KALETARREN ISTORIOAK XABIER GALARRETA (c) Xabier Galarreta (c) Marjinalia Bilduma 1995. urtea (iraila) Azala: «Bibolinjolea berdez». M. Ch. Zuzenketak: X.G. eta Mª J.Y. Legezko Gordailua: SS- 257/99 HITZEZ'24 Galtzaur kalea, 25 - 6. lokala (atzealdea) 20115 - Astigarraga XABIER GALARRETA KALETARREN ISTORIOAK MARJINALIA BILDUMA JAZZ SOINUAK GAUERDIAN Joxerrak begia zerurantz jaso zuenean, hodei artetik ihes egindako ilargi potzolo eta biribil bat antzematen ahal izan zion ostarte jostariari. Tamalez, zeruari ateratako orezta txuri haren berri Lierniri eman baino lehen, berriro ere begimenetik kanpo zegoela ohartu zen atsekabe. -Zerbait esatera al zindoazen? Joxerrak ilargiari buruzko aipurik egiteari eutsi eta bakarrik esan zuen: -Esku gordeak baino ez dira zure gurasoak. Zeken halakoak! -Ederki, galant eder horrek -eten zion Liernik-, jarrai ezazu nire gurasoez marmarka. Horrek hobeto sentiarazten bazaitu... -Ogi puska hutsa naiz ni, eta horregatik ez didate kasurik egiten. Espaloi beretik zetorren atso baten zakurrak zaunka egin zien aurretik iragaterakoan. Joxerrak, bere betiko gogaldi garratzez, zerbait marmartu zuen txakurrei buruz. Negozio bat jartzeko ideia aspaldidanik zebilkion burutik. Alabaina bai bera bai Lierni bere bizilaguna sosik gabe zeudenez, neskaren aitaginarrebengandik lortzea espero zuen, nahiz eta ordurarte egindako ahaleginak ustel atera, eta horregatik zegoen haserre bizi-bizian, une hartantxe hain zuzen baitzetozen alferrikako ahalegin berri bat saiatzetik. -Beraiengandik ez duzu ezer lortuko, gizon -esan zion Liernik kontu hartaz aspertzen hasia zelarik-. Beraz, utziozu negar iturriarena egiteari eta bila ezazu dirua irabazteko bide berriren bat. -«Negar iturri» ni? -bueltatu zitzaion Joxerra suminduraz. Eta kalean geldituz, eskumuturretik oratu zion Lierniri indarrez. -Utz nazazu, min egiten didazu-eta! -Ba! Zure gurasoen ezpalekoa zara zu ere -eta Lierniren eskumuturra askatu zuen. «Negar iturri!» pentsatu zuen Joxerrak bere artean, mesprezuz. Liernik bere eskumuturra igurtzi zuen, Joxerrak egindako hestualdiaren eraginez minduta baitzeukan. Negu azkena izan arren, hotza inoiz baino gorriagoa zen. Etxe bateko leiho aurretik pasatzean, ume bihurri batek ixeka egin zien. Gero, begi itxi-ireki batean desagertu zen. -Hi, kabroi hori, hoa heure amarengana adarra jotzera! -Jainkoarren, Joxerra. Zaude ixilik! Joxerra txakurrarenak esatera zihoala, izotz xafla batean labaindu eta lurra jo zuen ai batez. -Ai, kriston taloa hartu dut. Lagundu zutik jartzen -zuzendu zitzaion Lierniri. Eta espresio mingarri bat aurpegian zuela, aurreko haserrealdiaz ahaztu zen. -Zer moduz zaude? -galdegin zion Liernik irri bat ezkutatu ezinez. -Orkatila bihurtu ez ote zaidan beldur naiz -hots egin zuen Joxerrak hitz gorri andana jaurtikiz. Haizea indar hasi zuen. Liernik begiak zorroztu zituen taxirik ba ote zetorren ikusi nahian. Bat ere ez. Bapatean, atari batetik erromes itxurako gizon batek jauzi egin zien bidera, gosea hiltzeko txanpon eske, berak zioenez. Joxerra erorketa zela-eta babesgabe zegoelakoan, Lierniri hasi zitzaion lotsagabez diru eske, eta baita ukabila jaso ere, keinalari. Joxerrak, ordea, arlotearen jarrerak akuilatuta, indarrak nonbaitetik atera eta arlotea bultzada batez errepidera bidali zuen. Une hartan suertatutako taxiak balaztakada ikusgarria egin behar izan zuen gizajoa ez harrapatzeko. Liernik, taxia ikusiz, esan zion Joxerrari poz-pozik: -Taxi bat! Salbu gaude. Une bat geroago, euren etxerako bidea hartuta zeukaten. -Zer moduz zure orkatila? -Oraindik minduta daukat -erantzun zion Joxerrak min hartuta zeukan oinaren zapata erantziz-. Uf, hanpututa edukiko dut bihar. Gainera, hoztu naizela uste dut. -Bai, jin-janka mintzatzen zara gaur goizetik. Sudur itxia duzu-eta. Liernik, eutsi ezinez, barreari eman zion. Eta sudurrez mintzatzen hasi zen, Joxerraren mintzoa imitatuz. Semaforo batean geldi zeudela, aurpegi ezagun bat ikustea iruditu zitzaion Joxerrari kotxeko leihatilatik. -Hori ez al da Jon? Semaforoa aldatu orduko, hirurei hitz eta pitz zerien taxi barrutik. -Bada Gaueko Sorginara nindoanan David Brow-en kontzertua entzutera -erantzun zion Jonek Lierniren galderari. -David Brow! -hots egin zuen Joxerrak begiak zabal-zabal. Eta jarraian erantsi zuen-: gaur gauean beta igarotzeko ezer otu ez zaidala pentsatzea ere! -Noski, aspaldion ez haiz ezertaz enteratzen eta. Etxe zuloan sartuta beti, basagizon baten antzera -ihardetsi zion Jonek barre-algaraka. -Hi, ordea, non ze berri habil beti. Ezta? -Halaxe duk, bai. Halaxe duk -erantzun zion Jonek alai-. Ondotxo dakizuenez, asko ikasia nauk ni gaupasen gainean. -Eta isilune baten ondoren, galdegin zien ustegabean-: zergatik ez zatozte nirekin ba? -Tira, Lierni. Begirada bat eman diezaiokegu tokiari -proposatu zion Joxerrak oina zapatan berriro sartuz. -Zure orkatila, gero? -Nire orkatila -ihardetsi zion Joxerrak etsipenez- oso gaizki egongo da gurean nahiz Gaueko Sorginenean. -Ez egin protestarik, Lierni -tartekatu zen Jon-, badakin kaskailu honekin -eta Joxerra erakutsi zion eskuaz- eztabaidatzerik ez dagoela. Goazeman hirurok David Brow-en kontzertura eta kitto. Taxiak poliki-poliki aurreratu behar zuen, elurtea zela eta bidea benetan arriskutsu baitzegoen. Elur malutak politasun handiz erortzen ziren jadanik agerian ez zen zerutik, eta horregatik pentsatu zuen Joxerrak harrigarria zela, zeren apenas pasa zen ordu erdi bat zeru garbian ilargia ikusi zuenetik, eta ordurako laino horiska eta lodi hartatik sorturiko elur zapladak besterik ez ziren ikusten. Joxerrak pentsatu zuen zenbait une izan daitezkeela haur ipuinetakoak bezain zoragarriak. -Zer moduz hire neskarekin? -galdetu zion Liernik Joni. -Norekin? Maribelekin? -galdetu zion bere aldetik Jonek-. Bada oso ondo, uste dinat. Aste honetan ez dun etxetik agertu. -Arrosarekin jarraitzen huelakoan nengoan -esan zion Liernik erdi barrez. Eta segituan galdegin zion-: Ez haiz nekatzen hilero neska aldatzeaz? -Eztitan bizitzea gustatzen zaidan niri, polit hori. -Horregatik deitzen diate «bizkondea». Ezta? -hots egin zuen ordurarte ixilik iraun zuen Joxerrak. -Egia al da hori? -galdetu zuen Liernik jostaturik. Jonek, erantzun bakar moduan, sorbaldak jaso zituen. Etengabe piztu eta itzaltzen zen neoizko sorgin baten aurrera iritsiak ziren jada. Ate aurrean pilatuta, lau-bost lagunek eztabaidan ziharduten pubeko atezainarekin. Laino, elur eta neoizko argiek ametsetako itxura ematen zioten kaleari. Joxerra taxitik nekez jaisten ari zela, Lierni eta Jon pubeko ate aurrera hurbildu ziren ikusminez. Ustegabean, liskarrean zebiltzan haietako batek labaina atera eta atezainaren aurpegi aurrean dardar eragin zion. Atezainak, hotz-hotzean, esan zion: -Uztak jostailu hori ala epelak emango dizkiat. Besteak, ordea, berean ziharduen. Bat-batean, atezainak patrikatik pistola txiki bat atera eta makarra enkainonatu zuen. Ate inguruan zebiltzan guztiak -labanaduna izan ezik- korrika batean desagertu ziren, pistola ikusi bezain laster. Hotzak gorabehera, makarrari izerdi patxetan nabari zitzaion. Eszena honetatik metro batzuetara, Jonek eta Liernik oro begi zirauten. Joxerra, ezertaz konturatu gabe, taxistari ordaintzen ari zen. -Bide okerrean habil, motel. Eta espetxera joko duk, ez bahaiz aldatzen behintzat -ohartarazi zion atezainak patxara handiz. -Bihola hire amaren alua espetxera! -deiadar egin zion makarrak korrikari ematearekin batera. Eta kaleko kantoira iritsita, izotzak labainarazi eta lurra jo zuen. Baina berehala zutik jarri eta, biraoka, desagertu egin zen. -Zerbait gertatzen al zitzaion tipo hari? -azaldu zitzaien Joxerra galdezka. Liernik eta Jonek barreari eman zioten. Atezainaren aurrean, Jonek esan zion: -Oilotu duk bestea. Ezta, Pako? -Esku ezkerra zuan -erantzun zion atezainak. -Eta? -galdetu zuen Liernik. -Makarra esku ezkerra zela esan dinat bakarrik -Eta hau esanda, atezaina lur-joka hasi zen oinekin, hotza astindu nahian-. Sartu barrura. Hamabiak dituk, eta ordu honetan esan zidatek atea ixteko. Eskailera batzuetatik jaitsi behar zuten pubeko barrara iristearren. Eta eskailera hauetako kako antzeko batean, bikote bat topatu zuten. Elkarri eskuka ari ziren bero-bero. -Beti al daukak soinean pistolatxo hori? -galdetu zion Liernik. Atezaina, Jon eskuz agurtuz, barra ondoko ate batetik galdu zen Lierniren galdera erantzuteke. -Ez duk oso «giza zalea» hire lagun hori. Ezta, Jon? -Begikoa dun. Bere erara baina. -Ez diat tutik ulertzen -moztu zien Joxerrak-. Aber, esango al dit norbaitek nor zen tipo hura? Gertatua adierazten zioten bitartean, barrara hurbildu ziren zerbait hartzera. Toki barrenean kokaturiko eszenatokian bost musikalari ari ziren beren tresnak prestatzen. David Brow izan ezik, taldekoek oso arduratuta ziruditen instrumentuak gozatzen. Egurrezko aulkitxo batean eserita, David Brow-i apenas ikusten ahal zitzaion toki osoa hartuta zeukan kearen erdian. Eskuekin oratutako kopa hondoari begira zegoen -gau hartako akordeak alkohol hondarretan irakurtzea baleuka bezala. -Puaj! Ur ardoa dun hau -esan zuen Liernik-. Kopa bat pattar eskatuko dudala uste dinat. -Zer berri hire negozio horretaz? Jarrita al daukak honez gero? Liernik barreari eman zion. -Gaur hain zuzen izan diagu beste saio bat honen gurasoekin -eta hatz erakusleaz Liernirenganantz erakusi zuen. -Eta? -galde egin zion Jonek erantzuna barruntatuz. -Ez gaituk moldatu -Joxerrak hizlabur, ironiaz agian. Liernik aurrekoa baino barre algara handiagoa jaurtiki zuen, honako hau erantsiz: -Dena den, txuriak eta beltzak esan zizkiek nire guraso gizajoei. Bozgorailuetatik ateratzen zen doinua moztu zen abisurik gabe. Jazz taldeak une batetik bestera emango zion hasiera kontzertuari, David Brow saxojole aparta buru zutela. David Brow gizon beltz sendokote eta ondo egina zen. Begiak beti zeuzkan lurrerantz zuzenduta; beraz, ikuslegoko inork ez zuen haren begiradarekin topatzeko parada izaten. Horrela, begiak lurrerantz alegia, ezerk ezin zion inspirazioa barreiatu. Saxojole beltzaren hastapenei dagokienez, musikalari ugarirenak bezalakoak izan ziren, hots, mixeria gorriarekin elkarturik ibili zen urte luzeetan, nahiz zoritxarreko garai haiek urrun izan, aspaldidanik esnetan bizi baitzen behin bere gizartearen onespena jaso ondoren. -Zer deritzozue hango zoko hartan eseritzeari? -galdetu zien Liernik. Ilunean zegoen zoko hartara iristean, pubean sartu zirenean eskaileretako kakoan aurkitu zuten bikote berbera topatu zuten, elkarri eskuka ari ziren bi haiek hain zuzen. Jonek ahoz gora esan zuen maltzur: -Beldur nauk bi ale hauek ez ote dituen Kupidok gezika hil egin behar. Joxerrak, Jonen asmoa ulertuz, oihu egin zuen: -Zerbitzari: bi garagardo, kopa bat pattar eta ohe bat bi lagun hauentzat! Bikoteak, asper-asper eginda, besteen gauzetan sartzen direnetaz marmarka, alde egitea erabaki zuen. Zokoaz jaun eta jabe eginda, hiruak gelditu ziren kontzertua noiz hasiko zai. Eta ustegabean, orkestrak lehen akordeei ekin zien, indarrez hasieran, jarraian geldotasun samur batera pasatzeko. Eta orduan David Brow-en saxoak toki osoa bereganatu zuen -ur lo baten sekretua bizira ekarri izan balu bezala-, Gaueko Sorginaren entzuleen bihotzak azpikoz gora irauliz, soinuak hor-hemen sakabanatuz jazz onenaren arabera, entzulegoarengan bihotz bakarra ezarri arte, saxoak agindutako erritmoan taupaka. David Brow-en saxoa gezur etxerik liluragarriena zen, dudarik gabe. Akorde zoroak gauerdiko drangadan hondatutako ahotsak bezalakoak ziren. Batzutan, saxoa bazirudien sasi artean sartzen zela, baina sastraka hartatik arin-arinka libratzen zen, lehen baino altuago hegan egiteko. Ustegabean, kitarra jotzen zuenak zera kantatu zuen beltz ahots erlats eta garratzez: janzki dotorea banu/ aberaskumea banintz/ beste kukuak joko liguke, maiteño/ eta maitako nindukezu. Orkestrak jotzen zueneko eskenatoki atzean idatzita, honako letra hauek irakur zitezkeen «ONGI ETORRI». Davi Brow-en saxoak ere «ongi etorria» ematen zigun bere era propioan. David Brow, begiak ertitxita, izerdi patxetan zegoen, aurpegia zimur-zimur eginda. Ezkonberriek beren etxerako lehenengo objetuak erosterakoan jartzen duten ilusio berbera jartzen zuen saxojole apartak akorde bakoitzean. Safari batera joango balitz bezala, bere burua adierazteko baliagarri izan zitekeen ezein akordioren ehizan abiatzen zen ausart. Gaia amaitu baino lehen, saxoa gero eta abiada handiagoz labainduz joan zen itxuraz azkengabea zirudien txirristra batetik, gaiaren azkenera iritsi baino lehen alferrik galtzera ez ote zihoan galdezka bezala, ernaldia helburutzat ez daukan gizon haziaren pareko, inongo Giza Zuzenbiderik ezagutuko ez zukeen desira huts, basatia bailitzan. Eta bat-batean, denak ke bihurrietan flotatzen ari zirelarik, gaiarekin bukatu zuten. Begi itxi-ireki batean, giro hartako haritik irteteko aukerarik eman gabe, David Brow-ek hurrengo gaiari eraso zion entzule guztiei txalotik helduz. «Berbako gizona nauzue ni: David Brow-i entzun nahi zenioten eta David Brow-i entzungo diozue» esan nahian bezala. *** Gaueko Sorginatik kanpoan, ametsetako munduan ala egiazko beste horretan ote zeuden ez zekiten oso ondo. Gaueko giro hotz-hotzak, ordea, ametsa bukaturik zegoela eta kale gorrian aurkitzen zirela jakinarazi zien. Hodeiak barreiaturik, elurraren ordez ilargia berriro agerian zen zeruan. Kalean gora jo zuten, ametz ilara ondotik ibiliz. -Gauak hartu gaituk -irazkindu zuen Joxerrak, bere orkatila zela eta herrenka. -Goizak hartu gaituela esan nahiko duk, goizeko laurak dituk eta -ihardetsi zion Jonek. Liernik, hotzak hilda, txintik ez zuen esaten. Eliza nagusiko erlojuan laurak jo zuten. -Kaka zaharra! -hots egin zuen Joxerrak ustegabean. -Zer duk? -galdetu zioten ia biek batera Joxerrari. -Ezer ez, ba. Alkondara gainetik erori zaizkidak azken kubataren jelak eta orain kristoren hotza zeukat bustitako aldean. -Hobe etxera joaten bagara -esan zuen Liernik. -Zoazte zuek. Nik oraindik ez diat etxerakoa hartuko. «Azkena» tabernara hurbilduko nauk, ea topatzen naizen Maribelekin. -Ederki, gauzain hori. Guk hementxe utziko haugu -hasi zen etxera joateko irrikan zegoen Joxerra. -Bada hurrengora arte, bikote. Zain ezak hire orkatila hori gero! Agur, Lierni. Ikusi arte. Bakarrik gelditu zirenean, metro batzuk isilik egin zituzten. Hiriko paisaia elurtsu samar zegoen alde guztietatik. Azkenez, Liernik, bere hitzei aditasun handirik eman gabe, esan zuen: -Medikuarengana joan beharko duk bihar. -Beharko! -erantzun zion Joxerrak tonu berean. Plaza Nagusitik pasatzean, ez zebilen iturri argidunari begi eman zion Joxerrak. Ondoren, begiak apaldu eta gogoa urrun-urrunera itzuli zitzaion, hiru-lau urteko haurra zen garaira hain zuzen. Plaza Nagusian zegoen bere arreba eta gurasoekin, eta auzoko ugari ere baziren. Gaua zen, udako gau beroa. Gau hartan, kanpotik heldutako agintariak inauguratu zuen iturri argidun berria. Urteak pasata, hura Diktadorearen garaiko inaugurazioa izan zela atxekiko zitzaion buruan. -Inaugurazio ponposoa izan zen -marmartu zuen Joxerrak. -Zer? Zer esan duzu? -galdegin zion Liernik bekainak zubituz. -Ezer ez, ba. Pentsatzen ari nintzen... -Aspaldion bakarka hitz egiten duzu -moztu zion Liernik haserre. -Hutsa da hori -ihardetsi zion Joxerrak soinak goratuz-, jende askok hitz egiten du bakarka. -Bai, baina larogei urteak pasa eta gero. Eta zuk oraindik ez dituzu hogeitaseiak bete. -Zuk, berriz, ondo igaroak dituzu larogeiak. Ezta? -erantzun zuen Joxerrak zaurikor. -Zer esan nahi duzu? -gelditu zitzaion Lierni beltzuri-. Zaharregia naizela uste baduzu, zuk uste baduzu ni... ni... Lierniri ahotsa hautsi zitzaion. -Tira, Lierni. Txantxetan esan dut. -Ez, ez duzu txantxetan bota -hasi zen Lierni irri eta mirrika-. Nola izan dezakezu horrelakorik esateko barrenik? -Baina zenbat kopa hartu dituzu Gaueko Sorginenean? -galdetu zion Joxerrak bat-batean Lierniren negarkeria ulertuz. Liernik, erantzuteko ahoa zabaldu arren, ez zuen txintik ateratzea lortu. Eta segundu batzuetako aldia pasata, Liernik berak eman zion barreari. Zabor batzuetatik hurbil pasatzerakoan, zaborrera botatako zapata zahar pare batez ohartu zen Joxerra. Eta bertan geldituz, Lierniri erakutsi zion buru-keinu batez. Zapata bat mendebalderantz eta bestea iparralderantz -laurak jotzen zuten erloju baten orratzak bailiran-, negargura eta barregura eragiten zuten. «Joan da gure pertza» ziotela zirudien. -Apostu egingo nuke Chaplinen zapatak direla -esan zuen Joxerrak. Liernik, ezer erantzuteke, Joxerrari besotik heldu eta aurrera bultzatu zuen, arestiko atsekabeaz ahaztuta jada. Sahiets hezurrak agerian zituen txakurtxo batekin topo egin zuten. -Egon -esan zuen Joxerrak portal baten aurrean geldituz-, nire irakasle ohi bat atari honetako laugarren bizitzan bizi da. Apaiza zen. Baina fraile-jantziak erantzi eta ezkondu zen. «Harakina» esaten genion. Gaiztoa zen, oso. Aurrera jarraitu zuten bide elurtuan zehar. Ilargia labainduz zihoan astigar altuen artetik. Zuhaitzen adarrak lurrerantz makurtzen ziren, elur maluten eraginez. Kotxe baten ondoan, horditurik bide zegoen gazte bat gernu egiten ari zen. Gaueko klub batetik urtetan sarturiko emagaldu batek irten zuen, mutiko bat lagun zuela. Ilargia, eraikin berri bateko horma itsu atzetik ezkutatu zen. Trafiko seinale batek, elur azpian erdi ezkutaturik, hiria hantxe bukatzen zela jakinarazten zuen. Joxerrak eta Liernik, etxeko portaletik hurbil zirelarik, gas usain bizi-bizia somatu zuten, baina ez zioten ezer elkarri iruzkindu. Hiriko ospital nagusiak, muino batean kokaturik zegoenak, hiri osoa zelatatzen zuen, bere giza-haragi gosea ezin aseturik. Gau hotz-hotza eta ezin bakartiagoa zen, neguaren gorrian bakarrik suerta daitezkeen horietakoa. Zerua berriro erabat oskarbi zegoen. Ilargiak hain dirdira biziz argitzen zuen non eguntzen ari zela baitzirudien. Kostaldeko herri bat gogoratu zitzaion Joxerrari, bai eta bertako hondartz batean emandako gaua ere. Lurrean zetzan aldizkari zahar baten lehen orrialdeak honela zioen «Baldintza hauen pean ezinezkoa da tentsio intelektual bati eustea, luzaro ez behintzat». -Tira -esan zion Joxerrak Lierniri-, ez nekien intelektual bat bizi zenik gure portalean. Nitaz aparte, jakina -erantsi zuen txantxetan. -Ezin dut portala zabaldu -erantzun zion Liernik jaramonik egin gabe. -Aber, utzi niri aproba egiten -esan zion Joxerrak aldizkariaz ahaztuz. Lehen etxebizitzako balkoitik, auzokoaren txakurrak zaunka egin zien. -Txakur gizajoa! -hots egin zuen Liernik-. Hotz gorri honekin, eta balkoira ateratzen dute gauez ere. -Listo! -esan zuen Joxerrak. Joxerra eta Lierni barrura sartu ziren. Eta portaleko atea beraien atzetik itxi zen, ia-ia hotsik batere atera gabe. AMAIERA FELIXEN GARAIA Motor istripu batean bi hankak galduz geroztik, Felix adiskidea erabat aldatu zen. Ordurarte, Felixek alaiaren arrakasta sinbolizatu zuen guretzat. Batez ere, neskarik eder eta lirainenak beraren atzetik beti ohi zebiltzalako. Gainera, lizeoan ikasten-edo gu ari ginen bitartean, berak garaje batean lan egiten zuenez, asteburuetako gaupasetan diru dezente gastatzeko modurik bazuen. Soberan dagoke hau esatea, baina guztiok ginen haren bekaizti. Auzoko neska koxkorrek Felixekin egiten zuten amets. Eta berrehun eta berrogeita hamar zentimetro kubikoko motor berri-berria gidatuz azaldu zitzaigunean, koadrilako neska guztiak hasperenka hasi ziren, denak batean. Mutilok, berriz, nora begiratu ez genekiela geratu ginen, motorrak deabruaren asmakeriak baino ez zirela hortz artetik marmarka. Ordea neskek ez zuten guk bezala pentsatzen (gauza jakina denez, neskak oso arraroak dira). Eta beraz, ia-ia ez ziguten jaramonik egiten. Beno, noizean behin bai. Esate baterako, Felix, motorra erosi eta gero, asteburuak kanpoan ematen hasi zen. Eta gu, noski, aukera horiez baliatzen ginen neskatan ibiltzeko. Horrela, Felix auzoan ez zegoen batean, neska jator bat begiz jo eta, asteburua amaitu orduko, eskutik helduta paseatzen ari ginen poz-pozik. Hurrengo igandean, Marta -neska honek Marta izena baitzuen- diskoteka batera gonbidatu nuen. Zoritxarreko orduan bururatu zitzaidan horrelakorik egitea... Dantzalekura helduta, nor-eta Felix berbera topatu genuen ate ondoan! Eta noski, motor madarikatua ere ez zen oso urrun. «Tira» esan nion Martari, «zer iruditzen zain beste leku batera joaten bagara?». Ordurako, ordea, neskak ez zidan entzuten, aditasun osoa jarrita baitzeukan Felixen hitz goxoetan. Behin diskoteka barruan gauzak are okerrago joan ziren. Hasteko, hirurok zerbait hartzera barrara hurbildu ginenean, zer edan behar zuten azkartu nintzen biei galde egitera, diru larritasunak eraginda-edo. «Zer edan behar duk hik?». Martak, galdera berriro niri itzuliz. «Zera, freskagarriren bat», nik. Felixen txanda zetorren eta gauza txarren bat barruntatzen hasia nintzen. «Niretzat whiskya». Whisky! Berehala, Martak zera oihukatu zuen: Hori bai ideia bikaina! Nik ere whiskya hartuko diat! Komunara joan behar nuelako atxakiarekin, Felix eta Martarengandik aldendu eta, bion begimenetik kanpo, zerbitzariari galdegin nion: -Zenbatan dago whisky kopa? Bost minutu geroago, hirurok mahai baten inguruan eserita geunden. Felix eta Marta, eskuan whisky banari eutsiz, elkarri kontu-kontari ari ziren. Ni, hamaika bat eskuk erabilitako egunkari baten atzetik erdi ezkutaturik, sudur-sudurrean ihes egiten ari zitzaidan zorionari so nengoen. «Zer duk, Pablo? Ez zaik oso pozik nabari» bota zidan Felixek irri maltzur bat begitartean. Erantzun on batez ihardetsi nahi izango niokeen -Humbrey Bogarten pelikula batean behin ikusi nuen bezala-, baina idi moduko begirada batez erantzutea besterik ez zitzaidan bururatu. Martak mesprezuz begiratu zidan eta segituan barreari eman zion, indarrez. Gutxi balitz, Felixek: -Nolatan ez duk eskatu edateko ezer? Orduan nik: -Ez, zera... Ezer edateko gogorik ez zeukat eta... Felixek, whiskyaren kariaz gero eta ausartago, nire hondamena bilatzeari ekin zion: -Gure whiskyak ordaindu ondoren gelditu bahaiz dirurik gabe... Ezin izan nuen gehiagorik jasan. Berokia hartu, mahaitik altxatu eta tokiari alde egin nion biraoka. Martak, zitalkeriaz beterik, oraindik bota zidan: -Ondo ibili, Matintxo. Diskotekako ateaz kanpora iritsita, bertan gelditu eta nire lagun erdaldun batek esan ohi zuena bota nuen neure artean: Cornudos los ha habido, los hay y los «haberá». *** Sei hilabete pasata, Felixek izandako istripuaren berri izan genuen. Jakin nuenean, motorrean bakarrik ote zihoan otu zitzaidan beste ezer baino lehen. Ordea nire lasaitasunerako, istripua gertatu zenean bera bakarrik zihoala jakinarazi zidan Felixen anaiak berak. Felixen anaiak Joxe izena zuen, eta lau urte luzez izan ginen ikaskideak «Axular» lizeoan. Bi anaiak elkarren artean zein desberdinak ziren pentsatzea da benetan harritzekoa. Felixen bandera dirua zen bitartean, Joxeren kezka nagusia liburuek osatzen zuten. Azken honen berriketak oso intelektualak izaten ziren, eta liburuetatik ateratako ideiekin izaten zuten beti zerikusirik. Hori bai, beste zenbait zentzutan ez ziren hain diferenteak, ez horixe. Esate baterako, zein baino zein harroputzagoa zen -nor bere arloan-. Eta baita burugogorrak ere (behin helburu bati seta hartuta, hura lortu arte edota porrot egin arte ez liokete amore emango). Bazirudien haien ikurritza «Dena ala Ezer ez» zela. Oso ikurritza arriskutsua, beraz. Eta denborak arrazoia emango zidan, zeren pentsatu bezala Joxeri gauzak atera ez zitzaizkionean, «ezer ez» huts eta gorri batean erori eta ez zuen sekula berriro burua altxatzerik izan. Istripua gertatu eta hurrengo goizean, motorrean Felix beste inor ez zihoala ziurtaturik, Martari telefonoz hots egin nion. Hark berak erantzun zidan. -Bai? -Kaixo, Marta. Mattin naun. Felixek atzo istripua izan zuela esan zidanate eta deitu behar ninala otu zaidan. Marta? Aizan, entzuten ari haiz? Aho bete hortzekin utzi ninduen, hau da, telefonoa eskegi zidan tutik ihardetsi gabe. Neskak oso xelebreak dira. Felixen hondamenaren kariaz tristura pittin bat sentitzen saiatu banintzen ere, nire ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Ezin nion utzi pentsatzeari «Felix desagertzekotan, inork ez zidak lehiarik egingo». Oso pentsamendu ankerra. Dena den, nik ez dut mundu hau asmatu. Nork asmatu ote zuen ordea? Martarekin telefonoz izandako elkarrizketari buruz pentsatzerakoan, berak istripuaz ezer ote zekien galdegin nion neure buruari. Diskotekara joanak ginenetik, berriro ez genion elkarri hitzik egin. Behin edo bitan kalean elkarrekin topatu arren, biok ezikusiarena egin genuen. «Bi hankak galdu dizkik» pentsatzen nuen sarritan garai hartan. «Zeinen mutil ederra hirea, Marta» esan ohi nuen nire artean, pozoinez. Gure familiakook ahierkor samar suertatu garela uste dut. Hau dela eta, mendeku biribila zein izan zitekeen gogoetan hasi nintzen. Ezer baino lehen, Felixi ikustalditxo bat egitea ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Eta egin ere, horrelaxe egin nuen. *** Jadanik bi hilabete pasata zeuden istripua gertatu zenetik, eta Joxek esan zidan Felix bere amarenean zegoela. Ea Martak bisita egin behar zion galdetu nionean, Joxek ezentzunarena egin eta, nigandik aldenduz, Felixi bisita egitera joan behar nuela oihu egin zidan. Otsailak hogeitasei zituen -otsoen hila-, eta ni ere apur bat «otso» sentitzen nintzen. Arratsaldeko zazpiak aldean Guridi kalerako bidea hartu nuen, kale honetan bizi baitzen Felixen ama -haien aita zena aspaldian hil zitzaien Terranovan atunaren arrantzan zebilelarik-. Elurra ari zuen, eta haizea gorri samar ari zuen. Berokia sudurreraino botoiturik neukan, eta kaletik eztarriko soinuak ateraz nindoan, hotz gorri hartaz ahaztu nahian-edo. Alferrik ordea! Hezurretaraino sartuta neukan hotza ni baino indartsuagoa zen, eta uneak eskatzen zuen lasaitasuna lapurtzen zidan horrek. Umetatik eragin izan dit hotzak benetako izuikara, hotzak odola jelatzen zuela uste bainuen, eta behin odola jelaturik, arrain bihurtuko ez ote nintzen beldurrez ere egoten nintzen. Nik banekien arrainak itsas leizeetan bizi zirela, eta beraien bakardadea bizi zireneko leizeetakoa bezain sakona zela. Gainera, animalia oso itsusitzat jotzen nituen eta horrek handiagotzen zuen haiekiko nire nazka (izango al zen nire sentimendu hura edertasun eredu baten aldarrikapen ustegabekoa? Auskalo!). Felixen etxeko ate aurrera iristean, diskotekarena gogoratu zitzaidan. Eta txirrina sakatu behar nuen ala ez duda-mudatan nengoen bitartean, diskotekarena gertatu zenetik munduan sinesteari utzi niola ulertu nuen argi eta garbi (garai hartako tragediak gertaera arinetan oinarritzen baitzituen... nire nerabetasunak). Amorruz, txirrinari sakatu nion gehiegizko indarrez, hatza txirrinari atxekita gelditu izan balitzait bezala. Aterantz hurbiltzen ari ziren oinhotsak entzunda, zazpi ahalak egin behar izan nituen bertotik korrika batean ez ateratzearren. -Zer nahi duzu? Felixen amak zabaldu zidan atea. Hirurogei urte pasatxo zituen eta horregatik ez omen ninduen ezagutu (sasoi hartan, hirurogei urte ehun urte bezalakoak ziren nire begietan). Umetan, haren etxera sarritan joaten ginen Joxe eta Felixekin jolas egiteko. Amonatxo gozo hura ikusi bezain laster, Felixez mendekatzeko asmoak behingoan desagertu zitzaizkidan. -Mattin naiz, andrea -erantzun nion apal-apal. -Mattin! Aurrera, aurrera. Zein aldaturik hagoen... Felix ikustera etorri haiz, ezta? Felix gizajoa... Sudurzapia amantaletik atera eta busti-bustita zeuzkan begietatik igurtzi zuen. Ez nekien zer esan, hitz kontsolagarririk ez nuen aurkitzen eta. Bestalde, Felixen etxera joatea bururatu zitzaidan ordua madarikatzen hasia nintzen neure golkorako. Azkenez, andere zaharrak begiak lehortzeari utzi eta, ustegabean nirekin berriro gogoratu izan balu bezala, esan zidan: -O, barka nazak. Mattin haizela esan didak, ezta? Zertarako etorri haiz? Jolasteko? Atso gajoa burutik joanda zegoen. -Adizu, andrea. Felixi bisita egitera etorri naiz. Baina ez zait axola hurrengo egun batean etortzea. Ni- Andre zaharrak ordea: -Inola ere ez! Honaino etorri haizenez, eta gainera eguraldi demonio honekin... Felixekin egongo haiz. Istripua gertatu zenetik -andrea berriro zen bere buruaren jabe-, inork ez ziok telefonoz deitzen. Lehen, hamaika bat neskak deitzen zioan. Batez ere, nola zuen izena?... Marta, bai. Marta delako batek deitzen zioan behin eta berriz. Hospitalean ere egon zuan. Baina bi hankak moztu behar zizkiotela jakin zuenean, akabo! Lurrak irentsia bezala. Atsoa mintzatu ahala, Felixen gelako ate aurrera joan ginen poliki-poliki hurbilduz. -Beno, -zizpuratu zuen Felixen amak-, ate honen atzean duk Felix. Atea jo eta gero, gelan sartu ginen. Felix, leiho aurrean, aulki gurpildun batean zegoen eserita, hiriko paisaiari so. Haren gelditasuna erabatekoa zen. Bizkarra ematen zigunez, ez gintuen gelan sartzen ikusi. Bazirudien gogoeta sakonetan murgilduta zegoela. Dena den, Felix ez zen inoiz oso gogoetazalea izan. Beraz, gogoetan baino oroipenetan murgilduta zegoela egingo nuke nik apostu; edo kontenplazio egoera batek hartuta, akaso. Batek daki. -Felix -murmuriatu zuen samur haren amak-, bisita duk. Mattin duk. Felix ez zen higitu. Baizik eta, segundu batzuren buru, eskuaz keinu bat egin zuen. Esan zuen orduan haren amak: -Ni banihoak. Gauza askori buruz hitz egin beharko duzue, eta ni hemen soberan nagoela uste diat. Nire atzean atea itxi zuenean, atxilotu berria izan den presoarena bezala sentitu nuen neure burua. Gela hartan arnastutako airea itogarri egiten zitzaidan, guztiz. Giroa bera hain zen astuna non ukitu ere uki nezakeela baitzirudien. Eztarria baneukan korapilo antzeko, eta izerditan nengoela ohartu nintzenerako, Felixen ahotsa ailegatu zitzaidan ametsetan bezala: -Zergatik etorri haiz? Haren amak utzi ninduen tokian nirauen nik, aulki gurpildunak eragiten zidan beldurra zela-eta higitu ezinez, hitz batere ahoskatzerik ez neukalarik. Handik gutxira, galdera bota zidan berriro: -Zergatik etorri haiz? Oraingoan galdera are eta ahots ozenagoaz jaurtiki zidan. Ordea beldur handien sartu zidana zera izan zen: harena ez zen mutil ahotsa, baizik eta gizon ahotsa. Gutxi balitz, arrenkuraz beterik iruditu zitzaidan haren mintzoa. Gauza izugarri bat gertatua zitzaion Felixi, eta berak ez zekien zergatik. Bi hankak moztuta! Berak, hemeretzi urteko mutilak -ni baino urte bat zaharragoa zen-, bizitza osoa eman behar zuen aulki gurpildun batean! Zergatik? Zergatik? Zergatik? Galdera hau hamaika bat aldiz egingo zion bere buruari. Eta erantzunik ez. Eta ezin errudunik aurkitu. Okerrena hauxe zen-eta: adierazpen bat aurkitu ezin izatea. Leiho aurrean tripak jaten eserita egoteaz gain, ezer egiterik ez zeukan! -Zera... -erantzun nion azkenez-, hi agurtzera etorri nauk... Zer moduz hago? Galdera hau egin bezain laster, lelo hutsa sentitu nintzen, behar ez nuen lapikoan burdintzalia sartu izan banu bezala, hain zuzen. -Beraz -ihardetsi zidan Felixek-, zer moduz nagoen galdetzera etorria haiz. Ezta? Irri-mirri garratz batez hitz egin bazidan ere, ez ninduen batere mindu. Alderantziz, erruki handiagoa izan nion. Marta ere gogoratu zitzaidan, baita igande hartan diskotekan gertatua ere. Nire oroipen hauetatik elbarriaren ahotsak aterarazi ninduen. -Porrot eginda ikusi nahi ninduan. Marta kendu nian eta ordudanik nitaz nola mendekatu besterik ez duk gogoan izan. Gizajo hutsa haiz, motel. Hire kasa aurkitzerik izan ez huen mendekua patuak ekarri behar izan dik. Baina ezagutzen haut. Bai, oso ondo ezagutzen haut: gizajoa bezain ogi puska haiz hi. Eta falta zaik gorrotatzeko indarra. Itzul hadi eskolara, presta ezak hurrengo azterketa. Nire txanda iragan duk. Orain, berriz, hirea zetorrek -irri krudel bat margotu zitzaion hurrengo hitzak esaten hasi baino lehen-. Martarekin ezkontzen haizenean, ez ahaztu eztei deia hona luzatzea, gero! Irri krudela ezpainetatik desagertarazi zuen. Ondoren, aurpegia leihorantz itzuli eta zeru grisari begira jarraitu zuen hizketan, ni han izango ez banintz bezala. -Ez, ordea, hi ez haiz Martarekin ezkonduko. Hurrengo urtean unibertsitatera joango haiz. Baina Marta ez duk unibertsitatera joango. Ikasteko ez dik balio eta. Edo, hobeto esan, amarrugabeegia duk. Mundua zertan datzan ez dik ulertuko berandu arte baizik. Hi, Mattin, desberdina haiz. Bizitzak ez hau nerbioso jartzen. Hik duken gibelak galaraziko dik urrats ustel bat eman dezaan. Inbidiatzen haut. Beti izan nauk hire bekaizti; nire erara, jakina. Txikitatik, nola edo hala, banekian bizitzan nik baino arrakasta handiagoa izango hukeela. Felixek hitz egin ahala, indarrik gabe geratuz nindoan. «Porrot eginda ikusi nahi ninduan». Egia! Neska lapurtu zidan elbarria ikustera joana nintzen. «Eup, Felix. Zer iruditzen zaizkik nire bi hankak? Ederrak, ezta?». Edo horrelako zerbait zirudien nire presentziak berak oihukatzen ziola. Gela hartan egotea gero eta nekagarriago gertatzen ari zitzaidan, Felixen amak atea zabaldu zuenean: -Meriendatzeko zerbait ekarri dizuet. Felix eta biok atsoaren higidurei begira gelditu ginen, isilik. Une hartan, errudun sentimenduren batek bultzata, «zeinen mixerable izan naizen!» pentsatu nuen. Handik laster, ordea, Felixek bandexatik zerbait hartzen zuela ohartzerakoan honako galdera hau pasa zitzaidan burutik: kutsakorra izango ote da Felixen eritasuna? Segituan, itsuen begiez oroitu nintzen. Hamar urte-edo nituelarik, itsuen begi zuriek neurriz gaineko zirrara eragiten zidaten. Eta norbaitek eskatu izan balit itsu baten begiei musu ematea, horrelakorik egin baino lehen, neure burua hilko nukeen. Hamalau urteak bete nituen arte, espaloia aldatu ohi nuen itsu baten ondotik ez suertatzearren. Artean haurra nintzen garai hartan, noski. Atsoa gelatik alde eginda, Felixek bandexatik beste zerbait hartu zuen, eta irri maltzur bat ezpainetan, gozoki bat eskaini zidan. Burutik zer zebilkidan berak bazekiela konturatu nintzen. Ni zalantzek hartuta nengoen, esku hark luzatzen zidan gozokiari begira, hartu ala ez. Gero, kontu aspergarri harekin lehenbailehen amaitzeko, ahora azkar eraman eta amen batean irentsi nuen. Bietnamgori buruzko filme batez oroitu nintzela uste dut. Hurrengo bost minututan ez genion hitzik elkarri egin. Azkenez, Felixek hautsi zuen isiltasunarekin: -Txo jatorra haiz hi, Mattin. Hormari begira hitz egiten zidan, gaizki menperatutako desesperantza ahotsean isladatzen bazitzaion ere. -Hoa orain. Eta zorte on izan. Ezer erantzuteke jaiki nintzen aulkitik, Felix leiho aurrean berriro jartzen zen bitartean. Gela utzi baino lehen, ateko eskutokia oratuta neukalarik, burua bueltatu nuen Felixi azken begirada bat botatzeko. Sartu nintzenean bezala zegoen, hau da, aulki gurpildunean eserita zegoen eta bizkarra ematen zidan, teilatu gorriz eta antena luzez osaturiko paisaiari so. Nire atzetik atea itxita, korridorean segundu batzuz gelditu nintzen, duda-mudatan. Alde batetik, Felixekin hamar minutu baino gehiago emanik ez neukanez, atsoari «Beno, ni banoa» esateak lotsagarri uzten ninduen. Nola adierazi, bada, hamar minutuko bisitaldia? Bestetik, oroipen asko eta asko neuzkan Felixen amari lotuak, eta inolaz ere ez nion andere zaharrari atsekaberik eman nahi. Azkenez, isilka-misilka, etxetik atera nintzen neure burua pekatari handi bat bezala sentituz. *** Felixi bisita egin nionetik, hamar urte pasata daude. Eta Felixek nire etorkizuna iragartzerakoan bete-betean asmatu zuela onartu beharra daukat. Lizeoan amaitu orduko Bilborako bidea hartu nuen, eta bertan ekin nion medikuntza ikasteari. Ikasketak buruturik, lana aurkitu nuen Bilboko ospital pribatu batean. Eta handik laster, nire ikaskide batekin ezkondu nintzen. Egia esan, Felix zuzen egon zen gauza batean izan ezik: Martak ez zuen nirekin zerikusirik izan nahi izan. Eta neuri ere, Felixi egindako bisitaldiaren ondoren, Martarekin ezein erlazio-motarik izateko gogoa nahiko apaldurik geratu zitzaidan (lehiarik ezak grina hil izan balu bezala). Hala ere, Bilbora joan aurretik, telefonoz hots egin nion bi-hiru aldiz. Martak, ordea, elkarrekin egurasteko nire gonbiteei ezezko biribilak eman zizkien. Felixek pentsatu baino urguilotsuagoa zen. Arestian entzun dudanez, Marta pub bateko jabearekin bizi da. Eta auzokoen iritzian, drogazale samarrak dira, bai bata eta bai bestea. Felixi dagokionez, motor istripua gertatu eta handik hiru urtera hil egin zen. Hiru urte horietan ez zela etxetik atera kontatu zidaten nire gurasoek. Leiho aurrean egoten omen zen beti, inorekin hitz egin gabe. Nire ustez, penaz jota hil zen. Nik ederki dakit Felix ezagutzen nuelako, txikitatik ezagutzen nuen eta badakit mundua maite zuela aparteko grinaz. Dohain jainkotiar gisa, poesia liburuetan biltzen den hunkipen berbera biltzen zen Felixen izaeran. Niri, ordea, inoiz ez zitzaidan horrelakorik gertatu. Beharbada, beti saiatu nintzelako bizitzari zentzu bat bilatzen. Egia esan, existentziarekiko horrelako jarrerak jaiotzatik bertatik hartzen omen dira. Norberaren odola nolakoa den seguraski. Nire familiakoak ahierkor samar suertatu omen gara... giza-adimen naturala eragoz dezakeen behazunari luzaro eusten jakin, ez badakigu ere. *** Bilbon hainbat urte eman eta gero, donostiarra baino bilbotarra sentitzen naiz. Baina sekretu bat esango dizuet: bizitzan lortutako arrakastak ustel atera zaizkit. Porrot eginda sentitzen naizela esan nahi dut. Zergatik? Ez dakit. Eta ez dut sekula jakingo. Zerbaiten jakile banaiz ordea: Hegoamerikara joko banu, Lopez de Agirre bezain krudela izango nintzatekeela, eta orain pentsatzen dudana pentsatuko nukeela orduan ere, hots, Felix eta Marta oso urrun daudela, garai haiek gertatu zirenetik. Ziur nago, oraindik hilik ez nagoen bezain ziur. Donostiaratzen naizenean -negu partean batez ere egiten dudana, asteburu bakanetan hain zuzen-, Hondartza kafetegira jotzen dut kafe hartzera. Eta orduan beti pentsatzen dut Bilboko etxeak zikin-zikin daudela, eta Donostiako hondarta zoragarria dela... Baina hala ere Bilbo maite dut nik... Felixen ama Bilbotik hurbil dagoen herri batekoa zen. Bera ere hil zela esan zidaten. Medikua naiz. Hildakogaien gaineko ardura daukat. Zer da Marta nire iraganaren gorpua baizik? «Eup, Felix. Zer iruditzen zaizkik nire bi hankak? Ederrak, ezta?». AMAIERA AURKIBIDEA Jazz Soinuak Gauerdian 7 Felixen Garaia 22 Xabier Galarretaren liburuak: * Argiak Ilunean * Luces en la Oscuridad * Murruaz Bestaldean * Itsasoko Istorioak (I) * Egunkarietakoak * Gauak Gauari * Fragmentarios y Ditirambos Eta itzulpenak: * Dr. Jekyll eta Mr. Hyde. R.L. Stevenson * Azeria. D.H. Lawrence * Bihar. J. Conrad * Ekialdeko Ipuinak. Anonimoa * Itzulpen Teknikoak ?? Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta Kaletarren Istorioak X. Galarreta