Gabriel Aresti Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela. Gabriel Aresti V) (Harri eta herri 58-62) Egi bat esateagatik alabak hil behar bazaizkit, andrea bortxatu behar badidate, etxea lurrarekin berdindu behar bazait; Egia bat esateagatik, ebaki behar badidate nik eskribitzen dudan eskua, nik kantatzen dudan mihina; Egia bat esateagatik, nire izena kenduko badute euskal literaturaren urrezko orrietatik, inoiz, inola, inun, eznaiz isilduko. Gabriel Aresti W) (Harri eta herri 70-80) Egun batean eztu inork ezer erosiko; egun batean ezta merkatuetan sagarrik salduko. Egunen batean guztiok izanen gara zoriontsuak. Gabriel Aresti X) (Harri eta herri 70-80) 1 Eskribicen badistazu Ba dakizu nun nagoan Infernu labanagoan Deabruaren agoan. 2 Madarikatu ginuan Manera ezagunean Jaio ginan egunean Ta kantacen dogunean. 3 Egarrie kenduteko Daukedaz mila egurte Baso bete metal ur te Hogetabost pake urte. 4 Beocez maitatu beot Ene amano laztana Titia emo ustana Isilceko diostana. 5 Egia lacik kantacen hemen ez naiz atrebicen Hortako ez dot zerbicen Eta ditut eskribicen. 6 Basurtun izan ziraden Erorriak alemanak Heriocea emanak Hilerrira eramanak. 7 Bilbaon ba dagoz bandera Gorri ta beilegiak Halan dinosku legiak Garala epelegiak. 8 Bilbaon ibilceagatik Ez nuen galdu bernikan Orain ez dut ezer nik han Hil nintzelako Gernikan. 9 Eskribicen badistazu Ba dakizu nun nagoan Infernu labanagoan Deabruaren agoan. Gabriel Aresti BA DAKIZU NUN NAGOAN (Euskal harria 46-48) San Simon eta San Juda: Joan zen uda eta negua heldu da. Ez baletor hobe. Bizi gara pobre eremu lac honetan. Ez gara hain noble benetan. Ez dugu zaldirik, ez gara gu zaldunak. Ez dugu abererik, ez gara aberaxak. Euskera dugu guk, gu gara euskaldunak. Orain ba ditugu lau motor: Nik euskera laja dut hor, eta euskera ba dator. Gabriel Aresti URRILAREN 28 EGUN (Euskal harria 44) Bilbaoko erdal herri honetan baldin eta jaioa banaiz, ene hazkurria baldin eta erdalduna bada zergatik ez dut kantatuko erderaz parabola batean? Euzkadiko gobernuak berak ere hitzegiten bazuen hala, zergatik ni izanen naiz hura baino madarikatuagoa? Gabriel Aresti 3 BERRIZ (Harrizko herri hau 162) Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea. Galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea; besorik gabe, bularrik gabe, utziko naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askaria galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik. Gabriel Aresti B) (Harri eta herri 52-54) Apur dezagun katea kanta dezagun batea hau da fandango biba berango. Munduan beste asko lez, arta buruan oskolez. Atzo aspertu nintzaden maizuez eta eskolez. Poeta naizen ezkero, eztut zerurik espero. Bederatzi kopla ditut, lau zuhur eta bost ero. Ilargiaren adarrak: Handik zintzilik abarrak. Gogoangarriak dira zure bi begi nabarrak. Zerutik dator harria. Nundikan berriz argia? Gau ilun honetan dakust zure aurpegi garbia. Martxoko oilar gorria, inundik ez etorria, goseak arintzearren judu batek igorria. Goizaldean eguzkiak printzak daduzka bustiak, Oso merke saltzen dira euskaldunaren ustiak. Gure amonak esan dit: Aitak arnoa edan dik. Joan zaitez tafernara eta ekar zazu handik. Euskeraren asturua ezta gauza segurua: Askozaz hobekiago dabil munduan judua. Eta hau hola ezpazan sar nerila kalabazan. Ipui txit barregarriak kontatu nituen plazan. Gabriel Aresti E) (Harri eta herri 58-62) Inork badio: Nire etxean ez dago bakerik bila beza bakea hauzoko etxean edo munduko bazterrik azkenean; baina etxean bakea balu, eztezala gerrarik inun bila, bakea eta etxea galduko baitu munduko bazterretan. Gabriel Aresti K) (Harri eta herri 58-62) Munduan gauza bat bakarra dago erosten eztena: Dirua. Gabriel Aresti L) (Harri eta herri 58-62) Isuri den odola hemen eta nonbait isuri den odola, ardi errebelatuak, (bihar beste bat, beste ardiska sakrifikatu bat), eta hemen, hemen isuri den odola; juduek isuritako eta isur-erazitako odol gorria (besteak, ez, odol urdinak ez du axola), hemen isuri den odola, euskaldunen, ardi euskaldunen odol gorria (eta zein gorri den euskaldunon odola!) Lekeitio, Urdazubi, isuri den odola, isuri den odola, ez du inork inoiz inola odol hori ardo bihurtuko: Odol madarikatu Kristok isuria; gorriaren gorriaz dirudi zuria. Euskalduna ez dena ez da axuria: Oskorri batetara nekez itzuria. Isuri den odola. Gabriel Aresti KITOLIS (Azken harria 48) Kristok esan zidan baldin zaflada bat ematen bazidaten masela batean, bestea eskeinceko baina nik Kristo baino tontoagoa izan behar dut, edo gaurko gizonek ordukoek baino askozaz listoagoak, ez baitdidate denporarik ematen, eta zaflada guztiak harcen ditut belarrondo batean. Gabriel Aresti KRISTO, NI ETA GIZONAK (Euskal harria 14) Zuei, Barcelonako euskaldun unibersidade-mutilok, egian dioxuet, zuen artetik batek baldin eta explotacen badu, hemendik hamar edo hiru urtera, beraren anaia obrero edo kontadorea, hori zuen arteko hori, nire maldiziorik borobilenarekin hornituko dudala, sipula-sipulorum, mundu honetako puta semerik semeena bezala. Gabriel Aresti MALDIZIO BETIKOA (Euskal harria 96) (Bertsolari zahar bati ihakindatuz) Euskaltzaindian ba da gizon bat irizten zaio Trabuko. Ni deskomeka ez nazan haren izenik ez dut aipako. Jarri zituen behaztopoak berari zaizka damuko. Ongi bai ongi oroit hadi zer egin huen Aranzazun. Eskatu nuen batasunari nola heraukan erantzun. Mendi gorako harriek ere ederki ziaten entzun. Gure euskerak ekarri zian anzinatik ondasuna. Hobe zukeen entzun ez balu euskalzainen oiharzuna: orain ez zian suportatuko dadukan larritasuna. Zuek guztioz ez nauk oroitzen zeren zareten lau oilo. Batzeko utzi dizkidazue zorzi dialekto mordoilo. Nire negarrez urrikal bedi zeruetan kirten Peilo. Gabriel Aresti EUSKALTZAINDIAN (Azken harria 100) Hemen dago gizona. Paper honetan dago. Nago Gizonago sentitzen naiz. Ta maiz ez naiz sentitzen. Hortik dabil, eztakit nundik; agian Lemoara doan tranbian. Baina hemen, paper honetan dago. Hemen imini du bere zera. Zer da? Ezer ezta. Eder festa. Esan zuen: Jauna, berorren zerbitzari apur honek, jakin du nola etxe horretan libre dagoen giltzeroraren enplegoa. Beraz nunbait teilatupe bat edukitzeko premia bizian aurkitzen naizelarik, atsegintasuna dadukat berorren Mesedeari nire zerbitzuak eskeintzean, eta. eta eta eta Jainkoak salba dezala Espainia. Halako egunean Otxarkoagan. Gizona apurra da. Eta baldin hitz egin behar badut. ezpanaiz isiltzen, nire hitza gizonaren parekoa izanen da, eta eta eta eta... (noiz arte, Katilina!). eta (lehen zen edo) nire hitza zuri zuzentzen dizudanean, nire eskaratzetik hartzen dut ganibeta. Penaz eta ezin-bestean, burnia sartzen dut haren barnean, eta entregatzen dizut hitza apurturik Gizonaren berdina izan dadin. Hemen. Jesus. Gabriel Aresti A) DOM PEILHENI HITZ APURTUAK (Harri eta herri 32-34) Egun honetan nire gogoak utzi nai baitu mendia, MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA. Honera etorri baiņo leen ongi ezautu nuen herria; txiki-denporan eduki nuen han ene bizitegia. Ama maiteak emaro niri ematen zidan ditia: MALDAN BEHERA DOA AGURO NERE GORPUTZ BILUZIA. Honera ekarri nuen handikan nire tristura haundia, gizon doilorrek egin zidaten bidegabe itsusia. Orain zikina, zitala banaiz orduan nintzen garbia: MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA. Mendi gailurrak ikusi zidan arduraz penitentzia, haranerantza ibiliteko eman zidan lizentzia; hari entzunik dirudit orain hegaztina kantaria; MALDAN BEHERA DOA AGURO NERE GORPUTZ BILUZIA. Gabriel Aresti I.- UNTERGANG (Maldan behera 122) Beti esanen dut egia. Nire ahotik ezta hitzik aterako, egia eztena. Ezpaņak apurtuko zaizkit, hortzak eroriko zaizkit, mihina ebakiko didate, baina nik eztut gezurrik esanen. Eta inoiz, nire juramentua hautsirik, gezur bat badiot, izanen da eguzkia ilundu eztadin, ilargia argitu dadin, arrosak orriren bat irabaz dezan krabelinak usainik gal eztezan, haurra beti ditiaz goza dadin, edo dontzeiliari birjindadea joan dakion nobleziaz. Gabriel Aresti A) (Harri eta herri 52-54) Egun da Santi Mamina Benetan egun samina Goiko zeruan gorde dezala Luzaro neure anima. Esanen dizut egia Hau ezta usategia Erroi artean izan nintzaden Benetan ausartegia. Itsas aldean izarra Hari bagira lizarra Euskera salbo ikusi arte Eztut moztuko bizarra. Kantatu zuen oilarrak Argitzen dira belarrak Agera gure martiriari Moztu zizkaten bularrak. Bularrak moztu zizkaten eta Euskalerriak diotsa Solomo luze dultzerik gabe Eman zaidazu bihotza. Eman zaidazu bihotza eta Ken berriz nahigabeak Esan noiz garen izanen gure Etorkizunen jabeak. Gabriel Aresti F) (Harri eta herri 70-80) Erdal eskolan ez baitzeutaten lizentziarikan eman, euskal eskola debekatuan hartu nuen behar zena: (Euskal Harria, Mundu-Munduan, Justizia Txistulari...) Honela, lizenziaturaren gradoa alkantzaturik, etxera alaben ogia manera prestu batean ekar nezan. Baina alferrik izan da ene ahalegina munduak ezpaitu poetarik nahi, eta kontadurian barrena sarturik, bertara bortxaturik, ez dut izan nahi kontadore eta poeta. Gabriel Aresti KONTADORE ETA POETA (Harrizko herri hau 88) Hemen sufritzen diat neure bizitzea eta neure herriarena. Hemen gozatzen diat neure harriarena. Ez ainu nik hemen gozatuko, sufrituko, neure herriaren heriotzea neure heriotzarekin batera. Hiri behin nano orain digante bidean hau, ez ailedi gehiago zabal eta luza ez lezan gere hazi madarikatuaz euskal lurra guztiz estal, ez lezan deserri ene herria, zeren ene herria ni baino lehen hil baledi, ni ere hilen nintziaitekek berarekin batera. Gabriel Aresti 3 BERRIZ (Harrizko herri hau 148) San Simon eta San Juda: Joan zen uda eta negua heldu da. Ez baletor hobe. Bizi gara pobre eremu lac honetan. Ez gara hain noble benetan. Ez dugu zaldirik, ez gara gu zaldunak. Ez dugu abererik, ez gara aberaxak. Euskera dugu guk, gu gara euskaldunak. Orain ba ditugu lau motor: Nik euskera laja dut hor, eta euskera ba dator. Gabriel Aresti URRILAREN 28 EGUN (Euskal harria 44) Zerutik erori gabeko harria, ongi labratua, maisu trebe cit trebe eta habil batek landua, oinarri, zimentarria, (adoracen zaitugu), (ez zara erorriko), (mila urte inguru da), (euskaldunen artean), arbolaren ixura emandako harria, ajola gabean landatu hindugun itoginaren azpian, eta ur-tantak jan hau Hi, arbola, euskal harria. Gabriel Aresti EUSKAL HARRIA (Euskal harria 8) Zurengananz naramaten hoiek haizearen hegalak dira. Beste baten besartean preso aurkicen banaiz... Haizeak harcen banau... Eta haizeak narama. Laster apurtuko balira preso nadukaten kateok... Libre, bai, libre, bai, gero banengoke... Zuregananz naramaten hoiek haizearen hegal zabalak dira, garcela batetik beste batera joateko askatasun huxa. Gabriel Aresti AIREAREN HEGALAK (Euskal Harria 10) (Isabel Gardeazabalen aire baten gainean) Orain hemen nago, eremu latz honetan. Nire gurariak galdurik, lur hauetan arbola adar-gabeen parea naiz orain. Landare zekenak baitaduzka eremuak, erratzak harean, haitzetan kalamuak, nire arima dago mirari baten zain. Eztago zeruan egun hodei batere Denpora sikuak garantzen ditu bere ordu miragarriak sekula batean. Zerura begira egoten naiz luzaro, izarren esnetik edaten dut oparo, baina egarri bizia daukat bihotzean. Azken eremuon natzalako atinik, hezur-lekuetan eztaukat zer-eginik, ta iruten dut astiro itogin sikua, nundik egunotan doakidan bihotza, entzun eztelako ur lasterraren hotsa, apur bat busti dezan lurreko kolkua. Eztut gaur ezer jan: eztut horren beharrik; eta gau osoan egondu naiz itzarrik, kandeletan ikisiz eulien hegalak. Barauetan eztut oinazerik aurkitu, bakarrik egoteko asmotxo makalak, eta lo-gelak benedikatu ditu. Eremuek ere dauzkalako mareak, behera eta gora egiten du hareak, eta nire gorputzak ezin egon zutik. Arroken ostean agertu den etsaia ene begian da baratzeko galaia, itsuki baitiotsat: Ken hadi hemendik! Haitz gorri beltzetik datorren arranoak moldegaizki lotzen dizkit anka-besoak, eta laket bizian etzaten da lotari. Koba sakonetik irten duen sugeak egunero dizkit moztutzen bost erpeak; hegaztinari zaio hurbiltzen narrastan. Batzutan diotsat ilunpeko jaunari; pozetan negarrez, doloretan kantari, gizona zen emazte urrikaria nauk, nire ezpainetan dagoen ur gazia oraintxe kentzeko, egin zaidak grazia; ezin paira nitzake premia gogor hauk. Animali biok dira nire lagunak; nire deserriko nahats geza bigunak, ze moduz jakin gabe, orain dizkiet zor. Biziko lorean ernatu da kimua: Sugea, arranoa, ta azkenean zimua; hiru animalia baizik eztago hor. Gainerakoa da alperrikako gauza: hermita eroria, hobietako lauza: eta maitalearen gorputz usteldua; ezpaitzekidaten benetan erantzuten, mugitu ezineko itxura hartu zuten herio geldiaren mustur zimeldua. Gauerdi batekin agertu zen arraina, zilarrezko ezkatak eta buztan apaina: Eznuen konprenitu nundik etorri zen. Goizaldean, noski, paratu zen marean, ta gero sartu zen jarri nion sarean, iheri neuganantza ahalik lasterren. Bere aginekin eman zidan dolore, kolore denetan: gorri, beilegi, more, ikusten banizkion begi biribilak, gutiziarekin, bere hegal zimelak ebaki zizkidan tenorean kordelak, geldiro libraturik nire orkatilak. Eta indarrarekin eman zuen bizia Nire sabelean mendekuzko zuzia izar baten moduan ireki zitzaidan. Nire etsaiak zeuden lekurantza joan nintzen; biak nituen hil, eta eguzki-brintzen edertasun zabala arditu zen nigan. Hiru gorputzekin egin nuen arbola sukuari, gero, eman nion odola, bihotzetik ugari atera nuena. Arrainen hegalak ziren bere sustarrak, arrano zuren lumak ziren adarrak, eta bere tronkoa sugeen buztana. Haritz bedeinkatua adoratu nuen. Nire belaunak lurrean jarri nituen. Ordu hartan nik eznekien zerk iharrosi ninduen. Haritz bedeinkatua adoratu nuen. Arbola bakarreko harizti maitea: Egun oraindik eztuzu bete urtea; indar haundia apurtu duzu lotu ninduen katea. Arbola bakarreko harizti maitea. Haritzaren adarrak mugituz biziro, aita nirea balitz bezala emaro, behar nuen bendizioa partitu zidan luzaro. Haritzaren adarrak mugituz biziro. Horko bidea gaitza dela, ezta kamino zabala. Harri zorrotzak daude hortik, minduko zaizu oin-zola. Basamortua, arantz-ortua, laga zazu berehala. Etorri zinen haranetik estrata luze batetik: Orain zu zara itzuliko gauza guztiak utzirik. lehengo estrata itzali da-ta, bide-zihor horretatik. Frutu gozorik ezpaituzu mendi horretan dastatu, agi garratz bat behar dizut bene-benetan aitortu: gaueko izotzak aratz zorrotzak metxiketan sartu ditu. Udaberriko gau ederra bihurtu zaigu gogorra; elur zuriak estali du hemengo mendigailurra, ta krabelina, apain ta fina, orain ezta mundutarra. Lore guztiak usain gabe geratu dira hementxe; sasietako orri motza ikusten duzu kolorge, eta limoiek, laranja hoiek, zaporea galdu dute. Haritza, egun triste hartan, hola mintzatu zitzaidan. Libertatea lortu nuen katea apurtu zenean, bainan bihotza geldo ta hotza neukan nire bularrean. Bihurtu zaitek haranera, hemen aspertu bazara. Senda luzea har ezazu, begitu gabe atzera. Zure gogoa ezta, gajoa, itzuliko eremura. Gabriel Aresti II.-HARIZTIA (Maldan behera 123-132) Hire ahizpei esaien, hik, tikia, zergatik etxean ez dagoen ogirik, esaien egia erosten dela, baina ez apirilik, edo hire aitaren honra. Zetazko boza, erretenaren ondoko murmurio kantariak, azal zaien nola bizi diren, esisticen duten, milaka esperanzarik gabeko gizon doilor, diruak hamilcen nerauenak. Baina egunak etorri behar din, agian bihar, eta orduan libertateak, neska panposa, zoparekin kantatuko dizue euskeraz. eta Gernikako arbola, oilariteztaturik, gaur inork ezagucen ez duen hiloc hori, gaineko adarreragino beteko dun frutuz. Gabriel Aresti LAUGARRENEZ NEREA ETORKIZUNAREN AURREAN (Euskal harria 128) Hobe egia biribil bat, ezen ez mila gezur ongi koadratu. Gabriel Aresti U) (Harri eta herri 58-62)