FEDERICO GARCÍA LORCA BERNARDA ALBAREN ETXEA *************** FEDERICO GARCÍA LORCA-k idatzia (1936) eta FERNANDO MENDIZABALEK euskaratua (1999) *************** Testuak (Hasierako orria) PERTSONAIAK BERNARDA, 60 urte MARI JOXEPA (Bernardaren ama), 80 Urte ANGUSTIAS (Bernardaren alaba), 39 urte MADALEN, (Bernardaren alaba), 30 urte AMELIA (Bernardaren alaba), 27 urte. MARTIRIO (Bernardaren alaba), 24 urte ADELA (Bernardaren alaba), 20 urte NESKAMEA, 50 urte PONTXI (Poncia, neskamea), 60 urtePRUDENTXI, 50 urte ESKALEA HAURRAREKIN LUTOZKO EMAKUMEAK 1.EMAKKUMEA 2.EMAKKUMEA 3.EMAKKUMEA 4.EMAKKUMEA NESKATOA LEHEN EKITALDIA (BERNARDAREN etxe-barruko gela zuri-zuri bat. Horma lodiak. Ate arkudunak, borlaz eta bolantez erremataturik dauden iutezko kortinekin. Lezkazko sillak. Koadroak, ninfaz edo ipuinetako erregez osatutako paisaje ezinezkoekin. Uda da. Isiltasun itzaltsu handi bat zabaltzen da eszena-tokian. Oihala jasotzean hutsik dago eszena. Kanpai-hotsa aditzen da.) (1. NESKAMEA agertzen da.) NESKAMEAK - Oraintxe kaskahezurrean sartuta zeukanat kanpai-hots horixe. PONTXIK - (Txorixoa eta ogia janez ateratzen da.) Bi ordu baino gehiago zeramaten "rekieskant in paze"ka . Herri guztietatik etorri ditun apaizak. Eliza eder-ederra zegon. Aurreneko errespon-tsoan konortea galdu zinan MADALENEK . NESKAMEAK - Izan ere, horixe gelditzen dun bakarrena orain. PONTXIK- Horixe bakarrik maite zinan aitak. Ai! Eskerrak bakarrik gaudela piska batean. Ni bazkaltzera etorri naun. NESKAMEAK - Bernardak ikusiko bahindu! PONTXIK - Orain, nola berak ez duen bazkaltzen, gu denok goseak hiltzea nahiko liken! Horixe, ba, denak mendean erabili-beharrekoa! Azpiratzailea alena! Baina jimollatzea zeukan! Txorixo-ontzia ireki zionat. NESKAMEAK - (Triste eta larritasunez.) Pontxi, zergatik ez didan zerbait ematen nire neska txikiarentzat? PONTXIK - Hator barrura eta hartzan eskutada bat barbantzu ere. Gaur ez dun konturatuko-eta! AHOTS BATEK - (Barruan.) Bernarda! PONTXIK - Atsoa halakoa!. Ondo itxita al zegon? NESKAMEAK - Giltzarekin bi buelta emanda. PONTXIK - Baina ateaga ere jarri behar zaion. Bestela horren atzaparrak... bost gantzua bezala ditun. AHOTS BATEK - Bernarda! PONTXIK - (Deadarka.) Badator! (NESKAMEARI.) Garbitu dena ondo-ondo. Bernardak diz-diz ikusten ez badizkin gauzak, gelditzen zaizkidan ile-hondarrak ere aterako zizkidan. NESKAMEAK - Hori emakumea! PONTXIK - Horixe dun inguruko guztiak ostikopean erabili beharrekoa. Gauza dun hori hire bihotz gainean esertzeko eta urtebetean nola hiltzen haizen begira egoteko bere aurpegi madarikatuan beti eramaten duen irrifar hotz hura galdu gabe. Garbitu, garbitu ondo ontzijende hori! NESKAMEAK - Odolduta zeuzkanat eskuak dena garbitzen aritzeagatik. PONTXIK - Bai, hura dun txukunena, hura ondraduena, hura garaiena! Ondo irabazitako atsedena hartu zinan horratik haren gizon gizajoak.(Geratu egiten da kanpai-hotsa.) NESKAMEAK - Ahaide guztiak etorri al ditun? PONTXIK - Etxekoadrearen aldekoak bai. Gizonaren aldekoek ezin dinate ikusi ere egin. Hildakoa ikustera etorri hitunan eta gurutzea egin zioten . NESKAMEAK - Ba al zegon behar adina silla? PONTXIK - Sobra ere bazeuden. Eser daitezela lurrean. Bernardaren aita hil zenetik ez dun jenderik sartu teilatupe honetan. Horrek ez din nahi bere terrenoan inork ikusterik. Madarikatua izango al dun! NESKAMEAK - Hala ere hirekin nahiko ondo portatu hunan. PONTXIK - Hogeita hamar urte pasa dizkinat haren maindirak garbitzen, hogeita hamar urte haren hondakinak jaten, gauak eta gauak eman dizkinat esna hura eztulka hasten denean, egunak eta egunak zirrikituetatik begira, auzolagunak ispiatzen, gero hari esamesak eta txismeak eramateko; ezkuturik gabeko bizitza egin dinagu elkarrekin, eta hala ere, arranio halakoa!, begiko minak ziztatuko al din begi-ninietan! NESKAMEAK - Emakumetxoa! PONTXIK - Ni hala ere, zakur ona naun, zakur ona: zaunka egiten dinat hark esaten didanean, eta hozka egiten zienat orpoetan limosna eske datozenei, hark hartara axatzen nauenean; nire semeak haren sailetan zebiltzan lanean, eta ezkonduta zeuden biak, baina egunen batean lepo egingo naun hala ere. NESKAMEAK - Eta orduan ... PONTXIK - Orduan, sartuko naun haren gelan eta hantxe itxiko naun berarekin eta urtebete osoan arituko naun hari txistuka. «Bernarda, honegatik, Bernarda haregatik eta besteagatik», horrelaxe arituko naun, umeek txiki-txiki egiten duten sugandila bat bezala utzi arte; horixe besterik ez dun hura eta haren ahaideria. Garbi zegon hari ez diodala bizimodurik inbidiatzen. Oraindik ere bost emakume gelditzen zaizkion, bost alaba zein baino zein zatarragoak, eta ANGUSTIAS, zaharrena, aparte utziz gero, hori berriz aurreneko senarraren alaba dun eta diruz hornitua zegon, gainerakoak, puntilla bordatu asko, harizko ator asko , baina ogia eta mahats-aleak besterik ez herentziatan . NESKAMEAK - Gustora hartuko niken nik horiek daukatena! PONTXIK - Guk gure eskuak zeuzkanagu eta zulo bat kanposantuan . NESKAMEAK - Horixe dun ezer ez daukagunoi uzten diguten lur-sail bakarra. PONTXIK - (Arasan. ) Kristal honek zikin-tanto batzuk zeuzkan. NESKAMEAK - Ez jaboiarekin eta ez baietarekin kentzen zaizkion tanto horiek.(Kanpai-hotsak aditzen dira.) PONTXIK - Azkeneko errespontsoa. Entzun egin behar dinat. Asko gustatzen zaidan nola kantatzen duen erretoreak. «Pater Noster»ekoan hasi hunan ahotsa gora eta gora, urez poliki-poliki betetzen ari den pitxarra bat ematen zinan, eta azkenean kibo batekin bukatu zinan; hala ere zoramena dun hari entzutea! Nolanahi ere, Tronchapinos sankristau zaharra bezalakorik ez zegon. Gure amaren mezakoan, goian egongo al dun, berak kantatu zinan, eta paretak burrunbaka jarri hitunan; eta amen esaterakoan, elizan otso bat sartu izan balitz bezalaxe hunan. (Hura imitatuz.) Ameeen! . (Eztulka hasten da.) NESKAMEAK - Porru eginda utziko dun eztarria! PONTXIK - Porru, beste porru bat egingo niken nik! (Barrez ateratzen da.)(NESKAMEA garbitzen ari da. Kanpai-hotsa hasten da.) NESKAMEAK - (Kantuarekin batera.) Tin, tin, tan. Tin, tin, tan. Jainkoak barkatuko al zion! ESKALE BATEK - (Neska txiki batekin.) Ave María purísima! NESKAMEAK - Tin, tin, tan. Urte askoan itxoin diezagula! Tin, tin, tan. ESKALEAK - (Altu, haserre-puntu batekin) Ave María Purísima! NESKAMEAK - (Haserre.) Sin pecado concebida!ESKALEAK - Hondarren bila nator. (Gelditu egiten dira kanpaiak.) NESKAMEAK - (Atetik kalera joaten da.) Gaurko hondarrak niretzat dira.ESKALEAK - Emakume, zuk baduzu nork irabazi. Nire neska txikia eta ni bakarrik gaude. NESKAMEAK - Zakurrak ere bakarrik daude, baina bizi egiten dira.ESKALEAK - Beti ematen dizkidate. NESKAMEAK - Alde hemendik. Nork esan dizu sartzeko? Hanka-arrastoak hortxe utzi dizkidazu lurrean markatuta. (Joan egiten dira, garbitzen segitzen du.) Olioz bernizatutako zoruak, arasak, oinazpikoak, altzairuzko oheak , lurrezko txaboletan, platera bat eta kutxara batekin bizi garenok gorriak ikus ditzagun. Ojala egunen batean inor geratuko ez bagina! Ezta berri emateko ere. (Kanpai-hotsa hasten da berriro.) Bai, bai, betoz deiadarrak!, betor hilkutxa ertz doratuekin eta sedazko toailak hori eramateko!; orduan berdin-berdin egongo gara zu eta ni! Izorra zaitez, Antonio Maria Benavides, zurrun hori, zure oihalezko traje eta osokizko botekin . Izorra zaitez bai! Gehiago ez didazu gona jasoko zure sarobeko ate-atzean! (Atzetik , binaka-binaka, EMAKUME LUTODUNAK hasten dira sartzen, painolo handiekin, gona eta abaniko beltzekin. Poliki-poliki eszenatoki osoa bete arte sartzen dira.) NESKAMEAK - (Garrasika hasiz.) Ai, Antonio Maria Benavides, hemendik aurrera ez dituzu horma hauek gehiago ikusiko, eta etxe honetan ere ez duzu ogirik gehiago jango! Nik maite izan zintudan zerbitzarietan gehiena. (Bere buruko ileari tiraka.) Eta bizirik geratu behar dut nik, zuk alde eginda gero? Eta bizirik geratu behar dut nik? (Berrehun EMAKUMEAK sartu eta BERNARDA agertzen da bere bost ALABEKIN. BERNARDA makila batean apoiaturik dator.) BERNARDAK - (NESKAMEARI.) Ixo! NESKAMEAK - (Negarrez.) Bernarda! BERNARDAK - Garrasi gutxiago eta obra gehiago. Segizioa etortzerako dena garbiago edukitzen saiatu behar zenuen. Zoaz. Hau ez da zure lekua-eta.(NESKAMEA negarrez doa.) Pobreak animaliak bezala dira. Badirudi beste material batekin eginda daudela. 1. EMAKUMEAK - Pobreek ere sentitzen dituzte beren penak. BERNARDAK - Baina ahaztu egiten dituzte platera barbantzu baten aurrean. 1. NESKAK - (Lotsati.) Bizitzeko jan beharra dago. BERNARDAK - Hire adinean ez dun hitz egiten pertsona larrien aurrean. 1. EMAKUMEAK - Umea, hago isilik. BERNARDAK - Inori ez diot utzi niri ikasbideak ematen. Eseri. (Eseri egiten dira. Pausa. Ozenki.) Madalen, ez negarrik egin. Negar egin nahi badun, sartu ohe azpian. Entzun? 2. EMAKUMEAK - (BERNARDARI.)Hasi al dituzu lanak larrainean? BERNARDAK - Atzo. 3. EMAKUMEAK - Beruna bezalaxe erortzen da eguzkia. 1. EMAKUMEAK - Urteak dira honelako berorik ikusi ez dudala.(Pausa. Denak beren buruak abanikatzen ari dira.) BERNARDAK - Limonada eginda al dago? PONTXIK - Bai, Bernarda. (Txarro txiki zuriz betetako bandeja handi batekin ateratzen da; banatu egiten ditu txarroak.) BERNARDAK - Emaiezu gizonei. PONTXIK - Patioan ari dira hartzen. BERNARDAK - Atera daitezela sartu diren lekutik. Ez dut hemendik pasatzerik nahi. NESKATXAK - (ANGUSTIASI.) Pepe Romano segizioko gizonekin zegonan. ANGUSTIASEK - Bai, hantxe zegonan. BERNARDAK - Haren ama zegonan. Neskatxak haren ama ikusi din. Pepe ez dinagu ikusi ez hark eta ez nik. NESKATXAK - Iruditu zitzaidan... BERNARDAK - Han bazegoena Darajali andrearen alarguna hunan. Hire izebaren gertu-gertuan zegonan. Hori denok ikusi dinagu. 2. EMAKUMEAK - (Aparte eta baju hitz eginez.) Gaizto halakoa! 3. EMAKUMEAK - (Aparte eta baju hitz eginez.) Suge-mihizto halakoa! BERNARDAK - Emakumeek elizan ez diote meza-emaileari beste gizoni begiratu behar, eta horri ere gonak dauzkalako. PONTXIK - Burua bueltatzea panazko galtzaren beroa bilatzea da . 1. EMAKUMEAK - (Baju.) Muzker zahar gorbezi halakoa! PONTXIK - (Ahopean.) Gizon-irrikiz bihurritutako zimurjario hori! BERNARDAK - (Lurrean makilarekin kolpe bat emanez.) Bedeinkatua Jangoikoa. DENEK - (Aitaren eginez.) Bedeinkatua izan dadila beti-betiko. BERNARDAK - Izazu atseden bakean, burualdeko konpañan . DENEK - Izazu atseden bakean! BERNARDAK - San Migel aingeruarekin eta haren ezpata justizigilearekin . DENEK - Izazu atseden bakean! BERNARDAK - Dena irekitzen duen giltzarekin eta dena ixten duen eskuarekin . DENEK - Izazu atseden bakean! BERNARDAK - Zerukoekin eta bazterretako loretxoekin . DENEK - Izazu atseden bakean! BERNARDAK - Gure karitate santuarekin eta lehorreko eta itsasoko arimekin. DENEK - Izazu atseden bakean! BERNARDAK - Emaiozu betiko atsedena Antonio Maria Benavides zure serbitzariari eta emaiozu zure gloria santuaren koroea. DENEK - Amen. BERNARDAK - (Zutik jarri eta kantatu egiten du.) «Requiem aeternam dona eis, Domine». DENEK - (Zutik eta modu gregorianoan kantatuz.) «Et lux perpetua luceat eis.» (Aitaren egiten dute.) 1. EMAKUMEAK - Osasuna haren arimaren alde erregutzeko. (Segizioan doaz.) 3. EMAKUMEAK - Ez zaio ogi erreberria faltako . 2. EMAKUMEAK - Eta teilatupea ere ez bere alabentzat. (Denak BERNARDAREN aurretik ilaran pasatu eta irten egiten dira.)(ANGUSTIAS patiora ematen duen beste ate batetik ateratzen da.) 4. EMAKUMEAK - Ezkontzakoan izango duzun luxu bera goza dezazula aurre-rantzean. PONTXIK - (Poltsa batekin sartuz.) Gizonen partetik poltsa diru hau errespontsotarako . BERNARDAK - Eskerrak eman eta bota iezaiezu kopa pattar bana . NESKA BATEK - (MADALENI.) MADALEN. BERNARDAK - (Bere alabei. Negarrez hasten den MADALENI.) Ixxxo. (Makilarekin jotzen du lurra. Kanpora irteten dira denak. Alde egin dutenei.) Ala, zoazte zuen kobazuloetara, ikusi duzuen guztiagatik maxiatzera! Urte asko igaroko al dira zuek nire atearen arkutik berriro pasatzerako. PONTXIK - Ez duzu inolako keixurik izango. Herri osoa etorri da. BERNARDAK - Bai; beren azpigonen izerdiarekin eta beren mihiztoen po-zoiarekin nire etxea betetzera . AMELIAK - Ama, etzazu horrela hitz egin! BERNARDAK - Bai, honela hitz egin behar dun erreka gabeko herri madarikatu honetan, putzu-herri honetan , non ura edaten den bakoitzean beldur izaten den, ea edaten den ura pozoitua ez ote dagoen. PONTXIK - Ederra jarri dute zoladura! . BERNARDAK - Ahunztalde bat bertatik pasatu izan balitz bezalaxe. (PONTXIK lurra garbitzen du). Neskato, emaidan abaniko bat. ADELAK - Har beza berorrek. (Abaniko biribil bat ematen dio, lore gorriak eta berdeak dituena BERNARDAK - (Abanikoa lurrera botaz.) Hau al dun alargun bati ematen zaion abanikoa? Emaidan beltz bat eta ikas ezan hire aitaren lutoa errespetatzen. MARTIRIOK - Har beza nirea. BERNARDAK - Eta heuk? MARTIRIOK - Nik ez daukat berorik. BERNARDAK - Ba bila ezan beste bat, behar izango dun-eta. Zortzi urte iraungo din lutoak eta bitarte horretan ez dun etxe honetan kaleko haizerik sartuko. Kontu egin adreiluekin takatu ditugula ateak eta leihoak. Horrela egin zen gure aitaren etxean eta horrela gure aitonaren etxean. Bitartean, berriz, hasi zindezkete zuen ezkontzako ostilamendua bordatzen. Harizko hogei pieza dauzkat kutxan eta nahikoa izango duzue hori maindireak eta enbozoak ebaki ahal izateko. MADALENEK borda ditzake . MADALENEK - Berdin zait. ADELAK - (Pipertuta!) Bordatu nahi ez baditun, bordatu gabe joango ditun. Horrela gehiago luzituko dinate hireek. MADALENEK - Ez nireek eta ez zuenek. Bazekinat ni ez naizela ezkonduko. Nahiago dinat errotara zakuak eraman . Edozer gauza nahiago, sala ilun honetan egunak eta egunak eserita eman baino. BERNARDAK - Horixe dun emakumea izatea! MADALENEK - Madarikatuak emakumeak. BERNARDAK - Hemen nik agindutakoa egiten dun. Orain ezin haiz kontuarekin aitarengana joan. Ura eta haria emeentzat. Zigorra eta mandoa gizonarentzat. Horixe izaten din ahaldun jaiotzen denak . (Kanpora joaten da ADELA.) AHOTS BATEK - Bernarda, utzidazu irteten! BERNARDAK - (Ozenki.) Utziozue, ba, irteten!(1. NESKAMEA ateratzen da.) NESKAMEAK - Lanak izan ditut horri eusten. Laurogei urte dituen arren, aritza bezain sendoa dago berorren ama. BERNARDAK - Badauka noren antza izan. Nire amona izan zen horrelakoxea NESKAMEAK - Dolua bitartean zaku huts batekin itxi behar izan nion ahoa, ba ura eta jana eskatu nahi zizkizun, ura harraskakoa bederen eta jana zakur-haragia, haren esatez horiek ematen omen dizkiozula-eta. MARTIRIOK - Asmo txarrekoa dela hori gero! BERNARDAK - (NESKAMEARI.) Utziozu, lasaitu dadila patioan. NESKAMEAK - Kutxatik bere eraztunak eta belarritako amatistak atera eta jantzi egin ditu, eta ezkondu egin behar duela esan dit.(ALABAK barrez.) BERNARDAK - Zoaz harengana eta kontuz ibili, ez dadila putzura hurbildu. NESKAMEAK - Ez izan beldurrik, bere burua barrura botako duela-eta. BERNARDAK - Ez da horregatik. Baizik eta leku hartatik, auzoko emakumeek ikus dezakete beren leihotik.(Atera egiten da NESKAMEA.) MARTIRIOK - Arropak aldatu behar ditugu. BERNARDAK - Bai; baina ez buruko painoloa . (ADELA sartzen da.) Eta ANGUSTIAS? ADELAK - (Azpiasmoz.) Atehandiko zirrikitutik begira ikusi dut. Alde egin berriak ziren gizonak. BERNARDAK - Eta hi zertara joan haiz atehandira? ADELAK - Oiloek arraultzarik jarri ote duten ikustera joan naiz. BERNARDAK - Baina gizonen dolua irtenda izango hunan ordurako noski! ADELAK - (Azpiazmoz.) Oraindik ere bazen han talde bat kanpotik geratuta. BERNARDAK - (Haserre batean.) Angustias, Angustias! ANGUSTIASEK - (Barrura sartuz.) Zer nahi du berorrek? BERNARDAK - Zer eta nori begiratzen hionan hik? ANGUSTIASEK - Inori ez. BERNARDAK - Itxurazkoa al dun, hire gizamailako emakume bat, bere aitaren mezako egunean, amuarekin gizonen baten atzetik ibiltzea? Erantzun hezan! Nori begiratzen hionan.(Pausa.) ANGUSTIASEK - Nik... BERNARDAK - Bai, hik! ANGUSTIASEK - Inori ez! BERNARDAK - (Makilarekin hurbilduz.) Lehun, Gozanga hori! (Jo egiten du.) PONTXIK - (Korrika.) Lasaitu zaitez, Bernarda. (Sujetatu egiten du.) (ANGUSTIAS negarrez.) BERNARDAK - Alde hemendik denok! (Kanpora joaten dira.) PONTXIK - Zer egiten zuen jabetu gabe egin du , benetan gaizki dago hori-eta. Harritu ere egin ninduen ni, horratik, patio aldera ihes egiten ikusi nuenean! Gero leiho baten atzean egon zen gizonek beren artean zekarten elkarrizketa entzuten; eta hau, beti bezela, ez dago entzuterik noski. BERNARDAK - Horretara etortzen al dira doluetara! (Jakinminez.) Zertaz ari ziren? PONTXIK - Roseta-ko Pantxikaz. Bart ganbela bati lotu omen zioten haren gizona , eta Pantxika bera olibadiko tontorreraino eraman omen zuten zaldi gainean. BERNARDAK - Eta Pantxika? PONTXIK - Pantxika, lasai-lasai. Bularrak kanpoan zituela omen zihoan eta Maximilianok, kitarra joko balu bezala heltzen omen zion. Izugarria benetan! BERNARDAK - Eta zer gertatu zen? PONTXIK - Gertatu behar zuena, koanto!. Ia egundu zenean itzuli omen ziren. Rosetako Pantxikak askatuta omen zekarren ilea, eta lorezko koroe bat buruan . BERNARDAK - Horixe da herrian daukagun emakume gaizto bakarra. PONTXIK - Hemengoa ez delako. Oso urrutikoa da. Eta harekin joan zirenak ere kanpotarren semeak ziren. Hemengo gizonak ez dira hori egiteko gauza. BERNARDAK - Ez; baina gustatzen zaie hori ikustea eta komentatzea eta atzaparrak zupatzen dituzte hori gertatzen denean . PONTXIK - Beste gauza gehiago ere kontatzen zituzten. BERNARDAK - (Alde batera eta bestera begiratzen du halako beldur batekin.) Zer? PONTXIK - Lotsa ematen dit kontatzea. BERNARDAK - Eta nire alabak entzun egin zituen? PONTXIK - Bai, noski. BERNARDAK - Izeben antzekoa dator hori; zuriak eta ukendu gurizkoak dira, eta ahari-begiak ipintzen zituzten edozein barbero txikiren losintxak entzutean . Zenbat sufritu eta borrokatu beharra dagoen pertsonak gizalegezkoak izan daitezen eta mendira gehiegi jo ez dezaten! PONTXIK - Zure alabak, izan ere, ezkontzeko adinean dauzkazu-eta! Gerra, gutxiegi ematen dizute. Angustias hogeita hamarretik gora da aspaldian honez gero. BERNARDAK - Hogeita hemeretzi ditu justu-justu. PONTXIK - Hori esan! Eta ez du inoiz senargairik izan...? BERNARDAK - (Haserre bizian.) Ez, ez horrek eta ez beste inork izan du senargairik, eta beharrik ere ez! Gabe ere ondo pasatzeko moduan daude horiek PONTXIK - Ez nuen zuri min emateko asmorik. BERNARDAK - Hemen inguruko ehun legoatan ez dago inor horiengana hurbildu daitekeenik. Hemengo gizonak ez dira horien mailakoak. Edozein astakirtenen eskutan jartzea nahi duzu ala? PONTXIK - Beste herriren batera-edo joan behar zenuen. BERNARDAK - Horixe!, horiek saltzera, ala! PONTXIK - Ez, Bernarda; ... aldatzera. Jakina, beste toki batzuetan berauek izango lirateke pobreak-edo-eta! BERNARDAK - Isil ezazu suzko mihizto hori! PONTXIK - Zurekin ez dago hitz egiterik. Badaukagu ala ez daukagu konfiantzarik. BERNARDAK - Ez daukagu konfiantzarik. Zuk zerbitu eta nik pagatu egiten dizut. Ez dago besterik! 1. NESKAMEAK - (Sartuz.) Don Arturo dago hor, partiketak egitera omen dator . BERNARDAK - Ala! (Neskameari.) Zu hasi patioa zuritzen . (PONTXIRI.) Eta zu hasi hildakoaren arropajende guztia kutxa handian gordetzen. PONTXIK - Zenbait gauza eman ere egin genitzake... BERNARDAK - Ezta ezertxo ere. Ezta botoi bat ere! Ezta aurpegia estaltzeko erabili dugun musuzapia ere! (Geldiro ateratzen da bere makila gainean apoiaturik eta irteterakoan, burua bueltatu eta bere NESKAMEEI begiratzen die. NESKAMEAK gero ateratzen dira.)(AMELIA ETA MARTIRIO sartzen dira.) AMELIAK - Botika hartu dun? MARTIRIOK - Horrek egingo zidanagatik! AMELIAK - Baina hartu al dun? MARTIRIOK - Gauzak federik gabe egiten dizkinat, baina erloju batek bezala. AMELIAK - Mediku berria etorri zenetik animatuxeagoa aurkitzen haut. MARTIRIOK - Ni berdin-berdin sentitzen naun. AMELIAK - Ohartu hintzenan? Adelaida ez hunan doluan egon. MARTIRIOK - Banekinan. Senargaiak ez omen zion irteten uzten, ezta atariko atalasera ere . Lehen alai-alaia hunan. Orain ezta hautsik ere ez din ematen aurpegian. AMELIAK - Oraintxe batek ez zekin zer den hobea, senargaia izatea ala ez izatea. MARTIRIOK - Berdin dun. AMELIAK - Guztiaren errua bizitzen uzten ez digun kritika horrena dun. MARTIRIOK - Adelaidak ere une txarra pasatuko zinan. AMELIAK - Gure amaren beldur ditun. Honek bakarrik ezagutzen baitizkin haren aitaren historia eta haren lursailen jatorria. Etortzen den bakoitzean labankadak botatzen zizkion arazo horren kontura. Haren aitak bere lehen andrearen senarra hil omen zinan Kuban gero berarekin ezkontzeko. Gero hemen andre hori zapuztu eta lehendik alaba bat zeukan beste batekin joan omen hunan; gero neska honekin, Adelaidaren ama omen hunan hau, izan omen zizkinak harremanak, eta horrekin ezkondu omen hunan bigarren andrea erotuta hil zitzaionean. MARTIRIOK - Eta gizatxar hori zergatik ez zegon kartzelan? AMELIAK - Gizonek bata bestea estaltzen dutelako honelako gauzetan eta hori salatzeko inor gauza izaten ez delako. AMELIAK - Baina Adelaidak ez zeukan horren errurik. MARTIRIOK - Ez. Baina gauzak errepikatu egiten ditun. Nik ikusten dudanez, dena errepika izugarri bat dun. Horrek ere bere ama eta amonaren patua zeukan, eta biok izan hitunan halako aitaren emazte. AMELIAK - Izugarria dun horratik hau! MARTIRIOK - Hobe dun gizonik sekula ez ikustea. Ume-umetatik izan nitxenan beldurra. Sarobean ikusten nizkinan idiak uztartzen eta zaku gariak jasotzen deiadarka eta zapata-hots artean, eta beti izan ninan hazteko beldurra, ustegabean nire burua horietakoren batekin besarkaturik aurkitzeko beldurrez. Ahula eta itsusia egin naun Jainkoak eta behin betiko aldendu dizkin nigandik. AMELIAK - Etzan horrelakorik esan! Enrike Humanes hire atzetik ibili hunan eta gustokoa hindunan. MARTIRIOK - Jendearen asmakeriak! Gau batean ator hutsetan egon nindunan leihoaren atzean eguna zabaldu arte, gauean etorriko zela bere langile baten alabarekin abisatu zidalako; eta ez hunan batere etorri. Mihigaiztoen esamesa izan hunan guztia. Gero, nik baino gehiago zeukan beste batekin ezkondu hunan. AMELIAK - Bai, deabrua bezain itsusia dun batekin. MARTIRIOK - Zer inporta zaien horiei itsusi izatea? Horiei inporta zaizkienak lursailak ditun, idi-pareak eta jaten emango dien zakur-eme apal bat. AMELIAK - Ai! (MADALEN sartzen da.) MADALENEK - Zer ari zarete? MARTIRIOK - Hementxe? AMELIAK - Eta hi? MADALENEK - Ganbararik ganbara ibiltzetik natorren . Piska bat ibiltze aldera. Kalamukian bordatutako amonaren koadroak ikusi dizkinat: ur-txakurra, lehoinarekin borrokan egiten zuen gizon beltza,... guri hainbeste gustatzen zitzaizkigun koadro haiek. Alaiagoa hunan garai hura. Boda batek hamar egun irauten zinan eta ez hunan mihi gaiztorik erabiltzen. Gaur egun fintasun gehiago zagon, andregaiek belo zuria jazten dinate, hirietan bezala, eta botilako ardoa edaten dun , baina usteldu egiten gaituzten esamesek. MARTIRIOK - Jainkoak jakingo din zer pasatzen zen orduan ere! AMELIAK - (MADALENI.) Askatuta dauzkan zapata bateko lokarriak. MADALENEK - Uztan! AMELIAK - Zapaldu egingo ditun eta erori egingo haiz. MADALENEK - Bat gutxiago! MARTIRIOK - Eta Adela? MADALENEK - Ha! Bere urtebetetzeko egunean estrainatu zuen traje berdea jantzi din, gero sarobera joan dun eta deiadarka hasi dun: «Eh! purra, oiloak, oilotxoak, begira niri!» Barre egin behar izan dinat. AMELIAK - Amak ikusi izan balu! MARTIRIOK - Gaixoa! Gutan gazteena dun eta ilusioa zeukan. Emango niken neuk ere zerbait hori pozik ikusteagatik!(Pausa. ANGUSTIASEK toailak eskuan dituela gurutzatzen du eszena-tokia.) ANGUSTIAS - Zer ordu da? MARTIRIOK - Honez gero hamabiak izango ditun. ANGUSTIASEK - Horrenbeste bai? AMELIAK - Txintxilik izango ditun honez gero! (Kanpora joaten da ANGUSTIAS.) MADALENEK - (Azpiasmoz) Ba al dakizue zera...? (ANGUSTIAS seinalatuz.) AMELIAK - Ez. MADALENEK - Zer, zer! MARTIRIOK - Ez zekinat zertaz ari haizen...! MADALENEK - Nik baino hobeto jakingo duzue bai biok ere!, Hor ibiltzen zarete beti buruz buru bi ardi txiki bezala, nahiz eta inorekin barrua hustu ez! Pepe Romano-rena ba! MARTIRIOK - Ah! MADALENEK - (Hura imitatuz.) Ah! Herrian zehar komentatzen dena. Pepe Romano ANGUSTIASEKin ezkontzera omen datorrela. Bart etxea inguratzen ibili hunan eta uste dinat mandatari bat bidaliko duela laster. MARTIRIOK - Pozten naun! Gizon jatorra dun. AMELIAK - Ni ere bai. Proportzio ederra zeukan Angustiasek. MADALENEK - Ez bata eta ez bestea pozten zarete zuek. MARTIRIOK - Madalen! Emakumetxoa! MADALENEK - Angustiasek daukan gorpuzkeragatik etorriko balitz, hau da ANGUSTIASen emakumetasunagatik, orduan ni ere poztuko ninduken; baina hura diruagatik zetorren. Angustias gure ahizpa dun arren, hemen familiartean gauden, eta denok aitortzen dinagu, Angustias zaharra dagoela eta gaixobera dela eta bera izan dela beti gure artean meritu gutxien izan dituena. Ba hogei urterekin arropaz jantzitako makila bat ematen baldin bazinan, zer ote dun orain berrogei dauzkan honetan? MARTIRIOK - Etzan hitz egin horrela. Gutxien espero duenari etortzen zaion zortea. AMELIAK - Nolanahi ere hori dun egia! Angustiasek aitaren dirua zeukan, eta bera dun etxe honetako aberats bakarra; orain, berriz, gure aita hil eta partiketak egingo diren honetan, haren bila zetozen! MADALENEK - Pepe Romanok hogeita bost urte dizkin, eta berak zeukan inguru hauetako tiporik egokiena; eta normalena izango huken, hark hi, Amelia, edo gure Adela, hogei urte dituena, pretenditzea; baina ez etxe honetako gauzarik aldrebesena, bere aitak bezala sudurretik hitz egiten duen emakume baten bila etortzea. MARTIRIOK - Agian gustatu egingo zaion hari! MADALENEK - Neska, ezin dinat eraman hire zurikeria hori! MARTIRIOK - Jainkoak gorde gaitzala!(ADELA sartzen da.) MADALENEK - Oiloek ere ikusi al haute? ADELAK - Eta zer nahi hunan, ba, nik egitea? AMELIAK - Ama gureak ikusten baldin bahau, iletik arrastaka eramango hau! ADELAK - Ilusio handia neukanan soinekoarekin. Noriara sandiak jatera joaten garen egunean jazteko asmoa ninan. Egun hartan ez hunan beste parekorik izango. MARTIRIOK - Oso soineko ederra dun! ADELAK - Eta oso ederki zeukanat. MADALENEk ebaki duen soinekorik ederrena dun. MADALENEK - Eta oiloek zer esan dinate? ADELAK - Arkakuso batzuk erregalatu zizkidaten, eta hankak dena hozka-hozka eginda zeuzkanat. (Barre egiten dute.) MARTIRIOK - Tintatu hitzan beltzez. MADALENEK - Egin dezakenan onena dun, soinekoa Angustiasi erregalatu, Pepe Romanorekin ezkontzen denerako. ADELAK - (Emozioari eutsiz.) Baina Pepe Romano...! AMELIAK - Ez al dion inori ezer entzun? ADELAK - Ez. MADALENEK - Orain badakin, ba! ADELAK - Baina ezinezkoa dun hori-eta! MADALENEK - Diruak dena zezakeen, dena! ADELAK - Horregatik atera hunan doluaren atzetik eta atanditik aritu hunan begiratzen? (Pausa.) Eta gizon hori gauza dun baita... MADALENEK - Edozer egiteko dun hori gauza.(Pausa.) MARTIRIOK - Zer pentsatzen ari haiz, Adela? ADELAK - Pentsatzen dinat, luto honek ni bizitzako garairik okerrenean harrapatu nauela. MADALENEK - Ohituko haiz. ADELAK - (Ernegazioz negarrari ekiten dio.) Ez naun ohituko. Nik ez dinat hemen sartuta egon nahi. Ez dinat nire haragia zuena bezala jartzerik nahi! Ez dinat nire zuritasuna gela hauetan galdu nahi! Bihar nire soinekoa jantzi eta kalean paseatzera joango naun. Irten egin nahi dinat nik! (1. NESKAMEA sartzen da.) MADALENEK - (Aginduz.) Adela! 1. NESKAMEAK - Gaixoa! Zenbat sufritu duen bere aitarenagatik! (Irten egiten da.) MARTIRIOK - Zaude isilik! AMELIAK - Batena dena, guztiona izango dun. (Lasaitu egiten da ADELA.) MADALENEK - Neskameak ere entzuteko arriskuan egon haiz. NESKAMEAK - (Agertuz.) Kalearen gaikaldetik Pepe Romano dator .(AMELIA, MARTIRIO eta MADALEN agudo batean joaten dira.) MADALENEK - Goazemazue ikustera! (Arineketan joaten dira.) NESKAMEAK - (ADELARI.) Zuk ez al duzu joan behar? ADELAK - Etzait axola. NESKAMEAK - Etxe-kantoiari buelta emango dio eta hobeto ikusiko duzu zure gelako leihotik (Atera egiten da NESKAMEA.)(ADELA zalantzan geratzen da eszenatokian; piska batean egon ondoren, korrika joaten da bera ere bere gelara. BERNARDA eta PONTXI ateratzen dira.) BERNARDAK - Partiketa madarikatuak! PONTXIK - Hori dirutza gelditzen zaio Angustiasi! BERNARDAK - Bai. PONTXIK - Eta askoz ere gutxiago besteei. BERNARDAK - Hiru aldiz esan didazu hori eta ez dizut erantzun nahi izan. Puska bat gutxiago, puska handi bat gutxiago. Ez iezadazu gehiago gogoratu.(ANGUSTIAS ateratzen da, aurpegia ederki apaindurik.) BERNARDAK - Angustias! ANGUSTIASEK - Zer, ama. BERNARDAK - Eta adorea izan dun aurpegian hautsak emateko? Adorea izan dun aitaren heriotzako egunean aurpegia garbitzeko? . ANGUSTIASEK - Hori ez zen nire aita. Nire aita aspaldi hil zen. Ez al da gogoratzen berori? BERNARDAK - Gehiago zor dion hik hire ahizpen aita den gizon honi heure aitari baino. Gizon honi esker daukan osatua hire fortuna guztia. ANGUSTIASEK - Ikusi egin beharko genuke hori! BERNARDAK - Gizalegez balitz ere! Errespetoagatik balitz ere! ANGUSTIASEK - Ama, utzi bezait irteten. BERNARDAK - Irteten? Aurpegitik hauts horiek kenduta gero: gozanga halakoa, pinttorratu halakoa! , hire izeben ispilu halako hori! (Indarrean bere mukizapiarekin kentzen dizkio hautsak.) Orain hoa! PONTXIK - Bernarda, ez zaitez horren zorrotza izan! BERNARDAK - Nire ama burutik eginda badago ere, nik ondo dauzkat nire bost zentzuak eta ondotxo dakit zertan ari naizen. (Denak sartzen dira.) MADALENEK - Zer da orain? BERNARDAK - Ezer ez! MADALENEK - (ANGUSTIASI.) Partiketen kontura ari baldin bazarete, hi haiz aberatsena eta dena gorde hezaken heuretzat. ANGUSTIASEK - Gorde ezan mingaina zerako zuloan! BERNARDAK - (Makilarekin lurra joz.) ez ezazuela uste izan ni baino gehiago izango zaretenik! Etxe honetatik oinak aurreraka ateratzen ez naizen bitartean, nik aginduko dut nire gauzetan eta zuenetan! (Ahots batzuk aditzen dira eta MARI JOXEPA, Bernardaren ama, sartzen da eszenan; oso zaharra da, baina buruan eta bularretan lorez apaindurik dator.) MARI JOXEPAK - Bernarda, non dun nire mantelina? Nire gauzetatik ez dinat nahi ezer zuentzat izaterik: ez nire eraztunak, eta ez nire moare-zko traje beltza . Ba, zuetako inor ez dun ezkonduko! Inortxo ere ez, Bernarda! Emaidan nire perlazko lepokoa! BERNARDAK - (NESKAMEARI.) Zergatik utzi diozue sartzen? NESKAMEAK - (Ikaratuta.) Alde egin dit. MARI JOXEPAK - Itsasertzeko gizaseme egoki batekin ezkondu nahi dinat eta horregatik alde egin dinat, hemen emakumeetatik ihesi zebiltzan gizonak-eta. BERNARDAK - Isildu bedi, ama! MARI JOXEPAK - Ez, ez naun isilduko. Ez dizkinak emakume ezkondugabe hauek ezkontzeko irrikitzen ikusi nahi, bihotza leher eginda; nik nire herrira joan nahi dinat. Bernarda, nik gizon bat nahi dinat, ezkontzeko eta poza izateko! BERNARDAK - Sar ezazue hori barruan! MARI JOXEPAK - Bernarda, utz iezadan irteten! (MARI JOXEPARI heltzen dio NESKAMEAK.) BERNARDAK - Lagundu zuek ere! (Denen artean arrastaka eramaten dute andre zaharra.) MARI JOXEPAK - Alde egin nahi dinat hemendik, Bernarda! Itsasertzean ezkontzera, itsasertzean ezkontzera. OIHALA AGUDO BIGARREN EKITALDIA (BERNARDAREN Etxebarruko gela zuri bat. Ezkerreko ateek logeletara ematen dute. BERNARDAREN alabak josten ari dira sila txikietan jarrita. MADALEN bordatzen. Horiekin batera PONTXI.) ANGUSTIASEK - Hirugarren maindira ebaki dinat. MARTIRIOK - Ameliari tokatzen zaion. MADALENEK - Angustias, Peperen inizialak ere jarriko al dizkinat? ANGUSTIASEK - (Seko-seko) Ez. MADALENEK - (Deiadarka) Adela, ez al hator? AMELIAK - Ohean etzanda egongo dun. PONTXIK - Horrek badin zerbait. Sosegurik gabe aurkitzen dinat, dardarka, izututa, bular artean sugandila bat baleuka bezala . MARTIRIOK - Horrek eduki, guk denok daukaguna, ez gehiago eta ez gutxiago. MADALENEK - Guk denok, bai, Angustiasek ezik. ANGUSTIASEK - Ni ondo nagon eta min duenak leher egin dezala. MADALENEK - Nolanahi ere aitortu beharra zegon, hik beti erakutsi ditunan dohainik handienak hire gorpuzkera eta fintasuna direla. ANGUSTIASEK - Zorionez, laster aterako naun inpernu honetatik. MADALENEK - Agian ez haiz aterako! MARTIRIOK - Utzi hizketa-modu hori! ANGUSTIASEK - Eta gainera, gehiago balio din ontzako urreak kutxa barruan begi beltzak aurpegian baino! MADALENEK - Belarri batetik sartu eta bestetik atera egiten zaidan AMELIAK - (PONTXIRI) Ireki ezazu patioko atea, ea haize fresko piska bat sartzen zaigun. (PONTXIK hala egiten du.) MARTIRIOK - Bart ezin ninan lo hartu. AMELIAK - Nik ere ez! MADALENEK - Ni freskatzera jaiki nindunan. Trumoi-laino beltz bat zegonan eta tanto batzuk ere egin zizkinan. PONTXIK - Gaueko ordubata zen eta sua ateratzen zen lurretik . Artean ANGUSTIAS Peperekin zegoen leihoan. MADALENEK - (Ironiaz.) Horren berandu? Zer ordutan joan zen ba? ANGUSTIASEK - Madalen, Zergatik galdetzen dun, heuk ikusi baldin bahunan? AMELIAK - Ordubata t'erdi aldera joan hunan. ANGUSTIASEK - Bai, eta hik nola dakin hori? AMELIAK - Eztulka nabaritu ninan, eta haren behorraren pausoak entzun nizkinan. PONTXIK - Baina laurak aldera nabaritu nuen nik hura joaten! ANGUSTIASEK - Ez zen hura izango! PONTXIK - Ziur nago! AMELIAK - Niri ere hala iruditu zitzaidan! MADALENEK - Harritzekoa benetan, ez? (Pausa.) PONTXIK - Aizu, Angustias, zer esan zizun zure leihora hurbildu zen lehenengo aldian? ANGUSTIASEK - Ezer ez. Zer esan behar zidan, ba? Elkarrizketako gauzak . MARTIRIOK - Harritzekoa dun benetan, elkar ezagutzen ez duten bi pertsonek bat batean elkar ikustea, eta ikusi ere burdinsare batean eta ezkongai bezala. ANGUSTIASEK - Ba niri ez zitzaidanan harrigarria iruditu. AMELIAK - Niri halako zerbait emango lidaken. ANGUSTIASEK- Ez, zeren gizon bat burdinsare batera hurbiltzen denean, ondotxo zekin hark joan eta etorri, eraman eta ekarri dabiltzanen medioz, baietz esango zaiola. MARTIRIOK - Bai; baina berak esan beharko liken hori, ezta! ANGUSTIASEK - Bai noski! AMELIAK - Eta nola esan zinan hiri? ANGUSTIASEK - Ba honelatsu: «Badakizu zure bila nabilela; andre bat behar dut, ona, otzana,... eta hori zu zara konformidadea ematen badidazu!» AMELIAK - Niri lotsa ematen zidaten gauza horiek! ANGUSTIASEK - Eta niri ere bai. Baina pasatu beharra zegon! PONTXIK - Eta besterik esan zuen? ANGUSTIASEK - Bai; beti berak hitz egiten zuen. MARTIRIOK - Eta hik? ANGUSTIASEK - Nik ezin izango ninan hitz egin. Ia ahotik ateratzen zitzaidanan bihotza . Lehendabiziko aldia hunan gauean gizaseme batekin bakarrik nengoela. MADALENEK - Eta halako gizaseme goapo batekin egon ere. ANGUSTIASEK - Ez zeukan tipo txarra, ez! PONTXIK - Gauza horiek eskola piska bat daukaten pertsonen artean gertatzen dira, hitz egiten baitute eta esaten... eta eskua mugitzen... Ebaristo nire gizona, Kardantxiloa , nire leihora etorri zen lehenengo aldian,... ja, ja, ja! AMELIAK - Zer gertatu zen? PONTXIK - Oso ilun zegoen. Ikusi nuen hurbiltzen eta iristean esan zidan: «Gabon». «Gabon» erantzun nion nik eta isilik geratu ginen orduerdi baino gehiago. Izerdiz bustia neukan gorputz osoa. Orduan Ebaristo gertu-gertu jarri zen, bazirudien burdinesitik barna sartu nahi zuela, eta baju-baju esan zidan: «Zatoz uki zaitzadan!» (Barre egiten dute denek.) (AMELIAk korrika joan eta ate batetik zehar ispiatzen du) AMELIAK - Ai! Gure ama zetorrela uste ninan! MADALENEK - Ederrak jarriko gintunan! (Barrez jarraitzen du.) AMELIAK - Ixxxo! Entzun egingo gaitun-eta PONTXIK - Gero oso ondo portatu zen. Kardantxiloak hazteari eman zion eta halaxe aritu zen hil arte. Zuei, solterak zaretenoi nolanahi ere komeni zaizue jakitea, gizonak ezkondu eta handik hamabost egunera nahaiago izaten duela mahaia ohea baino eta handik aurrera nahiago izaten duela taberna mahaia baino, eta konformatzen ez dena hantxe bazterrean usteltzen dela negarrez. AMELIAK - Eta zu konformatu zinen? PONTXIK - Nik menderatu egin nuen! MARTIRIOK - Egia al da elkar joka ibili zinetela batzuetan? PONTXIK - Bai, eta behin ia begioker utzi nuen. MADALENEK - Horrela izan behar lukete emakume guztiek! PONTXIK - Nik zure amaren eskola daukat. Behin zerbait esan zidan, ez dakit zer, eta kardantxilo guztiak akabatu nizkion almirazaren eskuarekin . (Barre egiten dute.) MADALENEK - Adela, etzan galdu hau, neska! AMELIAK - Adela. (Pausa.) MADALENEK - Banoan ikustera! (Sartu egiten da.) PONTXIK - Ume hori gaizki dago! MARTIRIOK - Noski ba, ez din lorik egiten-eta! PONTXIK - Zer egiten du, ba! MARTIRIOK - Nik zer dakit ba zer egiten duen! PONTXIK - Hobeto jakingo duzu, ba, zuk, pareta baten alde banatan lo egiten duzue-eta. ANGUSTIASEK - Inbidiak jaten ari din. AMELIAK - Etzan esajeratu! ANGUSTIASEK - Begietan nabaritzen zionat. Ero baten begiratua ari zaion jartzen. MARTIRIOK - Hemen ez ezazue erorik aipatu. Hauxe da hitz hori esaterik ez dagoen toki bakarra-eta. (MADALEN ADELAREKIN ateratzen da) MADALENEK - Ez al zegonan, ba, lo? ADELAK - Gorputzaldi txarra zeukanat . MARTIRIOK - (Azpiasmoz.) Ez al dun, ba, ondo lo egin bart? ADELAK - Bai. MARTIRIOK - Orduan? ADELAK - (Altu.) Utz nazan bakean! Lotan ala esna, ez daukan zertan sartu nire gauzetan! Nire gorputzarekin neuk derizkiodana egingo dinat! MARTIRIOK - Hiregatik interesatzea besterik ez dun! ADELAK - Interesa ala inkisizioa! Ez al zinaten josten ari? Segi, ba, horretan! Ikusezina izan nahi niken, gelaz-gela pasatu, nora noan zuetako inork galdetu gabe! NESKAMEAK - (Sartu egiten da.) Bernarda deika daukazu. Enkajeetako gizona dago . (Irten egiten dira.) (Irtetean, MARTIRIOK finko-finko begiratzen dio ADELARI.) ADELAK - Ez iezadan gehiago horrela begiratu! Nahi badun nire begiak emango dizkinat, fresko-freskoak ditun, eta nire bizkarra ere bai daukan txalkorra piska bat konpontzeko, baina jira ezan burua ni pasatzen naizenean. PONTXIK - Adela, zure ahizpa da eta gainera gehien maite zaituena! ADELAK - Alde guztietara segitzen dit. Batzuetan nire gelan begiratzen du, ni lo ote nagoen ikusteko. Ez dit arnasik hartzen uzten. Eta beti, hor aritzen zait: «Lastima hire aurpegia! Lastima gorputz hori, ez baitun inorena izango!» Eta hori ez! Nire gorputza nik nahi dudanarentzat izango da. PONTXIK - (Azpiasmoz eta baju hitz eginez.) Pepe Romanorena, ezta? ADELAK - (Harri belarri eginda.) Zer esaten ari zara? PONTXIK - Esan dudana, Adela, huraxe bera! ADELAK - Zaude isilik! PONTXIK - (Altu hitz eginez.) Zer uste duzu, ez naizela fijatu? ADELAK - Bajuago! PONTXIK - Kendu itzazu pentsamendu horiek! ADELAK - Zer dakizu zuk? PONTXIK - Atsook hormetan zehar ere ikusi egiten dugu. Nora joaten zara gauez jaikitzen zarenean? ADELAK - Itsua egon behar zenuke! PONTXIK - Burua eta eskuak bete begiekin, gaia den bezalakoa denean! Mila bider pentsatzen dudan arren, ez dakit zer asmo darabilzun. Zergatik jarri zinen ia larrubixitan, argia piztuta eta leihoa zabalik, Pepe zure ahizparekin hitz egitera etorri zen bigarren egunean? ADELAK - Hori ez da egia! PONTXIK - Ez zaitez izan ume koskorrak bezalakoa . Utz iezaiozu bakean ahizpari, eta Pepe Romano gustatzen bazaizu, agoantatzea daukazu. (ADELAK negarrari ematen dio.) Gainera, nork esan du ezin zarela harekin ezkondu. Zure ahizpa Angustias gaixobera da. Hori ez da gauza lehenengo umearen erdialdia aurrera eramateko. Gerri-estua da, zaharra eta nire eskarmentuarekin esango dizut, hortxe hilko dela. Orduan Pepek, inguru hauetako alargun guztiek egiten dutena egingo du: gazteenarekin eta ederrenarekin ezkonduko da, eta hori zu zara. Sendotu ezazu itxaropen hori, ahaztu ezazu, egizu nahi duzuna, baina ez zaitez Jainkoaren legearen kontra joan. ADELAK - Zaude isilik! PONTXIK - Ez naiz isilduko! ADELAK - Zu sar zaitez zure gauzetan, begiluzea! , zitala halakoa! PONTXIK - Zure itzala izango nauzu, ba! ADELAK - Etxea garbitu eta zure hildakoen alde errezatzera erretiratu beharrean, atso narrats batek bezala bilatzen dituzu gizon-emakumeen arazoak haietan lerdea darizula ibiltzeko . PONTXIK - Ikusazu ba!, jendea txistuka aritu ez dadin ate honetatik pasatzean. ADELAK - Bat-batean nondik sortu zaizu halako txera eta zaletasuna nire ahizparenganako! PONTXIK - Zaletasunik ez dizuet ez batari eta ez besteari , baina etxe ondradu batean bizi nahi dut. Ez dut nire burua zikinduta ikusi nahi zahartuta gero! ADELAK - Alferra da zure kontseilua. Berandu da honez gero. Ez zure gainetik, neskame hutsa besterik ez zara-eta, baita nire amaren gainetik ere pasatuko nintzateke, hankaldea eta ahoa erretzen daukadan sute hau itzaltzeagatik . Zer esan zenezake nitaz? Nire gelan sartzen naizela eta ez dudala aterik irekitzen? Ez dudala lorik egiten? Zu baino azkarragoa naiz! Ikusi, ea erbiari eskuekin heltzerik badaukazun . PONTXIK - Ez nazazu desafiatu, Adela, ez nazazu desafiatu! Zeren nik deiadarka egin dezaket, argiak piztu ditzaket eta kanpaiak joarazi ditzaket. ADELAK - Ekar itzazu lau mila zuzi hori eta jar itzazu sarobeko horma-gainetan . Inork ez du galaraziko gertatu beharrekoa gertatzea. PONTXIK - Horrenbeste gustatzen zaizu gizon hori? ADELAK - Bai, horrenbestexe! Haren begiak begiratzean, iruditzen zait haren odola edaten dudala poliki-poliki. PONTXIK - Ezin dizut entzun! ADELAK - Ba entzungo didazu, entzungo didazunez! Beldur izan dizut orain arte. Baina orain zu baino indartsuagoa naiz! (ANGUSTIAS sartzen da.) ANGUSTIASEK - Zuek beti eztabaidan! PONTXIK - Horixe. Egiten duen beroarekin, nahi du, joan nadila dendara ez dakit zer ekartzera. ANGUSTIASEK - Esentzia-potoa erosi zenidan? PONTXIK - Bai, garestiena gainera. Eta hautsak ere bai. Zure gelako mahai gainean utzi ditut. (Alde egiten du ANGUSTIASEK.) ADELAK - Ixo! PONTXIK - Ikusiko dugu! (MARTIRIO, AMELIA eta MADALEN dira.) MADALENEK - (ADELARI.) Enkajeak ikusi ditun? AMELIAK - Angustiasek bere andregai-maindirentzat dauzkanak zoragarriak ditun. ADELAK - (MARTIRIORI, enkaje batzuk dakartza honek-eta.) Eta hauek? MARTIRIOK - Niretzat ditun. Ator batentzat. ADELAK - (ISEKAZ.) Umore ona behar din batek, horratik! MARTIRIOK - (Azpiasmoz.) Neronek ikusteko ditun. Ez zeukanat inoren aurrean luzitu beharrik PONTXIK - Atorra jantzita ez gaitun inork ikusten. MARTIRIOK - (Azpiasmoz eta ADELARI begira jarrita.) Batzuetan! Hala ere izugarri gustatzen zaidan azpiko arropa. Aberatsa banintz Holandakoa edukiko niken . Niri gelditzen zaizkidan gusto bakanetako bat dun. PONTXIK - Enkaje hauek zoragarriak dira haurrentzat txanoak eta bataio-jantziak egiteko . Nik neuk ezin izan nituen inoiz erabili nire umeekin. Ea orain Angustiasek erabiltzen dituen bere umeetan. Umeak egiteari ematen badio, goiz eta arratsalde aritu beharko duzue josten. MADALENEK - Nik ez dut puntada bat ere emateko asmorik. AMELIAK - Eta gutxiago oraindik inoren umeak zaindu. Begira nola dauden kale estuko auzolagunak, lau mukizu direla-eta sakrifikaturik. PONTXIK - Hala ere zuek baino hobeto daude horiek. Han sikira barre-algarak eta negar-hotsak aditzen dira! MARTIRIOK - Zoaz ba haietara zerbitzera. PONTXIK - Ez. Lehen ere ibilia naiz ni horrelako lekuetan! (Behor-zintzarri batzuk aditzen dira urrutian, tartean hainbat horma baleude bezala.) MADALENEK - (Berriz ere lanera doazen gizonak dira). PONTXIK - Duela minutu bat jo zuten hirurek . MARTITIOK - Hau eguzki-galda! ADELAK - (Eseriz.) Ai, nor irten ote litekeen lursailetara! MADALENEK - (Eseriz.) Klase bakoitzak bere egitekoa zeukan! MARTIRIOK - (Eseriz.) Ai! AMELIAK - (Eseriz.) Ai! PONTXIK - Garai honetan ez dago lursailetakoa bezalako alaitasunik. Atzo goizean etorri ziren segalariak. Berrogeita bost mutikote, zein baino zein...! MADALENEK - Nongoak ote dira aurtengoak? PONTXIK - Oso urrutikoak. Mendietatik etorriak dira. Alaiak! Erretako zuhaitak bezala! Deadarka eta harri botaka! Bart zintzilikarioz jantzitako emakume bat iritsi zen herrira; eskusoinu batekin egiten zuen dantzan eta haietako hamabost mutilek olibadira eramateko kontratatu zuten. Nik urrutitik ikusi nituen. Emakumea kontratatzen zuena mutil begiberde bat zen, zimel-zimela, gari-bal bat bezalakoxea . AMELIAK - Egia al da hori? ADELAK - Baina daitekeena dun! PONTXIK - Orain dela urte batzuk etorri zen beste horrelako bat, eta neronek eman nion dirua nire seme zaharrenari hara joan zedin. Gizonek beharrezkoak izaten dituzte horrelako gauzak-eta. ADELAK - Gizonei dena barkatzen zaie. AMELIAK - Emakume jaiotzea bera dun zigorrik handiena. MADALENEK - Gu geuron begiak ere ez ditun gureak-eta. (Urrutian kantu-hotsa da, gero eta hurbilago entzuten da.) PONTXIK - Berak dira. Abesti zoragarriak ekartzen dituzte. AMELIAK - Oraintxe doaz uzta segatzera. KORUAK - Hor doaz segalariak galburuak biltzera/ neskatxen bihotzak ere haiekin joanak dira. (Panderoak eta karrañakak aditzen dira. Pausa. Eguzkiak kiskaldutako isiltasun batean ari dira entzuten denak.) AMELIAK - Eta ez zaie axola beroa! MARTIRIOK - Su-garretan aritzen dira segan! ADELAK - Gustura hartuko niken segan aritu ahal izatea, batetik bestera ibiltzeko. Horrela ahaztu egiten dun barruan hozka daukaguna . MARTIRIOK - Zer daukan, ba, hik ahazteko? ADELAK - Bakoitzak jakiten din bere gauzen berri. MARTIRIOK - (Sakontasunez.) Bakoitzak! PONTXIK - Ixo! Ixo! KORUAK - (Oso urruti.) Ireki ateak eta leihoak herriko neskatotxuak; segalariak arrosa eskatzen apaintzeko sonprailua. PONTXIK - Hori kantua! MARTIRIOK - (Murrinaz.) Ireki ateak eta leihoak herriko neskatotxuak... ADELAK - (Pasioz.) ... Segalariak arrosa eskatzen apaintzeko sonprailua. (Urrundu egiten da kantua.) PONTXIK - Orain buelta ematen diote izkinari. ADELAK - Goazen nire gelara handik ikusiko ditugu. PONTXIK - Kontuz ibili atea gehiegi ez irekitzen, kapaz baitira horiek bultzada bat emateko, begira nor ote dagoen ikusteko. (Hirurak joaten dira. MARTIRIO eserita gelditzen da sila bajuan, burua eskuartean duela.) AMELIAK - (Gerturatuz.) Zer dun? MARTIRIOK - Beroak ez zidan onik egiten. AMELIAK - Ez al dun hori besterik? MARTIRIOK - Irrikitzen nagon azaroa iristeko, euri-egunak, izotza-eta; azkengabeko uda hau ez den edozer nahiago. AMELIAK - Pasatuko dun eta berriz etorriko dun. MARTIRIOK - Bai! (Pausa.) Zer ordutan lo hartu hunan bart? AMELIAK - Ez zekinat. Nik trunkoak bezala lo egiten dinat. Zer ba? MARTIRIOK - Ezer ez, baina iruditu zitzaidan jende-hotsa aditu nuela atarian. AMELIAK - Bai? MARTIRIOK - Bai, oso berandu. AMELIAK - Eta ez hintzenan ikaratu? MARTIRIOK - Ez. Beste gau batzuetan ere entzun izan dinat. AMELIAK - Kontuz ibili behar geniken. Ez itunan ba morroiak izango? MARTIRIOK - Morroiak seietan iristen ditun. AMELIAK - Agian hezi gabeko behor koskorren bat-edo. MARTIRIOK - (Ahopean eta aspiasmoz beterik.) Hori, hori!, hezi gabeko behor koskorren bat. AMELIAK - Inor jakinaren gainean jarri beharrik ba al zegon? MARTIRIOK - Ez, ez! Etzan ezer esan, agian nire burutazioren bat dun . AMELIAK - Behar bada. (Pausa. AMELIAK hasten du isiltasuna.) MARTIRIOK - Amelia! AMELIAK - (Atean.) Zer? (Pausa.) MARTIRIOK - Ezer ez. (Pausa.) AMELIAK - Zergatik hots egin didan? MARTIRIOK - Eskapa egin zidan. Konturatu gabe izan dun. (Pausa.) AMELIAK - Oheratu hadi piska bat. ANGUSTIASEK - (Haserre batean sartzen da eszenan; kontraste izugarria egin behar du aurreko isiltasunarekin.) Non da Peperen erretratoa, nik burukoaren azpian neukana? Zuetako nork daukazue? MARTIRIOK - Inork ere ez. AMELIAK - Ezta Pepe zilarrezko San Bartolome balitz ere . (PONTXIA, MADALEN eta ADELA sartzen dira.) ANGUSTIASEK - Non da erretratoa? ADELAK - Zer erretrato, ordea? ANGUSTIASEK - Zuetako batek ezkutatu zidan. MADALENEK - Eta gauza haiz lotsagabekeria hori esateko? ANGUSTIASEK - Nire gelan zegonan eta orain ez zegon. MARTIRIOK - Etaez zinan ba gaberdian sarobera hanka egingo? Peperi hilargiarekin ibiltzea gustatzen zaion. ANGUSTIASEK - Ez idan adarrik jo! Etortzen denean berari kontatuko zionat. PONTXIK - Hori ez! Agertuko da-eta! (ADELARI begira.) ANGUSTIASEK - Gustora jakingo niken zuetako nork daukan. ADELAK - (MARTIRIORI begira.) Gutakoren batek! Edozeinek, nik ezik! MARTIRIOK - (Azpiasmoz.) Bai noski! BERNARDAK - (Bere makilarekin sartuz.) Zer eskandalo da hau nire etxean eta galda honen isiltasunean! Auzoko emakumeak hortxe egongo dira belarria hormei pega-pega eginda. ANGUSTIASEK - Nire senargaiaren erretratoa kendu didate. BERNARDAK - (Haserre bizian.) Nork?, nork? ANGUSTIASEK - Hauek! BERNARDAK - Zuetako nork ordea? (Isiltasuna.) Erantzun gero, eh! (Isiltasuna. PONTXIRI.) Miatu gelak, begiratu oheak. Kate motxagoan ez lotzeagatik gertatzen da hau dena . Baina gogoan izango duzue hurrengoan, bai horixe! (ANGUSTIASI.) Ziur al hago? ANGUSTIASEK - Bai, ama. BERNARDAK - Ondo bilatu dun? ANGUSTIASEK - Bai, ama. (Denak zutik daude isiltasun korapilotsu batean.) BERNARDAK - Niri bizitzaren azkenean, ama batek jasan dezakeen pozoirik garratzena edanarazten didazue. (PONTXIRI.) Ez duzu aurkitzen? PONTXIK - Hemen dago. BERNARDAK - Non aurkitu duzu? PONTXIK - Zeran zegoen... BERNARDAK - Esazu beldur gabe. PONTXIK - (Harrituta.) Martirioren oheko maindire artean. BERNARDAK - Egia al da hori? MARTIRIOK - Bai! BERNARDAK - (Aurreratuz eta makilarekin neska joz.) Puñal gaiztoak harrapatuko al hau , azpisuge halakoa! . MARTIRIOK - (Haserre bizian.) Ez naza jo berorrek, ama! BERNARDAK - Nahi adina joko haut! MARTIRIOK - Oraintxe utziko dut! Horra! Erretira bedi! PONTXIK - Ez faltatu, zure amari! ANGUSTIASEK - (BERNARDARI helduz.) Utzi beza, utzi, mesedez! BERNARDAK - Ezta malkorik ere ez daukan oraintxe begi horietan! MARTIRIOK - Ez dut negar egingo berorri gusto ematearren. BERNARDAK - Zergatik hartu dun erretratoa? MARTIRIOK - Ezin al diot broma bat egin nire ahizpari? Zertarako hartuko nuen, ba, bestela? ADELAK - (Jeloskortasunez beterik saltatuz.) Hori ez dun broma izan, hik ez dun inoiz jolasetarako gustorik izan. Beste zerbait izan dun, barrua leherzorian jartzen zinana. Esazan argi eta garbi. MARTIRIOK - Hago isilik eta ez iezadan hitz eginarazi, hizketan hasten banaun paretek ere elkar joko dinate lotsaren lotsaz-eta! ADELAK - Mihizto txarrak ez din mugarik izaten gauzak asmatzeko! BERNARDAK - Adela! MADALENEK - Erotu egin zerate ala! AMELIAK - Eta harrika ematen diguzue pentsamendu txarrekin. MARTIRIOK - Beste batzuek gauza okerragoak egiten dizkinate! ADELAK - Bai, behingoz larrugorritan jarri eta errekak eraman ditzan arte . BERNARDAK - Gaizto zitala! ANGUSTIASEK - Nik ez daukat kulparik Pepe Romano nigan fijatu delako. ADELAK - Hire diruengatik! ANGUSTIASEK - Ama! BERNARDAK - Ixo! MARTIRIOK - Hire zingiradi eta zuhaiztiengatik.MADALEN- Horixe dun egia! BERNARDAK - Ixo esan dinat! Ikusten nuen nik trumoia etortzen, baina ez nuen uste hain agudo lehertuko zenik. Hori gorrotozko harri-jasa bota duzue nire bihotz gainera! Baina oraindik ez naiz horrenbeste atsotu eta bost kate dauzkat zuentzat eta nire aitak jasotako etxe hau ere bai, belarrek ere nire atsekabearen berri jakin ez dezaten. Alde hemendik! (Atera egiten dira. BERNARDA atsekabeturik esertzen da. PONTXI hormari arrimatuta dago, zutik. BERNARDAK erreakzionatu egiten du, jotzen du kolpe bat lurrean eta esaten du:) Eskua ezarri beharko diet! Bernarda, gogora ezazu hauxe dela zure obligazioa! PONTXIK - Hitz egiteko moduan naiz? BERNARDAK - Bai, esan. Sentitzen dut zuk entzun izana. Sekula ez dago ondo pertsona arrotza familiaren erdian. PONTXIK - Ikusitakoa ikusita dago. BERNARDAK - Berehala ezkondu beharra dauka Angustiasek. PONTXIK - Bai, noski; hemendik kendu beharra dago hori. BERNARDAK - Kendu, neska ez, mutila baizik! PONTXIK - Bai, noski, mutila dago urrundu beharra hemendik! Zuzen zaude. BERNARDAK - Ez dut batere pentsatzen. Zenbait gauza ez dago pentsatzerik eta ez dira pentsatu behar. Nik agindu egiten dut. PONTXIK - Eta zuk uste duzu alde egin nahiko duela hark? BERNARDAK - (Altxatuz.) Zer iruditzen zaizu buru horri? PONTXIK - Mutila, noski, Angustiasekin ezkonduko da! BERNARDAK - Esan, ondoegi ezagutzen zaitut, eta badakit non edo han labankada bat daukazula niretzat prestatua . PONTXIK - Inoiz ez zait burutik pasatu, abisuari hilketa esaten zitzaionik. BERNARDAK - Abisuren bat al duzu niretzat? PONTXIK - Nik ez dut inor akusatzen, Bernarda: nik esan besterik ez dizut egiten: zabaldu begiak eta zeuk ikusiko duzu. BERNARDAK - Eta zer ikusiko dut? PONTXIK - Zu beti izan zara txorrotxa. Ehun legoatik ikusi izan duzu jendeak ezkutatzen zuen gaizkia; askotan uste izan dut, igerri egiten zeniela pentsamenduei ere. Baina umeak umeak dira. eta zu orain itsu zaude. BERNARDAK - Martiriorena esan nahi duzu? PONTXIK - Bueno, Martirio... (jakiminez.) Zergatik ezkutatu ote du erretratoa? BERNARDAK - (Alaba estali nahian.) Nolanahi ere, berak dioenez, broma bat izan omen da. Zer izan daiteke besterik? PONTXIK - (Maltzurkeriaz.) Hala uste duzu? BERNARDAK - Ez da ustea. Hori hala da! PONTXIK - Aski da. Zure gauza da, noski. Baina auzokoaren kontua balitz, zer izango litzateke orduan? BERNARDAK - Hasi zara labanari muturra zorrozten. PONTXIK - (Beti ere ankerkeriaz.) Ez, Bernarda: hemen zerbait harrigarria ari da gertatzen. Nik ez dizut zuri errurik bota nahi, baina zuk ez dituzu alabak libre utzi. Martirio, zuk edozer esaten duzula ere, maitebera da. Zergatik ez zenion Enrique Humanes-ekin ezkontzen utzi? Zergatik bidali zenion ez etortzeko mandatua leihora etorri behar zuen egunean bertan? BERNARDAK - (Gogor.) Eta mila bider egingo nuke beste horrenbeste! Nire odola ez da elkartuko Humanes-tarren odolarekin ni bizi naizen bitartean. Haren aita nekazari -morroia izan zen. PONTXIK - Eta hala doakizu zure harropuzkeriarekin! BERNARDAK - Ni harro banago, egoteko moduan nagoelako da. Eta zu ez bazaude, zure jatorria zein den ondotxo dakizulako da. PONTXIK - (Gorrotoz.) Ez zaidazu gogoratu. Ni zaharra nago jada. Beti eskertu izan dut zure babesa. BERNARDAK - (Harrotuta.) Ez dirudi, ba, asko! PONTXIK - (Gorrotoa xamurtasunarekin nahastuz.) Martiriori laster ahaztuko zaio hau. BERNARDAK - Eta ahazten ez badu, beretzat kalte. Ez zait iruditzen hemen gertatzen den hau, harako «izugarrizko gauza» denik. Hemen ez da ezertxo ere pasatzen. Horixe nahi zenuke zuk! Eta inoiz ezer gertatuko balitz, zaude ziur ez dituela paretak alderik alde pasatuko. PONTXIK - Hori nik ez dakit. Baina herrian ere bada jendea pentsamendu ezkutuak urrutitik irakurtzen dakiena. BERNARDAK - Nola gozatuko zenukeen zuk ni eta nire alabak putaetxera bidean ikusiko bagintuzu ! PONTXIK - Inork ez daki bere azkena nolakoa izango den! BERNARDAK - Nik badakit nolakoa izango den nire azkena! Eta nire alabena ere bai! Putaetxea jada hilda dagoen emakumeren batentzat geldituko da... PONTXIK - (Basapizti baten itxuran.) Bernarda, errespeta ezazu nire amaren oroimena! BERNARDAK - Ez nazazula pertsegitu zure pentsamendu txarrekin! (Pausa.) PONTXIK - Hobe izango dut ezertan ez sartu! BERNARDAK - Horixe da egin behar zenukeena. Obratu eta dena isildu, horixe da soldatapean bizi direnen obligazioa. PONTXIK - Baina ezinezkoa da. Zuri ez zaizu iruditzen Pepe hobeto legokeela Martiriorekin ezkonduta edo..., bai!, Adelarekin-edo ezkonduta? BERNARDAK - Ez, ez zait iruditzen. PONTXIK - (Azpiasmoz.) Adela. Horixe da Romanoren benetako andregaia! BERNARDAK - Gauzak ez dira inoiz gure gusto-gustokoak izaten. PONTXIK - Baina lan handiak izaten dira gauzak beren benetako joeratik aldentzeko. Niri gaizki iruditzen zait Pepe Angustiasekin egotea, eta jendeari eta haizeari ere bai. Hala ere, nork daki horiek berenarekin aterako ote diren! BERNARDAK - Hasi gara berriz ere!... Ni amets txarrez betetzera sartzen zara beti. Eta nik ez zaitut ulertu nahi, zeren zuk esaten duzun guztiaren sakoneraino iritsiko banintz atzaparka egin beharko nizuke. PONTXIK - Ez da errekaraino iritsiko odola. BERNARDAK - Zorionez, errespetatu egiten naute nire elabek eta inoiz ere ez dute nire borondaterik okertu! PONTXIK - Hori bai! Baina libre uzten dituzun bezain laster, teilatura alde egingo dizute . BERNARDAK - Laster jaitsiaraziko ditut nik handik harrika emanez! PONTXIK - Nolanahi ere zeu zara kementsuena! BERNARDAK - Beti izan naiz txorrotxa eta zirt-zart egitekoa! PONTXIK - Baina gauzak nola izaten diren! Daukan adinarekin, ikustekoa da ANGUSTIASEK bere senargaiarentzat ageri duen zoramena! Eta mutilak ere badirudi bero-bero erantzuten diola! Atzo, seme zaharrenak esan zidanez, goizeko lau t'erdietan pasatu omen zen kaletik idi-parearekin eta hizketan ari omen zien artean. BERNARDAK - Lau t'erdietan! ANGUSTIASEK - (Kanpora irtenez.) Gezurra! PONTXIK - Hala kontatu zidaten niri. BERNARDAK - (ANGUSTIASI.) Ala, esan! ANGUSTIASEK - Pepek astebete eta gehiago darama ordubatean joaten dela. Jainkoak hil nazala gezurretan ari banaiz. MARTIRIOK - (Kanpora joanez.) Nik ere lauretan nabaritu nuen joaten. BERNARDAK - Baina zure begiekin ikusi al zenuen? MARTIRIOK - Ez nintzen leihora atera. Orain ez al duzue, ba, karkabako leihotik hitz egiten? ANGUSTIASEK - Nik nire logelako leihotik hitz egiten dut.(ADELA agertzen da atean.) MARTIRIOK - Orduan... BERNARDAK - Zer pasatzen da hemen? PONTXIK - Ba, jakizu arretaz! Baina nolanahi ere kontu egizu, zure etxeko burdinsare batean zegoela Pepe goizeko lauretan. BERNARDAK - Ziur zaude? PONTXIK - Ziur-ziur ez da ezer jakiten bizitza honetan. ADELAK - Ama, ez biezaio kasurik egin guztiok galdu nahi gaituenari BERNARDAK - Jakingo dut, horratik! Herriko jendeek testigantza faltsurik egin nahi badute, nire sukarriarekin egingo dute topo . Ez bedi txintik esan gai honetaz. Batzuetan lokatzezko olatu bat altxatzen dute besteek gu galtzeko. MARTIRIOK - Niri ez zait gustatzen gezurrik esatea. PONTXIK - Zeozer izango da. BERNARDAK - Ez da ezertxo ere izango. Begiak ondo zabalik edukitzeko jaio nintzen. Orain, begiak itxi ere egin gabe egongo naiz ataizean, hiltzen naizen arte. ANGUSTIASEK - Nik eskubide daukat hori jakiteko. BERNARDAK - Hik ez daukan obeditzekoa beste eskubiderik. Ni ez naun inork hara eta hona erabiliko... (PONTXIRI.) Eta zu zure etxeko gauzetan sartuko zara. Hemen ez da pausorik emango nik ikusi gabe! NESKAMEAK - (Barrura sartuz.) Kale-guenean jendetza handia dago eta auzokide guztiak beren etxeko ateetan daude. BERNARDAK - (PONTXIRI.) Zoaz agudo eta jakizu zer gertatzen den! (EMAKUMEAK korrika doaz ate aldera.) Nora zoazte? Beti eduki zaituztet emakume leihozale eta luto-urratzailetzat. Zuek, ala patiora! (Kanpora joaten dira, eta BERNARDA ere bai. Urrutiko murmur-hotsak aditzen dira. MARTIRIO eta ADELA sartzen dira; entzuten gelditzen dira eta ez dira ausartzen pauso bat gehiago ematera irteerako atean.) MARTIRIOK - Eskerrak emaizkion kasualitateari ez nuela mingaina askatu. ADELAK - Nik ere baninan zer esan. MARTIRIOK - Eta zer esan behar hunan, ba, hik? Nahi izatea ez dun egitea, gero! ADELAK - Egin egin, ahal duenak egiten din, eta aurrea hartzen duenak. Hik nahi izan hunan, nahi, baina ezin izan dun egin. MARTIRIOK - Ez dun segituko luzaro. ADELAK - Nik dena lortuko dinat! MARTIRIOK - Nik hautsiko dizkinat hire besarkadak. ADELAK - (Erreguka.) Martirio, arren, uztan! MARTIRIOK - Ez dun inorena izango! ADELAK - Bere etxerako nahi naun! MARTIRIOK - Nola besarkatzen hindunan ikusi ninan! ADELAK - Nik ez ninan nahi. Soka batek arrastaka eraman banindu bezalaxe joan naun. MARTIRIOK - Lehenago hil! (MADALEN ETA ANGUSTIAS agertzen dira. Murmur-hotsa gero eta handiagoa da.) PONTXIK - (BERNARDAREKIN sartuz.) Bernarda! BERNARDAK - Zer da? PONTXIK - Librada-ren alabak, soltera zegoenak, ume bat izan omen du eta aita ez omen da ezaguna. ADELAK - Ume bat? PONTXIK - Eta bere lotsagarrikeria ezkutatzeko, hil egin omen du umea eta harri batzuen azpian gorde; baina zakur batzuk, gizaki asko baino bihotz hobekoak nonbait, handik atera eta, Jainkoaren eskuak gidatuta bezala, etxeko ataurrean utzi omen dute. Orain bizia kendu nahi omen diote. Arrastaka omen dakarte beheko kaletik, eta bidezidor eta olibadietako soroetan zehar korrika omen datoz gizonak, bazterrak berak ere ikara batean jartzen dituztela. BERNARDAK - Bai, datozela denak olibazko makilekin eta aitzur-kirtenekin, datozela denak hura hiltzera. ADELAK - Ez, ez, hiltzera ez! MARTIRIOK - Bai, eta goazen gu ere. BERNARDAK - Eta paga dezala bere duintasuna zapaltzen duenak.(Kanpoan emakume-garrasi bat eta murmur-hots handi bat aditzen da.) ADELAK - Utzi dezatela libre. Ez atera zuek! MARTIRIOK - (ADELARI begira.) Ordaindu dezala zor duena! BERNARDAK - (Arkuaren azpian.) Garbi ezazue goardiak iritsi baino lehen! Ikatz goria izan dezala bere pekatuaren lekuan! ADELAK - (Bere sabelari helduz.) Ez!, Ez! BERNARDAK - Hil hori! Hil hori! OIHALA HIRUGARREN EKITALDIA (BERNARDAREN etxeko barne-patioaren lau horma zuri-urdinskak. Gaua da. Dekoratuak sinple-sinplea izan behar du. Ateak etxe-barruko argiak argitzen ditu eta argitasun piska bat ematen diote eszenari. Erdian, mahai bat kinke batekin, eta mahaian BERNARDA ari da afaltzen bere alabekin. PONTXIK egiten die zerbitzua. PRUDENTXI aparte dago eserita. Oihala jasotzean isiltasun handia dago, mahaiko platera eta tresnek urratzen dute...) PRUDENTXIK - Banoa oraintxe. Bisita luze-luzea egin dizuet oraingoan. (Altxatu egiten da.) BERNARDAK - Itxoin ezazu piska bat, emakumea; elkar ez dugu inoiz ikusten-eta. PRUDENTXIK - Jo al dute errosarioko azken kanpaia? PONTXIK - Oraindik ez. (Eseri egiten da PRUDENTXI.) BERNARDAK - Eta gizona nola duzu? PRUDENTXIK - Betiko moduan. BERNARDAK - Hura ere ez dugu ikusten. PRUDENTXIK - Badakizkizu haren ohiturak. Herentzia zela-eta bere senideekin borrokan ibili zenetik ez da gehiago kaleko atetik atera. Eskailera bat jarri eta handik saltatzen ditu sarobeko hormak BERNARDAK - Hura bai dela benetako gizona! Eta zure alabarena...? PRUDENTXIK - Ez dio barkatu. BERNARDAK - Ondo egiten du. PRUDENTXIK - Ez dakit zer esango nizukeen. Nik sufritu egiten dut horrekin. BERNARDAK - Obeditzen ez duen alaba, alaba izateari utzi eta etsai bihurtzen da. PRUDENTXIK - Nik urari bere bidetik joaten uzten diot . Elizan babestea beste kontsolagarririk ez daukat, baina nola bistarik gabe gelditzen ari naizen, utzi egin beharko dut hona etorzea ere, ume koskorren jostagarri izan ez nadin. (Egundoko kolpe-hotsa aditzen da, hormaren kontra jota bezala.) Zer da hori? BERNARDAK - Zaldi garainoa , itxita dago ba eta hostikoka aritzen da hormaren kontra! Lotu eta atera dadila sarobera! (Baju.) Bero dago nonbait. PRUDENTXIK - Behoka berriak bota behar al dizkiozu! BERNARDAK - Bai, egunsentian. PRUDENTXIK - Ganadua ugaltzen jakin duzu. BERNARDAK - Bai, diru eta atsekabe askorekin ordainduta. PONTXIK - (Parte hartuz.) Baina inguru hauetako ganadutalderik ederrena daukazu! Lastimarik dago orain merkatuta . BERNARDAK - Nahi al duzu gazta eta ezti piska bat? PRUDENTXIK - Jateko gogorik gabe nabil. (Berriro aditzen da ostikoa.) PONTXIK - Berriz ere! PRUDENTXIK - Dardara batean jarri dit bular-barrua! BERNARDAK - (Su batean altxatuz.) Bi aldiz esan behar al dira gauzak? Bota ezazue kanpora eta zilipurdi egin dezala lasto-gainean! (Pausa, eta morroiekin hitz eginez bezala.) Sartu behokak ikuiluan, baina utzi ezazue hori libre, paretak botako dizkigu bestela-eta. (Berriz ere mahaira joan eta berriro esertzen da bertan.) Hau bizimodua! PRUDENTXIK - Gizon batek bezala lanean. BERNARDAK - Halaxe da! (ADELA mahaitik altxatzen da.) Nora hoa? ADELAK - Ura edatera. BERNARDAK - (Altu hitz eginez.) Ekarri txarro bat ur fresko . (ADELARI.) Eseri hintekeen. (ADELA eseri egiten da.) PRUDENTXIK - Eta Angustias, noiz ezkontzen da ? BERNARDAK - Hiru egun barru etorriko zaizkio eskua eskatzera. PRUDENTXIK - Pozik egongo zara, orduan! ANGUSTIASEK - Horixe! AMELIAK - (MADALENI) Ixuri dun gatza dagoeneko . MADALENEK - Hik izan dunan zortea baino txarragorik ez dun izango. AMELIAK - Beti ekartzen din itzal txarra. BERNARDAK - Tira! PRUDENTXIK - (ANGUSTIASI,) Eraztuna erregalatu al dizu? ANGUSTIASEK - Ikusazu zerorrek. (Luzatu egiten dio.) PRUDENTXIK - Oso ederra da. Hiru perla. Gure garaian perlek malkoak adierazten zituzten . ANGUSTIASEK - Baina gaur egun aldatu egin dira gauzak. ADELAK - Nik ez dinat, ba, uste. Gauzek beti gauza bera adierazten dinate. Eskua eskatzeko eraztunak diamantezkoa izan behar din. PRUDENTXIK - Egokiagoa da, bai. BERNARDAK - Perlekin edo gabe, batek nahi dituen bezalakoak izaten dira gauzak. MARTIRIOK - Edo Jainkoak xedatzen dituen bezala . PRUDENTXIK - Altzariak zoragarriak omen dituzu. BERNARDAK - Hamasei mila erreal kostatu zaizkit . PONTXIK - (Parte hartuz.) Ederrena ispiluakiko armarioa da. PRUDENTXIK - Inoiz ez dut horrelako altzaririk ikusi. BERNARDAK - Guk geuk kutxa bat izan genuen. PRUDENTXIK - Dena onerako izan dadila, hori da printzipalena. ADELAK - Ez baita inoiz jakiten. BERNARDAK - Ez dago motiborik horrela ez izateko. (Kanpaiak entzuten dira urruti batean.) PRUDENTXIK - Azkeneko kanpai-hotsa. (ANGUSTIASI.) Etorriko naiz egunen batean, arropa erakus diezadazun. ANGUSTIASEK - Bai, bai, nahi duzunean etorri. PRUDENTXIK - Jainkoak gabon digula. BERNARDAK - Agur, Prudentxi. BOSTEK BATERA - Ondo joan!. (Pausa. Kanpora joaten da PRUDENTXI.) BERNARDAK - Bazkaldu dugu. (Altxatu egiten dira.) ADELAK - Atandiraino joango naiz hankak luzatu eta freskura piska bat hartzera. (Madalen, paretaren kontra dagoen sila txiki batean esertzen da, gorputza atzeraka botaz .) AMELIAK - Hirekin joango naun ni ere. MARTIRIOK - Eta ni ere bai. ADELAK - (Gorroto eutsigaitz batekin.) Ez dinat ba hori galdu behar! AMELIAK - Gauak konpainia eskatzen din . (Kanpora joaten dira.) (BERNARDA eseri egiten da eta ANGUSTIAS mahaia txukuntzen ari da.) BERNARDAK - Lehen ere esan dinat, ahizpa Martiriorekin hitz egitea nahi dudala. Erretratoarekin izandakoa broma bat izan hunan eta ahaztu egin behar dun. ANGUSTIASEK - Ondo daki berorrek hark ez nauela maite. BERNARDAK - Bakoitzak jakiten din zer pentsatzen duen barrundik. Ni ez naun bihotzetan sartzen, baina familian fatxada ona eta harmonia nahi dizkinak. ANGUSTIASEK - Bai. BERNARDAK - Orduan, bale! MADALENEK - (Erdilotan.) Gainera berehalaxe joan behar dun hemendik-eta! (Lo hartzen du.) ANGUSTIASEK - Ba, berandu iruditzen zait! BERNARDAK - Zer ordutan utzi zenioten bart hizketaldiari? ANGUSTIASEK - Hamabit'erdietan. BERNARDAK - Eta zer zion Pepek? ANGUSTIASEK - Distraitua aurkitzen dut nik. Beste zerbaitetan pentsatzen ariko balitz bezala hitz egiten dit beti. Zer duen galdetzen badiot, «gizonok gure kezkak izaten ditugu» erantzuten dit. BERNARDAK - Ez dion ezer galdetu behar. Eta ezkontzen haizenean, hark hitz egiten duenean hitz egin eta hura begira jartzen zainanean hi ere begira egon. Horrela ez dun desgustorik izango. ANGUSTIASEK - Ama, nik uste dut, gauza asko ezkutatzen dizkidala. BERNARDAK - Ez hadi gauza horien bila hasi, ez iezaion ezer galdetu eta, nolanahi ere, ez hazala inoiz ere negarrez ikusi. ANGUSTIASEK - Pozik egon behar nuke eta ez nago. BERNARDAK - Hori berdin dun. ANGUSTIASEK - Iluntze askotan begiratzen diot Peperi fijo eta ezabatu egiten zait burdihesian zehar, artaldeek altxatzen duten laino horietako batek estaliko balu bezala. BERNARDAK - Ahultasunaren gauzak ditun horiek. ANGUSTIASEK - Hobe bai hala balira! BERNARDAK - Etortzekoa al dun gaur ere? ANGUSTIASEK - Gaur ez. Amarekin hiriburura joana da. BERNARDAK - Horrela lehenago oheratuko gaitun. Madalen! ANGUSTIASEK - Lo dago. (ADELA, MARTIRIO eta AMELIA sartzen dira.) AMELIAK - Hauxe gau beltza! ADELAK - Bi pausora ere ez dun ezer ikusten. MARTIRIOK - Gau aproposa lapurrentzat, eta ezkutalekua behar duenarentzat ADELAK - Zaldi garainoa sarobearen erdian zegon. Dena zuri-zuri. Bi halako handi. Iluntasun guztia betetzen duela . AMELIAK - Egia dun. Beldurra ematen zinan. Agerpen bat ematen zinan. ADELAK - Ukabilak bezalakoxe izarrak zeuzkan zeruak . MARTIRIOK - Hau begira-begira jarri zitzaien, eta bazirudien lepoa hautsi behar zuela. ADELAK - Hiri ez al zaizkin ba gustatzen? MARTIRIOK - Teilatutik gorako gauzak niri ez zaizkidan batere inporta. Nahikoa dinat gelen barruan gertatzen denarekin. ADELAK - Horrela doakin gero! BERNARDAK - Hiri heurean nola, halaxe zihoakion horri berean. ANGUSTIASEK - Ondo lo egin! ADELAK - Lotara al hoa? ANGUSTIASEK - Bai, gaur ez dun Pepe etorriko. (Kanpora joaten da.) ADELAK - Ama, zergatik esaten da izar batek korritzen duenean edo tximista bat pizten denean: "Santa Barbara bedinkatu, zeruan dago eskribatu papera ta ur bedinkatu" BERNARDAK - Antzinako jende haiek gauza asko zekizkiten, guk ahaztu ditugunak. AMELIAK - Nik begiak ixten dizkinat ez ikusteko. ADELAK - Ba nik ez. Niri gustatu egiten zaidan sua dariola korrika ikustea urteak eta urteak geldi egon den gauza bat. MARTIRIOK - Baina gauzaok ez zeukaten gurekin zer ikusirik. BERNARDAK - Eta hobe dun gauza horietan ez pentsatu. ADELAK - Hau gauaren ederra! Berandu arte gelditzea gustatuko litzaidake, kanpoaren freskura gozatu ahal izateko. BERNARDAK - Baina ohera joan beharra zegon. Madalen! AMELIAK - Aurreneko loan dago. BERNARDAK - Madalen! MADALENEK - (Loerreta.) Utzi bakean! BERNARDAK - Ala, ohera! MADALENEK - (Umore txarrean altxatuz.) Ez didazue bakean uzten. (Mar-mar batean joaten da.) AMELIAK - Ondo lo egin! (Joan egiten da.) BERNARDAK - Zoazte zuek ere! MARTIRIOK - Zer dela-eta ez dator gaur Angustiasen senargaia? BERNARDAK - Kanpora joan beharrean izan omen dun. MARTIRIOK - (ADELARI begiratuz.) Ah! ADELAK - Bihar arte. (Atera egiten da.) (MARTIRIO ura edan eta kanpora joaten da poliki-poliki, sarobeko atera begiratuz. PONTXI ateratzen da). PONTXIK - Hemen al zaude oraindik? BERNARDAK - Bai, isiltasun hau gozatzen eta, zure ustez hemen gertatzen omen den "gauza larri-gaitz" hori inon ikusi ezinda. PONTXIK - Bernarda, utzi dezagun elkarrizketa hau. BERNARDAK - Etxe honetan ez dago ez baiezkorik eta ez ezezkorik. Nire ernetasunak mendean dauka dena. PONTXIK - Kanpotik ez da ezer pasatzen. egia da hori. Zure alabak apal-txoko batzuetan sartutan bezala bizi dira . Baina ez zuk eta ez beste inork zaindu dezake haien bular-barruan gertatzen dena. BERNARDAK - Nire alabek arnas-hartze lasaia daukate. PONTXIK - Hau zuri doakizuna da, haien ama zara-eta. Niri dagokidanez, aski dut nik zure etxekoei zerbitzea. BERNARDAK - Orain mututu egin zara. PONTXIK - Nire lekuan nago eta bakean. BERNARDAK - Hemen gertatzen dena da, ez daukazula zer esanik. Etxe honetan belarrik balego, asmatuko zenuke moduren bat auzo osoko ardiak larrera ekartzeko. PONTXIK - Uste duzuna baino gehiago estaltzen dut nik. BERNARDAK - Oraindik ere segitzen al du zure semeak Pepe goizeko lauretan ikusten? Oraindik ere segitzen al dute etxe honetako letania gaiztoa esaten? PONTXIK - Ez dute ezertxo ere esaten. BERNARDAK - Ezin dutelako. Okelik ez dagoelako non hozka egin. Nire begien ernetasunari zor zaio hau dena! PONTXIK - Bernarda: ni zure azpi-asmoen beldur naiz eta horregatik ez dut hitz egin nahi. Baina ez zaitezela guztiz seguru egon. BERNARDAK - Seguru ez, arra-arraseguru. PONTXIK - Agian tximista bat eroriko da bat-batean! Agian odol-kolpe batek geldituko dizu bihotza . BERNARDAK - Hemen ez da ezertxo ere gertatuko. Ondotxo ere ernai nago ni zure burutazio horien kontra. PONTXIK - Ba zuretzat hobe. BERNARDAK - Horixe behar dugu orain! NESKAMEAK - (Barrura sartuz.) Bukatu dut ontziak garbitzeko lana. Beste zereginik baduzu? BERNARDAK - (Altxatuz.) Ez. Lotara noa. PONTXIK - Zer ordutan nahi duzu bihar deitzea? BERNARDAK - Ez dut deitu beharrik izango. Gaur ederki lo egingo dut. (Joan egiten da.) PONTXIK - Batek itsasoa menderatu ezin duenean, errazena hari bizkarra ematea izaten da, ezer ez ikusteko. NESKAMEAK - Hain dun harroa, benda bat jartzen baitzion bere buruari . PONTXIK - Nik ezin dinat ezer egin. Nahi izan ninan gauzei aurre hartu, baina orain gehiegi izutzen nauten. Ikusten dun hik isiltasun hau? Ekaitz bana zegon gela bakoitzean. Horiek lehertzen diren egunean, denok baztertuko gaituzten. Nik esan dinat esan behar nuena. NESKAMEAK - Bernardak uste din inork ezin duela hura menderatu. Eta ez zekin zenbaterainoko indarra duen gizon batek emakume hutsen artean. PONTXIK - Errua ez dun dena Pepe Romanorena. Egia dun igaz Adelaren atzetik ibili zela, eta hau txora-txora eginda zegoela harekin; baina Adelak bere lekuan egon behar zinan eta ez hura zirikatu. Gizona gizon dun beti. NESKAMEAK - Badun esaten duenik, gau askotan hitz egin zuela Adelarekin. PONTXIK - Egia dun. (Baju hitz eginez.) Eta beste gauza batzuk ere bai. NESKAMEAK - Ez zekinat zer gertatuko den hemen. PONTXIK - Gustura joango nindukeen itsasoaz bestaldera, gerra-etxe hau utzita. NESKAMEAK - Bernarda ezkontza agudotzen ari dun, eta daitekeena dun ezer ez gertatzea. PONTXIK - Gauzak gehiegi heldu ditun. Adela prest zegon edozer egiteko, eta besteak ataizean zeuzkan etengabe. NESKAMEAK - Martirio ere bai...? PONTXIK - Horixe dun okerrena. Pozoin-putzu bat dun hori. Ikusten din Romano ez dela beretzat eta hala ere mundua bera hondoratuko likeen bere esku balego. NESKAMEAK - Gaiztoak ditun, horratik, arranek ez baitu! PONTXIK - Gizonik gabeko emakumeak ditun, besterik ez. Arazo hauetan ahaztu egiten dun odola bera ere . Ixxxo! (Entzuten jartzen da.) NESKAMEAK - Zer dun? PONTXIK - (Altxatu egiten da.) Zakurrak zaunka ari ditun . NESKAMEAK - Batenbat pasatuko hunan atandiaren ondotik. (ADELA ateratzen da azpiko gona txuri eta gerruntzearekin . PONTXIK - Ez al zinen ba oheratu? ADELAK - Ura edatera noa. (Ura edaten du mahai gaineko baso batekin.) PONTXIK - Lotan zinela uste nuen. ADELAK - Egarriak esnatu nau. Eta zuek ez duzue oheratu behar? NESKAMEAK - Bai, oraintxe. (Irten egiten da ADELA.) PONTXIK - Goazeman! NESKAMEAK - Ondo ere ondo merezia zeukanagu loa. Bernardak ez zidan egun osoan atseden-apurrik uzten. PONTXIK - Eramazan argia. NESKAMEAK - Zakurrak erotuta bezala ari ditun. PONTXIK - Ez ziguten lo egiten utziko. (Joan egiten dira.) (Eszenatokia hutsik geratzen da. MARIA JOSEPA ateratzen da besoetan ardi bat duela.) MARI JOXEPAK - Arditxo, nire umetxo nirea, Goazen itsasertzera; atean egongo da inurria, nik emango ogia eta titia. Bernarda, muturra matxarda, Madalen, hiena-muturra den. Arditxo. beee, beeee. Belengo portaleko erramutaa goazen . (Barre egiten du.) Ez zuk, ez nik nahi dugu lorik egin. Atea berez irekiko, Hondartzan koralez txabola egingo eta gu bertan biziko. Bernarda, muturra matxarda, Madalen, hiena-muturra den. Arditxo. beee, beeee. Belengo portaleko erramutaa goazen. (Kantari joaten da.) (ADELA sartzen da. Begiratzen du kontuz-kontuz alde batera eta bestera eta sarobeko atetik ezkutatzen da. MARTIRIO ateratzen da beste atetik eta larri gelditzen da ataizean eszenaren erdian. Hau ere azpiko gonarekin doa. Gerruntze-mantoi txiki beltz batekin estaltzen du bere burua. Haren paretik MARI JOXEPA ateratzen da.) MARTIRIOK - Amona, nora doa berori? MARI JOXEPAK - Atea irekiko didazu? Nor zara zu? MARTIRIOK - Nolatan dago berori hemen? MARI JOXEPAK - Alde egin nuen. Zu nor zara? MARTIRIOK - Bihoa ohera... MARI JOXEPAK - Hi Martirio haiz. Ikusten haut, Martirio; Martirio-aurpegiarekin. Eta noiz izan behar dun umea? Nik hau izan dinat. MARTIRIOK - Nondik hartu du ardi hori? MARI JOXEPAK - Bazekinat ardi bat dela. Baina ardi bat zergatik ez dun ba ume bat izango? Hobe dun ardi bat eduki, baterez baino. Bernarda, muturra matxarda. Madalen, hiena-muturra den. MARTIRIOK - Ez hotsik atera. MARI JOXEPAK - Egia dun. Dena bel-beltza zegon. Nola ilea zuria daukadan, hik uste dun nik ezin dudala umerik izan, eta bai, umeak, eta umeak, eta umeak izan zitzakeenat. Ume honek ile zuria izango din eta beste ume bat izango din, eta beste hau, eta denak elurrezko ilea dutenak; olatuak bezala izango gaitun, bat eta beste bat eta beste bat. Gero eseri egingo gaitun denok, eta denok izango dinagu ile zuria, eta aparra izango gaitun. Zergatik ez zegon hemen aparrik? Hemen lutozko mantuak besterik ez zegon. MARTIRIOK - Ixooo, ixooo! MARI JOXEPAK - Nire etxekonak ume bat izan zuenean, txokolatea eramaten nionan nik, eta gero berak ekartzen zidan niri eta horrela beti, beti, beti. Hik ere izango dun ilea zuri, baina etxekonak ez zaizkin etorriko. Nik joan beharra zeukanat, baina beldur naun zakurrek hozka egingo ez ote didaten. Lagunduko al didan landatik ateratzen? Nik ez dinat landarik nahi. Nik etxeak nahi dizkinat, baina etxe irekiak, eta etxekonak beren ohetan etzanda beren ume txiki-txikiekin eta gizonak kanpoan beren aulkietan eserita. Pepe Romano erraldoi bat dun. Denok nahi duzue. Baina berak irentsi egingo zaituzte, zuek garialeak zarete-eta. Ez, gari-aleak ez , mingain gabeko igelak zarete zuek! MARTIRIOK - (Kementsu.) Ala, joan bedi ohera.(Bultza egiten dio.) MARI JOXEPAK - Bai, baina gero hik irekiko didan, ezta? MARTIRIOK - Bai. MARI JOXEPAK - (Negarrez.) Arditxo, nire umetxo nirea, Goazen itsasertzera; atean egongo da inurria, nik emango ogia eta titia. (Irten egiten da. MARTIRIOK MARÍ JOXEPA joan den atea ixten du eta sarobeko atera joaten da. Han zalantza egiten du, baina beste bi pauso aurreratzen da.) MARTIRIOK - (Baju hitz eginez.) Adela. (Pausa. Ateraino bertaraino joaten da. Altu hitz eginez.) Adela! (ADELA agertzen da. Ile-nahastua dakar piska bat.) ADELAK - Zer behar dun? MARTIRIOK - Uztan gizon hori! ADELAK - Nor haiz hi hori niri esateko! MARTIRIOK - Ez dun hori emakume ondradu baten lekua. ADELAK - Gogoak izan ditun, ba, heuk ere leku hori hartzeko! MARTIRIOK - (Ozenki.) Iritsi dun nik hitzegiteko ordua. Honek ezin din aurrera segitu. ADELAK - Hau hasiera besterik ez dun. Indarra izan dinat aurre hartzeko. Hik ez dauzkanan kemena eta meritua izan dizkinat nik. Heriotza ikusi dinat teilatupe honetan eta nirea zenaren bila irten naun, MARTIRIOK - Arima gabeko gizon hori beste baten bila etorri hunan. Hi tartean sartu haiz. ADELAK - Diruaren bila etorri hunan, baina bere begiak nigan jarri zizkinan beti. MARTIRIOK - Ez dinat utziko harrapatzen. Hori Angustiasekin ezkonduko dun. ADELAK - Nik baino hobeto dakin, hark ez duela Angustias maite. MARTIRIOK - Bai, bazekinat. ADELAK - Badakin (ikusi egin baitun) hark ni maite nauela. MARTIRIOK - (Desesperatuta.) Bai. ADELAK - (Gerturatuz.) Ni maite naun, ni maite naun. MARTIRIOK - Sartu hidan labana bat, hala nahi badun, baina ez hidan hori gehiago esan. ADELAK - Horregatik egiten ditun ahaleginak ni harekin joan ez nadin. Ez zain inporta hark nahi ez duena besarkatzea; eta ni ere ez. Dagoela ehun urte ANGUSTIASEKin nahi badu, baina hark ni besarkatzea izugarria egin zain, hik ere maite dunalako; bai, hik ere maite dun! MARTIRIOK - (Dramatiko.) Bai! Utzi hidan esaten, burua estalkietatik kanpora dudala . Bai! Utzion nire bularrari samintasunezko granada bat bezala lehertzen . Maite dinat, maite dinat! ADELAK - (Bihotzaldi batean, eta besarkada bat emanez.) Martirio, Martirio, nik ez zeukanat errurik. MARTIRIOK - Ez nazan besarkatu!, ez hitzan bigundu nire begiak. Nire odola ez dun jada hire odola, eta ahizpa bezala ikusi nahi izango bahindut ere, emakume bezala bakarrik ikusten haut. (Baztertu egiten du.) ADELAK - Hemen ez zegon erremediorik. Itotzekoa dena ito dadila. Pepe Romano nirea dun. Berak eramaten naun erreka-bazterreko ihietara. MARTIRIOK - Bai ote! ADELAK - Jada ezin dinat agoantatu teilatupe hauen izugarrikeria haren ahoko zaporea txastatu dudanez geroztik. Hark zer izatea nahi duen, huraxe izango naun ni. Herri osoa izango dinat nire kontra, beren suzko behatzekin erretzen nautela , eta hondraduak omen direnak atzetik segika ditudala , eta guztien artean arantzazko koroa jantziko dinat, gizon ezkonduren baten maitale direnek izaten duten bezala. MARTIRIOK - Hago isilik! ADELAK - Bai, bai! (Baju hitz eginez.) Goazen lotara; ezkon dadila ANGUSTIASEKin; ez zaidan ajola; baina ni etxetxo bakarti batera joango naun, eta han berak nahi duenean ikusiko naun, gogoak halaxe ematen dionean. MARTIRIOK - Hori ez dun gertatuko, nik gorputzean odol-tanto bat daukadan bitartean. ADELAK - Hiri, ez, ahula haizelako. Baina nik, aztoratu eta zutitutako zaldia ere belauniko jarriko nikeen nire behatz txikienaren indarrarekin. MARTIRIOK - Etzan ahots hori altxatu, odoltxartu egiten naun-eta. Indar gaizto batek hartua zeukanat bihotza eta, neronek nahi gabe ere, ni neu itotzen naun. ADELAK - Ahizpak maitatzen irakatsi ziguten. Inondik ere, bakarrik utzi naun Jainkoak ilunpetan; inoiz ikusi ez bahindut bezalaxe ikusten haut. (Ziztu bat aditzen da eta ADELA ate aldera joaten da korrika, baina MARTIRIO aurrean jartzen zaio.) MARTIRIOK - Nora joan behar dun? ADELAK - Ken hadi atetik! MARTIRIOK - Pasatu ahal badun! ADELAK - Alde hortik! (Borroka.) MARTIRIOK - (Deadarka.) Ama, Ama! ADELAK - Utzidan! (Bernarda agertzen da. Azpiko gonarekin ateratzen da, mantoi beltz bat gainetik duela). BERNARDAK - Geldi hor, geldi! Hau nire mixeria, tximista bat ez izatea nire behatzen artean! MARTIRIOK - (ADELA seinalatuz.) Harekin zegoen! Ikusi azpiko gona hori gari-lastoz beteta! BERNARDAK - Horixe dun gaizki jaiotakoen ohea! (Su batean ADELARENGANA joanez.) ADELAK - (Aurre eginez.) Bukatu dira hemen presondegiko deiadarrak! (ADELAK amari makila kendu eta bi puska egiten du .) Hauxe egingo dut nik menperatzailearen makilarekin. Ez beza pausorik gehiago eman. Nigan ez du inork agintzen Pepek besterik! (Atera egiten da MADALEN.) MADALENEK - Adela! (PONTXI ETA ANGUSTIAS ateratzen dira.) ADELAK - Ni naiz haren andrea. (ANGUSTIASI.) Jakin zan eta joan hadi sarobera hari esatera. Hark menderatuko din etxe hau guztia. Hortxe kanpoan zegon, lehoi batek bezala arnasa hartzen duela! ANGUSTIASEK - Jainko maitea! BERNARDAK - Eskopeta! Non da eskopeta? (Korrika ateratzen da.) (AMELIA agertzen da eszenatokiaren sakonetik datorrela, eta izuturik begiratzen du burua pareta gainean jarriz. Atzetik MARTIRIO ateratzen da.) ADELAK - Inork ez nau menderatuko. (Irtetera doa.) ANGUSTIASEK - (Hura sujetatuz.) Hemendik ez haiz aterako gorputz hori garaile dunala, lapurra halakoa!, gure etxearen desohore alena! MADALENEK - Utzion, joan dadila sekula gehiago ikusiko ez dugun lekura. (Tiro-hotsa aditzen da.) BERNARDAK - (Barrura sartuz.) Ausartu hadi orain bila joaten. MARTIRIOK - (Barrura sartuz.) Akabo Pepe Romano. ADELAK - Pepe! Jainko maitea! Pepe! (Korrika ateratzen da.) PONTXIK - Baina hil egin duzue? MARTIRIOK - Ez! Zaldian korrika alde egin du! BERNARDAK - Nire errua izan zen. Emakumeok ez dakigu apuntatzen. MADALENEK - Zergatik esan dun orduan? MARTIRIOK - Adelagatik! Erreka bete odol isuriko zinan bere buruaren gain! PONTXIK - Madarikatua halakoa! MADALENEK - Deabruduna halakoa! BERNARDAK - Hala ere hobe horrela! (Kolpe-hotsa aditzen da.) Adela! Adela! PONTXIK - (Atean.) Ireki! BERNARDAK - Ireki atea. Ez uste izan hormek lotsatatik babesten dutenik. NESKAMEAK - (Barrura sartuz.) Etxekonak jaiki dira! BERNARDAK - (Baju, marru bat bezala.) Ireki!, atea botako dut bestela-eta! (Pausa. Isilik geratzen da dena.) Adela!. (Erretiratu egiten da atetik.) Ekarzan mailu bat!. (PONTXIK bultzada bat ematen du eta barrura sartzen da. Sartzean garrasi bat egiten du eta kanpora ateratzen da.) Zer? PONTXIK - (Eskuak lepoan jarrita.) Ez dezagula honelako errematerik izan!(AHIZPEK atzera egiten dute. NESKAMEAK aitaren egiten du. BERNARDA garrasi bat eman eta aurrera joaten da.) PONTXIK - Ez zaitez sartu! BERNARDAK - Ez. Ni ez! Pepe: bizirik joango haiz korrika makaldietako ilunpetan , baina beste egun batean eroriko haiz. Jaitsi gorputza! Nire alaba birjina hil da! Eraman bere gelara eta jantzi dontzella balitz bezala . Inork ez du txintik esango! Hura birjina hil da! Abisatu eta egunsentian jo ditzatela bi hilkanpai! MARTIRIOK - Zorionekoa hura mila bider, lortu zuelako. BERNARDAK - Nik ez dinat negarrik nahi. Heriotzari aurrez-aurre begiratu behar zaion. Ixo! (Beste ALABA bati.) Ixo esan dinat! (Beste ALABA bati.) Malkoak, bakarrik hagoenean isuriko ditun! Lutozko itsaso batean hondoratuko gaitun denok. Bernarda Albaren alaba txikiena birjina hil da. Entzun didazue? Isilik! eta isilik! esan dut. Isilik! OIHALA Ostirala, 1936ko ekainaren 19a. (1999ko urriaren 21ean bukatu zen antzerki-lan honen itzulpena)