ZENBAKI SORGINDUAK (IPUIN BILDUMA) XABIER GALARRETA (c) Marjinalia Bilduma (c) Marjinalia Bilduma (c) Xabier Galarreta 1998. urtea (martxoa) Legezko Gordailua: SS- 266/99 HITZEZ'24 Galzaur kalea, 25 - 6. lokala (atzealdea) 20115 - Astigarraga XABIER GALARRETA ZENBAKI SORGINDUAK MARJINALIA BILDUMA ETA ORDUAN KONTURATU ZEN EZ ZEGOELA BAKARRIK ESPAZIOAN Chiapas-eko umeei. Lurra han behean ikusi zuenean, erraiak gora-goraka hasi zitzaizkion. Baina goragaleari eutsi eta estraineko ikuspegi zoragarri hartaz gozatzen saiatu zen. 3018. urtea zen. -Txisa egin nahi diat. Zoritxarrez, espazioko jantzia bigarren eskukoa zen eta txisagailu automatikoa ez zebilen behar bezala. Isurtzen zen-eta. -Uf! Zazpi urte-argi hurrengo komuneraino! Ez zekiat agoantatuko naizen... Ander baserrikoa zen ia-ia, hau da, bostehun mila herritar baino ez zituen hiri batekoa zen, Lur izeneko planetatxoan. «Kaixo, espaziozale hori!», hasi zitzaion irratitik ahots eztitsu eta sentsual bat. «Neptunoko hotelik onena zure zain dago. Zatoz gure instalazioak ikustera eta ez zaizu inoiz damutuko». Anderrek irratia itzali zuen haserre. -Espazioan ere ez nauk askatzen nazkante horietaz. Une hartan, zarama-hodei baten erdian aurkitu zuen bere burua. -Puaj! Gaueko espaziuntzia hemendik igaro omen duk eguzkirako bidean. Gogor saiatu bazen ere, ezin izan zuen ezer egin gainera zetorkion kaka saihesteko. Kristalari atxekita geratu zitzaion, kaskoan alegia, ahoaren parean. Haizetako-garbigailuari eragin zion, garbitzeko. Baina ez zuen mugitzekoa ere egin. Beraz, kaka eskuaz garbitu nahi izan zuen... eta gauzak okerragotzea besterik ez zuen lortu: kaka oso biguna zen ta kristal osoa utzi zuen zerri eginda. Trafikozain bat iruditu zitzaion urrunean ikustea, eta harengana laguntza eske jotzea bururatu zitzaion. Horrela egiteko asmoa zuela, haizetako-garbigailua ibiltzen hasi zen berriz. Ezker-eskuin zabukatzearekin batera, ur-zorrotadak eta garbikaria botatzen zituen erruz. Espazioko isiltasunak kikilduta, irratia piztu zuen berriro. «Dantzalekua, Unibertsoarteko Azoka eta Espazioko Zoologikorik izugarriena! Zatoz Neptunoko Hotela ezagutzera! Irratia itzali zuen bigarrenik. Urtezahar-gaua zen. Bost minutu falta ziren hamalauak jotzeko. Hamalauak, bai, 3018. urtean egunak hogeitasei ordu zituelako. Aurrerakuntza. Zera, zibilizazioa... Orain, lasaiago begiratu zuen Lurrerantz. Hasieran, kosta izan zitzaion Euskal Herria ikustea. Baina, halako batean, onddo edo ziza itxurako hauts-hodei bat altxatu zen Lurrean, berehala desagertu bazen ere. -Bingo! -hots egin zuen Anderrek.- Aurkitu diat. Handik gutxira, ordea, ziza itxurako leherketak hasi ziren Lurreko hamaika tokitan gertatzen, eta zalantzan egon zen, aurreko lur-zatitxo esdeus hura benetan Euskal Herria ote zen. -Etxera itzultzean, pilula pila hartu beharko diat. Ziza itxurako leherketa haiek nuklearrak ziren, noski. Dena dela, leherketa nuklearrak ez ziren XX. mendean bezain arriskutsuak izaten: pilula pila hartu eta ez zuten eraginik gizakiarengan. Ez zuten inor ere zauritzen. Gorrak, ordea, milioika kontatzen ziren. Horregatik entzuten ziren zenbait auzokoren telebistak bolumen osoan. Leherketen ondorioz, herritarren erdiak-edo gorrak zirelako. Zilborretxoan hazkure izugarria sartu zitzaion, baina ez pentsa erraza denik espazioko jantzi astun baten barruan hatz egitea... Ilargitik hurbil, meteoro bat pasatu zen sutan. Beroa Anderrengana heldu zen. -Alajaineta! Hau bai beroa -hots egin zuen-. Strep-tease bat egiteko modukoa. Anderri barregura sartu zitzaion, han, bat ere poetikoa ez zen espazio haren erdian. Irratia piztu zuen beste behin. «Zatoz Neptunora. Aurreskuarekin egingo dizugu ongi etorria!». Irratia itzaltzea pentsatu zuen, baina zegoen bezala utzi zuen azkenik. Azken batean, espazioan zegoen. Bera baserriko ume-mukizu bat baino ez zen. Eta txisa egin nahi zuen baina ezin zuen. Irratia itzali baino ezin zuen egin, baina orain ez zuen nahi. Bere barne-ahotsaz gain, beste ahots bat entzun nahi zuelako. Erlojuari begiratu zion. Oraindik 48 ordurako oxigenoa zeukan. Nahikoa eta sobera, Lurrera itzultzeko. Edo Neptuno hotelera joateko. Edozertarako. Informazio-autobidean sartuz gero, minutu gutxitan egongo zen handik hamaika urte-argitara. Pena ematen zion aldegiteak ordea, lehenengo aldiz baitzegoen espazioan gurasorik gabe. Zer arraio! Aukera aprobetxatu behar zuen. Jakina, ez zion inori ezer kontatuko kristalari atxekitako kakari buruz. Azkarregi zihoan. Eta berak ez zuen hain azkar joan nahi. Espazioko jantziko ordenagailuan, mezu bat idatzi zuen: «Moteldu abiadura». Han, Lurrean, ziza itxurako beste dozena-erdi hauts hodei altxatu ziren, eta pilulak gogoratu zitzaizkion Anderri. Gasolina-bidoi huts batek kaskoan kolpatu zuen. Haserre, eskukada bat eman zion eta bidoia bueltaka eta bueltaka atera zen unibertsorantz, abiadura handiz. Halakoa zen espazioa. Neurria behar zen; bestela, bidoi hura bezala bukatzeko arriskua zegoen. Denbora aurrera zihoan. Pentsatu zuen, ezen, denbora beti aurrera zihoala. Zerbait egiteko denbora. Edozer. Lehendabiziko aldiz zegoen espazioan, bakarrik, inoren laguntzarik gabe. -Zein ordu da? -galdetu zuen bere artean. Hamalauak zirela ahaztuta zeukan. Izan ere, espazioan egotea gauza berezia da oso. Denbora metamorfoseatu egiten da. Beti da gaua. Eta ez duzu inoiz lo egiteko gogorik. Egia esan, hori ez da guztiz egia. Espazioan ere, erraza baita lotan geratzea. Ander, esaterako, lotan geratu zen. Beraz, kasko atzean atxekitako bigarren kakaz ohartzeko astirik ere ez zuen izan. Zurrungaka zihoan, espazioan zehar. Lurrean zegoela amesten zuen. Pilula pila hartzen ari zela. Familia giroan. «Berde koloreko bat hiretzat, beste bat amarentzat eta bi niretzat». Aita pilulak banatzen. -Allien -marmartu zuen ametsetan, baina begiak itxita jarraitu zuen. Bigarren kaka gandorra bezalakoa zen eta handik hurbil igarotako bikoteari barregura sartu zion. Anderrek ere ametsetan barre egiten zuen. Amak Olentzero-egunerako espazioko jantzi berria erosi ziola amesten ari zen. Ziza itxurako hauts-hodei-ttarrapattaka bat gertatu zen han behean, Lurrean. -Ei, han behean! -iruditu zitzaion Anderri espazioko tunel batean entzutea. Baina ametsa zen. Espazioan, ahots batek esan zuen: -Zer, lo-kuluxka bat egiten, baldartxo? Txulo-motorzale-taldeko buruzagiarekin zihoan neskak irribarre zabala erakutsi zuen kaskoaren barrutik. Ander, ordea, ez zen esnatu. Eta txulo-motorzale-taldea bihotz oneko jendea zenez, bakean joaten utzi zuten. Gainera, berehala ohartu ziren Ander baserriko mutil gozo eta xaloa zela, hau da, bostehun mila herritar baino ez zituen hiri batekoa zela. Algaraka eta barrezka, txulo-motorzale-taldeak alde egin zuen. Orduan, Anderrek begiak ireki zituen. -Gaitzerdi! Osorik joaten utzi zidatek. Unibertsoa leku izugarri geometrikoa da. Hala ere, batek ez daki inoiz zer topatuko duen espazioan. Esaterako, informazio-autobide baten sarreran, nor-eta «Txantxillo» zegoen xilofonoa jotzen. Noski, Gernikako Arbola ari zen jotzen. Anderrek pezetatxo bat bota zion potera. Baina ustekabe gehiago ere baziren. Informazio-autobidearen amaieran, honako kartel hau irakurri zuen: «Neptunoko Hotela itxita dago segurtasun-arrazoiengatik». Geroago jakingo zuenez, zoologikoan zeuzkaten basapiztiek ihes egin eta sekulako sarraskia egina zuten turista espaziozaleen artean. -Ez zegok publizitateaz fidatzerik, motel -esan zion Joxe Marik, Donostiako mozkorti ospetsuaren ondorengoetariko batek (Donostian mozkorti guztiei «Joxe Mari» deitzen zieten garaian). -Bizitza ipuina bezalakoa duk -hasi zen Andertxo filosofatzen-. Eta gu, ipuin-liburu batetik ateratako pertsonajeak, itzalak, ametsak. «Plast». Beste kaka bat kristalaren erdi-erdian. Oraindik ez zegoen konturatuta, gainera, kasko gainean gandorra bezala atxikitako bigarren kakaz. Dena dela, haizetako-garbigailua oraingoan ongi ibili zen hasieratik bertatik. Ander bakarrik zegoen espazioan. Eta gustatzen zitzaion, egia esan. Jendartean bizitzea errazegia zela iruditzen zitzaion. Beharrezkoa, baina errazegia. Informazio-autopistan atzera egin zuen, Lurreko goi-atmosferatik hurbil egon arte. Han, AEK-ko euskaltegi bat ikusi zuen. Lagun batzuk agurtzera joatea pentsatu zuen, baina aurre-matrikulazio-garaia zen eta martiztarrez beteta egongo zen. -Martiztarrak begikoak dituk -pentsatu zuen Anderrek alai-. Gustatzen zaizkidak, asko, haien antenatxo fosforargitsuak. Txipiroiak bezalakoak dituk, txipiroiak ez badira ere. Zeinen zirikagarriak diren antenatxo fosforargitsu horiekin! Ander bakarrik zegoen espazioan. Lehen aldiz. Gurasorik gabe alegia. Espazioa gurasoekin ezagutzea, gurasoen begiekin ezagutzea zela pentsatu zuen beti. Baina azkenik bakarrik zegoen! Hala ere, gurasoen falta somatzen hasia zen. Emakume espaziozale bat igaro zen Anderren aurretik. Haurdun zegoela nabaritzen zitzaion, espazioko jantzia sabelaldetik oso irtena zelako. Metalezko bionboa bezalakoa. Eta gainera, arrosa-koloreko jantzia zen. -Ze hotza! -marmartu zuen Anderrek-. Jantziko berogailua ez dabilela ondo uste diat. Baina, zer arraio dabil ondo espazioko jantzi honetan? Bazirudien jantzia alde guztietatik gaizki egokitzen zitzaiola. Edo jantzia baino, unibertsoa. Edo unibertsoa baino, bere burua. Auskalo. «La suerte de llamarse Pepe», irakurri zuen kartel batean. Film bat, noski. Espainiarra, noski. -Espainiarrek espaziora jaurkitzea lortu duten guztia, orain arte -marmartu zuen Anderrek. Egia esan, ez zen guztiz tontoa. Tira, ingelesak maite zituen (nork ez!). Espazioko suge bat pasatu zen Anderrengandik metro gutxira. Espazioko sugeak apur bat arriskutsuak izan ohi ziren: jantziko ihes-balbulen inguruan kiribilkatzen ziren (bero izaten zirelako) eta aireazio-bidea izorratzen zuten askotan. -Kendu hortik, tontolapiko -entzun zuen Anderrek ikaraz. Arrantzaleak ziren. Euskal Ipar Espaziokoak gainera. Horiek, mila leguagoko deriba-sareak erabiltzen zituzten, pasada batean espazioko arrain-mota guztiak harrapatzeko. Sareetan trabatuta geratuz gero, kito. Zorte apur batekin, pote baten barruan agertuko zinen, «Pryca»n, 3.000,-Pta. kiloko. Egia esan, kristoren borroka zegoen deriba-sareak debekatzeko. Eta oso aspaldikakoa. Baina Industria, Arrantza eta Nekazaritza-Sailekoek oraindik ez zeukaten lortuta Europako Elkarteari betearaztea Europako Elkarteko arautegia. Han Lurrean, ziza itxurako hauts-hodei andana bat hasi zen denak batera lehertzen. -Hori duk arrazoimena, motel. Aurrerago, espazioko saltzaile batek ea pilularik erosi nahi al zuen galdetu zion. Beharrez baino ohituraz, baietz erantzun zion. Bat-batean, manifestari-talde bat agertu zen oihuka. -Askatasuna! Askatasuna! Askatasuna! Oxtien beldur, Anderrek azkar-azkar alde egin zuen. Ez zen heroi bat; bizi nahi zuten horietakoa baizik (bere akats eta bere bertute guztiekin). Espazioak mozkorturiko haur bat zen momentu hartan, gizon helduetara jolasten. Bidearen erdian, kalifa bat aurkitu zuen eta bere erresuma ezagutzera gonbidatu zuen. -Txorradak -hots egin zuen Anderrek-. Hi pederasta-puska ederra haiz! Amaitu nahi zuen. Bidaia hura luzeegia zen. Unibertsoa zabalegia zen. Ez zeukan denborarik. Amaitu nahi zuen ahalik eta azkarren itzultzeko. Baina, nora? Lurrera? Pilulaz nazkatuta zegoen. Eta bigarren eskuko jantzi batean espazioa ezagutzea, hain zen merkea... Dozena-erdi begi eta zortzi pare hanka zituen neska lirain bat ikusi zuen auto-stop egiten eta erakargarria izaten saiatu zen. Baina Martitzeko neskak hau baino ez zion esan: -Arraioa, zelako gandorra hirea! Eta orduan konturatu zen ez zegoela bakarrik espazioan. KARRAMARRO BILA 97-12-25 (Goizeko seiak) ------------- maitea: Asko sentitzen dut. Badakit axolagabea izan naizela, lehenago erantzun beharko nizukeela. Lana, badakizu (aitziakia bat, noski). Gazte eta nagusientzako zer-edo-zer? Egina dago hori. Baina, zenbat orri...? Ba al dago gehixeago zehazterik? Zer iruditzen zaizu 2.000 urterako liburu bat... eskuz idatzita? Ez da txantxa. Neuk egingo dizut maketazioa. Barkatu. Bestaldean nago. Hala ere, gauza on bat idazteko gai naiz. Ikus: -Nor ote zen hango andre hura? -galdegin zion zalantzati bere buruari-. Irabazi beharra zeukat -emakumea, noski. Joan baratze aspergarri batean zegoen, Bilbo urrunari begira. «Letxugak» pentsatu zuen. «Horra nire burmuinak. Horra nire aberkideen burmuinak». Andreaz ahaztu zen. Ipurditxuloa tximeleta bat zela konprenitu zuen. Gero, ezer ez. Ezer ez. «Eertasuna etzegok îńon ene biotzian bańo. Kusten?» Aurkeztezina naiz. Zer nahi duzu, zehatz-mehatz? Ni idazle zorritsu bat naiz. Ez dakit lurra non dagoen... Gazte jendeak maisu hoberik du merezi. Baina, ni, zure eskura nago. Koldok oka egin zuen, auzoko jaiak baitziren. Okela-usaina etorri zitzaion gogora. «Izadia» pentsatu zuen «halakoa duk. Ederra eta nazkagarria. Haragi huts». Une batez, zalantzan egon zen, Donostiako kaiaren erdian. Itsasoa bare zegoen, bera bezala. «Hobe horrela». Gero, ondoko lorategira jo zuen oharkabean. Han Marian ikusi zuen, arerioarekin muxuka. «Kaka zaharra». Baina beti ez dago garaile ateratzerik. Beraz, Donostiako badiarantz jo zuen kontsolamendu bila. Urak loerdi kausitu zituen, bera bezala. Gau hartan, ezinezko zaintza batean zebilen. Gauaren minean zabuka. Pentsamenduak orraztugabe. «Okey» marmartu zuen. «Kilkerrok ere ba omen zekiagu igeri egiten». Minduta zegoen. Mariangatik. Beragatik. Inorengatik ez. «Zeinen zaila den haragizko harreman bat lortzea; batek nahi duen guztia, haragizko harreman bat besterik ez denean». Koldo irudimenik gabeko donostiar bat zen. Asmo onean esanda (?). Hondartzako potxingo baten aurrean, bere buruaz beste egitea pentsatu zuen. Baina lehenago, karramarroa atera beharko zuen handik, bientzako tokirik ez zegoen-eta. Boteretsua sentitu zen. Gero, Afrikaren erdian jaiotako beltz bat zela bururatu zitzaion. -Ja, ja -barre egin zuen. Izarrik gabeko zerua izugarria zen. Eta Koldok gauza asko zekien egiten. Horrek desira piztu zion. Txipli-txapla. -Merde!-, zapata potxingo batean sartu baitzuen. Erloju azpiko arkupeetan, bikote bat ikusi zuen bero-bero. «Desiraren lurraldea! Filtzerald!», film bat ikusteko gauza oraindik zenean. Gero, itsasuntzi batez oroitu zen, hildako gurasoez oroitu izan balitz bezala. «Poeta jaio banaiz, ez duk nire errua». Harea hotzik eta pilaturik zegoen. Koldoren pentsamenduak ere hotzik eta pilaturik zeuden. Gauez, olatuen xuxurla iristen zitzaion -zein poetikoa!. -Merde-, hots egin zuen berriro. Beste potxingo bat, noski. Beste zapata. Oraingoan, berriz, poztu egin zen. Gorroto zituen plastikozko zapata haiek. «Seirehun pezetako erlojua baino merkeagoak dituk». Zapata haietan gatibu zegoela pentsatu eta erantzi zituen. Hondartzatik oinhutsik zebilen gaztetxo bat zen. Sentsuala sentitu zen. Gatz-zaporea mihinean biribildu zitzaion. Dar-dar egin zuen. Hotzagatik (oinhutsik baitzegoen). Uhintxo batek mezu bat bidali zion, baina ez zion inporta. «Zorte handia duk hondartzan zuhaitzik ez egotea; bestela, moztu eta liburu bat plazaratuko nian bertan». Barre egin zuen. «Ez duk nahikoa filologoa izatea hizkuntza ulertzeko. Behar duk karramarroa izan, gauez, inorgabeko hondartza batean». Hitzak dantzan ari zitzaizkion buruan. Ez zen besteak baino hobea. Gau hartan, bazirudien gauza asko ulertzeko gai zela. «Mozkorturik nagok». Beti bezala. «Irakaspen ederra!» Norenzat? Gau hartako istorioa hasi eta bukatu nahi zuen. Olatu bat heldu zitzaion eta orri bat zela erabaki zuen. «Zenbakia baino ez zaiok falta». Baina harrokeria (pedanteria) iritzi zion itsasoari zenbaki bat jartzea. «Ez nauk gaztetxo bat». Harean, bere oinak utzitako aztarnari begira geratu zen eta negargarria iruditu zitzaion. -Heroiak! Horixe behar dizkiagu! Heroiak -hasi zen oihuka. Hondartzako zaindari (primate) batek mesfidantzaz begiratu zion. Makurtu zen hondar-aleak zenbakitzeko, baina laster amore eman behar izan zuen. Bat-batean, biziki haserratu zen. Hura ez zen posible! Hondartzako urak pozoinduta zeuden! -Hilketa duk hau! Hilketa! Poliki-poliki, lasaitasuna berreskuratu zuen. Haren itzala, hondartzan, izugarri luzea zen. Hondartzako primateak korrok egin zuen, mesprezuz. Koldok burua itzuli zuen, baina beste aldera. Marianen izterrak dirdirka ikusi zituen. Gezurra. Liluratuta zegoen. Harritu zitzaion hondartzako bakardadea. Oinek utzitako aztarna. Itsasbazterreko untziak gaueko poxpoluak ziren. «Legatxa, antxoa, berdela, hegalaburra, txipiroia... Natur Zientziak, motel!» Lizeoaz oroitu zen. Bartzelonaz. «Kaka zaharra!» Hondartza lakioz beteta zegoen. «Potxingo madarikatuak!» Zapatak uretara bota zituen. «Bo! Plastikozkoak zituan!» Arrantzaleak sarraski handi bat egiten ari ziren itsasoko errugabeen artean. «Wagner!» Salamancako izeba etorri zitzaion gogora. Zikin sentitu zen barrutik; bere sendiak zerbait hoberik merezi zuela berataz. «Beranduegi». Gero, auzokoaren emazteaz oroitu zen. Haurdun zegoen. «Beste txipiroi bat!». Posible balitz bizitza osoa horrela igarotzea, txorradak esaten... Karramarro batek utzitako aztarna ikusi eta hari jarraitu zion. Frakak erantzi zituen. Turista alemaniar bat barandatxotik hondartza aldera zegoen begira, eta argazki bat atera zion. Une batez, karramarro-zaina izan nahi zuela erabaki zuen. «Eskola berria!». Mariani gutun bat bidali beharko liokeela bururatu zitzaion, baina han buzoirik ez zegoela ikusita, karramarro-aztarnen atzetik jarraitzea onena zela pentsatu zuen burugogor. Egia esan, ...-raino zegoen. Heroikoa sentitu zen. Tronpetak baino ez ziren falta hondartza hartan. Tronpetak eta danborrak eta karramarroak soinu alaiak joka. Gaztetasunaren sekretuaren jabe zen. Ez zuen gehiago pentsatu nahi. Urrunetik, gautxori batzuen zalaparta iritsi zitzaion. Jertsea eta alkandora erantzi zituen. Barrengolastikoa zulatuta zegoela oroitu eta hura ere erantzi zuen. Galtzontziloak geratzen zitzaizkion. Karramarro-talde heroiko baten bila jarraitu zuen, Piko-Lorora iritsi arte. Han, beste potxingo batean sartu eta ia-ia igeri egiten atera behar izan zuen. Egunsentia urratzen ari zen. «Galtzontziloek gehiegi pisatzen ditek», pentsatu zuen. Eta urratu egin zituen, gaua bezala. AMETSAK En mi pueblo sin pretensión Tengo mala reputación Haga lo que haga es igual Todo lo consideran mal Esto sí que sí que será una lata Siempre tengo yo que meter la Pata... (Paco Ibańezek musikaturiko olerki-zatia) Txakur-Egoitza.- Familia osoa geunden igogailu baten barruan: gurasoak, amona, anaia, ni eta txakurra. Igogailua baino, kargagailua zela esango nuke eta lur azpitik behera zebilen, txakur-egoitza han zegoen-eta: lur azpian. Txakur zaharrei aterpe emateko egoitza zen, zahartegi modukoa. Eta gure txakurra nahiko zaharkituta zegoenez, txakur-egoitza hartara eramatea erabaki genuen. Txakur gaisoari oso larri ikusten zitzaion, bazekien-eta toki hartan utzi behar genuela. Egoitza barrura sartu ginenean, gure portaleko lehen solairuan bizi izandako txakur emea topatu genuen. Dirudienez, bera ere zahartu eta toki hartara eraman zuten. Hainbat urte omen zeraman bertan bizitzen. Toki izugarri handia zen, mahaiz beteta zegoen eta txakur guztiak hantxe zeuden. Txakurrak bisitatzeko egunak larunbat eta igandeak ziren. Niri pena latza ematen zidan txakurra han uzteak. Kafetegi bat zegoen. Eta barra aurrean eserita, neska gazte bat. Kontatu zigunez, asteburu guztietan etortzen zen txakurra bisitatzera. Nire txakurrak aurpegi izugarri tristeaz begiratzen zidan. Esan bezala, bazekien-eta han utzi behar genuela. Baina beste gauza batek ere erabat goibeltzen zidan barrena. Txakur-egoitza nola baitzegoen lur azpian, txakurrek ez zuten eguzki-argia berriz ikusteko aukerarik. Alde egin baino lehen, norbaiti galde egin nion ea zer gertatzen zen bi txakur emek aurrez-aurre topo egiten bazuten (nire txakurra emea zen-eta). Baina ez kezkatzeko erantzun zidan, txakurrak lotuta izaten baitzituzten beti... Motor-Istripua.- Mutil bat motorrez zihoan eta halako batean istripua izan zuen. Istripua zela eta, bi hanketan sua piztu zitzaion. Hura ikusita, ziztu bizian hurbildu nintzen ondoko harategi batera, suhiltzaileei deitzeko. Harakina emakumea zen eta telefonoa hartzen nuela ikusi zuenean, sekulako errieta egin zidan. -Ongi iruditzen al zaizu dendako telefonoa erabiltzea baimena eskatu ere egin gabe? Anbulantzia bati deitu behar niola erantzun nion. Baina hark ez zuen ezer entzun nahi izan. -Deia ordaindu behar duzu! Deia ordaindu behar duzu! Orduan, emakume zekena hitz gorriz bete, bost duroko txanpona lurrera bota eta mutila kontsolatzera joan nintzen. Oso bihotz oneko mutila zen. Esaten zidan: -Ea etortzen diren azkar... Eta bien bitartean, bi hankak sutan zeuzkan. Urrutitik, anbulantzia bazetorrela ikusi nuen... Jaioberriak.- Duela gutxi, bi jaioberri izan nituen, bi hilabeteko aldearekin. Autobusean nindoala izan nituen. Ongi eta osasuntsu jaio ziren eta ez zuten inongo akatsik. Beraz, oso pozik nengoen. Nire kezka bakarra zen umeak lurrera ez erortzea. Izan ere, nola bi ume ziren... Umeei hobeto begiratu nienean, egunkari-orrietan bilduta zeudela ohartu nintzen. Gainera, halako itxura arraroa zeukaten: kakahuete-itxura hain zuzen. Bai, fikziozko film batean bezala, leka-film hura... Nola zuen izena...? Tira, berdin dio. Kontua da nire bi umeak egunkari-orrietan bilduta zeudela. Ni oso kezkatuta nengoen, ez nekielako gogoratzeko gai izango ote nintzen nire bi umeak egunkari-orrietan bilduta zeudela. Gauean, etxera itzuli nintzenean, bi fardeltxoak lurrean utzi eta mantatxo batekin estali nituen. Hala ere, larritasuna ez zitzaidan pasatu, bi umeak hantxe zeudela gogoratu behar nuelako. Izan ere, nik kakahuete itxurako bi fardel besterik ez nuen ikusten, egunkari-orrietan bilduta... Jatetxeko Txinarra.- Urbieta kalean nengoen Nekanerekin, autobusaren zain. Denda batera errekadu bat egitera joan behar nuenez, autobusaz ahaztu eta Urbieta kaletik ibiltzen hasi nintzen, Prim kalera heldu arte. Ustekabean, taberna batean azaldu nintzen. Taberna izugarri handia zen eta mahaiz eta jendez beteta zegoen. Denak drogatzen ari ziren eta ekialdetar pila zegoen. Jatetxe bateko txinarra ere bertan zegoen. Drogatzeko, elektrodo-tresnatxo bat erabiltzen zuten. Itxuraz, opioa erretzeko tramankulua bezalakoa zen, hoditxo eta guzti baitzeukan. Eta alboetan, elektrodoak. Batzuek erre egiten zuten; eta beste batzuek, elektrodoak ukitu egiten zituzten. Halaxe drogatzen ziren-eta. Orduan, Jatetxeko txinarrak droga probatzeko esan zidan. Baina nik ez nuen inolaz ere droga probatzerik nahi. Alde egin nahi nuen, besterik ez. Bestea, ordea, beti nire atzetik etortzen zen. Eta esaten zidan: -Begira, potentzia gutxiago jarriko dut zuretzat. Orduan, elektrodoekin ukitu ninduen. Eta zabukatzen hasi nintzenean, esan zidan: -Ah, nola zabukatzen zaren! Orduan, nik korrika alde egin nuen. Eta bestea nire atzetik. Antso Jakitunaren hiribidean agertu ginen. Txinarrak bakean uzten ez ninduenez, gurin-terrina bat jaurki nion. Eta buruan jota konortea galdu zuen. Berriro ere ihes egiten saiatu nintzen. Nahiko urrun nengoenean, txinarrak oihukatu zidan: -More koloreko bat nahi dut! More koloreko bat esaten zion droga-mota bati. Baina bat-batean, hiru emakume azaldu ziren. Bazirudien pelikula pornografiko batetik atera zirela, halako itxura zuten-eta. Eta esan zioten txinarrari: -Ez, hemen more kolorekorik ez dugu ematen. Baina arrosa koloreko bat emango dizugu. Handik alde egin eta Pio XII. plazara heldu nintzen. Zoritxarrez, tabernako drogazale guztiak hantxe zeuden, nire zain. Nik ere droga hartzea nahi zuten. Jende pila zegoen. Beraz, ihes egiteko beste biderik ez zegoenez, hegan egitea erabaki nuen. Abiada hartu eta hegan egiten hasi nintzen. Baina abiada gutxi hartu nuenez, ezin izan nuen oso altu hegan egin. Eta oinetatik heltzen zidaten. Berriro jaitsi, abiada handiagoa hartu eta oraingoan, bai, altuago hasi nintzen hegan egiten. Zuhaitz gainetik nindoan, Urumea ibai alderantz. Eta berehala iritsi nintzen Baleazaleen kalera. Kale horretan zuhaitz bat zegoen eta aulki-itxurako kukula eta adarrak zeuzkan. Eta esan nion nire buruari: -Tira, atseden piska bat hartuko dinat hemen... «Monopoli» Jolasa.- Denbora pasatzeko asmoz, «monopoli» antzeko jolasa erosi genuen. Hasi aurretik, ordea, jolasa muntatu beharra zegoen (puzzle antzekoa zen-eta). «Monopoli»ak martziano txiki-txiki bat ekartzen zuen. Zentimetro gutxiko ume-itxurakoa zen. Eta esaten nion nik nire buruari «Tira, umetxo honekin konformatu beharko». Plastikozkoa eta kolore askotakoa zen. Martziano-itxurakoa. Eta kasko bat zeraman buruan. Eta esaten nion nik nire buruari «Tira, haurdun gelditu ezik, honekin konformatu beharko». Jolasa kaxa baten barruan zegoen. Eta kaxaren goialdean, ohar batek zera zioen: «S» sailkaturiko jolasa. Hau da, jolas erotikoa zela. Eta gehiegi berotuz gero, gelditzeko eta geroago jolasten jarraitzeko aholkua ere ematen zuen. Gero, senarra eta biok sukaldean agertu ginen. Senarra afaria prestatzen hasi zen. Uste dut zerbait frijitzen ari zela, baina baliteke zopa izatea. Sukaldea oso-oso luzea zen. Eta harrikoaren gainean zabor-poltsa izugarri handi bat zegoen, baita flasko pila ere. Dena nahaste-borraste batean... Depilatzailea.- Depilatzera joan nintzen. Bukatutakoan, galdetu nion depilatzaileari: -Aizan, ordaindu al dinat? Eta erantzun zidan besteak: -Ba ez dakinat. Baina berdin zion. Eta diru-kopuru bat ordaintzeko esan zidan. Baina nik ez neukan dirurik une hartan. Eta hurrengo hilean ordainduko niola esan nion. -Ongi zegon -erantzun zidan depilatzaileak-. Baina interesak kalkulatu behar dizkinagu. Bankuetan 9'75eko CECA zegon. Beraz, hilabete batera... Ba, 5.000 pezeta ordaindu beharko dizkidan. Eta horretan gelditu ginen. Baina etxera iritsi nintzenean, kontuari buruz pentsatzen hasi nintzen: «Bankuetan 20 urtera kobratzen diten. Eta depilatzailearen mailegua hilabeteko mailegua dun. Nola ote da posible, hortaz, 1.000 pezetatik 5.000 pezetara igotzea?»... Gizon Lodia Nintzen.- Hasieran, gizon lodia nintzen (hau oso harrigarria da, ni egiatan neskatoa naizelako). Eta zergatik ez badakit ere, dorre baten puntan nengoen. Eta dorreko eskailerak jaisten hasi nintzen. Bertigo izugarria sentitzen nuen... Baina jaitsi behar nuen. Eta jaitsi ahala, berriro ere neu nintzen (berriro ere neskato bihurtzen nintzen, alegia). Eskaileretatik jaitsi ahala, ohartu nintzen aurreko eraikinetik apuntatzen nindutela, gerran geundelako. Azkenean, behera iritsi eta palestinarrengana joan nintzen horren berri ematera. Eta gerran geunden. Beraz, armak atera genituen. Eta nik eskopeta handi-handi bat hartu nuen eta primeran apuntatzen nuen, oso eskopeta handia zelako. Eta kalera atera ginen. Baina kalera atera aurretik, ekaitz bat lehertu zen. Eta ekaitzaren eraginez, etxeak doblatzen hasi ziren, untzi batean egongo bagina bezala. Eta haizeari orroaka entzuten genion «Puff!! puff!!». Eta etxeak doblatu egiten ziren. Erabat asaldaturik, kanpora atera behar izan genuen. Eta segurtasuna ematen zigun toki bakarra hondartza zenez, haruntz abiatu ginen denok, manifestazioan bezala... Pintxo Pilo Bat.- Taberna batean nengoen nire amarekin. Bapatean, taberna itsasuntzi bihurtu zen. Eta untziko sotora heltzeko, eskailera batzuetatik jaitsi behar izan genuen. Han, pintxo piloa zegoen, barra luze batean... Inurri Gorriak, Belea eta Arrainontziak.- Senargaia nuen eta haren etxeko bainugelan dutxa hartzen ari nintzen. Etxea oso zaharra zen, eta ikaragarri handia. Gero, egongelara joan ginen. Egongelan, leiho txiki pila zegoen. Sabaiko kristalean bele bat agertzen zen beti. Baina segundu batez bakarrik, etxe barrura sartu nahi izango balu bezala. Ni beldurtzen hasia nintzen, ze belea ikustean, zerbait gertatuko zela pentsatzen bainuen. Eta belea agertu zen berriro. Orduan, eskopeta hartu eta belea noiz azalduko zain gelditu nintzen. Halako batean, leiho txiki bakoitza arrantzontzi txikia bihurtu zen. Beraz, ezin nuen tiro egin arrantzontzietako ura isur ez zedin. Neska bat agertu zen eta arrantzontzi bakoitzean zer arrain-mota bizi zen azaltzen hasi nintzaion. Baina belea behin eta berriz agertzen zen. Azkenean, ez nago ziur tiro egin nion ala ez. Dena den, mutila eta biok kalera joan ginen. Eta gauean, berriz etxera itzuli ginenean, etxeko fatxada inurri gorriz beteta zegoela ikusi genuen. Termitak ziren eta etxe osoa jaten ari ziren. Orduan, etxe barrura presaka eta korrika sartu eta arroparik gehien ateratzen saiatu ginen, beste etxe batera bizitzera joateko. Eta arropa biltzen ari ginela, esan nion nire mutil-lagunari: -Ez didak odola xurgatu behar. Uste dut erdi-banpiroa zela... Nire Laguna Txikiagotu Dute.- Korellan nengoen (uste dut Korella zela), haur-kotxe batekin. Nire ondoan, bi neska zeuden. Ustekabean, Mercedes bat pasatu zen. Irristagailuak (patinak) jantzi eta Mercedes-i jarraitzen hasi nintzen. Baina urrutitik jarraitzen nion, kontura ez zitezen. Mercedes barruan nire lagun bat bahituta zegoen. Zentronikora iristean, Mercedes plaza batean sartu eta desagertu zen. Baina irristagailuei esker, berehala harrapatu nuen. Orduan, Mercedestik norbait jaitsi zen. Ez, bi pertsona jaitsi ziren. Eta nola nik banekien oso ongi boxeatzen, sekulako jipoia eman nien eta biak zerraldo utzi nituen. Lagunaren bila hasi nintzen baina ez nuen ez kotxean ez beste inon topatu. Laguna eurekin eraman zutela ohartu nintzen. Eta inork aurkitu ezin izateko, txikiagotu zutela jakin nuen. Beraz, laguna txikiagotuta zegoen (hatza baino handiagoa ez zen orain). Orduan, ez-dakit-zein-ordutako trenean zegoela esan zidaten; eta Zaragozara eraman nahi zutela. Eta hara abiatu nintzen beste lagun batekin. Baina atzera itzultzean, Korellaren ordez Londresko kaleak topatu nituen. Kale luzeak eta erraldoiak. Eta ez nintzen inoiz iristen inora. Orduan, laguna eta biok ez-dakit-nongo-trenaren zain gelditu ginen, nik banekien-eta bahituriko laguna tren horretan zihoala. Baina trena pasatu zenean, trena ere txikiagotuta zegoen. Jolasgailua bezalakoa zen. Hura geldiarazteko, oinaz zapaldu nuen; eta ondorioz, wagoi guztiak apurtu nituen. Eta hildako asko izan ziren (pertsona guztiak txiki-txikiak zirelako). Orduan, wagoiak zabaltzen hasi nintzen, nire laguna bertan ote zegoen begiratzeko. Ustekabean, botia txiki bat (arrain tropikal bat) agertu zen eta segituan alde egin zuen, ziztu bizian. Eta berehala beste botia bat. Eta azkenean, hondar batzuk aurkitu nituen, nire lagunarenak izan zitezkeenak. Baina ez nago ziur nire lagunarenak benetan ote ziren. Beraz, wagoietariko bat mahai gainean jarri nuen, badaezpada ere. Halako batean, nire laguna wagoi horretan zihoala ohartu nintzen, haren domina bat aurkitu nuen-eta. Tamaina normaleko domina zen. Eta esan nuen: -Ah, hemen zegoen! Edo dago... Baina hain txikia zenez, ezin izan nuen aurkitu. Beraz, amore eman behar izan nuen... Igogailua.- Igogailuan sartu eta botoia sakatu nuen hamargarren solairura igotzeko. Baina igogailua ehungarren etxebizitzaraino igo zen. Ziztu bizian gainera. Bertigo handia sentitu nuen. Batzuetan, igogailua ehungarren solairutik gora igotzen zen. Egun batean -gogoratzen dut- igogailutik atera eta noria batean agertu nintzen. Noriako wagoian eskolako lagunak topatu nituen, eta eskolak hartzen hasi ginen denok. Halako batean, noria desagertu eta untzi batean agertu nintzen. Zoritxarrez, untzia hondoratzen ari zen. Ia-ia urez gainezka zegoenean, jauzi egin nuen. Baina ez nintzen itsasora erori, airera baizik... Ezkontza.- Eskolan nengoen, ezkondu behar nuelako. Eztei-bazkaria ere uste dut bertan antolatu behar genuela. Dena den, senargaia ia-ia ez nekien nor demontre zen. Baina horrek ez zuen axola handirik, gauza guztiak inprobisatzen ari ginelako. Esaterako... HITZ MISTERIOZ BETEAK «Tropek eginiko basakeriak». L. Geistecken akuafortea, 1798. urtea. Margolanaren angelu batean, beheko aldekoan hain zuzen, pintoreak berak jarritako azalpena irakurtzen saiatu zen. Une hartan, ordea, bere atzean norbait zegoela iruditu zitzaion eta burua jiratu zuen. Ez zebilen oker. Museoko ilun-argitan, neska gazte bat topatu zuen berari begira. Neskaren gelditasuna erabatekoa zen, edonor txundituta uzteko modukoa. Arreta handiagoz begiratu zionean, zerbait tragiko sumatu-uste izan zuen harengan. Muturreko zerbait zen, gizonoi ihes egiten digun zerbait, ilusioren baten azken dardara bezalakoa. Ia konturatu gabe, istorio apal honen protagonista den Mauriziok zirgit egin zuen. -Nor zara? -galdetu zion zalantzati. Galderak San Telmo Museoko areto batetik bestera ihes egin zuen, horren oihartzuna erabat iraungi zen arte (hamaika bat isilalditan apurtua bezala). Gero, neskaren masail biribiletatik behera malko bat irristatu zen. Mauriziok hurbiltzekoa egin zuen, baina bere asmoak bertan behera utzi behar izan zituen, deabru batek (deabru guztien Deabrua ez-baizik morroietariko batek) hori egiten eragotzi ziolako. Izu-ikara deskribagaitzez, Mauriziok deabruari begira iraun zuen, geldi-geldi, gorputz-atalik batere mugitzen ausartu gabe, arnasa ere ozta-ozta hartzen zuela. Deabruak dantzan eta saltoka bukatutakoan, koadrotik ateratako sugar baten erdian desagertu zen. Ordurako, neskaren arrastorik ez zegoen. Gauez, etxebizitzatzat zeukan ganbara hartan, Donostiako Foruen pasealekuan, Urumea ibaiko ur goibelei begira, irudimenari gogor eragiten zion oroitzapena burutik ezin kendurik egon zen. Bidaia bitxi batean murgilduta sentitzen zen, eta ordu batzuk lehenago bizi izandako gertakari harrigarriaren azalpena aurkitu ezik, laster erituko litzatekeela iruditzen zitzaion. «Bide bakarra zegok», esan zuen berekiko. «Kosta ahala kosta, misterioaren giltza aurkitu behar diat». Ez zuen lo egiteko gogorik. Hala ere, leihotik erretiratu eta ohe gainean etzan zen, arropak erantzi gabe. Ametsetan, San Telmoko deabrua azaldu zitzaion. Eta horrela hitz egin zion: -Argi ibili, motel. Ez baduk nire erresuman bukatu nahi. Ondoren, larru-azal gorri-gorriko deabru honek era bitxi eta dotorean dantzatzen jarraitu zuen, harik eta «Tropek eginiko Basakeriak» koadrotik ateratako sugar batek berarekin eraman zuen arte. Une horretan, Maurizio kolpetik esnatu eta izerdiz blai zegoela ohartu zen. Ganbarako leihoa oraindik zabalik zegoen, eta udazkeneko haize freskoa barrura sartzen zitzaion, apur bat mehatxagarria. Ikuspen izugarria azaltzen hasi baino lehen, Maurizio zerbaiten mugan bizi izan zen urte luzez. «Muga horretaz harantzago joateko aukera diat orain», pentsatu zuen. «Errealitate barregarriari ihes egiteko aukera. Zer arraio!», erabaki zuen. «Dena iristen duk, eta niri ere iritsi zaidak nonbaitera jauzi egiteko txanda. Aspalditik nengoan horren zain. Momentua ailegatu duk, dudarik gabe». Oinez, San Telmo Museoraino joan zen. Lurrin-denda baten aurretik pasatzerakoan, patxuli izeneko lurrina erostea bururatu zitzaion. Dendan, jostaturik begiratzen zion neska saltzailearen aurrean, flaskotxoa ireki eta tanta batzuk bota zituen arropatik. «Oso une berezia duk», pentsatu zuen. «Gainera, deabruari usain nazkagarria zerioan. Lurrinak lagunduko zidak zerri-alu horren kiratsa jasaten». Zeruak traza goibela zuen, euria bota nahian bezala edo; eta Pasealeku Berritik itsasoaren orroa iristen zen, haserre. Duela gutxi eraberritutako zinemako kartelerari erreparatu gabe, Zuloaga plazaren erdi-erdian gelditu zen Museoko atean begirada jarrita, sartu-ez-sartu, bere bizitzako erabakirik garrantzitsuena hartzera zihoala baleki bezala, aurreko eguneko izu-ikara bularrean nahaspilatuta oraindik. «Tira», esan zion bere buruari. «Bihotz hilekoa naiz edo...?», bere burua adoretu nahian. Azken momentuan, adorezko hitz horiek eragotzi zioten handik alde egitea koldar baten moduan. Eta San Telmo Museoko sarrera-atea zeharkatu zuen, bipil. Indar jarkiezin batek bultzaturik, margolana zintzilik zegoen galeriara jo zuen zuzen. Goizetik gauera, beste pentsamendurik ez zuen izan, berriro irudiaren aurrean egotea baino. Gehiago hurbildu zen eta soldaduei begiratu zien: gizonak akabatu eta emakumeak bortxatzen ari ziren; hiriari su ematen ari ziren. «Lapurreta ederra», pentsatu zuen. Haurrak ere ez ziren izugarrikeria hartatik onik libratzen. Orduan, berriro ere gertatu zen. Norbait bertan zegoela sumatu zuen. Eta bueltatzean, hantxe kausitu zuen aurreko eguneko neska zoragarri berbera. Oraingoan, ordea, soinekoa alde guztietatik urratuta zeukan; soinekoa deabruaren azalaren kolore berekoa zen, gorri-gorria. Beso biluzietan, izter zuri eta biguinetan, aurpegiko masail arrosakaretan... ubeldura eta bortxazko seinaleak ageri ziren. Eta ustekabean, zilarrezkoa zirudien malkoa ikusi zuen neskaren begitik behera labaintzen, dirdirapen handiz, poliki-poliki -erortzeko presarik izango ez balu bezala-. Eta beste denbora batean zegoela ohartu zen. Hura ez zen errealitatea; ohiko errealitatea ez, behintzat. Hura beste errealitate bat zen. Espazioan errealitate-mota asko daudela ulertu zuen. «Izar adina errealitate», pentsatu zuen. Baina neskarengana hurbiltzekoa egin zuenean, aurreko eguneko deabrua, ber-berbera, azaldu zitzaion, eta haren aurretik saltoka eta jauzika, ez zion neskatoarengana hurbiltzen utzi. Gainontzeko guztia aurrekoan bezalaxe izan zen, hau da, deabruak bere sorgin-dantza bukatutakoan, esan zion: -Argi ibili, motel. Ez baduk nire erresuman bukatu nahi. Gero, laukitik sugar handi bat atera eta sugar horren erdian desagertu zen Galtzagorriren morroia. Ordurako, noski, neska ere joana zen. Une hartan, Museoko atezaina etorri zitzaion, ixteko ordua zela esanez. Horrek ustekabean harrapatu zuen, San Telmon sartu zenetik berak zin egingo bailuke bost minutu pasatxo besterik ez zela. Baina erlojuari begiratu zion eta...arratsaldeko zortziak ziren! Orduak eta orduak zeramatzan han. Bost minututan bizitakoa, egiazko munduan ordu luzeetako denboraldia zen! Alde egin baino lehen, margolanaren angelu batean pintoreak idatzitako oharra irakurri nahi izan zuen, baina atezaina handik alde egiteko presa sartzen hasi zitzaion eta oharra irakurri gabe atera behar izan zuen Museotik, gogoz kontra eta marmarka. Gau hartan, lo ezin harturik ohean bueltaka eta bueltaka ari izan ondoren, zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen. «Koadroaren beheko angeluan idatzita dagoena irakurtzen saiatu naizen bakoitzean, braust azaldu zaizkidak deabrua eta neskatoa. Nik uste», arrazonatzen zuen Mauriziok, «pintoreak koadroaren azpiko angeluan idatzitako hiru lerro horietan zegok misterioaren giltza». Ezin eguna urratu arte itxaron. Beraz, ohetik jaiki eta arropak jantzi zituen. Portaletik atera zenean, hamabiak pasata ziren. Gau zakarra zen. Haizeak gogotik jotzen zuen -fresko samar gainera-. Eta hodeiek, tarteka-marteka, euria botatzen zuten. Kalean jende gutxi zebilen, ikasle parranderoren bat edo beste izan ezik. Prim kaletik hondartzaraino joan zen. Itsas haizeak aurpegian gogor kolpatu zuen, bere bidean aurrerago joaten eragotzi nahian bezala. Tamarindoek euren beso ikaragarriak zabunkatzen zituzten, lepotik heldu nahi izango bailioten. San Telmo Museora joateko biderik luzeena aukeratu zuen, hau da, Alde Zaharrean sartu beharrean, edota Bulevardetik zuzen Zuloaga plazaraino joan ordez, Pasealeku Berrirako bidea hartu zuen, Aquariumaren paretik pasatuz. Beharbada, erabakiz aldatzeko beta eman nahi zion bere buruari. Zeren, oso ongi asmatu duzuenez, gauez, isilka-misilka, San Telmo Museoan sartzea deliberatuta baitzeukan. Gau beranduan ailegatu zen Pasealeku Berriko ermitara. Gaueko lapurra bezala sentitzen bazen ere, ez zion inporta eta aurrera jarraitu zuen, gauzak pentsatu bezala egiteko asmoz. Ibili ahala, gero eta garbiago ikusten zuen zer egin. «Nola sartuko naiz barrura?», galdegin zion bere buruari. Izan ere, San Telmo Museoak segurtasun-neurri zorrotzak izango zituen, eta ez zen erraza izango bertara sartzea, horrela, besterik gabe... Bere asmoari eusteko gogo zolia zuen; eta bihotza altxatu nahian-edo, bide bat edo beste egongo zela pentsatu zuen. Zuloaga plazara helduta, haizea gogorrago jotzen hasi zen. Plazak izugarri isil eta bakartia zirudien. Urgull aldetik, mendia agertzen zen zinez goibel eta mehatxugarri. Une batez, ilea laztu zitzaion. Ez zekien zergatik, baina giroan zerbait beldurgarri zegoen. Museoari atxekita, ikatza bezain beltza zen kaleska bat zegoen. «Agian hortxe aurkituko diat Museoan sartzeko tokiren bat, leiho bat edo...». Hala ere, Museoko ate nagusira hurbiltzea bururatu zitzaion. Edo hobeto esanda, indar batek bultzatuta joan zen ate nagusiraino. Han, zurezko atea eskuaz leun bultzatu eta... bidea libre kausitu zuen! Ifernuko leizean sartzera zihoalako inpresioa zuen. Beranduegi zen, ordea, atzera-aurrera hasteko. Barrura sartu eta gero, atea berez itxi zen, hotsik atera gabe. Ilunbe hartan argitxo batzuk piztuta zeuden, su alarmako argitxo gorriak. Margolan igurikirantz jo zuen zuzen-zuzenean (aretorainoko bidea buruz zekien-eta). Barrutik sakon asaldatuta zegoen. Ehundaka urte zeuzkaten hilobi-lerroaren ondotik igarotzerakoan, hotzikarek hartu zuten. Azkenez, aretoko sarrerara iritsi eta argi zuriska batek argiztatuta kausitu zuen tokia. Argia ertilan gaineko lanparatxoarena zen, han ez baitzegoen beste argirik. «Zein miragarria den pintura hau!», esan zion bere golkorako hurbilago egon zenean. Orduan pittin bat makurtu zen, koadroan idatzitako hitzak irakurri ahal izateko. Hitz misterioz beteak ziren, horrela ziotenak: Begiratzen didanak ikusiko nau; irakurtzen nauena nirea izango da. Une hartan, bizkarraldetik gogor bultzatzen zutela ohartu zen. Ikaraz, juxtu-juxtu izan zuen atzera begiratzeko astia: hantxe zegoen aurpegi eta azal gorriko deabrua, barre-algaraka! Neskatoaren arrastorik ez ordea. Gero, zerbaitetan amildu balitz bezala izan zen. Erori eta erori zihoan, etenik gabe, erremediorik gabe. Gaua bere oinean ireki eta bertatik behera labaindu izan balitz bezala. Bapatean, buruan kolpea hartu eta konortea galdu zuen. Berriro ere begiak irekitzerakoan, jendetza-multzo baten erdian zegoela ikusi zuen. Gizonak soldaduak ziren, eta era zaharrera jantzita zeuden. Gerra-hotsak nonnahi entzun zitezkeen, minezko eta ikarazko oihuekin batera. Soldadu errukigabeek herritarrak hiltzean ziharduten, oinaze handiz gainera. Inor ez zen eskapatzen: gizonak, gizaseme edadetuak, emakumeak -horietako batzuk haurdun-, haurrak... Erre-usain izugarria zegoen airean, giza-okela errearen usaina. Mauriziori oka egiteko gogoa sartu zitzaion. Baina, ustekabean, ezin esanezko harridura hartu zuen: eskuetan lantza bat zeraman; eta baita ezpata ere gerrikoari lotua. Eta bere jantziak... soldadu-jantziak ziren! Antigoaleko soldaduen erara jantzita zegoen goitik behera! «Jainkoarren!», pentsatu zuen are ikara handiagoz. «Koadroko soldadu horietako bat nauk!». -Aurrera, soldaduok! Mugi zaitezte -entzun zion norbaiti bere atzetik oihuka-. Hiria gurea duk-eta! Lapurreta librea! Emakumeak harrapatzen dituenarentzat! Aurrera, soldaduok! Erregeak ez dik inor bizirik nahi! Sarraski handia egingo diagu gaur hemen! Historiak gure berri jakingo dik. Aurrera, soldaduok! Kalean hildakoak pilatuz zihoazen, eta horietako batzuen sabelak puzturik zeuden -erreka ondoan itoak. «Hemendik alde egin beharra zeukat», hots egin zuen Mauriziok bere artean. «Nora, ordea? Nola eskapatuko naiz koadro batetik?». Handik ihes egin nahi zuen arren, indar jarkiezin batek borroka-muinera bultzatzen zuen gogoz kontra. Azkenik, baserri moduko etxetxo baten aurrean gelditu eta bertara sartu zen, amesgaizto hartatik ihes egiteko esperantzaz. Etxe barrua zeharo odoleztatuta zegoen, eta gorpuak nonnahi topatzen ziren. Gorputz-atalak ere ikus zitezkeen han-hemen barreiatuta. Ikuskizun danteskoak nazkatuta, alde egin eta babesleku berria bilatzea erabaki zuen. Kaleratu baino lehen, ordea, negar eta zinkurin itoak entzutea iruditu zitzaion. Kontu handiz, poliki-poliki, etxe atzealderantz inguratu zen, belarra metatzeko erabili ohi zuten ganbaratxoaren alderantz. Badaezpada ere, lantzari gogor heldu zion. Ezpata ere aise erabiltzeko gai zela jabetu zen. Harri eta zur zegoen. «Bene-benetako soldadua nauk. Ezpata bazekiat nola erabili, eta gerrara ohituta nagok», pentsatzen zuen harriduraz. Belar piloan bilatu eta, bazter batean erdi-ezkutaturik, neskato bat aurkitu zuen. Une hartan, bere baitan zerbait zitaltzen zitzaiola konturatu zen. Bere betiko sentimendu onak alde eginak zituen, eta horien ordez, zakur amorratuarenak finkatu zitzaizkion barru-barruan -gizatxarraren barren gogortua, gupidagabea-. Zutitzeko agindu zion neskatoari. Eta honek esana egin zion, poliki-poliki. Jainkoarren, bera zen! Museoko neska berbera! Gorri koloreko jantzi urratu bera zeraman soinean. Beso biluzietan, izter zuri eta biguinetan, aurpegiko masail arrosakaretan, ubeldura eta bortxazko seinaleak ageri ziren. Eta ustekabean, zilarrezkoa zirudien malkoa ikusi zuen neskaren begitik behera labaintzen, dirdirapen handiz, poliki-poliki -erortzeko presarik izango ez balu bezala-. Eta beste denbora batean zegoela ohartu zen. Hura ez zen errealitatea; ohiko errealitatea ez, behintzat. Hura beste errealitate bat zen. Espazioan errealitate-mota asko daudela konprenitu zuen. «Izar adina errealitate», pentsatu zuen. Neskarengana joan, soineko-zatiak indarrez erauzi eta bertan bortxatzea pasa zitzaion burutik. «Hil baino lehen, oinaze minak ere emango zizkioat», esan zuen bere artean, pentsamendu hartaz jostaturik edo. Gainerako soldaduek jokatzen zuten bezala jokatu behar zuen berak ere, dei misteriotsu bati jarraituz. Baina berak ez zuen nahi; bere krudelkeriaz jabe zen. Hala ere, indar hura... Hain zen boteretsua... Sentimendu goibelekin borroka latza izan eta gero, erabaki ankerra barruan kraskatu zitzaion, asmo gaiztoari muzin egitea lortuz. Orduan, neskatoa lurretik jaso eta estu-estu besarkatu zuen, bere alaba balitz bezala. Sentipen txarren aurkako borroka irabazita zeukan. Bera ez zen margolaneko soldaduak bezalakoa; bere borondatearen jabe baizik. Bere patua erabakitzeko gizon askea zen. Baina deabru gorria zelatan zegoen eta horra azaldu zitzaion, oraingoan barre-algaraka ez-baina haserre bizi-bizian. Eta biengana jo zuen, mehatxukor eta ankerkeria-mota guztiak haiengan esperimentatzeko gogoz. Egurrezko zutabe batetik zintzilik, kriseilu bat piztuta zegoen. Eta Mauriziok, bi aldiz pentsatu gabe, kriseilua lantzaz jo eta hamaika zatitxotan apurtuta bota zuen belar gainera. Sua berehala nagusitu zen ganbara osoaz, eta deabruak atzera egin zuen ikara handiz -sugar puru eta garbien ausiki eta hozkadaren beldur-. Honez gero Ifernuan egongo da, barrendik erraiak marraskatzen, amorruaren amorruz. Suak hartuta zegoen den-dena. Hala ere, Mauriziok neskatoaren ezpainak sentitu zituen bere ahoan -freskoak eta salbagarriak-. Gero, neskak masaila laztandu zion esku batekin. Eta ia-ia segituan desagertzen hasi zen, poliki-poliki, irrińo maitakor bat zuzentzen ziola. Beste kolpe batek konortea galarazi zion berriro ere, eta begiak ireki zituenean, Foruen pasealekuko bere ganbaratxoan zegoela ikusi zuen, ohean erdi-etzanda, izerdiz blai. Zabalik ahaztutako leihotik haize apur bat hotza sartzen zitzaion. Biharamonean, goizean goiz jaiki eta San Telmo Museora jo zuen minuturik galdu gabe. Bere harridurarako, aretoan margolan-aztarnarik ez zegoen. Atezainari galde egin zion, eta baita museoaren arduradunei ere. Baina inork ez zekien ezer margolan hartaz, eta denek begiratzen zioten ero gizarajoari begiratzen zaion bezala, urrikiz eta apur bat burlati. Etsi-etsita, bazegoen Museotik alde egiteko zorian, ordura arte ikusita ez zeukan angelu batean ertilan benetan zoragarri bat ikusi zuenean. Neska baten erretratua zen; izugarri ederra. Berehala ezagutu zuen. Bera zen, dudarik ez. Gaueko «abenturan» -nolabait deitzeko- topatutako neska urrikalgarri berbera zen, Museoan hainbat aldiz agertu izan zitzaiona. Oraingoan, ordea, zetazko arropa delikatu eta finak janzten zituen -ostadarraren kolore guztiez brodatuak!-. Eta haren aldartea ikusita, zoriontasunaren musatzat har zitekeen, hain zen alai, eder eta sentsuala. Margolanaren beheko angelu batean, lerro batzuk idatzita zeuden, honela ziotenak: Begiratzen didanak ikusiko nau; irakurtzen nauena nirea izango da. Hitz horiek irakurri bezain laster, bihotza poztasunez horditurik sentitu zuen Mauriziok. Maitasun hura iragankorra ez-baina betirakoa izango zen; heriotzaz haruntzago ere iraungo zion. Munduaren gaiztakeria gaindituta ikusten zuen; bortizkeria oro arrotz bilakatuta. Hura gozamena! Gizatasun bete-betean murgildu... Ankerkeriaren gatibutasunari ihes egin... Irainik gehiago ez, mundu gizarajo honen aurka. *** Museotik irribarre eginez atera zenean, bertako funtzionariak burua ezker-eskuin mugitu zuen, gaitzeskor. -Hain itxura oneko mutila, eta horrenbesteraino gaixotzea ere... -komentatu zion zinez tristaturik sarrera-gelako lankideari. ZENBAKI SORGINDUAK -I- Bere bizitzako pasarteak aspaldian ahaztuta bazeuzkan ere, haiek gogora ekartzen saiatu zen. Zoritxarrez, iragan hartatik hondakin sinbolikoak erreskatatzea besterik ez zuen lortu. Apalategietan liburuak zain zeuden, isilik, eurak ere izango bailiran iragandako egite historiko batzuen parte. Tituluei erreparatu zien ohitura hutsez. Gero, Gorkak begiak itxi zituen. Barrutik, laban ikustezin moduan, min isil batek zauritzen zuen eta ezin zuen ezer egin. Min hura erauzteko ezgai zen, bera baino indartsuagoa izanik. Arratsaldeko lehen orduak nonbaitetik sortuak ziren. Eta hurrengo galdera bere buruari egin baino lehen, lotan gelditu zen. Gela isiltasunez gainezka zegoen, baita etxe osoa ere. Ordu gutxi barru, esnatu eta inguruan begiratu zuen nahastuta. Kalera begiratu zuen gortinetan zehar; eta momentu hura noizbait bizi izan zuela iruditu zitzaion. -Humanista zientziari amore emanda -marmartu zuen barrez. Erabat esnatu eta jaikitzeko keinua egin zuen. Hala ere, berriro etzan zen, egun haietako inertzia eta nagikeria errematatu nahian edo. Batzuetan, mundu honetan gizaki batek egin dezakeen guztia eginda zeukala iruditzen zitzaion Gorkari. Hogeita hamar urte bete berriak izan arren, indarge zegoela iruditzen zitzaion. Aldez aurretik jubilatuta, ahituta, udako beroa barru-barruan sartu balitzaio bezala... Eta ezin zuen arrazoirik ez benetako baliorik aurkitu aurrera segitzeko. Egia esan, bere bizitzako helburua galduta zeukan. Ez zekien zehatz-mehatz zeren alde, zergatik, borrokatu behar zuen... ezta borrokarik, zergatirik, ba ote zegoen ere. Agian, hura berreskuratzen saiatu beharko zuen, baina... zer berreskuratu behar zuen? Hutsik, gogogabeturik eta hotzik zegoela besterik ez zuen ikusten. -Nik eman diot bizkarra bizitzari, ala bizitzak niri? -galdetu zuen bere artean piska bat burlati piska bat haserre-. «Bizitza» -errepikatu zuen erdeinuz-, horixe behar genian. «Bizitza»ri buruzko gogoetak egiten hastea... «Literatura arrosa». Ja, ja! Kanpora begira jarraitu zuen; haren begiradan, egonezina eta haserrea islatzen ziren. Ez zuen amore eman nahi. -Bazekiat zer gertatzen zaidan -esan zuen ozenki, gelako isiltasun sakratua apurtuz-. Ezin nauk izan izan nahi dudana. Ezin diat irakurri ez idatzi. Eta horregatik utzi zioat inguratzen zaizkidan gauzak ulertzeari. Pertsona gehienentzat nahikoak diren zorionak niretzat ez dituk aski. Irakurri behar diat, irakurri, irakurri... Eta gero idatzi. Txakur-mundu honetan besterik ez diat egin nahi. Besterik ezin diat egin. Une bakoitza ulertzen saiatu nahi diat, behar dut-eta. Daukadana maitatzeko bide bakarra hori duk niretzat. Idazlea nauk. Harrokeriaz, beharbada; halabeharrez, agian. Idazlea nauk eta idazlea izan nahi diat uneoro. Izan nahi dudana ezin banaiz izan, orduan ezin nauk deus izan. Norbaitek ulertuko al ditu hitz hauek? Agian, paper batean bildu eta botila baten barruan sartu beharko nitizkek. «Artista naufragoa ezintasunaren marrazoetara jaurkita» -esan zuen hironiaz-. Gainera, nork bizi nahi du sorginduta egoteari utzi dion mendi batean? Kaltea besterik ekartzen ez dizuna maitatzea bezain taiugabea duk hori. Puntu horretaraino gal zezakeagu gure jatorria, eta arrotz bihurtu... Gorka hain ikaratuta zegoen, ezen, hesteak kateatuta sentitzen zituen. Profesionalki lortu-beharreko helburuak beteta ikusi nahi zituen, baina aukera materialak falta zitzaizkion horraino iristeko (talentuz eta gaitasunez bazirudien ongi hornituta zegoela). Dena den, oraindik ez zekien benetako aukera horiek norainokoak ziren. Eta ez pentsa gutxi saiatu zenik horien atzetik. Ez, koska ez zegoen hor; kontua zen ezin zituela bertan behera utzi familia, lana, etxea, bere gizarte-maila apal eta egongaitza... Eta den-dena utziko balu ere, nork ziurtatuko lioke ez zitzaizkiola beste eragozpen batzuk, beste oztopo batzuk sortuko, aurrekoak bezain garaitezinak? Liburu bat hartu eta etxetik atera zen. Azken boladan, oso artega zebilen; eta horrek ez zion lasai bizitzen uzten. Bere buruaren barruan atxilotuta zegoela iruditzen zitzaion -eguneroko bizitza eztarrian korapilatuta zeraman, bola itzel baten modura, arnasartzea eragozteraino-. Aspalditik hilik balego bezala zen; beste baten ordez bizitzea bezala... Eguneko azken orduak hirian zehar barreiatzen hasi ziren, tristura-arrasto bat utziz. Den-dena arbuiatzen zuen eta arbuiatuta sentitzen zen. -Noiz hartuko dut atseden, harrien santutasun berberaz? -galde egin zuen bere artean haserre, barregarri. Lorategi baten ondoan pasatzean, bere burua lore-koroa batekin apaintzea bururatu zitzaion; eta loreak erauzteko zorian ere egon zen. -Eta zergatik ez, gero? -esan zuen bere artean jostaturik-. Fauno alai bat Hiri Tristearen arrunkeriaren erdian. Ja, ja! Andre batek burua itzuli zuen hari begira eta Gorka neurria berreskuratzen ahalegindu zen. Gaua hiri barruan murgiltzen hasi zen. Larritasuna piska bat arindu zitzaion. Adar batetik hosto ihar bat erori zen presarik gabe. Eta Gorkak, airean egindako ibilbideari jarraitu zion begiradaz, lurrean kokatu zen arte. Une batez, hosto hura mezu bat zela pentsatu zuen, eta mezuaren zentzua aurkitzen saiatu zen. Ibaia bazirudien lotan zegoela eta faroletako argi-uneak uretan islatzen ziren. Giroa piska bat irreal bilakatua zen. Gorkaren mina jada ez zen hain handia, eta barrutik betetzen zuen neke itzela zertxobait eztitu zen. Hiriko paisaiari baserri-giroko zerbait atzeman zion. Eta hari begira, margolan baten aurrean ez ote zen egongo galdetu zion bere buruari. -Koadroa zeharkatu besterik ez diat egin behar -esan zion bere buruari- eta koadroaren zati izango nauk. Ez zen oso pentsamendu originala; baina, hala ere, berekin zekarren edertasunaz jabetzeak poza eragin zion lehenengo aldiz. -Bai... Ibai ondotik paseatzen ari den gizona izango nauk. Gaua, ibaia eta ilunean murgilduta dagoen hiria zeharkatzen duen pertsonaia misteriotsua -poetikoa, agian- izango nauk; margolanaren miresle guztiei izatea gustatuko litzaiekeena. Gaua, ibaia eta hiria zeharkatu ahala, poesiazko leherketa bilakatuko nauk -arrunkeriaren aurkako erremedio bakarra-. Margoa maite dutenen bihotzean desio horren zati izango nauk. Hurbiletik begiratuta, margo-multzo bat... Une hartatik aurrera, gauzak gozo-gozo gertatzen hasi ziren. Eta Gorkak bere paradisua berreskuratu zuen; Eden mitikoaz jabetu zen. Liburu berri bat idazteko prest zegoen: ipuin bat, narrazio labur bat, eleberri bat... Horrek ez zuen axolarik. Idazteko gai zen oraindik. Ez zegoen hilda. Beheraldi bat baino ez zen izan. Besterik ez. Idazteko gai zen oraindik! Zerbait asmatzeko gai zen oraindik! *** *** pintore ospetsuaren erakusketa bukatu eta gero, kritikari guztiak bat etorri ziren: «Ibiltari bat gaua, ibaia eta hiria zeharkatzen» izeneko ertilanak berebiziko eragina izan zuen publikoarengan. -Hain azalezkoa zirudien... Eta hala ere, bazirudien paisaia horrekin urtuko nintzela... Bazirudien neu nintzela margolaneko ibiltaria! -irazkindu zion berotasun handiz emakume batek bere lagunari. -II- Idazle gaztea lehiateaz bestaldeko paisaiari begira zegoen. Egun goibela zen, gris-grisa; euria agintzen zuten hodeiz ondo hornituta. Itsasoa, halako bortxa batez, den-dena irentsiko zuen mehatxuka, harroturik, gari-alor itzel moduan zabaltzen zen amaigabetasun haren erdian, bitan zatituko duen nekazari-eskuaren zain. Baina bera ez zen nekazaria; idazlea baizik (mundua itotzen zuten idazle horietako bat: irudimentsu, berritsu, sentimendu artistiko handiko eta halabehartsua). Zeinen ederra zen, beti euria botatzeko desafioa egiten zuen paisaia hura, bere hodei gris eta bigun horiekin... Ezkila-hotsa entzun zen. Hara! Bazkalordua... Berak ez zekien inoiz noiz zen bazkalordua. Egunean bi aldiz, norbaitek bandexa bat eramaten zion. Edo egunean hiru aldiz... Berak ere ez zekien ziur. Batzuetan, irrikaz jaten zuen; baina beste batzuetan, bandexa han zegoela ere ahaztu egiten zitzaion. Idazlea zen, idazle gaztea. Eta begira zegoen, leihateaz harantzago eta aspalditik errepikatzen zen egun gris hartarantz... Horrela izatea gustatzen zitzaion. Hodei bigun eta grisak gustukoak zituen, euriz eta itxaropenez zamatuta, eta hain melankolikoak... Politak eta balakariak ziren -irribarretsuak ia-, euren malenkonia apokaliptiko horrekin... Idazle gaztea itsasoari begira zegoen eta itsasoak begirada itzultzen zion halako bortxa batez... Hari gustatzen zitzaion bezala. Zerua grisa zen, baita itsasoa ere. Halaxe amesten zuen Euskal Herria. Halaxe irudikatzen zuen bere paisaia. Alaitasunetik hain urrun, eta hala ere, posible zen modu bakarrean. Zeinen ederra zen! Hodei bigun eta grisak zeruaren gainetik tontoki balantzaka, itsasoa ezkutatzen, eta olatuak bertan euren gandorrak zerurantz altxatzen...; eta bien bitartean, zerua uhin bigun eta grisen azpian ezkutaturik, mendietako gailur apal eta zoragarriak olatu bigun eta gris bilakatuta, Euskal Herri harrigarri honen erdian... Nork ulertuko zion? Bera idazlea zen eta bere aberriko agertokitik paisaia gris eta bigunaren zelatan egoten zen. Hodeiak grisak eta bigunak ziren; eta itsasoa, harroturik, jolasgailu arriskutsuaren antzo, mila aparrekin (desberdinak denak! berdin-berdinak denak!), aurrekoak bezalakoxea zen egunaren erdian sehaskatzen, erabat antzekoak, baina erabat desberdinak... Idazlea zen. Desitxuraturiko, irakurtzeko ohiturarik ez zuen herri baten idazlea zen. Bera han zegoen eta hura guztia ikusita zeukan. Ezin zuen gehiago egin. Ez zekien nola demontre asmatu flotadore bat hil-zoriko itsaso haren erdian. Ez zekien nola arraio egin hegal patetiko pare bat, zeru apal eta errauts antzeko hartan. Idazletxo bat baino ez zen. Eta norbaitek ate bat ireki zuen eta bandexa bat janariarekin utzi zion lurrean. Behar zuen guztia alegia: janari piska bat, eta hodei gris eta bigun gutxi batzuk, eta itsaso harrotu, haserre eta bizi hura... Eta janari piska bat. Idazletxo bat baino ez zen-eta. -III- Eskuak lurretik gora ateratzen ziren gizatasunetik harantzago, halako lotsagabekeria batez. Esku zuriak ziren (kristikinik, eraztunik, haizemailerik gabeak), beren beso iletsu horiekin... Lur biluzitik gora ateratako bi esku biluzi ziren. Eta lurretik gora agertzen ziren; eta hain amarrugabeak ziren... Argiztaturiko gauan, itzal txinatar antzerti bat tokiaz jaun eta jabe egin zen. Baina eskuak... Esku horiek ez zuten inoiz atseden hartzen lur hotzean (etengabe lurretik atera nahian, beldur-ikara oro -errealitatea baita- ezabaturik, nekagaitz, bihurrika...). Eskuak... Miresle berri baten bila (beren mugimenduei jarraitzeko prest egongo den norbaiten bila -azkeneraino, grinaz, grina garbiz-). Eskuak... Baldintzarik gabeko miresleari jarraika beti -miresle perfektua!-. Eta lepoa (batez ere lepoa: ederra, aldabera, estugarria...). Eskuak. Landare bat gehiago bezala sortuta, misteriotsuak, erroz eta sakontasunez josita -abonu eta ongarria!-. Eta Bilbo. Hiri ideiala ia-ia. Larrua jotzeko gogo itzelekin. Nire burua akatsik gabea, desiratua, puntu-puntuan (neuk bakarrik horrela sentitzen banuen ere). Bost axola. Munduko hiririk onena. Eta eskuak han, tramankulu batek iraulitako lurretik gora agertzen, garraioen iraultzari barrez, eta... METROA! Eskuengana iristeko, landan, behinola baserri eder eta gaur txori-etxe bihurtua, ia-ia hortxe... Baina, batez ere, izena inoiz jakiterik izango ez dudan hondartza baten ondoan, toki galdu batean, han... Baina, nola iristen zen bertara...? Hori bai, Bilbotik hurbil, oso-oso hurbil, hain hurbil... Eta kale hura... Ahaztu egin zait... Hantxe zegoen, zera, Bulego Nagusia! Eta eskuak... Orain gogoratu dut! Hondartza hartan izan zen. Eskuak hondartzan flotatzen ari ziren, niri deika. Izenik eta helbiderik gabeko hondartza hartan. Beharbada, kutsatuta zegoen. Nire hontzartza zen. Nire gaztaroko hondartza. Nire izenik gabeko gaztaroko hondartza. Bilbotik hain hurbil. Jainko maitea! Betira arte, lekua! Betira arte, hondartza! Betira arte, gaztaroa! Betira arte, eskuak! Itzuli ahal izango banintz eta esku haiek -nire eskuak- besarkatu ahal izango banitu! Denborarekin eta orainaldiarekin bat egiten ez duen guztia suntsitzeko boterea izango banu, eta Postetxeko neska langilearekin bizitza berri bat hasi! Borondatez hilko ahal banintz, eta eskuek denbora amaitu arte nire ordez jarraitu, eta gau guztietan amodioa egin nire Postetxeko neskarekin, berak oraindik ere ez zekienean, amesten ez zuenean, nire Postetxeko neska izango zela... eskuek dantza egiten zutenean... lurrean... apurtxo bat etsita... denborak axola gutxi emango balien bezala... baina, hala ere... halako ilusio zuhur batekin... Bilbotik hain hurbil zegoen hondartza hartan (ezin izan nuen sekula aurkitu berriro...). Etxeetan homosexual piloa zegoen; eta modu benetan bitxian maitemindutako emakume bat...; eta esku haien artean itotako nire nerabe-denbora... hain larria... Sekula eta betiko: agur! Oi, eskuak! Zeinen gozo dantzatzen duzuen lurraren gainean (hondartza ezezagun, betiereko hartan utzitako nire arrastoaren gainean). -IV- Bidebieta batean bezala zegoen, baina ez zuen garbi ikusten larriune hartatik ateratzeko zer egin behar zuen. Goizetik, pentsamendu bat inguruka zebilkion buruan. -Unibertsoaren zaindaria nauk -hots egin zuen, barrez. Zigarro bat piztu eta eskubarnea garondoaren gainean ezarri zuen, pisu bat-edo arindu nahian. Kontserba-pote batek dirdira egin zuen kalearen erdian. Berak bazekien katalizatzaile bat behar zuela (erraiak erretzen zizkion bortxa bideratzeko zerbait). Lizar bat ikusi zuen eta zuhaitza bere izenaz ezagutzeak berebiziko poza eragin zion. -Ez zegok beste erremediorik: emagaldu guztiak hil egin behar dizkiat. Orduan, zentzumena galdu zuen. Erotu egin zen. Eta puntu hartatik aurrera, ez zen gehiago gizakia izan, hiltzailea baizik. -Zortea lagun, hogeita hamar-bat emagaldu hiltzeko aukera izango diat, ni harrapatu baino lehen. Bero izugarria egiten zuen. Horrek beheraldia edo depresioa areagotzen zion. Hirian barrura jo zuen, klub batera iritsi arte. Han hiru emakume ari ziren lanean. Koldok pistola atera zuen. -Harraparia naun, neskok! -hots egin zuen. Eta segidan tiro egiten hasi zen. -Itzelean gustatu zaidak -esan zion bere buruari etxerako bidez.- Berriro egin beharko diat. Bai, zentzumena galdu zuen. Erotu egin zen. Eta puntu hartatik aurrera, ez zen gehiago gizakia izan, hiltzailea baizik. -V- Kotxeko lohibabesa gorriz zikinduta zegoen. «Kaka zaharra» pentsatu zuen arnegaturik. Eta xista batean, arestiko istripuaren irudia igaro zitzaion burutik. Irudi suntsikor, bat-batekoa. Gizaki bat amen batean desegiten duten irudi horietakoa. Harez gero ez zegoen, ordea, zer eginik. Ulertezina egiten bazitzaion ere, damugabe irauten zuen gertatutakoaren aurrean. «Mutiko bat oraintxe hil diat kotxez, baina... ez zaidak damurik batere!». Irudi ahaztezinak dantza egiten zion oraindik begien aurrean. Kotxeko lohibabesari begiratu zion ostera ere, eta natura hila bezalakoa aurkitu zuen hura. Gauzak berez gertatzen diren egun horietakoa zela iruditzen zitzaion. «Egun nabigagarria» esan zuen bere artean, umore-hondar batez. Ondoko zuhaitz bati erreparatu zion. Istripua gertatu zenetik, estreineko aldiz pentsatu zuen istripua ez zen beste zerbaitetan. Zuhaitz-enborra pitzatuta zegoen lurretik metro eta erdi batera-edo, zuhaitzaren itxura ahula agerian utziz. «Zumarra dela esango niake». Kotxeko lohibabesak islada bat bidali zion une hartan, bere patu petralaren oroitgarri. Ezkontzako bizitza, herri-bizitza, gizarte bizitza... den-dena pikutara joana! Bere emazte gasoak jarriko zuen aurpegia, haren berri izan eta berehala... Ez. Eginahalak egin behar zituen eskandalua saihesteko. Hiriko etxeorratz izugarriak lekuko, ez lukete hain erraz harrapatuko. Azken batean, kontrakoa frogatzen ez den artean, batek ez du okerrik egin. Atzeko matrikula begiratzera joan zen. Hura poza! Zikina zela-eta, zenbakiak irakurgaitzak ziren. «Zirriborro huts dituk». Bideko lur hautseztatuan zutik zegoen, buruan zerbait ibiliko balitzaio bezala. «Txarrena jota ere, kotxeko marka besterik ez ziaten ikusiko». Eskua luzatu zuen zuhaitz-enborrerantz, hain zuzen ere pitzadura zegoen tokirantz. Baina brastakoan apartatu behar izan zuen, pitzadura barruan zuri koloreko zerbait mugitzen ari zela ikusi zuen-eta. Itxura gabeko organismoa bezalakoa zen. «Munstro bat!» pentsatu zuen alai. Kiratsa ailegatu zitzaion. Kirats izugarraria zerion pitzadurari. Zuhaitzaren ipurtzuloa izango ote zen galdetu zion umoretsu bere buruari. «Beharbada, sentitzerik ez dudan erruduntasuna hor barruan zegok, pitzadura horren barruan». Eta barre egin zuen ozenki. Jakingurak eraginda gehiago hurbildu zen, kiratsari jaramonik ez egiten saiatuz. «Usteltze-usaina duk. Jainkoarren, har piloa zegok hor barruan!». Zuloan animaliaren bat hilik egongo zela pentsatu zuen. «Edo zaborra, auskalo...». Halako batean, harrak tantaka erortzen hasi ziren, zuhaitz-enborraren pitzaduratik lurrera, prozesio batean bezala, kirats hartatik eurek ere ihes egin nahian bezala. Begirada sorgintzen zion ikuspena zen. Ia bi minutu joan zitzaizkion har-jauziari begira. Gero, isurki antizozgarria eta trapu zahar bat maletategitik atera, kotxeko lohibabesera joan, bertan makurtu eta gorri koloreko orbaina garbitzeari ekin zion. Isurki antizozgarriaren ontziko uztaia apur bat herdoiltsu zegoenez, lanak eman zizkion tapoia kentzeak. «Harrapatzen banaute, ondasunak kenduko zizkidatek. Familia kale gorrian geldituko lukek». Garbitzen bukatu zuenean, zutik jarri, lohibabesetik zertxobait urrundu, eta buruari gora eta behera eragin zion zenbait aldiz. «Lan bikaina». Kolpea zela-eta, metalezko atala nabarmen mailatuta zegoen. Karrozeria-tailer batera eramango zuen konpontzera. Ez hiriko karrozeria batera; hiritik kanpoko lantegi batera baizik. Odolez zikindutako trapu zaharra bota zuen zuhaitzaren pitzadura barrura. Justiziatik salbu sentitzen zen. Istripuaren irudia gero eta urrunago ikusten zuen bere orainaldi zoriontsu hartatik. Etxera iritsi eta bere emazteari musu emango zion. «Etxera bidez, lurrindegi batean geldituko nauk eta lurrin-ontzitxo bat oparituko zioat». Gero, kotxe barruan sartu, segurtasun-gerrikoa jantzi eta ukipen-giltzari eragin zion, kotxeko motorea abian jartzeko. Baina metro eskasetara, ibilgailua gelditu zitzaion, motorea itota. «Aire gehiegitxo sartu zioat». Azkenez, kotxea abiarazi eta urrutiko toki hartatik alde egin zuen. Berak bazekien istripuko mutikoa hilik zegoela, kolpea izugarria izan zelako. Baina berak bakarrik zekien hiltzailearen berri. Eta sekretu horren jabe izateak liluratu egiten zuen. «Hiltzailea nauk eta justiziatik salbaturik negok». Eta bere pozari ezin eutsirik, irrintzi bat jaurki zuen zerurantz. Hiriko lehen eraikinak -zementu eta altzairua- agertzen hasi ziren. Eguzki zikin bat zeruertzetik ongi sartzen ari zen, bertan gozo-gozo lekutzen ari izango balitz bezala, batere presarik gabe. -VI- Hurrengo ordua haren etxean pasa eta biharamonean Londresera. Orduan ez nion txakurrik ordaindu. Ezkutuan alde egin nuen. Engainuaz ohartu zenean, ez zen haserratuko! Amorru eginda utziko nuen. Oso gustura ni. Nik eta lagunak bapo jostatu. Azkenerako, ia beti lo hartzen zuen. Hark. Laguna hasten zitzaion lehenik eta berehala lo zegoen nire gainean. Arratsalde batean, lagunak esan zidan debekutara joan nahi ote nuen. Neska batzuk ari ziren kalean gora-kalean behera, baina gehienean nahiko lanpeturik egoten ziren. Halako batean, bati begia bota nion. Zaila, hura harrapatzea. Gindoazela, eraikin beltz batean gelaska txiki bat zegoen, hormaz inguratuta, eta esan zidan: -Hemen? -Bai, pozik -esan nion. Horrela, lurretik makurka jarri zen nire parean. Eta poliki-poliki, ikusi nuen zerua nolakoa zen. Ura gozamena! Gutxienez hogei aldiz sartu eta atera. Hura pipermina! Iletik heldu nion eta puurrra! Gainera nik dena bota. Ta-ta! Mila duroko lana, eta pozik. Han gelaskan bidet-ik bazegoen, baina dutxarik ez. Neska-laguna, Bilbon pare bat urtez ofizioa ikasten ibilia eta euskaraz ondotxo zekien. Nire lagunaren laguna eta berak aurkeztu zidan egun batean. Besteak, berriz, ahazten ari zitzaiola euskara eta nirekin praktikatu nahi. Egunero edo oso sarritan egoten ginen hirurok. Esan zigun bazituela bi lagun aurkezteko, eta gugana bidaliko zizkigula. Lagunak esan zion: -Nik zuen baimenarekin, edariak ekarriko dizkiat. Horrela: «Hoa eta ekar itzak». Eta baietz, eta hurrengo egunean ekarri zizkigun. Larunbata izendatu genuen horretan iharduteko. Gauez garaiz apaindu eta prestatu; bapo afaldu, gorputz-atalak sano garbitu eta gelaskara. Hasi gara eraikin beltz hura barruko eskailera goibeletik igotzen, goian prest izango genukeen plazerra amets. Ate aurrera iritsi eta atean jo. Pozik gentozen. Ordurako hantxe zeuden besteak, eta gu segituan barrura ongi pasatzera. Zeuden edarietatik edan eta kafea berriro. Batekin nahiko lanak baziren, baina hala ere bazuen trebetasuna. Haietako batek esan zuen berak bere borondatea erakutsiko zuela eta artean jarri behar genuela. Baita egin ere. Hark esan zuen bezala, ederki joan zen dena. Bestea ere pozik. Lana galanki egin behar, gu denoi kasu egiten. Nire denboran, orduan besteetan ez naiz gogoratzen hain ondo pasa nuenik. Neska bedeinkatu haiekin, ondo baino hobeto geunden. Horrelakorik edonori ere opa diot. Alde egin genuenean, nahigabea agertzen zuten. Poltsa ez genuela behar hainbat bete. -VII- (Hizkuntz oinarria: Ipui onak. Bizenta Antonia Mogel. Euskal Editoreen Elkartea. Orriak: 69, 70). Emakume bat zebilen gauez gizon asko bilatzen, eta iritsi zen gaztez beteriko dantza-leku batera. Irten zitzaion atarira zaindari handi eta harroputz egoten zena, eta esaten dio: -Zer dakarzu hona emakume gaizto horrek? Erantzun zion emakumeak: -Zaude zure tokian. Tori nire gorputza, eta ez egin hitzik, ausiki niri. Esaten dio zaindariak: -Ematen didazu ordaindu gabe sartzeko? -Ematen dizut nire borondatea horixe delako, eta ordaindu gabe sartu nadin barrura, eta eramateko zuk behar ez dituzun lagunak. Eta esaten dio zaindariak: -Nork emango dit bihar arteko plazerra eramaten badituzu nire lagunak, edo lapurtzen badizkidazu dauzkaten poza eta txanponak? Benetan uste al duzu plazer puska batengatik galduko nukeela bizitza guztiko atsegina? Eskainiko al didazu zuk gero beharko dudan plazerra? Ez duzu ematerik gizonentzat, sentimendu gogorraren jabe zara horientzat, eta izango zara hobeagoa niretzat? Ez diot nik plazerra egunero ematen didanari bizkarra eman nahi; eta bai zaindu dantza-leku honetako neska-lagun ederrak. Hala bada zoaz azkar etorri zaren bideetatik, nahi ez baduzu nik hemen nire makilarekin zure ipurtzuloa apurtzea. Ez da nire ate honetatik neska gose dantzaririk igaroko. Ipuin honek adierazi nahi du ez dela tontolapikoei kasurik batere egin behar. Harroputzek eta zoroek zaindu behar dituztela kontuz dantza-lekuak, eta ez dantzaleku-lapur izan, ez dantzaleku-lapurrei lagundu. Bere burua dohanik eskaintzen duenari ez zaiola zor ez leialtasuna ez kasu egitea. -VIII- Begiak zerurantz jaso eta existitzen ez den Jainkoari galde egiten diot: -Zer dela-eta sufriarazten nauzu hainbeste? *** Egunen batean gorroto izango nauzu; -Horixe da maitasuna-, esango didazu. (Kanta hortero batentzako leloa [inkunablea...]). *** Soy, siempre seré un euskal idazlea -incluso en castellano. *** Munduan, bi txori urdin ezagutu nituen (biak bat, agian). Bata, tren-makina itzela izan zen, «Ferrocarriles Vascongados»ekoa (nire aitarenganako eta nire haurtzaroarekiko maitasun-trena); eta bestea -garrantzirik gabea niretzat- Rubén Dario delako batena izan zen. (Eskaintza: Nire izeba Maria Salamanca-koari, auskalo zergatik). *** Nik maite ditudan gizonak: kalean diru-eske hasi baino lehen, hiltzeko prest daudenak. -IX- Lurra errausturik zegoen. Den-dena erreta. III. Mundu-Gerra piztu zenetik, laurogei urte luze igarota zeuden. Gerraren ondorioak, ordea, ez zeuden igarota. Lurra ez zen sekula izango behinola ezagutu genuen bezala. Euri beltza egiten zuen beti, azido-maila handikoa. Beraz, ez zen edatekoa. Orobat ere gertatzen zen ibaietako urekin. Giza-talde bakanak han eta hemen sakabanatuta bizi ziren, haitzuloetan gehienak, lurrazpiko ur kutsatugabeetatik hurbil. Gizonak kobazuloetarako bidea harturik zeukan berriro. Garai batean dirdaitsua izandako zibilizazioa itzalita zegoen orain, kontsumituriko zuzi ketsu baten antzean. Gizakiak zeinen ahulak ziren argi eta garbi geratu zen agerian; intsektuak, berriz, indartsuak ziren oso. Arratak baino indartsuagoak. Edozertara zer ongi moldatzen ziren ikustea harrigarria zen. Hiriak, denbora batean zaratatsuak eta jendez beteta, isilak eta inorgabeak ziren. Bizirik ateratako animalia ugari bizi zen halakoetan. Baina ez pentsa gaur egungo arrazak zirenik. Izan ere, gaur egungo arraza metamorfoseatuak ziren: zakur haragi-ustel-jalea, katu arrata-harrapakaria, uso odol xurgatzailea... Hala ere, intsektuak ziren izugarrienak, kopuruz kontagaitzak zirelako eta haien aurka borroka egiterik ez zegoelako. Errazagoa zen gizakia gizakiaren aurka borroka egitea, gerra izugarria gora-behera aurrera jarraitzen baitzuten herri-pusken arteko sarraskiek. Hura ez baitzegoen saihesterik. Gizakiak halakoak ziren eta kito. Odolean zeramaten. Ez ziren ez onak ez txarrak; ziren, besterik gabe. Lurrean ez zegoen gaiztakeria zigortu edo zintzotasuna sarituko zuen jainkorik. Eta heriotzaz haruntzago, auskalo. Mistika agorturik zegoen. Ez zitzaion inori axola. Gainera, telebistak behin-betiko itzaliz geroztik, bizirik ateratakoek denbora gehiago zuten gaiztakeriak asmatu, gerrak piztu eta lagun-hurkoak hiltzeko... Heriotzaren zain egotea zen, amaigabeko asperdura bati alferrik aurre emanda. Azken batean, ezer ez. Zientziaren zuhaitzak bere fruitua eman zuen. Eta denek bilatzen zuten mendekua iragandako ekintzetan, gerokoetan... Berdin zen. Bidea itxita zegoen, baita zentral nuklearrak ere. Gizakia biziaren iturburura itzultzen ari zen. Nostalgiaz. Frustrazioz. Batek daki. Kontua da han kanpoan ez zegoela ezer. Hortaz, atzera egin beharra zegoen. Zelulara. Amebara. Atomora. Zer arraio: espaziora! Bai, espaziora itzultzeko lehenengo baldintza horixe zen: pisugabea izatea. Argi-abiadura gainditzeko modu bakarra argia baino arinagoa izatea ezinbesteko baldintza zen. Pentsamenduak ere astunegiak zirenez, horiek ere bidean utzi behar ziren. Arnasa baino arinagoa; tximista baino azkarragoa. Itzuli beharra zegoen zientziaren zuhaitz azpiko erroetara. Eta handik, espaziora. Bide zaila eta iluna zen, baina baita bakarra ere. Jakina, amore ematea ez da inoiz erraza izan. Biziarekiko atxekimendua. Izadiak ezarritako beste lege bat. Ez garaitezina ordea, segitu-beharrekoa baizik (behintzat, eskeletoz aldatu arte). Orduan, kristautasuna erreibindikazio bitxia bihurtu zen ama Lurraren errai gorrituen erdian, mamu batek jaurkitako oihu, milaka urteko tarte batetik, antigoaleko logikaz (pentsamendu hutsa, jakintza). «Kobazuloak». Kobazuloetatik ihes egiteko, lehenik harri bihurtu behar; harri-zatikiekin bat egin; harrian landutako ertilan bilakatu. Orduan, bai: espaziorako bidaia prest dago. Unibertsoa, izarrak, bide kosmikoak. Telegrafo-harietan zehar mezu bat bidaltzea bezain bakuna. Jitez bereganatzen den jakituria. Izar arteko jauzia. Harlanduan irekitako espazioa, begia bertatik proiektatzearren. Pentsamenduari hegalak ematen dizkiona mamitzeko, milaka eta milaka urte, mende, milurteko beharrezkoak direlako. Sinpletasuna, sinplekeria baino. Heriotzatik harantzago ez zegoen jainkorik, heriotzarik ere ez zegoelako. Uste baino errazagoa zen. Ez gara inoiz hiltzen, gure zorterako. Oroitzapenak ere astunak dira Bidaia Handirako. Horiek ere kobazuloetan utzi beharra zegoen, intsektu-talde izugarrietatik salbu, su-errezel batez babesturik, metro askoko izozt-mendietan sarturik. Barne-ahotsa esaten diote batzuek gertakizun horri. Arrazoi osoz, gainera. -X- Urkatu behar ninduten hurrengo egunerako. Kartzelazainak, behintzat, hori esan dit. Kartzelazainak Patxi du izena eta berataz ez dut kexarik, hemen nagoenetik zintzo-zintzo jokatu du-eta nirekin. Hamabost urte dira epaitu eta kartzela honetara ekarri nindutela. Patxik esan ohi duenez, garai hartan gaztea nintzen; baina nik ez dut alde handirik sumatu, hau da, lehen bezain gaztea izaten jarraitzen dudala iruditzen zait. Urkamendia ikus dezaket kartzelako gelatik. Txori bat pausatu da bertan; eta berehala, lagunak etorri zaizkio lagun egitera. Txoria izatea polita izan behar duela esan diot Patxiri, baina berak ez dit ezer erantzun. Soinak jaso ditu, eta besterik ez. Biok isilik geratu gara alditxo batez. -Begira -esan du bat-batean Patxik-. Txoriak joanak dira. Ez diot ezer erantzun, baina nire artean pentsatu dut: «Ez nauk harritzen». Eta berriro ere pena eman dit hegaltxo pare bat ez izateak, handik betiko alde egiteko. Patxik pentsamendua igarri didala uste dut, buruaz keinu bat egin -baiezko antzo- eta zizpurua bota duelako. Bakarrik egon nahi dudan galdetu dit. Nik ez diot ezer erantzun, baina burua jaso eta urkamendirantz begiratzen ausartu naiz beste behin. Gartzelako patioan dago eta zilueta oso argi azaltzen da gris-koloreko baldosetan. Itzal luzea eta serioa da, ia-ia gurutzea bezalakoa. Nire buruari galdetu diot zenbat urkatuko zituzten urkamendi horrexetan. Asko, dudarik gabe. Eta denek sentituko zuten nik une honetan sentitzen dudan gauza bera. Horretaz konturatzea apur bat aspergarria iruditu zait, nire azken uneek ezer apartekorik ez zutela ulertu izan banu bezala. -Erre nahi al duzu? -galdetu diot Patxiri aldi berean zigarro bat eskainiz. Nire galdera ulertu izan ez balu bezala begiratu dit, baina onartu du. Biok erretzen hasi gara; beste zigarro bat. Kea begietan sartu zait eta malkoak atera zaizkit, batez ere ezkerreko begitik. Patxik pentsatu omen du negarrez ari nintzela eta bera ere negarrez hasi da, isilik, ezkerreko eta eskuineko begietatik. Orduan, niri barregura sartu zait. Baina eztulka hasi naiz zalaparta handiz. Patxik lasaitzeko esan dit. Ulertzen didala. Badakiela zer-nolako infernua jasaten ari naizen. Berehala isildu da, deseroso. «Infernu» hitzak biok urduri jarri gaitu. Halako batean, «lasai, hau baino okerragoa ezin daitekek izan» esateko zorian egon naiz. Baina nire golkorako gorde dut. Ea kafe bat hartu nahi dudan galdetu dit eta erantzun baino lehen alde egina zen. Bakarrik geratu naiz, urkamendiari begira. Polita iruditu zait, sentsuala ia. Apur bat lotsagorritu naiz, gizonezkoen atala tentetu ohi dela gogoratzean. Denek dakite hori. Eta egia omen da. Ongi pentsatuz gero, hobe horrela. Agian, plazer-olatu batean itota hiltzea bezalakoa da, eguzkiari azken aldiz begiratu bitartean. «Nola izango zuen izena bertan hildako azkenak?», galde egin diot nire buruari. Eta urkatutakoen balizko izenak zerrendatzen hasi naiz, egokiera horretarako izen egokirik aurkitzerik izan ez badut ere. Patxi itzuli da bi kafe eskuetan dituela eta begia eta gogoa urkamenditik urrundu dizkit. Arratsaldeko eguzkia zoragarria da. Bat-batean, urkamendian hildako azkenak nola zuen izena asmatu dut: Patxi, kartzelazaina. -XI- Labezomorroa nintzen eta edalontzi bat patxaranaren barrura erorita nengoen. -Puaj! Azukre gehiegi -hots egin nuen, eta antenatxoak astindu nituen txakurrek egin ohi duten bezala. Labezomorroa izatea ez da erraza. Denek zanpatu nahi zaituzte: zapatilaz, erratzaz,... Nire aitonak beti esaten zuen: «Mundua ez zegok labezomorroen neurrirako eginda». Gizarajoa! Pottolo-Lehiaketako Txapelduna gainetik pasatu izan balitzaio bezala geratu zen, xafla-xafla eginda sukaldeko baldosen aurka. Egia esan, gure sendiaren (eta herriaren) patua halakoxea izan dela esatea, egia baino ez da: zanpatuak, spray-ez hautseztatuak, pozoinduak... Oraindik kosta egiten zait ulertzea nolatan lortu dugun honaino iristea. Biziraupen-senari esker, ziuraski. Auskalo. Edo kasualitateari esker...? Dena dela, ni ez nengoen filosofatzen hasteko moduan. Azken batean, edalontzi bat patxaranaren barrura erorita nengoen eta ezin nintzen handik atera. Antenatxoak astindu baino ezin nuen egin, txakurrek egin ohi duten bezala, baina hori ez zen nahikoa edalontzi madarikatu hartatik ihes egin ahal izateko. Nire buruari galde egin nion zein markatako patxarana izango ote zen hura: «Etxeko», «Basarana»... Ezer berezirengatik ez, ordea; jakinminez baizik. Gauza bat oso garbi zegoen: patxaran hura izotzekin zegoen. Izan ere, nire antenatxoak dardarka ari ziren, hotza zela eta. Orduan, nire patua madarikatu egin nuen; labezomorro txiki, beltz eta nazkagarri bat izatea munduko gauzarik okerrena zela ulertu izan banu bezala. -Tira. Horiek iritzi ustelak dituk. Nire aitonak -goian bego- halaxe azalduko zuen-eta. Basaranekin edo basaranik gabe, kontua da ni berotzen hasia nintzela. Izotzak ez zuen ia eraginik nigan, ordurako horditurik nengoelako. Eta kantatzen hasi nintzen, eta «gora gure erregina!» oihu egiten ere bai. Ia-ia ezin nituen kontrolpean izan nire bi antenatxoak. Bazirudien bizi propioa zutela. Alajaina! Tabernako musika ondo zegoen; mahiko martxosoa bazen, behintzat. Kasik lortu nuen nire patu goibelaz ahaztea, edalontzi bat patxaranaren barruan harrapatutako labezomorro urrikalgarri bat nintzela, alegia. Baina, nolako heriotza izan behar nuen? Han, Bakio-ren isurki zoragarri eta basati hartan itota hilko ote nintzen? edo 44. zenbakiko oinetako batek zapaldurik? edo hori baino lehen, nire gorputz tamalgarriarekin dibertituko al ziren, esaterako, nire hankak banan-banan moztuz edo su emanez? Erantzuna luze gabe ailegatu zitzaidan. Niganantz, ezpain lodi eta haragikoi batzuk ikusi nituen hurbiltzen. Bibote izugarri bat. -Ei, «pintor de brocha gorda!» -oihukatu zuen norbaitek-. Ezetz patxaran osoa zurrutada batez edan. -Ezetz? -erantzun zuen pintor-de-brotxa-gorda itxura izugarria zuen gizon heldu eta lodikote batek. Ezpain lodi eta haragikoiak, bibote izugarria, hortz hori-beltz zulatuak... Beste ezertaz ohartzeko astirik ez nuen izan. Nire aitonaren azken hitzak gogoratu nituen, zurrunbilo hartan betiko desagertu baino lehen: -Nireak egin dik. Gora erregina! -XII- Arazo handi bat nuen: nire zakilak hitz egiten zidan. Bai, ondo ulertu duzue. Zakila etengabe ari zitzaidan hizketan. Berritsu halakoa! Ez dakit nola hasi zen amesgaizto hura. Arratsalde batean izan zela uste dut. Ni kafea hartzen ari nintzen, etxean, ni bakarrik. Eta halako batean, ahots bat entzun nuen: «Kafe piska bat emango al didazu, mesedez?». Ahots hura telebistatik zetorrela pentsatu nuen hasiera batean, baina berehala ikusi nuen telebista itzalita zegoela. Nahasmendu hartatik atera ahal izan baino lehen, ahotsak galdera bera egin zidan: -Emango al didazu kafe piska bat, mesedez? Oraingoan, berriz, berehala konturatu nintzen ahots hura nire ahotsa bezalakoa zela, txikiagoa baina, eta arropa azpitik-edo zetorkidala. -Hitz egiten dizudanean, jaitsi brageta, mesedez. Ilea laztu zitzaidan, baina ahotsak agindutakoa besterik ez nuen egin. Besterik ezin nuen egin. Bragetatik zakila tente-tente atera zitzaidan. Eta ezpainak mugituz, esan zidan: -Emango al didazu kafe piska bat, mesedez? Ni ikaraturik nengoen; zertaz ari nintzen ere ez nekien. Nire eskua dardarka ari bazen ere, kikaratxoa «ezpainei» hurbildu eta kafea edaten eman nion. -Ai! Erretzen dago. Tontolapikoa! Hitz-totelka, barkatzeko eskatu nion. Egia esan, nik ere deiadarka hasteko gogoa nuen, kafea benetan bero-bero zegoelako. -Nahiko gogorra da kafe hori. Kostako zait lo egitea, gaur. Sentitzen nuela esateko zorian egon nintzen berriro, baina isilik geratu nintzen. Ez dakit zergatik, jaiki eta esne hotz piska baten bila joan nintzen, kafea hozteko. -Eskerrik asko -esan zidan nire zakilak-. Horrela askoz hobeto dago. Nik buruaz baietz eman nion aditzera. Kafea hartu ondoren, bazirudien zuzperturik zegoela, eta galdetu zidan: -Zertaz hitz egin nahi duzu? Marx-i buruz, adibidez? Nik bekainak zubitu nituen, harriturik. Eta bera, zakila alegia, «Kapitala»ri buruz ez dakit zer txotxolokeriak esaten hasi zen. Handik gutxira, ordea, jada ez nion kasurik egiten. Gogoa beste nonbait nuen. Zakila horrela ikusteak apur bat gogogabetzen ninduenez, errotuladorea hartu eta bi begi eta sudur bat margotu nizkion. Tira, ez zen gauza handirik, baina orain behintzat musua bazuen, ezpainez gainera. Aker-itxurako bizartxo bat ere margotu nion. Nire zakilak hizketan jarraitzen zuen. Erosoago egon zedin, prakak eta galtzontziloak erantzi eta sukaldera joan ginen beste kafe bat egitera. Egongelara itzuli ginenean, adeitasunez galde egin nion: -Azukre kozkor bat edo bi? Baina berak ez zuen nire galdera aintzakotzat hartu. Berriketan segitu zuen; ez zen isiltzen. Azkenik, deiadar egin nion. Belauniko eskatu nion isiltzeko. Neskatan joatea ere proposatu nion. Bai zera! Berak «Kapitala»ri buruz bakarrik hitz egin nahi zuen. Bazirudien ni konbentzitu nahian zebilela. Baina konbentzitu, zertaz? «Kapitala» edo «Trumoi kapitaina» niretzat egile beraren bi kontakizun antzeko ziren. -Aizak! -oihu egin nion-. Niri bost axola filosofia. Ez zekiat grekoz, ezta latinez ere. Eta hortik hasi beharko nikek zerbait ulertzeko. Baina lan egin beharra zeukat. Ulertzen al didak? Ez duk ezer pertsonala -esaten nion nire zakilari-. Nik hire iritziak errespetatzen dizkiat. Nahi baduk, botoa emango diat hurrengo hauteskundeetan. Baina, mesedez, egon isilik. Bai eta zera ere. Zakilak sortzen zidan buruko minarekin amaitzeko beste biderik ez zegoela ikusirik, esku batez gogor heldu eta gora-behera igurtzitzen hasi nintzaion, tilin-talan. Ez zen erraza, benetan, berak berriketan jarraitzen zuelako, eta horrek kontzentrazioa galarazten zidalako. Baina lortu ere, lortu egin nuen. Elur zuria hatz artean labaindu zitzaidan, epel eta gozo. Gizonok hain ongi ezagutzen dugun usaina ere heldu zitzaidan sudur-zuloetara. Eta poz-pozik ohartu nintzenez, zakila isilik zegoen. Eta nik margotutako begiak, bekainak eta sudurra ere korritzen hasi ziren. Eta nik ez dakit zergatik, baina bururatu zitzaidan, ezen, Venezian nengoela, izurria zabaltzen ari zela, mutiko batez maitemindurik nengoela, errimela tantaka aurpegira erortzen zitzaidala. -XIII- Gizon bat baso bat ardo edaten ari zen begiak inon finkatu gabe. Baso barrura labaindu zitzaion begirada halako batean eta nor zen ikusi zuen han: bere iragan, orain eta etorkizuna aurkitu zituen hondarretan. Ipuin baten hasiera izan nahi zuela ulertu zuen, baina... porrotera zigorturik zegoen. Gizon nekatu bat baino ez zen, edalontzi-hondo bati begira, eta gauzak ikusten zituela iruditzen zitzaion, esaterako: iragan bat, orain bat, etorkizun bat. Ustekabean, edalontzi hartan bere bizitzako gezur guztiak zeudela pentsatu zuen. Eta azkar-azkar basoaren ertza ezpainetara hurbildu eta bere gezur guztiak esaten saiatu eta eztarritik behera korapilatzen zitzaizkiola sentitu zuen penaz. Gero, botilari begiratu zion. Hura ere... gezurrez beterik zegoen! Eta kortxoa kendu eta gezur-zurrutada galanta isuri zuen husturiko edalontzian eta gainezka izan arte ez zuen botila-lepoa jaitsi eta kortxoa berriro bere tokian jarri. Edalontziari begira geratu zen oraingoan. Gustatzen zitzaion gezurrak espazio txiki hartan flotatzen ikustea. Gezur beltzak ziren, kolorez eta tamainaz. Denek zekiten berak baino gehiago! Hura barkaezina zen guztiz. Zurrutada galanta egin eta botilari begiratu zion. Arraioa! Lehen baino gezur gehiago zituen. Edan ahala, gehiago betetzen zen... Gehiago betetzen zen... Gehiago betetzen zen... Ez zekien zer ote zen ikaragarriagoa, bere gezurren bakardadea edo bere buruarena. Sexua maite izan zuen garai batean, gaueko klubak, zoritxarreko emakumeak... gezurrak urrez itxuraturik agertzen ziren garaiak... Zeinen urrun den-dena... Botilari begiratu zion eta ikusi zuen kortxoa jausita zegoela eta gezurrak botila-lepotik isurtzen ari zirela. Hatza jartzea pentsatu zuen baina hatzazkazaletatik gauza beltz, txiki batzuk ateratzen zitzaizkiola ikusi zuen eta konprenitu zuen hura amaiera zela, zerbaiten amaiera. Auskalo. Gezurrak han zeuden, kanpoan eta barruan: basoan, botilan eta hatzazkazaletan. Beltzak, txikiak, ugariak. Betikoak. Bera, ordea, ez zen betikoa. Sukaldeko leihotik den-dena zen beltza; gezurrak hegan ari ziren, barrura sartu nahian. Eta hain txikiak ziren, edozein zirrikitutatik ateratzen ziren: aireztapen-saretxotik, ke-erauzgailutik... Hozkailu, ikuzgailu, zabor-ontzitik... Gezurrak leku guztietatik ateratzen ziren. Gorputz espaziala zuen edozertan agertzen ziren. Beltzak, txiki-txikiak. Eta zurrunbilo leuna ateratzen zuten. Sukaldeko airea ikatza bezalakoa zen, hamaika puntu beltz nonahi barreiaturik, zurrunbilotsu, nimińoak, gauez, auskalo zein ordutan -zenbakarren urtean-, zergatik eta zertarako... Zerbaiten amaiera ziren eta, berari gustatuko zitzaiokeen, baldin-eta apur bat alaiago alde egiten jakin izan balu. Baina alaitasuna -une hartan, behintzat- galdurik zeukan. Tamalgarria, bai, baina egia... Egia??? Hara! Hitz magikoa entzunda gezur guztiak desagertzen hasi ziren denak batera! Botilatik, edalontzitik, hozkailutik, aireztapen-saretxotik, sukaldeko leihotik... Puntu beltz nimińo guztiak ari ziren desagertzen. Bikain! Orain, dena izango zen garai batean bezala. Ospatu beharra zegoen. Gora! Ardoa isuri zuen edalontzian, eskuzabal. -XIV- Baleak lehorrera iritsi ziren hiltzera. Egun bitxia izan zen denontzat. Ikaragarri handiak ziren eta hain babesik gabeak... Gauza asko entzunda geneuzkan baleei buruz.. Kantatzen zutela, esaterako. Kantatu baino, soinuak eta hotsak bidaltzen zituztela uhinekin batera. Misteriotsuak ziren. Baina hondartzan trabaturik zeuden eta hiltzen ari ziren. Gaua heldu zen. Artean ez zeuden hilik. Nire gelako iluntasunean begiak itxi nituenean, baleen kantak eta soinuak entzun nituen. Egiazkoak ziren, orduan! Baleek kanta eta soinu egiten zioten elkarri. Hizkuntza misteriotsua zen. «Kretazeoera». Ez zeuden triste. Mendiko irrintzia bezalakoa zen, askoz sinfonikoagoa baina. Korua zen, non partaide baten sentimendua desagertzen baita gainerako sentimenduen artean. Bazirudien itsasoa hizketan ari zela. Uhinak, badakizue. Jazza ia-ia. Edozein modutan, oso-oso polita. Gelako leihoa zabalik nuen, baleen kantak eta soinuak hobeto entzutearren. Noski, ez nuen tutik ulertzen, baina... taldeko sentimenduaz jabetzeko adina bai, ordea. Askoren sentimendua zen, bakar batena bakarrik ez. Talde osoa ari zen hiltzen eta hiltzen ari zirela taldeak bazekiela konturatu nintzen. Hura ez zen poza, ezta tristura ere. Baleen sentimendua zen, eta kitto. Nik uler nezakeen sentimendu hori, baina sortu ez nik ez inork ezin zezakeen sort, gu ez baikara baleak. Baleak leun-leun ari ziren azkenetako kanta eta soinuak elkarri egiten. Hondartzan trabaturik zeudenik ere ez omen zirudien zekitela, itsasoan jarraituko balute bezala, igerian, aske, heriotzatik urrun. Izotz-Aroa, Glaziare-Denbora, Su-Lurraldea, Valparaíso, Ipar Poloa... Aberriaz ari ziren oroitzen. Horregatik ez zitzaien hiltzea axola, aberria barruan zeramatelako. Kantuz eta soinuz segitzen zuten, galdurik ez baileuden. Taiugabeak, ordea, geu ginen ta ez haiek. Eboluzioa ez da jolasa. Gu haiek sortu baino askoz beranduago hasi ginen izaten. Baleen aldean, hasberriak baino ez ginen. Ez ziren baleak galduta zeudenak, geu baizik. Beraiek bazekiten jakin-beharreko guztia; gu, ordea, heriotzaren aurrean dardarka hasiko ginen, naturaz ezer ez jakiteagatik... gutaz... iragan egunez. Kanta eta soinuak ugaritu egin ziren; azkartu egin ziren. Gelako leihoak zabalik jarraitzen zuen ta gero eta garbiago ulertzen hasi nintzen hilketa-moduko haren nondik-norakoa. Gauza handiei buruz hitz egiten ez zuten denborarik alferrikatzen. Ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen zuten eta egiatan ez zen ezertxo gertatzen ari. Bizitza eta heriotza tunel berbera zen. Zeharkatzea, garrantzirik gabeko ekintza. Kantak eta soinuak iraungi zirenean, udako gaua eta beroa geratu zitzaizkidan, baita baleen kanta eta soinuen oroitzapena ere. Eta oroitzapen horrekin, lotan geratu nintzen. -XV- Une batez, arimak min egiten ziola pentsatu zuen. Eta konturatu zenerako, Ospitalean zegoen. Bihotza. Heriotzaren aurreko aretoan sartu zuten korrika eta presaka. Berari bost axola. Gustura zegoen horrela, ohatilan luze-luze etzanda, denak arduratzen berataz. Lehenengo aldiz agian. Zer arraio! Aprobetxatu behar. Jakin gabe soldata-kontua zela. Argiak. Dirudienez, kirofanoa. Ikuskizunaren izarra bera. «Dantza egin behar al dut?», bururatu zitzaion. Erizainetako bat polita zen oso. «Oi, kamioia!» berak bere artean. Hil zorian ere, sexua esna. Natura, badakizue. «Jaun-andere hauek zeinen kezkatuta nire bizi-zorritsu honetaz. Zuek bai atseginak!». Puzkar bat eskapatu zitzaion ikararen ikaraz. Kristoren eskalpeloa eta labana. «Okela moztu behar, kabroitxo horrek?». Neska gehiago sartu ziren. Mamuak denak. Zuriz jantzita. Batzuk alaitsu samar. Ikasleak nonbait. «Esperimentua dohainik, ausartzen denarentzat». Okerrena zegoen iristeko ordea. Norbaitek esana: -Txerriaren bihotza prest? Neska polit bati barregura sartu. -Anestesia gehiago? -batek. -Ez dik behar. Jota zegok -nagusiak edo. «Entzun egin dizuet!» oihu egin nahi zuen. Ezin izan ordea. Hilik bezala zegoen ta berak ez zuen txerri baten bihotza nahi. «Hiltzea nahiago!». Larrean arrantza egitea bezala, hi... -Jabugo txerria omen duk -baten batek. -Hik zelan dakik hori? -besteren batek zirikan-. Dastatu al duk edo...? Barre-algarak. -Soldata sartu al dizuete zuei? -lehengo berak, kezkaturik antza. -Kagüendios! Beti berandu jauntxoak. -Txerri aluak! Barrez lehertzen denak. «Jainkoarren, hiltzen ari nauk!» Ez zuen uste inoiz hilko zenik. Denek bezala. Hilezkorra zela uste izan-ta... usteak ustel. Bihotza dela-ta ez dela... aitzakia ederra! «Lehenago edo beranduago gertatu behar.» Bai, noizbat lehertu behar zuen. Baina, txerri baten bihotza... «Zer egin behar ote Jehovaren jarraitzailea izateko?». Haragia urratzen sentitu zuen. Ez zen hain izugarria. Sentsazio bitxia bai, baina. Tira. Zaharrak berri. «Jo, jo.» -Felipe dibortziatzera zihoak. -Zenbatean? -Uf! Haren emaztea abokatua duk. Pentsa! Barre-algarak. -Zorte handiagoa dik honek. Barre-algara ikaragarriak. -Ei! Utzi lan egiten. Labana okertu zait-eta. Kirofanoa ikaragarri handia egin zait. Eta pertsona haiek oso urrun daudela pentsatu dut. Negargura korapilatu zait, txerri baten bihotza jarri nahi didatela gogoratzean. Txerri-usaina nolakoa den irudikatzen saiatu naiz eta ez zait gustatu. Umiliatuta sentitzen naiz. Uste nuen bihotza kenduko ez zidaten gauza bakarra zela. Baina oker nintzen, ohi bezala. Eta gogoratu dut azken liburua amaitu gabe dagoela, eta hainbat eta hainbat gauza eginkizun ditudala. Ez, ez dut hil nahi. Oraindik ez, behintzat. Luzatu epea, mesedez; zenbait urte, hilabete, orduz bakarrik izanda ere. Badakit gutxi balio dudala. Baina, hala ere, saiatu nahi nuke artean amaitu gabe dagoena amaitzen, itsasoa azkeneko aldiz ikusten, eme-gose-deiari beste behin jarraitzen... Bai, jar zazue txerri alu baten bihotza. Kurrinka egingo dut, esnatzen naizenean. Lohian irauliko naiz... Nahi duzuena. Baina, arren, ez nazazue hiltzen utzi. Ez nazazue hiltzen utzi. -XVI- Simon Bolivar, Askatzailea. Neuk ere horixe nahi nuen, nire pentsamendua askatu! Demokrito bezalakoa izan... O, ahaztu zait ia: ni kartzela batean preso nago. Agian, horregatik pentsatzen dut behin eta berriro askatasunean. Hala ere, onartu beharra dago: gustura bizi naiz hemen. Hor kanpoan arazoak baino ez nituen eta. Preso egonda, errazagoa da dena. Min apur bat sentitzen dut, ordea, Rosaz oroitzen naizenean. Nik ez dakit zer ote zuen Bartzelonako mutil hark nik ez nuenik. Kultura...? UNEDen abokatutza ikasi eta bukatu dut. Bai, abokatua naiz. Kartzelako lagunek «abokatua» deitzen didate eta denok barrez hasten gara. Bart gauean amets bat izan nuen: fruta tropikalak jaten nituen ametsa. Gozoak ziren oso. Esnatu nintzenean, konketaren kanila ireki eta ura edan nuen egarriz. Epela eta arrunta zen, beti bezala. Eta kartzelako gelari begirada bat eman nion: saretxoa, kamaina, XVI. mendeko biluzi bat, botila-pattarra (mila duroko mesedea!), irratitxoaren botoi gorria... Duela urte asko, geroago Nazioarteko Erakusketa-Azoka bihurtuko zen kiroldegian Pantxorekin, kontzertu batean, «Bloke» eta auskalo nor gehiago, «porruak»... Une batez, denbora-minez jarri naiz, konketa horitsuan ur epelaz aurpegia freskatzen, hurrengo egunerako... Bartzelona, gaueko trena, Ramblako kioskoak (komikiak!), Maiteren pisua, Rosaren anaia... Askatasuna, alegia. Baina nik ez nuen presarik ateratzeko. Gustura nengoen han, kartzelan. Lagunak nituen. Zigarroak, patioko orduak... Oroitzapenak. Rosa, adibidez. Edo Eva... Izango al zuen nire semeak nire berri? Eta hala izatekotan, zein iritzi zuen nitaz? Beharbada, ez zekien aita zergatik zegoen kartzelan. Beraz, nik adina jakingo zuen, neuk ere ez bainekien. Ez nintzen preso politikoa, baina arrunta ere ez nintzen sentitzen. Sentitzen nintzela badakit ordea. Eta oso gustura nengoela nire larruan. Konforme, alegia. Kartzelako patioa klaustroa bezalakoa zen, haberik gabe baina. Eguzkia goian zegoenean, ez espero itzalean aterpetzerik. Hori kartzelako gelan klabikordio bat izatea bezain taiugabea litzateke. Dena den, ez nuen presarik. Areago, kartzelako denbora azkarregi zihoala iruditzen zitzaidan askotan. Gainerako presoak denbora noiz iragango zain egoten zirela aspaldian konturatu nintzen. Baina ni ez nintzen beraiek bezalakoa, eta haiek bazekiten. Ez zitzaien axola, ordea; kartzelako arau bat gehiago bezala onartu zuten-eta. Jatorrak ziren oso. Neu ere nahikoa atsegina nintzen. Tira, ez nuela presarik. Kartzelako gelan nire izena idatzi nuen eta sarkofago batean nire berri ematen ari izango banintz bezala sentitu nintzen. Ni momia bat nintzen eta hiru mila urte barru jakingo zuten nire berri. Hortaz, ondo makilatu beharra zegoen. Ispiluaren aurrean jarri baino lehen, kafe bat prestatu behar nuela pentsatu nuen. Lagun batek, Julenek, kafe-ontzi bat ekarri zidan ikustaldi batean. Bera ere oso jatorra izan zen beti. Dena den, badakizue ez nuela presarik bat ere. Kartzela hura ez zegoen hain gaizki. Nire burua kontrolatzeko balio zuen. Ez zen gutxi. Kupido ere kartzela horretan zegoen. Nire kartzelan alegia. Ez esan inori baina... nire maitalea da. Begietan benda bat jartzen diot, nirea izan dadin. Kartzelan sartu eta lau urtera, aldizkari bat sortu nuen: «Askatasun-Haizea». 125,-Pta. balio zuen. Baina ez zuen inork erosten. Zorionez. Oraindik ez al haiz konturatu Gabriel Aresti ez dagoela hilik? Hain garbi zegoen, kaferik gehiago ez hartzea erabaki nuen. Kartzela tamaina handiko izotz-puska ederra zen. Beraz, sua piztu eta bihotza berotzen saiatu nintzen. Frankotiratzaile bat bezala sentitzen nitzen, zuririk gabe baina. -Ei, Pepe -oihu egin nion funtzionariari-, noiz karri behar didak kaobazko idazmahaia? Berak barre egin zuen eta nik hasieratik berriro hasteko gogoa nuela ikusi nuen. Hamabi urte, zortzi hilabete eta hogei egun barru. Kakaztuta nengoen. Ondo da. -XVII- Limoiak neska beltz lirainak bezalakoak dira: sentsualak, mingotsak, gozoak, (bermut on bat egiteko) ezinbestekoak. Txanka bizi zenean...; edo Tomasen aitaren putetxea itxi baino askoz lehenagotikan... «Bellas Artes» zineman zegoen, zazpi urterekin, txikarra egiten, txo hura hurbildu eta bera ukitzen hasi zenean... Alde egin zuen baina beranduegia zen. Franko bizirik zegoen artean. Horrek ere ez zuen erremediorik, ezta manifestazio hartan hildako lagunak ere. Ni ere harrapatu ninduten behin. Eta Josu drogazale bihurtu zen. Nork esan behar, nor-eta bera! Diskoteka-soinua behar zen hura irensteko. Internetaz itxuraldatu. Joder, zeinen zaila den okerreko bidea hartzea! Behintzat, ez nuen fin ibili behar. Argitaletxeak zintzoegiak aurkitzen nituen. Garbi zegoen: ni ez nintzen enpresaria, dirua maite banuen ere. Oso gau emankorra izan zen. Ez nengoen inon; ez nintzen inor; ez zen ezer gertatzen ari. Bat-batean, pattarra bukatu zitzaidan. Eta bentziturik sentitu nintzen. Kito. Kafea bukatu, azken txupitoari zurratada eman, eta John Locke-ri ulertzen saiatu nintzen. Gaueko mozoloa nintzen eta Moulin-Rouge aretoa bilpilean zegoen. Pleiadeak eta erromatar garaiko irudiak «Rolling Stones»en doinuan hil-ta-berpizten ziren. Oi, Londresko kaleak: kitarra elektrikoaren berdetasuna ekartzen didazue gogora! Utzi, emakumearen alu-usaina berriro dastatzen, desiratzen, gogoratzen... POETRY "Poetry" izeneko artxiboak aparte jarrita daude izen bereko direktorio/liburuan. Eskaneaturiko irudiak eta testuak dira (grafikoak alegia), «jpg.» formatopean. Grafikoak ikusteko edozein programa erabil ditzakezu (Corel, Corel Photo House, Microsoft Photo Editor, e.a.). Word-en ere ikus ditzakezu urrats hauei jarraituta: ireki Word Programa eta aukeratu "Insertar" + "Imagen" + "Desde Archivo" eta aukeratu artxiboak beren izenaren arabera. Liburu honen segidan ere atxiki ditzakezu, nahi izanez gero. Horretarako, sortu behar adina orri (control + enter) eta jarraitu goian azalduriko urratsak (Word erabiltzen baduzu, aukeratu "Vista Preliminar" + "Zoom" edota bestela "Ver" + "Diseńo de Página"). AURKIBIDEA Eta orduan konturatu zen ez zegoela bakarrik espazioan 5 Karramarro bila 15 Ametsak 23 Hitz misterioz beteak 35 Zenbaki sorginduak 47 Poetry 83 ?? Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta Zenbaki Sorginduak X. Galarreta