Patxo Telleria MARXKARADA Maskarada Teatro Konpainia ************* MARX anaien irudia burura etorri ahala, zeluloidearena ere azaltzen zaigu. Guregana, Marx Anaiak, zinemaren formatoan iritsi dira, ezinbestean. Ez da pertsonaia hauen historian gehiegi sakondu behar, dena dela, heuren jatorria, eskola eta, hainbat urtetan, bizibidea, teatroa izan zela jakiteko. Marx-tarren lehenengo pelikula, «Animal Crackers», Broadway-en izugarrizko arrakasta ezagutu zuen izen bereko komedia izan zen pantailaratu baino lehen. Edozein pelikulatan somatzen zaie teatralitatea. Entzuterik handiena merezi izan duten eskena gehienak, teatro esketx moduan landurik daude. "Marx Anaiak Operan" filmatu baino lehen, pelikulako eskena komikoen efektibotasuna publikoaren aurrean frogatu zuten jira handi batean. Munduan izan diren "clown" guztien antzera, Groucho, Chico eta Harpok teatroan sorturiko pertsonaia bana eratu, landu eta bizitza osoan zehar zorroztu zuten. "Clown" kontzeptua izan da Maskaradak, Marx-tarren umore bereziaz jabetzeko erabili izan duena. Groucho eta Chico-k, NBCrako 1932 urtean idatzi eta antzeztu zituzten irrati gidoiak, guregana «Groucho y Chico Abogados» izeneko liburuan bildurik iritsi direnak, izan dira gure montaiaren oinarria, zenbait pelikula eta Groucho-ren liburuen pasarteren bat ere erabili dugun arren. Dena dela, pertsonaioi gure ikutu pertsonala eman nahi izan diegu -laugarren pertsonaia, arreba, sortu dugu-, gure lan hau omenaldi soila baino, umore agortezin horren birkreatze hat izateko xedeaz. Ez dugu, bestalde, Marx-tarren pelikulek zuten jite musikal berezia bazterrean utzi nahi izan, eta horregatik, gure ikuskizunean, zuzenean interpretaturiko eskena musikalak ere txertatu ditugu. "MARXKARADA" lanaren estrainaldia: Gasteizko XV. Antzerki Jaialdian 1990ko urriaren 8an. Aktore-aktoresak: FLYWHEEL: Patxo Telleria RAVELLI: Mikel Martinez ASTOLFI: Inazio Tolosa RUBY (Etxejabea, Atsoa, Kazetaria): Marife Berrojalbiz Zuzendaritza: Karlos Panera Dramaturjia: Karlos Panera Testuak: Patxo Telleria Eskenografia: Luis Alonso Eskenografiaren burutzapena: Sorleku Gestioa: Txema Uriarte eta Ane Carracedo Publizitatea: Paradox Jantziak: Desviación Norte Argien diseinua: Eric Teunnis Argien teknikaria: Jon Mesperuza Eskerrak Patxi Ugalderi, Eugenio Lasarteri eta Blanca Mugari beren laguntzagatik. ****************** Lehenengo eskena 1. Ekitaldia (Eskenategian, FLYWHEELen bulegoa ikusten da fondoan, eta ikuslegoarengandik hurbilago, kalea. RAVELLI azaltzen da kakahueteak saltzen. FLYWHEEL ofizinan dago) RAVELLI: Kakahueteak! Kakahuete freskoak! (Bulegora sartu eta) Kakahuete freskorik nahi? FLYWHEEL: Oker zabiltza. Zirkoa hiriaren bestaldean dago. Hau Flywheel, Shister and Flywheelen bulegoa da. Eta ni Rufus Tecumseh Flywheel naiz, abokatua (txartela eskeintzen), zure zerbitzurako. (Telefono hotsa. RAVELLIk hartzen du telefonoa, FLYWHEELi aurrea hartuz) RAVELLI: Bai, esan? Oh... ez, sentitzen dut. Ez dago. (Telefonoa eskegi) Zuretzat zen. FLYWHEEL: Ba esaiozu ez nagoela. RAVELLI: Horixe esan diot. (Telefono hotsa. RAVELLIk hartzen dio aurrea berriro) Bai, esan? Ez, oraindik ez da etorri. Ez, ez dakit zer ordutan etorriko den... Bai, esango diot. Zuretzat zen berriro ere... FLYWHEEL: Bai arraroa! Bueltan egon behar nuen honezkero... Zera... Egin nahi duzu lan niretzako? RAVELLI: Oraindik ez dakit. FLYWHEEL: Lehenago galdera pare bat egin behar dizut. Esaidazu: zer da gauza bat lau praka pare dituena, Filadelfian bizi dena eta euria egiten duenean busti egiten dena? RAVELLI: Oso ona! Hiru minutu duzu asmatzeko! FLYWHEEL: Egon pixka bat. Lau praka pare... Filadelfian bizi da... Arra ala emea? RAVELLI: Ez... ez dut uste. FLYWHEEL: Hilik dago? RAVELLI: Nor? FLYWHEEL: Ez dakit. Errenditu egiten naiz. RAVELLI: Ni ere bai. Orain nire txanda da. Zer da gauza bat, bibote beltza duena, puro beltza erretzen duena eta astapotro beltza dena? FLYWHEEL: Ez esan! Bibote beltza du... Puro beltza erretzen du... Hummm Betaurrekoak ditu? RAVELLI: Bai! Asmatu egin duzu! FLYWHEEL: Bai, eh? Ba ez duzu niretzako lan egingo! RAVELLI: Eh, nik ez dut lan egin nahi! Nik lanpostua nahi dut! FLYWHEEL: Ja! Lanpostua! Eta erreferentziak? RAVELLI: Zuk ez duzu erreferentziarik behar! Gustokoa dut zure aurpegia. FLYWHEEL: Neuk ere bai zurea, hori aurpegi bat baldin bada... Behin ezagutu nuen morroi baten antz izugarria duzu. Emmanuel Ravelli zuen izena. RAVELLI: Emmanuel Ravelli neu naiz. FLYWHEEL: Orduan ez da harritzekoa bere aurpegia gogoraraztea. Baina berriz ere badiotsut: bere antz izugarria duzu, bai horixe! RAVELLI: Eh! Oraindik ez dugu diruaz hitz egin! FLYWHEEL: Bai. Zoragarria da, ezta? Tratu bat egingo dugu: nik ez dut diruaz tutik ere esango, eta trukean zuk ez duzu kontua aipatuko. Ados? RAVELLI: Ongi da, baina nik diru gehiago nahi dut. FLYWHEEL: Baduzu esperientziarik? RAVELLI: Bai. Musikoa izan naiz hamabost urtetan. FLYWHEEL: Eta zenbat ateratzen duzu orduko? RAVELLI: Jotzen badut, hamar dolar. FLYWHEEL: Eta jotzen ez baduzu? RAVELLI: Orduko hamabi dolar. FLYWHEEL: Hori hobeto dago. RAVELLI: Ah! Eta entsaiatzeagatik prezio berezia egiten dut: hamabost dolar orduko. FLYWHEEL: Eta ez entsaiatzeagatik? RAVELLI: Bah! Hori ezingo zenuke zuk ordaindu. Atera kontu: Entsaiatzen badut ez dut jotzen. Eta jotzen ez badut, horrek prezioa igotzen du... FLYWHEEL: Nahikoa da. Hara zer egingo dugun: astean sei dolar emango dizut, eta zuk zeure bazkaria ekarriko duzu; hobe oraindik, astean sei dolar eta nire bazkaria ere ekarriko didazu. RAVELLI: Eta astean sei dolarrekin bizi daiteke? FLYWHEEL: Printzipe baten moduan! Ezin izango duzu bazkaldu, baina printzipe baten moduan biziko zara. RAVELLI: Ja, ja, ja... Ados. FLYWHEEL: Ba hementxe daukat kontratua. Tori (Kontratu ale bana hartzen dute) Ez duzu irakurri beharrik, fotokopiak dira. RAVELLI: Fotokopiak... Zer da dioena? FLYWHEEL: Irakurri eta ikusiko duzu. RAVELLI: Ez, irakurri zeuk. FLYWHEEL: Hala nahi baduzu...(...) Entzun duzu? RAVELLI: Ez, oraindik ez dut ezer ere entzun. Zerbait esan duzu? FLYWHEEL: Entzutea merezi duenik ezer ez. RAVELLI: Igual horregatik ez dut ezer entzun. FLYWHEEL: Horregatik ez dut ezer esan. RAVELLI: Ez dakizu irakurtzen? FLYWHEEL: Bai, baina ez honen gertutik... Ez dakit zer gertatzen zaidan, desenfokatu egiten zait. Ah! Orain bai. Entzun arreta handiz lehenengo klausula, oso inportantea da eta. Ejem... Zera dio: lehenengo partearen parte kontratantea, lehenengo partearen parte kontratantetzat hartuko da. Zer moduz? Bikaina, ezta? RAVELLI: Ez dakit... Berriro entzun nahi nuke... FLYWHEEL: Zera dio: lehenengo partearen parte kontratantea, lehenengo partearen parte kontratantetzat hartuko da. RAVELLI: Bai, bai... Oraingoan soinu politagoa dauka. FLYWHEEL: Denetara ohitzen da bat. Berriro irakurtzea nahi duzu? RAVELLI: Bai, baina lehenengo partea bakarrik. FLYWHEEL: Lehenengo partearen parte kontratanteari buruzkoa? RAVELLI: Ez, bakarrik lehenengo partearen parte kontratantearen lehenengo partea. FLYWHEEL: Zera dio... Lehenengo partearen parte kontratantea, lehenengo partearen parte kontratantetzat hartuko da. Eta lehenengo partearen parte kontratantea, hitzarmen honetan... Aizu, honelako huskeria bategatik hasi behar dugu burrukan? Motz dezagun (Zati bana kentzen dute). RAVELLI: Bai, luzeegia da. Zer da oraindik geratzen zaiguna? FLYWHEEL: Metro erdia baino gehiago. Zera dio orain. Bigarren partearen parte kontratantea, bigarren partearen parte kontratantetzat hartuko da. RAVELLI: Horrekin ez nago bat ere ados. FLYWHEEL: Zergatik? RAVELLI: Inoiz ez da bigarren parte onik izan. FLYWHEEL: Ezetz? Lehengo egunean futbol partidu bat ikusi nuen eta bigarren partea lehenengoa baino askoz hobea izan zen. Arbitroa astindu eta guzti egin zuten... RAVELLI: Aizu, zergatik ez dugu aldatzen, bigarren parte kontratantearen lehenengo partea, lehenengo parte kontratantearen bigarren partea izan dadin? FLYWHEEL: Ez da ideia makala. Eta eztabaidatu beharrean, zer moduz... RAVELLI: Ongi. (Beste zati bana moztu) FLYWHEEL: Hurrengo hau asko gustatuko zaizu. RAVELLI: Ez, ez dut gustokoa. FLYWHEEL: Zer da gustokoa ez duzuna? RAVELLI: Dagoena dagoela, ez dut gustokoa. FLYWHEEL: Tira, ez dugu urtetako adiskidetasun hau bat batean apurtuko. Prest? (Beste zati bana). RAVELLI: Prest. Jarraian datorren parte honetan, batere gustatzen ez zaidan zerbait dago. FLYWHEEL: Zure hitzak aginduak dira niretzat. (Beste zati bana) Esaidazu egia: nire hitzak aginduak dira zuretzat? RAVELLI: Ez horixe! FLYWHEEL: Ba ken dezagun beste klausula pare bat. (Zati bina) Zortzigarren partearen parte kontratantea... RAVELLI: Ez. FLYWHEEL: Ez? Oso ona da! (Beste bana) Bederatzigarren... RAVELLI: Ez. (Beste bana). FLYWHEEL: Hamargarren... RAVELLI: Ez. (Beste bana) Aizu, zergatik da zure kontratua nirea baino luzeagoa? FLYWHEEL: Ez dakit... Seguruena, ni zu baino altuagoa naizelako. Dena dela ados gaude, ezta? Tira ba, hementxe izenpetu behar duzu. RAVELLI: Ah, idazten ez dakidala esatea ahaztu zait. FLYWHEEL: Berdin dio, nire lumak ez du tintarik. Baina kontrataturik zaude. RAVELLI, zoaz lanera berehala. RAVELLI: Eta zer egin behar dut? FLYWHEEL: Bezeroren bat bilatu. Joan zaitez ospitalera, edo segi egiozu anbulantzia bati edo egizu nahi duzuna, baina ekar egidazu bezero bat. RAVELLI: Bai, jefe. Kakahueteak, kakahuete freskoak! Abokatu freskoak! (Joan egiten da) (Ravelli joan eta Flywheel bakarrik geratzen da. Itxuragabeko emakume bat azaltzen da, ate joka) FLYWHEEL: Nola? Bahhh, okerreko atea jotzen ari dira. (Berriro) Bai azkarra dela RAVELLI hau! Zer izango ote da, istripuren bat, dibortzioren bat? (Atea zabaltzen du. Etxejabea dela ikusten du). ETXEJABEA: Zu zara Mr. Flywheel? FLYWHEEL: Ea Mr. Flywheel naizen? Eta nork eman dizu nire etxean sartu eta niri irainka hasteko eskubidea, eh? Ea Mr. Flywheel naizen! Ezaguna duzu morroi hori? ETXEJABEA: Ez. Aspalditik nabil bere bila baina oraindik ez dut ikusi. FLYWHEEL: Ba egidazu kasu: utziozu bilatzeari. ETXEJABEA: Noiz etorriko da Flywheel hori? FLYWHEEL: Orain nik galdetuko dut: noiz egingo duzu hanka zuk? ETXEJABEA: Burutik jota zaude ala? FLYWHEEL: Baina ez dakizu besterik egiten galdetu baino? Ez dakizu beste jolasik? Ba nik bat erakutsiko dizut: irten zaitez kalera eta ikusiko duzu zelan ez zaitudan aurkitzen. Are gehiago: irten zaitez eta ikusiko duzu zelan ez naizen zure bila ere hasten. ETXEJABEA: Esaiozu Mr. Flywheeli bi egun ematen dizkiodala pagatzeko (Joan egiten da). FLYWHEEL: Bi egun? Ez da eskeintza txarra. Zer moduz maiatzaren lehena eta Abenduaren 25a hartuko banitu? (RAVELLI sartzen da ASTOLFIrekin). RAVELLI: Jefe, begira nor ekarri dudan! (Telefono hotsa. ASTOLFIk hartzen du). RAVELLI: Zuretzat zen, jefe. (Berriro telefono hotsa. ASTOLFIk hartzen du. Ez dago inor bestaldean. Berriro telefono hotsa. ASTOLFIk hizketaldi luzea egiten du bozinaz). RAVELLI: Zuretzat zen berriro ere, jefe! FLYWHEEL: Nondik atera duzu tramankulu hau? RAVELLI: Ez da tramankulua, jefe! Astolfi da, nire anaia! Astolfi, esan agur jefeari, lana lortu dugu! (ASTOLFI beldurtuta joaten da) Lasai, oso lan erreza da! Eta soldata bikaina! Goseak zaude, ezta? Txokolate pastela jango zenuke? Bistek handi bat, espinakekin? (Joan egiten da berriro). Ongi da, ongi da, espinakarik gabe!Ba esan agur gure jefeari. (ASTOLFIk hanka FLYWHEELen eskuan jarri eta lo geratzen da). FLYWHEEL: Bere ohizko portaera da hau? RAVELLI: Ez, normalean etzanda egiten du lo. Insomnioa dauka, eta medikuak praktikak egiteko agindu dio. (Telefono hotsa. FLYWHEELek azkar hartzen du). FLYWHEEL: Bai, esan? Rufus Tecumseh... (ASTOLFIk bere gabardinatik despertadorea atera eta mailuz isilarazten du). RAVELLI: Kontratatuko duzu, jefe? Hemen bertan sartuko dugu (Bere kontratoa atereaz). FLYWHEEL: Ravelli, irakurri al duzu klausula sanitarioa? Letra txikia. RAVELLI: Ez jefe, txikiegia da niretzat. Zer dio bada? FLYWHEEL: Langileak osasun onean egon beharko du. Txekeo bat egin beharko diot. RAVELLI: Eta zuk badakizu zerbait medikuntzaz? FLYWHEEL: Idearik ere ez. Eta zuk? RAVELLI: Bai, medikuntzaz oso txiste ona dakit. Ja, ja, ja... Baina orain ez naiz gogoratzen... FLYWHEEL: Bitako bat, edo hau hilik dago edo nire erlojua gelditu egin da. RAVELLI: Ez da izango! (Erlojuari begira). FLYWHEEL: Egiaztatu egin beharko dut. (Termometroa hartu eta besapean ipintzen dio ASTOLFIri. Honek barre egiten du). Azkenean berpiztu zara, eh? Ireki ahoa. (ASTOLFIk ahoa ireki eta termometroa jaten du) Eh! Ez jan hori, bost dolar balio du! Esan «A». (...) Ozenago! (Korrika joaten da). RAVELLI: Eh, jefe! Nora zoaz? FLYWHEEL: Okulistarengana, ez dut ezer ere entzuten! RAVELLI: Ez, jefe! Bera da. FLYWHEEL: Eskerrak! (Mailua eskuan duela). RAVELLI: Zer egin behar duzu horrekin? FLYWHEEL: Lasai, belauna baino ez diot puskatuko. RAVELLI: Ah! Min egin behar zeniola pentsatu dut. (Joku eskenikoa egingo dute mailuarekin. FLYWEHELLek belaunean jotzen duen guztietan, ASTOLFIk buruan emango dio. FLYWHEELek RAVELLI dela uste du. Odontologoaren ispilua jartzen du buruan azkenean FLYHWEELek). Larri dago, jefe? FLYWHEEL: Oso kasu bitxia da! Aspaldi holakorik ikusi gabe! Azkena formol-frasko batean ikusi nuen. Apendizea... zirkulazio bikoitza... eta adimenez %1a. Honelakoei «Idioticus cronicus» esaten zaie. Laburbilduz, inoiz agertu zaidan astakirten kasurik nabarmenena da. RAVELLI: Eh, jefe! Ispilua aldrebes jarri duzu eta zeure buruari ari zinen begira! FLYWHEEL: Ah! Horregatik egiten zitzaidan horren ezagun! Ba nengoen ba ni. (Kantuan) Ba nengoen ba ni. Astolfi, Ravelli, joan zaitezte lanera berehala! RAVELLI: (Kalean) Abokatua! Abokatua! Nork nahi du abokatu bat? Abokaturen bai nahi duzu, andrea? Prezio onean daukat. Tira! Galdetzeagatik ez dugu kobratzen! Eh, jauna! Ez duzu abokatu freskorik edo nahi? Beharbada abokatu kilo bat? Gaur abokatu fresko freskoa daukat. (Bikote bati) Eh, zergatik ez zarete dibortziatzen? Ez duzue ondo eramateko itxurarik... Bah, Astolfi, maitemindurik daude! Horrela ez dago zereginik! (Beste bati) Astolfi, zirikatu hau! Enbarazu egiten dizu, eh? Demandatu egin nahi duzu? Abokatu bat daukat zuretzat. Ez? (ETXEJABEari) Zuk ez duzu abokaturik nahi izango, noski... ETXEJABEA: Eta ez dakizue bulego batetan bizitzea legez kontrakoa dela? RAVELLI: Bah! Guri bost axola! Bertan bazkaldu eta dena egiten du. Auzokoak kexatzen dira, baina etxejabeak ez digu ezer esaten. Koldar hutsa da. ETXEJABEA: Koldar hutsa, eh? RAVELLI: Bai! Hemen gaude. Ez dakit zu hartzeko astirik izango duen. Oso gizon okupatua da. Jefe, bezero bat ekarri dugu! FLYWHEEL: Bai? Erakuts egidazu. Hobe oraindik!: sar dadila eta nik erakutsiko diot. (Kanpora irten eta ETXEJABEA dela ikusten duenean arrapaladan sartu eta mahai gaineko trasteak biltzen hasten da. ETXEJABEA sartzen da). ETXEJABEA: Zeu zara Mr. Flywheel? FLYWHEEL: Gauza berbera galdetu didazu lehenago. Kokoteraino nago! ETXEJABEA: Ez dizut errepikatuko alokairuarena! FLYWHEEL: Pozten naiz! Azkenean nire ikuspuntua hartu duzu. Hau adiskidantza eder baten hasiera izan daiteke. Ez zara konturatzen hemen sartu zinenetik zuregan baino ez dudala pentsatzen? Zuk espazio handia betetzen duzu nire bihotzean. Egia esan, zuk zeuk nahiko espazio handia betetzen duzu. Zergatik ez zara alboratzen eta zure tokian landare bat ipiniko dugu. ETXEJABEA: Azkeneko aldiz, pagatuko didazu? FLYWHEEL: Ongi da, etor zaitez ostegunean. Ni ez naiz inoiz ostegunetan agertzen. Etorri! Beti aurkituko duzu ongi etorria... felpudoan! (ETXEJABEA joan egiten da). RAVELLI: Eh, jefe, eser zaitez gurekin. Gu aspalditxo hasi gara. Nahi baduzu hitz pare bat esan... FLYWHEEL: Bai, esango ditut, baina lehenago bildu ezazue mahaia. Hiri honetan 8 milioi biztanle bizi dira, eta 8 milioi horietatik 2 milioi pasatzen dira bulegoaren aurretik, eta 2 milioi horietatik zuek etxejabea aukeratu duzue hona ekartzeko, badaukazue zuen alde esateko ezer? RAVELLI: Bai, soldata igoera nahi dugula. FLYWHEEL: Soldata igoera? Errenta pagatzeko aina ez daukat eta. Badaukazue sosik edo poltsikoan? RAVELLI: Dirurik ez, jefe, baina dado hauekin lortu dezaket. (ASTOLFIk fotografia bat ateratzen du) Nor da hori? RAVELLI: Nor da hori, Astolfi? (ASTOLFIk keinuka adierazten dio) Mahatsa zapaldu?... Ez... Bibolinak egiten ditu... Ez, bibolina jotzen du... ez... musika... Musika... Mahatsa zapaldu, musika... ah! dantzaria da... dantzari txarra.... baina kurbak daude... kurbak.. ez, oso polita da... aspalditik ez duzu ikusi... Mea culpa... ah, maitemindurik dago, jefe! Bigarren Eskena 1. Ekitaldia. Epaiketa (Epaitegia ikusten da eskenatokian. ATSO bat azaltzen da publikoaren artean). Atsoa: Barkatu, hau da 12. Aretoa? (RAVELLIri) Gazte, hau da hamabigarren aretoa? RAVELLI: Bai, jakingo ez dut ba! Lehenengo aldia da etortzen naizena! Atsoa: Ez duzu jakingo non dagoen saltxitxeroa, ezta? RAVELLI: Saltxitxeroa? Astindu egin zuten gizajo hori? Bai, nire jefearen bezeroa da. Begira, hortxe duzu! (Ikusle bat seinalatuz) Atsoa: Klaus Hofman Junior! Nola utzi zaituzten! Baina ez larritu, nik den dena ikusi nuen eta merezi duten zigorra jasoko dute. Ze triste gauden orain zure saltxitxa posturik gabe! Begira, auzotegiko guztien artean kapelatxo hau erosi dizugu, (buruan jartzen dio) bestea oso zaharturik zegoen eta. Ai, ene! Ganberro halakoak! RAVELLI: (Juradoko -ikusle multzoa- partaideei) Zuek badakizue zer egin behar duzuen. Arreta handiz entzun dena, eta gero nire jefeak eskatzen duenari oneritzi, baina horretaz neu arduratuko naiz (Guztiei) Eta orain denak zutik, epaile jauna dator eta. (ATSOari) Isilik, mesedez, epaile txit agurgarria datorrela, andere! Atsoa: Andereño! (ASTOLFI azaltzen da). RAVELLI: Astolfi! Zer egiten duzu hemen! (Belarrira zerbait esaten dio). Ah, oso ona! Kasua irabazita daukagu. Eta orain abokatu jaunak dauka hitza. (FLYHWEEL sartzen da). FLYWHEEL: Epaiketa hau engainu hutsa da, amarru lotsagarria. Sekula ez dut ikusi honelako fartsarik! RAVELLI: Eh, jefe, ez dela oraindik hasi! FLYWHEEL: Eskerrak, berandu nentorrela uste nuen. (ASTOLFIri begira, gero publikoari) Ikusi duzue nik ikusten dudana? Tira, zer genuen... (Karteratik bokadiloa atera, papera kendu eta irakurri egiten du). Ah, astindu zuten saltxitxeroaren kasua, oso ona! Protesta egiten dut! RAVELLI: Zer diozu, jefe? FLYWHEEL: Ez zait besterik okurritu. RAVELLI: Ba neuk ere egiten dut protesta. FLYWHEEL: Ederto. Berdinketa, orduan. Epaile jauna, eraman ezazu markadorea. Hemen duzue saltxitxero bat. Gizon zintzoa da. Agian tentela ematen du, baina ez nahastu, sakonean tentel hutsa da. Horregatik astinduko zuten. Eta nork astindu zuen? Mundu guztiak daki nork astindu zuen. Ravelli, nork astindu zuen? RAVELLI. Giovanni Kamorrak, jefe! Atsoa: Bai, hor dago, (Ikusle bat seinalatuz) Giovanni Kamorra, saltxitxeroa astintzeko agindu zuena. Oso ondo ezagutzen dut, asesinoa, koldarra, nik erakutsiko dizut! RAVELLI: Anderea, jezarri. FLYWHEEL: Epaile jauna, Habeas Corpus bat eskatzen dut. (4STOLFik tetera bat ateratzen du). Ez lotsatu, neuk ere ez dakit zer den Habeas Corpus bat. Datorrela lehenengo lekukoa. (ATSOA etortzen da). RAVELLI: Zin dagizu egia eta gezurra baino ez duzula esango? Atsoa: Baina hau telefono listina da. RAVELLI: Bai, baina oso lodia da. FLYWHEEL: Zuregana makurtzen ditugu belarriak, andrea. Atsoa: Andereño! Nik den dena ikusi nuen. Lehengo egunean gizon batzu etorri ziren eta saltxitxeroari postua apurtu zioten. Gero saltxitxeroa danba eta danba jo zuten konorterik gabe lurrean zapo utzi arte. Baina nik oso ondo ezagutzen ditut gizon horiek, eta euren jefea ere. Hor dago, Giovanni Kamorra, asesinoa, asesinoa! gizon horrek ez du bizitzea merezi! (Kolpeka hasten da). RAVELLI: Lasai anderea, eseri zaitez. FLYWHEEL: Ravelli, non dago Giovanni Kamorraren ahokatua? RAVELLI: Ez dauka, jefe. Hamar mila dolar eskeini omen du baina ez du topatu hiri osoan bera defendatzeko adina gibel duen abokaturik. FLYWHEEL: 10.000 matxakante entzun dut? Jaun andreak, orain ez du hitzegiten FLYWHEEL abokatuak, orain Flywheei gizasemeak hitzegiten du, giza eskubideen defendatzaileak. Agian okerra da Giovanni Kamorrari buruz duzuen iritzia. Gauza bi daukat esateko: lehenengoa ez dela inoiz kartzelan egon eta bigarrena, ez dudala ulertzen zergatik. 30 aldiz detenitu eta 29tan baino ez dute kondenatu; horrek mutiko zintzoa dela esan nahi du. Eta badakit hau ez dela aparteko diskursoa izan, baina zuek ere ez zarete beste munduko publikorik. Giovannirentzat askatasuna eskatzen dut, eta saltxitxeroari dagokionez, bere aitarentzat kartzela toki ona izan bazen, zergatik ez berarentzat? Hamar urte. RAVELLI: Ba zuk hamar urte eskatzen baduzu, nik beste hamar. FLYWHEEL: Hogei horiek ikusten ditut eta beste hamar gehiago. RAVELLI: Hogetamar, orduan. Zer duzu? (Kartak ateratzen dituzte). FLYWHEEL: Full. RAVELLI: Koloretako eskilara. lrabazi dut, hogetamar urte. Epaile jauna, ados zaude? Bai! Hogetamar urte, jefe, irabazi dugu. Atsoa: Ez dago eskubiderik! Zer da hau baina? Ze abokatu modu zara zu, ba? (Korrika ateratzen dira hirurak). 2. Ekitaldia. Greba. (Balkoi batetik. FLYWHEEL azaltzen da bozgorailu batez) FLYWHEEL: Non daude grebalari hauek? (Barruan dagoen bati) Pinkerton, geranio hauei ura falta zaie. (Balkoiaz bestaldean dauden grebalariei) Flywheel naiz, enpresak kontratatu duen abokatua. Zuen ugazabari dirua eskatu nahi diozuela entzun dut. Ondo dago hori. Ugazabak zuei dirua eskatzen dizue, ala? Ez jaun andreak, oker zaudete, diruak ez du zoriona ematen, eta zorionak ez dizue dirurik emango. Gauza bat agintzen dizuet: lantokira bueltatu eta lanar¡ gogor ekiten badiozue diruaz ahaztuko gara. Zoazte lanera eta ez zaitezte soldatagatik arduratu, dena dela ez duzue kobratuko... salarioaren esklabu izan nahi duzue? Kapitalismoaren morro¡? Ez, libre nahi zaituztet. Ez dago askatasuna bezalakorik, salario ona izan ezik. Zuek denbora alferrikaltzen ari zareten bitartean, hor dago Pinkerton, bera bakarrik ofizinan. Hogei urte lanean enpresaren onerako. Egun bakar bat ere huts egin gabe, greba bakar bati ere lotu gabe. Pinkerton, enpresak bere esker ona adierazteko erregali bat egin dizu. Hasieran zera pentsatu zuten, alpiste sakutxo bat erostea, baina garestiegia zen, ulertuko duzu, eta azkenean, hauxe aukeratu dute (Sobre bat atereaz). Begira, zure kanporatze gutuna da. Hunkigarria. Pinkerton, kale gorrian zaude, joan baino lehen, ureztatu geranioak. 3. Ekitaldia. Ofizinan. (FLYWHEEL Sartu eta ASTOLFI eta RAVELLI mahai gainean lo ikusten ditu. Telefonoak jotzen du. FLYWHEELek biak mahaitik bota eta telefonoa hartzen du). FLYWHEEL: Hemen Rufus Tecumseh Flywheel. ltxaron une baten. Astolfi, Ravelli, gaur astelehena da, bihar asteartea eta etzi asteazkena. Aste erdia pasatu da eta zuek oraindik mahai gainean lo. Zergatik ez zarete ministeritzara joan? RAVELLI: Ahaztu egin zaigu leihatilaren numeroa, jefe. FLYWHEEL: 127.a. RAVELLI: Ah! Oso erreza da. Astolfi, goazen, 235.a da. FLYWHEEL: (Telefonoz) Barkatu, zer nahi zenuen? Tilson? Aita ala sernea? Ez dakizu? Altua ala bajua da? Bajua... Orduan Tilson semeaz ari zara, barkatu baina hemen ez da Tilsonik bizi, okerreko numeroa markatu duzu. 4. Ekitaldia. Ministeritzako ofizina batetan. RAVELLI: Hemen da. Eh, zabaldu, ez da oso erosoa paperak kristaletik pasatzea. Bokadiloa jaten, akaso? Truke bat egingo dugu, zuk konpondu gure paperen kontua eta gu arduratuko gara bokadiloaz. Eh! Ez dugu egun osoa, honezkero ofizinan egon behar genuen, mahaiaren gainean lo. Astolfi, atera ezazu artileria. Lasai, txantxetakoa zen, eta gu ez gaude txantxetarako. Ah, hor zaude? Bulego polita! Ederto. Tori, paper hauek fotokopiatu ditugu, fotokopiak konpultsatu eta konpultsazioak bikoiztu. Dena dagoela uste dut. Paper hauetan hiru seilu eta zazpi tanpon ipini ditugu. Beste hauetan zazpi seilu eta hemeretzi tanpon. Ah! Jaso zenuen instantzia? Oso ondo prestatu genuen. Bi kopia egin eta originala erre genuen. Eta gero bi kopiak ere erre egin genituen. Sobrea hutsik bidali genuen, seilurik gabe, baina lasa¡, suertea izan genuen: inork ere ez gintuen ikusi buzoian sartzerakoan. Ah, paper hauek oso inportanteak dira, beraz bota itzazu paperontzira. Nahiko toki badago, sar zaitez zeu ere. Beste hauekin egin nahi duzuna. Bukatzen duzunean erre ezazu dena. Zer, badago? eh, noiz esan behar diguzu zerbait falta dela? Ez zaigu ezer falta? Astolfi, entzun duzu? Funtzionari hau burutik eginda dago! Ez dit ba esan ez dela ezer falta? Goazen! 5. Ekitaldia. Subasta. (Subasta aretoan) FLIWHEEL: Ravelli, berandu zatoz. RAVELLI: Barkatu, jefe, nire arrazoiak ditut. Beranduegi atera naiz goiz helzeko. FLIWHEEL: Ah! Badakizu zer egin behar duzun subastan? RAVELLI: Horixe ezetz, jefe. FLIWHEEL: Norbaltek ehun esaten badu, zuk berrehun esan, norbaitek berrehun esaten badu, zuk hirureun, eta abar. RAVELLI: Oso erreza da hori, jefe. Eta norbaitek hirurehun esaten hadu, nik laurehun... Eta inork ezer esaten ez badu? FLIWHEEL: Orduan zeu hasi. RAVELLI: Eta nola jakingo dut inork ez duela ezer esaten? FLIWHEEL: Hara bestea! Entzungo duzu, ezta? RAVELLI: Eta adi ez banago? Bale; bale, banoa... FLIWHEEL: Jaun andreak, hasiera emango diogu estafa honi. (ASTOLFi azaltzen da Monalisa dakarrela) Emakumezkoa ematen duen arren, bere benetako izena Leonardo da, eta trabestismo areto batetan egiten du lan. Nork eskeintzen du zerbait mamarratxo honengatik? RAVELLI: 100. FLIWHEEL: Ederto! Jaun batek 100 eskeini du. Nork eskeintzen du zerbait gehiago? RAVELLI: 200! FLIWHEEL: Oso ondo! Beste jaun batek 200 eskeini du. RAVELLI: 300.... 400.... 500. FLIWHEEL: Hau amaitzekotan dago. (RAVELLIri) Mailukada besterik ez zait falta, baina horretaz gero arduratuko naiz. RAVELLI: 600, 700, 800, 900, 1000... Bost axola niri! FLIWHEEL: Salduta «Bost axola niri» jaunari 1000 dolarretan, lehenengoan, bigarrengoan eta azkenengoan (mailukadak zarata arraroa egiten du). Egon une baten, jaun andreak. Mailu hau ez da erreglamentarioa. Berriro has¡ beharko dugu subasta. Non dago benetako mailua, Astolfi? (Eman agiten dio) Ederto. Nork eskeintzen du zerbait orain? (ASTOLFI publikoaren artean mugitzen da, eta jendearen besoak altxarazten ditu, dirua eskeintzera behartuz. Bide batez eskua poltsikoan sartzen die). RAVELLI: 200! FLIWHEEL: Jauna, erretraturako erosi zuen pelukak 200 baino gehiago bailo du! ASTOLFI: (Publikoaren artean eskuaz numeroak adieraziz. 300). FLIWHEEL: 300... RAVELLI: 400! FLIWHEEL: Ravelli, kendu ezazu korbata hori, bestela berarekin urkatuko zaitut! ASTOLFI: (500) FLIWHEEL: 500... RAVELLI: 600. FLIWHEEL: Ravelli, soldata igoko dizut! RAVELLI: Milesker, jefe. FLIWHEEL: Ez horregatik. Botatzen zaitudanean tristeago egon zaitezen egiten dizut. ASTOLFI: (700) FLIWHEEL: 700. RAVELLI: 800. ASTOLFI: (900) FLIWHEEL: 900... RAVELLI: 1000. FLIWHEEL: Ea, ba ... 900 eskeini duenak 1100 eskeiniko luke orain? Eta 700 esan duenak? 500 esan duenak 500 esango luke orain? Eta 300? Eta 100, Eta 1O? Dolar bat? RAVELLI: Bah! Eta berak bat esaten badu, nik bi. Berak hamar eta nik hogei. Behin hasiz gero, ez dago ni geldiarazteko modurik! FLIWHEEL: Ravelli, beti pentsatu dut zuregandik zerbait atera zitekeela. Gogora egidazu begiak atera behar dizkizudala. (ASTOLFI azaltzen da eta kartera pilo bat uzten du mahai goinean). RAVELLI: Nondik atera duzu hori, Astolfi? (...) Publiko artetik? FLIWHEEL: Jaun-andreok, hemen lapurketa bat egon den susmoa daukat, eta abokatua naizen aldetik, kasu hau argituko dudan hitza ematen dizuet. Delituaren frogak eramango ditut aztertzera. Agur Ben Hur! 6. Ekitaldia. Hautagaia. (Telefono hotsa. FLYWHEEL sartzen da) FLYWHEEL: Bai esan? Itxaron luma eta papera hartuko dut. Esan... Nola? Ziur zaude? Ez duzu uste azkarregi erabaki duzula? Pentsa ezazu gero damutu zintezkeela... Tira, hala nahi baduzu... Hondoratua... Orain nire txanda: F-12.a. Ura? (ASTOLFI eta RAVELLI dotore jantzita azaltzen dira publiko artetik eta Kamorrarekin mintzatzen dira). RAVELLI: Begira, Kamorra jauna, ze ondo gastatu dugun eman diguzun dirua! Ah, eta dena prest dago: irratiak, telebista, egunkariak... Dena erosita dago. Lasai egon, 15 egun barru zure gizona presidente izango da. Konbidatuko zaitugu jai guztietara. Ikusi arte! (Bulegora sartzen dira) Jefe! Begira zelako puroa. FLYWHEEL: Norekin ari zara, nirekin ala zaldiarekin? RAVELLI: (Bileteak erakutsiz) Eta dirua? eh? FLYWHEEL: Ez daude txarto faltsuak izateko... RAVELLI: Ez dira faltsuak! Zure argazkia ikusi nahi duzu biletetan? FLYWHEEL: Nahiago nuke Lana Turner-ena ikustea... RAVELLI: Ba laster agertuko zara bilete horietan. Presidente izateko aurkeztuko zara, jefe. FLYWHEEL: Momentu bat: nire barku partida presidente izango naizela esateko galerazi duzue? RAVELLI: Bai, jefe. Giovanni Kamorrarekin egon gara eta dena prest dago. Diru guzti hau ez da hasiera baino. Dena erosita dago: Irratiak, telebista, egunkariak.. Laster zure izena neonezko letretan ikusiko duzu: Flywheel Presidentea. FLYWHEEL: Dagoeneko ikusten dut: Rufus Tecumseh Flywheel Presidentea. RAVELLI: Eta Ravelli bere pasantea. (Mitin musikala burutzen dute. Mitina bukaturik irratian, FLYWHEEL nazioko presidente berria dela entzuten da. Musikaz ospatzen dute) HIRUGARREN ESKENA (Presidentearen bulegoan. Bulegoa hutsik dago. Emakume bat azaltzen da eskuan transmisore bat daramala. Transmisoretik mintzatzen da). KAZETARIA: Hemen Saguzar 25, Saguzar 25. Hartzaren kobazuloan nago, Hartzaren kobazuloan nago. Konexioa irekita uzten dut. (Mikrofonoa mahai azpian izkutatzen du. RAVELLI azaltzen da). Kaixo! RAVELLI: Kaixo! KAZETARIA: Sara O'Connell naiz, Stupid Reporter egunkarikoa. Presidente jaunarekin izateko nintzen. RAVELLI: Ah, Sara... Ba ni presidente jaunaren pasantea naiz, Emananuel Ravelli. KAZETARIA: Eta non dago Presidentea? RAVELLI: Batzartuta. KAZETARIA: Gobernukideekin, akaso? RAVELLI: Ez, bera bakarrik. Praktikatzen ari da, lehenengo eguna denez... KAZETARIA: Mesede bat egingo al didazu? Joan eta esaiozu hemen nagoela. RAVELLI: Bai, aretoa txukundu eta berehala esango diot. KAZETARIA: Benetan eskertuko nizuke. RAVELLI: Badakizu, edozertarako hemen naukazu (Badoa, ASTOLFI azaldu eta neskari segika hasten da. RAVELLI sartzen da). Astolfi, gero jolastuko duzu, orain hau bukatu behar dugu, agudo! Barkatuko diozu, Astolfi da, nire anaia. Tentel xamarra ematen du, baina ez da azkarregia. Beti egoten da lo. Ni diferentea naiz, ni ere beti egoten naiz lo. (ASTOLFi sartu eta besotik heltzen dio kazetariari. FLYWHEEL sartzen da). FLYWHEEL: Kanta dezatela Atenaseko Vestalek. Txirula jo dezatela fauno eta zentauroek. Piztu dadila Atlantidako sutea. Etor daitezela agurtzera orangutanak. KAZETARIA: Zu zara presidente jauna? FLYWHEEL: Lehenago erantzun honi: zu zara presidentearen emaztea? KAZETARIA: Ez horixe! FLYWHEEL: Orduan, ba¡, presidentea naiz. Baietz asmatu zu nor zaren. KAZETARIA: Nor naiz bada? FLYWHEEL: Ondo dago, errenditzen naiz, nor zara? RAVELLI: Sara O' Connell, Stupid Reporter egunkarikoa. KAZETARIA: Galdera batzu egin nahi nizkizuke. FLYWHEEL: Egizu tiro. KAZETARIA: Zer egingo duzu zure lehenengo lan egunean? FLYWHEEL: Lo kuluska bat egingo dudala uste dut (ASTOLFI eta RAVELLi bera baino lehenago jezartzen dira besaulkian) Zuek ere egin dezakezue, kargurik eskuratu nahi ez baduzue... KAZETARIA: Ze kargu emango diezu zure laguntzaileei? FLYWHEEL: Hemen duzue Astolfi, zintzoa eta maltzurra, ausarta eta beldurtia, altuegia bajua izateko, tentela ematen du eta susmo guztiak konfirmatzen ditu, usa¡mena, ehizatxakurrarena du, eta gainontzeko kualitateak ere txakurrarenak direla esan daiteke. Astolfi, kanpo arazoetarako ministro izendatzen zaitut, tori hau (Banda bat ipintzen dio) Besarkada bat, lagun. (ASTOLFi, negarrez, listin orri bat hartzen du sikatzeko) Eh, kontuz! Hori zure aberriaren telefono listina da, errespetu handiago! Zure kargua ohorez betetzea zin dagizu? KAZETARIA: Eta Ravellik ze kargu hartuko du? RAVELLI: Hori, nik zer? FLYWHEEL: Ez dakit hortik zerbait izango dudan... Ea ba... (Kromoak atereaz) Zapatari, berunkari, botikari, kantari, sermolari, arrauniari, salatari, igerilari, andramar¡... RAVELLI: (RAVELLI guztietan «badaukat» esaten aritu da) Zer da hori? FLYWHEEL: Barne ministroa. RAVELLI: Hori ez daukat! FLYWHEEL: Ez dakit ba, horretarako gauza izango zaren. RAVELLI: Egidazu galdera bat. FLYWHEEL: Zein da alfabetoaren lehenengo letra? RAVELLI: Eman pista bat. FLYWHEEL: Galdera zailegia da? RAVELLI: Ez, galdera erreza da; erantzuna da zaila. FLYWHEEL: Zuretzat kargua. (Banda bat ipintzen dio. ASTOLFlk kendu agiten dio) Astolfi, zer egiten duzu hemen? Horretarako pagatzen dizut? Kanpoarazoetarako ministroa zara. Joan zaitez kanpora ea arazorik dagoen. Ez badago, bilatu itzazu zeuk. KAZETARIA: (RAVELLIri) Ministro jauna, zein izango da zure lehenengo lana? FLYWHEEL: Zergatik ez duzu konstituzioa birmoldatzen? KAZETARIA: Bai, eta nik argazki bat aterako dizut sinatzen ari zarela. RAVELLI: Ondo da. Zati hau bota egingo dugu. Honetaz erreferenduma egingo dugu, honetaz plebiszitoa eta honetaz armnistizioa. Hau hemen ipiniko dugu, indize hat kalkulatuko dugu. Ez, hobeto indize bi. FLYWHEEL: Ravelli, mutiko zintzoa izan zaitez. Utzidazu zerbait sinatzen, ez duzu ikusten neska zain dagoela? RAVELLI: Zer emango didazu trukean? FLYWHEEL: Domina bat. Lehenengo jaunartzearena da. (Sinatu egiten du) Zer deritzozu sinadura honi? Nire aitonarena da. Astebetez lb¡l¡ naiz praktikatzen. Eh, ederto geratu da konstituzioa! (ASTOLFi sartzen da). RAVELLI: Zer gertatzen da? Zera dio. Atzo etsaien presidentea hitzaldi batetan egon zela eta zitala, traidorea, lapurra, koldarra eta tortotxondoa zarela esan zuen. FLYWHEEL: Nola? Hori esan zuen? RAVELLI: Hala da, jefe. FLYWHEEL: Tortotxondoa, eh? Tortotxondoa! Zuek badakizue zer den tortotxondoa? RAVELLI: Baina jefe, lau urteko haurrek ere badakite zer den tortotxondoa. Badago hemen lau urteko haurrik? Nik ez dut idearik ere. FLYWHEEL: Zerbait egin beharko dugu. Astolfi, bidali egiozu mezu hau arkakuso horri. Etsaien presidente jauna: ordubete ematen dizut barkamena eskatzeko. Ordubete barru ez banu erantzunik jasoko, barkamenik eskatzeko asmorik ez duzula ulertuko dut. Beraz, eta barkarnena eskatzeko asmorik izango ez duzunez, ahaztu dezagun kontu guzti hau. (ASTOLFi joan egiten da) KAZETARIA: Oh, Ravelil jauna, hau ziraragarria da. RAVELLI: Ez beldurrik izan, Sara... FLYWHEEL: Ravelli, joan zaitez ea emakumeek lehengo moduan maite nauten ikustera. (RAVELLI joan egiten da) KAZETARIA: Guzti hau nazioarteko gatazka bilaka daitekeela uste duzu? FLYWHEEL: Ez larritu, nire amodioa ez da itzaliko. Nirekin ezkondu nahi duzu? Baietz esan eta korrika aterako naiz. (ASTOLFi sartzen da. Pantomimaz azaltzen da). Etsaiak trintxerak egiten ari direla? Ederto, guk ere izango ditugu. Pretabrikatuak erosiko ditugu. Astolfi, honainokoak (gerriraino) erosi, horrela ez dugu soldaduentzako prakarik erosi beharko. Hobe, honainokoak (buru gainetik) erosi eta orduan ez dugu soldadurik erosi beharko. (ASTOLFI joan egiten da) KAZETARIA: Presidente jauna... FLYWHEEL: Ez egidazu presidente deitu, de¡ nazazu nire kuttuna eta nik nire moñoñoa deituko zaitut. (RAVELLI azaltzen da. Mangera eta suhiltzaileen kaskoa darama). RAVELLI: Jefe, nazioaren egoera gori gori dago. Suteak daude edonon. lparraldean, hegoaldean, mendebaldean, ekialdean... Zer deritzozu? FLYWHEEL: Sabotaia da! RAVELLI: Zer egin dezakegu? FLYWHEEL: Hummm... Zergatik ez dituzu amatatzen? RAVELLI: ldeia bikaina, jefe. (Badoa eta bueltan, bila hasten da) Jefe, non dago txorrota? FLYWHEEL: Hau konfidentzia bat da: aurrera jo eta eskuinera (RAVELLi joan egiten da) KAZETARIA: Ze armarnentu mota duzu gerrari aurre egiteko? FLYWHEEL: Erantzun baino lehen, badakit agure txotxolo sentimentala naizela pentsatuko duzula, baina, emango zenidake zure ilearen txortatxo bat? Ez haserretu! Hasieran peluka osoa eskatzea pentsatu dut! (ASTOLFi azaltzen da. Pantomina agiten du). Horiek dira etsaien planak? Ederto. Non dago gure armamentua? Ez dugu? ldatzi karta bat. Acme konpainiari. Jauna, interrogazioa. Ez dut gogoratzen armak eskatu nizkizun ala ez. Eskatu banizkizu ez dizkidazu bidal¡; bidali badituzu ez ditut jaso. Jaso baditut, pagatu ditut eta pagatu ez baditut ez ditut inoiz pagatuko. Musuak eta abar eta abar... (ASTOLFik besarkada bat ematen dio ezer ere ulertzen ez duelako) KAZETARIA: lzkutuko arma bat prestatzen ari zarela entzun dugu. Egia da hori? FLYWHEEL: Badakizu zergatik zaitudan gustokoa? Zuk zeure burua ekartzen didazulako gogora: zure begiek zeu ekartzen didate gogora... Zure ezpainek zeu ekartzen didate gogora... Zure begiradak zeu ekartzen dit gogora... Zuk daukazun guztiak zeu ekartzen dit gogora, zuk zeuk izan ezik. (RAVELLI azaltzen da. Flotarore bat gerrian). RAVELLI: Jefe, egoera itogarria da. Suteak itzali ditugu, baina orain uholdeak dira. lparraldean, hegoaldean, mendebaldean, ekialdean ... eta erdialdean ere ... Zer egin ahal dugu? FLYWHEEL: Zergatik ez duzu isurbidearen tapoia kentzen? RAVELLI: Tapoia? Ez da ideia txarra. Banoa ziztu bizian. Non dago? FLYWHEEL: Konfidentziaz, aurrera jo eta eskumara. (RAVELLI joan egiten da) KAZETARIA: lstiluak gertatuz gero, zein litzateke zure estrategia? FLYWHEEL: Oh, hemen zaude! Zergatik ez dugu prendetan egiten? (ASTOLFI sartzen da Sherlok Holmes-en jantziekin. Joan egiten da). RAVELLI: Jefe, porrot egin dut. Gogoan duzu poterera igo zintuen herria? FLYWHEEL: Eman pista bat... RAVELLI: Bai, herria, hauteskunde egunean zure izena aldarrikatzen zuten umeak, gizonak, emakumeak... FLYWHEEL: Ah! Orain gogoratzen naiz! RAVELLI: Ba honezkero ez daude. Zuk esan zenidan moduan, tapoia kendu eta kainerian behera joan dira guztiak. FLYWHEEL: Ez da bakar bat ere geratu? RAVELLI: Bat bera ere ez, jauna. Zer egingo dugu? FLYWHEEL: Populu berria erosi beharko dugu. RAVELLI: Ez da idela makala. Non saltzen dute? Ez esan! Aurrera jo eta eskumara. FLYWHEEL: Ez, aurrera jo eta eskumara. (ASTOLFi azaltzen da eta biak zerbaiten bila hasten dira). KAZETARIA: Presidente... FLYWHEEL: Erregali bat daukat zuretzat. Eraztun bat. Salbaje bati atera nion sudurretik, ondo egokituko zaizu beraz. KAZETARIA: Barkatu, baina ezin dut onartu. FLYWHEEL: Beste gizon bat maite duzu? Esaidazu nor den berehala! KAZETARIA: Zer egin nahi diozu, ba? FLYWHEEL: Eraztuna saldu. RAVELLI: Jefe, begira zer aurkitu dugun! Mikrofono bat! Gure zelatan ibili dira! FLYWHEEL: Ez da zure senarra izango? (Mikrofonoari) Ez dakit nor zaren, baina tortotxondo galanta zaren susmo guztiak ditut. (Telefono hotsa). RAVELLI: Bai? (Telefonoa entzun ondoren) Jefe, etsaien presidentea da. Ea hori errepikatzera ausartzen zaren esan du. FLYWHEEL: Nola ez? Tortotxondo halakoa! Badakizu zer entzun dudan? Egunkari postuan lapurtu eta pokerrean tranpak egiten dituzula. Eta gaur urnore oneko nagoenez, gerra deklaratzen dizut, ze arraio! Gerra da! Aberkide ausartak! Zuen odola aberriaren alde ¡surtzera zoazten horiek. Hilabete honetako soldata, gatazkalekuan kobratuko duzue. Bere hanketan sostengatzeko gauza den edonork bere fusila hartu eta frontera joan beharko du. Gogoan hartu zuen amak begira izango dituzuela, telebistatik, birugarren kanalean, etsaiaren kortesiagatik. Gerrara denok! Etsaiari gerra! KAZETARIA: Horixe, etsaiari gerra! (Pistola atera eta tiro egiten du, baina huts egiten du. ASTOLFik pistola kendu eta flauta bat ipintzen dio eskuan. Aurrerantzean kazetaria FLYWHEEL akabatzen saiatuko da. ASTOLFIk libratuko du azken momentuan). FLYWHEEL: Esaidazu, ispilu majiko honek, badago ni baino ausartagoa den presidenterik? Ozenago, ez dizut ezer ere entzuten! (KAZETARiAri) Ah, hemen zaude! Zergatik ez didazu amurrainaren kintetoa jotzen? Jo egidazu orduan zalduneriaren zazpigarrena. (RAVELLI azaltzen da saltzen). RAVELLI: Merke-merke merkromina. (Kapela bat ere badauka salgai). FLYWHEEL: Ravelli, zenbatetan dago kapela hori? RAVELLI: Bost dolarretan, baina zuri lagunaren prezioa egingo dizut: hamar dolar. FLYWHEEL: Ederto. Niretzat. (ASTOLFi azaltzen da, eskuan labana duela. KAZETARiAk labana hartzen dio). Astolfi, zelan doa hori? Gogoan izan, zu frontean dibertitzen ari zaren bitartean, zuregatik sufritzen ari den gizon bat dagoela hemen. (ASTOLFi joan egiten da) KAZETARIA: Zelan sentitzen zara une latz honetan? FLYWHEEL: Adoretsua naiz. Hori nire birraitona zen Willlam Tecumseh Flywheeli zor diot. Bizirik balego, mundu guztiaren ahotan ibiliko zen. KAZETARIA: Zergatik ba? FLYWHEEL: Bizirik balego, 150 urte izango zituelako. Baina orain gogoratu dut! Dentistarekin neukan zita gaur. Ze deabru, galdu egin dut. (RAVELLI azaltzen da. Armadura bat du saltzeko) Ravelli, kasko hori? RAVELLI: Gustatzen zalzu?. Inportatua da. FLYWHEEL: Ez zait inporta. RAVELLI: Ordaindu egin beharko duzu portea. FLYWHEEL: Zelako sortea! (Bitartean ASTOLFIk labana kendu eta bozina ipini dio eskuan KAZETARiAri) Ah! Hemen dago nire ahatetxo maitea! KAZETARIA: Bonbatxo hori emango zenidake, Ravelli? RAVELLI: Zure hitzak aginduak dira niretzat. Hamar dolar. Jefe, irabazi nahi dituzu txanpon batzu? Egizu apostu. FLYWHEEL: Ze apostu mota? RAVELLI: Gerrari buruzkoak. FLYWHEEL: Noren alde daude? RAVELLI: Gure alde, baina gure artean esango dizut: gerra galdu egingo dugu, jefe. FLYWHEEL: Orduan etsaien alde egingo dut apostu. 10.000 matxakante. RAVELLI: Tori erreziboa. (Joan agiten da) KAZETARIA: Zer gertatuko da gerra galtzen baduzu? FLYWHEEL: Gerra? Ze gerra? (ASTOLFi azaltzen da. Bonba hartzen du eta txupatxups bat ematen dio. Kazetariari:) Hemen zaude? Maite zaitut! KAZETARIA: Gezurra da hori... FLYWHEEL: Bai, baina ez dit axola gezurrik esateak horrekin zerbait lortzen badut. (RAVELLI azaltzen da). RAVELLI: Begira, jefe, udarako kapela. FLYWHEEL: Zenbat? RAVELLI: Hamar dolar. FLYWHEEL: Zelako eskandaloa! Ondoko dendan 20 dolarretan ikusi dut. RAVELLI: Bai, baina hor errebajetan daude. FLYWHEEL: Ah, beno. RAVELLI: Jefe, gero eta seguruagoa da. Gerra galduko dugu. Joka ezazu daukazun diru guztia. FLYWHEEL: Ez daukat gehiago, baina zergatik ez duzu Banku Nazionaleko urrea erabiltzen? RAVELLI: Ederto, tori erreziboa. (Badoa). KAZETARIA: Presidente jauna, zer esan nahi didazu bukatzeko? (KAZETARiAk bandera mastila hartu eta azkona moduan erabiltzen du) FLYWHEEL: Hau emakumeentzako mezua da: emakumeak, gogoan zaituztet. Ezin dut ahaztu gure gizonik baliotsuenen ama gehienak emakumezkoak zirela. (RAVELLI azaltzen da. ASTOLFIk bitartean eskoba bat jartzen du mastilaren muturrean) RAVELLI: (Napoleon kapela erakutsiz) Jefe, begira kapela honi: Waterlooko gatazka lekuan aurkitu dut, zuretzat da. FLYWHEEL: (KAZETARIAri) Zergatik ez duzu eskobatzen mahai azpian? Hauts gehiena bertan pilatzen da. (ASTOLFI azaltzen da) RAVELLI: Zer gertatu da? Irabazi dugu? Galdu dugu!!! Eh, jefe, noren alde egin zenuen apostu? FLYWHEEL: Ez nazazu huskeria horiekin molestatu orain. RAVELLI: Jefe, etsaien alde egin zenuen apostu, beraz, aberatsak gara! (DENAK pozten dira). (KAZETARIAri) Zeuk ere egin zenuen apostu etsaien alde? KAZETARIA: Ez, ez nuen inolako aposturik egin. RAVELLI: Zergatik pozten zara orduan? KAZETARIA: Nire nazioak irabazi duelako. Ni etsaien espia naiz. RAVELLI: Irabazi duzu orduan! Zorionak. (DENOK zorionak eman, poz-pozik, mahai gainean estatua epikoa osatuz). FLYWHEEL: Aberkide maiteok. Nire aitak esan ohi zuenez... edo nire osaba Txarly ote zen? Ez, ez zen nire osaba Txarly izan, nik ez daukat osaba Txarlyrik. Beno, berdin da nork esaten zuen, zer esaten zuen ahaztu zait eta!. Musika eta Amaiera