Trikuarena Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora; gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz. Eta gero pentsatzen du. Amaitu da negua, Ni trikua naiz, Bi sapelaits gora dabiltza hegaletan; Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel, Zein putzu edo zulotan izkutatzen zarete? Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago. Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago, Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel, Zein putzu edo zulotan izkutatzen zarete? Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz, artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitsak. Baina gaua dator, joan dira sapelaitsak, eta trikuak, Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel, Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio, seguru bere arantzetaz nola egon baitzitekeen Gerlari bat bere ezkutuaz, Espartan eta Corinton; Eta bapatean, zeharkatu egiten du belardiaren eta kamio berriaren arteko muga, Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez; Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den azkeneko zapi mila urteotan berritu, ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak, ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere. Bernardo Atxaga