EKIALDEKO KONTAKIZUNAK (Itzulpena: X. Galarreta) (c) Marjinalia Bilduma (c) Xabier Galarreta 1995. urtea (abuztua) Azala: "Pintaturiko botila". R. M. Zuzenketak: X.G. eta Mª J.Y. Legezko Gordailua: SS-253/99 Galtzaur kalea, 19-4.D 20115 - Astigarraga XABIER GALARRETA EKIALDEKO KONTAKIZUNAK MARJINALIA BILDUMA Eta hurrengo gaua heldu zenean... Bere betiko zentzutasun eta zuhurtziaz, horrela hitz egin zion Schehrazadak Schahriar erregeari, Indietako eta Txinako erregeari: «Dena den, ez pentsa -o errege dohatsu horrek- istorio hau segidan kontatuko dizudana baino hobea denik». Eta Schahriar erregeak galdegin zion: «Zer istorio da hori?». Eta Schehrazadak erantzun zion: «Besteak baino askoz harrigarriagoa da! Kontatuko dizut, o jauna!, nekatuegi ez bazaude, eta zure baimenarekin». Orduan, erregeak esan zuen: «Nire baimena duzu. Entzun dezagun bada!». Eta Schehrazada bere istorioa kontatzen hasi zen. Farseko erregeen artean ba omen zegoen errege jator bat, eta asko gustatzen zitzaion ondo pasatzea, bere lorategitik egurastea eta ehizara joatea. Diotenez, ehiztari amorratua zen eta berak hezitako belatz bat zuen. Beti zeraman berarekin, bai gauez eta bai egunez ere, ukabilari urrezko kateatxo batez lotua. Ehizara joaten zenean, beti eramaten zuen. Belatzak urrezko edalontzi txiki bat zeukan lepotik zintzilik, eta hor edaten ematen zion. Behin batean, erregea bere jauregiko tronuan eserita zegoela, ehizaz arduratzen zen wekil-a beragana hurbiltzen ikusi zuen. Eta esan zion wekil-ak: «O mendeetako errege handi hori! Ehizan ibiltzeko garaia da». Orduan erregeak dena prestatu eta, belatza ukabilean, bisirra eta soldadu-talde bat lagun zutela, abiatu egin zen. Handik gutxira, ibai batera iritsi ziren, eta ehiza-sareak bertan hedatzeko agindu zuen erregeak. Ustekabean, sareen esparrura gazela bat sartu zen, eta erregeak hots egin zuen: «Norbaitek uzten badu gazela bere ondotik eskapatzen, bizia kenduko diot». Gazelaren atzetik hasi ziren, beraz, sareak estutzen. Baina gazela erregearengana hurbildu eta, unetxo batez lurrean makurturik, aurreko bi hankak aurrerantz luzatu zituen, erregearen aurrean lurrari musu eman nahi izango balio bezala. Erregeak eskuez txalo egin zuen, gazela izutu eta atzerantz ihes eragiteko asmoz. Gazelak, ordea, jauzi egin zuen, eta erregearen ondotik pasatuz, basoan ezkutatzera joan zen arin bai arin. Orduan, erregea bere soldaduengana joan eta soldaduek elkarri maltzurkeriaz begiratzen ziotela ohartuta, galdegin zion bere bisirrari: «Zer gertatzen zaie nire soldaduei?». Eta bisirrak erantzun zion: «Gazela bere ondotik eskapatzen uzten zionari bizia kentzea zin egin duzula esaten dute». Eta erregeak hots egin zuen: «Ala handiaren izenean! Goazen gazela horren atzetik, kosta ahala kosta harrapatu behar dugu-eta!». Zaldietara igota, gazelaren arrastoari jarraitzen hasi ziren, harik eta hura atzematea lortu arte. Belatzak gazelaren bi begiak mokoaz jo eta erdi-itsuturik utzi zuen. Hain gogor jo zuen mokoaz, non, zorabio eta guzti sentiarazi baitzizkion. Orduan, erregeak ezpata gerrikotik atera eta gazelari lepoa moztu zion. Gero, animalia hila ondo larrutu eta zelatik zintzilik jarri zuen trofeo gisa. Sapaberoa egiten zuen eta toki hura basamortua bezalakoa zen, lehorra eta urik gabea. Erregea egarri zen, eta zaldia ere bai. Beraz, ur-putzuren baten bila hasi ziren. Halako batean, zuhaitz batetik ur antzeko likidoa isurtzen ari zela ohartu zen erregea. Orduan, belatzak lepotik zintzilik zeraman urrezko edalontzitxoa hartu eta ur hartaz bete zuen. Eta hegaztiari eskaini zion, baina honek edalontzia hanka batez jo eta isurkia bota egin zuen. Bigarren aldiz saiatu zen, oraingoan berak edateko asmoz. Baina belatzak gauza bera egin zuen, hau da, edalontzia hankaz jo eta isurkia lurrera bota. Erregeari hura ez zitzaion batere gustatu eta haserre handia hartu zuen belatzaren aurka. Edalontzia hirugarrenez bete eta zaldiari edaten eman zion. Baina belatzak edalontzia hegoaz jo eta berriro isurkia irauli zuen. Orduan, erregeak esan zuen txit haserre: «Alaren zorigaitza zure gainean! Ez niri ez zaldiari utzi diguzu edaten. Eta zeuk ere ez duzu edan nahi izan. Hegaztien artetik hegaztirik esker txarrekoena zara!». Eta ezpata gerrikotik ateraz hegalak moztu zizkion belatzari. Orduan belatzak buruaz keinu bat egin zion, «begira zer dagoen zuhaitzean» esan nahian bezala. Erregeak gorantz begiratu eta suge bat ikusi zuen adar batean biribilkaturik, eta zuhaitzetik isurtzen zen likidoa sugearen pozoina zen. Orduan erregeari damutu zitzaion belatzari hegalak moztu izana. Eta belatza lurretik jaso, zaldira igo eta jauregirako bidea hartu zuen. Behin jauregira helduta, sukaldariari deitu eta esan zion: «Atondu ezak ongi gazela honen okela». Gero, belatza inoiz utzi gabe, tronuan eseri zen. Baina dardar bat eginda, belatz gaixoa hil egin zen. Eta erregea, hiltzetik salbatu zuen belatza bere eskuez hilda ikusirik, oihu mingarriak eta negar saminak egin zituen. Eta hori da Sindabad erregearen istorioa! Ondoren, Schehrazadak honako istorio hau kontatu zuen: Behin bazegoen errege bat, ehiza asko maitatzen zuena, eta errege honek seme bat zuen, eta baita bisir bat ere. Erregeak bisirrari agindu zion bere semea bistatik ez galtzeko eta berari laguntzeko beti, hura edozein tokitara joanda ere. Egunen artetik egun batean, semea ehizatxakurrak hartuta ehizara joan zen, eta noski, bisirra ere berarekin eraman zuen. Halako batean, basapizti izugarri bat ikusi zuten. Eta bisirrak esan zion erregearen semeari: «Zoaz pizti horren atzetik! Segi aurrera!» Orduan, printzea piztiaren atzetik abiatu zen, harik eta denen begien bistatik galdu arte. Bapatean, piztia basamortuan sartu eta ez zuen gehiago ikusi. Printzea harrituta zegoen, nondik-nora joan ez zekien eta. Ustekabean, negarka ari zen emakume esklabu bat topatu zuen. «Nor zara zu?» galdegin zion printzeak. Eta besteak erantzun «Indiako errege baten alaba naiz. Basamortua karabana batean zeharkatzen ari ginela, lotan gelditu eta zalditik erori naiz. Bakarrik eta abandonatuta nago hemen». Hitz horiek entzun zituenean, printzea emakumeaz errukitu eta hura bere ardurapean hartzea erabaki zuen, eta bere zaldira igotzeko esan zion. Baso txiki baten ondotik pasatzerakoan, emakume esklabuak esan zuen: «O jauna, pixagalea etorri zait eta zalditik jaitsi nahi nuke!». Printzea baso txiki horren ondoan gelditu eta bestea jaitsi egin zen. Baina gehiegitxo berandutzen ari zela ikusita, haren bila jo zuen isilka-misilka. Emakume esklabua banpiroa zen, eta bere seme-alabei esaten ari zitzaien: «Seme-alaba maiteak, ez dakizue zeinen mutil jatorra ekarri dizuedan!» Eta bere seme-alabek barreari eman zioten. «Ekarzazu, ama, ekarzazu eta irentsi dezagun!» oihukatzen zuten. Printzeak hori guztia entzun eta ikusi zuenean, hiltzera zihoalako dudarik ez zuen izan, eta gorputzak dar-dar egiten ziola bidera itzuli zen. Laster, banpiroa baso-zulo hartatik atera eta ohartu zen printzea beldur zela eta dardarka zegoela, eta galdegin zion: «Zeren beldur zara?». Eta printzeak erantzun zion: «Etsai bat topatu dut eta horren beldur naiz». Eta emakume banpiroak esan zion: «Printzea zarela esan didazu...». Eta printzeak: «Halaxe da, bai». Eta banpiroak: «Orduan, zergatik ez diozu zeure etsai horri dirurik eskaintzen? Bakean utziko zaitu eta». Eta printzeak ihardetsi zion: «Diruak ez du asetzen. Nire arima erauzita soil-soilik asebetetzen da. Horregatik beldur naiz, ez baita zuzena horrela hiltzea». Eta banpiroak esan zion: «Esan duzuna egia bada, eta norbaitek benetan jarraitzen badizu, eskatu Alaren laguntza zure etsaiaren aurka, eta Hark askatuko zaitu etsaiaren sorginkeriatik, eta bihotza berreskuratuko duzu». Orduan, printzeak begia zerurantz jaso eta hots egin zuen: «Oi Zuk, otoizka ari denari belarri egiten diozun Horrek, lagun iezadazu nire etsaia irabazten, urrun ezazu hura nigandik, nahi duzun guztia egiteko boterea daukazu eta!» Emakume banpiroa, hitz horiek entzun bezain laster, instantean bertan desagertu zen. Eta printzea bere aitarengana itzuli eta bisirrak emandako aholku txarraren berri eman zion. Eta erregeak bisirra hiltzeko agindu zuen. Eta bisir zital harenak egin zuen. Eta hurrengo gaua iritsi zenean... Schehrazadak honako istorio hau kontatu zuen: Jakin dudanez, oi zorioneko errege hori, arrantzale batek pitxer baten barruan preso zegoen efritari, jeinuari, zera esan zion: «Lehen babestu izan baninduzu, nik orain babestuko zintudake. Baina nire heriotza baino ez duzu gogoan izan. Beraz, pitxerra itsasora jaurtikiko dut bertan hil zaitezen». Orduan efritak zera hots egin zuen: «Bego Ala zurekin, o arrantzale hori! Ez egin horrelakorik. Urriki zaitez nitaz, eta ez aurpegiratu ezer niri, zeren ni hiltzailea izan banaiz, zuk eskuzabala izan behar duzu. Horrelaxe dago-eta idatzita: Oi zuk, gaitzari ongia itzultzen diozun horrek, ez jokatu nirekin Umakak Atikarekin jokatu zuen bezala». Arrantzaleak galdegin zion: «Eta zer-nolako kontua da hori?» Eta efritak erantzun zion: «Preso egonda ez dago kontatzeko modurik. Askatzen banauzu, den-dena kontatuko dizut». Baina arrantzaleak horrela ihardetsi zion: «A, hori inoiz ez! Nahi eta nahi ez, itsasora botako zaitut, berriz izan ez dezazun hortik ateratzeko aukerarik. Arren eta arren eskatzen nizunean nire bizia barkatzea, zuk ordea nire heriotza baino ez zenuen gogoan izan, zure aurka ezertxo ere egina ez neukan arren, ezta maltzurkeriarik txikiena ere; aitzitik, lagundu baino ez nizun egin, zure gartzela horretatik askatu zintudan eta. Oso garbi ulertu dut nolakoa zaren. Erakutsi didazun jokaera ikusita, esker txarrekoa zarela ohartu naiz garbi baino garbiago. Guzti-guztiei emango diet zure berri, sekula gehiago bertatik atera ez zaitezen. Eta pitxer horren barruan egon beharko duzu, gorriak ikusten eta oinazeak pairatzen, garaiak bukatu arte». Efritak erantzun zion: «Atera nazazu hemendik, kontakizun polita entzungo duzu eta. Gainera, hitzematen dizut ez dizudala inolako minik egingo, eta sekretu bat jakinaraziko dizudala, eta sekretu horri esker aberats egingo zarela bizitza osorako». Arrantzaleak ederki erreparatu zien azkeneko hitz horiei, hau da, efrita askatuz gero, kalterik batere ez egiteaz gain, aberastu ere egingo lukeela. Eta efritaren fede ona eta hitza bene-benetakoak zirela ziurtatu eta gero, eta Ala Ahalguztidunaren izenean bere hitzari eutsiko ziola zin egin zionean, arrantzaleak pitxerra ireki zuen. Orduan kea ateratzen hasi zen. Eta erabat atera zenean, kea efrit bihurtu zen. Eta efritaren aurpegia ikaratzeko modukoa zen! Efritak pitxerra ostikoz jo eta itsasora bota zuen. Arrantzaleak ikusi zuenean pitxerra uretara erortzen, bere hondamena gauza segurutzat jo zuen, eta ikararen ikaraz pixari ezin eutsiz, erostatu egin zuen: «Egiaz diot hau ez dela batere seinale ona». Ondoren, lasaitzeko ahaleginetan erantsi zuen: «Entzun, efrit horrek! Ala Ahalguztidunak zera esan du: «Zinari eutsi egin behar zaio, zeren bestela kontuak eskatuko zaizkizu. Kalterik ez didazula egingo zin egin duzu. Eta minik egingo bazenit, Alak zigortuko zintudake, Ala ardurati, egonarri handiko eta zuzena delako. Eta ez du ezer ahazten. Eta Ruyan sendagileak Yunan erregeari esandakoa esaten dizut nik ere: «Babes nazazu, eta Alak babestuko zaitu». Hitz horiek entzunda, efritak barreari eman zion, eta arrantzalearen aurran ibiltzeari ekinez esan zuen: «Oi arrantzale horrek, jarraitu niri!» Eta arrantzalea efritaren atzetik ibiltzen hasi zen, bere salbazioa ezinezkotzat jotzen bazuen ere. Eta horrelaxe atera ziren hiritik, eta bistatik ere galdu zuten hura, eta mendi batera igo eta lautada zabal bateraino jaitsi ziren, eta lautada horren erdian laku bat zegoen. Orduan efritak bertan gelditu eta arrantzaleari agindu zion sarea jaurtiki zezala, arrantza zezala han bertan. Eta arrantzaleak uretarantz begiratu eta arrain zuri, gorri, urdin eta horiak ikusi zituen. Hori guztia ikusita, arrantzalea zeharo harritu zen. Gero, sarea uretara jaurtiki, eta berriro atera zuenean, lau arrain aurkitu zituen bertan. Arrainak kolore ezberdinetakoak ziren. Orduan poz handia hartu zuen, eta efritak esan zion: «Eraman itzazu arrain horiek Sultanaren jauregira, emaizkiozu opari gisa eta aberastu egingo zaitu. Eta bien bitartean -Ala bedi gurekin!- barka nazazu aurreko nire zakarkeriagatik, baina mila eta zortzirehun urte pasatu ditut itsas hondarrean abandonatua, ez mundua ez lurrik ez inor ikusi gabe, eta beldur naiz gizalegez jokatzen ahaztu ez ote zaidan. Zuri dagokizun bezainbatean, aurrerantzean hona etorriko zara arrantza egitera, baina egunean behin soil-soilik. Eta orain Alak gorde eta zaindu zaitzala». Eta efritak bi oinez jo zuen lurra eta oin azpian arrakala bat agertu eta bertotik desagertu zen, lurrak irentsita. Beraz, arrantzalea hirira itzuli zen, efritarekin gertatutakoaz guztiz miretsita. Behin bere etxera helduta, burdinezko eltze bat bilatu, urez bete eta saskian zeramatzan lau arrainak bertan sartu zituen, eltzean igerika hasi zirenak. Gero, eltzea buruan jarrita, erregearen jauregira abiatu zen, efritak esan bezala. Arrantzalea erregearen aurrean azaldu eta arrainak eskaini zizkionean, erregea txit miretsita gelditu zen, bizitza osoan ez baitzeukan horrelako arrainik ikusita, ez espezie hartakorik ez eta horrelako kalitatekorik ere. Eta agindu egin zuen: «Eraman iezaizkiozue arrain horiek gure sukaldariari». Izan ere, sukaldaria neska esklabua zen, eta rumtiarren erregeak oparitu zionetik hiru egun besterik ez ziren igaroak, eta bere trebetasuna oraindik erakusteko zeukan. Beraz, bisirrari agindu zion arrainak friji zitzatela. Eta bisirrak sukaldera joan eta esan zuen: «Agur, sukaldari beltz jator hori! Erregeak zugana bidali nau hitz hauekin: «Oi nire begietako tanta maite hori, altxorra bezala gorde zaitut, erasoaren egunerako erreserbatu zaitudalako. Egun hori iritsia da. Beraz, erakustazu sukaldari gisa duzun esku trebea, eta apaila ezazu zure platerik onena». Hori esanda, bisirra sukaldetik atera zen, eta erregeak arrantzaleari laurehun dinar emateko agindua eman zuen. Bisirrak dirua eman zion eta arrantzaleak bere tunikaren toles batean gorde zuen. Gero, etxerako bidea hartu eta bere emaztearekin bildu zen, eztitan eta poz-pozik. Baina etxeratu aurretik, hamaika bat gauza erosi zuen bere seme-alabentzat. Eta arrantzaleari dagokionez, horixe da dena. Beltz arrazako sukaldariak berriz, arrainak hartu, ondo garbitu eta zartaginean ipini zituen. Gero, arrainak alde batetik ongi frijitu eta buelta eman zien. Baina bapatean sukaldeko horma bat erditik pitzatu eta neska lirain eta polit bat agertu zen bertotik. Masail biribil eta samurrekoa zen, eta betazalak beltzez pintatuak zeuzkan. Aurpegiz adimentsua zirudien, eta gorputza aurrerantz makurtzen zuen, grazia handiz. Zetazko errezel bat jantzita zeukan buruan, eta eraztun eta harribitxi ugari hatzetan. Eskuan banbuz eginiko makiltxo bat zuen. Aurreratu eta, zartaginean makiltxoa sartuz, esan zuen: «Oi arrain horiek! Oraindik eusten al diozue zeuen hitzari?» Hura guztia ikusita, sukaldari beltzak konortea galdu zuen. Bien bitartean, neska zoragarriak bigarren eta hirugarrenez egin zuen bere galdera. Eta orduan, zartaginean zeuden arrainek burua altxatu eta hots egin zuten: «Bai, horixe! Bai, horixe!» Gero, denek batera ekin zioten honako ahapaldi hau kantatzeari: Zuk atzera egiten baduzu, guk ere beste horrenbeste egingo dugu! Zuk zeure hitzari eusten badiozu, geuk ere horixe bera egingo dugu! Baina amore ematen ez baduzu, eta zeure burua errendatzen ez baduzu, guk ere ez dugu etsiko! Hitz horiek entzunda, neskak zartagina lurrera bota eta sartutako leku beretik aldegin zuen, horma bere atzetik berriro ere itxiz. Sukaldari beltzak konortea berreskuratu zuenean, atsekabe handiz ohartu zen lau arrainak erre eta ikatza bezain beltz zeudela. Eta erostaka hasi zen: «Ai nire arraintxoak! Ai nire arraintxoak!». Eta negarrez ari zela, bisirra bertan sartu eta esan zion: «Eramaizkiozu arrain horiek sultanari». Baina sukaldariak negarrez jarraitu zuen, eta gertatutakoaren berri eman zion, eta bisirra erabat miretsita geratu zen, eta esan zuen: «hori bai istorio harrigarria». Eta arrantzalearen bila joateko agindu zuen, eta arrantzalea azaldu orduko esan zion: «Arrain gehiago behar ditugu, baina aurrekoak bezalakoxeak behar dute izan». Eta arrantzaleak lakurako bidea hartu, sarea bertan jaurtiki eta lau arrain harrapatu zituen, laurak aurrekoak bezalakoxeak. Arrainak saskian gorde eta bisirrari eraman zizkion. Bisirrak sukaldariari eman eta esan zion: «Ikus dezagun bada! Arrainak nire aurrean frijituko dituzu oraingoan. Ea zer ipuin diren horiek guztiak!». Eta sukaldariak esana egin zion, hau da, arrainak zartaginean jarri eta horiek frijitzen hasi zen. Minutu batzuk apenas pasatuak zirelarik, ustegabean horma pitzatu eta lehenengo neska berbera agertu zen. Modu berean jantzita zegoen, eta makiltxo berbera zuen eskuan. Zartaginean makiltxoa sartuz, esan zuen: «Oi arrain horiek! Oi arrain horiek! Oraindik eusten al diozue zeuen hitzari?» Eta arrainek burua altxatu eta hauxe kantatu zuten denek batera: Zuk atzera egiten baduzu, guk ere beste horrenbeste egingo dugu! Zuk zeure hitzari eusten badiozu, geuk ere horixe bera egingo dugu! Baina amore ematen ez baduzu, deiadarka hasiko gara, eta mendeku hartuko dugu! Kontaketaren une horretan, Schehrazada goiza agertzen ari zela ohartu eta zuhurtasun handiz isildu zen. Eta hurrengo gaua iritsi zenean... Schehrazadak bere istorioa kontatzen jarraitu zuen: Jakin dudanez, o errege zoriontsu hori, arrainak mintzatzen hasi zirenean, neskak makiltxoaz zartagina irauli eta sartutako leku beretik aldegin zuen. Eta berriro ere hormako pitxadura bere kasa itxi zen. Orduan, bisirrak esan zuen zutik jarrita: Nola ezkutatuko diot horrelako gertaera miresgarria gure erregeari?». Beraz, erregearen bila joan eta gertatutakoaren berri eman zion. Eta erregeak esan zuen: «Neure begiez ikusi behar, sinetsiko badut». Eta agindu zuen arrantzalea etor zedila eta aurrekoak bezalako lau arrain gehiago ekar zitzala, eta hori guztia egiteko hiru eguneko epea zeukala jakinarazi zion. Baina arrantzaleak segituan hartu zuen lakurako bidea, eta berehala itzuli zen lau arrainak arrantzatuta. Orduan erregeak laurehun dinarreko saria eman zion, eta bisirrarengana bueltatuz agindu zuen: «Mana itzazu zuk zeuk arrain horiek nire aurrean». Eta bisirrak erantzun zion: «Entzun eta esana egiten dut». Eta orduan arrainak ondo garbitu eta zartagina ekar zezatela agindu zuen. Gero, lau arrainak frijitzeari ekin zion. Alde batetik ondo frijituta zeudenean, buelta eman zien. Baina bapatean sukaldeko horma pitzatu eta beltz arrazako gizon bat agertu zen. Eta gizon beltz hau bufaloa bezalakoa zen, edo Haden leinuko erraldoia. Eta adartxo horlegi bat zuen eskuan, eta ahots ozen eta ikaragarriaz hots egin zuen: «O arrain horiek! O arrain horiek! Oraindik eusten al diozue zeuen hitzari?» Eta arrainek burua altxatu eta esan zuten denek batera: «Bai, horixe! bai horixe!. Eta kantatzen hasi ziren: Zuk atzera egiten baduzu, guk ere beste horrenbeste egingo dugu! Zuk zeure hitzari eusten badiozu, geuk ere horixe bera egingo dugu! Baina amore ematen ez baduzu, deiadarka hasiko gara, eta mendeku hartuko dugu! Gero, zartaginera hurbildu eta adartxoaz irauli zuen, eta arrainak kixkali egin ziren zeharo. Orduan, sartu zen leku beretik aldegin zuen. Eta denen begien bistatik desagertu eta gero, erregeak esan zuen: «Horrelako gauza ez dago isilean gordetzerik. Gainera, ziur nago arrain horien istorioak oso berezia izan behar duela». Eta orduan arrantzalea etor zedila agindu zuen. Eta arrantzalea bertan egon zenean, galdegin zion: «Non harrapatzen dituzu arrain horiek?» Eta arrantzaleak erantzun zion: «Lau mendiska horien artean dagoen urmaelean. Zure hiri aurrean altxatzen den mendi horretxen atzean». Eta erregeak arrantzaleari galdegin zion: «Zenbat egun behar dira toki horretara iristeko?» Eta arrantzaleak erantzun zion: «O Sultan hori. Ordu erditxo bat besterik ez da behar!». Hori entzunda, Sultana erabat harrituta geratu zen; eta bere soldaduei agindu zien presta zitezela, arrantzalearekin abiatzera zihoazen eta. Arrantzalea oso atsekabetuta zegoen, eta efritaren aurkako madarikazioak botatzen zituen etengabe bere artean. Azkenez, erregea eta gainerakoak lakurantz abiatu ziren. Eta mendi batetik igo eta gero, ordurarte inork sekula ikusia ez zuen lautada zabaldu zitzaien begien aurrean. Eta Sultana eta soldaduak harrituta zeuden oso, hedadura bakarti hura lehendabiziko aldiz ikusi baitzuten. Arrantzaleak esan bezala, lau mendi artean kokatuta zegoen, eta urmael batean lau koloreko arrainak ari ziren jolasean. Arrainak gorri, zuri, urdin eta horiak ziren. Eta erregea bertan gelditu eta denei galdegin zien: «Zuetako norbaitek ikusi al du noizbait honako lakutxo hau? Eta denek erantzun zioten: «O, ez! Eta erregeak esan zuen: Bego Ala gurekin! Ez naiz inoiz neure hirira itzuliko, ezta inoiz neure erresumako aulkian eseriko ere, harik eta arrainen sekretua argitu arte». Gero bere soldaduei agindu zien mendi inguruan zelatan jar zitezela, eta soldaduek horrelaxe egin zuten. Orduan erregeak bere bisirrari dei egin zion. Izan ere, bisir hau jakituria handikoa zen, eta baita oso elederra ere, eta zientzia guztietan aditua zen. Beraz, erregearen aurrean egon zenean, esan zion: «Ideia bat darabilkit buruan eta esango dizut zertan datzan. Gaur gauean bakar-bakarrik egon nahi dut, laku honetako arrainen misterioa zein den jakiteko. Hortaz, nire dendaren aurrean egongo zara eta gainontzeko bisir, emir eta txanbalanei esango diezu gure Sultana gaixorik dagoela eta ez duela inorekin egon nahi. Baina nire asmoaren berri ez inori eman gero!». Noski, bisirrak esana egin zuen. Orduan, erregeak mozorro bat jantzi, ezpata gerriari lotu, eta isilka-misilka kanpamendutik atera zen. Eta gaua osoa pasatu zuen jo eta ke ibiltzen, eguna arturratu arte, beroa zela-eta gelditu beharrean egon baitzen atseden piska bat hartzeko. Gero, berriro ere ibiltzeari ekin zion, eta horrela iragan zen eguna eta baita bigarren gaua ere, goizaldera arte hain zuzen. Eta bapatean, horra eraiketa goibel bat ikusi zuela, eta hala ere poz handia eman zion horrek, eta hots egin zuen bere artean: «Agian norbait topatuko dut hor eta lakuaren eta arrainen misterioa argituko dit». Eta eraiketa goibel hartatik hurbilago egon zenean, harri beltzez eraikitako jauregia zela ohartu zen; burdinezko zutabetzar batzuk zeuzkan oinarri gisa, eta ateko orrietako bat zabalik zegoen, eta bestea berriz, itxita. Orduan poz handia hartu zuen, eta ate horren aurrean gelditu eta eskuaz arinki jo zuen. Baina ez zion inork erantzun. Beraz, bigarren eta hirugarren aldiz jo zuen, oraingoan indar handiagoz ordea. Baina ez zion inork erantzun. Orduan, pentsatu zuen bere artean: «Jauregia hutsik dago, dudarik gabe». Gauzak horrela, bere buruari bihotz eman eta atetik aurrera pasatu zen. Korridore batera iritsitakoan, hots egin zuen indar handiz: «Norbait al dago hemen? Kanpotarra naiz, eta jaki eske natorkizue, bideari jarraitu ahal izateko». Gero, gauza bera errepikatu zuen bigarren eta hirugarren aldiz. Baina ez zion inork erantzun. Beraz, bere buruari bihotz eman eta gero, korridore hartatik aurrera jo zuen ausart. Ez zuen, ordea, inor topatu. Dena den, jauregia balio handiko tapizez apainduta zegoela ohartu zen. Eta lehoi-iturri bat aurkitu zuen bertan. Lehoiak urrezkoak ziren, eta ahotik ur gardena zerien, hain gardena ezen perlaz eta harribitxiz egina baitzirudien. Txoriak nonnahi ikusten ziren, baina ez zeukaten jauregitik kanpora hegan egiterik, goian sare handi bat baitzegoen hedaturik, eta horrek ihesa galarazten zien. Eta gauza horiek guztiak ikusita, erregea erabat miretsita geratu zen. Hala ere, lakuaren eta arrainen sekretua jakin nahi zuen berak, eta nola jauregian ez baitzegoen inor, atsekabetu egin zen. Gero, harmaila batean eseri eta gogoeta sakon eta ilunak egin zituen. Halako batean, kexu antzeko zerbait entzutea iruditu zitzaion, oinazeztaturiko norbaitena balitz, eta handik gutxira, ahots eztitsu bat honako neurtitz hauek kantazen hasi zen: Ai, nola ezkutatu neure sufrikarioak? Ez al dakite denek zein den nire minaren arrazoia? Nik hura maite nuen... baina orain loa betiko galdu dut, eta esna biziko naiz eternitate osoan! Oi, maitasuna! Nire ahotsa entzunda etorri zinen, baina zenbateraino oinazea utzi zenuen nire baitan! Urriki zaitez nitaz! Utzidazu atsedenaz gozatzen! Baina batez ere, ez dakizula burutik pasa ere egin Emakume hari bisita egitera joatea! Emakume hori baita nire pena eta oinaze honetan dudan kontsolamendu bakarra! Erregeak hitz tamalgarri horiek entzun zituenean, zutik jarri eta ahotsa zetorren tokirantz jo zuen, ate bateraino iritsi arte. Ate hau tapiz batez estalita zegoen. Eta tapiza apartatu zuenean, areto handi bat kausitu zuen. Areto horretan ohe handi bat zegoen, eta bertan mutil bat. Oso mutil ederra zen: bere bekokiak lorea zirudien; masailak arrosak bezalakoak zituen, eta horietako baten erdian orezta bana zeukan, anbarezko bi tantatxo antzeko. Olerkariak honela esan zuen: «Hori bai mutil lirain eta jatorra! Ilea erabat beltzarana du, gaueko zati batez egina bezala; eta bere bekokia berriz, zuri-zuria da, gaua bera argitzeko modukoa! Bere edertasuna jaia bezalakoa da: ikuskizun parekorik ez zuen sekula gizaki bakar batek ere ikustea lortu! Gazte guztien artetik berehala jakingo duzu nor den: arrosa bana masailetan eta peka polit bat begi baten azpian izanda... Ez da zail aurkitzen hura!». Hura guztia ikusita, erregeak esan zion poz-pozik: «Bedi bakea zurekin!» Baina mutilak ohean segitu zuen, mugitu gabe eta urrezko jantzi bat soinean. Harengandik tristura adierazgaitza hedatzen zen, eta erregeari agurra itzuli eta gero esan egin zion: «Ai errege horrek, barka nazazu ez jaikitzeagatik!». Eta erregeak erantzun zion: «O, gazte horrek, kontaidazu lakuaren eta koloretako arrainen istorioa, eta baita zergatik zauden horren bakarrik eta horren atsekabeturik ere». Erregearen hitzak entzun zituenean, mutilaren masailetatik behera malko gehiago isuri ziren. Eta orduan, galdegin zion erregeak erabat harrituta: «A, gazte! Zer dela eta egiten duzu negar?» Eta gazteak erantzun: Nola ez dut negar egingo ba, horrelako egoeran egonda?». Orduan, gazteak izara apartatu eta bere gorputza agerian utzi zuen. Erregea harri eta zur geratu zen, mutilaren gorputza marmolezkoa baitzen gerritik behera; eta gerritik gora berriz, -zilborretik gora alegia- gizon normal batena, hezur-haragizko batena alegia. Eta mutilak esan zion erregeari: «Jakin behar duzu, o jauna!, arrainen istorioa benetan harrigarria dela, eta begi baten azpiko angelutxoan idatziko balitz -denek horren berri izan zezaten-, irakaspen ederra izango litzatekeela arretaz begiratzen dakienarentzat». Eta mutilak honako istorio hau kontatu zion: Jakina denez, o errege hori, nire aita hiri honetako erregea izan zen. Mahmud izena zuen, eta India Beltzeetan eta lau mendi hauetan erreinatu zuen. Bere erregealdia hirurogeita hamar urtekoa izan zen, harik eta hemengo bizia Ordaintzaile errukitsuaren esku jarri arte. Bera hil eta gero, neu izan nintzen hurrengo sultana, eta nire osaba baten alabarekin ezkontzea erabaki nuen. Bihotz-bihotzez maite nuen. Areago ere, kanpora joateko beharrean nengoenean, jan eta edateari uzten nion, berriro haren ondora itzultzen nintzen arte. Eta horrelaxe iragan ziren bost urte. Egun batean, nire emazteak sukaldariari gau hartako afaria agindu eta hammamera joan zen. Ni berriz, jauregian sartu eta betiko tokian etzan nintzen. Gero, bi neska esklaburi agindu nien haizemaileez haize piska bat eman ziezadatela, esklabu bat nire buruan eta bestea nire oinetan jarrita. Emaztea kanpoan zegoela pentsatuz, piskanaka lotan gelditu nintzen; hala ere, loa ez zen sakona, eta begiak ixten banituen ere, nire arimak halere esna segitzen zuen. Hortaz, nire buru aurrean zegoen neskari entzun nion besteari esaten ziola: «Ai, Masauda! Zeinen zoritxarrekoa den gure jabearen gaztaroa! Zer tristea den, berarena bezalako emazte zital eta maltzurra izatea!». Eta erantzun zion besteak: «Ala Handiak madarika bitza adulterioa egiten duten emakumeak! Emakume lizun horrek non aurkituko du, ba, gure jabea baino gizon birtutetsuagorik? Baina hala eta guztiz ere, beste baten ohean pasatzen ditu gauak». Eta beste neska esklabuak esan zuen: «Gure jabeak benetan egonarri handikoa behar du izan, bestela ez bailioke bere emazteari horrela jokatzen utziko». Eta besteak ihardetsi zion: «Zer diozu, gero? Benetan uste al duzu gure jabeak horren berririk duenik? Bai eta zera ere! Dagoeneko jakin beharko zenuke: gure jabea oheratu baino lehentxeago, emakume zital horrek droga bat isurtzen dio edalontzian. Banj jartzen dio hain zuzen, eta horrela lortzen du gure jabea erabat lotan uztea. Horregatik ez daki, ez zer gertatzen ari den, ez nora joaten den bere emaztea gauero-gauero, ez eta zertan dabilen ere. Itzulitakoan, beste droga bat jartzen dio sudur azpian. Eta droga hori erre ondoren, gure jabeak usaindu eta bere ametsetatik esnatzen da.» Esklabuaren hitzak entzun nituenean, o errege hori, nire begietako argia iraungi zen. Eta lehiaz egon nintzen gaua noiz iritsiko zain, nire osabaren alaba topatzeko. Azkenez, hammametik itzuli zen. Orduan mahai aurrean eseri eta ordubete aritu ginen afaldu bitartean. Gero, oheratu baino lehen gauez hartu ohi dudan ardo kopa eskatu nuen, eta hark berak ekarri zidan. Nik ordea, kontu handia egin nion kopa hartatik ez edateari; beraz, kopa ezpainetara eramateko itxura egin nion. Baina arreta handiz, bera ohartu ez zedin, den-dena isuri nuen mahai azpitik. Gero, ordu eta une berean, ohean sartu eta lotan bezala geratu nintzen. Orduan berak esan zuen: «Egizu lo, bai. Eta ez zaitez sekula berriro esnatu! Bedi Ala hitz hauen lekuko. Arbuiatu egiten zaitut, eta nire arima nazka-nazka eginda dago zutaz!». Gero zutik jarri, soinekorik onena jantzi, bere burua usain onez bete, ezpatatxo bat gerriari lotu eta jauregiko aterantz abiatu zen. Jauzi batez jaiki nintzen eta tarte batetik jarraitu nion. Berak «zoco» guztiak zeharkatu zituen, eta heldu zen azkenez hiriko ateetara. Orduan, nik ulertzen ez nuen hizkuntzaz hitz egin zien hiriko ateei. Eta morroiloak berez higitu eta ateak zabaldu egin ziren. Nire emazteak aurrera jo zuen, eta baita nik ere, baina bera nitaz ohartu gabe, noski. Hondakin pila baten gainean eraturiko muinora iritsi ginen lehendabiziz, eta adreiluz eraikitako dorre batera gero. Dorre hau kupula batez koroaturik zegoen. Bera atetik sartu zen; ni ordea, kupula gainean zegoen balkoira igo nintzen, bertatik dena ikus zitekeen eta. Halako batean, gizon beltz-beltz bat sartu zen gela hartan. Beltz hau benetan izugarria zen, goiko ezpaina lapiko-estalkia bezalakoa zuen, eta azpikoa berriz, lapikoa bera zen, eta bi-biak horrelako moldez zintzilikatzen zitzaizkion, ezen, gizon-ezpainak baino, gameluren batenak baitziruditen. Oso gaixorik zirudien, eta ihiz eginiko ohetxo batean etzanda zegoen. Beltza ikusterakoan, nire osabaren alabak bertan makurtu eta musu eman zion haren oinen arteko lurrari. Beltzak nire emazteari begiratu eta hots egin zion haserre: «Zorigaitz guztiak zure gainean! Zergatik etorri zara hain berandu? Gonbidatu beltzak genituen, baina dagoeneko denak edanda daude, eta euren emakumeekin oheratuta. Baina nik ez dut edan nahi izan, zu hemen ez zeundelako». Eta nire emazteak erantzun zion: «Ai nire jabe hori, nire bihotzeko kutun hori! Ez al dakizu nire osabaren semearekin, indar osoz gogorrotatzen dudanarekin, ezkonduta nagoela eta berarekin egoteak nazkaz eta amorruz betetzen nauela? Zuri kalterik egiteko beldurragatik izango ez balitz, aspaldian suntsituko nuen hiri hau, eta belabeltzaren karraka eta mozoloaren hotsa besterik ez zen inguru osoan entzungo». Eta beltzak erantzun zuen: «Gezurretan ari zara, zital hori! Eta beltz guztien ohore eta gizontasunaren izenean, eta gizon zurien gainean dugun gehiagotasun amaigabearen izenean, zin egiten dizut, ezen, gaurtik aurrera, berriro ere berandu helduko bazina, abandonatu egingo zaitudala, eta ez dudala berriro nire gorputza zurearen gainean jarriko. A, traidore zital hori! Baietz berandu heldu zarela zure eme-nahia beste lekuren batean asetzeko. Zarama baino ez zara! Emakume zuri guztien artean zeu zara mespreziagarriena, dudarik gabe!». Gero bere azpian jarri zuen. Eta biek egin zuten zuek ondotxo dakizuena. Horrelako istorioa kontatzen ari zen printzea. Eta horrela ere jarraitu zuen: Elkarrizketa hura entzuterakoan eta jarraian egin zutena ikusterakoan, ilunpe batean bezala sentitu nintzen, eta non nengoen ere ez nekien. Handik gutxira, nire osabaren alaba negarrez eta erostaka hasi zen, eta esaten zuen: «O, nire amorante hori! Oi, nire bihotzeko urguilu bakar hori! Zu baino ez daukat! Abandonatuko baninduzu, hilko nintzateke! Oi, ene maitea! Nire begietako argia zara!». Eta beltzak barkamena eman zion arte, negarrez eta erostaka segitu zuen. Eta orduan poz-pozik altxatu, soineko guztiak erantzi -barne-jantzia ere bai-, eta erabat biluzik geratu zen. Eta jarraian esan zuen: «Oi nire jabea, ba ote duzu zer janik zure esklabu honentzat? Eta beltzak erantzun zion: «Altxa ezazu horko lapikoaren tapakia eta sagu-hezur goxo-goxoak aurkituko dituzu bertan. Horrek aseko zaitu. Eta beste pitxer horretan buza dago. Hortik nahi adina edan dezakezu». Berak jan eta edan zuen beraz, eta bukatutakoan eskuak garbitu zituen. Gero, ihizko ohean etzan, eta zegoen bezala, hau da, zeharo biluzik estutu zen beltzaren kontra, eta usain guztiz txarreko piltzar haiekin estali ziren. Nire osabaren alabak egindako gauza haiek guztiak ikusterakoan, gehiago ezin jasanik, kupulatik jaitsi nintzen. Gero, gela hartako bidea hartu, barrura sartu eta nire osabaren alabaren ezpatari heldu nion, biak hiltzeko asmoz. Eta zauritzen lehena beltza izan zen, lepoan ebaki gogorra egin nion eta. Hilda zegoela ere uste izan nuen. Schehrazada, kontakizunaren une horretan, goiza hurbil zegoela ohartu eta zuhurtasun handiz isildu egin zen. Eta eguzkia ateratakoan, Schahriar erregea epaitegian sartu zen, eta eguna bukatu arte dibana jendez josita egon zen. Gero, erregea jauregira itzuli zen, eta esan zion Doniazadak bere ahizpari: «Arren, nire ahizpa Schehrazada. Jarrai ezazu istorioa kontatzen!» Eta Schehrazadak erantzun zion: «Bai eta kontatu gogorik handienaz, gure erregeari zor zaio-eta horrelako omenaldia». Eta Schehrazadak bere istorioa kontatzen jarraitu zuen. Jakin ahal izan dudanez, o errege miresgarri hori, mutil sorginduak sultanari esan zion: Beltza zauritu eta gero, bere burua mozteko asmoa ere banuen. Zoritxarrez, ez nion zuzen ezpataz kolpatu eta, larru-haragia baino ez nion moztu. Hala eta guztiz ere, hilik zegoela pentsatu nuen, hilzoriko aiene ikaragarria jaurtiki baitzuen. Hori egin eta gero, zer gertatu zen ez dakit oso ongi. Baina biharamonean, nire osabaren alabak bere ile-adatsa moztuta zeukala ohartu nintzen, eta gainera, doluzko soinekoa jantzita zuen ere bai. Eta esan zidan: «Oi nire osabaren semea! Ez egon atsekabez nire itxuragatik, baina oraintxe jakinarazi didate nire ama hila dela, eta nire aita gerra santuan hil dutela eta nire anaiaren jauregiak lur jo eta bera ere hilik dagoela hondakinen artean. Beraz, bene-benetako arrazoiak ditut negar egin eta nahigabetzeko. Hitz horiek sinesteko itxura egin eta esan nion: «Egizu egoki deritzozuna, ez dizut-eta debekatuko». Eta urtebetea pasatu zuen dolua jantzita, negarrez eta minez, besteengandik bakartua. Eta urtebete horren ondoren, esan zidan: «Jauregian hilobi-monumentu bat eraiki nahi nuke; horrela, bertan bakarrik egoteko aukera izango dut, nire hildakoekin eta nire minarekin eta nire malkoekin. Eta Dolu-Etxea deituko diot». Eta erantzun nion nik: «Egizu egoki deritzozuna». Eta Dolu-Etxe hori eraikitzeko agindua eman zuen. Etxea kupula batez koroaturik zegoen, eta hilobientzako lurpekoan bukatzen zen. Gero bertara eraman zuen bere maitalea, beltza ez baitzegoen hilik, oso gaixorik eta makal baizik, ezpataz egin nion zauria oso larria izan zen-eta. Egia esan, ez dut uste handik aurrera nire osabaren alabak ezertarako ere erabili ahalko zuenik. Hala ere, ardoa eta «buza» edateko bezain osasuntsu, behintzat, egon bazegoen, bai horixe. Bestalde, bera zauritu nuen egun beretik ez zen hitz egiteko gai izan, mintzamena hondatu zitzaiolako. Baina artean bizirik zirauen, bere ordua ez baitzen oraindik ere heldua. Nire emazteari dagokionez, egunero-egunero joaten zen hura bisitatzera. Kupulan sartu eta edari eta sendabelarrak eramaten zizkion, eta bere ondoan etzanda negarrari ematen zion zoro baten moduan. Horrelaxe segitu zuen beste urte batez, gau eta egun, etenik gabe ia-ia. Bien bitartean, egonarri handikoa izaten saiatzen nintzen ni. Baina azkenez, egun batean bere gelan sartu nintzen isilka-misilka. Negarrez eta azkazalez ari zen bere aurpegia zauritzen. Eta honako neurtitz triste hauek entzun nizkion kantuz: Oi nire kutun horrek, hemendik urrun alde egin zenuen. Eta jadanik ez naiz gizonetan ibiltzen, eta bakardadean bizi naiz. Eta hori guztia alde egin zenuenetik. Oi, nire kutuna! Egunen batean pasako bazina zure maitea izandakoaren tonbatik, har ezazu berataz gelditzen dena eta emaiozu lurra hilobi honetan, omenaldia egingo diozu eta. Egizu horrela, maitea, bere ondotik noizbait pasako bazina! Oroit bedi zure ahotsa antzinako nire izenaz, eta hitz egidazu hilobian. Ai maitea, nire hezurrek elkarren kontra jotzen besterik ez duzu entzungo baina! Kantu triste hura bukatu zuenean, nik neure ezpatari heldu eta hots egin nuen: «A, traidore halakoa! Zitalek, euren maitasunei uko egin dietenek, maitasuna zanpatu dutenek hitz egiten dute horrela!». Eta ezpata jaso nuen hura zauritzeko asmoz. Baina bera ordea, beltza zauritu zuena neu izan nintzela konturaturik, zutitu eta sorgin-hitz batzuk marmartu zituen, eta gero esan zidan: «Nire sorginkeriaren izenean, Alak erdi-harri eta erdi-gizon bihur zaitzala!». Hori esan eta berehala, egoera deitoragarri honetan geratu nintzen. Eta harez geroztik ez naiz nitaz baliatzeko edota mugimendurik txikiena egiteko gai izan, eta hilik ala bizirik ote nagoen galdegiten diot sarri neure buruari. Gero, nire erresuma honetako lau irlak sorgindu eta mendi bihurtu zituen, eta lau mendi horien artean laku bat sortu zuen, eta bertan dauden arrainak nire erresumako biztanleak dira. Zoritxarrez, hori ez da dena. Egunero zartailuz jotzen nau, ehun zartadako guztira, erabat odoleztaturik uzten nauen arte. Eta bukatutakoan zurdazko jertsea jantziarazten dit. Mutila negarrez hasi zen eta ondoko neurtitzak kantatu zituen: O Jauna, zure epai eta justiziaren zain nago. Eta egonarri handiz sufritzen ari naiz, horrelakoa baita zure borondatea. Bina zoritxarrak estu hartzen nau! Eta erruki eske natorkizu, O Jauna, O Ala! Orduan sultanak esan zion: «Erabat tristaturik nago. Esaidazu non dagoen emakume hori». Eta mutilak erantzun zion: «Hilobian egongo da, bere beltzarekin, kupularen azpian alegia. Egunero etortzen da hona, ni biluztu eta ehun zartako ematen dizkit. Nik negar eta deiadar egiten dut, neure burua defendatzeko gauza ez naiz eta. Ni oinazeztatu eta gero, beltzarengana joaten da, ardoa eta sendabelarra eramaten dizkio». Orduan erregeak hots egin zuen: «A, gazte aparta zara! Bego Ala gurekin! Ekintza bikaina egin behar dut zure alde. Ni hil eta gero ere, Historiaren orrietan urrez grabatua geratuko da betiko!». Baina ez zion kontatu zer egin behar zuen, gautu arte hizketan jarraitu bazuten ere. Gero, sultana zutik jarri eta gauaren zain gelditu zen, sorginek maite dituzten orduen aiduru. Orduan biluztu, berriro ere ezpata gerriari lotu, eta beltza zegoen lekurantz jo zuen. Toki hartan hainbat zuzi eta hainbat argizari zeuden hormetatik zintzilik, eta lurrin, intsentsu eta sendabelar-usain gogorra atzematen zen. Joan zen, bada, zuzen-zuzenean beltzarengana, eta ezpataz zauritu ondoren arima aterarazi zion. Gero soinean hartu eta lorategiko putzu batera bota zuen. Ondoren, kupulara itzuli eta beltzaren arropak jantzi zituen. Azkenez, lurpeko hilobitik urrats batzuk eman zituen, eta ezpataz airea zauritu zuen zenbait aldiz. Handik ordubetera, sorgin ankerra sartu zen mutilaren gelara. Sartu bezain laster, bere osabaren semea biluztu, zartailua hartu eta hura jotzen hasi zen. Eta mutilak deiadar egiten zion: «Aski da! Aski da! Arren, nahikoa zigortu nauzu! Urriki zaitez nitaz!». Baina besteak erantzun zion: «Zu urrikitu zinen nitaz ala? Bizia barkatu al zenion nire maitaleari? Tori hau! Eta hau! Eta beste hau!». Bukatutakoan, zurdazko jertsea jantziarazi zion, eta beltzaren hilobira joan zen segituan. Ardoa, edalontzi bat eta zenbait sendabelar eraman zituen. Eta bertara iritsi zenean, negarrez eta erostaka hasi zen: «Oi, ene jabea! Hitz egidazu, arren! Utzidazu zure ahotsa entzuten!». Eta minez beterik, honako neurtitz hauek errezitatzen hasi zen: O, nire kutuna! Noiz arte jarraitu behar dugu horrela? Dizudan maitasunak nire indarrik oro gainditzen du! Luzaro egon behar al duzu egoera tamalgarri horretan? Ni oinazez ikusi nahi baninduzu, zoriontsua izango zara, mundu honetako emakumerik zoritxarrekoena neu naiz eta! Gero, berriro ere negar-zotinka hasi zen, eta esaten zion: «O, nire jabe horrek, esaidazu zerbait! Utzidazu zure ahotsa entzuten!». Orduan sasi-beltzak mihina korapilatu eta beltzak bezala mintzatzen hasi zen: «Alaren eskuetan dago indar eta boterea!». Sorginak «beltza»ren hitzak entzun zituenean, oihu bat jaurtiki zuen, eta hunkipen hutsez konortea galdu zuen. Baina bere onera etorri eta galdegin zion: «Sendatu al da nire jabea?». Eta sultanak, beltzaren ahotsaz hitz eginez, erantzun zion: «A, emakume mutiri hori! Zurekin ez du hitz egitea merezi». Eta besteak galdetu zuen: «Zergatik?». Eta sultanak: «Zure senarra beti zigortzen ari zarelako, eta egun santu osoa oihuka pasatzen du, eta egunetik gauera arte loa galarazten dit. Bere oihuengatik izango ez balitz, aspaldian egongo nintzateke erabat suspertuta. Eta horregatik ez dizut hitz egin nahi». Eta besteak esan zion: «Agintzen badidazu, oraintxe bertan askatuko dut». Eta berak: «Bai, aska ezazu oraintxe bertan. Horrela, berriro lasai biziko gara eta». Orduan, sorginak esan zion: «Zure esana egiteko bizi naiz, o nire jabea!». Beraz, kupulatik irten eta jauregirantz abiatu zen. Gero, kobrezko katilu bat urez bete eta, berotu ere egin gabe, kikarako ura irakitan hasi zen, eta hitz majiko batzuk ahoskatu zituen jarraian. Ondoren, gazteari ur horretatik apur bat gainetik bota zion. Eta gaztea dardarka hasi zen, eta berehala ikusi zuen sorginkeria hartatik bere burua aske. Orduan, zutik jarri eta oso pozik hots egin zuen: «Ala da gure Jainko bakarra, eta Mahoma da Alaren Profeta! Bedi gure Profetarekin Alaren bedeinkazio eta bakea!». Eta emazteak esan zion: Aldegizu eta ez zaitez hona berriro itzuli, hil egingo zintudake eta! Eta mutilak azkar baino azkarrago alde egin zuen eta horra berari buruz esateko guztia. Sorginari dagokion bezainbatean, berriro ere kupulara itzuli, hilobira jaitsi eta esan zuen: «Oi, nire jabea! Jar zaitez zutik, arren! Utzidazu zure gorputza ikusten!». Eta sultanak erantzun zion: «Oraindik ere ez dugu bukatu. Beste zerbait behar dut osasuna berreskuratzeko». Eta sorginak erantzun zion: «Zer behar duzu, nire jabe horrek?». Eta sultanak ihardetsi zion: «Urmaeleko arrain horiek, hiri zaharreko eta lau irletako biztanleak zirenek, burua behin eta berriro ateratzen dute uretatik, zure eta nire aurka madarikatzeko, eta horregatik ez naiz orain arte suspertu, ez eta indarrak berreskuratu ere. Askatu egin behar dituzu. Hori egindakoan, itzul zaitez nigana, eta zutik jartzen lagunduko didazu, ordurako osasuna berreskuratua izango dut eta». Sorginak ustez bere beltzaren hitzak entzun zituenean, poz-pozik hots egin zuen: «O, nire jabea! Zure nahia nire gainetik dago!». Gero, Bismillahen izena goraipatuz, bertotik altxatu, lakuraino korrika joan, ur piska bat hartu eta... Kontaketaren une horretan, Schehrazada goiza agertzen ari zela ohartu eta zuhurtasun handiz isildu zen. Eta hurrengo gaua iritsi zenean... Schehrazadak bere istorioa kontatzen jarraitu zuen: Jakin dudanez, o zorioneko errege hori!, sorginak ur piska bat hartu eta hitz majiko batzuk ahoskatu zituen. Eta orduan arrainak dardarka hasi ziren. Eta instantean, Adanen seme bihurtu ziren. Eta ordura arte euren gainean ezarritako sorginkeria deuseztatu egin zen. Eta hiria garai batekoa bezain jendatsu eta ederra agertu zen. «Zoco»ak behar bezala eraikita zeuden, eta nor bere lanean ari zen buru-belarri. Eta mendiak berriro ere irlak ziren, garai batean bezala. Eta hiriko biztanleei dagokienez, hori da dena. Sorginak, berriz, bere maitaletzat zeukan sultanarengana joan eta esan zion: «O, nire maitea! Utzidazu zure eskuan musu ematen!». Eta erantzun zion erregeak: «Hurbil zaitez hona!». Eta bestea hurbildu zen. Eta bapatean, sultanak ezpata zintzoari heldu eta bere indar guztiez bularretik sartu zion, punta bizkarretik atera zitzaion arte. Eta ondoren, sorgina ezpataren kolpe batez erdibitu zuen. Hori egin zuenean, mutil sorginduaren bila joan zen. Sorginkeriatik aske zegoela ikusita zorionak eman zizkion; mutilak berriz, eskuan musu eman eta bere esker ona agertu zion bizikiro hunkituta. Eta sultanak esan zion: «Zer egin nahi duzu orain: zure hirian gelditu ala nire hirira etorri?». Eta mutilak erantzun zion: «O Sultan horrek, ba al dakizu zenbat denbora behar den zure hirira itzultzeko?». Eta erregeak esan zuen: «Bai, noski. Bi egun t'erdi, besterik ez. Eta gazteak: «O, errege hori! Lotan bazaude, itzar zaitez. Zure hirira itzultzeko, gutxienez urtebete behar da, Alaren borondatea hori bada! Hona etortzeko bi egun'erdi besterik ez zenuen behar izan, hiria sorginduta zegoela eta. Beraz, jakizu, o sultan handi horrek, inolaz ere ez zaitudala bakarrik utziko, ez eta begi-kliskada batek irauten duen alditxoaz ere!». Hori entzunda, sultana asko poztu zen, eta esan zion: «Ala handia da, zu eta biok bide berean suerta gintezen dena prestatu du-eta. Aurrerantzean, nire semea izango zara, orain arte Alak ez dit semerik eman nahi izan eta». Eta orduan elkar besarkatu zuten hunkigarriro, poztasunik handienaz. Gero, ordura arte sorginduta egon zen jauregira sartu ziren. Eta mutilak guztiei jakinarazi zien Mekarako bidea hartzera zihoala, erromeria santuan parte hartzeko. Eta prestatu beharrekoak behin prestatu eta gero, bideari heldu zioten, sultana bere hirira itzultzeko irrikan baitzegoen. Urtebete kanpoan zeraman, eta itzultzeko gogo bizia zuen. Azkenez, opariz zamaturiko berrogeita hamar esklaburekin, abiatu egin ziren. Eta urtebete pasatu zuten gau eta egun bidaiatzen, sultanaren hiria begien bistan agertu zitzaien arte. Bisirra bere soldaduekin atera zitzaien bidera, eta ongi etorria eman zien oso pozik, etsita baitzegoen erregea bizirik berriro ikusiko ote zuen. Eta soldaduak jauregiko patioan formarazi zituen, eta sultana bertan agertu zenean, lurrari musu eman zioten. Ondoren, jauregian sartu ziren eta sultana bere aulkian eseri zen. Laster, bisirrari deitu eta gertatutakoaren berri zehatza eman zion. Bisirrak mutilaren istorioa jakin zuenean, zorionik beroenak eman zizkion, sorginkeriatik askatu eta salbazioa berreskuratu izanagatik. Bien bitartean, erregeak sari asko banatu zituen, eta zera agindu zion bisirrari: «Azal dadila hona arrainak saldu zizkigun arrantzale hura». Eta hiriko biztanleen zoriona ekarri zuen arrantzalea azaldu zen sultanaren aurrean. Honek hurbiltzeko esan zion, eta ohorezko jantziak oparitu zizkion. Gero, zertaz ari zen eta seme-alabarik ba ote zuen ere galdegin zion. Eta arrantzaleak seme bat eta bi alaba zituela erantzun zuen. Orduan, sultana alaba haietako batekin ezkondu zen; eta sorgindutako mutila berriz, bestearekin. Hori egin eta gero, arrantzalea bere jauregira ekarri zuen bertan bizi zedin, eta gainera, diruzain nagusi izendatu zuen. Gero, bisirra bidali zuen mutil sorginduaren hirira, Irla Beltzetan zegoen hirira alegia, eta irla haietako sultan izendatu zuen. Bidaiarako berrogeita hamar esklabuk lagundu zioten, denak hamaika opariz zamatuta. Bisirra abiatzera zihoanean, sultanari eskuan musu eman zion, eta jarraian joan egin zen. Harez geroztik, sultana eta mutila elkarrekin bizi izan ziren, nor bere emaztearekin, baita oso pozik eta oso zoriontsu bizi ere. Eta euren bizitzak dohainez beteak izan ziren, haur-jolasak bezain atseginak. Arrantzaleari dagokionez, diruzain izendatuta oso aberastu egin zen, garai hartako gizonik aberatsenetakoa izan arte. Eta horrela bizi izan ziren, harik eta Maitaleen Berezlea, Sahiestezina, Isila, Urrikigabea bisitan joan zitzaien arte! Baina ez pentsa -jarraitu zuen Schehrazadak-, honako kontakizun hau jarraian entzungo duzuena baino harrigarriagoa denik! Eta Schehrazada bere istorioa kontatzen hasi zen. Gau batean, Harum-Al-Raschid kalifak honako hau esan zion Giafar-Al-Barmakiri: «Gaur gauean hiritik paseatuko naiz, ea zer egiten duten nire gobernatzaile eta valiek. Zintzo ez badute jokatzen, euren kargutik bota egingo ditut. Eta Giafarrek erantzun zion: «Zure esanekoa naiz, o Kalifa handi hori!». Beraz, Kalifa, Giafar eta Massur borreroa Bagdadeko kaleetara atera ziren. Bapatean, karrika estu batean, gizon edadetu bat ikusi zuten buruan saskia eta arrantzan aritzeko sarea zeramatzala. Eskuan makila bat zeukan. Eta poliki-poliki zebilen, honako bertso hauek kantatuz: Eta esan zidaten: O, jakintsu hori, zure jakituriari esker zeruko ilargia bezalakoa zara gauez! Eta nik erantzun nien: «Ez mintza horrela, arren! Patuarena kenduta, ez dago-eta beste inolako jakituriarik! Zertarako balio didate nire zientziak, nire idazti ederrek, nire liburuek eta nire tintontziak, ezin badut ekidin, ezta egun bakarrez ere, Patuaren indarra? Ai, nire alde apostu egingo bazenute, apostua galduko zenukete! Ba ote dago pobrea, pobrearen patua eta pobrearen ogia eta bizimodua baino gauza okerragorik? Udan indarrak ahitzen zaizkio! Eta neguan inon ez du aterperik! Ate baten aurrean geldituz gero, zakurrak xaxatuko dizkiote alde egin dezan! Bera bai urrikigarria! Ikusten al duzue, denek nola iraintzen eta nola egiten duten barre bere lepotik? Gizonen aurrean hots egin arren, laguntza eske, bere miseria eta atsekabea agerian jarrita ere, nor gupidatzen da berataz? Oi! Pobrearen bizitza horrelakoa bada, nola ez du heriotza desiratuko bada? Neurtitzak sakonak bezain tristeak zirenez, esan zion Kalifak Giafarri: «Agure gizagajo horren kantuak eta mixeriak erabat hunkitu naute». Gero agurearengana hurbildu eta esan zion: «Alak gabon dagizula!». Eta besteak erantzun zion: «Baita zuri ere». Eta Kalifak: «Esaidazu, o jeke horrek, zein da zure lanbidea?». Eta agureak erantzun zion: «Oi, nire jauna! Ni arrantzalea naiz, eta txit pobrea! Eta familia dut! Eta egun osoa aritu naiz lanean, baina Alak orain arte ez dit eman zerekin elikatu nire familiakoak! Beraz, nire buruaz eta nire bizitza honetaz etsi-etsita nago, eta heriotza baino ez dut desiratzen». Eta Kalifak esan zion: «Zatoz nirekin ibairaino. Sarea hiru aldiz jaurtikiko duzu nire izenean. Ea zer-moduzko zortea daukadan! Uretatik zerbait ateratzen baduzu, erosi egingo dizut. Bai eta ehun dinarretan erosi ere». Hori entzunda poztasun handia hartu zuen agureak, eta honela erantzun zion: «Gonbitea bihotz-bihotzez onartzen dizut, eta jakizu munduan ez dagoela ni baino gizon esker onekoagorik!». Horrela, Tigris ibairano joan ziren denak. Eta arrantzaleak sarea jaurtiki, eta zer aterako zain gelditu zen. Gero, soka teinkatu eta hura biribilkatzen hasi zen, sarea jasotzeko. Sarean trabatuta, ordea, arrantzaleak kutxa handi bat kausitu zuen. Pisu handikoa zen eta itxita zegoen. Kalifa ere saiatu zen kutxa lurretik jasotzen, baina pisua zela-eta ezinezkoa gertatu zitzaion. Hala ere, arrantzaleari agindutako ehun dinarrak eman zizkion, eta arrantzalea poz-pozik itzuli zen berera. Orduan Giafar eta Massurrek kutxa jaso eta jauregirako bidea hartu zuten. Behin jauregian, Kalifak zuziak pizteko agindu zuen, eta Giafar eta Massurrek lehia handiz ekin zioten kutxa irekitzeari. Barruan artile gorriz jositako otarre handi bat aurkitu zuten, palmondo-hostoez egina. Jostura moztu eta tapiz bat agertu zen, eta tapizaren azpian emakumeek janzten duten errezel horietako bat. Orduan, errezela altxatu eta zilarra bezain birjinal zen emakume gazte baten gorpua aurkitu zuten. Zuri-zuria zen, eta hamaika puskatan zati egina zegoen. Hori guztia ikusita, Kalifaren masailetatik malkoak isuri ziren. Gero, sutan jarrita, Giafarri hurbildu eta oihu egin zion: «Bisir zital horrek! Ikusten al duzu nola hiltzen duten jendea nire erresuman bertan, eta biktimak nola botatzen dituzten ibaiko uretara? Biktima horien odola dela-eta kontuak garbitu beharrean egongo naiz azken judizioko egunean, eta odol horren pisua neure kontzientzian jaso... betiko! Baina Alaren izenean zin egiten dut hiltzailea aurkituko dudala, eta hura hil arte ez naizela lasai biziko! Zuri dagokizunez, jakizu Bani-Abbas kalifaren ondorengoa naizela, eta hiltzailea ez baduzu aurkitzen emakume hori mendeka dezadan, zin dagizut jauregiko ate aurrean gurutziltzatuko zaitudala, eta baita zure berrogei lehengusu Baramke-tar guztiak ere!». Kalifa suminduta zegoen, eta Giafarrek esan zuen: «Hiru egun besterik ez dut behar hiltzailea aurkitzeko». Eta Kalifak erantzun zion: «Bada orduan hiru egun dituzu». Giafar txit atsekabetuta atera zen jauregitik, eta pentsakor ibili zen hirian zehar: «Nola jakingo dut neska horren hiltzailea nor den? Eta nondik hasiko naiz horren bila? Benetako hiltzailearen ordez beste gizagaixoren bat eramango banio, bihotzeko harrak ez lidake inoiz bakerik emango. Ez dakit zer egin, ba». Heldu zen Giafar bere etxera, eta bertan geratu zen hiru egunetako epearen zain. Eta laugarren eguna iritsi zenean, Kalifak hura etor zedila agindu zuen. Giafarrek esana egin zuen, noski, eta galdegin zion Kalifak: «Neska hil duena nor den ba al dakizu?». Eta Giafarrek erantzun zion: «Nola asmatu ikustezina dena eta ezkutaturik dagoena? Nola aurkitu hiltzailea, gurea bezalako hiri handi batean?». Hori entzunda, Kalifa bizikiro haserretu zen, eta jauregiko ate aurrean gurutziltza zezatela agindu zuen. Eta hirian eta hiriko inguruetan horrelaxe iragarri zuten pregonariek: «Giafar-Al-Barmaki bisirra eta bere berrogei lehengusu Baramke-tarrak nola gurutziltzatzen dituzten ikusi nahi duena, etor dadila jauregiko atera». Eta Bagdadeko biztanleak kalera atera ziren Giafar eta bere berrogei lehengusuak nola gurutziltzatzen zituzten ikusteko. Baina inork ez zekien zigorraren arrazoia. Eta denak oso penatuta zeuden. Eta kexu ziren, bisirra eta Baramke-tarrak oso estimatuak zirelako euren eskuzabaltasunagatik. Urkamendia prest egon zenean, epaitutakoak bertara eraman zituzten eta Kalifaren zain geratu ziren denak, zigorra ezinbestez bete behar zen eta. Jendea negarrez ari zela, soin eta aurpegi ederreko mutil bat jendetza artetik agertu eta Giafarren aurrean belaunikatuz esan zuen: «Askea zara, o nagusi gorenen artean jabe eta nagusi den hori! Neuk hil nuen neska, neuk zatikatu nuen eta neuk bota nuen Tigrisera, kutxa hartan sartuta! Neuk bakarrik merezi dut zigorra, eta hiltzeko prest nago. Giafarrek entzun zituenean mutilak esandako hitzak, lasaialdi ederra hartu zuen. Baina mutilaz urrikitu zen halere. Ustekabean, itxura agurgarriko gizon edadetu bat jende artetik agertu eta Giafar eta mutila zeuden tokirantz abiatu zen. Giafarri agur egin eta esan zion: «O bisir horrek, ez egin kasurik mutil zentzugabe honek esandakoari, neu naiz-eta bila ari zaren hiltzailea, eta nirekin bakarrik hartu behar duzu mendeku». Baina mutilak moztu zion, esanez: «A bisir handi hori! Jeke zahar honek ez daki zertaz ari den. Berriro esaten dizut, neu naiz hiltzaile bakarra. Beraz, neuk bakarrik jaso behar dut zigorra». Baina jekeak eten zion esanez: «Oi, nire seme gaixo hori! Oraindik gaztea zara eta bizi egin behar duzu. Ni berriz, zaharra naiz, eta munduaz nazkatuta nago. Zure ordez, eta bisirraren eta bere lehengusuen ordez, pozik hilko naiz. Eman biezaiote nire buruari eman beharreko zigorra!». Orduan, Giafarrek soldadu-taldeko buruzagiari baimena eskatu zion denak Kalifaren aurrera eramateko. Eta Kalifaren aurrean egon zirenean, Giafarrek esan zuen: «O, fededun guztien Emir horrek! Hementxe duzu neskaren hiltzailea!». Eta Kalifak galdegin zion: «Non dago?». Eta Giafarrek: «Mutil honek dio berak egin zuela, baina agure honek ezetz dio, hau da, berak egin zuela». Orduan Kalifak mutilari lehen eta agureari gero begiratu eta galdetu zien: «Nork egin zuen?». Eta mutilak: «Neuk egin nuen!». Eta jekeak: «Ez! Ez! Neuk egin nuen!». Kalifak ez zien ezer gehiagorik galdetu, eta Giafarri agindu zion: «Erama itzazu bi-biak eta gurutziltza ditzatela». Baina Giafarrek esan zuen: «Batek bakarrik egin badu, bidegabekeria handia izango litzateke biak zigortzea». Eta orduan gazteak hots egin zuen: «Alaren izenean, zeru eta lurraren goi-beheak asmatu zituen Haren izenean: zin dagizut neu naizela hilketa honen hiltzaile bakarra! Eta frogak ditut». Orduan, Kalifa, Giafar eta Massurrek bakarrik ezagutzen zuten kutxaren berri zehatza eman zien mutilak. Aitorpen hori entzunda, mutilaren erruduntasuna agerian geratu zen. Baina Kalifa oso harrituta zegoen, eta galdegin zion: «Eta zergatik hil zenuen? Zergatik aitortzen duzu ez badizugu oraindik oinazerik eman? Zer dela eta ari zara zigorra eskatzen?». Eta orduan mutilak esan zion: Jakin ezazu, o Fededun guztien Printzea den horrek, neska hura nire emaztea zela, jeke honen alaba alegia; jeke hau berriz, nire aitaginarreba da. Neska oraindik birjina zelarik ezkondu ginen, eta hiru seme-alaba eman zizkidan. Nire emaztea beti izan zen oso zintzoa, eta beti maitatu eta zerbitzatu ninduen. Eta ez nuen nik berari ezer aurpegiratzeko arrazoirik. Baina orain dela hilabete, oso gaixorik egon zen. Orduan, sendagilerik jakintsuenek bisitatu zuten, eta Alaren laguntzari esker berehala suspertu zen. Gaixorik egon zen bitartean, nola ez nintzen harekin oheratu, horrela egiteko gogo bizia nuen. Beraz, bainu bat hartzeko esan nion. Baina berak erantzun zidan: «Hammamera joan baino lehen, apetatxo bat ase nahi nuke». Eta nik galdegin nion: «Eta zein apeta duzu bada?». Eta berak erantzun zidan: «Sagar baten usain gozoa usaindu nahi nuke, bai eta jan ere». Sagarra erosteko, etxetik atera nintzen. Sagarra lortzeagatik ez zidakeen inporta ezta dinar bat ordaintzeak ere. Baina fruta-postu guztietan sartuta ere, ez nuen inon sagarrik aurkitu. Eta etxera itzuli nintzen oso triste. Ez nintzen ausartu nire emaztearen aurrean azaltzen, eta gau osoa pentsaketan murgilduta igaro nuen, pentsatzen eta pentsatzen sagar bat nola lortu. Beraz, eguna argitu bezain laster, berriro etxetik atera eta baratze guztietatik pasatu nintzen, banan-bana, eta zuhaitzik zuhaitz begiratu nuen. Baina alferrik. Eta horra ortulari batekin topo egin nuela, eta galdegin nion ea ba ote zekien non eros zitekeen sagar bat. Adineko ortularia zen, eta horrela erantzun zidan: «O, gaztea! Urtaro honetan oso zaila da sagarrik aurkitzea. Baina agian Basoran aurki dezakezu baten bat, Fededun guztien Gomendariarena den baratzean alegia. Dena den, han ere kostako zaizu baten bat lortzea, hango sagarrak ardura handiz gordetzen ditu-eta bertako ortulariak bere Kalifarentzat». Orduan, nire emaztearengana joan eta dena kontatu nion. Baina nik hura asko maite eta Basoraino joatea erabaki nuen. Hamabost egunbete behar izan nituen Basorara joan, hiru sagar hiru dinarretan erosi eta berriro nire emaztearen ondora itzultzeko. Hamabost egun horietan gau eta egun ibili nintzen. Sartu nintzen poz-pozik etxean eta nire emazteari eskaini nizkion. Baina berak ez zuen alaitasunik agertu, eta dastatu ere egin gabe muzin egin zien nire hiru sagarrei. Izan ere, ni kanpoan nintzela, sukarrak jo zuen berriro, bai eta gogor jo ere, oso gaixorik zegoen eta. Eta beste hamabost egunetan horrelaxe segitu zuen, oinazez eta ohetik atera gabe. Hamabost egun horietan beraren ondoan egon nintzen beti. Baina azkenez, Alaren botereari esker, suspertu egin zen. Orduan, neure dendara joan nintzen, negozioaz arduratu behar nuen eta. Banengoen arratsalde batean nire dendaren aurrean eserita, eta horra gizon beltz bat ikusi nuela, eta eskuan sagar bat zekarren. Eta esan nion: «Eup, adixkide! Non erosi duzu sagar hori? Nik ere baten bat erosi nahi nuke eta». Eta beltzak barre egin zuen, eta erantzun egin zidan: «Nire maitaleak oparitu dit. Egun batzuk pasatu dira bera ikusi gabe, eta bisitatzera joan natzaio, oso gaixorik egon da eta. Ondoan hiru sagar zituen, eta horien berri eskatu diodanean, zera erantzun dit: «Nire senar adardun bezain gizagaixoak ekarri dizkit Basoratik. Pentsa ba, hamabost eguneko bidaia egin du horiek ekartzeko eta ez ditu hiru dinarretan erosi bada!». Beltzaren hitzak entzun nituenean, oi Fededun guztien Printzea zaren hori!, mundua goibeldu zen niretzat, eta nire begiek ez zuten iluna baino ikusten. Denda presaka itxi eta etxera joan nintzen arin bai arin. Adimena hondatua neukan, eta nire senetik erabat aterata nengoen. Ohe ondoko mahaitxoan begiratu eta hain zuzen sagar bat falta zen. Jarraian galdegin nion nire emazteari: «Non dago beste sagarra?». Eta berak erantzun zidan: «Ez dakit ba». Horrek beltzaren hitzak frogatu zituen. Orduan, labana eskuan haren aurka oldartu eta labankadaz josi nuen. Gero, burua eta gorputzadarrak moztu nizkion, kutxa batean nola edo hala sartu, errezel eta tapiz banaz estali, eta azkenez kutxa iltzez itxi nuen. Ondoren, mando-gurdian jarri eta Tigrisera bota nuen. Oi Fededun guztien Emirra zaren horrek, emaidazu heriotza lehenbailehen!, ikaraz betetzen nau-eta Hilen Judizioan horren kontu emateak. Beraz, Tigrisera bota nuen kutxa, eta inork ikusi ez ninduenez, etxera bueltatu nintzen. Behin etxera heldurik, nire seme bat aurkitu nuen negarrez, eta bere amarekin gertatutakoaren berri izango ote zuen beldurrez, galdegin nion: «Zer dela eta ari zara negarrez?». Eta berak erantzun zidan: «Amari ekarri zenizkion hiru sagar horietako bat hartu dudalako. Eta gero anaiekin jaitsi naiz jolastera, baina beltz handi bat bertatik pasatu eta galdetu dit: «Non lortu duzu sagar hori?». Eta nik erantzun diot: «Aitak ekarri du Basoratik. Hiru sagar erosi zituen han hiru dinarren truke. Amarentzat erosi zituen, oso gaixorik dago eta». Orduan, beltzak sagarra lapurtu dit. Eta horregatik ari naiz negarrez, amak zigortuko nauelako beldur naizelako». Nire semeak kontatutakoa entzun nuenean, beltza gezurretan aritu zela ohartu nintzen, eta ondorioz, zeharo bedegabeki hila nuela nire emaztea! Eta negarrari eman nion. Une hartan, berriz, nire aitaginarreba suertatu zen, alegia nirekin dagoen jeke agurgarri hau, eta istorio tristearen berri eman nion. Orduan, nire ondoan eseri eta bera ere negarretan hasi zen. Eta gauaren erdira arte egin genuen negar. Eta gaur egun ere tristura nagusi da gure bihotzetan. Horregatik, o Fededun guztien Emirra zaren horri, arren eskatzen dizut, zure arbasoen oroitzapenik sakratuenen izenean, niri heriotza-zigorra ematea, nik egindako bidegabekeria mendekatzeko beste biderik ez dago eta. Hori guztia entzunda, Kalifa oso miretsita geratu zen, eta hots egin zuen: «Alaren izenean zin dagizuet beltz zital hori baino ez dudala hilko!». Kontaketaren une horretan, Schehrazada goiza agertzen ari zela ohartu eta zuhurtasun handiz isildu zen. Eta hurrengo gaua iritsi zenean... Schehrazadak bere istorioa kontatzen jarraitu zuen: Jakin dudanez, o zorioneko errege hori, beltza besterik ez lukeela hilko zin egin zuen kalifak, beraren ustez mutilak ez baitzuen fede txarrez jokatu. Gero, Giafarri esan zion: Ekar ezazu beltz zital hori hona. Eta hura aurkitu ezean, zeu urkatuko zaitut haren ordez». Eta Giafarrek negarrez alde egin zuen. Lau egun pasa eta gero, notarioari dei egin zion, testamentua egin nahi zuela eta. Gero bere seme-alabei deitu zien, agur esateko. Handik gutxira, kalifaren mandataria iritsi zen, eta beltza aurkitu ezean, Kalifa bera hiltzeko prest zegoela esan zion. Giafarrek berriro ere negarrari eman zion, eta baita bere seme-alabek ere. Abiatzera zihoala, bere alabarik txikienari musu eman nahi izan zion azkeneko aldiz. Baina hura besarkatzerakoan, neskatoak soinekoan zerbait zuela nabaritu eta galdetu zion: «Zer daukazu hor?». Eta neskatoak erantzun zion: «Sagar bat. O, aitatxo! Orain dela lau egun, gure beltz Rihanek eman zidan. Baina bi dinar ordaindu behar izan nizkion, ez pentsa!». «Beltz» eta «sagar» hitzak entzun zituenean, Giafarrek poztasun itzela hartu eta hots egin zuen: «Zein Handia zaren, Askatzaile hori!». Berehala agindu zuen Rihan beltza ager zedila bere aurrera. Eta Rihan izeneko beltza azaldu zenean, Giafarrek galdetu zion: «Nondik atera duzu sagar hau?». Eta beltzak erantzun zuen: «O, nire jaun hori! Orain dela bost egun, hiritik paseatzen ari nintzela, karrika estu batean sartu eta jolasean ari ziren haur batzuk topatu nituen. Horietako batek sagar eder bat zuen eskuan. Nik zaplasteko bat eman eta kendu egin nion. Eta haurra negarrez hasi eta esan zidan: «Itzulidazu, nire amarena da eta. Oso gaixorik zegoen eta sagar baten apetoa izan zuen. Orduan, nire aita Basoraino joan zen. Eta hiru sagar erosi zituen hiru dinarretan. Eta nik hiru sagar horietako bat hartu dut jolasteko». Nik, noski, mutikoaren negarrari jaramonik egin ez eta etxera itzuli nintzen. Eta nire jaberik txikienari saldu nion bi dinarren truke». Kontaketa hori entzun eta gero, Giafar mirespenak jota geratu zen. Emakume bat hilda eta auskalo zenbat buruhauste izanda, eta hori guztia bere beltz Rihanen erruagatik! Beraz, leotz batean itx zezatela agindu zuen. Eta bere burua heriotzatik libre zegoela jabeturik, honako neurtiz hauek kantatu zituen: Zure esklabua baldin bada zure zoritxar guztien iturria, zer dela-eta ez zara esklabu horretatik libratzen? Ez al dakizu esklabu asko daudela, baina arima bakarra duzula, eta erabat ezinezkoa dela arimaz aldatzea? Hala ere, beste zerbait bururatu zitzaion. Beraz, beltza leotzetik atera eta Kalifaren aurrera eraman zuen preso, eta istorio osoa kontatu zion. Harun-Al-Raschid Kalifa erabat miretsita geratu zen, eta berak aginduta, istorio hura Denboretako Liburuan idatzi zen, gizon-emakumeek irakaspen ederra har zezaten. Orduan Giafarrek esan zion: «Bada istorio honetaz miretsita gelditu bazara, are miretsiago geldituko zara aker eta erregearen istorioa entzun eta gero». Kalifak galdegin zion: «Zer-nolako istorioa da hori? Entzun berri duguna baino harrigarriagoa al da?». Eta Giafarrek esan zuen: «O, fededun guztien Gomendaria zaren hori! Ez dizut kontatuko nire beltz Rihani ez badiozu bere falta barkatzen». Eta Kalifak esan zuen: «Ondo da. Bere bizitza eta bere odola barkatuta daude». Kontatzen diren kontakizun guztien artetik, behin Indietako hiriren batean ba omen zegoen sultan bat, eta Ala handi eta ahalguztidunaren bitartez, hiru printzesaren aita zen, eta hiru printzesa hauek, edonola begiratuta ere, edertasun benetan handikoak ziren, eta begirako txit gozagarriak. Beren aitak, erresumako sultanak alegia, bihotzez maite zituen, eta printzesak nerabezarora iritsiak zirela oharturik, eurentzako senar bila hasi beharra zegoela erabaki zuen, berak adina maite eta zoriontsu egingo zituzten senarrak eduki zitzaten. Eta horrelako asmoa gogoan edukita, bere emazteari dei egin eta esan zion: «Gure hiru alabatxoak, nire bihotzeko hiru kutunak, jadanik nerabeak dira. Eta zuhaitzak udaberrian loratzen diren bezala, beraiek ere loratu egin dira, eta fruta noiz bilduko zain daude, eta komeni da ahalik lasterren biltzea, fruta ustel ez dadin. Beraz, senar bila hasteko garaia badela uste dut, zoriontsuak izango dira-eta». Orduan erreginak erantzun zion: «Primeran iruditzen zait». Eta euren helburua lortzeko biderik onena hausnartu eta eztabaidatu ondoren, pregonariek, erresumako bide guzti-guztietara, hiru printzesak ezkontzeko asmoaren berria zabal zezatela erabaki zuten, emir eta nagusi gorenen semeek ezezik, herriko gizon apal eta umilek ere izango baitzuten printzesekin ezkontzeko aukera. Horretarako, senargaiak, aurrez pentsaturiko egun batean, jauregiko leiho azpian egon zitezela agindu zuten. Eta esan zion erreginak bere senarrari: «Ez aberastasunarekin ez jaiotzarekin du zorionak zerikusirik, baizik Ala boteretsuaren nahiarekin. Patuari utzi behar zaio gure printzesen hiru senarrak aukeratzen, biderik onena hori da-eta. Beraz, egun bat zehaztuko dugu, eta egun horretan jauregiko leiho azpian bildu beharko dira senargai guztiak. Orduan, printzesek zapi bana jaurtikiko dute jauregiko leihotik. Eta zapiak nortzuen gainean erori, horietxek izango dira gure printsezen hiru senarrak. Eta sultanak erantzun zion: «Ondo deritzot». Eta horrelaxe egin zuten. Ekin zioten, beraz, pregonariek berri ona zabaltzeari. Eta eguna iritsi zenean, jauregi aurreko meidan-a senargaiz gainezka zegoen. Orduan, leiho bat zabaldu eta erregearen alaba nagusia azaldu zen. Ilargia bezain ederra zen, eta eskuan zapi bat zuen. Zapia jaurtiki eta, haizeak bultzata, emir gazte eta soin ederreko baten buruaren gainean erori zen. Gero, bigarren alaba agertu zen -hura ere ilargiaren parekoa-, eta bere zapitxoa jaurtiki zuen. Zapia airean gora-airean behera ibili zen, harik eta aurrekoa bezain eder eta liluragarria zen emir gazte baten buruaren gainean pausatu arte. Azkenez, sultanaren hirugarren alaba agertu eta bere zapia ere jaurtiki zuen. Zapiak airean dar-dar egin zuen. Gero, une batez, airean duda-mudatan bezala gelditu eta, azkenez, senargaien artean zegoen aker baten adarren gainean erori zen. Hura ikusita, sultanak froga baliogabe utzi zuen, eta, bere alabari agindu zion zapia berriro botatzeko. Printzesak horrela egin zuen, eta zapia meidan-era jaurtiki ondoren, airean duda-mudatan bezala gelditu eta aker berberaren adarren gainean erori zen oraingoan ere. Sultana erabat nahigabetuta zegoen, eta froga hau ere baliogabe utzi eta berriro egin zezala agindu zion. Printzesak zapia hirugarrenez jaurtiki zuen. Baina zapia airean duda-mudatan bezala gelditu eta, azkenez, betiko akerraren adarren gainean pausatu zen, aurrekoetan bezala. Kontaketaren une horretan, Schehrazada goiza agertzen ari zela ohartu eta zuhurtasun handiz isildu zen. Eta hurrengo gaua iritsi zenean... Schehrazadak bere istorioa kontatzen jarraitu zuen: Jakin dudanez, o errege zoriontsu hori, zapia airean duda-mudatan bezala gelditu eta, azkenez, akerraren adar gainean suertatu zen, aurreko saioetan bezala. Hura guztia ikusita, sultanaren atsekabea jasanezineraino areagotu zen, eta deiadar egin zuen: «Ala nire gainetik! Ez dut inolaz ere onartuko. Nire alaba aker batekin ezkondu baino lehen, neskazahar biziko da gurekin bizitza osorako!». Bere aitaren hitza entzunda, ordea, printzesa negarrez hasi zen. Masailetatik malko ugari eta lodiak isurtzen zitzaizkion, eta hasperenez esan zion: «Oi, aita! Hori bada nire patua, zer dela-eta eragotzi nahi duzu? Zer dela-eta sartu nahi zara nire patuaren eta nire zortearen artean? Ez ote dakizu, bada, nork bere patuaren zama daukala lepoari lotuta? Eta nire patua badago aker horri lotuta, zer dela-eta eragotzi behar didazu bere emaztea izatea?». Beste bi ahizpei dagokienez, printzesa gaztearen bekaitzez jota zeudela esan beharra dago, politeena eta gazteena zelako; beraz, euren aitari protestaka ere hasi ziren, printzesa akerrarekin ezkonduz gero mendeku biribila lortuko zuten-eta. Hiru ahizpak jo eta ke aritu ziren sultanak bere erabakia bertan behera utz zezan, bai eta horrelaxe lortu ere, azkenez sultanak amore eman baitzion ezkontza ezohiko eta harrigarri hura ospatzeari. Ezteiak prestatzen hasi ziren, beraz, eta osperik handienaz antola zitzatela agindu zuen. Eta berrogei egunetan eta berrogei gauetan, hiria egunez banderaz apaindurik eta gauez zuziz argiturik egon zen, eta jaialdi handiak eta ospakizun ederrak egin ziren. Herritar guztien bihotzetan alaitasuna zen nagusi, eta alaitasuna bete-betea izango zatekeen, baldin eta gonbidatuen artean egon izan ez balitz aker guztien artetik izugarriena zirudien aker hura, printzesa birjinaren ondoan beti zegoena, eta denak ondorioen beldur ziren, eta itzal bat susmatzen zuten beren alaitasunaren erdian. Eta eztai-gauaren aurreko egunetan, sultana eta bere emaztea, eta baita visir eta handikien emazteak ere, gogor ahalegindu ziren hura konbentzitzen animalia kirasdun, begi-beti-erne eta itzelezko erremintadun harekin ezkontza azkeneraino eraman ez zezan. Printzesak ordea, denei erantzuten zien berdin: «Nork bere patua darama bere lepotik zintzilik, eta baldin nire patua aker honen emaztea izatea bada, inork ez dit horrela egitea eragotziko». Azkenez, eztei-gaua iritsi zenean, printzesa bere ahizpekin eraman zuten hammamera, eta bertan bainu hartu, apaindu, edertu eta ilea orraztu zioten. Gero, norbere ezkongelara gidatua izan zen. Eta Patuak aukeratutako senarrengana eraman zituzten hiru printzesak. Eta bi alaba nagusiei dagokienez, gertatu zena gertatu egin zen. Printzesa gazteari eta bere senar akerrari dagokienez, horra zer gertatu zen! Printzesa gelan sartu eta atea itxi bezain laster, akerrak lurrari musu eman, eta uskabeko dar-dar bat eginez, bere aker-larrua galdu eta horren ordez gazte bat agertu zen, Harut aingerua bezain ederra. Gero, printzesarengana joan eta musu eman zion bi begien artean lehen, masailean gero, lepoan jarraian, eta alde guztietan azkenez. Eta esan zion: «O, arima-pizgarri hori, ez zaitez saiatu ere egin nor naizen jakiten! Zera besterik ez dizut esango, zure aita eta zure arreben senarrak baino boteretsuago eta aberatsagoa naizela! Eta zure gustukoa banintz, eta zure ondoan eduki nahi baninduzu, gauza bat besterik ez didazu agindu beharko». Noski, printzesak gazte hura erabat bere gustukoa zuen, eta bere ondoan gelditzea nahi zuen; beraz, galdegin zion: «Eta zer agindu behar dizut? Esaidazu, eta bihotz-bihotzetik beteko dut, txit zaila izango balitz ere, dizudan maitasuna egundainokoa da-eta!». Mutilak erantzun zion: «Gauza benetan erraza da -ya setti!-. Itxura aldatzeko nire botere honen berri ez diozu inori ere emango. Zeren norbaitek jakingo balu, akerra ezezik, gizona ere naizela, une horretan bertan desagertuko nintzateke, eta nekez jarraituko zenioke nire arrastoari». Printzesak sekretua gordetzea agindu zion dudarik txikiena izan gabe, eta honako hau erantsi zuen: «Zu zaren senar ederra galdu baino lehen, hiltzea nahiago!». Beraz, bata besteaz mesfidatzeko arrazoirik ez zutenez, euren grina naturalak askatu zituzten. Eta maitasun handiz maitatu zuten elkar, eta gaua -gau bedeinkatu hura- igaro zuten ezpainak ezpain gainean eta hankak hanka gainean, elkarri laztan goxo eta xarmangarriak etengabe eginez. Eta goiza agertu arte euren hartan jarraitu zuten. Orduan, mutilak neskaren larru-azal zuria laztantzetik gelditu eta betiko aker-itxura berreskuratu zuen: adarrak, apatxak, oi itzela eta abar. Eta gauean gertatutakoaz ez zen deusik ere geratu, ohorezko izarako odol-tantak salbu. Eta hurrengo goizean, printzesaren ama ezkontideen gelan sartu zenean, beraien berri jakiteko eta ohorezko izara aztertzeko, ohitura zenez, printzesaren ohorea izaran argi eta garbi azaltzen zela ikusirik, eta gertatutakoa ezbairik gabekoa zela ulerturik, harri eta zur geratu zen. Orduan bere alabari begiratu zion eta pozik eta kontent kausitu zuen; eta akerra, berriz, tapizean patxadaz etzanda zegoen, pentsaketan murgilduta bezala. Hura guzti hura ikusita, bere senarraren bila joan zen, printzesaren aita sultanaren bila alegia, gertatua berak ere bere begiez ikus eta egiazta zezan, eta bere emaztea bezain harri eta zur geratu zen. Eta esan zion bere alabari: «O, alaba! Egia al da beraz?». Eta erantzun zion besteak: «O, aita. Egia da, bai». Sultanak orduan galdetu zion: «Eta lotsaz eta minez ez al zara hil?». Eta erantzun zion alabak: «Ala nire gainetik! Zer dela-eta behar nuen hil, horrelako senar ardurati eta zoragarria edukita?». Eta printzesaren amak esan zuen: «Dirudienez, ez daukazu kexatzeko arrazoirik». Eta bere alabak: «Ezta kexarik txikiena ere». Orduan sultanak esan zuen: «Bere senarraz ez badu inongo kexarik, bada orduan horrek esan nahi du zoriontsua dela. Zer gehiago eska daiteke?». Eta bere akerrarekin bizitzea utzi zioten. Handik aste batzuetara, sultanaren urtebetetzea ospatu behar zutela-eta, torneo handia antolatu zen jauregiko plazan. Torneoan erresumako handiki guztiek parte hartu behar zuten, baita bere bi alaben senarrek ere. Akerrari dagokionez, ez zuen gonbidatu bere lepotik inork barre egin ez zezan. Torneoa hasi zen eta zaldunek bihotz handiz burrukatu zuten. Zaldiek bazirudien airea irentsi behar zutela. Eta burrukalariek euren djerid-ez tiro egiten zuten oihu izugarriak eginez. Baina beste burrukalarien gainetik, bi alaben senarrak nabarmendu ziren. Eta jendeak txalo egiten zien berotasun handiz. Ordea ustekabean, zaldun bat agertu zen. Harroa zirudien, eta burrukalaririk onenek bezala zimurtzen zuen bekokia. Burrukarako desafioa egin zien, senar bati lehendabiziz eta besteari gero, bi emir garaileei alegia, eta bere djeridaz jaurtikitako lehen tiroaz bota zituen biak euren zaldietatik. Orduan, zaldun gazteak erregeari agur egiteko jauregiko plaza zeharkatu zuenean -ohitura horixe zen-eta- bi printzesek gorroto biziz begiratu zioten. Eta jauregiko leiho azpitik pasatu zenean, printzesak bere senarra ezagutu bazuen ere, txintik ez zuen esan -bere sekretua gorde beharrez-, eta keinurik batere ez zion aurpegiaz egin. Hala ere, arrosa bat hartu zuen bere iletik eta eskaini egin zion. Erregeak, erreginak eta printzesaren bi ahizpek hura ikusita, atsekabe sakona hartu zuten. Hurrengo egunean, jauregiko plazan beste torneo bat egin behar zen. Eta berriro ere gazte hura atera zen garaile. Eta jauregiko leiho azpitik pasatzerakoan, printzesa gazteak bere ileko jasmin bat eskaini zion. Horrek samintasun handia sorrarazi zien Erregeari, erreginari eta printzesaren bi ahizpei. Eta erregeak pentsatu zuen bere artean: «Lotsagabe halakoa! Gorriak ikusi ditugu akerrarekin ezkondu zenetik. Horrekin pozik ez eta arrotz bati ez al dizkio jendaurrean bere sentimenduak erakutsi, ba!». Eta erreginak ere begi txarrez begiratu zion. Eta bere bi ahizpak euren soinekoetatik tiratzen hasi ziren, lotsaren lotsaz. Eta hurrengo egunean, azken burruka egin behar zutela eta, zaldun eder hura, printzesa gaztearen senarra alegia, berriro ere torneotik garaile atera zen. Eta jauregiko leiho azpitik pasatu zenean, printzesak bere ileko tamarindo-lorea kendu eta bere senar galantari eskaini zion. Orduan, sultanak eta bere emazteak haserre bizi-bizia hartu zuten, eta printzesaren bi ahaizpak indarkeriaz lehertu ziren. Eta sultanaren begiak gorritu egin ziren, eta belarriek dar-dar egiten zioten, eta sudurra puztu zitzaion, hiraren hiraz. Eta bere alaba gaztea iletatik hartu eta han bertan hil nahi izan zuen, bizitza lurtarretik betiko desagertarazteko. Eta oihu egiten zion: «A, lotsagabe madarikatua! Lehendabiziz aker bat sartu zenuen nire leinuaren barruan; horrekin pozik egon ez eta arrotz batekin hasi zara maitakeriazko jolasetan, non-eta jauregiko plazan, mundu guztiaren aurrean ni barregarri uzteko! Bada orduan hil zaitez, eta zure heriotzak libra gaitzala lotsaizun honetatik!». Hitz horiek esanda, bere alaba lurrera bota eta marmolezko baldosetan burua ipinita hura zanpatzeko prest egon zen. Printzesa gajoak berriz, heriotza hurbil ikusita, sekretu preziatu eta maitatua gorde nahi zuen arren, hots egin zuen: «Egia kontatuko dizut! Barkaidazu bizia, arren! Egia kontatuko dizut!». Eta arnasestuka, akerrarekin gertaturikoa kontatzen hasi zitzaien bere aitari, bere amari eta bere ahizpei. Eta burruka haien irabazlea nor zen ere esan zien, bere senarra alegia. Eta horrelaxe gertatu zen! Eta sultanak, eta sultanaren emazteak eta sultanaren bi alabak, printzesa gaztearen bi ahizpak alegia, istorioa entzunda erabat harrituta geratu ziren, eta printzesa gaztearen patua zela-eta txit miretsita egon ziren. Eta horra beraiei dagokiena! Akerrari dagokion bezainbatean, hartaz geroztik ez zitzaion gehiago ikusi. Eta aurrerantzean, ez akerrik, ez gazte ederrik, ez aker-usainik ez gazte-aztarnarik kausitu zuten jauregi hartan. Eta printzesa gazteak, egunak joan-egunak etorri zain egon ondoren, bere senarra ez zela gehiago etorriko ulertu zuen, eta triste, alargun, negarti eta etsita geratu zen. Kontaketaren une horretan, Schehrazada goiza agertzen ari zela ohartu eta zuhurtasun handiz isildu zen. Eta hurrengo gaua iritsi zenean... Schehrazadak istorioa kontatzen jarraitu zuen: Jakin dudanez, o errege zoriontsu hori, printzesa gaztea triste, alargun, negarti eta etsita geratu zen. Eta zenbait hilabetez horrelaxe bizi izan zen, malkotan itota eta tristura sakonak jota, kontsolamendurik edota poztasunik inon topatu gabe. Eta bera alaitzera etorritakoei esaten zien beti: «Alferrik ari zarete. Neu naiz gizakien artean zoritxarrekoena, eta penaz eta tristuraz hil beharko dut». Baina hil aurretik, Alaren lurbira osoan bera bezalako emakume urrikalgarri eta zoritxarrekorik ba ote zegoen jakin nahi izan zuen. Horretarako, lehenengo eta behin bidaia bat egitea erabaki zuen, beste hiri batzuetako emakumeei galdegiteko. Baina laster baztertu zuen ideia hori, eta horren ordez, Indietako hammamerik bikainena eraikiarazi zuen. Erresumako emakume guzti-guztiak gonbidatu zituen bere hammame horretan bainu hartzera, eta pregonariei agindu zien berria lau haizetara zabal zezatela. Hammamean sartzeko baldintza bakarra jarri zuen: bertara sartu aurretik, bizitzan jasandako esperientziarik latzena, tristurarik sakonenaren kausa kontatu beharko lioke emakume bakoitzak printzesa gazteari. Pareko ezer kontatzekorik izango ez zuten emakumeei dagokienez, debekatua izango zuten hammamera sartzea. Hortaz, berehala hasi ziren erresumako emakumerik zoritxarrekoenak hammamera etortzen: atsekaberik sakonena jasan zutenak, zorteak bizkar emanda zeuzkanak, alargun eta bananduak, hainbat arrazoirengatik emakume mixerable piloa, eta bizitzako eta denborako zitalkeriak medio zaurituak izan zirenak. Eta bainu-etxean sartu aurretik, euren bizitzako gertaerarik mingotsena kontatzen zioten printzesa gazteari. Euren senarrengandik jasotako makilkadak zenbaturik zeuzkatenak, nola geratu ziren alargun kontatzean negarrez hasten zirenak, euren gizonak abandonatuak izan zirenak atso ikaragarriren batengatik edota gamelu-ezpainetako emakume beltzen batengatik, seme edota senar maitearen heriotza kontatzeko hitz hunkigarri eta bihotz-erdiragarriak erabiltzen zituztenak... Labur esanda, hainbat emakume hainbat istorio. Eta horrelaxe iragan zen urte bat, istorio beltz eta negar artean. Dena den, printzesak ez zuen istoriorik entzun bere zoritxarraren pareko eta berdina izan zitekeenik, ezta esperientzia sakonagorik edota mingotsagorik ezagutu ere. Beraz, haren tristura eta etsipena areagotu baino ez ziren egin. Egun batean ordea, Herioak laster atzematekoa zen atso zahartxo bat sartu zen hammamera. Makulu baten lagutzaz zebilen, eta dardarek hartuta zegoen. Eta printzesa gaztearengana joan, eskuan musu eman eta esan egin zion: «Ya setti! Urte adina zoritxar dauzkat nik bizitza honetan pairatuak, eta horiek kontatzen hasiz gero, mihina lehor geratuko litzaidake, alajaina! Hori dela eta, gertatu zaidan azkena horixe besterik ez dut kontatuko, baina denetan handiena da -bai horixe!-, zoritxarraren arrazoia eta zentzua ulertzeko gai ez naiz izan eta. Bestalde, dardarka banago nagoen bezala, ikusi berria dudanagatik da. Entzun ezazu, bada, nire istorioa. Lehenengo eta behin, gauza bat jakin behar duzu, zera, soinean jantzita daukadan atorra beste ondasunik ez dut. Eta zure hammamean txukun aurkeztu nahi nuenez, atorra ikuztea pentsatu nuen. Beraz, ibai-bazterrera joan eta leku bakarti bat aukeratu nuen, bertan biluzi eta atorra garbitzeko. Arazorik gabe egin nuen dena. Baina atorra garbitu eta harri batean eguzkitan lehortzen jarrita neukala, bi kupel urez zamaturik zihoan mandoa ikusi nuen niganantz etortzen, eta mandoak ez omen zuen mandazainik. Mandazaina berehala azalduko zelakoan, ez nion axola handiegirik eman. Baina ez mandazainik ez inolako giza-arimarik ikusten nuen nik eta erabat harrituta geratu nintzen jaberik gabeko mando hura ikusten, egin beharreko bidea ziurtasun handiz egiten ari baitzen, burua alderoka oin bakoitzean. Jakingura nire baitan pizturik, zutitu eta tarte batetik jarraitu nion. Laster, harkaitz batera iritsi eta aurrean gelditu zen. Orduan, eskuineko hankako apatxaz lurra hiru aldiz jo zuen, eta hirugarren kolpea emanda, harkaitza ireki eta mandoa bertatik sartu zen. Jakinminak zirikatuta nengoen eta atzetik jarraitu nion. Beraz, lurpeko hartan sartu nintzen mandoa ustekabeko gidari nuela. Laster, sukalde handi batera iritsi nintzen. Sukalde hura, dudarik ez, lur azpian zegoen jauregikoa zen. Sutondoan berriz, jaki goxoz beteriko lapikoak ikusi nituen, eta zerien lurrin ahogozagarria dela-eta nire bihotza alaitu egin zen, eta sudur-hobiak etengabe dilatatzen hasi zitzaizkidan. Goseari ezin eutsita, goi mailako sukaldaritza harenik dastatzea beste ezer ez nuen buruan, jateko gogoa ni baino indartsuagoa zen-eta. Beraz, ez sukaldaririk ez morroirik ez Alaren izenean zerbait eskatzeko inor ikusten nuenez, lurrinik gozoena zerion lapikora hurbildu eta tapakia kendu nuen. Eta haren usain gozoak erabat lurrindu ninduen. Baina bapatean, lapiko hondotik ahots batek oihu egin zidan: «Et, et, et! Gure andrearentzako da-eta. Ez uki, ala hilko zara!». Guztiz ikaraturik, tapakia berriko lapiko gainean jarri eta sukaldetik atera nintzen korrika bizian. Eta beste areto batera heldu nintzen. Apur bat txikiagoa zen, eta erretilu ugari zeuden bertan. Erretiluetan berriz, kalitate handiko pastelak, opil gozo-gozoak, eta hamaika jaki zoragarri ikusten ziren. Eta nire arimako gose-minduak eraginda, erretilu haietariko batetik opiltxo gozo eta bero bat hartu nuen. Baina horra zer gertatu zen: opilak eskuan kolpea eman zidan eta berriro ere erretiluan uztera behartu ninduen. Eta erretiluaren hondotik ahots batek oihu egin zidan, hauxe esanez: «Et, et, et! Gure andrearentzako da-eta! Ez uki, ala hilko zara!». Hori entzunda korrika itsuan atera nintzen handik, ikararen ikaraz eta hankak dardarka nituela. Eta galeria askotxo zeharkatu eta gero, sabai ederreko areto handi batera iritsi nintzen. Hain ederra eta hain aberatsa zen, non, erregeren baten jauregia baitzirudien, edo behintzat, ez zion ezer inbidiatzekorik. Aretoaren erdian urmael handi bat zegoen; eta urmael horren inguruan, berriz, berrogeiren bat tronu, horietatik bat besteak baino bikainagoa zelarik. Gela zoragarri hartan, harmonia eta isiltasuna ezik beste inor ez omen zen bizi. Ez dakit zenbat denbora pasatuko zen, edertasun hartaz liluratuta nengoen eta. Ustekabean, isiltasun haren erdian, ahuntzek harrietatik ibiltzerakoan apatxez ateratzen duten hotsa ailegatu zitzaidan. Belarrietan min egiteko moduko zarata zen! Zer izango ote zen beldurrez, diban baten azpian ezkutatu nintzen azkar. Horrela, den-dena ikus nezakeen, inork ni ikusia izan gabe. Bien bitartean, ahuntz-apatxen hotsa aretora hurbiltzen ari zen, eta handik laster, berrogei bat aker-bixar-luze ikusi nituen bertara sartzen. Azken akerra azkenaurrekoaren gainean zihoan. Eta denak barruan egon zirenean, norbere tronuaren aurrean jarri zen, urmaelari inguratuz. Gero, azkenaurreko akerraren gainean zihoan akerra bere kidearen bizkarretik jaitsi eta tronu nagusian esertzera joan zen. Orduan, gainontzeko akerrak aurrean makurtu eta adarrekin lurra ukitu zuten. Eta horrelaxe egon ziren alditxo batez. Azkenez, denak batera, berriro lau hanken gainean jarri, eta euren nagusiarekin batera, hiru aldiz jo zuten apetxez lurrean. Une horretan aker guztiak desagertu egin ziren, eta horien ordez berrogei mutil agertu. Denak ilargia bezalakoak ziren, baina ederrena euren nagusia bera zen. Ondoren, urmaelera jaitsi eta bainu hartu zuten. Handik atera zirenean, euren gorputzak jasmina bezain zoragarriak ziren, Sortzaileak bedeinkazioz bete izan balitu bezala. Eta euren tronuetan eseri ziren, biluzik bezain eder. Eta tronu nagusian eserita zegoen mutilari begiratzen nion bitartean, haren edertasunaz gozatzen ari nintzen-eta, negar eta negar hasten zela ikusi nuen. Eta gainontzeko mutilei ere gauza bera gertatu zitzaien, hau da, negarretan urtzen hasi ziren. Eta esaten zuten denek zizpuruka: «Oi, gure andrea! Oi, gure andrea!». Eta beren erregeak ere esaten zuen, bera ere negar-malko mardulak eginez: «Oi, edertasunaren printzesa nire bihotzekoa!». Orduan lur, ganga, murru, ate eta altzari guztietatik ateratako kexuak belarriratu zitzaizkidan, eta atsekabe eta nahigabearen seinale ziren hitz berberak errepikatzen zituzten: «Oi, gure andrea! Oi, edertasunaren printzesa nire bihotzekoa!». Eta ordubetez negar eta zizpuru egon eta gero, mutila altxatu eta esan zuen: «Noiz etorri behar duzu? Nik hemendik ateratzerik ez daukat eta! Oi, edertasunaren printzesa maitea, noiz etorriko zara? Nik hemendik ateratzerik ez daukat eta!». Gero, bere tronutik jaitsi zen, berriro ere lehengo aker-itxura hartzeko. Besteek ere berdin egin zuten, hau da, tronuetatik jaitsi eta aker bihurtu ziren, lehen bezala. Lurrean apatx-hotsik entzun ez nuenean, nire ezkutalekutik atera eta etorri bezala alde egin nuen. Eta lurpeko hartatik kanpo egon arte, ez nuen lasai arnastu. Horrelakoxea da nire istorioa. Eta inoiz izan dudan zorigaitzik handiena da, ez bakarrik lapiko eta erretiluetako jaki gozoak ezin dastaturik geratu nintzelako, baizik lurpeko hartan ikusitako gauza eta egite harrigarriak ere ezin ulerturik nagoelako. Horixe da, beraz, nire bizitzako zoritxarrik latzena! Atso zahartxoak kontatzen bukatu zuenean, printzesa gaztearen bihotza zoroki ari zen taupa eta taupa, aker-itxurako mutila bere senar maitea zelako zalantzarik ez zuen-eta. Gizonen artean ez al zen bere senarra gizonik ederrena? Eta bere bihotz-sentipenek gogor ukituta, hilko zela iruditzen zitzaion. Azkenez, hitz egiteko moduan egon zenean, esan zion atso zahartxoari: «Oi, ama maitea! Ala Urrikitsuak nigana gidatu zaitu, dohainez beteriko zahartzaroa izan dezazun. Aurrerantzean amatzat hartuko zaitut eta nire esku dagoen guztia zure esku ere egongo da. Ordea Alak emandako irabaziak zerbaitetan preziatzen badituzu, arren, altxa zaitez eta gida nazazu toki harrigarri horretaraino, mandoa desagertu zen tokiraino. Eta ilargiak hammameko terraza argitzen zuela, biak bertatik atera eta ibaiko bazterrera jo zuten. Berehala ikusi zuten mandoa, atso zahartxoak aipatutako norabide berberantz gainera, eta bi kupel ur bete ari zen lehengo tokirantz garraiatzen. Orduan, tarte zuhur batetik jarraitu zioten, harkaitz handi hartara iritsi arte. Lurra bertan jo zuen apatxaz hiru aldiz eta harkaitza ireki egin zen, lehengo lurpeko bera agerian jarriz. Mandoa barrura sartu zenean, printzesa gazteak esan zion atso zahartxoari: «Zaude hemen nire zain». Baina atsoak ez zion handik barrena bakarrik abiatzen utzi, eta bere atzetik joan zen, izu-ikara gorriak jota bazegoen ere. Lurpekoan sartuta, ibiltzen hasi eta berehala iritsi ziren sukalderaino. Sutondoetan lapikoak aurkitu zituzten primeran ordenaturik, eta irakitan aritu bitartean harmonia osoz kantatzen zuten, eta euren lurrin gozo-gozoak bihotza suspertu, sudur-hobiak piztu eta arima zigortuen oinazeak desagerrarazteko modukoak ziren. Printzesa gaztea aurretik pasa ahala, lapikoetako tapakiak euren kasa altxatu eta oihu alaiak jaurtikitzen zituzten, eta esaten zuten: «Ongi etorria izan bedi gure andrea! Ongi etorria!». Bigarren aretora helduta, pastelak eta opil beroak aurkitu zituen, eta begirako itxurarik hoberena zuten, gozo-gozoak eta edonoren ahosabaiak urtzeko modukoak ziren eta. Eta printzesa gaztea aurreratu ahala, erretilu guztietatik eta opiltxoak zeuden saskitxo guztietatik alaitasunezko oihuak ateratzen ziren, eta horrela zioten: «Ongi etorria izan bedi gure andrea! Ongi etorria!». Eta lurpekotik zebilen haizetxoak berak, zorion-giro horrekin bat eginez bezala, durundi alaiak sortzen zituen arkupeetan barrena. Eta atso zahartxoak, haren guztiaren berri eman zionak, areto gangadunera zeramaten galeriak erakutsi zizkion, esanez: «Oi, nire andrea! Pasabide horretan barrena jo behar duzu. Ni berriz, bertan izango naiz zure zain, sukaldea baita neskamearen tokia, eta ez tronuaren gela. Orduan, printzesa gaztea galerietan barrena bakarrik abiatu zen, atso zahartxoak adierazitako aretora iritsi arte. Printzesa gaztea aurreratu ahala, ahots alaiek ongi etorria ematen zioten, kontzertu eta guzti. Eta dibanera helduta, azpian ezkutatu ordez -atso zahartxoak egina zuen bezala-, tronu nagusian eseri zen, huraxe baitzen ohorezko tokia, urmael ondoan hain zuzen. Badaezpada berriz, aurpegiko errezela jantzi zuen. Bere tronuan erregina gisa denbora gutxi eserita zeramala, hots batzuk entzutea iruditu zitzaion, baina ez animaliek lurra apatxez joaz ateratzen duten bezala, baizik gizon bat korrika hurbilduko balitz bezala. Eta gertatu zen gertatu behar zuena. Eta bi maiteminduen bihotzetan, oinazearen ordez, alaitasuna eta maitasuna izan ziren nagusi. Eta maitea bere maitearekin lotzen den bezala lotu ziren. Eta gangatik, murruetatik, gelako bazter guztietatik kantu ederrak baino ez ziren entzuten, ahotsak zerurantz jasotzen baitzituzten euren harmoniazko kantak, printzesa gaztearen ohorez. Eta geroztik, pozik eta zoriontsu bizi izan ziren. Baina Ala da handiena. Horixe da, o errege dohatsu hori -esan zion Schehrazadak Schahriar erregeari-, Giafar-Al-Barmaki bisirrak Harun-Al-Raschid kalifari, Bagdad-eko Sinestunen Emirrari, kontatu ziona. Eta Harun-Al-Raschid kalifak hots egin zuen: «Alaren izenean! Hau guztia egiatan miresgarria da!». Eta bere harridura horretatik atera ezinez, Giafar bisirrari irri egin zion esker oneko; gero, jauregiko izkribatzaileei agindu zien istorio harrigarri hura urrez idaz zezatela, eta euren idazkerarik ederrena erabil zezatela, eta bukatutakoan istorioen armairuan gorde zezatela, seme-alaben seme-alabek irakaspen ederra izango zuten-eta. Gero, bere betiko zentzutasun eta zuhurtziaz, horrela hitz egin zion Schehrazadak Schahriar erregeari, Indietako eta Txinako erregeari: «Dena den, ez pentsa -o errege dohatsu horrek- istorio hau segidan kontatuko dizudana baino hobea denik». Eta Schahriar erregeak galdegin zion: «Zer istorio da hori?». Eta Schehrazadak erantzun zion: «Besteak baino askoz harrigarriagoa da! Kontatuko dizut nekatuegi ez bazaude, o jauna!». Orduan, erregeak esan zuen: «Nire baimena duzu. Entzun dezagun bada!». Eta Schehrazada bere istorioa kontatzen hasi zen. Jakin dudanez, oi zorioneko errege hori,... ?? Ekialdeko Kontakizunak X. Galarreta Ekialdeko Kontakizunak X. Galarreta Ekialdeko Kontakizunak X. Galarreta Ekialdeko Kontakizunak X. Galarreta Ekialdeko Kontakizunak X. Galarreta Ekialdeko Kontakizunak X. Galarreta