOLITXE Irekidazu, neuk hilgo dut honantz datorrenean! ROSITA Irekiko dizut? (Irekitzera doa.) Ez dizut irekiko! Ai, ene! KOKOLITXE ROSITA: utzidazu gizon horri sama bihurritzen. ROSITA Irekiko dizut? (Irekitzera doa.) Ez dizut irekiko! Orain badator, eta hilgo gaitu. KOKOLITXE Hil gaitezen elkarrekin! ROSITA Irekiko dizut? Bai, bai! Irekiko dizut. (Irekitzen dio.) Nire bihotza! Nire lorategiko arbolatxo hori! KOKOLITXE (Hura besarkatuz.) Krabelin kultibatua! Kanela zotza! (Operako duo-etako moduko idilioa hasten da.) ROSITA Zoaz zeure etxera; ni hiltzera noa laster. KOKOLITXE Ez! KRISTOBITA (Atean azaltzen da, erabat txunditurik geldituz.)Arrrr! Zenbat maitale ote duzu, ba? Bi, hiru, dozenaka? Prestatu trokarako! Brrrr! Brrrr! (KOKOLITXEk eta ROSITAk elkarri musu ematen diote, KRISTOBITAren aurrean.) Ezinezkoa da! Nik hil ditut hirurehun ingeles, eta hirurehun konstantinoplar ere bai! Gogoratuko zarete nirekin! Ai, ai! (Makila jausi egiten zaio eskuetatik.) Ai, nire tripa! Hilgo naiz zuen erruz! Ai, hil behar dut! Deitu abadeari! ROSITA (Garrasi ezin agudoagoak jaurtiz, korrika dabil eskenatokitik, bere buztan luzea narras doala.) AITAaa! Aitaaa! KRISTOBITA Arrr! Danba! Amaitu dut! Nireak egin du! (Zilborrez gora gelditzen da, eskuak gora; ondoren, eskenatokitik kanpora jausten da.) ROSITA Hil da! Ene Jaungoikoa, hau estualdia! KOKOLITXE Begira! AITA Leher egin du! (Ondoko elkarrizketa kantatua da, «Din-dan, nor hil da, Peru Zapataria» kantaren doinuz abes daitekeena.) ROSITA ETA KOKOLITXE Din-dan, nor hil da? DENAK KRISTOBITA lodia. ROSITA ETA KOKOLITXE Zer egin dau? DENAK Pekatu. Ehundaka gizon kolpatu, makilarekin egurtu, trokartera bialdu. ROSITA ETA KOKOLITXE Hori baino ez badau egin beharko jako parkatu. (KRISTOBITA jasotzen dute.) DENAK Babalasto handiari lur ematera goaz. KRISTOBITA mozkortia ez da itzuliko erraz. Ran, rataplan, rataplan, rataplan! Rataplan! (Denak aldentzen dira.) KOKOLITXE Bularra txintxilinez beteta somatzen dut orain. ROSITA Zeuretzat izango dira nire negar-malkoak eta nire musuak. Zeuretzat, krabelin hori. (KOKOLITXE eta ROSITA besarkaturik gelditzen dira.) Oihala AMAIERA Jaun Kristobal eta Andere eta Rositaren TRAGIKOMEDIA (bertsio osoa)