Xabier Lete Suzko ezpainetan mingain lehor bat sartu da egarria asetzen suzko ezpain dobletan. Tolesta bakoitzaren ertzak sugarretan kixkaliz miztoaren bustidura zainetatik gora korritzen da hasi. Irudimenaren laino gorriak buru muinetan lehertzen dira eta musika desordenatuak azalaren gainetik irristatzen. Mingain egarritua piztia da eta bere zatia ez du uzten, miazkatuz kozkaka erraiak dizkio jaten eta xurgatzen. Suzko su sutsuaren sugarretan amilka biribilka egunsentia da etortzen, eta itsasoaren goraldiak ondarretara baztertutako landare exotikoen gisan pasioaren lore asetuak hotzikara batek ditu hartzen. Suzko ezpainetan mingai lehor bat hasi da egarria asetzen. susko ezpain tolestatuetan. Xabier Lete SUZKO EZPAINETAN (Bigarren poema liburua 29-30) Gu ezaren seme zalantza orokorraren zaldun lurreratu odol eta lokatzezko denbora hauetan nostaljiaren sabelean aurkitzen garenok... gure kondaira letra ttipiekin eskribitzen den horietakoa da eta gure etorkizuna laino grisen ezparadisu prolematikoa. Oroitzapenak gordetzen dituen maleta zaharra zuloz beterik dago aspaldian eta horietatik ixurtzen doaz esperantzak fantasiak gorroto farregarriak... Neguaren atariko arratsaldetan gure aterabideak banan-bana kontatzen aspertzeraino saiatutakook... baina sentimentuaren ariak ezin ditu iņork behar bezala lotu, elkarri itsatsi. Arrazoiaren gurdia bere ardatzaren inguruan geratu gabe bueltaka dabila. eta bihotza nazkatzeraino mekanismoz beterikako makina karrankari bat besterik ez da neguaren atariko arratsaldetan. Xabier Lete EZAREN SEMEAK (Bigarren poema liburua 46-47) Sinesten dut egun batean hilen naizela hutsean eroria ezerezean amildua hauts bihurtuko naizela. Sinesten dut hartuko nauen lur hortatik landare berriak sortuko direla, landareetatik zuhaitzak zuhaitzetatik loreak loreetatik fruituak, fruituetatik gizonak eta abereak bazkatuko direla. Sinesten dut haiek ere noizpait lurrera deituak izanen direla, zabaltasun sakonera forma guztien sortokira itzuliko garela. Sinesten dut izaki guzien aldakuintza etengabea dela: itxuraldatze sakon batek berbiztutzen gaituela eta izatetik izatera atsedenik gabeko mugimenduak garamatzila. Edertasunaren neurri bakarrean finkatuta bizi behar dugulako sinesten dut gainerako neurri guztiak gezurrezko direla. Sinesten dut kolore zoragarrizko larrosen kapulotasun legunean haize euritsuaren freskotasunean itsasoaren aldakuntza gazi mugikorrean eta jakintsuagotzen gaituen zalantza orokorraren baitan. Sinesten dut bai egun batetan hilen naizela hutsean eroria ezerezean amildua hauts bihurtuko naizela. Xabier Lete SINESTEN DUT (Bigarren poema liburua63-64) Eta bizitza ondar fin bat bezela behatzen artetik irristatzen zitzaigun. Soroetako ke urdin eta ur kantarien oihartzunarekin batera iragaiten zitzaigun: maitasun zaharren melankoliaren gisan. Eta baratze bat zen, usai gozoz beterikako baratze bat. Eta desio bat zen, ase ezinezko irudimenez gainezka lehertzen zitzaigun desio lehena. Eta zorabiatzen gintuen sexo usai bat zen. Eta bizitza zen, bizitza ber-bera oparotasunaren oparoz ondar fin bat bezela eskuen artetik gelditu gabe irristatzen zitzaigun hura. Xabier Lete ETA BIZITZA (Bigarren poema liburua 43-44) Zakurrek jan bezate esperantza, zerrien bazkari bihur dadila justiziarenganako ametsa, astoek zanpa ditzatela injenuitatearen loreak, ziminoek likistuz hondatu daitezela uste onaren irrifarrak. Hil bedi siniskeria, argizarizko hegoen gainean zankolaka bizi erazten gaituen nahitasun minberagarri hori. Horrela egun oroz izanaz gizon soil izaten ikasiko dugu, ezerezaren aurrean osotasun bilakatuko gara, horrela, gizon izanaz. Xabier Lete ZAKURREK JAN BEZATE (Bigarren poema liburua 56) Ezdeusaren luma beltzek bekokia begiak ideien amiltegiak kariziatzen dizkidate. Egunaren lehen orduei begiak irekitzean monotoniaren berunak muinak ditu astuntzen. Keinu bakoitza neurtuz argi-itzalen ekilibrio deuseztagarri horri eutsi nahiz giza-eskeleto barnekoiaren ariak eten ez daitezen. Neguaren atariko txoriek hego hotzminduak fantasiarik gabeko hegaketan astintzen dituzten bezala, imajina moldakaitzekin hasten naiz burrukatzen. Eta eskribitzen dut: ezdeusaren luma beltzek... Xabier Lete EZDEUSAREN LUMA BELTZEK (Bigarren poema liburua 51-52) Malkoak euri balira udazken traidorean maitalerik gabe kolpez bazter utzia emazte adintsua gertatzen denean ehun hodei ilunen jasa izugarriek kaleak uholdeka itoko lituzkete, errotik garbituko ohizko zekenkeriak hondakinez gainezka dituen bihotzak. Malkoak euri balira kupirarik gabe haurtxo baten gorputza gerra izugarriek burniz eta metrailaz hausten dutenean, ama denen oihuek espantuzko irrintziz izoztu lezakete entzumenik ez duen itsaso zabala. Malkoak euri balira adoleszente baten ezpain oihukariak harresi baten kontra torturaren espantuz zauri direnean etxerik altuenak lotsaz eror litezke gizadi osoa redimitu nahirik, eta lore bakarrek entona lezakete ehortze letani bat zerraldo gainetan. Xabier Lete MALKOAK EURI BALIRA (Urrats desbideratuak 41-42)