Lizardi Olerkiak ARRATS GORRI Zerk goibeltzen zaitu, maitea, arratsero, aizea ta txoriak atertuz gero? Begi zabalean zerk edatzen dizu gandu delako ori, erdiz nigar ta izu? Eguna arrausi-nai asi-garaiean: mendietako isla zeru - bazterrean non gerezi ta non baxaran denean, zerk atzi zakida, gaixo, bat-batean? Nireganuntz erne zenuan gogoa zerk arinduz ta nork emanez egoa dioakit iges, ta aidean esegi dakust, txori lillurarazia iduri? Beldur naiz, enenno, arrats gorriotan erio-oxkirria dabiltzun zainnetan; Egun begi-urdin iltzer dagola-ta, arengana zauden maitez ukitua... Begira: Izkain'eruntz, txingar borobilla noiz egingo dago uretan murgila, ta nozi txirtxir-otsez itsaso gorria biurtuko lurrunezko odei zuria... (Maitagarri, betazal-ertzetan, oskorriak dirdai, nonbait malko-intzetan, ta mutillak, ipui bat asma ta dio laztanari len-poza itzul ba'lekio...) Egun begi urdin, sortu-berri artan, lurraren gainnetik arroa zioan, Innoren ume zanik ezpaitzekien, il-ezintzat bere burua yo zuen. Eguerdiz gero, zalantza da, larri; buru oraillean azkura du sarri; atzera so, ta, illaunki, aldapa bera, Gaua darraikio ludiaz yauntzera. Amil-mugan, bekaitz zimelak artu du; amorruz damakio odei-sail bati su; ta, aren argiz gaua galazi-ustetan, murgil yo du buruz sarkalde-leizean. Gauaren aginduz, orra sua itzali, Itz ok bota dizka Egun yoanari: "Ai eguntxo txoro! ez ezagun ama, Len uts sakonean Bakar nindukana?" Lurtarrok, ez beldur. Pake, maitaleak... Altzoan dakartzit zorion-aleak... Altzoan dakartzit izar ugariak, etorkizun-egun berrien aziak... Ta, au esanik, lerden, ereitzen asi zan aziak irraka sail beltz gizenean... Arrats gorria il da... Zeru-bazterrean ez gerezi dugu, ez-ta are baxaran! Ipui gazigoxoak izan dik almen: orra gandua urra ta nabari lurmen... Begi zabaletan, irria nagusi; giro-alda ain usurik ez dut ikusi! Izar urruneri begiak emanik eztaietan biotzak ditutelarik, elkarrenganako dituan Gauari orra ixil-mintzoz zer dioten eskari: "Begi-beltz, oin-illaun, ama Gau naro, ekarkor bekigu zure azaroa: egun begi-urdin betoz ugariak gure elkarmin onen gainnezkagarriak..."