Mikel Lasa (goiz heltzen diren pikoak maite ditu nere animak. ATSULAR) Euriaren tristea ari ta ari atergabeko amaian. Katuak ganbaretan lo daudez gau t'egun denborari denbora emanaz... Paradisu galduetako oroipena da nola palmondo haundi baten pean itzala genuela adiskide nola tamariza ta pikondopean ari ginen pekatu haragizko pekatua euriagatik triste ari triste diren bezela tamarindoaren adarrak itsas bazterrean euriaren pean triste ta ustel palmondoa udazkenean "chalet" ubelaren jardinean Zarauzko plaiatik ez hain urruti. Nola bion gorputzak gurutzaturik (ba ginakien ez genuela elkar maite) bestearengan bilatzen genduan gurean ez daukaguna: mundu axolakabeak itsaso izugarriak plaiaren bakardadeak ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa. Arratsalde hura munduaren azkenengo eguna zen t'amor eman genion bizitzari Udaberrian kantatu nuen hasierako egunaz ez naiz oroitzen Jainkoak gizona tankeratu zuen egunaz bizirako arnasa ixuri zioenaz ez naiz oroitzen paradisuko azken egun hontan. Katuak ganbaretan lo daudez tolesgabeko ametsetan urteak eta denborak deusezten edo ta denbora milaka ugaritzen. "DANA" ta "NADA"-k zirkulua bukatzen dute. Mikel Lasa I.- AMORIO GALDUAK (Poema bilduma 57-59) Egunen batean beharko dugu pausatu udarako egun narras luzeren ondoren giza errealidade humillaren ohean etza banitate oroetaz bilhustu, marmario guzietaz eta azken finean gure baitara itzuli ene buruari so egin, hain bitxia estrainioa, birrindua eta madarikatua ene burua, eta ene baitara itzuli haur baten begiez inguru-muruak begiratu Bilhustu, hustu, sentipen oro bazter ez gorrota, ez ahalegin betierako ixil-aldiaren sabore humila astiro jasta Ur-lo isilaren sabelera ondora.. Mikel Lasa (Poema bilduma 109) Ene biziaren tristeziazko sinoak zeinek bait du urtearen zehar biziaren hari guztia kolorazten zeinek bait du ene arpegiaren eskultura beheraka zimurrez markatzen. Itsas-ontzi aintzinako kobrearen metal zaharrak ez du ene itxura tristearen tristura eta plaia-hondar-hustuak udazkenean ez du ene etsipenaren zapore garratza. Tamariza eta pikondoak nere haurtzaroko izarotik denak erroz desustraituak izan dire denak! Izarrak soilik haizeari buru emanaz tristeziazko salmoak murmuratzen dituzte ipar-haizearen eraginez ta berresaten. "Oi gure denbora hunen desolamentua!" Mikel Lasa II.- DENBORAREN MARKA (Poema bilduma 61-62) oi hiri oi izar oi ortzi ez duzue balio ezer. Zoaz eta esaiozu Rilke-ri: izarren hautsa krudela da eta ilargiaren esneak goragala ematen dit. Eta poblatuko dut ene animaren bakardadea gizonaren irriz ta neskatxaren musuz Deituko ditut lagun berriak: Fauno zaharrak ene lagunak bidetan zehar dabiltzatenak Picassoren Arlekin oria (Kafka bera ote pailazoz jantzia?) Pierrot gorria eta mundu guztiko clown arpegi tristeak jazkera gorria eta txano berdea. Mikel Lasa POETA BERRIA Poesia bilduma (79-81)